☉ Hego Uribe
Josu Zabalo: “Kilometro bateko zati bat oparitu dio batek bere bikotekideari”
Apirilaren 7an igaoroko da 20. Korrika Hego Uribe eskualdetik. Arrankudiagak hartuko du lekukoa Laudiotik eta Ugao, Arrigorriaga, Basauri, Etxebarri eta Galdakao zeharkatuko ditu.
Apirilaren 7an igaoroko da 20. Korrika Hego Uribe eskualdetik. Arrankudiagak hartuko du lekukoa Laudiotik eta Ugao, Arrigorriaga, Basauri, Etxebarri eta Galdakao zeharkatuko ditu
Josu Zabalo galdakoztarra AEKko irakasle da Basauriko Bolintxu euskaltegian. Urte dexente darama Korrikan parte hartzen. 1993an lekukoa eraman zuen Enrike Jaiorekin batera. Korrika hitz gutxitan definitzerako orduan, “inklusiboa” dela dio: “Mundu guztiarentzako ekimena da, mundu guztia eroso sentitzen da, mundu guztiak lekua du, mundu guztiak lagundu dezake, mundu guztiak sentitzen du aportatzeko gogoa, mundu guztiak enpatizatzen du Korrikarekin, mundu guztiak ilusioz itxaroten du Korrika noiz etorriko, mundu guztia ateratzen da bide bazterrera Korrika pasatzen ikusteko, mundu guztiak du oroitzapen gozo bat aurreko Korrikaren batena”.
Zein da Korrika arduradunaren betebeharra?
Gure eskualdeko Korrika antolatzeko Zeberio, Arrankudiaga, Ugao, Arrigorriaga, Zaratamo, Basauri, Etxebarri eta Galdakao hartzen ditugu. Orduan, herri eta auzo bakoitzean koordinazio lana egiten dugu. Besteak beste, Korrikaren aldeko ekitaldiak egiten direla ziurtatu eta propaganda eta materiala banatzen ditugu.
Nolakoa da herri bakoitzean antolakuntza hori?
Herri bakoitzean Korrikaren alde antolatzen diren ekitaldiak desberdinak dira. Herriaren arabera, auzoaren arabera edo edo laguntzeko dagoen jendearen arabera ekitaldiak zehazten dira. Herri bakoitzak bere nortasuna du Korrikaren aldeko jarduerak prestatzeko.
Gero, Korrika Batzordeak deitzen ditugu eta horretan ere diferentea da antolatzeko prozedura. Basaurin, adibidez, arloka egiten ditugu batzordeak eta Etxebarrin batzorde bakarrarekin nahiko dugu elkarte guztiak biltzeko.
Eta jarduera horiek eta Korrika bera antolatzeko hilabeteetako lana egongo da atzetik…
Bai. Bi urterik behin antolatzen denez Korrika, Korrika urtea ez denean AEKko irakasleok gure zereginetan ematen dugu denbora guztia (eskolak eman, klaseak prestatu). Korrika urtea denean, irailetik hasten dira Euskal Herriko arduradunek aurretik prestatutako lana martxan jartzen eta lurralde bakoitzeko, eskualde bakoitzeko arduradunekin harremanetan jartzen dira.
Eskualdea eta Bizkaia koordinatzen dugun arduradunok urria eta azaroa bitartean hasten gara biltzen eta gauzak antolatzen. Eta, urtarriletik aurrera burubelarri gaude Korrikaren aldeko ekimenak antolatzen. Noski, eskolak alde batera utzi gabe! (kar, kar)
Hego Uribe eskualdeari begira, azaldu herri bakoitzarekin egiten duzuen elkarlana.
Mekanismoa bera da herri eta auzo guztietan: elkarte ezberdinekin jartzen gara harremanetan (edo haiek datoz gugana) eta lanean hasten gara. Zelan lagundu dezaketen zehazten dugu aurrena eta gero martxa hartzen dugu.
Eta, ibilbidearen kontua noren ardurapean dago?
Korrikaren ibilbidea diseinatzen dutenak saiatzen dira ahalik eta herri gehienetatik pasatzen. Noski, ezin da herri eta bazter guztietatik igaro, orduan, planteamendu orokor bat egiten digute hasieran. Abibidez, “hiriburu honetatik beste honetara bitartean izango da ibilbidea eta 2.300 kilometro izango ditu guztira. Zuen eskualdeari dagozkio 45 kilometro”. Hori da planteatzen digutena eta gero guk margen txiki bat daukagu kilometro horiek luzatzeko, baina beti muga baten barruan. Aurtengo ibilbidea gure eskualdean orain dela 2 urtekoaren oso antzekoa izango da.
Lekuko eramaileei dagokienez, anekdotarik izango duzu kontatzeko.
Anekdotak egon badaude! Noizbait gertatu izan da lekuko bat bere lekuan ez agertzea eta ondoan dagoen bati eskaintzea lekukoa eramatea. Baina normalean ez da halakorik gertatzen. Berezitasun bezala, aurten gure eskualdean norbanako batek kilometro bateko zati oparitu dio bere bikotekideari eta lekukoa eramango dute.
☉ Hego Uribe
Basconiak eta Padurak asteburu honetan ekingo diote Liga txapelketari
Larunbatean jokatuko dute euren lehen norgehiagoka Basconiak eta Padurak: 17:15etan Padura-Alaves C eta 18:00etan Eibar C – Basconia
Lehen mailako futbol txapelketak atsedena hartuko du asteburu honetan, baina Hego Uribeko futbol zaleentzat ez da atsedenik izango. 3RFEFko txapelketak 2024-2025 denboraldiari hasiera emango dio iraileko lehen asteburu honetan, eta bertan eskualdeko bi talde lehiatuko dira: Basauriko CD Basconia, eta Arrigorriagako CD Padura.
Biek ala biek larunbatean jokatuko dute estreineko partida, eta bitxia bada ere, Alaves eta Eibarren filialen aurka: 17:15etan Padura-Alaves C eta 18:00etan Eibar C – Basconia. Basauriarren kasuan, eta urtero legez, aldaketa handiak izan dira taldean, eta jarraitu beharreko harribitxien artean Athleticek Liverpooletik fitxatu zuen Elijah Gift dago, edo Selton Sued san migeldarra.
Padurak, aldiz, gaztetasuna eta esperientzia uztartzen dituen taldea osatu du, eta bostgarren denboraldiz jarraian Aitor Garmendiak gidatuko du taldea.
☉ Hego Uribe
Bideoa / Euri jasa handiekin esnatu da gaur Hego Uribe eskualdea
Euskalmetek eskualdean neurtu dituen azken datuen arabera, 11.3 mm-ko euria egin du Abusun eta 10.2 mm-koa Betelurin
Prezipitazioengatik abisu horian gaude Euskal Herrian, eta hortaz, Hego Uribe eskualdean ere. Euskalmeten arabera, zaparrada trumoitsuak eta txingorra espero dira, bereziki goizean eta arratsalde-gauean.
Giro ilunarekin esnatu da gaur eguna Hego Uriben, eta 09:10ak aldera euri jasa handiak hasi dira. Besteak beste, Euskalmetek eskualdean neurtu dituen azken datuen arabera, 11.3 mm-ko euria egin du Abusun eta 10.2 mm-koa Betelurin (Arrigorriagan biak).
☉ Hego Uribe
Itziar Atienza eta Itziar Ituño aktoreak Besarkada Saria irabazteko izendatuak izan dira
Eskualdeko bi aktoreak Telebistako interpretazio onenaren saria lortzeko izendatuak izan dira: Atienza ‘Entrevías’ telesailagatik (Mediaset) eta Ituño ‘Detective Touré’ (EITB eta RTVE) telesailagatik
Euskal Aktoreen Batasunak (EAB) gaur eman du XX. Besarkada Sarien izendatuen berri, eta saria irabazteko hautagaien artean daude Itziar Atienza galdakoztarra eta Itziar Ituño basauriarra.
Eskualdeko bi aktoreak Telebistako interpretazio onenaren saria lortzeko izendatuak izan dira: Atienza ‘Entrevías’ telesailagatik (Mediaset) eta Ituño ‘Detective Touré’ (EITB eta RTVE) telesailagatik.
