→Basauri

Saioa Hernandez: “Ezinbestekoa da haurrei sexualitatearen mugak azaltzea, euren nahiei muzin egin gabe”

basauri saioa hernandez 2018 saioz saio elkarrizketa

Basauriko sexu informazio bulegoko koordinatzailea da Saioa Hernandez sexologoa. Sexu hezkuntza eskoletan lantzeko komikia sortu du, Saioz saio izenekoa.

Saioa Hernandez Basauriko Sexu Informazio Bulegoan, Saioz saio komikia eskuetan duela // Geuria

Basauriko sexu informazio bulegoko koordinatzailea da Saioa Hernandez sexologoa. Sexu hezkuntza eskoletan lantzeko komikia sortu du, Saioz saio izenekoa

Sexualitatea gure bizitzaren parte eta osagaia da, baina ikasgeletan ez dauka izan beharko lukeen presentzia. Zer esanahi dauka sexualitate hitzak etxeko txikienentzat? Tabua ote da oraindik ere gurean? Zein da gurasook izan beharko genukeen papera? Saioa Hernandezi zalantza eta kezkez beteriko galderak bota dizkiogu eta haren ekarpena oso probetxugarria izan da.

Zein da sexu hezkuntzaren xedea?
Gure gizartean ikasgai ez denez, umeek kostata ulertzen dituzte oinarrizko kontzeptuak, dena nahasten dute. Funtsezkoa da termino horiek bereiztea eta sexua identitatearekin eta eratze edo prozesu batekin lotzea. Aniztasunaren azalpena ere oso garrantzitsua da, gizonezkoa edo emakumezkoa izateko modu anitzak daudela eta bata zein bestearen ezaugarriak edozein pertsonatan eman daitezkeela. Gurean antzinako ereduak gailentzen dira oraindik ere eta gai askok tabu izaten jarraitzen dute. Ugalketan geratu ginen eta sexua hori baino askoz gehiago da. Kontzeptu ezberdinei izena jarri eta esplikazio bat ematea da helburua.

Zer esanahi dauka sexua hitzak gaur egungo haurrentzat?
Gehienei barregura ematen dieten hitzak (zakila, alua eta abar) etortzen zaizkie burura eta, lehen aipatu dudan bezala, ugalketa hutsa. Gutxik lotzen dute maitasunarekin edo desirarekin. Erakarpena, adibidez, nahiz eta lehen pertsonan bizi, ez dute sexuaren zaku berean sartzen. Zail egiten zaie hainbat sentimendu identifikatu eta kokatzea.

Beharrezkoa ikusten duzu sexu-hezkuntza irakasgai bihurtzea? Hutsunea handia omen da.
Bai, egiten diren gauzak oso puntualak dira eta garatu beharreko gaiak oso potoloak direnez 10 edo 12 orduko programak motz geratzen dira. Ez dezala inork pentsa hain denbora gutxian asko ikasiko dutenik. Irakasgai bihurtzea urrun ikusten dut, garai batean ‘herritartasun’ izenekoa ezartzea eztabaidagai egon zelako politikarien artean, baina sexualitatearena ez da inoiz mahai gainean egon. Kontutan hartu beharra dago erlijioa oztopo handia dela.

Zer esango zenieke seme-alabak sexu askatasunean hezi nahi dituzten gurasoei? Gakorik? Gomendiorik?
Seme-alabak askatasunean heztea zaila da orokorrean eta sexualitateari dagokionez gauza bera gertatzen da; mugak erakutsi eta azaldu behar dira, baina aldi berean euren nahiei muzin egin gabe.
Askotan gurasoek eurek asmatzen dituzte mugak. Ezin diegu umeen gurariei beldurrarekin aurre egin. Teknologiak egoera erabat aldatu du eta helduen jarrerak eramankorra izan behar du, umeei euren kabuz hausnartzen utzi.

Komenigarria ote da, sexuaz hitz egiten ari garenean, umeekin metaforak erabiltzea?
Umearen arabera. Ume batzuek, nahiz eta oso txikiak izan, hitz-jokoak ulertzen dituzte, baina beste batzuek ez. Metaforak ondo daude kontatu nahi dugunaren mezua ulertu eta etorkizunean gogora dezaten. Benetako mezua ulertzeko ez baldin bada, ez dira oso gomendagarriak.

Xedea umeek sexualitatea askatasun osoz bizitzea bada, zein izango litzateke eurei zuzendutako azalpena?
Ez dut uste sexualitatea arratsalde batean azaldu beharreko kontua denik, hots, ez da egun bateko azalpena. Eguneroko prozesua edo lana da, bizipenak eurekin komentatu behar dira, normaltasun osoz. Adibidez, gure inguruko bi lagun maitemintzen badira, hor maitasunaz hitz egiteko aitzakia izango dugu edo, esaterako, gure semeari zakila tente jartzen bazaio, horri izen eta azalpen bat eman. Ez daukagu etxeko txikienekin sexuaz hitz egiteko ohiturarik, eta hori da gakoetako bat. Eta sexuaz diodanean ez naiz bakarrik euren sexualitateari buruz ari, gure esperientziak aipatzea ere onuragarria da.

basauri saioz saio komikia 2018 sexu hezkuntza

Komikiaren ilustrazioak Eider Eibarrek egin ditu // Saioz saio

Zer da ‘Saioz saio’? Nola jaio zen?
Sexu hezkuntza egiten hasi eta urte batzuetara material baten beharra sumatu genuen. Umeekin lantzeko zegoena desegokia eta eskasa zen, eta euskaraz, ezertxo ere ez. Lehenengo pausoa eskoletan entzuten genuena jasotzea izan zen: zalantzak, komentarioak eta abar. Nik gidoi bat prestatu nuen, Eider Eibar irudigilearekin eta Xabier Lozano Errespetuz-eko kidearekin jarri nintzen harremanetan eta hortik story-board-a sortu zen. ‘Saioz saio’ komikia iazko martxoan aurkeztu genuen.

Zein da komikiaren helburua?
Kontzeptu ezberdinak azaltzeko eta identifikatzeko bitartekoa da. Fantasiari eta ideiei irudiak jartzen dizkie. Umeen intimitatea hobeto ezagutzeko tresna ere bada, askotan eskolan komentatzen duten hori ez luketelako inoiz gurasoen aurrean esango.

Nori zuzenduta dago?
4., 5. eta 6. mailakoentzat (10, 11, eta 12 urte) egokia da. Batzuk normaltasun osoz hartu dute baina beste batzuen ustez pornografikoegia da (barreak). Haurrentzako marrazkiak dira, Eider Eibar haurren liburuetako irudigilea ere bada.

Zeintzuk dira jorratzen dituen gai nagusiak?
Umeen komentarioez gain, sexu identitatea eta aniztasuna lantzeko dinamikak, azalpenak, anekdotak agertzen dira. Pertsonaia ezberdinak agertzen dira eta bakoitzak bere istorioa dauka. Komiki baten aurreneko atala baino ez da, gozamena, erotismoa edo harremanak bezalako kontzeptuak ez dira gehiegi lantzen. Asmoa beste atal batzuk argitaratzea da, eta gai horiek sakontzea.

Harrera ona izan du.
Bai, batez ere eskoletan erabiltzeko komikia da. Getxoko 10 bat eskoletan erabili dugu eta oso gustura irakurri dute, labur egin zaie eta batzuek etxera eramateko baimena eskatu dute. Basauriko eskoletara ere bidali da, baina oraindik ez dakigu erabili duten edo ez, daturik ez dugu. Aurten Etxegarai ikastetxeko 6. mailakoekin erabiliko dugu, Marieneara hurbilduko baitira sexu hezkuntzako hainbat saiotan parte hartzera. Ea eurekin ere ondo funtzionatzen duen.

Non eta nola eskura daiteke?
Errespetuz elkarteak, Aldundiak eta Hagitz Proiektuak elkarlanean egindako komikia da. Errespetuz eta Hagitz elkarteetako blogetan PDFan deskarga daiteke eta liburuxka nahi bada, Errespetuz-eko egoitzan ale batzuk geratzen dira oraindik ere.

Noizko gurasoontzako komikia gida?
‘Saioz saio’ko protagonista nagusiak umeak dira, baina gurasoentzat ere tresna baliagarria izan daiteke. Gurasoak komikia irakurtzera animatzen ditut, eurek ere hausnartzeko eta ikasteko baliatuko baitute.

Sexu-erasoek egunkarien lehen orrialdeak betetzen dituzte ia egunero eta batzuetan adingabeak dira albiste horien protagonistak. Zein da zure ustez eraso horien jatorria? Zer egin daiteke?
Gai potentea da eta galdera zaila. Jatorri nagusiak indarkeria eta matxismoa dira. Gurea ez da besteak errespetatzeko hezita dagoen gizartea eta bortizkeriara ohituta gaude. Sexualitate kontuetan nekez jakin daiteke jatorria; ikerketak egiteko poliziak ematen dituen datuak eskasak direlako, eta, ondorioz, oso gutxi ikertu delako. Teoriak, ordea, ugariak eta bestelakoak dira.
Nire ustez garrantzitsua da seme-alabei bi motatako erotismoak daudela azaltzea: helduena eta eurena. Lehenengoak helburua eta kontzientzia dauka eta bigarrengoan jolasa eta kuriositatea gailendu beharko lirateke.

Zein da Basauriko sexu bulegoan duzun eginkizuna?
Alde batetik sexu arreta eta aholkularitza eskaintzen dut, banaka zein bikoteka, eta bestetik parekotasunak dituzten talde txikiak sortu eta dinamizatzen ditut. Osasun sexuala lantzeko hainbat ekintza, hitzaldi eta tailerrak antolatzen ditugu, baita aniztasun sexuala bisibilizatzeko ekintzak ere.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak