→Galdakao

Ana Mezo: “Eguzkibegi Ikastolan jarraitzen dut lan boluntarioak egiten”

galdakao ana mezo 2017 eguzkibegi ikastola

Ana Mezo Eguzkibegi Ikastolako irakasle izan da 30 urtez. Nahiz eta iaz erretiroa hartu, oraindik ere harremanetan jarraitzen du Ikastolarekin.

Ana Mezo Eguzkibegi Ikastolako irakasle izan da 30 urtez. Nahiz eta iaz erretiroa hartu, oraindik ere harremanetan jarraitzen du Ikastolarekin, besteak beste, 50.urteurreneko ospakizunetan laguntzen

Ana Mezo (Larrabetzu, 1955) Kimikan lizentziatua da eta 33 urte eman ditu Eguzkibegi Ikastolan irakasle. 1983. urtean heldu zen bertara, aurretik Sopelako Ander Deuna ikastolan lanean ibili ondoren. Joan den ikasturtearen bukaeran erretiroa hartu arren, ikastolarekin harremanetan jarraitzen du, “lan boluntarioak egiten”. Esate baterako, 50. urteurreneko ospakizuentan laguntzeko aukera du.

Zein zen 80ko hamarkadako egoera soziala?

Aurretik egoera zailak bizitu ziren, baina oraindik ere dena ez zen samurra. 80ko hamarkadan Euskal Herriak urte gogorrak bizi izan zituen. Baina zailtasun horiek eztabaidarako eta gogoetarako bidea ematen zuten, hala beharrez.

Euskararen egoera ere zaila zen.

Hala da. Euskarari eta hezkuntza euskaraz egiteari zegokionez, oraindik ere zailtasunak zeuden, baina arazoak leuntzera gindoazen. Funtzionamendurako eta antolaketarako, hau da, Hezkuntza erregulatzeko legeak agertu ziren, irakasle taldearen egonkortasun maila txiki bat lortu zen, eta erkidego honetako euskararen normalizaziorako legea ere ordukoa da. Edozelan ere, hurrengo hamarkadetan ere lan handiak egin dira.

Gaur egungo euskararen egoeraz galdetuko banizu?

Datuek esaten dute ezagutzan gora egin dela. Hala bada ere, ez da nahikoa minoritarioa eta minorizatuta dagoen hizkuntza baten biziraupenerako. Gainera, uste dut erabileran behera egin dela, baina baita euskararen kalitatean ere, eta hori ez da berri ona. Hizkuntza batek, euskarak, aurrera egingo du hiztunek erabili egiten badute. Beraz, har ditzagun neurriak euskarak aurrera egin dezan.

Eta, horretan gizartearen inplikazioa behar da…

Orokorrean, jendartean, konpromisoak hartzeko eta inplikatzeko moduak asko aldatu dira. Bitartekoak ere desberdinak dira: teknologia berriak eta bestelako bitartekoak. Edozelan ere, hezkuntzan komunitate osoaren inplikazioa behar dela argi ikusi dut beti, bakoitzak bere esparrutik konpromisoa hartu behar du. Bakoitzak berari dagokion lanari ekin behar dio, inoren esparruan sartu barik, baina irakasle, gainontzeko langile eta gurasoek inplikatu egin behar dute.

Irakasle izan zara, baina zer da Egukibegik zuri irakatsi dizuna?

Ikastola nire bizitzako parte oso garrantzitsua da. Irakasle izateaz gain, zuzendaritza taldeko partaide izan naiz 25 urte baino gehiagoan. Nire formazio akademikoari erreparatzen badiogu, nik beste nonbait lanean aritzeko profila daukat. Baina mundu honetan sartu nintzen eta asko ikasi dut, pedagogiaz, pertsonen arteko harremanez, kudeaketaz eta abarrez. Momentu estuak bizi izan ditut, baina ez daukat inolako damurik.

Aurten 50 urte bete ditu Eguzkibegik.

Bai. Hor daude hasierako urteak eta egoerak, baina baita hurrengoak ere. Nik batzuk bizitzeko aukera izan dut beste pertsona askorekin batera, paperetan egundo agertzen ez direnak baina asko aportatu dutenak. Belaunaldi desberdinetakoak gara, jubilatu garenak, jubilatzeko daudenak, gaur egun lanean jarraitu beharko dutenak, gazteak direnak eta horren gazteak ez direnak.

Iaz hartu zenuen erretiroa. Harremanetan jarraitzen al duzu ikastolarekin?

Bai, lan boluntarioak egiten ditut. Besteak beste, 50. urteurreneko ospakizunetan laguntzen, baita bestelako zalantzarik dagoenean iritzia ematen ere.

Honekin guztiarekin amaitzeko bi gauza esan gurako nituzke. Batetik, lanean jarraitu behar dutenei animo eta aurrera, merezi du-eta; bestetik, aipamen berezia sekulan edo gutxitan agertzen direnei, lanean oso gertu izan ditudanei, zein horren gertu izan ez ditudanei.

Azkenik, legeak lege, oraindik Euskal Herriko Hezkuntza erregulatuko duen legea falta zaigu. Bitartean lanean jarraitu beharko dugu EAEko, Nafarroako eta Iparraldeko gainontzeko euskalgintzako eragileekin batera.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak