Elkarrizketak
Jimena Rodriguez: «Artea eta kultura ezinbestekoak dira gizarte kritiko bat eraikitzeko, bereziki aldaketa handiko garai honetan»
Jimena Rodriguez etxebarritarra Arte Ederretako ikaslea da eta ‘Bikiak’ margolana sortu du Etxebarriko anbulatorioko pediatriako hormak kolore eta bakez betetzeko

Arteak bizitza osatzen duela dio Jimena Rodriguez Perez gazteak (Etxebarri, 2006). Txikitatik hasi zen marrazten, eta gaur egun Arte Ederrak ikasten ari da Leioan, Euskal Herriko Unibertsitatean. Zenbait enkargu eta lehiaketa irabazi ostean, orain, bere ‘Bikiak’ koadroa Etxebarriko anbulatorioko pediatriako gunean ikus daiteke, haurrei lasaitasuna eta kolorea transmititzeko helburuarekin. Bere ibilbidearen hastapenei, inspirazio-iturriari eta etorkizuneko ametsei buruz hitz egin dugu berarekin.
Javi Conderen eta Jon Salvadorren ekimen solidarioen baitan, ‘Bikiak’ izeneko zure artelana Etxebarriko anbulatorioko pediatriako hormetan dago ikusgai. Nola jaso zenuen gonbidapena? Jada enkarguak egiten nenbilen, marrazketa lehiaketa pare bat irabazi nituen… ahoz aho izan zuten nire berri Javik eta Jonek, eta nirekin harremanetan jarri ziren.
Proiektu horretan parte hartzeko gonbidapena jasotzea momentu berezia izango zen zuretzat. Oso hunkigarria izan zen niretzat. Ekimen solidarioak diren proiektuekin lankidetza egitea beti da pozgarria eta hunkigarria. Kasu honetan, uste dut osasungintza zerbitzu publikoak ezinbestekoak direla eta aitortza merezi dutela. Garrantzitsua da lan horiek egitea, denok arteaz gozatu dezagun.
‘Bikiak’ sortzerakoan zure eta zure ahizparen lotura izan zenuen abiapuntu, ezta? Bai, nire ahizpa eta ni bikiak gara eta txikitatik oso lotuta egon gara arte plastikoekin; arratsalde asko pasatzen genituen marrazten edo idazten. Horregatik, margolan honetan gure etxean sortzen ziren sormen une horiek islatu nahi nituen. Era berean, ‘Bikiak’ obra Etxebarriko anbulatoriorako zela pentsatzen nuenean, lehen ideia pediatriako eremua izan zen, han txikitatik askotan egon naizelako.
Zein emozio transmititu nahi zenuen margolan honekin, batez ere pediatriako gunean jarriko zutela jakinda? Erlaxazioa, bakea, lasaitasuna eta kolorea transmititu nahi nituen. Normalean nerbioa edo mina sentitzen dugu anbulatorioko espazioetan —baita pediatrian ere—, eta nire asmoa izan da hori guztia arintzea; uste dut garrantzitsua dela, batez ere umeentzat.
Bi neskatila marrazten, hori da margolanean ikusten dena, ezta? Bai. Beti izan dut lotura berezi bat nire ahizpa eta nire arteko une intimo horrekin: nola hartu egiten genituen pintzelak leuntasunez, marrazkiak gure inguruan eta egunero teknikan hobetzen saiatzen ginenean. Xehetasun horiek nostalgia-sentimendu bat sortzen zidaten, eta, lehenago edo beranduago, nire lan batean agertu behar zutela argi neukan.
Nolakoa izan da sortze-prozesua? Prozesua nahiko luzea izan zen, unibertsitateko beste lan eta proiektuekin tartekatuta egin behar izan nuelako. Zerbait adierazgarria esateko, 170 eta 175 ordu inguru eman nituen obra hau egiteko!
Zein teknika eta material erabili dituzu koadroan? Hautatutako materiala olio mihisean da. Erabilitako koloreek nire estiloarekin lotura duten konnotazio argia dute, kolore biziak erabiltzea gustatzen zaidalako, pintzelada lodi eta askatuekin. Kasu honetan pastel-tonuak erabili ditut haurren bakea eta gozamena irudikatzeko.
Zein garrantzia du, zure ustez, arteak osasun-zentro bateko espazioetan? Uste dut arteak leku publiko guztietan egon behar duela, gizakiaren adierazpena eta emozioen komunikazioa sustatzeko ezinbestekoa delako. Noski, anbulatorio batean gehiago du eragina, pazienteei gertutasun, lasaitasun eta segurtasun sentsazioak transmititu behar zaizkie, kontsultetara joateko aurreko nerbioak murrizteko.
Txikitatik marrazten, argi izango zenuen margolaritzan bidea egitea. Erabat. Egia da txikitatik margotzen dudala. Hasieran teknika eta estilo desberdinak esploratzeari ekin nion. Sei urte nituenean, Santutxuko Unzalu marrazketa akademian hasi nintzen, eta handik gutxira, argi nuen Arte Ederren ikasketak egin nahi nituela. Eta horretan ari naiz!Akademian teknika gehiago eta tradizionalagoa ikasi nuen; familia inguruan, aldiz, estilo “ganberroagoa” eta dibertigarriagoa zen nagusi. Aita liburudendaria da eta familia oso irakurzalea gara, batez ere komikia irakurtzen nituen bata bestearen atzean. Haurra nintzenean nire pertsonaiak marrazten nituen eta hainbat egileren estiloak kopiatzen nituen, nire istorio propioak kontatzeko. Hortaz, komikietatik ere asko inspiratu naiz nire margolanetan istorio bat edo une bat islatzeari dagokionez.
Inspirazioa aipatu duzula, zeintzuk dira zure inspirazio-iturri nagusiak? Nire inspirazio iturria nire egunerokoa eta nire inguruko pertsonak dira. Nire familiarekin eta lagunekin nire proiektuak partekatzea garrantzitsua da niretzat, eta ezin dut bidea egin haiek inspirazio izan gabe. Batez ere nire ahizpa Adriana. Lan honetan bera izan da inspirazio-iturri, zalantzarik gabe!
Alde teknikoari dagokionez, gaur egungo artista askoren moduan, inpresionismoa eta postinpresionismoko artistak asko gustatzen zaizkit.
Pintzelada askatuak eta kolore biziak erabiltzen ditut, lan egitean askatasun handia sentitzen dudalako. Eta agian lausengu itxura izango du, baina Juan Antonio Unzalu, Unzalu akademiako irakasleak, asko inspiratzen nau! (barreak). Bere margolanak ikustean eta bere lan egiteko modua ikustean, erreferentzia ikaragarria da niretzat. Baina ezin ahaztu fakultateko lankide eta irakasle batzuek egunerokotasunean asko irakatsi didatela.
Leioako Arte Ederren fakultatean ari zara ikasten. Hala da. Leioako Arte Ederren fakultatea ez da bereiziki nire arte estilo mota. Graduak ikuspegi kontemporaneo eta berritzaileagoa du, eta ni alde tradizionalagoan mantentzen naiz. Batez ere margolanetan. Hala ere, esperientzia oso dibertigarria ari da izaten. Pertsona zoragarriak ezagutu ditut eta asko ikasten ari naiz, bereziki ikaskideengandik, baita irakasle batzuengandik ere. Graduak mota guztietako artea baloratzen irakasten dizu eta ikuspegi artistikoa irekitzen dizu.
Hortaz, esango zenuke graduak zure sormen pertsonala garatzen laguntzen dizula? Urtean zehar entregatu beharreko lan eta betebeharren kopuru handiak direla eta, zailagoa izaten da proiektu pertsonalagoetan pentsatzeko denbora aurkitzea. Baina ideia bat garatu nahi dudanean, horri aurre egiteko laguntza ematen dit graduak, aurrez aurre hartu eta prestaketa sakona egin beharrean zuzenean egitearen ordez. Lanak nola planteatu ikasten dut eta material eta tekniketan hobeto ezagutzen ditut, gero oporretan gauzatzeko bada ere! (barreak)
Nola uste duzu artea eta kultura baloratu beharko liratekeela gaur egungo gizartean? Niretzat artea eta kultura ezinbestekoak dira gizarte kritiko bat izateko, bereziki aldaketa handiko garai honetan. Garrantzitsua da artea jendearengana iristea, ikuspuntu elitista eta kapitalistatik urrun egotea, gaur egungo artearen ikuspegia nagusi dena.
Artelan batzuk artista famatu batzuek eginikoak, mila milioi euroko balioa izan dezakete, baina bitartean gaur egungo artista gazteok mirariak egin behar ditugu aitortuak izateko. Uste dut gazteoi bidea ireki behar digutela, gero eta zailagoa den artearen mundu honetan. Ikastetxeetan eta institutuetan bultzatu behar da artea eta sormena. Pentsarazteko eta batez ere sormenari bultzada emateko moduak hedatu behar dira.
Proiektu berririk duzu orain esku artean? Une honetan, musika arloan emakumeen presentzia aztertzen duen serie bat egiten ari naiz. Denak nire Instagram profilera igo ditut: @jartack_. Proiektu oso interesgarria da ez bakarrik margolaritzari dagokionez; musika gehiago estimatzen laguntzen dit, baita musikarekin gehiago konektatzen ere. Eta bidez batez, emakumeak industria honetan babesten ari naiz.
Eta etorkizunera begira, zein da zure ametsa? Niretzat ametsa da nire arteaz bizitzea, nire erakusketa bat sortzea eta antolatzea edo beste artista batzuekin elkarlanean proiektuak egitea. Luzera begira, pintura tresna adierazle gisa irakatsi nahiko nieke beste pertsona batzuei.
Elkarrizketak
Sara Blanco Perez: «Beste zinema bat posible da, horizontalagoa, zaintza-logiketatik eta ikuspegi feministatik eraikia»
Sara Blanco Perez ekoizlea da Al Borde Films ekoiztetxean, eta euren azken proiektua izan da ‘Llámame sinsorga-Sinsorga hutsa naiz’ dokumentala

Zinema gizartea eraldatzeko tresna gisa bezala ulertzen dute Al Borde Films ekoiztetxe bilbotarrean. Bertan Sara Blanco Perez etxebarritarrak (Etxebarri, 1991) ekoizle lanak egiten ditu. Egin dituzten proiektuetan ikuspegi feminista beti dago islatuta. Adibidez, euren azken proiektua izan da ‘Llamame sinsorga-Sinsorga hutsa naiz’ dokumentala, Irantzu Varela basauriarrak eta Andrea Momoitio ortuellarrak Bilboko Alde Zaharrean 2022an martxan jarri zuten kultur gune feminista hizpide duena. Blancok adierazi duenez, beste zinema bat posible da, “horizontalagoa, zaintza-logiketatik eta ikuspegi feministatik eraikia”.
Al Borde Films ekoiztetxean egiten duzu lan, Sara. Zehazki, zein da zure betebeharra? Al Borde Films bezalako profil bateko ekoiztetxe batean askotan denetarik egin behar izaten da, baina nire eginkizun nagusia ekoizlearena da.
Ekoizpen-lanaren barruan, alde batetik, finantzaketaren bilaketarekin eta proiektuen kudeaketa ekonomikoarekin lotutako arlo ekonomikoa dago; eta, bestetik, grabaketen kudeaketa eta koordinazioa: taldeen kontratazioa eta koordinazioa, behar teknikoak, eskaerak eta baimenak… nolabait, grabaketa ahalik eta modu egokienean eta eraginkorrenean gauzatu ahal izateko behar guztiak estaltzea.
Zinema gizartea eraldatzeko tresna gisa ulertzen duzue. Askotan diruak edo entretenimendu hutsak agintzen duen sektore batean, nola betetzen duzue zuen ekoiztetxe txikian ideal hori? Al Borde Films-en irmoki sinesten dugu zineman, eta gure kasuan, dokumentalean, eraldaketarako tresna gisa. Gure filmek, betiere izaera sozialekoak, askotan isilarazita geratzen diren istorio horiek nolabait gerturatu nahi dituzte, izan behar duten espazioa eta ahotsa izan dezaten. Efektuz eta kolorez beteriko ekoizpen handien aurrean, uste dugu eraldatzeko modua pertsonak eta haien istorioak erdigunean jartzea dela; haiengana errespetuz hurbiltzea eta kontatzeko dutena zabaltzeko bozgorailu izatea. Nolabait, istorioak izan daitezela astintzen gaituztenak, eta gu, hori posible egiteko tresna.

Egin dituzuen proiektuetan ikuspegi feminista izan da nagusi. Hala da. Gure proiektuak beti ikuspegi feministetatik eraikitzen ditugu; ez soilik beharrezkoa delako —hala baita—, baizik eta ez dakigulako beste modu batera egiten. Gure DNAn txertatuta dago, mundua ikusteko eta harekin harremanak izateko dugun modua da.
Lehen esan bezala, zinema eraldaketarako tresna indartsua da, alferrik galdu ezin dugun bozgorailua. Egunero lan egiten dugu beste zinema bat eta beste gizarte bat posible direla erakusten saiatzeko. Egia da oraindik asko dagoela egiteko, baina irmo jarraituko dugu helburu honetan.
Eta bide horretan, ‘Llamame sinsorga-Sinsorga hutsa naiz’ dokumentala izan da zuen azken proiektua. Irantzu Varela basauriarrak eta Andrea Momoitio ortuellarrak Bilboko Alde Zaharrean 2022an martxan jarri zuten kultur gune feminista du hizpide. Andrea eta Irantzu gugana hurbildu zirenean kontatzeko Bilboko Alde Zaharrean lokal bat alokatu zutela —ezkontza-soinekoen atelier zahar bat, ez gutxiago— eta hura zentro kultural feminista bihurtu nahi zutela, ideia bikaina iruditu zitzaigun dokumentala egitea.
Baina, gainera, obra osoa emakumeekin bakarrik egin nahi zutela eta grabatu nahi zutela esan zigutenean, berehala pentsatu genuen: noski, hau inoiz egin ez den zerbait da eta kontatu beharrekoa!
Zein da dokumentalaren helburua? Dokumentala honako galderari erantzuteko helburuarekin abiatu zen: “Egin al daiteke obra bat emakumeekin bakarrik?”
Ez genuen denbora asko behar izan hori ezinezkoa zela konturatzeko, eta dokumentala errealitate berri horretara egokitu zen, emakumeekin bakarrik obra bat zergatik ezin den egin azaltzeko asmoz: zer dago horren atzean? Zein da benetako arazoa? Benetan ez al dago emakumerik gremio honetan? Zergatik ez da nahikoa emakumeekin obra bat gauzatu ahal izateko beharrezko baldintzak sortzea? Galdera horietan dago gakoa.

Singorgan obra gehiena bost emakumeren artean egin zuten, eta dokumentala egiterakoan, zuek ere saiatu zineten alderdi tekniko guztietan emakumeak izatea protagonista. Lortu zenuten? Azkar ulertu genuen Sinsorgak obra emakumeekin bakarrik garatzeko egindako apustu hori modu berean eraman behar zela ikus-entzunezko ekoizpenera ere. Horrek erakutsi zigun dokumentalak kontatzen duen zentro kulturala emakumeekin bakarrik eraikitzeko ezintasun hori egiturazkoa zela, eta gure sektorean ere errepikatzen zela. Erabat ezinezkoa izan zen; itxaropenak jaitsi behar izan genituen eta, gutxienez, departamentuburuak emakumeek gidatzea lortzera mugatu ginen, eta hori bai, lortu genuen.
Genero berdintasunaz ari garela, zelan dago gaur egun zinemaren mundua? Egia da pixkanaka handitzen ari dela emakumeen presentzia historikoki gizonek bete izan dituzten departamentuetan, hala nola, kamera-departamentuan. Hala ere, oraindik ez da nahikoa. ‘Llámame sinsorga’ dokumentala sektorearen egungo egoeraren isla da. Zailtasunak izan ditugu espezializatutako lanpostu eta zeregin zehatzetarako emakumeak aurkitzeko. Nabarmena da emakumeen presentzia falta lan espezializatuagoetan, eta horrek azterketa sakona eskatzen du. Baina bai, zinemaren munduan ere, oraindik bide luzea dugu egiteko.
Eta, dokumentala aurrera ateratzeko finantzazioa lortzea erraza ala zaila izan zen? Dokumental bat finantzatzea ez da inoiz erraza izaten. Kasu honetan, Andrea eta Irantzu bezalako erreferenteak izateak beharrezkoa zen finantzaketa pribatuaren zati bat lortzen lagundu zuen. Dena den, datu gisa esango dizut ia bi urte behar izan genituela finantzaketa osoa ixteko.
Dokumentala Varsoviako zinemaldian estreinatu zenuten. Bai. Varsoviara joan ginen bi zuzendariak (Marta Gomez eta Paula Iglesias), Andrea eta biok, eta egia esan, oso esperientzia polita izan zen. Filma A mailako jaialdi batean estreinatu ahal izateaz gain —horrek dakarren aitortzarekin—, beti sortzen du jakin-mina eta ilusioa zure lana kanpoan ikusteak, eta beste herrialde batzuetako publikoak harekin nola erlazionatzen den ikusteak.
Dokumentalak tonu pixka bat ganberroa du, eta jakin-mina sortzen zigun txantxak nola ulertuko ziren ikusteak, baita umore-kodeak gureetatik desberdinak diren herrialde batean filmak zer harrera izango zuen jakiteak ere.
Martxoan, M8aren kanpainaren barruan, besteak beste, Primeran plataforman egongo da ikusgai. Hori da, Primeran plataforman egongo da eskuragarri, eta martxoaren 15etik 30era bitartean baita Filmin-en ere.
Ikuspegi feministaz gain, eskubide sozialak defendatzen dituen proiektuak bultzatu dituzue, adibidez, Saharan, Mexikon eta Pakistanen. Bai. Pakistanen ‘Flying Hands’ dokumentala grabatu genuen. Proiektuak Aniqa Bano-ren istorioa kontatzen du: emakume bat, alaba gor baten ama, pertsona gorrei dena kentzen dieten herrialde batean, baita beren izena eta identitatea ere.
Aniqak ez zuen soilik bere alabaren alde borrokatu; haur gor guztiek bizitzan eskubide berak izan zitzaten eta etorkizuna izan zezaten ere borrokatu zuen. Horretarako, Skardúko haur gorren lehen eskola sortu zuen.
Dokumental honek pertsona gorren kolektiboari ahotsa emateko aukera eman zigun, eta haien istorioa eta aldarrikapena hiri, herrialde eta kontinente ezberdinetara eramatekoa.
Etorkizun laburrari begira, ba al duzu beste proiekturik? Oraintxe bertan,1985ean Errenterian gertatutako eta emakumeek gidatutako lan borroka baten pasarte bat jasoko duen dokumental luze baten garapenean eta memorian eta zaharberritze-lanen garrantzian oinarritutako film labur baten ekoizpenean gabiltza.
Zein amets bete nahiko zenuke Al Borde Filmsekin? Ametsa hasieratik izan da gure filmek eragina izan dezaten eta gizarte-mailan hausnarketa sortzen jarraitu dezaten. Era berean, arte-sorkuntzaren mundu hain ezegonkorrean, emakumeek gidatutako eta izaera soziala duten proiektu hauek beharrezko egonkortasuna aurkitu dezaten, beren mezuek jarrai dezaten eragiten egunero aldatu nahi dugun arlo guztietan. Beste zinema bat posible da, horizontalagoa, zaintza-logiketatik eta ikuspegi feministatik eraikia. Dokumental honek islatzen dituen zailtasunek ez dezatela oztopatu aspaldi hasitako bidea.
Elkarrizketak
Eider Eibar Zugazabeitia: «85 liburu inguru ilustratu ditut, teknika desberdinak erabiliz, eta asko gozatuz»
Eider Eibarrek eta Iskander Sagarminagak erronka berria dute aurrean: Kokoak bilatzea Kaiwi kanalean zehar. Hawaiiko urak marrazki eta edukiz betetzeko asmoz, sormena eta natura basatia uztartuko dituzte

Marraztean norbere burua aurkitzea, korapilatutako hari guztiak askatzea eta munduari zentzua ematea bilatzen du Eider Eibar Zugazabeitia (Zornotza, 1980) ilustratzaileak. Iskander Sagarminagarekin elkarlanean, Hawaiiko Moloka’i eta O’ahu irlen arteko 42 kilometroko zeharkaldia prestatzen ari da orain, ‘Itsas Erronka Marraztuak’ egitasmoaren laugarren mugarria (maiatzean egitekoa). Oraingoan Pi, Kea, Pua eta Kai kokoak bilatuko dituzte sormenaren eta natura basatiaren artean murgilduta, Kokolulu erronkaren barruan. Erronka berriaz, bere ibilbideaz, Kokoak unibertsoaz eta Adimen Artifizialaz hitz egin dugu Eiderrekin.
Kokolulu erronka berria duzue aurrean Iskanderrek eta zuk, Eider. Non eta Hawaiin! Iskander Sagarminaga zazpi itsasoen erronka burutu nahian dabil mundutik igerian eta nik, bera lagundu eta erronkak marrazten ditut. Jadanik hiru erronka burutu ditu eta Kokolulu hau laugarrena izango da. Hawaiin, Moloka’i irlatik O’ahura egingo du igeri: 42 kilometroko tartea 15 bat ordutan. Itsas Erronka hauetan bizi dugun guztia kokoak.eus webgunean partekatzen dugu eta euskarazko eduki pila bat sortzen ditugu: eskulanak, bideoak, marrazkiak, jokoak… Kokoluluren berezitasuna, apirila eta maiatzean zehar erronkarekin eta kokoak unibertsoarekin lotura duen aurkikuntza eta material pila bat partekatuko dugula da, ikastetxeetan ere haurrak guzti honen parte izan daitezen.
Erronka honetan marrazteaz gain, zuk ere igeri egingo duzu ezta? 200 metro inguru egin beharko ditut igeri bai, hondartzatik itsasontzira, goizeko ordu bietan, Iskander lurrean utziz! (barreak) Irteerarako prestatzen eta gogor entrenatzen ari naiz, ez pentsa!
Zelan ari zara erronka hau prestatzen? Iskanderrek eta biok, hilabeteak daramatzagu diseinu eta prestaketa lanak burutzen. Zuzeneko jarraipenak, web orria prest izatea eta eduki digital guztien diseinua eta eraketa eskatzen du, eta hori da une honetan lan gehien daramana. Iskander gogor entrenatzen da egunero igerian eta ni margoak prestatzen ari naiz, dena fin-fin eraman ahal izateko.

Zer datorkizu burura zeharkaldi horren mapa begiratzen duzun bakoitzean? Biziko dugun abentura gogoangarria izango da! Izugarria da erronka bera, itsasoko zeharkaldia mundiala izango da, baina egia esan, mapa begiratu eta sortuko ditudan marrazkiak etortzen zaizkit burura, ezagutuko ditugun landare, animali, kultura berriak… Irribarrea ateratzen zait horien guztien marrazkiak irudikatuz, nahiz eta ez dakidan ondo zer aurkituko dugun! (barreak).
Ur irekietan hainbeste kilometro igeri egiteko entrenatzea ezinbestekoa da, baina nola prestatzen da ilustratzaile bat Pazifikoko olatuei, bertako faunari eta korronteei aurre egiteko? Eskarmentu handiko bidaideak gara dagoeneko Iskander eta biok. Elkarrekin entrenatu ditugu milaka ordu, bera igerian eta ni, kayakean edo txalupan. Pasa dan urtean balea, marrazoa, fokak, pelikanoak eta izurdeak izan genituen bisitan eta aurten badakigu natura basatira goazela eta animalia piloa ikusiko dugula.
Hawaiiin bereziak diren animalia horiek ezagutu nahian nabil, ikusiz gero, identifikatu eta marraztu ahal izateko. Gainera, hainbat oso espiritualak dira, adibidez, Aumakuak; Hawaiiar kulturan eta mitologian, ‘aumakua’ espiritu zaindaria da. Arbaso bat hiltzen denean, bere espiritua jainkotu egin daitekeela sinesten dute, bizirik dauden ondorengoak gidatzeko, babesteko eta arriskuen aurrean ohartarazteko.
Korronteak eta olatuak beste kontu bat dira. Korronteak batez ere Iskanderri eragiten dio, guri, txalupan goazenoi, haizeak, euriak eta olatuen gorabeherako mugimenduak eragiten digu gehiago. Marrazteko eta bideo irudiak grabatzeko, oreka eta mugimendu horren kontrako dantza egin behar duzu eta ondorioz, ipurdiko min elegantea! (barreak)
Kirol erronketan, askotan gizonezkoen arrakastak nabarmentzen dira. Iskander uretan doa, baina zu hor zaude, sortzen, dokumentatzen eta orain baita igeri egiten ere. Proiektu hau bion elkarlana da: Iskander gabe ez litzateke erronkarik burutuko eta ni gabe ez litzateke itsas erronka marraztua izango. Beste zerbait izango litzateke.
Biok burutzen ditugu hainbat lan: erronkak ahalbidetu, kapitainak lotu, grabatu, editatu, saretu, webgunea hornitu, deiak eta prentsa kontuak bideratu, aurkezpenak egin, materiala sortu… Ezagutzen duzuen proiektu hau, biok honela sortu genuelako da, bakoitzak bere zatia eginez eta beste zati erraldoia biok eginez. Iskander igerilari arrakastatsua da eta ni marrazkilari geldiezina, eta proiektu hau bihotzez eta barru-barrutik sortuz eta honetan sinetsiz egindako lanaren emaitza da.

Hitz egin dezagun orain zure ibilbideaz, Eider. Gogoratzen duzu zein liburu ilustratu zenuen lehen aldiz? 1999an ilustratu nuen lehen liburua: Urregorrizko kutxa, Andoni Egañak idatzia, Gara egunkariko bilduma berezi baterako. Oso lan berezia izan zen, Unibertsitatean Arte Ederrak ikasten ari nintzen eta bat-bateko aukera zoragarri hark ireki zidan mundu berezi honetarako bidea.
Ordutik, zelan aldatu da Eider eta zelan aldatu da ilustratzeko zure modua? Ordutik 85 liburu inguru ilustratu ditut, teknika desberdinak erabiliz, beti jolasean, ausartzen, ikasten eta garrantzitsuena: gozatzen.
Ez dut inoiz estilo bat bilatu; frogatzen eta nahasten saiatu naiz beti, eta orduko hasierako garai haiekin alderatuz, esango nuke orain eskua askoz gehiago menperatzen dudala, ideiak bat-batean zirriborratzen ditudala, eta baita, teknika desberdinak menperatuak ditudala. Hala ere, inoiz ez dakit zein izango den aterako den hurrengo marrazkia, eta hori oso sentimendu berezia da, uretara salto egin behar duzun une eder horren modukoa.
85 liburu! Ez da marka makala! Argitaratutako lan horietatik guztietatik baduzu bereziki gustatzen zaizun baten bat? ‘Ez dakit marrazten’ eta ‘Kokoak’ bereziak direla esango nuke, Kokoak unibertsoan kokatzen direlako eta bien egile bakarra ni naizelako. Baina, gustukoenak, orain eskuartean dauzkadanak, orain marrazten ari naizenak dira, beti diot hori, eta egia da; sortzen ari naizen hori edo sortzeke dagoenak pizten dit poz berezi hori.
Kokoak unibertsoak zortzi urte bete ditu. Zer suposatzen du proiektu honek zuretzat? Kokoak.eus webgunea 2018. urtean jarri genuen martxan, ilustrazioen bideo-sorkuntzak, horma irudien prozesuak, marrazki desberdinen lanketen bideoak erakutsiz. Eta ordutik ez gara geldi egon: Kokojokoa eta Maeiour webjokoak, Mugi Muki euskarazko sticker animatuak, bideoak, marrazkiak, animazioak, eskulanak… dena euskaraz eta doan argitaratuz Kokoak.eus webgunean!
2024. urtean Kokoak album ilustratua argitaratu genuen Pamiela argitaletxearekin batera eta azken urteetan Itsas Erronka Marraztuetan murgildurik gabiltza.
Dena jolas eremu bat bezala hasi zen. Esperimentatzeko, jolasteko, zikintzeko, asmatzeko… eta haurrei nire akatsak, lorpenak…erakusteko eremu zoroa bezala. Horrela jarraitzen du izaten, baina inoiz baino zoroagoa eta askeagoa dela esango nuke, lotsa galdu dugulako. Eta hori zoragarria da! (barreak)
Kokoak proiektuak gaztetxoenen sormena lantzeko aukera ematen du. Dudarik gabe. Sortzeko, sortu egin behar da. Marrazteko, arkatza hartu behar den bezala. Eta horretarako, gure baliabideak oso erabilgarriak dira. Helburua beti da haurra aske sentitzea nahi duena nahi duen moduan marrazteko, eraikitzeko, koloreztatzeko… erratzeko beldurrik izan gabe. Une hori baliatuz barrukoa ateratzeko, ona zein txarra, eta nahi duenean utzi eta berriro hasteko.
Txikitatik datorkizu marrazteko zaletasuna? Bai, betidanik marraztu dut, eta 7 urterekin marrazketa ikasten hasi nintzen hainbat lagunekin batera, eskua eta burua teknika desberdinetan trebatuz, eta baita diziplinan, txukuntasunean edota antolakuntzan. Orain konturatzen naiz zein garrantzitsuak izan ziren honi emandako ordu guzti haiek!
Zer sentitzen duzu marrazten duzunean? Sentimendu hori aldatu da urteek aurrera egin ahala ala mantendu egiten duzu? Marrazten dudanean ni naiz. Ez dago halako beste sentipenik. Egoera desberdinak bizitzea gustatzen zait, gozatzea, mugitzea, adieraztea eta denentzako tokia dago, baina marrazten duzun une hori, niretzako, ezinbestekoa da. Barruan korapilatutako hari mordoa askatzea bezala da, eta horrekin batera, denak hartzen du zentzua eta aurrera egin dezakezu.
Teknika desberdinak erabiltzen dituzula esan duzu. Zure sormen prozesuan baliabide digitalak ere erabiltzen dituzu? Bai, teknikak nahastea gustatzen zait, eta digitala beste teknika bat bezala da niretzat. Marrazki asko eskuz hasten ditut, lerroa trazatu arte, eta ondoren kolorearen fase guztia digitalki egiten dut. Beste batzuetan akuarelak —nire teknika kuttuna—, koloretako arkatzak, errotulagailuak, argizariak, tenperak, gouacheak… nahastuz sortzen dut, digitalki ukitu gabe. Sarritan prentsa eta sareetarako digitalki hasi eta bukatzen dut lana.

Gaur egun teknologia abiadura bizian doa, eta Adimen Artifiziala (AA) indartsu sartu da ilustrazioaren munduan. Nola bizi duzu hori: mehatxu ala tresna bezala? Gure lanaren lapurretaren mehatxua ikusten dut, eta sortzen dugunari baliorik ematen ez dion jendeak hau nola baliatzen duen ikusteak amorrua ematen dit. Gure lana oso publikoa da, ia dena argitalpenetarako da, edonoren eskura dago eta bere egunean fotokopiekin kopiatzen zuenak ere kalte egiten zigun bezala, bada orain imajinatu nondik nora erabiliko duen gure sorkuntza! Erabiltzaileak badu betebehar etiko bat eta hori beti izan da horrela: egilearen izena aipatuz eta lana errespetatuz, eta hau bete egin da bezero, irakasle, irakurle eta gure lanen ikusleek horrela jokatu dutelako orain arte. Ilustratzaileon lana ezagutzen eta baloratzen duenak badaki zer nolako lana dagoen atzean eta zer egin behar ez duen gu bizi gaitezen.
Zer da zuretzat pertsona erreal batek eskuz egindako marrazki batek duen hori, AAk inoiz lortuko ez duena? AAk ez du marrazten duen ezer bizi izan inoiz. Guk bai.
Zure lanak pertsonalak dira. Beldurrik ematen dizu AAk algoritmo baten bidez zure nortasuna kopiatzeak ala uste duzu artistaren arima ordezkaezina dela? Gure arima, estiloa, estetika edota erabaki artistikoak noski kopiatu daitezkeela, AAk zein beste askok, baina kopiatzen duen horri galdetu beharko zaio egiten ari dena zuzena den ala ez, ezta?
Liburuetako idazleekin zein da duzun harremana? Aurrez aurre elkartzen zara eurekin irudiak egin aurretik? Idazleekin dugun harremana, adibidez, AAk inoiz lapurtu ezingo duen beste “zeozer” bat da: askok elkar ezagutzen dugu, harreman estua daukagu eta badakigu nondik nora doan haren burua, gogoetak edota jakin mina. Orain esan dezaket hau, hasi nintzenean batez ere, idazle asko telefonoz edo emailez baino ezagutzen ez nituelako, eta testua zen jasotzen nuena. Idazleek askotan ematen dizkizute pistak, baina badira guztiz aske sortzen uzten dizutenak.
Hego Uribeko etorkizuneko ilustratzaileei zer esango zenieke? Aholkurik? Marrazteko, han eta hemen, paperean zein horman, eta sortzen diren aukerei baietz esateko esango nieke. Denok egin ditugu baten izebaren erretratua, lagunaren tabernako horma irudia, lehengusuaren musika taldeko kamisetarako irudia eta nola ez, testuliburuetako bazterretako mila zirriborro! (barreak) Eta noizbait, gustuko duzula, trukean poza, lasaitasuna, bazkari bat edo dirua jaso eta “hara! Eta honetaz biziko banintz?” pentsatzean, adi: hori da bidea!
☉ Basauri
Maria Cascon Urizar: «Nire lana bizi dudan errealitatea aurkezteko eta erakusteko saiakera bat da»
Maria Cascon artista basauriarrak ‘Gure Artean’ erakusketaren azken edizioan parte hartu du. Bere lanaren bidez, argazkiaren, materialtasunaren eta denboraren joanaren arteko harremana aztertu du

Hitzak irudi gisa ikusten dituenean, edo irudiak hitz bihurtzen direnean, hor aurkitzen du Maria Cascon Urizar basauriarrak (Basauri, 1999) bere sormen lekua. Eta, Arizko Dorretxeak bere talentuari ateak ireki dizkio ‘Gure Artean’ erakusketarekin. Bertan, Maria bere “olana” bereziarekin itzuli da jaioterrira: duela bost urte unibertsitatean sortu eta ordutik hainbat espazio publikotan —erreketatik balkoietaraino— “bizi” izan den pieza. Martxoaren 1era arte, Arizko Dorretxeak artistaren eta bere olanaren arteko harreman estua erakutsi die bisitariei. Andrea Morarekin eta Andoni Atriorekin batera osatutako erakusketa honetan, artea “zerbait naturala” dela erakusten digu basauriarrak, aldez aurretik eraikitako estilorik gabekoa. Mariak bere sormen prozesuaz hitz egin digu: nola uzten dion errealitateari irudiak eraikitzen eta nola bihurtzen den argazkia objektu fisiko, zimurrekin eta goroldioekin eta guzti.
Gure Artean erakusketan zure lan bat aurkezten ari zara martxoaren 1era arte. Zehazki, zer da erakusketan aurkeztu duzuna? Gure Artean erakusketan duela bost urte inprimatutako olana dago, espazioa banatzen duten zutabeetatik zintzilik. Olanaren atzeko aldean ‘Dear and alive’ esaldia proiektatuta dago.
Zer islatu nahi izan duzu lan horrekin? Aurkeztutakoarekin ez dut ezer islatu nahi, dagoena dago. Niretzat garrantzi handiagoa du Arizko Dorretxera hurbiltzen diren eta bertan dagoena ikusten duten pertsonentzat islatu dezakedanak.
Lan-prozesuari dagokionez, beti kamera bat daramazun horietakoa zara, momentuaren zain, ala eszena zehatz-mehatz eraiki zenuen Arratiako erreka hartan? Kamera gainean eramaten dut beti. Eta argazkiak ateratzeko aukera ematen diot nire buruari beti ere, nahiz eta ateratzen ditudan irudi asko eguneroko intimitatearen eszenak izan. Olanean inprimatuta dagoen argazkia errealitateak eraikitako irudi bat da. Nire esku-hartze bakarra hor egotea izan zen, argazkia ateratzen eta, ondoren, ateratako irudiari denbora eta arreta eskaintzea. Denbora eta arreta eskaini nion, irudi hori errekara itzultzeko nahia sortu zitzaidan arte.
Behin olana esku artean izanda argazkia ateratako errekara itzuli nintzen eta bertan urperatu nuen. Momentu horretatik aurrera, olana beste toki batzuetan ikusteko gogoa etorri zitzaidan, eta hor sartu nintzen aurretik ezagutzen ez nuen lan-prozesu batean. Prozesua bera, olana leku berri bakoitzean jartzen nuen aldiro erreakzionatzean zetzan, ez nire nahia inposatzean.

Olanean zure bi lagun agertzen dira. Ba al dago zure obran emakumeen arteko loturak eta partekatutako konfiantza-guneak erregistratzeko eta balioesteko asmorik? Ez, ez da hori nire lanaren asmoa. Nire lana bizi dudan errealitatea aurkezteko saiakera bat egitean datza. Zorionez, bizi dudan errealitatea maite ditudan pertsonak eta sortzen dituzten espazio intimoak osatzen dute. Horregatik agertzen dira beraien irudiak nire lanean.
Erakusketaren inaugurazioan esan zenuen olana duela 5 urte sortu zenuela, unibertsitateko azken urtean. Leku desberdinetan gordeta eduki zenuen, baita zure amamaren etxean ere. Nola aldatzen da artista batek bere eremu pribatuan bizi izan den obra batekin duen harremana jendaurrean erakutsi aurretik? Bereziki lan honetan eremu pribatuaren eta publikoaren arteko distantzia oso lausoa izan da. Lan-prozesuaren hasieratik jarri dut olana eremu publikoetan: errekan, kalean, mendian, hondartzan edo balkoian. Badakit hau ez dela eremu hauek lantzeko modu arruntena, baina olanarekin lan egiteko baldintzak zirela eta, nire begirada askoz gehiago izan da ikusle gisa sortzaile gisa baino. Kontrasterik handiena Arizko Dorretxea bezalako espazio batean ikustea izan da, instituzionalagoa baita. Instituzionaltasun horrek olana beste distantzia batetik ikusteko aukera eman dit. Distantzia horri esker olanaren atzealdeaz ohartu naiz, erakusketa honen muntaketara arte hainbeste landu ez nuen zatia.
Era berean aipatu zenuen ez zenuela zure olana irudi bat bezala ikusten, baizik eta objektu bezala. Olanean inprimatuta dagoen irudia ikusi dezaket, baina, hala ere, ikusten dudana olana da bere osotasunean. Olanak denboraren eta lanaren ondorioz hartu eta galdu dituen ezaugarriak, hala nola, arrakalak, zimurrak eta goroldioa hasierako iruditik gailentzen direlako. Hasierako irudia nire nahiaren ideala zen, egungo olana aldiz, irudi hori, olanaren materialtasuna eta pasatako denbora da.
Zer suposatzen du zuretzat Basaurin, non eta Arizko Dorretxe historikoan, zure lana erakusteak? Ilusio handia egin dit nire lana nire jaioterrira ekarri izanak. Nire betiko lagunak eta familia elkartzeko aitzakia bikaina izan da. Asko eskertu dut herriko jendearengana gerturatzeko aukera eman izana.
Andrea Morarekin eta Andoni Atriorekin partekatzen duzu espazioa. Ezagutzen zenituen? Ez, ez nituen Andrea eta Andoni aurretik ezagutzen. Eskertzekoa da nire ingurutik kanpo lanean dabilen jendea ezagutzea eta beraien lan prozesuak hurbiletik ikustea.
Zure ustez badago loturarik zuen hiruron lanen artean? Uste dut interesgarria izan dela hiruron lanak elkarrekin batera ikustea, esparru ezberdinetatik gatoz eta aberasgarria da. Paula Fuentes, erakusketaren komisarioak, oso modu konprometituan ulertu gaitu eta muntaia erosoa izatea ahalbidetu du. Berezia izan da niretzat Andrearen errezelak eta olanaren atzeko parteak zelan lotzen diren ikustea.
Gure Artean erakusketako liburuxkan esaten duzu hitzak eta irudiak interesatzen zaizkizula, “zentzu zabalean”. Horrekin esan nahi dudana da hitzak eta irudiak interesatzen zaizkidala, baita bereizten dituen lerroa desitxuratzen denean ere. Askotan hitzak iruditzat hartzen ditut, eta beste askotan irudiak hiztzat. Adibidez, olanaren atzean dagoen proiekzioa irakurtzeak (‘Dear and alive’) olanaren izatera eramaten nau zuzenean. Badakit proiekzio hori existitzen dela, olana irudi edo objektu gisa begiratu eta pentsatzeaz gain, hitzetik ere pentsatu dudalako.
Noiz erabaki zenuen artea zure bidelaguna izango zela eta zergatik? Ikasketa formalen aurretik antzerkigintzan ibili naiz, argazkiak ateratzen nituen eta orokorrean arte espresioetatik gertu egon naiz betidanik. Arte gradua ikastea, hala ere, sorpresa bat izan zen niretzat. Ez nuen espero egiteko adina ausardia izango nuenik. Orduan ezin dut esan erabaki bat izan denik, zerbait naturala baizik.
Arte-gradua egin aurretik, bazenuen zure estiloa? Ez nuen estilorik arte gradua egin aurretik eta esango nuke orain ere ez daukadala. Aldatu dena nire egitea da, nire prozesua etengabe aldatzen doa eta hortaz emaitzak ere bai.
Zein mezu zabaldu nahi duzu gizartean zure artelanekin? Lehen esan bezala ez dut intentsio konkreturik ez mezurik zerbait egiten ari naizen bitartean. Bakoitzak jaso dezala gura duen moduan.
Artea zuretzat zer den galdetuko banizu. Ez dakit, ez naiz asko saiatzen galdera horri erantzunik ematen. Baina saiakera handia egiten dut gustatzen zaizkidan gauzetara hurbiltzeko. Gustatzen zaizkidan gertuko batzuk: Maddi Iraeta, Jone Erzilla, Irati Petuya, Jon Salinas, Andoni Clavo, Amaiur Zuazua, Adrian Irisarri, Jon Ibala, Irantzu Yaldebere, Maite Gonzalez eta Auritz Iñurrietaren lanak.
Zure ustez, ikusleak bere burua ezagutzeko ispilua izan behar du arteak, edo ikusi nahi ez dituen errealitateen leihoa? Ez bata ez bestea, baina biak aldi berean izan daitezke. Ez dut uste modu bakarra dagoenik artea bizitzeko. Bakoitzak bere modua dauka, beraz guztiak dira artea bizitzeko moduak. Guztiak izatea da nire ustez arteak daukan nolakotasunik ederrena.
Gure Artean erakusketa bukatu ostean, baduzu esku artean beste proiekturik edo erakusketarik? Gure Artean erakusketa prestatu bitartean ‘Isla Rebista 2. #danagaz’ plazaratu dugu. ‘Isla Rebista’ Euskal Herrian kokatutako proiektu artistiko eta editorial bat da, urtero behin argitaratzen den arte garaikideari buruzko aldizkaria. Artearen testuinguruan gertatzen ari diren gauzen inguruan pentsatzeko eta idazteko lekua. Elena Olavek eta Jone Erzillak 2024an sortutako proiektua da. Lehenengo alerako “Oparia x2” atala egitea proposatu zidaten eta aurtengo alerako edizio taldean parte hartzera gonbidatu naute. Ale bakoitzerako hainbat pertsona eta artista gonbidatzen ditugu gurekin batera lan egitera. Bigarren ale honetan Ane Garay izan da “Oparia x2”-ren arduraduna eta lan ederra egin du. Aldizkaria dagoeneko eskuragarri duzue zenbait liburu dendetan.
☉ Zaratamo
Bideoa | Gonzalo Lopez: «Arkotxara heldu nintzenean 40 mahai-joko nituen. Gaur ia 1.200 ditut gordeta»
Pandemian hasi zen Gonzalo mahai-jokoetara partidak jokatzen. Orduz geroztik, Arkotxakoa esparru honetan espezializatu eta edukiak sortzen ditu sareetan

Zaletasun xumeen pertsona da Gonzalo Lopez Naranjo (Galdakao, 1986). Horrela definitzen du behintzat bere burua: bere pasioak bidaiatzea, Athletic Cluba eta mahai-jokoak dira. Arkotxako auzotarrak biziki maite ditu mahai-jokoak eta ia 1.200 gordetzen ditu bere etxean eta bertatik gertu daukan lonja batean.
Mahai-joko klasikoak betidanik ezagutu izan ditu Gonzalok, baina errealitate honen errudun nagusiak 2020ko pandemia eragindako itxierak eta ‘La Herencia de la Tía Ágata’ jokoa dira. Berarekin elkartu gara, kartoizko kutxez inguratuta eta eszenatokiak simulatzen dituzten tapizez estalitako mahaien artean.
Eskulibururik ez dugu faltan izan, eta Zaratamokoak mundu magiko baten ateak zabaldu dizkigu dadorik bota gabe.

Mahai jokoez inguratuta gaude elkarrizketa egiten dugun bitartean. Jakin ahako zenuke, arren, zein izan zen zure eskuetara iritsi zen lehena? Ez dakit lehena izango zen, baina ‘La Herencia de la Tía Ágata’ jokoa horien artean dago. Gaur egun joko horren hiru bertsioak dauzkat: MBtik Bizakera aldatu zen eta azken bertsioa ere badut. Esan beharrekoa da MBkoa baino txarragoa dela azken hau, baina hala ere heldua izanda erosi nuen ere, oroitzapen hori izateko.
Baina izatez, ‘La Herencia de la Tía Ágata’ ez da mahai joko ikoniko bat. 90. hamarkadako klasiko bat da baina horrenbesteko ospea zeukan? Partxisa edo Oka bezalako joko klasikoak jokatu ditut, baina baita ‘Mr. Pop’, ‘Quién es Quién’ , ‘Misterios de Pekín’, ‘Cluedo’, Monopoly… bezalako joko “arruntetara” ere. Baina ez dira bakarrak.
Noiz erabaki zenuen mahai-jokoen bilduma egiten hasiko zinela? Duela bederatzi urte heldu nintzen bikotekidearekin Arkotxara bizitzera. Pandemia garaia iritsi zenean etxetik irten ezin ginela ikusi genuen. Goizetan banatzaile lez egiten nuen lan eta bikotekideak ere lan egiten zuen. Baina arratsaldean konfinatuta geunden. ‘Marvel Champions’ izeneko mahai-joko bat deskubritu nuen eta jokatzeari ekin nion. Partida ugari jokatu nituen.
Momentu horretan lagun batekin berba egin eta mahai-jokoen inguruko podcast bat sortzea proposatu nion. Denborarik ez zeukanez, nire kabuz sortzea erabaki nuen. Mahai jokoen inguruan hitz egiten hasi nintzen eta aurrerago ‘Marvel Champions’ izeneko mahai jokoan espezializatu nintzen. Momentu hartatik aurrera mahai jokoak heltzen hasi ziren etxera. Joko berriak erosten eta probatzen hasi nintzen, gauza berriak etengabe probatzea asko gustatzen zaidalako. Badago mahai joko bat erosi eta partida ugari jokatzen dituenak eta gero ni nago: joko mordoa erosi eta partida gutxi batzuk jokatzen ditut. Hemen ditudan joko batzuetara behin baino ez dut jokatu. Arkotxara heldu ginenean 40 mahai-joko inguru genituen. Gaur egun ia 1.200 dauzkat Zaratamon. Eta lonja honetan ez daude guztiak: hauek hemen daude etxean ez dagoelako lekurik gehiago sartzeko.

Benetan deigarria da. Bada. Pandemiako egun arrunt batean, ‘Analisis Paralisis’ izeneko Twitch kanaletik deitu zidaten Madrilera joan eta ‘Marvel Champions’ jokoaren podcasta egiteko: jokoa nolakoa zen, nola funtzionatzen duen azaltzeko. Garai hartan hilabetero kaleratzen zuten mahai-jokoa zen hura. Egun hartatik aurrera mahai-jokoen inguruko aipamenak egiteko proposamenak heltzen hasi ziren etxera. Esan beharra dago lan hau egiteagatik ez dutela ordaintzen kanaleko jarraitzaile kopurua jakin bat gainditzen ez den bitartean, eta hori benetan zaila da. Nire kanala, ‘Owen Rules’ izenekoa, txikia da baina zorionez, mahai-jokoak bidaltzen dizkidate horiek probatu eta iritzia eman ahal izateko, betiere arrazoiak emanez.
Horren haritik argitaletxeetako deiak jasotzen hasi nintzen, gauzak ondo egiten ari nintzelaren seinale, suposatzen dut. Batzuek edukiak sortzeko proposamenak egin izan dizkidate, besteak beste. Etxera jokoak heltzen hasi ziren, baina aldi berean zuk ere inbertsioak egiten dituzu mahai-jokoetan. Hala da! Hasiera batean pare bat joko bidaltzen zizkidaten argitaletxeetatik. Gaur egun kopuru hori nabarmen handitu da: iazko urrian 20 mahai-joko bidali zizkidaten argitaletxeetatik. Eromena da.
Egunek ez daukate beharbesteko ordurik guztiak jokatu ahal izateko! Hala ere ez dago estresatzeko astirik, jasotzen ditudan horiek nire eskaerak izan ohi direlako. Batzuetan 10 minutu jokatzearekin nahikoa izan dezaket. Horiek dira jokatzea gustatzen zaizkidan mahai jokoak: arinak eta nire gustukoak.
Zure ia 1.200 joko horietara jokatu ahal izan duzu? Ez. Baina ez dut derrigorrezko lan bat moduan ikusten. Badakit laster edo berandu horietara jokatu beharko dudala, argitaletxei aipamenak egin behar dizkiedalako eta ez badut jokatzen eta gainera sareetan erakusten baditut ez dizkidate gehiago bidaliko. Beraz, hobe dut horietara jokatzea.

Arkotxan dituzun guztien artean bat nabarmendu beharko bazenu, zein litzateke? Auzoarekin lotura duen bat badaukat nire bilduman: ‘Ierusalem Anno Domini’. Azken afariaren inguruko mahai-jokoa da. ‘EuroGame’ bat da, baliabideak agertzen diren joko mota, alegia. Joko honetan ogia, arrainak eta harriak daude. Jokalari bakoitzak jarraitzaile kopuru bat dauka eta azken afarira heltzen dira. Helburua apostoluen eta Jesusen ondoan ipintzea da. Hori, jokalari bakoitzak bere baliabideak kudeatuz eskuratzen du. Partidaren amaieran, Judasek puntuak kentzen dizkie jokalariei. Carmen G. Jiménezek sortu zuen mahai-joko hau eta ‘Catan’ jokoaren antza daukala esan daiteke. Nire bilduma osoko gai xelebreetarikoena jorratzen du honako honek.
Zure bildumari begira… Mugarik al duzu? Lonja honetan 900 mahai-joko daude. Gogokoenak etxean ditut. Hasiera batean neure buruari ipini nion muga 250 joko izan ziren (barreak). Mahai-jokoek espazioa okupatzen dute eta nire joko guztiak gela honetatik ez irtetea espero dut, gehienez jota. Gela honek baldintza onak ditu: behar bezala isolatuta dago eta hezetasun-kengailu bat daukat. Azken batean kartoizkoak dira mahai-jokoak.
Eta egiten duzun lan guztiaz gain, lagunekin jokatzea gustuko duzu ere? Normalean hemen bertan elkartu ohi gara asteburuetan. Lagunez gain nire familia ere ohitu da mahai-jokoetara jokatzera: gurasoak, aita-amaginarrebak… familiaren kasuan, ‘party’ edo ‘filler’ tankerako joko arruntagoetara jokatzen dugu elkarrekin (arinak, sinpleak eta eramangarriak); ez gara abenturetan edo kontu konplexuetan murgiltzen. Party edo filler motako joko ezezagun eta benetan interesgarriak daude, eta jendeak ezagutuko balitu zaletasuna handiagoa egongo litzateke, zalantza barik!
Ba al dago berriro jokatzea gustatuko ez litzaizuken jokoren bat? Hainbat daude. Mahai jokoekin benetan gozatzen dut eta arraroa da jokoren bat nire gustukoa ez izatea. Hala ere, horietako bat aipatu beharko banu ‘Virus’ litzateke. Estatu mailakoa da eta mundu osoan 3 milioi kopia saldu ditu. Hala ere “gorroto” dudala esan dezaket. Jokatzea gustuko baduzu partidak gehiegi luzatu daitezke, nire ustez. 15 minutuko partidak jokatu ohi dira normalean eta jokoaren arrakasta ulertzen dut: produktu ona da, baina ez mahai-joko lez. Nire iritzia egileei helarazi nien eta ez naute gorroto harrezgeroztik (barreak).

Mahai-jokoetara jokatzeko zaletasunik al dago gure eskualdean? Eskualdean ez ezik, Euskal Herrira begira, esan behar da zaletasun honi eusten dion uste baino jende gutxiago dagoela botatzen duen euri guztia ikusita. Europako iparraldeko lurraldeetan kontrakoa gertatzen da: eguraldi txarra egiten duenean jendea elkartu eta orduak ematen ditu mahai-jokoetan. Tabernak mahai-jokoz josita daude.
Agian iparraldeko herrialdeetako jendearekin alderatuta alferragoak gara? Nik uste dut ezjakintasun handia dagoela. Jendeak mahai-jokoak gustatzen ez zaizkiola esaten didanean, gustatzen zaion hori oraindik topatu ez duela erantzuten diot.
Entretenimenduaren munduan mahai-jokoez gainera, badira beste motako jokoak. Nolako iritzia diezu online jokoei? ‘Rainbow Six’ jokoa gustuko dut, baina online formatuko jokoek beste ikuspegi bat eskaintzen dute: oso motibatuta ez nagoenean edo mahai joko baten eskuliburua irakurtzeko gogorik ez dudanean… orduan jokatzen dut online motako jokoetara edo bideojokoetara. ‘Plug & Play’ esaten zaio: piztu eta jokatu, besterik ez. Jende askorentzat, mahai-jokoek duten eragozpen handiena eskuliburuak dira.
Baina aldi berean, irudiari, ilustrazioei, garrantzi handia ematen diete mahai-jokoei. Azken zazpi urteetan garrantzi handiagoa ematen hasi zaio mahai-jokoen alde grafikoari. Are gehiago, argitaletxe batzuk irudi desfasatuak eta osagarri pobreak zituzten antzinako jokoak berreskuratzen eta eraldatzen ari dira, gaur egungo jendeari arreta erakarri diezaien.
Baina badira ere sekula zaharkitu ez diren eta arte lan izugarria duten ‘Magic: The Gatering’ bezalako karta jokoak. Horiek ‘Trading Card Games’ edo TCG bezala ezagututako jokoak dira. Horiek estrategia-jokoak dira. Bertan, jokalariek beren karta piloak sortzen dituzte aurkariei aurre egiteko, bilduma pertsonal zabal batetik abiatuta. Era honetako jokoak nire espektrutik aldendu egiten dira, “Pay to Win” motakoak direlako: zenbat eta diru gehiago inbertitu, orduan eta karta hobeagoak izango dituzu. Nire jokatzeko era bestelakoa da: Marvel Champions jokoa Living Card Game edo LCG bat da: jokalari guztiek joko bera dute, irabazteko aukera berberekin. Gainera, joko kooperatiboa da.

Eta bakarrik jokatu nahi izatekotan, aukerarik eskaintzen dute mahai-jokoek? Eskaini ditzakete. Izan ere, jende askok ez daki honako hau: gaur egun, mahai-joko batek bakarrik jokatzeko aukera eskaintzen ez badu salmenta gutxiago egiten ditu. Kontuan izan behar da gaur egungo gizartearen erritmo biziak denbora gutxi uzten duela lagunen artean elkartu eta mahai-jokoetara jokatzeko. Nire bildumako joko askok bakarrik jokatzeko aukera eskaintzen dute.
Aukera hori oso egokia izan daiteke Koronabirusa bezalako pandemia batean etxean bakarrik bizi den pertsona batentzat, esaterako. Nolako etorkizuna aurreikusten diezu mahai-jokoei datozen urteei begira? Board Game Arena (BGA) bezalako plataformak daude gaur egun. Bertan, mahai jokoak automatizatuta daude: kartak banatzen dituzte botoi bat sakatuz eta beste hainbeste funtzio dituzte. Nire ustez mahai-jokoen esentzia guztiz galdu egiten da horrela. Esparru honetan mugitzen den jende asko heldua da eta informatikari asko topa daiteke bertan. Egun osoa bulegoan, pantaila baten aurrean eman ostean egin nahi duten azken gauza dibertitzeko beste pantaila baten aurrean ipintzea da. Logikoa da. Bestalde, badira App bat daukaten mahai-jokoak, “laguntza” emateko. Jende asko fenomeno honen aurka agertu izan da, jokoak “auto-jokagarriak” izatea gura dutelako, teknologia alde batera utziz.
Etorkizunari begira, denborak aurrera egin ahala osagarriak integratuko direla uste dut, baina ur handitan murgildu barik. BGA bezalako plataformek ez dituzte gaur mahai-joko bezala ezagutzen ditugunak ordezkatuko, ez behintzat datozen 10 urteei begira. Azken batean, eta Magic kartetara itzuliz, pertsona batek zer dela eta ordainduko ditu 800 euro karta soil batengatik digitalean eduki ahal badu?
Elkarrizketak
Eustes: «Larrialdietako teknikarien lanaren balioa nabarmendu nahi dugu»
EusTESek OLTen lana, aitortza eta prestakuntzaren garrantzia aldarrikatzen ditu, prebentzioa eta gizartearekiko lotura ardatz hartuta

Etxebarriko Kukullaga ikastetxean Prebentzio eta Segurtasun Astean parte hartu du EusTESek, Euskadiko Osasun Larrialdietako Teknikarien Elkarteak. Etxebarrin dute egoitza eta jarduera horren harira, elkarteko kideekin hitz egin dugu OLTen figuraz, sektorearen egungo erronkez, etengabeko prestakuntzaz eta gizartean duten paperaz, bai larrialdi egoeretan bai prebentzioan eta heziketan.
Lehenik eta behin, zer da OLT bat? Osasun Larrialdietako Teknikaria da. Osasun-larrialdietan lan egiten duen profesionala da, bai ospitalez kanpoko arreta emanez bai pazienteen garraio sanitarioa modu seguruan eta egokian bermatuz.
EusTES zein hutsune betetzeko sortu zen? EusTES Euskadiko Osasun Larrialdietako Teknikarien Elkartea da, osasun larrialdietan lan egiten duten teknikarien ordezkaritza eta aitortza bultzatzeko sortutako elkarte profesionala.
Euskadiko Larrialdi Sanitariotako Teknikarien sektorean hutsune nabarmena zegoen, eta elkartea sortzearen helburua izan zen hutsune hori betetzea, teknikarien lanaren balioa aldarrikatzea, formazioa eta elkarlana sustatzea, eta Euskadiko osasun larrialdien sisteman OLTen rola modu argi eta sendoan kokatzea.
Elkarte asindikal eta apolitiko gisa definitzen zarete. Hala da. Irabazi-asmorik gabeko eta izaera apolitikoko elkartea gara, eta gure jarduera Osasun Larrialdietako Teknikarien lanaren balioa eta garrantzia gizartean eta Osasun Sisteman kokatzea dugu xede.
Zuen aldarrikapen nagusietako bat OLT profesionalaren aitortza da. Zein egoeratan dago gaur egun borroka hori eta zein aldaketa dira premiazkoenak? Gaur egun, OLT profesionalaren aitortzaren aldeko borroka oraindik irekita dago, eta aurrerapauso batzuk eman diren arren, gabezia garrantzitsuak mantentzen dira. Premiazkoa da osasun garraioa benetan zerbitzu publiko gisa ulertzea eta antolatzea, interes ekonomikoen gainetik pazientearen arreta eta segurtasuna lehenetsiz.
Eta non ikusten dituzue gaur egun gabeziarik handienak? OLT figuraren presentzia arlo guztietan beharrezkoa dela uste dugu, baina gaur egun gabeziarik handienetako bat koordinazio-zentroetan dago. Larrialdien kudeaketan erabakiak hartzen diren gune horietan ez da oraindik OLTen presentzia bermatzen, eta horrek eragin zuzena du baliabideen aktibazioan. OLTek eremu operatiboan duten esperientziak balio erantsi handia emango luke koordinazio-zentroetan, egoerak hobeto ulertzeko eta erantzun errealistagoak emateko.
Etengabeko prestakuntza funtsezkotzat jotzen duzue. Bai. EusTESen uste dugu etengabeko prestakuntza ezinbestekoa dela kalitatezko arreta emateko, eta horregatik prestakuntza-jarduera egituratu eta praktikoak antolatzen ditugu. Ikastaro horiek esperientzia handiko profesionalek ematen dituzte, larrialdi sanitarioen errealitatea lehen eskutik ezagutzen dutenek, eta horrek prestakuntza errealista eta eguneratua bermatzen du.
Gainera, antolatzen diren ikastaro askok CFC kredituak lortzeko aukera ematen dute. Horrela, EusTESek prestakuntza erabilgarria, aitortua eta etengabea sustatzen du.
Etxebarriko Kukullaga ikastetxean Prebentzio eta Segurtasun Astean parte hartu zenuten urtarrilean. Zer ematen dio horrelako ekimen batek zuen elkarteari? Etxebarriko Kukullaga ikastetxean Prebentzio eta Segurtasun Astean parte hartzeak asetze handia ematen dio EusTESi, batez ere ikasleen harrera oso positiboa eta jarrera aktiboa ikusita. Horrelako ekimenek aukera ematen digute gure lana gertutik azaltzeko, prebentzioaren garrantzia transmititzeko eta, aldi berean, gizartearekin lotura zuzena indartzeko; ikasleen interesa eta parte-hartzea ikusteak egindako lanak zentzua duela berresten digu eta elkarte gisa motibatzen gaitu.
Besteak beste, Bihotz-Biriketako Bizkortze eta Heimlichen maniobrak egiten eta desfibriladore erdiautomatikoak erabiltzen irakatsi diezue Lehen Hezkuntzako ikasleei. Zergatik da garrantzitsua trebetasun horiek txikitatik lantzea? Ikastetxeetara joatea prestakuntza ematea garrantzitsua da ikasleen segurtasuna eta prebentzioa hobetzeko, batez ere euren eguneroko bizitzan sor daitezkeen arriskuak ezagutzeko eta aurre egiteko gaitasuna indartzeko. Horren bidez, haurrek bide-segurtasuna, larrialdiak nola kudeatu, eta egoera zailetan nola jokatu ikasten dute eguneroko arrisku arruntetan erantzun egokia emateko.
Horrekin batera, prestakuntzak bizirik irauteko oinarrizko trebetasun praktikoak ematen dizkie, hala nola, 112ra deitzen ikastea, bihotz-biriken bizkortzea eta desfibriladoreak erabiltzea. Trebetasun horiek benetako larrialdietan desberdina egin dezakete, azkar eta egoki erantzuteak bizitza salbatu dezakeelako. Prestakuntza eskolan jasotzeak prebentzio eta kontzientziazio kultura sortzen laguntzen du, non ikasleek arriskuak identifikatu eta euren ingurunean segurtasunaren garrantzia ulertzen duten. Hau ez da soilik informazioa ematea; ohiturak eta erantzun egokiak barneratzea da. Komunitate osoaren onurarako prestatzen dira: gurasoak, irakasleak eta ikasleak batera lantzen dutenean segurtasunaren gaia, eskola giro seguruago eta erresilienteago bat sortzen da, non denek parte hartzen duten bai prebentzioan bai erantzun egokian.
Pandemiaren ondoren, aldatu al da herritarren pertzepzioa OLTen lanari buruz? Pandemiaren ondoren, herritarren pertzepzioan nolabaiteko aldaketa egon dela uste dugu, une jakin batzuetan OLTen lana ikusgarriagoa izan baitzen, pandemiako txaloek islatu zuten bezala. Garai horretan gizarteak osasun arloan lan egiten duten profesional guztien ahalegina aitortu zuen, eta horren barruan OLTen lana ere balioan jarri zen. Horregatik, beharrezkoa ikusten dugu osasun arloan lan egiten dugun guztiok merezi dugun errespetua eta balorazioa mantentzea, ez soilik krisi garaian, baizik eta eguneroko jardunean ere.
Hainbat erakunderekin elkarlanean zaudete: Gurutze Gorria, Osakidetza, suhiltzaileak, polizia… Bai. EusTESek hainbat erakunderekin elkarlanean jarduten du, larrialdi egoeretan erantzun koordinatua eta eraginkorra bermatzeko. Elkarlan hori talde-lan sendoan oinarritzen da, non erakunde bakoitzak bere espezializazioa eta esperientzia ekartzen duen helburu komun batekin: herritarren segurtasuna eta arreta egokia. Funtsezkoa da bakoitzaren lan-eremua errespetatzea, koordinazioa eta eraginkortasuna bermatzeko.
EusTESek hainbat arlo ditu: prestakuntza, informatika, sare sozialak, komunikazioaÉ Zer eginkizun dute arlo horiek elkartearen egunerokoan? EusTESen arlo bakoitzak funtsezko eginkizuna du elkartearen eguneroko funtzionamenduan. Prestakuntza arlotik ikastaroak eta hitzaldiak antolatzen dira, horretarako beharrezkoak diren lan guztiak kudeatuz: material didaktikoak prestatzea, irakasle espezializatuak koordinatzea eta areto edo espazio egokiak antolatzea, bai eta emandako prestakuntzen jarraipena egitea ere. Bestalde, informatika, sare sozialak eta komunikazio arloek lan digitala eta ikusgarritasuna bermatzen dituzte, webgunea eta sare sozialak eguneratuz eta elkartearen jarduera gizartera zabaltzeko. Horrez gain, elkarteak harreman instituzionalak lantzen ditu, maila desberdinetako eragile politikoekin bilerak eginez, OLTen errealitatea eta beharrak helarazteko eta sektorearen hobekuntzan eragiteko. Eta, noski, ezin dugu ahaztu komunikabideekiko harremana.









