Sareak

☉ Galdakao

Jon Garcia: “Pazko Uharteko natiboek surfa belauniko ere egiten zuten”

Jon Garcia galdakoztarrak Munduko Kneeboard Txapelketan parte hartuko du. Irailaren bukaeran hasiko da lehiaketa Kantabrian eta urriaren 8ra arte iraungo du.

|

galdakao jon garcia 2017 kneeboard surf
Jon Garcia Tagle galdakoztarrak Kneeboard surfa praktikatzen du // Maider Ibañez

Zortzi urte zituela hasi zen Jon Garcia (Galdakao, 1974) surfa praktikatzen. Batik bat, bodyboard modalitatearekin eman zituen lehen pausoak, baina 90. hamarkadan Kneebordaren berri izan zuen eta horri ekin zion. Gainera, surfaren beste modalitate gehiago ere praktikatzen ditu. Hala nola, Longboarda edo Retro ex. Irailaren 30etik urriaren 8ra bitartean Munduko Kneeboard Txapelketan parte hartuko du Garciak, Somon (Kantabria).

Azaldu zer den Kneeboard surfa.
Stand Up Surfa (arraun-surfa) edo Body-boarda (etzanda) modalitateak dauden bezala, Kneeboard Surfa ere badago. Belauniko surfeatzean datza modalitate horrek. Oholak ohikoak baino zabalagoak dira eta tamaina aldetik, berdinak. Kneeboardeko oholak ere gogorrak dira.

Nondik dator diziplina hau?
Kneeboarda zutunik egiten den surfa bezain aspaldikoa da. Pentsa, ohikoena den surfa ezagutzen denetik 500 urte baino gehiago dira. Jasota geratu da James Cook-en kolonietako lehen biztanleek Pazko Uharteko natiboak ikusi zituztela surfa zutunik praktikatzen, baita belauniko ere (Cook nabigatzaile eta esploratzaile britainiarra izan zen).

Maila profesionalari begira, 70. eta 80. hamarkadan Kneeboardaren boom-a gertatu zen, eta Euskal Herrian Mundakan edo Bakion praktikatzen hasi ziren batzuk. Garai haietan ere Kneeboardaren komunitatea sendotu egin zen Kantabrian eta Kanariar Uharteetan. 90. hamarkadan Body-boarda indarrez sartu zen eta Espainian Kneeboarda alde batean geratu zen.

Zuen kluba agertu zen arte.
Bai, hala da. 2007. urtean modalitate honen berri jendeak izan zezan Espainiako lehendabiziko Kneeboard kluba sortu genuen zaletu batzuek: Kantabriako Kneeboard Kluba, alegia. Taldea eratu dugunetik egia da indarberritu egin dela Kneeboardaren praktika.

Orduan, gero eta jende gehiagok praktikatzen du Kneeboarda?
Bai. Batik bat gure hasierako helburua izan da umeek eta gazteek modalitate hau ezagutzea eta praktikatzea, surfaz eta body-boardaz gain. Urtean hirutan doako batailak eskaintzen ditugu eta gure ohol propioak uzten dizkiegu umeei. Behin edo beste birrinduta itzuli dizkigute oholak, baina gu pozik, ikusten dugulako Kneeboarda gorantz doala eta gero eta jende gehiagok praktikatzen duela.

Orduan, etorkizuna badu Kneeboardak gurean.
Bai. Surf modalitate hau probatzen duten umeek errepikatzen dutela esan genezake. Eta hori gustatu zaien seinale da. Batailoiak egiteko eta oholak uzteko eskaera asko jasotzen ditugu urtetik urtera. Gero eta gehiago jasotzen ditugula esango nuke. Eta horrela jarrai dezala!

Batik bat, non praktikatzen da Kneeboarda gure inguruan?
Egia esan, Euskal Herrian ez da hainbeste praktikatzen. Zazpi bat euskaldun izango gara Kneeboarda praktikatzen dugunak, baina Kantabrian eta Kanariar Uharteetan komunitate zabalagoa dago: gutxi gorabehera 30 lagunen inguruan ibiliko dira autonomia erkidego bakoitzean.

galdakao jon garcia 2017 kneeboard surf olatua ARG James Lanter 100x600

Jon Garcia, belauniko, olatu ederra hartzen // James Lanter

Zure kasuan, non entrenatzen duzu gehien?
Neguan Bizkaian egiten ditut entrenamenduak. Oro har, Mundakan edo Bakion. Eta, udan Kantabriarantz noa. Horren arrazoia da hondartza kilometro luzeagoak daudela bertan eta itsasoa ez dagoela Euskadin bezain “betea”. Hau da, udan Euskadin olatu bat hartzeko hurrenkera tiketa izan behar duzu. Hain onak dira bertako olatuak, surfaren zale asko hurbiltzen baita euskal itsasaldera.

Laster, Munduko Kneeboard Txapelketan parte hartuko duzu.
Hala da. Irailaren 30etik urriaren 8ra bitartean ospatuko da txapelketa Somon, Kantabrian, eta bertan parte hartuko dut, Munduko beste 91 surflariekin batera. Euskal Herritik Zarauzko bi, Donostiako bat, Sopelako beste bat eta ni neu izango gara.

Txapelketa hau Europan ospatuko da lehendabizikoz, ezta?
Bai, aurreneko aldia da txapelketa Europan burutuko dena. Munduko txapelketa bi urterik behin ospatzen da eta beti antolatu izan dute Zeelanda Berrian, Australian, Estatu Batuetan edota Tahitin. Aukera bakarra izango da tankera horretako txapelketa gure inguruan ikusteko. Ez dakigu noiz antolatuko duten horrelakorik berriro Europan.

Lehiaketan zure burua nola ikusten duzun galdetuko banizu…
Txapelketan egongo den maila oso altua da. Profesionalak diren asko etorriko dira. Open kategorian aukera dut 92 partaideren artean lehenengo 10 postuen artean geratzeko, eta adinaren araberako kategorian top hiruan. Ez da uste makala, baina lor dezakedalakoan nago. Baikorra izan behar da horrelako erronka baten aurrean (kar, kar).

Zure lorpenei dagokienez, zeintzuk dira azpimarratzekoak?
2007an Espainiako Kneeboardeko txapeldun suertatu nintzen Gijonen eta 2011n Europako hirugarren nire kategorian. Gainera, eskualde mailako txapelketetan lehenengo eta bigarren postuak lortu ditut.

Kirol honetatik bizi daiteke?
Nire kasuan ez. Esan genezake profesional asko ere ez direla honetatik bizi. Badaude kirola ogibide duten kasu batzuk. Esate baterako, surfaren modalitatean Acero anaiak daude. Marka baten irudi publikoa izateak edota Surf Eskolak sortzea kirol hau lanbide izatea egin dezake.

Eta, kirol honek suposatzen dituen gastuei aurre egiteko nola egiten du bakoitzak?
Bada, ahal duen moduan. Nire kasuan, laguntza jasotzen dut babesle batzuen aldetik: Jiorings (Galdakao), Dinaksa (Arrigorriaga) eta Walltrapping (Arrigorriaga) enpresek bere ekarpena egiten didate eta Munduko txapelketarako laguntza eman didate. Horiei esker posible dut gustatzen zaidan kirolean aritzea. Era berean, Galdakaoko Udalak ere babesa erakutsi dit.

Surf taulen bilduma

GALDAKAO. Jon Garcia, Kneeboard surfa praktikatzeaz gain, surf oholen bildumagilea da. “Aspaldiko surf oholak biltzen ditut 90eko hamarkadatik hona. Gutxi gorabehera 100 taula inguru ditut: surfaren hastapenak Bizkaian, Euskal Herrian, ohol frantsesak, espainiarrak edota Sopelako 1972ko sorosleenak, besteak beste”, dio Garciak: “Espainiako oholen bigarren bildumarik handiena omen da nirea”.

Zaletasun hau 1991tik datorkio: “Urte hartan hainbat lagunek euren ohol zaharrak berriengatik ordezkatu zituzten eta horiek biltzea erabaki nuen, zigiluak zein txanponak biltzen dituen batek egiten duen bezala”, dio. Horrek antzinako taulak biltzea ekarri zion eta 70eko eta 80ko hamarkadako oholak lortu zituen.

Asmoa da azaroan surf taulen erakusketa egitea Galdakaon, Udalak ematen dion laguntza ekonomikoaren trukean. “Oraindik ez dakigu noiz egin ahal izango dugun erakusketa, baina horren berri jakingo duzue”, dio.

☉ Galdakao

Usansolo herri gisa inskribatu ez izanaren aurka helegitea jarri du Galdakaoko Udalak

|

Iñigo Hernando Galdakaoko alkatea, Iñaki Urgoiti eta Agustin Aizpuru UHko kideekin // Geuria

Lurralde Politikako Ministerioak ukatu egin zuen ekainean Usansolo Bizkaiko 113. udalerria toki-erakundeen erregistroan inskribatzea 5.000 biztanle baino gutxiago izateagatik. Bada, Galdakaoko Udalak helegitea aurkeztu du administrazioarekiko auzi-prozesu bidez, eta Madrilgo Auzitegi Nagusiak tramiterako onartu du.

“Herriak eratzeari buruzko araudia Foruek zehazten dute eta Foru Arauak ezartzen dituen pausoak zehatz jarraitu dira Usansolo udalerri bihurtzeko azken urteotan egin den prozesu osoan. Bestetik, ariketa demokratiko soila da herritarrei hitza eman eta hitz hori errespetatzea, eta usansolotarrek argi adierazi dute udalerri gisa eratu nahi dutela”, adierazi dute udal ordezkariek, eta, “usansolotarren nahia bete dadin eta Usansolo Bizkaiko 113. udalerri gisa behin betiko eratu dadin lortzeko lanean jarraituko” dutela jakinarazi dute.

Usansolo herri gisa eratzea onartu zuten Bizkaiko Batzar Nagusiek iazko azaroan. Erabaki hori oinarri hartuta Toki Erakundeen Erregistroan inskribatzeko eskaera egin zuen Usansoloko Kudeaketa Batzordeak, prozesuari amaiera behin betiko emateko eta Usansolo udalerri gisa eratzeko. Baina erregistroak ezetz erantzun zion eskaerari. Orain, Galdakaoko Udalak aurkeztutako helegiteari erantzuna eman behar diote.

Aldundiarekin koordinatuta

Ekainean bertan Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak Euskadi Irratian jakinarazi zuen Foru Aldundiak ere helegitea jarriko ziola Lurralde Politikako Ministerioaren erabakiari. Eta hala egin dute: Bizkaiko Foru Aldundiak helegitea ere aurkeztu du.

“Bide horretan, Bizkaiko Foru Aldundiarekin eta Usansoloko Kudeaketa Batzordearekin batzartu gara uztailean, guztien interesen alde estrategiak koordinatuta aritzeko. Elkarlan horrek fruituak emango dituelakoan dago Udala”, diote udal arduradunek.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Urreta kiroldegiko kantxan aireztapen natural sistema jarriko du Galdakaoko Udalak

Euskal Kopako partidua bertan behera utzi zuten irailaren 15ean Urretako kiroldegiko kantxan sortu zen kondentsazioagatik. Sarreren dirua gaurtik irailaren 29ra arte itzuliko du Udalak

|

Bilbao Basketen eta Baskoniaren arteko ACB Euskal Koparen partida bertan behera geratu zen, kantxan sortu zen kondentsazioagatik // Bilbao Basket

Surne Bilbao Basket eta Saski Baskoniaren arteko ACB Euskal Koparen partida ezin izan zen amaitu irailaren 15ean, ostiralez. Eten egin behar izan zen, Urretako kiroldegiko kantxan sortu zen kondentsazioagatik.

“Bero handiak eragindako kondentsazioak jokalekuko lurra bustitzen zuen, zorua labainkor zegoen oso, eta horrek jokalarien lesio arriskua zekarren. Egoera ikusita, partida bertan behera uztea adostu zuten alde guztiek”, di0te udal ordezkariek. Eragindako kaltea sentitzen du Galdakaoko Udalak eta gaur bertan hasiko da sarrera erosi zutenei dirua itzultzen kiroldegiko sarreran bertan, irailaren 29ra arte: “Partidarako sarrerak erakutsita, berehala itzuliko da ordaindutakoa”, diote.

Obrak Urretan

Urretako kiroldegia handitzeko lanak aurreikusita daudela gogorarazi du Galdakaoko Udalak. Obrak 2024an hasiko dituztela adierazi dute udal ordezkariek, “eta, horien barruan, aurreikusita dago kantxan aireztapen natural sistema jartzea”, diote.

Guztira 1.000 metro karratu berri izango ditu Urreta kiroldegiak, sotoa egokituta eta beste bi solairu berri sotoaren gainean eraikita. “Sotoa aprobetxatu nahi dugu eta aireztatzeko prozesuak hobetuko ditugu. Gainera, igerilekiko zein saskibaloi kantxetako aldagelak berrituko ditugu, eta berriak sortuko ditugu sotoan. Urteetan zehar erabileratik gabeko gunea aprobetxatu nahi dugu”, adierazi zuen iaz Asier Egiraun Hirigintza arloko zinegotziak, Urreta kiroldegia handitzeko proiektuaren aurpezpenean.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Bideoa | Lander Diego (Patxiku): “Beste urte batez txapelketa irabazi dugu eta pozarren gaude!”

|

Patxiku kuadrillak bere laugarren izarra jantzi du gaur. Galdakaoko jaietako kuadrillen arteko txapelketa irabazi dute eta Lander Diego patxikukidearekin berba egiteko aukera izan dugu jaien amaieran.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Patxiku kuadrillak irabazi du laugarrenez Galdakaoko santakurtzetako txapelketa

|

Patxikuko kideak jai amaierako sari banaketan // Geuria

Gaur bukatu dira Galdakaoko jaiak. Eta hortaz gaur, 20:30ean, Kuadrillen arteko Txapelketako sari banaketa egin dute. Aurten berriro ere Patxiku kuadrillak kuadrillak irabazi du txapelketa nagusia 570 punturekin.

Laugarren urtez jarraian irabazi du txapelketa Patxikuk: 2018an, 2019an, 2022an eta 2023an.

Bigarren sailkatua izan da Dekantzekoz 550 punturekin eta hirugarren Trikiriki 545 punturekin.

Galdakaoko jaiak 2023

Kuadrillen arteko txapelketa – Sailkapena

1- Patxiku: 570 puntu
2- Dekantzekoz: 550 puntu
3- Trikiriki: 545 puntu
4- Gusak: 525 puntu
5- Antzeko: 505 puntu
6- Beti Berandu: 485 puntu

Sailkapen osoa esteka honetan kontsulta dezakezu.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Bideoa | Galdakaoko kuadrillak indartsu, santakurtzetako Herri Kiroletan

|

Txandapa kuadrillak antolatzen du urtero santakurtzetan kuadrillen arteko Herri Kirolak. Aurten irailaren 16an, larunbatez, izan dira.

Osorik irakurri