☉ Etxebarri
Joxe Rojas / Tokiko teknopata
Tokikom Toki Komunikabideen Bateragunean komunikabide lokalen koordinatzaile gisa aritzen da. Gainera, Arpela Euskaltzaleen Topaguneko presidentea da egun.

Tokikom Toki Komunikabideen Bateragunean komunikabide lokalen koordinatzaile gisa aritzen da Joxe Rojas. Gainera, Arpela Euskaltzaleen Topaguneko presidentea da gaur egun.
Teknologian, euskaran eta tokiko hedabideetan aditua zara. Horrela ikusten al duzu zure burua?
Egia esan, ez. Teknologian aritua naiz, teknozalea nahi baduzu. Gustatzen zait saltseatzea eta abar, baina hortik aditua izatera, badago jauzia. Tokiko hedabideak lanbide ditut, eta tira, hor beharbada hurbilago egon naiteke ‘aditu’ izatetik. Eta euskaran aditua naizela esanez gero, baten batek pentsa lezake lologoa naizela. Ezta hurrik eman ere: “erabiltzaile maila” dut euskaraz! 🙂
Teknologiari dagokionez, proiektu pertsonal bati ekin zenion 2007an: Teknopataren txokoa.
Teknopataren Txokoa 2007koa da bai, baina aurretik zetorren lan baten jarraipena baino ez da. 1997an hasi nintzen interneten idazten, teknologia, euskara eta umorea uztartzen. 2007an aldaketa izan zen WordPress plataformara pasatzea, ‘blog’ estandarra egitea, ze ordura arte webgunearen edizio guztia eskuz egiten nuen. Asko gustatu izan zait betidanik teknologia berrietaz-eta irakurtzea: gailu berriak, aplikazioak… honetan hasi nintzenean, ez zegoen apenas ezer euskaraz, horregatik erabaki nuen nik neuk euskarara ekartzea hor zehar beste hizkuntzetan topatzen nuena.
Kazetaritzaren alorrean, Artandape aldizkarian lan egin zenuen (2003-2005. Arrankudiaga, Arrigorriaga, Ugao eta Zaratamo). Zer suposatu zuen proiektu horrek eskualdean?
Esperientzia oso polita izan zen, eta amaitu zenean jende askok komentatu zuen asko igartzen zela bere falta. Esango nuke lau herriak hurbiltzeko ariketa oso polita izan zela, eta gainera euskaraz eginda, bertan dagoen euskal komunitatea ere ikusgarri egiteko tresna egokia izan zela.
Eta, zailtasun ekonomikoengatik bertan behera uztea erabaki zuen Abarrak Elkarteak…
Ikusi, ‘ekintzailetzaz’ hainbeste hitz egiten den honetan, iruditzen zait oso gutxi baloratzen dela jende batek esparru honetan egiten duen ahalegina. Artandape martxan jartzea Abarrakeko oso jende konkretu baten apustua izan zen. Elkarteko hiru-lau kidek mailegu pertsonala eskatu zuten bankuan aldizkaria martxan jartzeko, behin makinaria martxan jarrita erakundeen sostengua errazago lortuko zelakoan. Ez zen hala izan eta, nahiz eta produktua bera txukuna eta eraginkorra izan, eta auto nantzazio maila bat ere lortu, ez genuen lortu erakundeek proiektuak aurrera egiteko besteko babesa ematea. Horren aurrean, dirua haien poltsikotik jartzen ari ziren hiru-lau lagun haiek erabaki zuten zorra ez handitzea, eta bertan behera geratu zen proiektua.
Zure ustez, Artandape aldizkariak bizi izan zuen egoera hori gaur egun ere gerta daiteke ala konpromiso gehiago dago erakundeen aldetik euskarazko medioak babesteko?
Erakunde publikoen aldetik badago konpromiso bat, hori ukaezina da, baina esango nuke urrun dagoela oraindik beharko litzatekeen optimotik. Komunikabideak, adibi- dez, euskara sailaren gaitzat hartzen dira, eta horrek dinamika gaiztoak sortzen ditu sarritan. Oso zaila da euskarazko komunikabideek, adibidez, berrikuntza planak aurkeztea industria sailean, edo erakundeetako sail ezberdinak kontuan hartzea komunikazio planak egiterakoan… Erakundeetan maila teorikoan dagoen konpromiso maila ukaezina bada ere, konpromiso hori gauzatzeko moduan oraindik badago zer hobetua.
Tokiko hedabideen haira, Topagunearen baitan, hedabide lokalen sustatzaile zara, baita Tokikomen komunikabide lokalen koordinatzaile ere.
Duela hilabete batzuetatik hona, nire jardunaren %100 TOKIKOMen ematen dut. Topaguneak bera bazkide den TOKIKOMen delegatu duelako komunikabideekin lotutako jardun guztia. Komunikazio eta IKT arduraduna naiz TOKIKOMen. Nire lana da bazkideengandik jasotzen ditugun eskariak bideratzea, eta haien arteko komunikazioa ere erraztea, alde batetik. Eta bestetik, tira, teknologiarekin lotutako proiektu berriak proposatzea, eta martxan daudenen jarraipena ere egitea.
Zein izan da euskarazko medio lokalen bilakaera azken urteotan?
Esango nuke TOKIKOM sortu dugunetik gauza batzuetan hobetu egin dugula: toki komunikabideek presentzia handiagoa dute erabakiak hartzen diren foroetan: erakunde publikoek kontuan hartzen gaituzte, HEKIMEN euskal hedabideen elkartean ere badugu ahots propioa… Medio txiki hauen artean ere komunikazio handiagoa dago orain, eta lortu dugu hainbat proiektu elkarrekin abiatzea. Zentzu horretan bilakaera positiboa izan da, eta ahalegin handiak egiten ari dira medio txiki hauetan profesionalagoak, eraginkorragoak izateko. Arazo eta erronka asko ditugu aurretik oraindik, baina uste dut hobetu egin dugula.
AEKko irakasle izan zinen Basaurin. Euskararekiko egoera nola ikusten duzu?
Duela 11-12 urte utzi nion Bolintxuko irakasle lanari, han hamar urtez aritu eta gero. Esango nuke egoera gauza batzuetan hobetu eta beste batzuetan okertu egin dela. Orduan jende gutxiagok zekien euskaraz, eta euskaltegira joaten zen jendea euskaraz ikasi nahi zuelako joaten zen nagusiki. Hori aldatzen joan zen denborarekin: gero eta jende gehiago hurbiltzen zen euskaltegira halako edo halako pro la behar zuelako, lana topatzeko eta abar. Batetik orain euskadun gehiago gara eskualdean, zalantzarik gabe, baina esango nuke jende asko ‘erlaxatu’ egin dela euskararen gaiarekin, erakunde publikoen esku utzi dela haren zabalkundea. Zorionez, hori berriz aldatzen ari da, eta hor daude ‘Basaurin Be Bagara’ bezalako ekimenak, jendea gai honen inguruan aktibatzeko modua topatu dutenak.
Eta, gaur egun, Arpela Etxebarriko Euskaltzaleen Topaguneko kide ere bazara.
Gaur-gaurkoz Arpelako presidentea naiz eta! Arpela oso elkarte xumea da, eta pauso txiki baina garrantzitsuak egiten ari gara: Udalarekin eta beste elkarte batzuekin lankidetza estuan gabiltza, proposamenak egiten dizkiegu, hizkuntz irizpideen inguruan iradokizunak egin… Euskararen Egunean, San Juan Gauean eta Korrika bezalako ekimenetan parte hartzen dugu… gure helburu nagusia da herriko euskaldunek elkar ezagutu eta aktibatzea, baina elkartea oso berria da eta tira, gure lekua bilatzen ari gara oraindik.
☉ Etxebarri
Euskara Plana egiteko herritarrekin, elkarteekin eta klubekin lan-saioa antolatu du Etxebarriko Udalak otsailaren 26an
Etxebarriko Udalak euskararen inguruko diagnostikoa egin du herritarrek bidalitako ekarpenekin eta hori lan-saio ireki batean partekatuko du

Euskararen hizkuntza-komunitatea indartzeko eta 2026-2030 urte bitarterako Aroa Plan Estrategikoa egiteko prozesuarekin aurrera jarraitzen du Etxebarriko Udalak.
Iraila amaieran herritar guztiei zuzendutako galdetegi irekia martxan jarri zuen Udalak. Galdetegi horretan, euskara egunerokoan erabiltzeko motibazioari buruzko galderak jasotzen ziren, baita Etxebarriko udalerrian euskara zein eremutan erabiltzen den gehien ere.
Ondoren, galdetegiaren bidez bildutako informazio guztiarekin diagnostikoa egin zuen Udalak, eta lan hori egin eta gero, herritarrekin, elkarteekin eta klubekin partekatu eta lan-saio bat antolatu dute.
Otsailaren 26an, ostegunez, izango da lan-saioa 18:15ean Cimen (bigarren solairuko bosgarren gelan).
Bilerara joan nahi duenak izena eman behar du 944 267 005 telefono zenbakira deituz edo euskarazerbitzua@etxebarri.eus helbide elektronikora mezua idatziz.
“Ekintza honekin, Udalak berretsi egiten du udalerrian euskara sustatzeko eta normalizatzeko duen konpromisoa, eta herritarrak prozesu horretan parte hartzera animatzen ditu, AROA Plan Estrategiko sendoa eta Etxebarriko errealitatera egokitua erakitzeko”, diote udal ordezkariek.
☉ Etxebarri
Igeriketa sinkronizatuko Bizkaiko txapelketa jokatuko da igandean Etxebarrin

Otsailaren 15ean Etxebarriko kiroldegiak Bizkaiko Igeriketa Sinkronizatua Txapelketa hartuko du.
Urbarri Sinkro Etxebarriko klubak antolatuta, 09:00etatik 15:00etara bitartean izango da txapelketa.
☉ Etxebarri
Inauteriak ospatuko dituzte Etxebarrin otsailaren 12tik 22ra bitartean

Otsailaren 12tik 22ra bitartean inauteriak ospatuko dituzte Etxebarrin. Txikientzako, gazteentzako eta nagusientzako ekintzak prestatu dituzte.
Txikientzako prestatu duten programan ludoteka izango da otsailaren 12an 17:00etatik 19:00etara Kultur Etxean; hilaren 13an Kukullaga ikastetxeko inauteriak izango dira; eta otsailaren 14tik 17ra Tarrastako Inauteriak ospatuko dituzte.
Herriko gazteek bazkaria, karaokea, desfilea eta musika izango dituzte otsailaren 14an. Jarduera horiek Kultur Etxea eta Zintururi plazaren artean izango dira.
Eta nagusiei dagokienez, otsailaren 14an Goiko Jubilatuen Inauteriak izango dira eta hilaren 21ean Beheko Jubilatuena.
Ekintza horiez guztiez gain, otsailaren 21ean publiko guztiarentzako inauteriak ospatuko dituzte: desfilea, mozorro lehiaketa, Txiki Festa eta Super Disko Festa antolatuko dituzte herrian.
Egitaraua | Etxebarriko Inauteriak
Otsailak 12, osteguna
17:00-19:00 Txiki Ihauteriak Ludoteka Kultur Etxean (5-9 urte)
Otsailak 13, ostirala
Inauteriak Kukullaga ikastetxean
Otsailak 14, larunbata
Tarrastako Inauteriak: Jaia
Gazte Inauteriak Kultur Etxean eta Zintururin: bazkaria, karaokea, desfilea, poteoa, txaranga, bingoa eta musika
17:30-20:30 Nagusien Inauteriak Goikoa Jubilatuen Etxean
Otsailak 15, igandea
Tarrastako Inauteriak: Filma
Otsailak 16-17
10:00-13:00 Tarrastako Inauteriak
Otsailak 21, larunbata
18:00 Etxebarriko III. Inauterietako desfilearen hasiera Barrondo industrialdetik
18:00-20:00 Nagusien Inauteriak Behekoa Jubilatuen Etxean: dantza, mozorro lehiaketa eta txokolatada
18:30-20:30 Txiki eta helduen mozorro lehiaketa frontoian
18:30-21:00 Disko Festa Txikia udaletxeko karpan
21:15 Sari banaketa udaletxeko karpan
22:00-02:00 Super Disko Festa udaletxeko karpan
☉ Etxebarri
Txalaparta tailerra antolatu dute Etxebarrin helduentzat eta umeentzat

Etxebarriko Euskara Zerbitzuak Txalaparta tailerra antolatuko du otsailaren 27an eta martxoaren 1ean.
Otsailaren 27ko saioa helduei zuzenduta dago eta 18:00etan izango da Cime eraikineko bigarren solairuan.
Eta, martxoaren 1eko saioa familientzat izango da: gurasoentzat eta euren seme-alabentzat, hain zuzen. Familientzako tailerra Kultur Etxean izango da 11:30ean.
Txalaparta tailerrean parte hartu nahi dutenek izena eman behar dute euskarazerbitzua@etxebarri.eus helbide elektronikora mezua bidalita edo 944 267 005 telefono zenbakira deituta.
☉ Etxebarri
Bideoa | Etxebarriko adinekoek eta aisialdi taldekoek bat egin dute Santa Ageda bezperan

Otsailaren 4an, Santa Ageda bezperan, Etxebarriko Partekatu adinekoen proiektuko kideak eta aisialdi taldeko arduradunak kalera atera dira lurra esnaraztera.










