☉ Basauri
Toktam Nasiri: «Euskara ikasteak hemengoa izatearen sentsazioa ematen dit; integratuta sentitzen naiz»
Irandik San Migelera lekualdatu zen Toktam Nasiri duela zazpi urte. Maitasunagatik etorri zen gurera eta bertako kultura ezagutu ondoren, euskara ikasteari ekin zion pandemian. Gaur egun B2a ikasten ari da AEK Bolintxun
Nagusi zarenean euskara ikastea zaila dela entzun dugu askotan. Batzuentzat hala izango da; beste batzuentzat, aldiz, oso erraza. Basaurin kultura eta jatorri desberdinetako herritarrak bizi dira, eta horrek ez du oztopatzen immigranteek ere euskara ikastea. Toktam Nasiriren kasua da hau (Iran, 1986). Irandik Basaurira etorri zen 2017an, eta hiru urteren ondoren, pandemia garaian, euskara ikasteari ekin zion. Hasieran bere kabuz ikasten hasi zen, eta gero Bolintxu AEK euskaltegian izena eman zuen. Gaur egun B2 ikasten ari da euskaltegian. Gainera, Berbalagun egitasmoan parte hartzen du eta euskararekin harremana duten egitasmoekin bat egiten du. Horrez gain, Zurrumurruen Aurkako Sareak Basaurin antolatu zuen urteko topaketan parte hartu zuen lehen aldiz urtarrilean.
Irangoa jaiotzez, noiz etorri zinen Euskal Herrira eta zergatik?
2017an etorri nintzen Euskal Herrira, duela zazpi urte. 32 urterekin etorri nintzen, maitasunagatik. Iñakik eta biok Iranen ezagutu genuen elkar eta San Migelera etorri nintzen hasieratik. Ordutik San Migelen bizi naiz, oso gustura.
Nola ezagutu zenuten elkar Iñakik eta zuk Iranen?
Iñakik gaztelaniaz hitz egiteko ekitaldi bat Couchsurfing-en bidez antolatu zuen, eta gaztelerazko C1eko maila prestatzen ari nintzenez, hurbildu nintzen.
Zer gustatzen zaizu edo zer nabarmenduko zenuke Basauritik?
Teherangoa naiz, erraldoia eta jendetsua da, Madril baino hiru aldiz handiagoa, kasurako, 15 miloi biztanle ditu. Orduan, Basauriko lasaitasuna nabarmenduko nuke, bereziki, San Migelen.
Hemen lagunak egitea erraza ala zaila izan da?
Atzerritarroi normalean dezente kostatzen zaigu hemen lagunak egitea, kuadrillak jadanik eginda daude eta. Niri, ordea, ez zitzaidan hainbeste kostatu, Couchsurfing plataforma erabiltzen dudalako. Horrez gain, Bilboko Couchsurfing taldea oso zabala da, eta jendeak jakin-mina dauka atzerritarrak ezagutzeko. Gure taldea nazioartekoa da, hemengo jendeaz gain kanpotarrak ere badaude, adibidez italiarrak, txinatarrak, alemaniarrak eta abar luze bat.
Azaldu zer den Couchsurfinga.
Couchsurfinga bertako jendea, bidaiariak, harremanetan jartzen dituen plataforma da. Adibidez, bidaiariak hartu ditzakete haien etxean, edo zu zeu beste herrialde batera joan eta bertako herritar batek zu bere etxean hartzea. Horrez gain, plataformako kideentzat hainbat ekitaldi antolatzen dira: irakurketa kluba, asteroko topaketak, mendi-irteerak, edota inguruko herrietara eguna pasatzera joatea.
Euskara ikasten duzu Bolintxu AEK euskaltegian.
Bai. San Migelera etorri eta hiru urtera hasi nintzen euskara ikasten. Etxean askotan txantxa moduan esaten nion Iñakiri, egun batean euskara ikasiko nuela. Pandemia garaian ezin izan nuen nire herrira bueltatu eta denbora asko ematen genuen etxean beldurragatik. 2020ko udan, nire urtebetetzean, Iñakik Arian A1.1 liburua oparitu zidan. Udazkenerako liburua bukatu nuen, eta gehiago jakin nahi nuelako, eta asko pentsatu barik, AEKn izena eman nuen.
