Sareak

☉ Galdakao

Alba Lema eta Iraia Marcaida: «Gazteok kontzientziatuta gaude nazioarteko zein herriko boluntariotzari dagokionez»

Otsailaren amaieran Alba Lema eta Iraia Marcaida galdakoztarrak Nerpalera joango dira boluntario. Samsara Nepal elkartearekin Ananda proiektuan lagunduko dute: ikusteko eta entzuteko desgaitasuna duten haurrentzat prestatutako ordenagailu bereziak eramango dituzte, besteak beste

|

Otsailaren amaieran Nepalera joango dira boluntario / Geuria

Samsara Nepal elkarte galdakoztarrak urteak daramatza Nepalera joateko boluntarioak prestatzen. Urtero Galdakaoko boluntarioren bat joaten da Samsararekin Nepalera, eta oraingoan bi herrikide joango dira otsailaren amaieran: Iraia Marcaida (Bilbo, 1992) eta Alba Lema (Vigo, 1991). Iraiarentzat lehen aldia izango da Nepalen, baina Albak hainbat alditan bidaiatu du bertara. Bea de Francisco Samsara Nepal elkarteko sortzaileetako bat da eta, aldi berean, Albaren ama: “Alba Nepalenganako maitasunean jaio zen”, dio Beak. 2008tik dago bere familia Nepalekin lotuta, bertako ume bat besotan hartu zutenetik.

Ananda proiektuarekin joango dira Iraia eta Alba Nepalera. Zehazki, Bungamati herrira. Ananda proiektua Samsara Nepalek sortu duen proiektua da, Bungamatiko umezurztegiko ikusmen-urritasuna duten haurren ongizate fisiko, kultural eta sozialerako. Ikasgela iraunkor bat sortu du Samsarak bertako umeek braille, musika, ingelesa eta informazioaren eta komunikazioaren teknologiarako sarbiderako eskolak jaso ditzaten. Ildo horretan, ikusteko eta entzuteko desgaitasuna duten haurrentzat prestatutako ordenagailuak eramango dituzte, besteak beste. “Independenteak izaten irakasten zaie, eguneroko bizitza pixka bat errazagoa izan dadin”, diote Samsara elkartetik.

Otsailaren amaieran Nepalera joango zarete Samsara elkartearekin. Zer da bertan egingo duzuena?
Iraia Marcaida: Lehentasuna material berria eramatea da. Material hori erabiltzen ikasten ari gara bidaian joan aurretik, bertako irakasleei erabiltzen irakasteko. 

Alba Lema: Egunero ikasgelan egongo gara eurekin, materialak nola erabiltzen dituzten jakiteko eta feedbacka Galdakaora ekartzeko. Oraingoan, aurretik erabili ez dituzten materialak eramango ditugu. Beraz, garrantzitsua da ikustea ea praktikoa zaien eta zein behar dituzten, etorkizuneko boluntarioekin lanean jarraitzeko. Horretarako ere baliatuko dugu. 

Boluntario bezala Nepalera bidaiatuko duzuen lehen aldia da?
I.M.: Bai, nire lehen aldia da. Beti izan dut buruan Nepal, baita bertara boluntario bezala joatea ere, eta orain sortu zait aukera. 

A.L.: Nire kasuan ez da lehen aldia. Samsararekin beste zenbait alditan joan naiz Nepalera, Ananda proiektuarekin zein aurretik elkarteak burutu dituen egitasmoekin. Nire familiarekin joaten hasi nintzen, eta ordutik ez dut aukerarik galtzen bertara bidaiatzeko.

Zer espero duzue biziko duzuen esperientziaz?
A.L.: Ikusmen-desgaitasunari buruz askoz gehiago ikastea espero dugu. Ez genekien ia ezer gaiari buruz, eta esperientzia honetarako jaso dugun prestakuntzari esker, konturatu gara asko gustatzen zaigula eta askoz gehiago ikasi nahi dugula. Ume horiekin eta bertako irakasleekin gozatzea, elkarrekin bizitzea eta beren kulturari eta herrialdeari buruz ikastea ere espero dugu.

Otsailaren amaieran joango zarete.
I.M.: Bai. Otsailaren amaieran joateko asmoa dugu. Oraindik ez ditugu hegaldiak hartu, prezioak momentu honetan oso garesti daudelako eta, ustez, data hurreratu ahala merkatu egiten direlako. Beraz, laster erosiko ditugu. Nepalen 20 bat egun emango ditugu.

Ananda proiektuko umeak eta irakasleak / Samsara Nepal

Nepalera joan aurretik formakuntza jaso duzue.
I.M.: Begisare elkartearekin elkartu gara eta Ikusteko urritasuna duten ikasleak hezkuntzan barne hartzeko baliabidetegira (IBT) joan gara bertan eramango ditugun materialak ikustera eta nola erabiltzen diren ikastera. Era berean, ikusmen desgaitasun desberdinak dituen jendearekin ere elkartu gara.

A.L.: Bai, ikusmen-urritasun maila desberdinak dituzten pertsonekin bildu gara, eta hori da, azkenean, Nepalen aurkitzen dugun errealitatea. Haur guztiak ez dira erabat itsuak, eta horien beharrei ere erantzun nahi diegu.

Zer da Begisarerekin eta IBTrekin ikasi duzuena?
A.L.: Begisarek lagundu zigun eramango ditugun ordenagailu egokituak baliagarriak izango zaizkien ala ez ikusten. Geroago, IBTa ezagutu genuen. Bertan, beren instalazioetara gonbidatu gintuzten eta material mordoa erakutsi ziguten; material hori existitzen zenik ere ez genekien! IBTn horretan jarduten dute hain zuzen ere: Euskadiko ikasgeletan ikusmen-urritasunak dituzten haurrentzako materialak integratzen dituzte. Beraz, euren instalazioetara joan ahal izatea, materiala ikustea eta nola erabiltzen den jakitea, Samsara Nepal elkarteak egin duen aurrerapen onenetakoa izan da.

Formakuntza noiz hasi zenuten eta noiz bukatu?
A.L.: Bilerekin azaroan hasi ginen, eta gaur egun oraindik jarraitzen dugu eurekin batzen.

Beak kontatu didanez, besteak beste, inprimagailu berezi bat eramango duzue, umeak edo irakasleak marraztuko duen zerbait gero braillean aterako duena. Makina mota hau ulertzea erraza egin zaizue gero bertako irakasleei irakasteko?
I.M.: Erraza egin zitzaigun IBTren laguntzari esker, nola erabiltzen zen erakutsi baitzigun, eta ikasgelan material hori aprobetxatzeko hainbat modu azaldu zizkiguten. Nepaletik eskatzen duten gauza bat da ez dutela erliebedun Nepalgo maparik; Asiakoak badaude, baina ez Nepalgoak. Orain arte oso modu artisauan egiten zuten lan mapekin, eskura zituzten materialekin. Makina honekin, irakasleak nahi dituen xehetasun guztiekin marraztu ahal izango du mapa. Gure ustez, bere herrialdeak zer forma duen, tximeleta batek zer forma duen edo lantzen ari diren edozein ikasgai jakitea aurrerapauso handia izan daiteke.

Ananda proiektuaren bitartez Bungamatiko Disabled School umezurtz-etxeko haur itsuei laguntzea da asmoa.
A.L.: Bai. Haiekin lan egitea dirudiena baino errazagoa da, nahiz eta hemendik pentsatzen dugun konplikatua izan daitekeela. Eta are gehiago han dituzten baliabide egokituen urritasunarekin. Baina errealitatea da harritu egiten zaituela ikusteak zelan lortzen duten guztia modu naturalean lortzen dutela. Joan nintzen lehen aldian, ikusmen apurrik ba ote zuten galdetu behar izan nuen, harritu egin baininduen zein erraz moldatzen ziren.

Prestakuntza berezirik jaso duzue ume horiekin lan egiteko?
I.M.: Ez. Teoria asko ikasi dugu hemendik, baina praktikan, nik adibidez, ez dut inoiz ume hauekin lan egin. 

A.L.: Nik haur horietako batzuk ezagutzen ditut dagoeneko, eta aurreko bidaietan aukera izan nuen proiektu honen parte ez diren beste batzuekin ere egoteko. Uste dut hemendik prestatzea garrantzitsua dela. Nahiko nuke denbora eta baliabide gehiago izatea gurean prestakuntza gehiago jasotzeko. 

Boluntario zaretenez, bidaia eta bertako egonaldia zuek ordainduko dituzue.
I.M.: Gure lanetan Nepalera joan ahal izateko tarte bat bilatzea izan da garrantzitsuena. Ekonomiari dagokionez, bizimodua eta hango egonaldia nahiko eskuragarriak dira; hegaldia da garestia, baina hori bagenekien.

A.L.: Nik Zurrut tabernan lan egiten dut, Samsara Nepal elkartearen egoitza nagusian. Nepalera joateko data egokienak bilatu behar izan ditut, familiako taberna baita.

Gazteak zarete. Gazteak orokorrean boluntarioak al dira? Bea Francisco Samsara Nepaleko ordezkariek honakoa esan zidan duela aste batzuk: “Jende on asko dago, horietako asko gazteak, eta gure etorkizunak itxaropen pixka bat izatea ahalbidetzen dute”.
I.M.: Ni ados nago Bearekin. Jende gazte asko dago boluntario joateko prest; nire ustez nagusiagoa den jendea baino gehiago.

A.L.: Uste dut gazteok nahiko kontzientziatuta gaudela, bai nazioarteko boluntariotzari dagokionez bai herrian behar denari dagokionez. Galdakaon, adibidez, gazteek osatutako hainbat elkarte ditugu, hala nola, Zizpa edo Momoak, eta horietan lana borondatezkoa da.

Alba, zuk gertutik ezagutzen duzu Nepal. Zure amak dioen bezala, “Nepalenganako maitasunean jaio zara”.
A.L.: Hori horrela da. Niretzat oso garrantzitsua da Nepal. Asko bidaiatzen dut eta beste herrialde asko ezagutu ditut, baina Nepalek beti izango du zerbait berezia niretzat eta nire familiarentzat. Bidaian joan nintzen lehen herrialdea izan zen, eta orduan nire neba nepaldarra ezagutzera joan ginen. Niretzat Nepal familia da.

Neba baduzu Nepalen. Zelakoa da zure harremana berarekin?
A.L.: Ez dugu eguneroko kontakturik. Gainera, duela gutxitik dauka mugikorra. Hala ere, beti izaten dugu elkarren berri. Badakit ondo dagoela, eta badakit beti zer ari den egiten. 

Iraia, zu psikologoa zara, Haur Hezkuntzako irakaslea izateaz gain. Psikologiako ikasketek zertan lagun zaitzakete bidaia honetan?
I.M.: Psikologiako ikasketek desgaitasun ezberdinekin kontaktuan egotea ahalbidetu didate. Egia da ikusmen desgaitasunekin ez dudala inoiz lan egin, baina ikasteko oinarria hor daukat. Gainera, haur hezkuntzako irakaslea banaiz, beraz, umeekin ere ondo moldatzen naiz.

Oraindik esperientzia hau ez duzue bizi, baina zelan animatuko zenituzkete zuen ingurukoak, herrikideak edo eskualdekoak boluntario izan daitezen Samsararekin?
A.L.: Urtero Galdakaoko boluntarioren bat Samsararekin joaten da Nepalera eta esperientzia zoragarria izan dela kontatzen du. Guretzat ez dago arrazoi hoberik horrelako zerbait bizitzera animatzeko, errepikatu nahi izan duen jendearen ahoz ahokoa baino.

☉ Galdakao

Bizkaiko igeriketa txapelketa jokatuko da asteburuan Galdakaon

Guztira 140 igerilari inguruk hartuko dute parte, denak kategoria absolutukoak eta junior kategoriakoak. Besteak beste, Galdakaoko, Etxebarriko eta Basauriko klubek izango dute ordezkaritza

|

Guztira 140 igerilari inguruk hartuko dute parte Bizkaiko igeriketa txapelketan, denak kategoria absolutukoak eta junior kategoriakoak // Galdakaoko Udala

Bizkaiko igeriketa txapelketa jokatuko da uztailaren 13an eta 14an Galdakaoko Urreta kiroldegian. Guztira 140 igerilari inguruk hartuko dute parte, denak kategoria absolutukoak eta junior kategoriakoak, eta asteburuan zehar guztira 47 proba izango dira Urretako igerilekuan, goizez zein arratsaldez.

Bizkaiko 16 klubetako igerilariak lehiatuko dira: Galdakao, Basauri, Ganguren, Maristas, Getxo Igeriketa Bolue, Bilbao, Santurtzi, Sestao, Portugalete, Bilbao Aingeruak, Gernika-Kosnoaga, Kikunbera, Mungia, Sopela, Swim Camp Getxo eta Zurkide Zalla.

Galdakao Igeriketa Taldeak 16 ordezkari izango ditu (Uxue San Juan, Irati Larrea, Aitor Gomez, Elrik Huth, Eider Villar, Laia Aurrekoetxea, Iker Ariño, Haizea Furundarena, Ander Madina, Ander Gonzalez, Ainara Ortun, Usune Fernandez, Ariane Guillen, Olaia De La Calle, Eneko Neven eta Alain Antolin), Etxebarriko Ganguren klubak hiru (Eneko Ruiz, Beñat Alvarez eta Ibon Vazquez) eta Basauriko taldeak ordezkari bakarra (Danel Castillo) izango du.

Maria Casillas galdakoztarrak ere parte hartuko du Bizkaiko txapelketan, Swim Camp Getxo klubarekin. Pasa den asteburuan Munduko eta Europako errekorrak hautsi zituen errelebotan Lara Vicandirekin, Ane Ibarrondorekin eta Naia Ibarrondorekin batera, São João da Madeiran (Portugal) izandako XXV. Masters Verão txapelketan.

Oraingoan 50 metroko eta 100 metroko bizkar-igeriketako probetan hartuko du parte galdakoztarrak. Momentura arte, 50 metroko bizkar-igeriketan Bizkaiko errekor absolutua egin zuen Casillasek 2022an (29.49).

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Galdakaoko Ibilaldia aurkeztu du Eguzkibegik Euskaltzaindiaren egoitzan

|

Galdakaoko Eguzkibegi Ikastolako eta Getxoko San Nikolas Ikastolako ordezkariak Euskaltzaindiaren egoitzaren aurrean // Argazkia: Eguzkibegi Ikastola

2025eko maiatzaren 25ean Ibilaldia antolatuko du Eguzkibegi Ikastolak Galdakaon. Duela hilabete leloa eta logoa aurkeztu zituzten Kurtzeko plazan, eta Oihane Arana Eguzkibegi Ikastolako lehendakariarekin berba egiteko aukera izan genuen GEURIAn.

Gaur, uztailak 11, Galdakaoko Ibilaldiaren aurkezpena egin dute Euskaltzaindiaren egoitzan, Bilbon. Eguzkibegi Ikastolako ordezkariez gain -tartean Oihane Arana lehendakaria-, aurten Ibilaldia antolatu duten Getxoko San Nikolas Ikastolako ordezkariak ere izan dira aurkezpenean.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Olabarrietako Katamar Haurreskolako jolastokiak estalkia izango du ikasturte berritik aurrera

|

Estalkia jartzeko lanak uztailaren 15ean hasiko dituzte eta sei astez luzatuko dira // Galdakaoko Udala

Estalkia jarriko diote Galdakaoko Olabarrietako Katamar Haurreskolako jolastokiari. Lanak uztailaren 15ean hasiko dituzte eta sei astez luzatuko dira, Galdakaoko Udaletik zehaztu dutenez.

Estalkiaren egitura metalezkoa eta egurrezkoa izango da eta sabaia zeharrargia izango da, “argi naturala sar dadin”. Led motatako argi puntuak ere izango ditu.

Estalkia jartzearekin batera, jolastokian gomazko zoru berria ipiniko du Udalak.

Aurreikuspenen arabera, ikasturte hasterako jarrita egongo da estalkia. Udalak 60.000 euroko inbertsioa egin du.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Maria Casillas igerilari galdakoztarrak Munduko eta Europako errekorrak hautsi ditu errelebotan, Master kategorian

Casillasekin batera erreleboen taldea osatu dute Lara Vicandi Telleriak (Donostia), Ane Ibarrondo Garciak (Getxo) eta Naia Ibarrondo Garciak (Getxo), denak Swim Camp Getxo klubekoak

|

Maria Casillas (zutunik, eskuman), Lara Vicandi, Ane Ibarrondo eta Naia Ibarrondorekin batera // Utzitakoa

Maria Casillas Chueca igerilari galdakoztarrak Munduko eta Europako errekorrak hautsi ditu errelebotan, asteburuan São João da Madeiran (Portugal) izandako XXV. Masters Verão txapelketan.

Casillasekin batera erreleboen taldea osatu dute Lara Vicandi Telleriak (Donostia), Ane Ibarrondo Garciak (Getxo) eta Naia Ibarrondo Garciak (Getxo), denak Swim Camp Getxo klubekoak.

Munduko errekorrari dagokionez, 4×50 crol +100 proban 1’49”9ko denbora egin zuten, zegoen errekorra —2016koa— hautsiz (1’50”28).

Munduko errekorra hausteaz gain, Europakoa ere hautsi zuten lau igerilariek 4×100 estilos +100 proban, 4’37”39 denborarekin (aurreko marka 4’42”20koa zen).

“Gogor prestatu genuen txapelketa eta atzetik entrenamendu asko dago. Errekorrak haustea zaila zen: laurok ia gure markarik onenak egin behar genituen, eta motibazioarekin lortu genuen bi markak haustea. Sekulakoa izan zen!”, adierazi dio GEURIAri Mariak.

Igeriketa “oso kirol sakrifikatua” dela dio Mariak: “Oso gutxitan ematen ditu fruituak, baina kasu honetan eman ditu eta oso pozik gaude!”.

“Talde honetan oso argi daukagu ondo igeri egiteko denon artean oso ondo konpondu behar dugula eta giro oso ona egon behar duela. Eta hori da gure errealitatea”, dio Mariak.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Kurtzeko frontoiko estalkia eta teilatu-hodiak konpontzeko lanak udazkenean hasiko dituzte

Uztailean frontoiko tabernaren estalkiko arazoak konponduko dituzte, eta irailetik aurrera ekingo diete lan handiei. Kasu batean zein bestean obrek ez diote frontoiko erabilerari eragingo

|

Aste honetan frontoiko tabernaren estalkiko arazoak konpontzen hasiko dira // Google

Kurtzeko frontoian dauden ur-filtrazioak konponduko ditu Galdakaoko Udalak. Aste honetan frontoiko tabernaren estalkiko arazoak konpontzen hasiko dira: estalkiko lamina iragazgaitza aldatuko dute, zaharra zulatua baitago eta ura sartzen baita.

Lan hauek “egun gutxitan” amaituko dituztela adierazi dute udal ordezkariek, eta frontoiaren eta tabernaren erabileran eraginik ez dutela izango zehaztu dute.

Bestetik, estalkiko hegal nagusia berritzeko lanak egingo ditu Udalak: alde batetik, teilatu-hodi berria jarriko dute aurrealdean, txapa ordezkatuko dute eta erremateak egingo dituzte; eta bestetik, atzealdeko teilatu-hodia ere konponduko dute.

Obra horiek iraila amaieran edo urrian hasiko dituzte, “Santakurtze jaiak bukatu ostean”. Kasu honetan ere kanpotik egingo dutenez lan, Udaletik aurreikusi dute lanek ez dutela eragingo frontoiaren erabileran, eta entrenamenduek “normaltasunez” jarraituko dutela adierazi dute.

Osorik irakurri