Sareak
[the_ad_group id="3890"]

☉ Galdakao

Eguzkiñe Gezuraga: “Noizbait amaituko da Gure Esku Dagoren lana, eta orduan politikariek hartu beharko lukete lekukoa”

Eguzkiñe Gezuraga Galdakaoko Gure Esku Dago taldeko kidearekin berba egin dugu. Galdeketa azaroaren 5ean egingo dute Galdakaon.

|

galdakao eguzkine gezuraga 2017 gure esku dago
Eguzkiñe Gezuraga Galdakaoko Gure Esku Dago taldeko kidea da // Maider Ibañez

“Euskal Herri independente bateko herritarra izan gura dozu?” galderari erantzungo diote galdakoztarrek azaroaren 5ean. Eguzkiñe Gezuraga Galdakaoko Gure Esku Dago taldeko kidearekin berba egin dugu

Azaroaren 5ean herri galdeketa egingo dute Galdakaon, erabakitzeko eskubidearen alde. Ekainaren bukaeran iragarri zuen Galdakaoko Gure Esku Dago (GED) taldeak eta urrian galdera zein izango den aurkeztu zuten: “Euskal Herri independente bateko herritarra izan gura dozu?”. Galdeketaren egunean 100 boluntario baino gehiago ariko direla lanean adierazi du Eguzkiñe Gezuraga GED Galdakaoko kideak. “Azaroaren 5ean jaia antolatuko dugu herrian. Besteak beste, txistulariak, udal musika banda, Andra Mari Dantza Taldea, txosnak, zozketak, emakumeen herri kirolak eta erromeria izango dira”, dio Gezuragak. Gaueko ekitaldira Gure Esku Dagoko bozeramaileak etorriko dira, “baita Kataluniako begiraleak ere”.

Hiru egun barru, herri galdeketa egingo duzue Galdakaon…
Hala da, azaroaren 5ean erabakitzeko eskubidearen aldeko kontsulta egingo dugu Galdakaon. 16 urtetik gorako 20.000 herritar inguru daude deituta galdeketara. Argitu beharra dago Usansolotarrek ez dutela A5ean bozkatuko.

Zergatik, bada, hori?
Ez dakit gurea bezalako beste kasurik ba ote den. Galdakaon Gure Esku Dago 2013an sortu zenetik, bi batzorde egon dira: bat Galdakaon eta bestea Usansolon. Galdeketaren prozesu honi hasiera eman genionean, pentsatu genuen onena izango zela Galdakaok eta Usansolok prozesua elkarrekin egitea. Usansoloko batzordekoekin hitz egin genuen, oso harreman ona baitugu eurekin, baina beste prozesu batean sartuta daudenez –Usansolo herri bihurtzeko prozesu horretan, hain zuzen–, erabaki zuten herri kontsulta bateratuan parte ez hartzea. Horregatik ez dute oraingoz Gure Esku Dagoren galdeketa honetan parte hartuko.

Azaldu azaroaren 5eko galdeketara heltzeko prozesua zein izan den.
Euskal Herrian dagoeneko ehunka dira galdeketa egin duten udalerriak. Prozesua Galdakaon duela urtebete hasi zen, aurreko ikasturtearen hasieran. Oporren ostean, hasi ginen hausnartzen 2016-2017 ikasturtean zer egingo genuen, eta argi geneukan erronka potoloa behar genuela, suspergarri bat behar genuela aurrera egiteko. Denok geneukan buruan galdeketaren gaia, baina egia esan, ikaratu egiten du galdeketa antolatzeak. Izan ere, lan handia da, ikusi dugu inguruan antolatu dituzten herrietan zelan ibili diren. Gero, oro har, oso emaitza onak lortu dituzte, baina noski, lan handia egin behar da. Eta, ikusten genuen horrelako erronka bati ekiteko lehenengo eta behin egin behar genuena zela taldea indartzea. Horretan geundela, Bizkaiko egituratik proposatu ziguten, “zuek zergatik ez? Getxo dabil hor bero-bero, Leioa eta Erandion…”. Hori izan zen bultzada eman ziguna.

Zelan antolatu duzue galdeketa?
Urtarrilean asanblada bat egin genuen Gandasegiko eskolan. Jende dezente elkartu ginen, baina ez genuen guztiz erabaki galdeketa egingo genuenik. Galdeketa bat egiteko prozedura prestatzea adostu genuen. Besteak beste, sinadura bilketa.

Eta, 3.000tik gora sinadura bildu zenituzten.
Bai. Apirilaren amaieratik ekainaren bukaerara bitartean egin genuen sinadura bilketa. Eta, gure harridurarako, 3.000 sinadura baino gehiago jaso genituen: zehazki, 3.323. Egia da herriak beti asko babestu gaituela eta beti emaitza onak lortu ditugula herritarrengandik, baina ez genuen horrelako erantzunik espero sinadura bilketan. Hala, Bizkaiko egituratik proposatu zigutenaz gain, sinadura bilketak eta herritarren nahiak galdeketa egiteko behar genuen bultzada eman ziguten.

Zein izan dira hurrengo pausoak?
Sinadura bilketa eta gero buru-belarri sartu gara galdeketaren beraren antolaketan. Herri askotan dagoeneko kontsultak egin dituztenez, Gure Esku Dagok protokolo oso zehatza eta serioa du galdeketak aurrera eramateko.

Datari dagokionez, azaroaren 5a ez zegoen hasieratik finkatuta. Udazkenean gauzatuko genuela bagenekien, baina ez zein egunetan. Orduan, Getxok proposatu zuen azaroaren 5ean egitea, bi arrazoi hauengatik: alde batetik bosta Gure Esku Dagoren irudia, sinboloa delako, eta bestetik, azaroaren 5ean delako emakumeok botoa lehen aldiz eman genueneko urteurrena. Benetan oso ideia polita iruditu zitzaigun batzorde ezberdinetako kideoi. Eta, amaitzeko, galdera zein izango den adostu behar zen. Horretarako prozesu parte-hartzailea jarri genuen abian irailean.

galdakao gure esku dago 2017 galdera aurkezpena taldea

Urriaren 1ean galdera zein izango den aurkeztu zuten jendaurrean // Geuria

Herritarren erantzuna zein izan da galdeketarekiko?
Argi dago galdakoztarrek bozkatu nahi dutela eta dugula. Jendea pozik dago, badakielako bozkatu egingo duela. Sinadura bilketan partaidetza handia lortu genuen eta galdera zein izango den erabakitzerakoan ere parte-hartzea handia izan da. Gainera, botoa emateko nahiaz gain, jendea prest agertu da antolaketa lanetan laguntzeko, bai boluntario lanetan laguntzeko, kartelak jartzeko edota bozkalekuetan egoteko.

Zein izango dira bozkalekuak?
Saiatu gara herria bere osotasunean hartzen. Galdakao oso zabala da eta ez genuen nahi erdialdera bakarrik mugatu. Gune nagusia Iturriondo plaza izango da eta bertan bozkatzeko bi mahai egongo dira. Araba kalean bozkaleku bat egongo da, eta Urreta auzoan beste bat. Herritarrek utzitako lokalak dira azken horiek, gure egoitza nagusia bezala, Zamakoa kalean. Ezer eskatu barik utzi dizkigute lokal horiek. Era berean, Aperribain ere beste bozkaleku bat egongo da, auzo elkartearen lokalean.

Galdeketa babesten duten elkarteez galdetuko banizu…
Asko dira galdeketari babesa erakutsi dioten elkarte zein erakundeak. Ezingo nizkizuke zerrenda batean denak esan, baten bat ahaztu egingo baitzait, baina asko dira. Bestetik, alderdi politiko ia guztiekin ere harremana izan dugu, PPrekin izan ezik, ez baikintuen hartu. Eta sindikatuek ere bat egingo dute galdeketarekin.

Eskualdean Arrankudiagan eta Arrigorriagan egin dituzte dagoeneko galdeketak; Galdakao baino txikiagoak dira herri biak. Zelan ikusten duzu parte-hartzearen kontua zuenean?
Kontuan hartuta sinadura bilketa %15aren inguruan ibili zela, espero dut zifra hori gaindituko dugula. Galdakao bezalako herri batean herritarrek euren kabuz antolatutako ekimen batean %15eko parte-hartzea izateak jada arrakasta suposatzen duela esango nuke. Hortik gora, gero eta poz handiagoa!

Azkenaldian puri-purian dagoen gaia da Kataluniako erreferenduma. Zure ustez, Euskal Herriak lortuko al du noizbait erreferenduma egitea?
Kataluniakoa aipatzen duzula, nabarmendu nahi nuke hango begirale batzuk etorriko direla gurera hilaren 5ean, besteak beste, Parlamenteko kide bat eta alkate bat. Saiatzen ari gara CUPeko begirale bat ere ekartzen.

Eta zure galderari erantzunez, zail ikusten dut epe laburrean erreferenduma Euskal Herrian egitea. Gauza asko aldatu behar dira horretarako. Momentuz testuinguru bat, oinarri bat sortzen ari gara Gure Esku Dagoko kideok. Argi dago Gure Esku Dagok noizbait bere lana amaituko duela, eta hori gertatzen denean beste norbaitek hartu beharko duela lekuko hori. Nik uste dut politikarien txanda izan behar duela momentu horrek, eta eurek jakin behar dute benetan norantz jarraitu nahi duten.

☉ Galdakao

Julen Gabiria galdakoztarrak euskaratu duen ‘Elkanoren herriari bueltaka’ liburua aurkeztuko dute Durangoko Azokan

|

Julen Gabiria idazle eta itzultzaile galdakoztarrak ‘Elkanoren herriari bueltaka’ liburua euskaratu du aurten, eta Durangoko Azokan salgai egongo da abenduaren 5etik 8ra bitartean.

Ander Izagirre idazle donostiarrak argitararatu zuen gazteleraz liburua 2022an, eta bi urte ondoren, euskarazko bertsioa aurkeztuko dute euskal liburuen eta diskoen azoka handian.

Bai Gabiriak bai Izagirrek liburuaren aurkezpena egingo dute abenduaren 8an, igandez, Ahotsenea-Literatura gunean, 16:30etik 17:00etara bitartean.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Iskander Sagarminaga eta Eider Eibar Durangoko Azokan izango dira ‘Margo Pitarak’ proiektua aurkezten

|

Eider Eibar ilustratzailea, Iskander Sagarminga igerilaria eta 'Margo Pirtak' proiektua // Kokoak.eus

Iskander Sagarminaga eta Eider Eibar Durangoko Azokan izango dira ‘Margo Pitarak’ proiektua aurkezten. Abenduaren 6an, ostiralez, izango da 17:30etik 17:50era Landakoguneako Kabi@n.

Proiektu transmedia da eta igerilari galdakoztarrak eta Eider Eibar ilustratzaileak 7 itsasoen erronkak igerian eta marraztuz euskaraz sorturiko eduki digitalak biltzen ditu: eskulanak, euskarazko sticker animatuak, mapa interaktiboak, bideoak edota animazioak.

Beste alde batetik, Galdakaon bizi den Eider Eibarrek ‘Kokoak’ liburua argitaratu du aurten, eta Durangoko Azokan ere aurkezpena egingo du. Abenduaren 5ean, ostegunez, izango da 16:30etik 17:00etara Saguganbara gunean.

‘Kokoak’ liburua 3 urtetik gorako umeentzat dago zuzenduta eta Kokoen unibertsoa ezagutaraztea du helburu: “Koko Mako, Maki Moko, Kako Mako eta Koko Miko hitz-joko magikoa abestu eta Kokoak azaldu dira, izaki fantastiko txikiak, gure sorkuntza artistikoko lanetan laguntzen digutenak marrazkietan zulotxoak egin eta bertara sartuz”, dio sinopsiak.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Bideoa / Zein da euskarak duen hitzik politena? Galdakaon erantzun dute!

|

Abenduak 3 ditu gaur: Euskararen Nazioarteko Eguna. Galdakaon goizean Mintzodromoa egin dute Iturrondoko karpan (hemen argazkiak!) eta jarduera aprobetxatuta Maria, June, Naroa, Aitor eta Rebeca galdakoztar saltseroak GEURIAko mikroaren aurrean jarri ditugu!

Zein da eurentzat euskal abestirik onena? Eta liburu bat aukeratu beharko balute? Zein da euskarak duen hitzik politena? Euren erantzunak jaso ditugu!

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Argazkiak / Euskara ahoan, 120 lagunek hartu dute parte Galdakaoko Mintzodromoan

|

Euskararen Nazioarteko Eguna da gaur. Galdakaon Mintzodromoa egin dute Iturrondo plazako karpan eta guztira 120 lagun batu dira: Bengoetxe eta Eguzkibegi ikastetxeetako eta euskaltegietako ikasleak eta irakasleak, herriko eragileetako ordezkariak eta norbanakoak elkartu dira eta euskara ahoan izan dute ordu t’erdiz. Hiru gai izan dituzte hizpide: ‘Urak har ditzakeen eremuetan eraikitzea’, ‘Zeregin gehiegi, baina denbora gutxi’ eta ‘Ikasgai berria proposatzea’.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Jon Eguskiza eta Kepa Otaegi galdakoztarrek ‘Momotxorroak’ dokumentala aurkeztuko dute Durangon

‘Momotxorroak: Kaos baten istorioa’ dokumentala abenduaren 5ean aurkeztuko dute Irudienean. Bertan izango dira Andra Mari Dantza Taldeko ordezkariak

|

Jon Eguskiza eta Kepa Otaegi Andra Mari Dantza Taldeko kideek zuzendu dute 'Momotxorroak: Kaos baten istorioa' dokumentala // Durangoko Azoka

Galdakaoko Andra Mari Eusko Dantzari Taldeak ‘Momotxorroak: Kaos baten istorioa’ dokumentala egin du Jon Eguskiza eta Kepa Otaegi taldekideek zuzenduta.

Dokumentalak Altsasuko (Nafarroa) inauteri tradizionalak berreskuratzeko eta biziberritzeko prozesua jasotzen du: “Antzinate handiko jaia izan zen, eta ahaztuta geratu zen, harik eta Ricardo Aldasorok, herriko nagusienetako batek, momotxorro mitikoak (ospakizun horren elementu nagusia) gogora ekarri zituen arte. Hain zuzen ere, oroitzapen horrek bultzatu zuen Altsasuko inauterien berpiztea, ‘Momotxorroak: Kaos baten istorioa’ dokumentalak jasotzen duen prozesua”, diote.

Andra Mari Eusko Dantzari Taldeak inauteri horiei buruzko ikerketa eta berreskuratze lanari ekin zion, Juan Antonio Urbeltz folkloristak bultzatuta, azken horrek Jose Maria Satrustegiren ‘Neguko solstizioa’ lanean oinarrituta.

“Urteetan ikertu ondoren, 1978an Andra Mari dantza taldeak lehen aldiz plazaratu zuen inauteria Altsasun, interes handia piztuz eta Altsasuko komunitatea mugiaraziz, bereziki belaunaldi berriak, non, jai hau biziberritzeko erronka hartu baitzuten. 1982an, inauteriak gogo biziz ospatu ziren berriro Altsasun, eta, ordutik, tradizio horri eutsi dio urtez urte, 2012an Nafarroako Gobernuaren interes turistikoko festa gisa aitortuta”, diote.

Galdakao-Altsasu konexioa

Ikus-entzunezkoaren helburu nagusia da Andra Mari Eusko Dantzari Taldearen lana eta tokiko komunitateak ospakizun hori berpizteko hartu zuen konpromisoa erakustea, XX. mende hasieran azken aldiz antzeztu zenetik, 70eko hamarkadan berpiztu zen arte.

“Dokumentalaren helburu nagusia da belaunaldi berriei euskal kulturaren balioa eta esanahia helaraztea, inauteri horien berreskurapenean parte hartu zutenen testigantza zuzenen bidez”, diote.

Euskal folklorearen arloko pertsona aipagarrienen esperientziak eta testigantzak jaso dituzte dokumentalean. Besteak beste, Mikel Zamalloa, Manu Jauregi eta Koldo Telleria Andra Mariko kideek; Patxi Goikoetxea, Amaia Oiarbide, Enrique Zelaia eta Satur Leoz Altsasuko kultur eragileek; eta Juan Antonio Urbeltz Euskal Herriko folklore maisua zein kultur eragileak hartu dute parte dokumentalean.

Era berean, ikus-entzunezkoak Galdakao eta Altsasuren arteko lankidetza-harremanei balioa eman diela adierazi dute Andra Mari Dantza Taldeko ordezkariek.

Durangoko Azokan

‘Momotxorroak: Kaos baten istorioa’ dokumentala Durangoko Azokan aurkeztuko du Andra Mari Dantza Taldeak.

Abenduaren 5ean, ostegunez, Durangoko Zugaza zineman, Irudienean, ikusi ahal izango da dokumentala, 17:30etik aurrera. Emanaldiaren ostean solasaldia egongo da.

Osorik irakurri