Zein mailatan zaude gaur egun?
Iaz B1eko azterketa gainditu nuen eta ikasturte honetan B2a ikasten ari naiz.
Nolakoa izan zen zure lehen harremana euskararekin?
Bada, egia esateko nahiko erraza izan zen. Hizkuntzak ikasteko erraztasun daukat. Agian horrek ere lagundu zidan (Kar, kar, kar). Euskaraz gain, lau hizkuntza gehiago hitz egiten ditut: persiera, gaztelaina, frantsesa eta ingelesa.
Zer da euskara ikastetik gehien maite duzuna?
Euskara ikasteak hemengoa izatearen sentsazioa ematen dit. Bertako kulturaren parte sentitzen naiz, integratuta. Asko kostatzen zait euskarazko ahoz ahoko komunikazioa, baina horretan ari naiz lanean Berbalagun taldeetan, nahiko nukeen jariotasuna hartzeko asmotan.
Euskarazko zure hitz gogoenaz galdetuko banizu.
Nire euskarazko hitzik gogokoena ‘eskuzabala’ da. ‘Eskua’ eta ‘zabala’ hitzekin eratuta dagoenez, oso grafikoa iruditzen zait.
Berbalagun taldeak aipatu dituzu.
Bai. Berbalagun egitasmoan parte hartzen dut. Orain ostiral goizetako taldean nago. Normalean ostiralero batzen gara Solobarria plazako tabernaren batean. Berbalagunekoak astean behin kafetegi batean geratzen gara, zerbait hartzeko eta euskaraz edozein gauzari buruz berba egiteko. Berbalagun taldearen helburu nagusiena euskara kalera eramatea eta euskara hitz egiteko lotsa kentzen laguntzea da. Horrez gain, lagun onak egin litezke taldeetan.Gutxi gorabehera lauzpabost lagun batzen gara euskaraz hitz egiteko, eta batzuetan zazpi edo zortzi izatera ere heldu gara! Era berean, talde honez gain, beste talde batean ere sartu nahi nuke. Mila berbalagun talde aukera daude, interes desberdinetakoak!
Orokorrean zer eskaintzen dizu Berbalagun talde batean egoteak?
Euskaraz hitz egiteko benetako talde euskalduna izatea bilatzen dut. Hau da, ez dut taldea denborarekin utzi nahi; tarteka, lagunekin euskaraz bizi nahi dudalako, nahiz eta etxean aukerarik ez eduki.
Euskal Herrian bizi den jende askok ez daki euskaraz, eta askotan ez du ikasteko gogorik inoiz izan. Zu kanpotik etorri zara, euskara ikasi duzu. Ulertzen duzu jendeak euskara ikasi nahi ez izatea?
Inoiz ez dut ulertu jendeak bere ama-hizkuntza edo gizarte bateko hizkuntza ikasi nahi ez izatea. Iranen, persieraz gain, hainbat hizkuntza desberdin existitzen dira, hala nola, kurduera edo turkieraren aldaera bat; eskoletan ikasten ez badira ere, etxeetan ikasten dira. Hau da, gurasoek seme-alabei transmititzen dizkiete.
Euskal kultura eta Irango kultura desberdinak dira.
Bai. Dena desberdina da. Adibidez, hemen dena etxetik kanpo ospatzen da; Iranen, aldiz, etxe barruan. Kultura erabat desberdinak dira. Orokorrean, Iran Euskadi baino tradizio handiagoko gizartea da. Hala ere, berdintasunik badago bi kulturen artean. Esate baterako, Iranen ere irrintzi egiten dugu, poza erakusteko, adibidez, ezkontzetan.
Basauriko zurrumurruen kontrako urteko topaketan parte hartu zenuen urtarrilean. Zure lehenengo aldia izan zen dinamika horretan parte hartzen?
Bai, nire lehenengo aldia izan zen. Eta esan behar dut harrituta utzi ninduela. Izan ere, ez nekien Basaurin hainbeste jende zegoenik pertsona baztertuei edo etorkinei laguntzeko prest. Oso sentsazio ona izan nuen topaketa bukatu eta gero. Nire asmoa da ekintza gehiagotan parte hartzea.
Zelan definituko zenuke esperientzia hori?
Esango nuke esperientzia oso interesgarria izan zela. Nik bezala pentsatzen duen jendea ezagutu nuen, eta elkarrekin Basauri hobea egiteko planak egin genituen.
Noizero bueltatzen zara Iranera?
Normalean urtean behin, eta batzuetan urtean bitan. Nagusiki, familiarekin eta lagunekin denbora pasatzen eta hango janaria jaten saiatzen dugu. Horrez gain, aprobetxatzen dugu Irango beste herrietara bidaiatzeko.
Non ikusten duzu zure bizitza etorkizunean, Iranen ala Basaurin?
Nire bizitza etorkizunean Basaurin Iranen baino askoz gehiago ikusten dut. Hala ere, Iran nire jaioterria da, eta beti aukera bat bezala ikusten dut.
☉ Basauri
Bideoa / Gerraren eta faxismoaren aurkako murala margotu du Hego Uribeko GKSk Basaurin
Urtarrilaren 25ean, larunbatez, GKSk manifestazioak deitu ditu Bilbon eta Iruñean (18:00, Jesusen Bihotza plazatik), ‘Gerraren eta faxismoaren aurka, gazte langileok lehen lerrora’ lemapean.
Mobilizatzeko deialdia zabaltzeko helburuarekin, Basaurin eta Galdakaon mural-margoketak antolatu dituzte gaur, urtarrilak 18: goizean Basaurin eta arratsaldean Galdakaon.
Muralaren diseinua Elene Uribarri galdakoztarrak egin du eta Basaurin dozena bat gazte batu dira.
Olatz Galindez Verano Hego Uribeko GKSko kidearekin berba egin dugu goizean Basaurin: “Azken aldian eskualdean hedatzen ari dira faxismoari bidea ireki ahal dioten ideia erreakzionarioak, konkretutik, arrazistak eta matxistak. Adibidez, Basaurin pintada arrazistak agertu dira eta Arrigorriagan eraso arrazista bat eman zen abenduan”.
“Faxismoa langile klasearen aurkako ideologia eta praktika bezala identifikatzen dugu, eta sektore zaurgarrienak kolpatzen ditu; batez ere, migranteak, emakume langileak eta LGTBI kolektiboak. Horregatik, horren aurrean ikusten dugu beharrezkoa dela kaleak hartzea eta gurekin mobilizatzera animatzen zaituztegu”, dio Galindezek.
☉ Basauri
Basaurik 82.000 euro gastatu behar izan zituen 2024an ekintza bandalikoek eragindako kalteak konpontzeko
Zenbateko osoaren erdia baino gehiago, 45.800 euro, Solobarriako karpako pintadak eta olana konpontzeko erabili zituen iaz Basauriko Udalak
2024an zehar herrian izandako ekintza bandalikoek eragindako kalteak konpontzeko 82.000 euro gastatu zituen Basauriko Udalak.
Datuak datu, kalte hauek ordaindu zituen iaz Udalak:
- Eraikinetako hormetako edo Solobarriako karpako pintadak kentzeko: 45.800 euro
- Erre zituzten 10 edukiontzi ordezkatzeko: 12.000 euro
- Igogailuak konpontzea: 11.844 euro
- Bizkotxaldeko parkeko sareak eta segurtasun-zoru berriak konpontzeko: 7.477 euro
- Arrapala mekanikoetako beiren haustura konpontzeko: 4.260 euro
- Komun publikoetan egindako ekintzak garbitzeko: 1.016 euro
“Ekintza horiek kalte handiak sortzen dizkiete zuzenean basauriar guztiei, espazio publiko partekatuak hondatzen dituzte eta herritar guztiengan eragin duen aparteko gastua dakarte”, diote udal ordezkariek: “Adibidez, norbaitek nahita eragitea igogailuek eta arrapala mekanikoek ibiltzeari utz diezaioten izugarrizko kaltea da mugikortasun murriztua duten bizilagun askorentzat”.
Gauzak horrela, Basauriko Udalak dei egiten die gizalegerik gabe jarduten duten edo beren ardurapeko pertsonei hori egiten uzten dieten herritar gutxi horiei, eta eskatzen die haien ekintzen ondorioez jabe daitezen.
☉ Basauri
‘Euskararen zuhaitza’ landatu du Basozelain Beat Taldeak
Pirritx, Porrotx eta Marimotos pailazoek ‘Euskararen zuhaitza’ oparitu zieten iazko maiatzean Basozelaiko Beat taldekoei. Pago bat da eta Sagarrak talde ekologistaren laguntzarekin, abenduan landatu zuten auzoan.
Ekitaldira bertaratu ziren. “Landatu dugun pago txiki honek, Euskararen zuhaitza, hazi egingo da eta horrekin batera euskararen erabilerak ere egingo du gora gure auzoan”, diote Beateko kideek.
Sagarrak taldeko ordezkariak kultura guztietan zuhaitzek balore sinboliko handia dutela nabarmendu zuen: “Euskal Herrian bi zuhaitz nagusi ditugu: haritza eta pagoa. Zuhaitzek eta basoek, hizkuntzak eta kulturak bezala, lurra behar dute sustraiak landatzeko. Zuhaitza hazi egingo da gu apenas konturatu gabe, eta espero dezagun ere euskal hiztunak ere haztea zuhaitzarekin batera”.
☉ Basauri
Bizkaiko Buruz buruzko esku pilota txapelketako finalak jokatuko dituzte larunbatean Basaurin
Basauriko Bidebieta Pilota Taldetik bi ordezkari izango dira finaletan: Jon Aperribai kadete mailan eta Eva Martinez emakumezkoen kategorian
Bizkaiko Buruz buruko esku pilota txapelketako finalak hartuko ditu Basaurik urtarrilaren 18an, larunbatez, Artunduagako frontoian, 10:00etatik aurrera.
Lau final jokatu dira: kadeteak, gazteak, emakumeak eta nagusiak.
Basauriko Bidebieta Pilota Taldetik bi ordezkari izango dira finaletan: Jon Aperribai kadete mailan eta Eva Martinez emakumezkoen kategorian.
Aperribaik, gainera, Hego Uribe eskualdeko aurkaria izango du aurrean: Zaratamoko Upo Mendi klubeko Oier Gil.
Lau final
Urtarrilak 18, larunbata
Artunduagako frontoia · 10:00
Kadeteak (3. maila): Jon Aperribai -Bidebieta- vs Oier Gil -Upo Mendi-
Gazteak (3. maila): Galder Buruaga -Lagun Artea- vs Aratz Diez -Olaburu-
Emakumezkoak: June Agirrebeitia -Durango- vs Eva Martinez -Bidebieta-
Nagusiak (3. maila): Markel Cabello -Lezama- vs Enaitz Arandia -Danak Bat-
☉ Basauri
38 urteko gizon bat atxilotu dute Basaurin beste pertsona bati pistola batekin mehatxatzeagatik
Ertzaintzak 38 urteko gizon bat atxilotu du Basaurin, beste pertsona bati pistola batekin mehatxatzeagatik eta gertakarian parte hartu zuten agenteen aurka jotzeagatik.
Gertaerak atzo arratsaldean jazo ziren. Bakoitza bere ibilgailuan zihoan eta atxilotua modu arriskutsuan gidatzen zegoenez, atzetik zihoan gidariak argi-keinuak egin zizkion.
Aurretik zihoan gidariak orduan pistola atera zuen leihotik eta airera tiro egin zuen, eta ondoren, beste gidariaren aurka apuntatu zuen “modu mehatxagarrian”, Segurtasun Sailetik adierazi dutenez.
Gertaera horren ondoren, bistatik galdu ziren Basaurira iritsi arte. Bertan, biak beraien ibilgailuetatik jaitsi ondoren, berriro topo egin zuten, eta arma zeramanak berriro erabili zuen, mehatxu gehiago eginez.
Biktimak Sos Deiakera deitu zuen eta Ertzaintzako agenteak berehala bertaratu ziren eta ustezko egilea identifikatu zuten.
Identifikatzerako orduan, atxilotuak agenteen aurka egin zuen irainekin eta heriotza-mehatxuak egin zizkien.
Ertzainek ikusi zutenez, atxilotuak alkohola kontsumitzearekin bateragarriak ziren sintomak zituen eta minutu batzuk lehenago ibilgailua gidatzen ari zenez, agenteek alkoholemia-proba egin zioten: baimendutako tasa baino askoz ere handiagoa eman zuen. Gauzak horrela, bide-segurtasunaren aurkako delituagatik ere eginbideak ireki dizkiote.