Elkarrizketak
«Pilota herrira gerturatu nahi dugu: Adiskidek bertan jarraitzen duela lau haizeetara zabaldu»
Esku pilotak bide garrantzitsua egin du Galdakaon. Horren adibide da datorren urtean Adiskide Pilota Elkarteak 50 urte beteko dituela. Urrezko ezteiak. Ez da marka makala eta horregatik Gaizka Uriarte Zearra (Galdakao, 1979) Adiskideko presidentearekin batu gara Kurtzeko frontoian.
Adiskideren historia, txikitako oroitzapenak, esku pilotak Galdakaon duen garrantziaz, elkarteak herrian bultzatzen dituen balioez edota etorkizuneko pilotariez berba egin dugu Gaizkarekin. Datorren urtean erakusketa bat antolatu nahi dute Adiskiderekin harremana duen edozer gauzarekin, hala nola, argazkiekin, txapelekin, aldizkariekin edota kartelekin. Erakusketa 2025eko urrian antolatu nahi duten arren, material bilketa martxan jarri dute dagoeneko.
Lehenik eta behin, zorion aurreratuak: Adiskide Pilota Elkarteak 50 urte beteko ditu 2025ean! Eskerrik asko! Ez da marka makala, beraz, pozik biziko dugun urteurrenagatik! Ohore bat da zuzendaritza berri honetzat urteurren honetako parte izatea!
Nondik sortu zen Adiskide sortzeko ideia? 1975ean esku pilotaren mundua gustatzen zitzaien bost lagun batzen ziren eta eurek erabaki zuten sortzea elkartea esku pilotan jolasteko, euskal kultura sustatzeko eta, batez ere, euskara bultzatzeko. Bost lagun horiek ziren: Ealo, Mezo, Orrantia, Uriarte eta Olabarri.
Frankismo garaia zen orduan. Bai. Estatutoak egiteko arazoak izan zituzten. Madrilera joan behar izan ziren eta beraien dirutik jarrita lortu zuten elkartea erregistratzea. Hasieran, elkartearen izena ‘La Amistad’ izango zenaren beldur ziren, baina azkenean utzi zieten Adiskide jartzea.
Zeintzuk izan ziren erronka nagusiak hasiera haietan? Bada, Adiskiden, urteurrena beteko duten Galdakaoko beste elkarteek bezala, erronka nagusia zen: elizatik irteterakoan, lagun kuadrillak, txikiteoan zeuden bitartean, bada bateri gustatzen zitzaion esku pilota, beste bateri mendia, besteari dantza… eta euskararen inguruan elkarte bat sortuta batzeko eta euskaraz berba egiteko aukera izatea, inork ezer esan barik. Azken finean, euskara eta euskal nortasuna bultzatzea eta euskal kulturan sakonduta dagoen esku pilota sustatzea eta herriari erantzun bat ematea izan ziren erronka nagusiak Adiskideren hasierako urteetan.
Eta gaur egun ere bide horretan ari zarete: euskararen sustapena bultzatzen. Galdakaoko kirol elkarte desberdinen artean Adiskide erreferente bat da euskararekiko. Batzordearen gidaritza hartu genuenetik ardatz batzuk markatu genituen, eta oinarria euskara da. Adiskidera datozen ume guztiek dakite euskara, baina bizioa daukate euren artean gazteleraz egiteko; frontoitik kanpo ni ez naiz sartuko, baina frontoi barruan euskaraz egingo da. Entrenatzaileak ere euskaldunak dira. Euskararekin txaparroia sortu nahi dugu; ez bakarrik umeen artean, baizik eta gurasoen artean ere.
Amaia Aldai dabil entrenatzaile lanetan ikusi dugunez. Hala da. Entrenatzailea izateaz gain, koordinatzailea ere bada. Eta beste entrenatzaile bat ere badugu: Eneko Artaraz.
Esku pilotan emakumeen presentzia sustatzeko erreferente ona izango da Amaia lantaldean egotea, ezta? Noski! Gaur egun emakume bakarra daukagu Adiskiden: Amaiur. Ez da lehiatzen, entrenatu baino ez du egin nahi. Entrenatzen oso ondo pasatzen du eta guk hori errespetatu egiten dugu. Gustatuko litzaiguke berak ere parte hartzea txapelketetan oso pilotari ona delako, maila onekoa eta oso jatorra. Eta azken batean hori ere islatu nahi dugu: gure jokalarien nortasuna eta balioak. Eta Amaia Aldai Adiskiden egotea koordinatzaile bezala guretzako garrantzitsua da, bai kirolari maila aldetik bai duen prestigioagatik.
Gaur egun zenbat pilotari daude Adiskiden? Adiskiden 60 pilotari dira gaur egun. 50 urte hauetan mila pilotari baino gehiago izan ditugu. Asko landu izan da ikastetxeekin, eta hortik dator harrobi guztia. Batez ere, Eguzkibegi Ikastola izan zen harrobi handia hasierako garaietan.
Eta gaur egun ere badago harrobia! Noski! Benjaminetan, adibidez, talde oso on bat daukagu. Eta aipatutakoa, ikastetxeetan eta Ikastolan lan asko egin da. Nire seme txikiena, esaterako, bere klasekideekin dabil Adiskiden benjaminetan, eta Ikastolako patioan jolastu egiten dute. Talde ona sortu dute eta gainera maila handikoa! Oso pozik daude eta euren arteko pike sano horrek hobeak izaten egiten die.
Nerabezaroan talde hori mantentzea izango da zailena, agian. Hala da. Nerabezaroan gazteei nagia ematen die, futbolaren influentzia ere nagusia da, lagunekin kalera irteteko nahia ere badago… Eta hor egon daiteke gabezia bat. Eurak motibatzeko moduren bat bilatzeko lanetan ari gara, baina garrantzitsua da hasieratik talde on bat eratzea, denek batera aurrera egin ahal izateko.
Eta hemen galdera zaila: zelan motibatu ume horiek esku pilotan jarraitzeko? Umeak baino, gurasoak. Askotan gurasoek ikusten dute esku pilota bigarren mailako kirol bezala. Adibidez, ordutegiak plazaratzeko orduan beti dator gurasoren bat esanez, “nire umeak ezin du ordu horretan etorri”; futbolean ez da gauza bera gertatzen. Egia esan, esku pilota saiatzen gara malguak izaten, baina umeek benetan etorri nahi dute esku pilotan jokatzera. Geure buruari egiten diogun galdera da: “Zergatik utzi behar dute umeek esku pilota eta ez futbola?”.
Gizartean orokortua dagoen arazoa da hori. Bai. Ematen du futbol klub bateko kamisetarik ez baduzu ez zarela inor gizartean. Eta Adiskideko zuzendaritza batzorde honetatik esku pilotari dagokion prestigioa eman nahi diogu. Galtzen dabilen prestigio hori eman nahi diogu esku pilotari.
Prestigio horren barruan, 50 urte hauetan zehar zeintzuk izan dira klubaren historiako mugarri nagusiak? Adibidez, herri arteko txapelketak. Batez ere, 80. eta 90. hamarkadetan. Pilotari talde majoa zegoen. Azken batean erreferentea izan da Adiskide urte askotan zehar, eta inguruko herrietan —Zaratamon, esaterako— kategoria batzuetan ezin zutenak entrenatu, Galdakaora etortzen ziren. Hala nola, Urrutikoetxea edo Elezkano.
Beste pilotari ezagun batzuk ere igaro dira Adiskidetik. Bai, noski! Oier Zearra, Karmelo Ariznabarreta edo Mikel Larunbe, batzuk esatearren. Beraiek izatea Adiskidetik irtendako norbait, hori ere azkenean mugarri bat da. Ume askorentzat erreferente izan dira pilotari profesional horiek. Eta horregatik prestigioa eman nahi diogu Adiskideri eta esku pilotari orokorrean. Galdu edo irabazi berdin du, baina behintzat kirolaz disfrutatzea nahi dugu, euskal giroan, giro sano batean, eta ez konpetentzia batean.
Etorkizunean Adiskidetik irtendako pilotaririk ikusiko dugu maila profesionalean? Izango litzateke oso polita, baina ez da arduratzen nauen zerbait. Beteranoen talde bat badago —Ajuriagogeaskoa, Unai Atutxa, Legorburu, Oier Zearra…— eta askotan txapelketak jokatzen dituzte. Galdakaoko jaietan, adibidez, beteranoen partida egon zen eta profesionalek baino espektakulu handiagoa eman zuten. Nik nahi dudana da Adiskiden egondako pilotari horiek sortzea horrelako taldetxo bat eta ondo pasatzea. Norbait maila profesionalera helduko dela? Bada, fenomeno! Baina ibilbide guztia, benjaminetik nagusietara disfrutatzea da benetan nahi duguna. Pilotariei esaten diegu emaitzak berdin duela; garrantzitsua ondo pasatzea dela.
Hitz egin dezagun orain 50. urteurreneko ospakizun ekintzez. Datorren urtean gauza asko egin nahi ditugu, baina kontuan hartu behar dugu 2025ean Galdakaoko beste elkarte batzuek ere urteurrenak ospatuko dituztela. Hala nola, Gangurenek edo Andra Mari Dantza Taldeak. Eta ez dugu nahi ospakizun ekitaldiak zapaltzea. Gure asmoa da udatik aurrera antolatzea jarduerak. Adibidez, urrian erakusketa bat antolatu nahi dugu, mahai-inguruak edota lehengo, oraingo eta etorkizuneko pilotariekin partiduak egin eta bazkari bat antolatu ere!
Hasteko, erakusketa horretarako material bilketa ari zarete egiten. Bai. Adiskiden ibili den edozein pertsonak etxean duen materiala jaso nahi dugu. Hala nola, argazkiak, txapelak, kartelak, aldizkariak, kamisetak… Adiskiderekin harremana duen edozer gauza jaso nahiko genuke erakusketa horretarako. Oraindik urtebete falta da erakusketarako, baina denboraz prestatu nahi dugu erakusketa txukun bat antolatzeko.
Logo berri bat ere aurkeztuko duzue. Bai. Urtea bukatu aurretik aurkeztuko dugu 50. urteurreneko logoa. Adiskideren logo berria du oinarri logo berriak: borobila da eta aurretik 5 bat jarri diogu.
Zelan eragin du Adiskidek Galdakaoko komunitatean eta eskualdean? Eskualdeko pilotariak etortzeaz gain, hemendik kanpokoak ere izan dira Adiskiden. Zaratamoko, Etxebarriko edota Larrabetzuko herritarrak etorri dira Galdakaora esku pilotan jolastera, eta herrian bertan ere Adiskide oso familiarra izan da. Eta horretan eragin du Adiskidek gizartean: euskal giroko gune bat, kirola euskaraz egiteko gune bat, eta gure nortasunaren parte den kirola sustatzea. Galdakao, Adiskide barik, izango litzateke gabezia bat eskola kirolean. Eta nik uste dut hori Galdakaok ulertu egiten duela; hau da, krisi garai bateko alerta biziko bagenu Adiskiden, Galdakaok lagunduko luke aurrera egiten.
Jaio zinenean, Gaizka, dagoeneko Adiskide sortuta zegoen. Txikitako oroitzapenik baduzu? Nik Gandasegin ikasi nuen, frontoiaren ondoan, eta gogoratzen dut askotan etortzen ginela frontoi zaharrera. Estali gabekoa zen eta bazeukan bere xarma. Zegoen giro polita ondo gogoratzen dut: euskalduna, familiarra eta denok elkar ezagutzen genuen. Nik urtebete jokatu nuen esku pilotan: ikusi nuen hau ez zela nire kirola! (kar, kar, kar) Ez nintzen batere ona, baina oso ondo pasatzen nuen. Oier eta Eñaut nire lehengusuek, adibidez, bide luzeagoa egin zuten esku pilotan, eta nire osaba, Juan Cruz, ere zuzendaritza batzordean egon zen. Beraz, lotura zuzena izan dut Adiskiderekin. Jolastea ez hainbeste, baina esku pilotaren munduan sortzen den giroa eta frontoiak berak bazuten iman bat bertara etortzea erakartzen ninduena.
Eta orain, Adiskideko presidente ardura hartu duzu! Bai. Iazko urrian hartu genuen aurreko zuzendaritza batzordearen herentzia. Nik, adibidez, seme nagusia eta txikia ditut Adiskiden jokatzen, eta beti egon naiz prest elkartea laguntzeko. Gainontzo batzordekideak berdin, eta horregatik hartu genuen zuzendaritza batzorde berria eratzeko ardura. Ni presidentea naiz, baina izendapen bat baino ez da: batzordeko denok gaude maila berean.
Etorkizunari begira, zeintzuk dira Adiskidek dituen erronkak? Jarraitzea. Eta jendea konturatzea futbolaz eta saskibaloiaz aparte badagoela beste zerbait. Eta beste zerbait, gainera, oso interesgarria eta oso sanoa. Hori da gure helburuetako bat batzorde bezala: pilota herrira gertuarazi, herria bera konturatzeko euskal pilotak hor jarraitzen duela eta jarraituko duela.
Elkarrizketak
Beatriz Campanón León: «Gure buruarekin ondo bagaude, bizitzarekin ondo egon gaitezke ere»
Osasun krisi baten haritik, ugaotarrak kinesiologia ezagutu zuen, eta ordutik hona bere burua prestatzen eman ditu azken urteak, bere esperientziak abiatuta
Beatriz Campanón León (Ugao, 1977) Arrigorriagako Santiveri elikadura-produktuak eta marka propioko kosmetikoak nutrizioan eta dietetikan espezializatutako belar-dendan egiten du lan, pertsonak hobeto sentiaraziko dituen gizartea sustatzea helburu duen proiektuan.
Osasun krisi baten ondorioz eta medikuntzako bide konbentzionalak agortu ostean, terapeuta baten bidez Kinesiologia ezagutu zuen, autoezagutza errazteko, izakiak bere burua gehiago maitatzeko, bere gorputzarekin, emozioekin eta arimarekin konektatzeko eta oreka erdiesteko. Emaitzak arrakasta handia izan zuen eta bere burua kinesiologiaren alorrean prestatu zuen. Hona hemen bere istorioa:
Nolako garrantzia du gizakiaren ongizateak gaur egungo gizartean? Nire ustez, ongizatea funtsezkoa da egungo gizartean eta beste edozein garaitan. Garrantzitsua da gurekin ondo bagaude, besteekin eta gure bizitzan gertatzen den guztiarekin ere ondo egon gaitezkeela.
Gaur egun gure ongizatea kontuan hartzen dugu ala oharkabean pasatzen den zerbait da? Nire ustez, oharkabean pasatzen da, normalean oso entretenituta egoten baikara kanpoko estimulu askorekin, eta ez gara gelditzen nola gauden eta nola sentitzen garen ikusten.Hori funtsezkoa iruditzen zait.
Zer da zehazki kinesiologia? Osasun integratiboko terapien barruko lan-sistema bat da, gizakiari eta gainerako izaki bizidunei harmonia itzultzeko zenbait teknika eta tresna biltzen dituena. Kontua da Izakiarekin “elkarrizketa” izatea test edo muskulu-monitorizazioaren bidez, muskuluak nerbio-sistemara estuki konektatuta baitaude. Erantzuna bitarra da, hau da, “bai” edo “ez” tankerakoa, edo muskulu erraztua (“indartsua”) edo inhibitua (“ahula”). Ez da indar-test bat, energetikoa baizik.
Muskulu-proba honen bidez, badakigu pertsonak duen gatazka zein dimentsiotatik datorren, gatazka hori funtsean fisikoa, mentala, emozionala, biokimikoa, energetikoa eta edo arimarena den, hau da, pertsonaren subkontzientean barneratzen gara gorputzaren bidez, bera den komunikazio-bide gisa. Hori errespetuz egiten da beti, laguntza leuna emanez eta baimena eskatuz, maila kontzientean eta subkontzientean. Gainera, muskulu-proba berarekin, une horretan pertsonarekin lan egiteko teknika eta erreminta egokienak zein diren adierazten da. Kinesiologiarekin iraganaren, orainaren eta etorkizunaren estres kantitate handiak askatzen dira, gure barnean dauden memoriei dagokienez, denborari berari dagokiona baino gehiago.
Kinesiologia eta harmonia eskutik doazen bi kontzeptu dira. Kinesiologiarekin gorputzaren autoerregulazio-prozesu naturalak estimulatzen eta aktibatzen ditugu, harmoniara eta osasun integralera itzultzeko.
Zergatik erabaki zenuen Kinesiologia ikastea? Duela urte batzuk, osasun-krisi gogorra izan nuen. Hainbat urtez kandidiasia izan nuen, eta 2012an oso gaizki nengoen, sintoma askorekin eta eguneroko bizitzako maila guztietan muga handiekin. Medikuntza konbentzional alopatikoarekin urteak eman ondoren, gaiari heltzeko beste modu batzuk probatzea erabaki nuen. Orduan hasi nintzen naturopatiako hainbat profesional bisitatzen, itxuraz arrakasta handirik gabe, baina bidean asko ikasita. Bidaia horretan, Kinesiologia aplikatzen zidan terapeuta bat ezagutu nuen, eta hain txundituta geratu nintzen, ni prestatzen hasi nintzela kinesiologo gisa. Gainera, asko ikasi nuen nutrizioari buruz, autodidakta gisa, azken terapeuta horrek jarritako dietaren bidez. Azkenean benetan uste dut egin nuen guztiak ekarpen handia egin zuela sendatzeko.
Zertarako balio du? Autoezagutza errazteko, gu geu gehiago maitatzeko, gure gorputzarekin, emozioekin eta gure arimarekin konektatzeko eta gure barrua harmonizatzeko. Horrek kanpoko harmonizazioa ekarri ohi du, batez ere, barne-mailan dena “bere lekuan” jartzen denean, modu desberdinean hautematen dugulako, beste maiztasun batean dardara egiten dugulako eta horrek errealitate desberdin bat bizitzea eragiten duelako. Kinesiologiarekin programa eta sinesmen mugatzaile asko askatzen dira, gure DNAn, gure memoria zelularrean, daudenak. Horrela bizitza libreago bizitzen hasten gara. Integratu gabe zeuden barne-prozesuak ontzen dira. Hori bai, gutxieneko aldaketa-borondate kontziente eta erreal bat egon behar da pertsonarengan, eta, jakina, konpromiso sendo bat izan behar du nork bere buruarekin.
Zure burua Osasun Integraleko Terapeuta gisa definitzen duzu, eta Eboluzio Kontzienterako eta Bizitza Osoko Gozamenerako Bidean laguntzaile gisa. Zer esan nahi du zehazki? Horrek esan nahi du nire maitasun guztiarekin laguntzen diedala pertsonei barne-harmonia hori modu integralean aurkitzen. Blokeoak eta memoriak askatzeko eskubidea, gogamenari estres handia eta, beraz, beldurra (kontzientea eta/edo inkontzientea) eragiten dion biziraupen-kontzientzia handiagoa lortzea zailtzen edo eragozten diotenak, eta Bihotzarekin konektatuta dagoen eta Bizitzagatik eta ez biziraupenagatik bizi den Adimena bizitzeko eskubidea, hori baita gure benetako Natura, Bizitza baikara.
Biziraupen-egoeratik gero eta maizago ateratzen garenean, gure kontzientzia barne-espazio berri batera ireki dezakegu, gure emozio guztiak besarkatu eta ongietorria eman eta gure izate errealarekin konektatu, maitasun hutsa baita. Horri esker, osoago eta benetakotasunetik bizi gaitezke, gure eguneroko bizitzako esparru guztietan baketsuago, eta modu osasuntsuagoan erlazionatu gaitezke gure buruarekin eta inguratzen gaituen guztiarekin. Horregatik guztiagatik, pertsona normalean osasungarriago sentitzen hasten da maila fisikoan, mentalean eta emozionalean, biziago eta energetikoago, eta bizitzaz bete-betean gozatzen hasten da gertatzen dena gertatzen dela.
Santiverin egiten duzu lan, Arrigorriagan. Zertan ari zara zehazki? Nire zeregin nagusia erakusmahaitik belar-dendara hurbiltzen diren pertsonei arreta ematea da. Ahal dudan guztian laguntzen dut gehigarriei, nutrizioari, higiene-produktuei eta abarri buruz aholkatzen. Gainera, maitasun handiz laguntzen diet pertsona guztiei beren bizi-prozesuetan, une horretan baliagarriak izan daitezkeela sentitzen dudan elkarrizketen edo argibideen bidez. Esan behar dut ni ere oso lagun eta maitatua sentitzen naizela nire bezeroekin, eta asko ikasten dut haiekin, eta hori asko eskertzen diet.
Beti lotu duzu zure lana ongizatearekin? Nire ustez, egiten dudan lanbidea oso garrantzitsua da, bizitzaren arlo bat da, eta barruan “hazteko” eta asko emateko bultzada bat sentitzen dut. Zoriontsuago bizitzeko jendeari lagundu eta bidea erraztean, betetasuna sentitzen dut; arima bakoitzarekin asko ikasten dut nire kontsultara eta belar-dendara hurbiltzen, lehen esan dudan bezala.
Nolakoak dira zure bezeroak? Ez zait gustatzen inor etiketatzea, baina onartzen dut dendara etortzen direnak eta kontsultara joaten direnak, normalean, beste aukera batzuetara irekitzen direla beren osasuna tratatzeari dagokionez. Oro har, kezka eta jakin-mina dago beste “unibertso” batzuk aztertzeko osasunari eta autoezagutzari dagokienez. Horrek erraztu egiten du elkarreragin oso polit bat eta askotan elkarrizketa sakonak eta pertsonalki maite dudan sentsibilitate bat sortzea.
Estresari dagokionez, nolako presentzia du gizartean? Nire ustez, orain oso azkar goazen garaiak bizitzen ari gara. Exijentziaren, presaren, lehiakortasunaren, gogortasunaren, beldurraren eta abarren “labirintoetan” sartzen gara. Programa mental horretan bakarrik eta guztitik bereizita goazela pentsatzen eta hautematen dugu, eta horrek tentsio eta estres handia sortzen digu, hori ez baita naturala gugan, esaten dudan bezala, programa mental bat baino ez da, eta harekin oso identifikatuta gaude.
Bestalde, benetan uste dut aldi berean lankidetzaren eta batasunaren energia zabaltzen ari dela, eta aukera handia da gure benetako naturarekin bateragarriagoa den beste leku batetik partekatzeko eta adierazteko, konfiantzatik eta maitasunetik abiatuta. Egia esan, Batasuna gara, ezer ez dago bereizita, Unibertso osoa gurekin doa ematen dugun pauso bakoitzean. Bihotz-bihotzez animatzen dut Bizitzarekiko konfiantza eta esker ona lantzera.
Duela urte batzuk baino gehiago, gutxiago edo berdin estresatuta bizi al gara? Nik esperientzia handi dut dagoeneko eta esan dezaket egungo gizartean askoz estres handiagoa sumatzen dudala haur eta nerabe nintzenean baino. Nire pertzepzioa besterik ez da.
Zergatik? Gaur egun teknologiek gizakiongan duten eragina benetan kezkagarria da. Eta ez dut esaten gaizki daudenik, baina gertatzen dena da haietaz abusatu egiten dugula. Mugikorren erabilera ikustea besterik ez dago. Jende askorentzat adikzio bilakatu dira eta horrek estres handiagoa sortzen du.
Eta nola kudeatu behar dugu estresa ondo bizitzeko? Egunero begiak ixteko eta sudurretik arnas sakona hartzeko uneak aurkitzea proposatzen dut, audioan edo idatzian gidatutako meditazioren batekin, edo musika leun batekin edo isilean. Halaber, sarritan, pozez beteko gaituen jardueraren bat egitea, gure arima azaleratzeko; hori oso garrantzitsua da.
Gainera, naturarekin harremanetan jarri eta berak ematen digun energia eta bizitasuna bereganatuz eta bere elikagaiekin elikatuz: behar beste ur edan, teknologia modu zentzudunean erabili eta berak ez gaitzala gu erabili… Nik beti animatzen dut ohe ondoko mahaitxoan mugikorrik gabe lo egitera eta gauetan wifia itzaltzera: ez gara jabetzen erradiazio artifizialek gure organismoan eragiten duten estresaz, gorputzeko zelulak ezin baitira behar bezala komunikatu beren lana egiteko. Gainera, ahal bada, oso interesgarria da aldian-aldian masaje bat edo oreka energetiko bat jasotzea, terapeuta edo barne-eraldaketarako bideratzaileren baten laguntza izatea (Kiensiologia, psikoterapia…), irakurketa inspiratzaileez blaitzea, yoga, kirola eta ariketa egitea, eguzkiaren argiak oso indartsu ez dagoenean inpregna gaitzan ahalbidetzea, etab.
Taldean helburu komun batekin elkartzea zoragarria da, erretiroetan, tailerretan, etab. Horrek guztiak gauza handia dirudi, baina pertsona bakoitzak bere erlaxatzeko eta Bizitzarekin osoago eta konektatuago sentitzeko modua aurki dezake, batez ere, barne-entzuketaren bidez. Funtsezkoa da egunero geure buruari denbor tarte bat eskaintzea, eta samurtasun handiz tratatzea.
☉ Arrigorriaga
Ixone Garmendia: «Karpatoetan ez genuen hartzekin arazorik izan bertakoen gomendioei kasu egin genielako»
Ixone Garmendiak bere lehen bizikleta bidaia egin zuen joan den udan, non eta Transilvanian (Errumania), bikotekidearekin batera. Bere bizipenak Arrigorriagako Mendi Jardunaldietan kontatu ditu joan den azaroan, bertan filmatutako irudiekin batera
Ixone Garmendia Garaizabalek (Arrigorriaga, 1993) mendia biziki maite du, eta joan den udan ametsetako plan zoragarri bat zeukan buruan: eskaladako ekipoa motxilan sartu, hegazkin batera igo eta Errumanian lur hartu, Transilvanian. “Transilvania” hitza Googleatu besterik ez dago Errumaniako baso idilikoez jabetzeko: kolorez betetako basoak, eskalada praktikatzeko haitz izugarriak… natura maitaleen oasi bat Europan.
Bidaia hasteko astebete falta zenean, baina, aurreikusitako aldrebestuko zitzaion Garmendiari: lesio bat izan zuen eta erabaki garrantzitsu bat hartzeko beharrean ikusi zuen bere burua. Beraz, eskalada ekipoa zorrotik atera eta horren ordez aitak oparitutako bizikleta fakturatu zuen Loiuko aireportuan.
Ixone, bere mutil-lagunarekin batera Karpatoetan izan da lagun batzuek eman zizkieten ibilbide batzuen bidez sekula ahaztuko ez dutenbidaia gauzatuz bizikleta gainean. Arrigorriagara bueltan, Garmendiak Padura Mendi Taldeak joan den azaroaren hasieran antolatutako Mendi Jardunaldietan hartu zuen parte, bidaian zehar filmatutako dokumental batekin bere abenturak eta desbenturak herritarrei kontatzen. GEURIAk gaztearekin elkartzeko aukera izan du eta Transilvania ez bada ere, Mendikosoloko paradisuan bertan egin diogu elkarrizketa eta argazki saio arina.
Transilvanian izan zinen bizikletarekin joan den udan. Nolako esperientzia izan da zuretzat? Oso ona eta aberasgarria. Esperientzia erabat berria izan da niretzat. Mendian ibilita nengoen, baina bizikletarekin ez nuen era honetako bidaia luzerik egina momentura arte. Aitak eta biok asteburuetan bizikleta hartu eta ibilaldiak egiten genituen handik eta hemendik. Bertatik datorkit bi gurpiletan ibiltzeko zaletasuna.
Bizikleta hartu eta ia 3.000 kilometrora joan zinen, Errumanian bidaia bat egitera. Zergatik Transilvania? Kontua da hasierako asmoa Transilvaniara eskalada egitera joatea zela.
Benetan? (Barreak) Bai. Baina min hartu eta hasierako ideia hura bertan behera gelditu zen. Astebeteko tartea geneukan bidaia hura birplanteatzeko, zer egin edo nondik jo erabakitzeko: lesioa joan den ekainaren 25ean egin nuen eta oporrak 30ean hartzen nituen, hau da, bost egun geroago. Alde egiteko gogo handia neukan eta beraz, astebeteko epe horretan jaio zen Transilvaniatik bizikletan ibilbidea egitearen ideia. Nire mutilak lanean galdetu zuen oporrak tarte horretan hartzearen ideia eta baietz esan zioten.
Baina nola aldatu zenuten eskalada egitearen plana bizikleta hartzearenarekin? Mutilaren lankideek egindako bidaia zen. Beraiek egindako bidaiaren ibilbidea eman ziguten. Horrela jaio zen ideia.
Nola joan zineten bertara? Furgonetan edo? Hegazkinean. Lagunek ere hegazkinean egin zuten bidaia Errumaniaraino. Bakoitzak 150-200 euro ordaindu behar zituen bizikleta Errumaniara eraman ahal izateko.
Zuen kasuan zenbat joan zineten bertara eta zenbat egun eman dituzue bertan? Mutil laguna eta biok joan ginen eta 24 egun eman genituen Transilvanian: uztailaren 3an abiatu ginen eta 27an itzuli.Abentura ederra!
Kontraste handiko lekua da Transilvania eta bertako paisaiek ez dute zerikusirik udan edo neguan. Bero handia izan genuen bertan. 30-31 gradu inguru izan genituen egunero bizikleta gainean. Hiru egunez euria izan genuen baina gainontzekoetan beroa izan zen protagonista nagusia.
Gainera, trafikoa ekiditeko bigarren mailako errepideak aukeratu genituen eta gure ibilbidean ura hartzeko aukera oso gutxi zegoen. Egunero egiten genituen ibilbideak nahiko luzeak ziren, 50 eta 100 kilometro ingurukoak, eta uste baino pisu gehiago generaman. Horregatik ezin genuen bost litroko ur botilarik garraiatu. Uraren arazoaz gainera hartzen kontua dago hor ere.
Nola “hartzen kontua”? Hartz pila daude egon ginen lekuan. Hasierako ibilbidean ez zegoen inolako arriskurik baina egunek aurrera egin ahala hartzak topatzea oso ohikoa omen da Karpatoen bihotzean. Izan ere, bidean gindoazela auto eta moto gidariek abisatzen gintuzten. Gure ibilbideak basoan zehar egin genituen eta zonalde horiek animalia hauen bizilekua da.
Animalia hauekin arazorik izan ez badugu gidariek errepidean buelta eman eta kontuz ibiltzeko gomendioei so egin genielako da: “Lau hartz daude hor aurrean, ez jarraitu”, esan ziguten behin. Gainera, Errumanian, mugikorra GPSa aktibatuta badaramazu, alerta jakin batzuk jasotzen dituzu eta horietako abisu batzuk zonalde jakin horretan hartzak daudela iragartzen diete erabiltzaileei.
Basoak aipatu dituzu. Aldea dago Transilvania eta Euskal Herriko paisaien artean? Gu Karpatoetan egon ginen eta portuak igo genituen baina gure zonaldea oro har ez zen oso menditsua izan. Alde handia dago azpiegiturei dagokienez: herriak, errepideetako egoerak ez dauka zerikusirik hemen topa daitezkeenekin; Errumaniakoak askoz okerrago daude.
Berdin gertatzen da bizikletentzako azpiegiturekin? Hiri handietan bidegorriak egon bazeuden, baina han “bideberdeak” dira (barreak). Baina gu oso hiri gutxitan izan gara, egia esateko; jende gutxi bizi den herrietatik igaro gara Errumanian. Beraz, errepidean oso jende gutxi ikusten genuen, batez ere nekazariak eta abereak ikusi genituen inguru horietatik.
Eta zelakoa da bertako jendea? Leku guztietan bezala, denetarik egongo da, baina guk jende jatorra ezagutu genuen bidean zehar. Hasieran kanpotar moduan ikusi gintuzten eta haiei ere arraroa egiten zitzaien.
Baina tira, zonaldearen araberako zerbait da hori: landa eremuetan jendea ez dago gu bezalako turistak ikustera ohituta eta ez dira gehiegi hurbiltzen. Baina tira, guk kalean egiten genuen lo eta askotan kafea edo ura izaten genuen hurrengo goizean jaikitzen ginenean. Zortea izan genuen. Gainera, bizikleta izorratu zitzaigunean ere tipo batek gu ulertu barik lagun baten etxera eraman gintuen txirrindula konpontzeko.
Hain urrun bizikletarekin bidaiatzen denean norberaren garraiobidea izorratzea da abenturazalearen amets gaiztoetako bat. Gainera, bioi izorratu zitzaigun bizikleta (barreak). Anderri ganbera izorratu zitzaion. Generaman pisua hain zen handia ezen gurpilak aire gutxi zeramala ematen zuen, eta Anderrek uste zuen irtenbidea aire gehiago ematea zela eta gurpila lehertu zuen azkenean. Zaila da oreka hori aurkitzea, egia esan.
Baina ganbera bat lehertzeko pisu asko eraman behar da bizikletan, eta presio gehiegi ganberan. Zer eramaten zenuten bi gurpilen gainean bada? Gure hasierako helburua autosufizienteak izatea zen bidaia honetan, hotelik edo antzekorik erabili gabe. Beraz, esterak, lo zakuak, kanpin denda, janaria egiteko jetboila (tamaina txikiko sua, sukaldatzeko), telefonoak kargatzeko eguzki-plaka txiki bat, botikina… denetarik.
Bizitako esperientzia ikusita asko ikasiko zenuten bidaia honi esker, bereziki antolaketa kontuetan. Hala da! Bidaia egiteko “gidoia” geneukan baina askotan inprobisatu izan dugu. Mendian horrelaxe egin izan ohi dugu ere. Gainera, bidaia honen ibilbideari dagokionez, guk lagunek baino egun gehiago eman genituen Transilvanian eta ondorioz ibilbide hura luzatu behar izan genuen. Bestalde, haiek eguraldi txarra izan zuten eta beren eguneko ibilaldiak laburtu behar izan zituzten. Guk ostera kontrakoa egin behar izan genuen: egunean egin beharreko ibilaldiak luzatzen genituen eta hurrengo egunekoak begiratzen genituen aldi berean. Hala ere goiz bukatzen genituen eguneroko ibilaldiak beroagatik: 05:00etan esnatzen ginen, 06:00etan pedalei eragiten hasi eta 18:00etan helmugan egon ohi ginen.
Ibilbideen kontua aipatu duzu lehen. Retroa iruditu daiteke baina mapa fisikorik eraman al zenuten badaezpada? Baita zera ere! Google Maps aplikazioa erabili genuen hasieratik amaierara arte. Wikilock aplikazioa ere bageneukan.Zentzu horretan ez dugu arazorik izan, eta asko erraztu digu lana.
Edonori gomendatuko zeniokeen bidaia izan da? Bai, baina guk errepidea mendiarekin uztartu nahi genuen ere eta gure ibilbideetan mendi ibilbideak txertatu genituen. Era honetako rutak egitea agian ez da hain erosoa menditik alportxekin bidaiatzea ohituta ez dagoen pertsona batentzat. Behin baino gehiagotan bizikletatik jaitsi eta maldan gora egin behar izan genuen, horrek dakarren guztiarekin.
Bizikleta aipatu duzu. Nolako bizikleta eraman zenuen bidaia honetara? Ezaugarri berezirik al du? Aitak oparitutako bizikleta zahar bat da, egia esateko. Betidanik erabili izan dut eta asko maite dut bizikleta hori. Bidaia astebeteko epearekin prestatu genuenez ez nuen ezta prestatzeko aukerarik izan: katea garbitu eta listo.
Bueno, “eta listo”. Zuk ere arazo garrantzitsua izan zenuen bizikletarekin. Abatza edo “bujea” matxuratu zitzaidan laugarren edo bosgarren egunean. Ondorioz katea trankatu egiten zitzaidan eta aurrera egitea benetan zaila zen. Maldan bera nihoanean ere pedalei eragin behar nien abatza benetan izorratuta zegoelako. Txarrena da matxura hura konpontzeko lekurik ez zegoen tokian gertatu zitzaidala. Braoven konpontzeko lekua bazegoen: txirrindularien etxe antzeko bat. Baina lau eguneko ibilaldia zegoen bertara heltzeko. Hiri hartan erdi konpondu zidaten baina merkatuan beste bizikleta batengatik aldatzeko gomendioa eman zidaten. Nik ez nuen saldu nahi. Bestalde, aurrerago abiadura-aldagailuak ere matxuratu zitzaizkidan Esan bezala, bizikletak baditu bere ajeak, baina berarekin dudan lotura ez da erabilerara mugatzen.
Bidaia bukatu eta azaroren hasieran bidaiaren inguruko hitzaldia eskaini zenuen Padura Mendi Taldeak eskainitako Mendi Jardunaldietan. Padura Mendi Taldetik badakite zertan nabilen eta bidaiaren berri zuten. Esperientzia honen inguruko aurkezpena egiteko gonbidapena luzatu zidaten herriko pertsona bat behar zutelako… eta ezin ezetz esan! (barreak).
Eta nolako esperientzia izan zen zure bidaia Arrigorriagako Lonbo aretoan elkarbanatzearena? Nire lehen hitzaldia izan da eta kasu honetan, nik uste dut benetan zaila dela Arrigorriaga bezalako herri txiki batean jende asko mugitzea. Jendea egon zen aurkezpenean, ezagunak gehienak. Nire abentura kontatzeko Power Point bat prestatu nuen, eta baita bideo bat. Mutilari irudiaren mundua asko gustatzen zaio eta drona eta guzti eraman genuen bidaian. Grabatutako materialarekin ordu erdiko dokumentala proiektatu genuen Lonbo aretoan.
Zelan ikusi dituzu aurtengo jardunaldiak? Ondo! aurten Alex Txikonen eta Amaia Segurolaren ‘Bidea irekitzen: Groenlandia’ hitzaldia ikusi nituen.
Transilvaniaren bidaiarekin 2024a itxiko duzu. Proiektu gehiagorik al duzu buruan, Ixone? Gustura bukatu genuen Transilvaniako esperientziarekin, eta aurrerago Europatik beste bidaia bat egitea ez legoke batere gaizki. Hasi gara kuxkuxeatzen, eta ziur zeozer interesgarria aurkituko dugula.
Eta Europara joan bitartean, bertako mendietako hormetatik ibiliko zara, ezta? Bai, mendia maite dut, bereziki eskalatzea. Normalean Nafarroako mendietatik ibiltzen naiz, Etxauriko inguruetatik. Zentzu horretan Euskal Herrian badugu non aukeratu eta nondik ibili, zalantzarik gabe.
☉ Zaratamo
Danel Elezkano: «Upo Mendin asko ikasi nuen: bai kirol mundura begira, baita bizitzari begira ere»
Pilotariaren bizitza profesionalaz harago Elezkanoren oroitzapenetan murgildu gara eta herriko ateak zabaldu dizkigu txikitako bizipenak Gurutzalden bertan azalerazteko
Joan den urriaren 16ko ordu txikietan Danel Elezkano Bilbao pilotari zaratamarrak bere bizitzako kapitulu bat itxiko zuen iragarpena egin zuen bere Instagrameko kontuan: pilota utziko zuela. Baina betirako, bai mundu profesionalean eta baita pertsonalean ere, esku pilota jokatzeari utziko ziola iragarri zuen zazpi haizetara. Zaratamoko pilotariarentzat ez zen albiste berria izan, bere buruan bueltaka zebilen ideia zelako. Egun horretan klik egin zuen eta munduari iragarri zion bere erabakia.
Hilabete eta erdi igaro da iragarpena egin zuen egunetik eta ekaitza baretu dela ematen du. Zaratamoko Gurutzalden lotu gara berarekin, pilotaria hazten ikusi duen auzoan, alegia. Danelek etxetik irten eta eskolara zein pilotalekura egiten zuen ibilbidea bertatik: errepidea jarraituz herriko enparantzara abiatzen zen. Iraganeko egun horietan Danelek ez luke sekula irudikatuko urte askotan zehar landutako haziak fruitu hau emango zuenik.
Egunak pasa dira joan den urriaren 16an esku pilota uzteko iragarpena sare sozialen bidez egin zenuenetik, Danel. Zelan zaude? Alderik alde nabil oraindik: medikuen artean, osasunari behar den garrantzia ematen eta pixkanaka aurrera egiten. Aspalditik hartutako erabakia da eta azken hilabeteetan ideia egiten joan naiz, medikuak nirekin oso argiak izan direlako. Hala ere, aukera guztiak agortu nituen, aurrera egiteko itxaropena nuelako. Baina gehiago jokatzea ezinezkoa da eta benetan eskertzekoak dira iragarpena egin nuen momentutik jaso ditudan maitasun mezu guztiak. Momentu oso gogorrak bizi izan ditut: oroitzapen asko etorri direlako nire burura mezu horiekin batera, baina esandakoa: esker oneko hitzak baino ez ditut.
Gurutzalden gaude. Bertan egun asko eman dituzu eta momentu inportanteak bizi dituzu auzoaren sorreraren lehen momentutik. Zelan gogoratzen dituzu urte horiek? Bertan hasi naiz eta benetan berezia da niretzako. Garai hartan ume asko elkartzen ginen auzoan eta oso harreman ona geneukan denon artean. Auzoan, futbol zelaian, eskoletan… jokatzen igarotzen genituen arratsaldeak eta bertan ez bazen herriko plazan. Egia da ere denbora horretako ordu asko frontoian ematen genituela, bertan gehien gozatzen genuen lekua zelako. Auzoko adineko haur gehienek ere nire antzean han ibiltzen ziren ere. Esku pilotan aritu ez diren haur gutxi daude Zaratamon gaur egun. Txikitako oroitzapenak beti ederrak izaten dira.
Eta frontoiko egunak zelan gogoratzen dituzu? Beti esaten dut Upo Mendin hasi nintzela. Kirol bat praktikatzen hasi nintzen, esku pilota, baina beti esan dut: kirola tresna paregabea da bizitzan gero oso baliotsuak izango diren balio batzuk bereganatzeko. Nik asko ikasi nuen eta ez bakarrik kirol mundura begira; baita bizitzari begira ere. Bertan ezagutu ditudan pertsona guztiek asko irakatsi didate. Hemendik frontoirako bidea ez da oso luzea. Askotan oinez joan ohi ginen, beste batzuetan kotxez… gurasoekin… Gogoan dut astearte eta ostegunez Upo Mendi taldearekin entrenatzen ginela. Txikitan eskola plazan bertan geneukan eta eskolako atetik frontoira 100 metro egongo ziren. Egunero, entrenamendurik egoten ez zenean ere eskolatik irten eta segidan frontoian sartzen ginen.
Besoko lesioa izanda ere esku pilotan hasi zinen. Nolako eragina izan zuen erabaki honek zugan? Zaratamo herri txikia zen eta kirol talde ofiziala eskola kirolean pilota zen. Niri inork ez zidan esku pilotan jokatu behar nuela esan. Ezta gutxiago ere. Anaia nagusia daukat eta bera hara joaten zen entrenamendu saioak egitera, berak ere pilota asko maite zuelako. Ni, anai txikia izanik, oso gaztetan murgildu nintzen mundu hartan eta oso arin jakin nuela esku pilotan benetan gozatzen nuela. Gainera, besoaren mugikortasunarentzat ere lagungarria izan zitekeen kirol hura. Frontoian pozik negoen eta zoriontasun hura zen benetan garrantzitsuena. Horregatik hasi nintzen pilotan.
Esku pilotako erreferentzia oso garrantzitsu bilakatu zara bai egindako ahaleginagatik eta baita kirolaren egindako ibilbide profesionalagatik. Uste bezalako ibilbide profesionala izan da zurea? Nik ez dakit erreferentzia naizen esku pilotaren munduan; nire lana ahalik eta modu onean egiten saiatu naiz eta gainera zorte hori izan dut: nire lana benetan maite izan dut. Frontoitik kanpo, lehen aipatutako balioak nirekin eramaten saiatu naiz ere, eta horretaz harro nago. Eredu bezala lagundu badezake besoan arazoa izanik aurrera egin dudala eta saiakuntza horrek fruituak eman ditzakeela… ni pozik.
Baina hortik harago, nire helburua pilotaz gozatzea zen eta hori lortu dudala uste dut. Gainera, betidanik esan izan dut: profesional bilakatzeko askotan zorte pixka bat eta momentu egokian egon behar dela kirolaria. Nik zorte hori izan nuen: debuta egin nuen eta ibilbide profesional bat izateko aukera izan dut: finalak jokatu eta txapelak irabazi ditut eta oso zorionekoa sentitzen naiz. Gelditzen zaidan arantza bakarra zera da: modu honetan agur esan behar izatea, 30 urterekin, lesio baten ondorioz. Pilotan ez ezik, bizimodurako ere minekin ibiltzeagatik bukatu behar izatea agurreko partida barik.
Pelotari bezala ibilbidea bukatuta, ba al dago pasarte nabarmenik zure buruan? Ostiralero adin ezberdinetako neska mutilak biltzen ginen plazan eta arratsalde osoa frontoian ematen genuen. Asteburuetan ere oso giroa zegoen herrian: gurasoak elkar biltzen ziren eta Zaratamok, beste edozein herritan jokatzen bazuen egia da txapelketa formatuak benetan laguntzen zuela: Arratia-Nerbioi txapelketaren oroitzapen zoragarriak ditut. Maila ezberdinetako partida denak herrika jokatzen zituzten: herri berdinean, frontoi berdinean eta ordu berdinean jokatzen genituen partidak. Bospa sei partida jokatzen baziren guraso denak elkartzen ziren eta partida osteko momentuak ere elkarren artean bizitzen genituen. Horrek guztiak asko lagundu zuen hainbeste haurrek pilotan jokatzen jarraitzeko eta Zaratamoko afizioa handitzeko.
Zaratamon bizi zenituen lehen urteak, gero Dimara joan zinen eta ezkondu moduan herrira bueltatu zinen. Lagunik geratzen al da auzoan? Zaratamon lagun piloa dauzzkat! (barreak). Txikitako lagun gehienekin harremana mantentzen jarraitzen dut. Institutuko garaian adin tarte hura txikitu egin zen eta gaur Zaratamoko lau lagun geratzen gara, lagun kuadrilla horri dagokionez. Gainontzekoak Arrigorriagakoak dira. Baina esandakoa, lagun asko ditut Zaratamon!
Azken galdera modura, esku pilotan hasdi gura duen ume bati nolako mezua helaraziko zenioke? Nire anaiarekin bat nator erantzun honetan: pazientzia, kirol oso gogorra delako. Askotan frontoian bakarrik daudelaren sentsazioa izango dute ziurrenik, baina aldi berean asko disfrutatzen den kirola da, nork bere beldurrei eta zailtasunei bakarrik egin behar dielako aurre. Gozatzea gakoa da haur batentzat nire iritziz. Gero etorri beharrekoak etorriko dira.
☉ Galdakao
Adiskide, 50 urte / Pilotari ohien berbak: «Herriarekiko lotura handia izan du beti Adiskidek»
Adiskide Pilota Elkarteak 50 urte beteko ditu 2025ean. Urrezko ezteiak ospatzeko zenbait jarduera antolatuko dituzte 2025eko udatik aurrera; erakusketa bat, mahai-inguruak edota lehengo, oraingo eta etorkizuneko pilotariekin partiduak eta bazkariak. Gaizka Uriarte Adiskideko presidenteak GEURIAri eskainitako elkarrizketa honetan aurreratu zizkigun datorren urteari begirakoak.
50 urte hauetan zehar, hainbat eta hainbat dira elkartetik igaro diren pilotariak. Besteak beste, Martin Legorburu, Anartz Ajuriagojeaskoa, Oier Zearra, Unai Atutxa, Mikel Larunbe eta Danel Elezkano. Horiek guztiek Adiskideren inguruan dituzten berba onak jaso ditugu GEURIAn, baita Amaia Alday egungo entrenatzailearen hitzak ere.
GEURIAren galdera hauei erantzun digute:
1- Adiskiden noiz izan zinen?
2- Zein oroitzapen dituzu garai haietaz?
3- Zer nabarmenduko zenuke klubean egon zinenean?
4- Zer opa diozu Adiskideri 50. urteurrenean?
5- Zer esango zenieke atzetik datozen Adiskideko pilotari gazteei?
Eta hauek euren erantzunak:
Martin Legorburu
1- 1999an hasi nintzen laguntzen, orduen Elejaldeko frontoian, monitore moduen. 2001an Kurtzeara bueltatu ginen ta hor jarraitu gendun klubeko beharrezkotasunetan laguntzen gaur arte.
2- Izugarrizko bolada bat, 2008tik 2015era arte beti gogoan izango dot, Euskal Herri osoan erreferentziko kluba izan ginen eta.
3- Herriartekoak, Berria eta Euskal Herriko txapelketak. Den-dena irabazten genuen! Ea egunen batean ahal dugun errepikatu!
4- Jarrai dezala orain arte bezala, eta beste 50 urte iraun ditzala!
5- Pilotari gazteei aholku bakarra hauxe da: lan, lan eta lan egin dezatela. Amaitzeko, beti gogoan izango doguzela joan zirenak gura dot aipatu, danak beharrezkoaz izan ziren eta.
Anartz Ajuriagojeaskoa
1- 1987an hasi nintzen Eguzkibegi ikastolan 8 urte nituela eta 1988an pasa nintzen Adiskide Pelota Eskolara. 2013. urtera arte egon nintzen pilotari moduan, eta 2015etik 2019ra arte batzordekide ibili nintzen lehendakari lanetan.
2- Oroitzapen onak, asko disfrutatzen nuen pilotan entrenatzen eta lehiatzen. Umetxoen entrenatzaile moduan ere aritu nintzen eta gustura ibiltzen nintzen irakasten ere.
3- Adiskide azken finean talde txiki bat da, familia bat eta hainbeste urtetan taldeak horrela bizirik mantentzeak meritu handia dauka. Lan asko dago horren atzean.
4- Segi dezala beste 50 urtean pilotan irakasten eta bizitzen.
5- Pilota gustoko badute pilotaz goza dezatela, ez daitezela desanimatu inoiz, eta emaitzak ekinaren bidez lortzen dira.
Oier Zearra
1- Ume-umetan hasi nintzen. Aita klubaren sortzaileetako bat izan zen eta anaia eta biok 7-8 urterekin hasiko ginen. Hortik profesionaletan debutatu bitartean aritu nintzen.
2- Oso oroitzapen politak. Ordu asko pasatzen genituen frontoian, bai Elexaldekoan entrenatzen zein uda partean eta jaietan Kurtzeko frontoi zaharrean. Oso giro ona egoten zan.
3- Hasieran eta gerora ere aurrera egiteko egon den ilusioa. Azkenean, nik behintzat ez dut kirol-klub soil moduan ikusten; euskara esaterako oso presente egon da Adiskiden hasiera-hasieratik. Herriarekiko lotura handia izan du beti Adiskidek.
4- Neu be oraindik Adiskideren parte sentitzen naiz. Zorionak eta eskerrak emango nizkion horrenbeste ordu eta izerdi bota duen jendeari, gehienetan musutruk, kluba aurrera ateratzeko eta gure kirolak herrian aurrera egiteko.
5- Bideaz goza dezatela, aprobetxatu dezatela hain gurea den kirol hau probatzeko eta ezagutzeko eta lagun berriak egiteko aukera. Eta batez be pilotak beti berarekin eduki duen kiroltasunean hazi daitezela.
Unai Atutxa
1- 2000. urtean, 6 urterekin. Orduan 7 urterekin hasten ei ziren, baina salbuespen txiki bat egin zuten, antza denez. Eta, noiz arte? Urte bi dira fitxa atera ez dudala, eta beste urtebete batzordekide izateari itzi niola. Baina ez zait burutik pasa ere egin jada ez nagoela Adiskiden… Agur esatekotan, hiltzen naizen egunean izan beharko!
2- Ume oso lotsorra nintzen. Amak gogoan du zenbat kosta zitzaidan lehen egunean Elexaldeko frontoiko eskailerak jaistea. Baina familia zoragarria osatzen zuten, eta bigarren egunean atoan jaitsi nituen eskailerok. Gurdikada bat oroitzapen ditut; ezin bat aukeratu!
3- Adiskidek badu magia berezia: norbera zoriontsu izaten eta aldamenekoa zoriontsu egiten ikasten duzu bertan. Adiskide artean, pilotakada bakoitzak hori indartu egiten du.
4- Umeek ilusioa izan dezatela. Sartu berri den batzorde berria pertsona apartek osatzen dute; lanean buru-belarri ari dira. Bada, horientzako laguntza apur bat ere eskatuko nuke. Denok apurtxo bat emanda, umeen ilusioa mugagabea izango da.
5- Pilotari izatea pilotan ondo egitea baino askoz gehiago dela. Eta horixe ikasi behar dutela, pilota jotzeari uzten diotenean ere pilotari izaten jarraitzen dugunok zoriontasun puntu berezi bat dugulako.
Amaia Alday
1- Adiskide Pelota Elkartean pasa dan urtean hasi nintzen entrenatzaile moduan. Duela urte bat opatu zidatenean bertan umeak entrenatzeko ilusio handiagaz hartu neban erronka barri hau. Txikitatik Galdakogaz lotura euki dot eta jaio nintzen eta lehen urteak eman nituen herriko pelota eskolan umeekin egoteak ilusio handia ein dozten.
2- Urte bat bakarrik daramat. Baina txikia nintzenean sarri hurbiltzen nintzen frontoira aitite eta amamarekin eta noizbait partiduak ikusi izan ditut. Bertan sortzen zen giroa dut gogoan eta ezin hobea zen. Asko disfrutatzen nuen.
3- Adiskideko elkartasuna batzordekide,langile eta pelotarien artean. Elkarte langilea eta umila da.
4- 50 urte hauetan eskeini duten konpromisoak merezi duten moduan ospatzea, eta hemendik aurrerako urteetan elkartean dauden umeen kopurua mantentzea edo haztea.
5- Elkarte honek ematen dituen aukerak probestea. Klub gutxitan egiten dela hemen egiten den lana. Eta batez ere amore inoz ez ematea. Aurrera jarraitzea beraiek gabe Adiskide ez litzatekelako bizirik egongo.
Mikel Larunbe
1- Frontoi barrie eraiki zanetik, 2001etik, profesionaletan debutatu nuen arte, 2013ra arte.
2- Oroitzapen asko eta oso onak dekodaz! Bereziki bariku arrasti-gabetako partiduetako giroa etorten jate burure. Frontoia bete eiten zan txapelketa garrantzitsuak jokatzen genduzenean. Eta oso berezia zan baita herriarteko txapelketa jokatzen gendunean sortzen zan giroa. Frontoie jendez lepo egoten zan eta partiduak amaitu ostean meriendatxua eiten gendun danok batera!
3- Batez ere izan gendun giro sanoa eta bertan eindako lagunek. Eta horrez gain frontoien bertan bizitako hainbat eta hainbat momentu polit, noski.
4- Lehenik eta behin zoriondu orain arteko ibilbideagatik eta hemendik aurrera ea herriko umeen esku-pilotarenganako afizioak hazten jarraitzen dauen.
5- Dekien ilusio horregaz jarraitzeko. Kirol honek norberari asko emoten dotsela, beste kirol askotan ikusten ez dan giroa eta baloreak dauzela eta ahalik eta gehien aprobetxetako eta disfrutetako frontoien.
Danel Elezkano
1- Kadete mailatik aurrera egon nintzen Adiskide taldean, gaizki ez banago. Beharbada Haurren mailan nengoela ere egingo nuen entrenamenduren bat, baina kadeteetan hasi nintzen Galdakon jarraitasunez entrenatzen. Mikel Etxegia zen entrenatzailea, eta bere eskutik joan nintzen bertara, anaiak ere hala egin zuelako.
2- Oroitzapen eta hitz onak baino ez dauzkat urte haietan taldea osatzen zuten pertsona guztientzat, eman zidaten tratuagatik. Urte zoragarriak izan ziren, eta asko ikasteaz gain, une ederrak bizi izan genituen. Taldea oso ona zen, entrenamenduak gogorrak eta giroa aparta. Momentu gogoangarriak bizi izan genituen, kantxan eta baita kantxatik kanpo ere.
3- Taldearen giroa nabarmenduko nuke. Baita bertan ezagutu nituen lagunak ere. Maila handiko entrenamendu taldea zen, eta gure arteko giroa, aparta. Urte ederrak izan ziren, gainera, Herriartekoan eta Berria txapelketan emaitza oso onak lortu baitzituen Adiskidek. Ilusio handiz joaten ginen entrenamendu bakoitzera, ondo pasatzen genuelako, eta horrek, eskutik, emaitzak ekarri zituen.
4- Onena opa diet. Jarrai dezatela pilotagatik lanean orain arte bezala, eta ongi pasatzera bideratu dezatela kirola, hau da, umeek pilotaz gozatzeko aukera izan dezatela.
5- Goza dezatela entrenamendu eta partida bakoitzaz. Kirola, balioak bereganatzeko tresna aparta dela pentsatzen dut, eta horiek, ondo ikasiz gero, bizitza osoan izango zaizkie lagungarriak. Frontoi eta talde ederra dute horretarako.
☉ Basauri
Jon Sangroniz: «Film bat pantaila handi batean eta soinu bikainarekin ikustea gauza magikoa da»
Jon Sangroniz Lopez basauriarra argazki-zuzendaria da eta hainbat filmetan eta telesailetan lan egin du. Azken produkzioa ‘El hoyo 2’ filma. Bere lanaz, bere ibilbideaz eta proiektu bakoitzetik ikasi duenaz berba egin dugu berarekin
Zinemaren munduan, argazki-zuzendaritza funtsezkoa da pantailan istorioei bizia emateko. Jon Sangroniz Lopez (Basauri, 1984) basauriarra argazki-zuzendaria da eta izen handiko proiektuetan utzi du bere arrastoa. Hala nola, ‘Loreak’, ‘Handia’, ‘Oreina’, ‘Altsasu’, ‘El vasco’ eta ‘El hoyo 2’ lanetan. Bere ikuspegi sortzaileaz, filmazioan zehar aurre egin beharreko erronkez eta argiaren eta kolorearen garrantziaz aritu gara Jonekin.
Noiz hasi zinen zinearen munduan, Jon? Bada 2005ean izan zen: nire lehenengo pelikulan hartu nuen parte. Hortaz, 20 urte beteko dira! Udan izan zen, Andoaingo Escivi zine eta bideo eskolan ikasketak egiten ari nintzela. Argazkilaritza finkoarekiko nuen pasioagatik sartu nintzen eskola hartan. Menók eta Yolandak, eskolako irakasleak, mundu berri bat erakutsi zidaten istorioak kontatzeko argazkigintzari dagokionez, hau da, zinemari dagokionez. Hemen hasi zitzaidan kamerarekin, argiarekin eta kamera-mugimenduekin istorioak sortzeko grina, argiztapenak ikasi eta praktikatzeko, enkoadratzeko eta, horrela, ikusleari emozioak sortzen saiatzeko, nire ikuspegitik edo nik sentitzen nuenaren bidez.
Ba al dago zure karrera definitu zuen une erabakigarririk? Irakasleen irizpidearen arabera, promozio horretako ikaslerik onena izan nintzen, eta, horrela, praktikak ‘Produkzioko bekadun’ bezala egiten hasi nintzen pelikula batean. Hau da, aktoreak leku batetik bestera eramaten, karpak muntatzen, kateringak egiten, seta garbitzen, erosketak egiten eta beste hainbat gauza egiten. Egunean 12 ordu baino gehiago lan egiten nuen, eta ia musu truk. Hori ‘Back Woods’ filmean izan zen, Gary Oldman aktore nagusia zen eta Koldo Serraren zuzendaritzapean.
Argazki zuzendaria izan arte, ikasketen ondoren beste pauso batzuk emango zenituen. Bai. Escivitik irten eta Master bat egin nuen argazki-zuzendaritzan, Bartzelonan zegoen herrialdeko zinema-eskolarik onenetako batean, Escac-en. Eta ondoren, Donostira joan nintzen produkzio-lanak egitera: hasieran kamara-laguntzailea (garai hartan negatiboan filmatzen genuen eta laguntzailearen lana oso zaila zen), gero fokista eta azkenik, argazki-zuzendaria. Lehen 10 edo 12 urteetan, film laburretan, bideoklipetan eta aurrekontu txikiko gauzetan egin nuen lan.
Eta gero lan handiagoak egiterako urratsa eman zenuen. Bai. ‘Loreak’, ‘Handia’, ‘Oreina’ eta beste lan askotan ibili naiz, bai Euskal Herrian zein Madrilen. Madrilen telesailak egiten aritu nintzen, eta gero Basaurira itzuli nintzen, seme-alabekin egotera eta, bitartean, gero eta publizitate handiagoak egiten hasi nintzen. Orduan, nazioarteko ordezkari batek kontratatu eta herrialde askotan filmatzeko aukera izan nuen. Adibidez, Shanghain Ikearen iragarki bat egin nuen! Garai hartan asko ikasi nuen. Eta, ondoren etorri ziren ‘Altsasu’ telesaila, eta ‘El vasco’ eta ‘El hoyo 2’ filmak.
Zein argazki-zuzendarik izan dute eragina zure estiloan? Ez naiz zinemazale ero horietako bat, nire lankide asko izan daitezkeen bezala (kar, kar, kar). Filmei argazkiak ateratzea gustatzen zait. Gidoi baten narratibatik abiatuta, kontatzeko modu bat sortzea, eta gero aztertzea nola iritsi nire buruan eta nire sentimenduen arabera nahi dudan emaitza horretara.
Besteak beste, Harris Savides, Darius Konhgi, Roger Deakins, Bruno Delbonel, Hoyte van Hoytema, Javier Agirre, Bradford Young, Greig Frasier, Esteban Ramos, Txarli Argiñano eta Gorka Gomez Andreu izan dira nire inspirazioa proiektuak sortzeko orduan, eta asko ikasi dut euren lanaz.
Zehazki, zer ikasi duzu argazki-zuzendari horiengandik? Filmaren iruditeria aldatzeko gai naiz, proiektu bakoitzerako egokia iruditzen zaidan moduan. Nire lanak ikusten badituzu, oso estilo desberdinak daude. Gidoiaren narratibarekin datorkidana, nolabait, eta zuzendariarekin hitz egin ondoren, pelikularen irudian islatzen dut, mila elkarrizketen, erreferentzia piktorikoen, pelikulen edo animo-egoeren bidez. Orain bai, Thriller-ak eta argi ilunetan lan egitea asko gustatzen zait. Rembrandt, Caravaggio edota Vermeer bera ere asko gustatzen zaizkit, eta proiektu bakoitzerako kontraste, kolore, saturazio, feeling eta abarren erreferentziak aurkitu ohi ditut pinturan. Eta kolore-paletak sortu, hautapen optikoak, kamera-mugimenduak, argia…
Zer nabarmenduko zenuke lan egin duzun proiektu bakoitzetik? Proiektu bakoitzean, eta 100 baino gehiagotan egin dut lan, ikasi dudan guztia nabarmenduko nuke, baita esperimentatu ahal izan dudan guztia ere, batez ere publizitatean.
Eta proiektu horietako bakoitzean aurkitu dituzun erronkei buruz galdetuko banizu. Zinema edo ikus-entzunezko edozein produktu erronka handia da niretzat. Aurreprodukzioan denbora asko ematen da, baita gidoi bakoitza aztertzen eta xehatzen ere. Ni sormenaren alderdiarekin hasten naiz beti, eta gero, nire taldearekin batera (ezagutzen dudan onena da!) emaitza horietara iristeko modua garatzen dugu.
Hitz egin dezagun zure azken lanaz: ‘El hoyo 2’. Nolakoa izan zen sekuela batean lan egiteko esperientzia? Argazkiari dagokionez, ezberdina izan ahal zen lana lehen zatiarekin alderatuta? Bi filmak jarraian ikusten dituztenek jakingo dute. Ez dut spoilerrik egin nahi! (Kar, kar, kar). Nire lagun eta argazki-zuzendari Jon D. Dominguezekin asko hitz egin nuen. Bera izan zen argazki zuzendaria lehenengo filmean. Gafferrak, Edu Monek, lehen filmean ere lan egin zuen, beraz, nahiko ondo lan egin nuen zentzu horretan. Hala ere, argi aparatu asko eraiki eta asmatu behar izan genituen, dimmers-ak, DMX, baita 15 zentimetro eskaseko atzerakromak ere. Argazkiari dagokionez, Galder Gaztelu-Urrutia ‘El hoyo’ eta ‘El hoyo 2’ pelikuletako zuzendari eta lagunak (gidoilaria eta produktorea ere izan da bi filmeetan) koloreen bereizketa handiagoa nahi zuen pertsonaien artean, baina ez zuen alde handirik ere nahi. Proba asko egin nituen irudi sendo eta uherra izan zedin, baina indar gehiago eman eta gaur egungo film baten “look”-era eraman nuen. Testura ere funtsezkoa zen, hainbat optikarekin, argiarekin, kamerekin, kearekin eta kamera-iragazkiekin probatu nuen, egokiena iruditu zitzaigunera iritsi arte.
‘El hoyo’ eta ‘El hoyo 2’ filmetan Hego Uribeko herritar batzuek ere parte hartu dutela badakigu. Bai. Adibidez, ‘El hoyo 2’ filmean Roke nire txikitako laguna sartu nuen lanean. Arrigorriagan bizi da eta produkzio-lanetan aritu zen.
Zer prozesu duzu pelikula bat filmatzen hasi aurretik prestatzeko? Lehen azaldu dudan bezala, gidoi bat iristen zaidanean, lehen irakurketa bat egiten saiatzen naiz, hasieran nola lan egin beharko dudan pentsatu gabe. Ondoren, bigarren irakurketa batean, sekuentzia bakoitzaren erritmoari begiratzen diot, look desberdinei, flashbackik badagoen, kamera geldoak, formatu-aldaketak, setak edo kokapenak edo zein garaitan kokatzen den ikusteko. Horren ondoren, planoz plano “story board” edo komiki moduko bat egiten da. Story board horren bitartez talde osoak daki plano bakoitza eta haren beharrak nola eta noiz filmatzen diren.
Zer ekipo eta teknologia erabiltzen duzu zure proiektuetan? Badira 10 urte baino gehiago Arri izeneko kamerak erabiltzen ditudala fidagarritasunagatik, kolorea eta testura atzitzeagatik, latitudeagatik edo koloreak bereizteagatik. Hollywooden, eta baita hortik kanpo, produkzio arruntetan eta superprodukzioetan filmatzen ari diren kamerak dira. ‘El hoyo 2’ filma lehen Arri 35 kamerekin filmatu genuen. Merkaturatu berriak ziren, eta proba luzeak egin behar izan genituen arren, emaitzak sinestezinak izan dira. Ondoren, lenteen gaia dago, merkatuko lente onenetako batzuk erabiltzen ditugu: ‘Hawk V-Lite Vantage 74’ izenekoak. Zoragarriak dira. Lente anamorfikoak dira, 2x kaptazioan uzkurtzen direnak, soilik horizontalki 1,33:1eko formatuan, ondoren 2,66:1era luzatzeko.
Nola ikusten duzu teknologiak zineman eta ikus-entzunezkoetan izan duen bilakaera eta zure lanean izan duen eragina? Ikusten dut oso azkar doala. Plato birtualen aurrerapenek, kamera berriek eta haien gaitasunek, gero eta osagarri elektroniko eta zehatzagoak dituzte, eta horrek beldur pixka bat ematen dit. Hala ere, nik teknologia berriak aztertzen jarraituko dut, beti jakinaren gainean egoteko.
Zer ikasgai garrantzitsu ikasi dituzu zure ibilbidean zehar, partekatu nahiko zenituzkeenak? Hiru puntu nabarmenduko nituzke. Lehenik eta behin, ingelesezko KISS siglak: Keep it simple stupid. Jende asko dago bere lana ahalik eta ondoen egiten, ez zaitez joan ia ezinezkoak diren argien eskemak edo filmaketaren erritmoa oztopatzen duten kameren mugimenduak egitera.
Bigarrenik, entzuten jakin behar da. Eta hirugarrenik eta azkenik, talde bat nola eraman jakitea, mugak jarriz eta aldi berean, motibazioa piztuz. Nire taldean, adibidez, 20 lagunekin lan egiten dut, beraz, pentsa, zelan koordinatu behar garen!
Badirudi, filmaketa bakoitzean, hil ala biziko ebakuntza batean gaudela, estresarekin eta presioarekin. Baina ez da horrela: film bat filmatzen ari gara.
Ikasi dudan gauzarik garrantzitsuena da ezinbestekoa dela umiltasuna, eta egoa ezabatzea. Zineman, eta askotan bizitzan bera ere, nor baino nor egoskorrago aritzen da jendea. Egoskortasuna kentzea eta intentsitatez jaistea lortzen badugu, lankideei egindako ahalegina eskertzea eta balioestea lortzen badugu, beti norabide berean egingo dugu arraun, eta hori da onena denontzat eta hortaz, pelikularentzat ere.
Zer aholku emango zenieke argazki-zuzendari bihurtu nahi duten gazteei? Zein galdera zaila! Baina esango nieke euren bidea topera jarrai dezatela! Edozer gauza filmatu dezatela, baina asko, eta ikasi proiektu bakoitzean nola funtzionatzen duen lanbide honek umiltasunetik eta behaketatik. Eta nola ez, bizi, sentitu, baloratu eta eskertu. Era berean, gaur egun argazki-zuzendari izatea zein eskuragarria den baloratzea, zinema digitaleko kamera bat erostea eta bere lanak Youtuben edota Vimeon publikatzea esango nieke. Lehen hori egitea ezinezkoa zen.
Zure ustez, zer da zinemak gizarte bati eman diezaiokeen gauzarik garrantzitsuena? Zinema fikzio bat da. Niretzat entretenimendua ematea da, jendea ez manipulatzea eta mezu politiko zein sozialekin batzuen edo besteen onerako “egokiak ez diren” moduetan erabiltzen ez saiatzea. Pelikulatzar bat zinema-areto batean pantaila handi batean eta soinu bikainarekin ikustea gauza magikoa da, eta espero dut ez galtzea.
Azken aldian Basauri zine edo telesailen plato bihurtu da. Aurten, adibidez, Nacho Vigalondoren ‘Superestar’; Gracia Querejetaren, Violeta Salamaren eta Claudia Pedrazaren ‘Olimpia’, eta Joaquín Mazonen ‘El Casoplón’ grabatu dira. Zure ustez, zerk ematen die atentzioa Basaurin filmatzeko? (Barreak) Lege baten bidez, film edo serie baten aurrekontu osoaren % 40 jasotzen dute Bizkaian. Horregatik, Madrildik ez ezik, mundu osotik Bizkaira etortzen ari dira filmak edo telesailak filmatzera. Ez du zerikusirik paisaiarekin, eraikinekin edo kokapenekin. Ez behintzat hasiera batean.
Baduzu proiekturik epe laburrean, ertainean edo luzean? Gauzak badaude mahai gainean, baina gremio honetan, filmaketaren lehen egunean ez zauden arte eta filmatzen ari zaren arte mila gauza gerta daitezke. Beraz, nahiago dut ezer ez aurreratu. Izango duzue nire berri!