→Basauri

Pili Castro: “Hasierako filosofia bera mantentzen dugu, baina estalki ezberdinekin hobetuta”

basauri pili castro 2017 euskal herriko dantza agerketa elkarrizketa

Irailaren 16an ospatuko da Euskal Herriko Dantza Agerketaren 45. edizioa. Aurrekoetan bezala, ostiraleko eta igandeko saioak izango dira. Pili Castro basauriarrak urteak daramatza antolakuntza lanetan buru-belarri.

Pili Castro Euskal Herriko Dantza Agerketako antolakuntza taldeko kidea da // Geuria

Duela 45 urte sortu zen Euskal Herriko Dantza Agerketa Basaurin, euskal folklorea bere horretan mantentzen duten taldeak sustatzeko eta ezagutarazteko helburuarekin. Aurten irailaren 15etik 17ra bitartean ospatuko da -saio nagusia larunbatean izango da- (larunbateko eta igandeko saioak Social Antzokian izango dira aurten, eguraldi iragarpenagatik). Dantza Agerketako filosofiaz eta urte luze hauetan izan duen bilakaeraz aritu gara Pili Castro (Basauri, 1968) antolakuntza taldeko kidearekin.

Laster Dantza Agerketaren 45. edizioa ikusteko aukera izango dugu.

Hala da. Larunbatean izango da egun nagusia eta has dadin gogotsu gaude antolakuntza lanetan izan garenok. Nahiz eta guztira hiru eguneko saioak prestatzen ditugun, hilabetetako lana da egiten duguna. Gure helburua da dena ondo ateratzea eta ikusleek disfrutatzea.

Zertan aldatu dira gauzak urte hauetan?

Gauza asko aldatu dira. Batez ere, gizartea bera ere aldatu delako. Esaterako, garraiobideen kontua. Gaur egun denok daukagu kotxea eta autobus zerbitzu asko dago Euskal Herri osoa lotzen duena. Horrek lurralde osoko dantzariak Basaurira etortzea errazten du.

Antolakuntzari dagokionez, lehen igande osoko egitaraua antolatzen zuten, 09:00etatik 21:00ak arte. Gogoan dut bokatekin joaten ginela Basozelaira gurasoekin saioa ikustera. Dantzak ikusteaz gain, bertsolariak ere etortzen ziren Dantza Agerketara. Egun, saio laburragoak egiten ditugu, jendearentzat erosoagoa izateko.

Gaur egun Bizkotxalden izaten dira saio nagusiak. Basauriko zein beste lekutan antolatu da?

Basozelain, Soloarten, Artunduagan edota Arizgoitin ospatu izan da Dantza Agerketa, Bizkotxalde parkea egin zuten arte. Hortik aurrera, bertan egiten dugu saioa, eguraldiak laguntzen duenean.

Baina, filosofia galdu barik…

Dantza talde autoktonoak eta euren dantzak dira programaren muina, baina kanpoaldetik ikusgarritasuna bilatzen dugu. Esate baterako, argiztapenarekin edota aurkezpen bideoekin. Hasierako filosofia mantentzen dugu, baina estalki ezberdinarekin.

Dantza autoktonoren bat Dantza Agerketan aurkeztu al da lehenengo aldiz?

Bai. Orain dela urte batzuk gauza bitxi bat gertatu zitzaigun. Dantza talde bat aurreneko aldiz etorri zen Basaurira eta dantzariek esan ziguten dagoeneko autoktono zigilua bazuela euren dantzak. Hau da, esan genezake errekonozimendua lortzeko aukera paregabea ikusten dutela dantza talde batzuek Dantza Agerketan. Aurten ere Basaurin oraindik ikusi ez diren dantza autoktonoak ikusi ahal izango dira.

Zein dira horiek?

Tuterako dantzariek lehendabiziko aldiz dantzatuko dituzte ‘Bezpera-dantzak’ bere herritik kanpo. Aipatzekoa da gainera, ezohiko data batean antzeztuko dutela dantza; izan ere, San Juan gaueko aurreko larunbatean dantzatzen dute. Era berean, berezia izango da, oraingo honetan Basauriri eta Euskal Herriko Dantza Agerketari beren-beregi eskainitako bertsoak (gaztelaniaz) entzungo baititugu euren ahotik. Bestetik, Markinako taldeak ere bertako sokadantza propioa dantzatuko du lehen aldiz Basaurin.

Beste ezer berezirik egitarauan?

Adibidez, 31 urte dira Kuartangoko dantzariak Basaurira ez datozela. Ez dira ohiko dantzariak, Kuartangoko haraneko gazteak baizik. Gorpuztiaren osteko igandean egiten dute dantza eta jai egunaren aurretik bildu egiten dira dantzak nortzuek egingo dituzte erabakitzeko. Lizartzakoek Inauteri dantza batzuk erakutsiko dizkigute eta lapurtarrek ikusgarritasuna emango dute euren jantzi koloretsuekin.


basauri euskal herriko dantza agerketa bizkotxalde

EUSKAL HERRIKO XLV. DANTZA AGERKETA – Egitaraua

Irailak 15, ostirala

19:00 Haurrentzako tailerrak eta guztiontzako erromeria Mojaparten

Irailak 16, larunbata

18:00 Gonbidatutako dantza taldeen kalejira Social Antzokitik

19:00 XLV. Euskal Herriko Dantza Agerketa Social Antzokian:

– Arabatik: Kuartangoko Trinitateko dantzariak (Kuartango)
– Bizkaitik: Zerutxu (Markina) eta Ondalan Erraldoien konpartsa (Deustu-Bilbo)
– Gipuzkoatik: Otsolar (Lizartza)
– Nafarroatik: Danzantes del Paloteado de San Juan (Tutera)
– Lapurditik: Begiraleak (Donibane Lohizune)

Irailak 17, igandea 

19:00 Dantza saioa Basauriko taldeekin Social Antzokian:

– Agintzari: Gipuzkoako dantzak, Ala kinkirrinera / Axeri dantza / Orioko silla dantza
– Basauritar: Erregelak, Arizkungo gaita / Jota La Pilindros
 Edurre: Lapurdiko dantzak: Makil- dantza / Dantza luze / Azkaindarrak, Beteluren fandangoa
– Dantza talde guztiek: Jota / Arin-arin

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak