Sareak

☉ Galdakao

Fungipedia: "Gure inguruko perretxiko asko oso onak dira diabetesa kontrolatzeko"

Fungipedia ataria lau lagun galdakoztarrek sortu zuten orain dela zazpi urte. Ordutik, hamaika tresna eratu dituzte onddoei buruzko informazioa zabaltzeko.

|

galdakao fungipedia 2016 elkarrizketa

Ricardo Ibarretxe (Galdakao, 1964), Juan Andres Roman (Galdakao, 1965), Javi Calvo (Galdakao, 1966) eta Aitor Calvo (Galdakao, 1976) galdakoztarrek osatzen dute Fungipedia taldea. Onddoen inguruko webgunea, mugikorrentzako aplikazioa eta berriki argitaratu duten liburu bat sortu dituzte. Euskal Herriaz gain, Espainian, Portugalen eta Latindar-Amerikako lurraldeetan ezaguna da euren lana, baita Suitzan, Italian eta Alemanian ere.

Perretxikozaleak zarete laurak, baina nola izan zenuten elkarren berri?

Juan Andresek eta Javik lehiaketa mikologikoetan parte hartuz izan zuten elkarren berri 80 hamarkadaren amaieran eta 2009an Aitor sartu zen taldera. Fungipedia ataria behin sortuta geneukala, Ricardo ezagutu genuen eta harrezgeroztik elkarrekin izan gara.

Onddoen inguruko behin betiko gida publikatu berri duzue.

Hala da: Setas. La guia definitiva da liburuaren izena. Onddo jangarrien inguruko gida praktikoa da eta guztira 117 mota biltzen ditugu, Iberiar penintsulakoak denak. Berrikuntza moduan, zenbait orrialdetan ipini dugu jangarria den onddo mota bat eta izan ditzakeen biki toxikoak. Argazkiekin eta guzti. Guztira, 250 perretxiko moten argazkiak aurki daitezke liburuan.

Historian eta gure eguneroko bizitzan onddoek eragina izan dutela aipatzen duzue liburuan. Nola?

Bai. Onddoen inportantziari buruz kontzientzia piztea bilatzen dugu. Errespetua zor diegu. Izan ere, gizakiak existitu aurretik onddoek dagoeneko bere lekua zuten mendian eta garrantzia handia izan dute gizatasunaren historian -eta oraindik ere badute-. Onddorik gabe gaur egun ez litzateke ez ogirik, ez garagardorik, ez gaztarik ez penizilinarik egongo.

Hain zuzen ere, sendagai gisa ere erabili direla aipatzen duzue.

Hala da. Ikerkuntza lan handia eskatzen duen gaia da hau. Gero eta gehiago dira gaixotasunetarako eta beren efektuak nolabait arintzeko, onddoen substantziekin egindakoak diren erremedioak. Zentzu horretan, propietate asko dituzten onddo mota asko dago.

Ganoderma lucidum edo reishia da ezagunena eta tumoreen aurkako propietateak ditu. Hala ere, zenbaezinak dira sendagarri-propietateak dituzten onddo motak. Gure inguruan bila ditzakegun perretxiko asko oso onak dira diabetesa kontrolatzeko.

Gidaz gain, 2009an proiektu dibulgatibo bati hasiera eman zenioten.

Fungipedia.es (gaur egun, fungipedia.org) webgunea sortu genuen 2009an proiektu dibulgatibo gisa. Aitorrek proposatutako ideia izan zen. Proiektua hasteko arrazoi nagusia izan zen urteetan zehar lortutako ezagutzak Interneten publikatzea eta bide batez, internauten artean mikologiagatiko pasioa sustatzea.

Sare sozial moduan ere erabili daiteke ataria, ezta?

Hala da. Webguneak bisita ugari ditu: onddoen denboraldian hilean 300.000 bisita izatera heldu gara. Mundu osoko internauten bisitak izan ditugu. Era berean, webguneko foroa nazioarteko aktiboena da gaur egun eta urteak aurrera egin ahala, gero eta parte hartze handiagoa dago bertan.

Era berean, mugikorretarako aplikazio bat sortu duzue.

2014. urtearen amaieran hasi ginen mugikorretarako aplikazioa hedatzen. Codewai euskal enpresarekin akordio batera heldu ginen eta ordutik hona onespena izan du zaleen artean.

Zer da aplikazioan aurki daitekeena?

Fungipedia.org webgunean biltzen dugun informazioaz gain, onddo guneak ikertzeko aukera ematen du aplikazioak; kotxea non aparkatu duzun jakitea ere ahalbidetzen dizu.

Esaiguzue zein onddo mota nabarmenduko zenuketeen.

Onddo jangarrien artean oso gustoko dugu Gardu ziza edo Pleurotus eryngii, baita Boilur beltza (Tuber melanosporum), Bitigar sendoa (Leucopaxillus lepistoides) eta Boletus ezagunak ere.

Eta, okerrera begira, zein da arriskutsuenetarikoa?

Pozoidura gehienak eragiten dituzten bi espezie daude: Hiltzaile berdea (Amanita phalloides) eta Entoloma sinuatum (ilarraka -Clitocybe nebularis- motarekin nahasten da gehienetan). Gure eskualdean noizbait halabeharrezko ondorioak izan dira bi onddo mota horietakoak jateagatik.

Hego Uribe eskualdea perretxikozalea omen da.

Izatez, Euskal Herria oso perretxikozalea da. Eskualdeari begira, Ugaon eta Galdakaon izan gara orain dela gutxi Jardunaldi Mikologikoetan. Datorren urtean, Galdakaoko jardunaldiek 50. edizioa ospatuko dute. Hori ez baldin bada zaletasunaren adierazle…

Hemendik aurrerako beste proiekturik ba al duzue buruan?

Etorkizunean burutu nahiko genukeena da argitaratu ditugun lan guztiak beste hizkuntza batzuetan publikatzea. Noski, euskara zerrendako lehenengoa da. Hala ere, daukagun handicapa da finantziazioa. Ez dugu kanpo-finantziaziorik eta horrek buruan ditugun proiektuak burutzea zaildu egiten du.

☉ Galdakao

Usansoloko batzorde kudeatzaile berria urrian osatuko dute

Usansoloko Kudeaketa Batzorde berria 11 kidez osatuta egongo da. Aurreko batzordearekin alderatuta, EAJk ordezkari bat gutxiago izango du eta EH Bilduk bat gehituko du

|

Kudeaketa Batzorde berria maiatzaren 28ko udal hauteskundeen emaitzen arabera eratuko dute // Geuria

Bizkaiko Foru Aldundiak Usansoloko batzorde kudeatzaile berria izendatzea onartu du Gobernu Kontseiluan. Batzorde kudeatzaile berria, etorkizuneko udalaren ernamuina, maiatzaren 28ko udal hauteskundeen emaitzen arabera sortuko dute, Hauteskunde Batzorde Zentralak bidalitako ziurtagirian jasotzen dena betez.

Aurreko kudeaketa batzordean bezala (duela bost hilabete sortua, 2019ko udal hauteksundeen emaitzen arabera), 11 kidek osatuko dute batzorde berria: Usansolo Herrako zortzi kidek, EAJko bik eta EH Bilduko batek. Aurreko batzordearekin alderatuta, EAJk ordezkari bat gutxiago izango du eta EH Bilduk bat gehituko du.

Batzorde berriaren eraketa urriaren 5ean, ostegunez, izango da 18:00etan Usansoloko Txapelena baserrian.

Helegitea Madrilen

Lurralde Politikako Ministerioak ukatu egin zuen ekainean Usansolo Bizkaiko 113. udalerria toki-erakundeen erregistroan inskribatzea 5.000 biztanle baino gutxiago izateagatik. Bada, Galdakaoko Udalak helegitea aurkeztu du administrazioarekiko auzi-prozesu bidez, eta Madrilgo Auzitegi Nagusiak tramiterako onartu du.

Ekainean bertan Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak Euskadi Irratian jakinarazi zuen Foru Aldundiak ere helegitea jarriko ziola Lurralde Politikako Ministerioaren erabakiari. Eta hala egin dute: Bizkaiko Foru Aldundiak helegitea ere aurkeztu zuen irailaren 1ean Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusian. "Errekurtso horretan, gainera, foru-zerbitzu juridikoek kautelazko neurri positiboa hartzeko eskatu zuten Usansolo udalerri gisa inskriba zedin", diote foru ordezkariek.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Unai Etxezarraga: "Erronka berri honetan aspaldi eduki ez dudan motibazioa lortu dut"

Nepaleko Island Peak mendia igo eta eskalatzea izango da Unai Etxezarraga usansolotarraren hurrengo erronka. Irailean hasiko du bidaia eta, gauzak ondo bidean, urriaren erdialdean iritsiko da 6.189 metroko tontorrera

|

Erronka polita du aurretik Unai Etxezarraga usansolotarrak (Usansolo, 1990). Irailaren 28tik urriaren 17ra bitartean Nepaleko Island Peak mendia eskalatzeko "ahalegina" egingo du beste 11 lagunekin batera. Guztira, 6.189 metro ditu Island Peak tontorrak, eta eskalatzeko ahalegina egingo dutela dio Etxezarragak, "horrelako mendietan baldintza asko sartzen direlako tartean eta ez delako batere erraza helburua betetzea", dio usansolotarrak. Nepalera bidaia hasi aurretik berarekin solasean izan gara.

Irailaren 28tik urriaren 17ra Nepaleko Island Peak mendia eskalatuko duzue (6.189 metro). Zergatik aukeratu duzue Islan Peak eta ez besteren bat?
Erabakia erraza izan zen. Pasa den urteko oinarrizko kanpalekuko igoeran Island Peak mendia ikusi genuen. Momentu horretan gurekin gida moduan etorri zen Lur Uribarrenek mendi hura eskalatzea nahiko "erraza" zela esan zigun. Hori entzutean, Ibai nire lehengusuari begiratu nion eta erabakita geratu zen: 2023ko helburua, Island Peak! Eskalatzeko ahalegina egingo dugu.
Mendi berezia da, izotzezko itsaso erraldoi batean dagoen irla txiki baten tankera daukan mendia da. Hori da bere izenaren jatorria, nahiz eta bere benetako izena Imja Tse izan.

Erabakia azkar hartu zenuten, beraz.
Azken erabakia 2022ko abenduan hartu genuen. Lehengusuagaz elkartu, laneko egutegia begiratu eta proposamena Lur gure gida izango denagaz elkarbanatu ostean, taldea osatzen hasi ginen. Laster hasi ginen gure ingurukoekin bidaia elkarbanatzen eta denbora gutxian 10 pertsonako talde bat osatzea lortu genuen.

Island Peak eskalatzeko "ahalegina" egingo duzuela diozu. Zergatik ahalegina? Zaila da gailurrera iristea?
Edozein mendi eskalatzeko orduan ezin dugu inoiz pentsatu tontorrera helduko garenik. Tontorra da helburua, baina horrelako mendietan baldintza asko egoten dira eta ez da batere erraza helburua betetzea. Horregatik, eta mendiari diodan errespetuagatik, zuhurtziaz ibiltzea gustatzen zait eta beti "ahalegina" aipatzea. Egun bateko tartea gorde dugu tontorra egin behar dugun egunerako eguraldiaren arabera horrekin jolasteko, baina agian ez da nahikoa izango. Gainera, mendi honek 6.189 metro ditu eta altuera horretan denok dakigu zelako zailtasunak dauden…Kontu handiz ibili beharko gara mendiko -gaitzik ez izateko. Gauzak oso ondo egin beharko ditugu, hau da, hidratazioa asko zaindu, janaria zaindu eta abar.

Eskualdeko bakarra zara?
Guztira 12 laguneko talde bat joango gara, Lur gure gida kontuan hartuta. Gero Nepalen ia 30 pertsonako talde bat sortuko dugu gida, sherpa eta laguntza emateko egongo den jende guztiagaz.
Usansoloko bakarra izango naiz, Trapagatik beste bi lagun (Borja eta Gorka), Janire gernikarra, Ermuko aspaldiko laguna den Iñaki eta Bediatik nire lehengusua den Ibai etorriko dira. Gainera, taldea osatzeko, irailaren 9ko asteburuan ezagutu berri ditugun bost gipuzkoar etorriko dira. Itzelezko taldea osatzen dugu!

Fisikoki prestakuntza berezirik egin behar izan duzue?
Ez dugu ezer berezirik egin baina azkenaldian kirola ia egunero egiten ibili gara, batez ere mendia. Pasa den maiatzean Lanzaroteko Ironmana egin nuen eta ordutik, egia esan, nahiko geldi egon naiz…Oso gogorra izan zen Ironamana eta kirola egiteko gogoa ere galdu nuen. Orain Nepalerako hilabete baino falta ez den honetan, berriro ere oso gogotsu nago eta erronka berri honekin aspaldi eduki ez dudan motibazioa lortu dut.
Mendi honetan zati teknikoak ere izango ditugu baina mendian ibiltzera ohituta egonez gero, ez dago arazorik. Lehen esan dudan moduan, altueraren kontua izango da garrantzitsuena, eta gure inguruan hori lantzea ez da batere erraza, ez dagoelako hainbesteko altuera duen mendirik.

Bidaiaren antolaketa zelan egin duzue? Laguntzarik eskatu behar izan duzue?
Bai, pasa den urtean egin genuen bezala, gure laguna den Lur Uribarren mendi gidarekin kontaktuan jarri ginen eta beragaz antolatu dugu bidaia guztia. Berak baditu Nepaleko kontaktuak eta hango kontu guztiak berak antolatzen ditu.
Aurten pauso bat gehiago eman dugu eta bidaia honetarako proiektu txiki batean sartuta gaude: guk egindako 100 liburu inguru eramango ditugu Nepaleko eskoletan banatzeko. Bidaia honetatik bueltan publikoki gure bidaia kontatzea eta gure proiektua zein izan den kontatzea pentsatu dugu. Liburu honen ale batzuk ere salmentan ipiniko ditugu eta uste dugu oso interesgarria izango dela, Nepaleko eta Euskal Herriko kontuak komunean azaltzen direlako.

Proiektu txiki batean sartuta zaudetela diozu.
Bai, hala da. 'Nire benetako izena ez da Island Peak' du izena proiektuak. Niretzat Nepalera bigarrengo joanaldia izango den honetan, nire bidaikideekin batera, modu xumean bada ere, gehienetan alpinismoaren gora-beheren ezkutupean gelditzen diren bi munduak, Himalayakoa eta Euskal Herrikoa, kontatzeko eta konektatzeko aukera aprobetxatu nahiko nuke.
Testuinguru honetan bi munduen elementu, ezaugarri edo berezitasunen arteko ume eta gazteei zuzendutako marrazki bidezko "elkarrizketak" erakutsiko dituen liburua proposatzen dugu. Guk hango errealitatearen berri eta beraiek gurearen berri izan dezaten, eta bertatik tiraka, hurrengo belaunaldiek ere, kulturen arteko bestelako harremanak sortu ditzaten.

Hau da, bi errealitateak ezagutaraztea da proiektuaren helburua.
Hori da. Bi urruneko errealitate hurbiltzeko ahalegina egin nahi dugu. Himalaya Elurraren Herria da, eta Euskal Herria Euskararen Herria. Bi munduen arteko elkarrizketa liburu bakar batean.
Bi norabideko helburuak ditu proiektuak. Alde batetik, euskal unibertsoa ezagutzera ematea Himalayako herri eta herrixketan, eta bestetik, Himalayaren inguruko mendebaldeko ilusioa desmitifikatzea. Guretzat, mendizaleen egitandietatik haratago, Nepal, orokorrean, eta Himalayako herriak bereziki, errealitate guztiz arrotzak dira.

Liburuaren edukia zelan landuko duzuen badakizue?
Bai. Himalayako eta Euskal Herriko errealitate kulturalak, geografikoak eta sozialak kontrajarritako diptiko eran jarri nahi ditugu. Marrazkiaren bidez irudikatzen duen liburua izango da, Euskal Herriko hainbat ilustratzailek eta artista grafikok egina. Era berean, Suku Mayaren hitzaurrea izango du liburuak.

