Sareak
[the_ad_group id="3890"]

☉ Etxebarri

Edu Delgado: «Ama dena da niretzat: sukaldaritzarekiko dudan pasioa bera ikusita piztu zitzaidan»

ETB1eko ‘Sukaldarien Liga’ saioan ari da parte hartzen Edu Delgado etxebarritarra. Sukaldaritzan “bizitza erdia” darama: 18 urterekin hasi eta ordutik lanean dabil

|

Edu Delgadoren ametsa bere jatetxea zabaltzea da / Geuria

Sukaldaritza pasio du Edu Delgado Velasco etxebarritarrak (Etxebarri, 1986). Pasio eta ogibide. Hamazortzi urterekin hasi zen sukaldaritza ikasten Galdakaoko Ostalaritza Eskolan eta ordutik lanean aritu da sukaldez sukalde. Gaur egun Zuriñe Garcia galdakoztarrak Portugaleten duen El Paladar jatetxean ari da lanean. Era berean, Euskal Telebistako ‘Sukaldarien Liga’ saioan parte hartzen ari da Euskal Herriko sukaldaririk onena izateko lehian. Bere sukaldari ibilbideaz berba egiteko elkartu gara Edurekin.

ETB1eko ‘Sukaldarien Liga’ saioan parte hartzen duzu. Nolatan eman zenuen izena?
Zuriñe Garcia nire nagusiak esan zidan sukaldariak egiteko programa bat egin behar zutela Euskal Telebistan eta izena ematera animatu ninduen. Hasiera batean ezetz esan nuen, baina azkenean animatu nintzen, eta hortxe gaude, su artean.

Eta esperientzia nolakoa ari da izaten?
Esperientzia itzela! Ordu asko ematen ditugu bertan, baina bizi duguna itzela izan da. Egia da, azken batean telebistan ikusten duguna gutxi dela, baina ordu asko eta asko sartzen ditugu. Maila pertsonalean, sekulako pertsonak ezagutu ditut eta hori da niretzat altxorrik ederrena!

Euskal Herri mailan sukaldari onenak bilatzeko lehen programa da hau. Estatu mailan eta nazioartean ‘Masterchef’ programak hainbat urte darama. Noizbait izena eman duzu ‘Masterchef’ horretan? Ez. ‘Sukaldarien Liga’ da izena eman eta parte hartzen dudan lehen programa. Eta esan dizudan bezala, kasualitatez, Zuriñek animatu ninduelako!

Urte asko daramazu sukaldaritzan.
Bai. Bizitza erdia daramat sukaldaritzan. Hamazortzi urterekin hasi nintzen Galdakaoko Ostalaritza Eskolan eta hortik aurrera beharrean, beharrean eta beharrean. Jatetxe askotan ibilitakoa naiz, Kaliforniara ere joan nintzen hiru hilabetez bertoko Euskal Etxe batera lan egitera, eta gero, Euskal Herrira bueltatu nintzenean, sukaldetik sukaldera ibili naiz ikasten eta ikasten.

Galdakaoko Ostalaritza Eskolan hasi zinen, beraz.
Bai. Lehenengo goi-mailako gradua egin nuen bi urtez eta gero beste bi urte eman nituen erdi-mailako gradua egiten. Goi-mailako graduan denetarik ikasten duzu, baita enpresa bat eramateko baldintzak eta kudeaketa ere. Eta erdi-mailako graduan sukaldea bakarrik ikasi genuen. Nik nahiago dut kozinatzen egon, egia esan.

Kontatuko diguzu Kaliforniakoa?
Bada, Galdakaoko Ostalaritza Eskolatik joan nintzen praktikak egitera. Ikasteko beka bat irabazi nuen. San Franciscoko Euskal Etxe batera joan nintzen eta esperientzia izugarria izan zen! Azken batean, gaztea nintzen, 21 urte nituen eta hazteko balio izan zidan, ez bainekien ingelesez, eta euskaraz ere ez zen asko hitz egiten San Franciscon.

Eta Kaliforniatik bueltan lanean hasiko zinen.
Bai. Kaliforniatik etorri nintzenean hainbat jatetxetan curriculumak botatzen hasi nintzen. Eta leku askotan egin dut lan, hala nola, Sondikako hotel batean eta gero Larrabetzuko Ankapelu sagardotegian, eta ondoren, goi-mailako jatetxeetan ere lan egin dut. Adibidez, Galdakaoko Andra Mari jatetxean edo Gordexolako Komentu Maitean Josu Ibarrarekin. Andra Marin oso gustura egon nintzen, eta horregatik jarraitzen dut gaur egun Zuriñe Garciarekin lan egiten Portugaleteko El Paladar jatetxean.

Zelakoa da goi-mailako jatetxe batean lan egitea?
Gogorra da. Asko ikasten da, baina oso gogorrak dira goi-mailako jatetxeak. Gero eta gorago, gero eta presio handiagoa. Talde lana oso zorrotza da.

Amarengatik duzu sukaldaritza pasioa.
Hala da. Nik beti ikusi dut ama sukaldean patata batzuekin eta salda batekin sekulako platerak egiten, eta hori beti miretsi izan dut. Amak erakutsi zidan sukaldean egiten eta gero sukaldaritza ikastea erabaki nuen gaur egun arte. Sukaldaritzarekiko dudan pasioa berak piztu zidan.

Zer suposatzen du zure amak zure sukaldari bizitzan?
Ama dena da niretzat. Emaztea eta umeak ahaztu barik, noski! Ama eta senideak nitaz harro daude. Badakite lan hau gogorra dela, baina nire pasioa da, ulertu egiten dute eta nire ondoan daude beti.

Gogorra, zergatik?
Asteburu guztietan beharrean nagoelako. Elkarrizketa hau bukatu —ostiral goiz batean egin genuen elkarrizketa Etxebarriko plazan—, etxera joan, etxekoentzat bazkaria prestatu eta lanera noa. Eta zapaturo eta domekero ere beharrean. Hori gogorra da. Azkenean, familia bat daukazunean eta dena alde batera utzi behar duzunean, gogorra da.
Egun librerik ere izango duzu. Bai! Astean zehar libratzen dut eta asteburuetan lan egiten dut. Baina normalean nire familiak asteburuak ditu libre, horregatik da gogorra neurri handi batean.

Nolakoa da zure egunerokoa?
Txandaka egiten dugu lan. Egun batzuetan arratsaldez egiten dut lan, beste batzuetan goizez. Eta hilean birritan goizez zein arratsaldez lan egiten dut. Egun normal bat horrelakoa da: eguneko gauzak prestatu, goizean edo arratsaldean, kozinatu eta bezeroei jaten eman.

Zure sukaldean tokiko produktu tradizionalak erabiltzea gustatzen zaizu.
Hala da. Gaur egun badaude sukaldari asko bilatzen dituztenak ez dakit nongo produktuak, nazioartekoak. Hori ondo dago, noski, baina nik nahiago dut baserri bateko porruak hartu eta horrekin lan egin, edo arrandegira joan eta bertoko legatza erosi.

Badago lan egin nahiko zenukeen jatetxerik edo sukaldari-bururik?
Jatetxe asko ditut gustuko eta horietan lan egitea gustatuko litzaidake, baina diodan bezala, leku horietan ordu asko sartzen dira, beraz, balantza bat izan behar duzu bizitzan. Nik nire lana ahalik eta hoberen egiten dut eta gero nire familiarekin disfrutatzea gustatzen zait.

Gaur egun ostalaritza ikasteko hainbat ikastetxe daude, tartean Basque Culinary Center. Sukaldaritza profesionala ikasteko aukera gehiago al dago orain?
Nik baietz uste dut. Ez dakit zer ari den gertatzen azken aldian, baina ikusten dut afizio asko dagoela sukalderako. Igartzen da ez dela lehen bezala, ogibide bat baino ez zenean; gaur egun, agian telebistagatik, ikusten da gero eta jende gehiagori jakin-mina pizten diola. Nik uste dut benetan ikasteko egin behar duzuna dela lan egitea eta leku askotan behar egitea. Hori da benetako eskola. Esperientzia guztietatik ikasten da: esperientzia onetatik eta txarretatik, bietatik.

Zein da zure ametsa?
Nire ametsa jatetxe propioa zabaltzea da. Eta ‘Sukaldarien Liga’ saioko lehen atalean esan nuen: ni bertara joan naizela irabaztera eta diruaren bila nirea egiteko. Momentuz ametsa horixe baino ez da, ametsa: nire umeak txikiak dira eta badakit jatetxe propio bat irekitzeak bertan askoz ordu gehiago pasatzea eskatuko didala.

Zaila da jatetxe propioa zabaltzea?
Lehenik eta behin, inbertsio handia egin behar da. Nire kasuan ez nuke jatetxe handi bat irekiko. Nik leku txikitxo bat nahi dut soldata bat nire etxera eramateko eta garrantzitsuena: nik nahi dudan sukaldaritza egiteko. Ez dut Michelin Izarren bila joan nahi: jaten ematea baino ez dut nahi, besterik ez.

Eta zein da jatetxea zabaltzeko tokirik onena: hiri handia ala herri txikia?
Ondo pentsatu behar da hori. Egia esan, ez dakit non ireki nahiko nukeen nire jatetxea; merkatu-azterketa bat egin beharko nuke. Orain esaten dizut Bilbon ez nukeela zabalduko: taberna eta jatetxe pilo bat daude bertan, eskaintza oso zabala da eta inbertsio oso handia eskatuko luke.

Nahiko zenuke sukaldaritza ikasleen mentore izan, zure sukaldaritza besteei irakatsi?
Bai. Adibidez, nire Instagram kontuan (@akerbeltz6) nik sortutako errezetak partekatzen ditut bideo formatuan nahi duenak ikasteko. Konfinamenduan hasi nintzen Instagramera errezetak igotzen; emazteak proposatu zidan eta nire artxiboa balitz bezala ere erabiltzen dut.

☉ Etxebarri

Etxebarriko kiroldegiko tarifak urtean 4 eta 11 euro artean igo dituzte

Kiroldegiaren tasa % 8 igotzea onartu zuen Etxebarriko udalbatzak iazko urrian, eta urtarriletik dago indarrean

|

Etxebarriko kiroldegiko tarifak eguneratu dituzte. Urriko osoko bilkura % 8ko igoera onartu zuten LVPren eta EAJren aldeko botoekin eta EH Bilduren kontrako botoekin.

Datuak datu, kiroldegiko tarifak urtean 4 eta 11 euro artean igo dituzte: “Abonu Familiarra, hots, gurasoak eta 22 urtetik beherako familiakide guztiak barne hartzen dituen abonua urtean 11 euro igo da, hilean euro bat baino gutxiago. Banakako abonuari dagokionez urtean 6,5 euro gehiago dira. Eta umeen, gazteen eta adinekoen abonua urtean 4 euro igo da”, azaldu dio Iker Lopez alkateak GEURIAri.

Kiroldegiko tarifak % 8 igotzeko proposamena enpresa kudeatzailearena izan zen, Lopezek urriko osoko bilkuran zehaztu zuenez: “Kostu energetikoak garestitu eta Bizkaiko Kirol Instalazioetarako Hitzarmenaren ondoriozko soldatak igo egin direlako proposatu zuen tarifen igoera”, dio.

“Garrantzitsua da azpimarratzea Udalak, hainbat urtetan zehar, kiroldegiko tarifak izoztuta mantendu zituela, igoerarik aplikatu gabe. Hala ere, energiaren igoeraren eta soldaten berregokitzen eraginez, igoera bi urtetan banatu behar izan da. 2024an igoera partzial bat aplikatu zen, eta orain, 2025ean, gainerako doikuntza gauzatu da”, zehaztu du Lopezek.

Osorik irakurri

☉ Etxebarri

Etxebarrik Binakako Esku Pilota Txapelketaren bederatzigarren jardunaldia hartuko du

|

Artola-Mariezkurrena II eta Peña II-Albisu bikoteak Etxebarriko frontoian, material aukeraketan // Baiko Pilota

2025eko Binakako Esku Pilota Txapelketaren jardunaldi bat jokatuko da bihar, urtarrilak 11, Etxebarriko frontoian. Artola-Mariezkurrena II eta Peña II-Albisu neurtuko dira. Artolaren berragerpena izango da lesioa atzean gainditu ondoren.

Aurretik, Serie B txapelketako partida jokatuko da: Alberdi II-Salaverri II vs Senar-Eskiroz.

Lehen partida 17:15ean izango da eta ondoren izango da 2025eko Binakako Esku Pilota Txapelketako partida.

Sarrerak online salgai daude 15 eta 20 euroan.

Osorik irakurri

☉ Etxebarri

Argazkiak / Mila lagun inguruk gaitzetsi dute Etxebarrin urtarrilaren 1ean gazte batzuek jasandako erasoa

|

'Erasorik ez' lemapean elkarretaratze isila egin dute mila herritarren Zintururi plazan // Geuria

Urtarrilaren 1ean goizaldean gazte talde bat Etxebarrin erasotua izan zen. GEURIAk jakin ahal izan duenez, horietako bati ebakuntza egin behar izan zioten urtarrilaren 2an, “ostikaden bitartez masailezurra ere hautsi ziotelako”. Beste lagun bati sudurra hautsi zioten.

Eraso hori salatzeko, gaur, urtarrilak 9, 19:00etan Zintururi plaza txiki geratu da: mila herritar inguruk babesa erakutsi diete biktimei, eta herrian erasorik ez dutela onartuko adierazi dute. Herritarren erantzuna irmoa izan da.

Iker Lopez alkateak hitza hartu du elkarretaratzean: “Gure gazteak beren auzoan eta herrian seguru sentitzea nahi dugu, eta ez gaude prest segurtasunik ezaren eta beldurraren sentsazioa gure kaleetaz jabetzeko. Indarkeria-ekintza hori onartezina da, eta sustatzen ditugun errespetu-, bizikietza- eta bake-balioen aurka doa”.

“Edozein indarkeria motaren aurrean, ezezko borobila oihukatzen dugu. Egunero borrokatzen dugu herri seguru baten alde”, zehaztu du Lopezek, eta gaineratu du “babes osoa” helarazten dietela biktimei eta euren familiei: “Bakarrik ez zaudetela jakin dezazuen nahi dugu. Etxebarriko herria zuekin dago”.

Etxebarri “espazio segurua, askatasunezkoa, errespetuzkoa eta bizikidetzakoa” izatea eskatu du Lopezek. Elkarretaratzea isila izan da eta bost minutu iraun ditu, Lopezek adierazpena irakurri ostean.

Ertzaintza gertatutakoa ikertzen ari da. Biktimek salaketa jarri zuten urtarrilaren 7an.

Osorik irakurri

☉ Etxebarri

Gatazkak kudeatzeko talde berria jarri dute martxan Etxebarrin, “herritarren bizikidetza hobetzeko”

|

Gatazkak kudeatzeko taldea bi hilerik behin batuko da // Etxebarriko Udala

Herritarren bizikidetza hobetzeko eta gizartean alarma sortzen duten edo komunitateari kalte egiten dioten arazoei erantzuteko Gatazkak kudeatzeko talde berria jarri du martxan Etxebarriko Udalak.

Gatazka taldea arduratuko da espazio publikoan eragina duten egoerei, komunitatearen segurtasunari edo udalerriaren barruan eragile desberdinak inplikatzen dituzten gatazkei aurre egiteaz. “Hau da, ez da norbanakoen arteko liskarretara mugatuko”, zehaztu dute udal ordezkariek.

Taldearen osaeran udal arlo ezberdinek parte hartzen dute, hala nola, Gizarte Ekintzak, Gizarte Segurantzak, Udal Bulego Teknikoak eta Osakidetzak, Bitartekaritza eta Bizikidetza Zerbitzuekin batera dihardutela.

“Sailen arteko lankidetza honi esker, interbentzio estrategia eraginkorrak diseinatu eta kasuen jarraipena bermatu ahal izango da”, diote udal arduradunek.

Taldea bi hilerik behin batuko da: “Kideen arteko komunikazioa eta koordinazioa etengabea izango da, erantzun arinak eta udalerriaren beharrei egokitutakoak eskaintzeko”, diote.

“Etxebarriko Udalak elkarrizketaren eta adostasunak bilatzearen aldeko apustua indartzen du ekimen honekin, gatazken konponbiderako funtsezko tresna gisa”, diote.

Osorik irakurri

☉ Etxebarri

Etxebarriko gazte talde batek gau zaharreko goizaldean erasoa jasan zuela gaitzetsi du Udalak

Erasoa gaitzesteko elkarretaratze “isila eta baketsua” deitu dute urtarrilaren 9an Zintururi plazan

|

Gabon zahar egunean, goizaldean, gazte talde bat Etxebarrin erasotua izan zela gaitzetsi du Udalak.

GEURIAk jakin ahal izan duenez, horietako bati ebakuntza egin behar izan zioten urtarrilaren 2an, “ostikaden bitartez masailezurra ere hautsi ziotelako”, adierazi dute. Beste lagun bati sudurra hautsi zioten.

Eraso horren aurrean, elkarretaratzea deitu du Udalak urtarrilaren 9an, ostegunez, 19:00etan Zintururi plazan. Kontzentrazioa “isila eta baketsua” izango dela adierazi dute udal ordezkariek eta herritarrei dei egiten diete bat egiteko.

“Gure gazteak beren auzoan eta herrian seguru sentitzea nahi dugu, eta ez gaude prest segurtasunik ezaren eta beldurraren sentsazioa gure kaleetaz jabetzeko. Indarkeria-ekintza hori onartezina da, eta sustatzen ditugun errespetu-, bizikietza- eta bake-balioen aurka doa”, diote Udaltik, sare sozialetan publikatu duten adierazpenean.

Ildo horretan, biktimei eta euren familiei elkartasuna adierazi diete udal ordezkariek: “Gure babes osoa helarazten diegu”.

Osorik irakurri