Nor da Suku Maya?
Gaur egun Euskal Herrian bizi den gazte nepaldarra da. Gaixotasun batek ekarri zuen hona, zehazki, Gipuzkoara. Bere bizipen-istorioak hanka bat Himalayan eta bestea Euskal Herrian du. Bere izatea, bi unibertsoak barruan dituen gaztea izanda, hango eta hemengo umeekin elkarrizketa zabaltzen duen pertsona, aukera ederra deritzogu. Gainera, bere mendian gora egiteko programatu dugun ibilbidean bere haurtzaroko eskolatik pasatzera eramango gaitu.

Nepalen egingo duzuen ibilbideaz ari zarela, egunez egun zer egingo duzue?
Lehenengo egunetan pasa den urteko treking bera egingo dugu, baina gero bidegurutze batean beste norabide bat hartuko dugu eta Gokyorako bidea hartuko dugu ibilbide zirkular bat egiteko. Printzipioz, eta dena ondo bidean, hamaikagarren egunean tontorra zapalduko dugu.

Duela bi urte Everesteko oinarrizko kanpalekura igoera egin zenuten.
Aurreko bidaiatik bueltatu ginenean argi geneukan hurrengo bidaian tontorra egin behar genuela. Everesteko oinarrizko kanpalekua leku mitikoa da eta bertan egotea itzela izan zen, baina mendi baten gailurrera heltzeak mendi hori konkistatua izan dela esan gura du eta guk horrelako zerbait behar dugu.
Gainera, Himalayan alpinismoa egiteko aukera izango dugu. Tontorrera heldu baino lehen zati teknikoak izango ditugu, eskailera bat, yumar egin beharko dugu…Horrelako kontuekin berba egin eta urduritzen hasten naiz! (kar, kar, kar)

Island Peak eskalatu ondoren, baduzu buruan beste erronkarik?
Momentuz ez. Etxekoak ere zaindu behar dira! (Kar, kar, kar) Ainara nire neska-lagunarekin horrelako helburu handi batean murgiltzea ere gustatuko litzaidake. Agian berriro ere Nepalera bueltatuko gara, batek daki!

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Aukeren Azoka antolatu dute irailaren 28tik 30era Galdakaon

|

Zuzeneko musika eta zozketak izango dira azokak irauten duen bitartean // Geuria

Aukeren Azoka antolatu dute irailaren 28tik 30era bitartean Galdakaon. Kurtzeko plazan dagoen karpan jarriko dituzte herriko dendek euren standak. Azoka zabalik egongo da egunero 10:30etik 20:30era bitartean.

Era berean, egunero zuzeneko musika entzuteko aukera izango dute azokara bertaratuko direnek, eta 20:00etan, egunero ere, bi opari txartel eta ostalaritzarako beste bi txartel zozketatuko dituzte.

Irailaren 29an, ostiralez, 17:00etatik 20:00etara aurpegi margoketa egomgo da, eta puxikak banatuko dituzte haurren artean.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Libe Goitiaren eta Xabier Mendigurenen liburuak aztertuko ditu Galdakaoko Leidu Irakurketa Taldeak urrian

|

Libe Goitia Artetxe galdakoztarra eta Xabier Mendiguren Elizegi beasaindarra // Elkar/Wikipedia

Galdakaoko Leidu Irakurketa Taldeak ikasturte berriari ekin dio eta urriko hitzorduaren berri eman du. Bi liburu aztertuko dituzte: Libe Goitia Artetxe galdakoztarraren 'Fast Fatum' eta Xabier Mendiguren Elizegi beasaindarraren 'Oso latza izan da'.

Hitzordua urriaren 23an, astelehenez, izango da 18:30ean Peña Santa Cruz txokoan.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Argazkiak | Galdakaoko jaien osteko kuadrillen bazkariak 200 lagun bildu ditu

|

Galdakaoko jaiak pasa den igandean bukatu arren, atzo berriro bildu ziren kuadrillak Kurtzeko plazan jaietako kamisetan soinean. Bazkaria izan zuten eta 200 lagun batu ziren.

Osorik irakurri