Telebista atalean, saria irabazteko hirugarren izendatua Aitziber Garmendia da, ‘Muertos S.L.’ (Movistar Plus+) telesailagatik. Eta EABtik asierazi dutenez, saria irabazteko faboritoa Atienza da.
Telebistako interpretazio onenaren sariak banatzeaz gain (emakumeak eta gizonezkoak), antzerki emanaldi onenaren sariak eta zinemako interpretazio onenaren sariak banatuko dituzte.
Sari banaketa urriaren 2an, asteazkenez, izango da Bilboko Campos Eliseos Antzokian.
Besarkada Sariak bi urterik behin banatzen ditu EABk. 2020an, esaterako, Ituñok Besarkada Saria jaso zuen La casa de Papel telesailean egindako lanagatik.
☉ Hego Uribe
Zelan aurre egin eltxo tigreari Hego Uriben? Adi Osasun Sailaren gomendioei
Eltxo tigrea espezie inbaditzailea da eta Hego Uribe eskualdera iritsi zen 2017an. Osasun Sailak zaintza-plana abiarazi du azaroaren hasierara arte
Osasun Sailak, Neiker Ingurumen Ikerketarako Euskal Institutuarekin eta Euskadiko hainbat udalekin batera, eltxo tigrea kontrolatzen laguntzen du 2013tik.
2013an intsektu hori detektatzeko programa martxan jarri zutenetik, 56 euskal udalerritan hauteman da haren presentzia, batez ere Bizkaiko eta Gipuzkoako biztanle-dentsitate handieneko eremuetan eta hiri handienetan.
Aurten, zaintza-plana (ekainetik azaroaren lehen astera bitartean) EAEko 51 udalerritan egingo dute: Bizkaiko 26tan, Gipuzkoako 16tan eta Arabako 8tan. Tartean, Hego Uribe eskualdean: Arrigorriagan, Basaurin, Etxebarrin, Galdakaon, Ugaon, Usansolon eta Zaratamon.
Datuak datu, eltxo tigrea Hego Uribe eskualdera iritsi zen 2017an. Zehazki, bere presentzia Basaurin antzeman zuten urte hartan. Ondoren, 2020an Etxebarrin eta Galdakaon; 2021ean Arrigorriagan; 2023an Ugaon eta Zaratamon; eta 2024an Usansolon. Eskualde osoan Zeberio da eltxo tigrearen arrastorik ikusi ez den udalerri bakarra.
Osasun Publikoko arazotzat
Eltxo tigrea (Aedes albopictus) Asiako hego-ekialdeko eltxo-espezie inbaditzaile bat da, globalizazioaren ondorioz mundu osora hedatu dena.
Osasun Publikoko arazotzat hartzen da, gaixotasunak transmititzeko gai delako, hala nola, Dengea, Zika eta Chikungunya. Hala ere, Euskadin oraindik ez da ezagutzen kasu autoktonorik. Kutsatzeko probabilitateak baxuak dira, baina eltxoa ezarrita dagoen eremu batean inportatutako kasu bat gertatzen bada, kutsatzeko arriskua handitu egiten da.
Eusko Jaurlaritzak herritarren laguntza eskatu du, espezie inbaditzaile horrek arrautzak ur geldietan jar ez ditzan.
Hain zuzen ere, eltxo guztiek bezala, ura behar du larba-faseak garatzeko. Nahiago du ur geldiko gorputz txikietan ugaldu, esaterako, ontzietan, pneumatikoetan, kainu-zuloetan, loreontzietan eta bidoietan; hau da, ura pilatu daitekeen edozein lekutan. Hobeto egokitzen da ontzi artifizialetara, eta saihestu egiten du urmael naturalizatuetan haztea.
Modu horretan, eltxo tigreen presentzia eragozteko ur-metaketak saihesteko garbiketak egitea gomendatu dute.
☉ Hego Uribe
Zeberio eta Usansolo artean sei haize errotako Parke Eolikoa eraikitzeko proiektua aurkeztu dute
Sei haize errota izango lituzke Feroskanako Parke Eolikoak; Bedia, Usansolo eta Zeberio artean kokatuko litzateke, eta eraikuntza fasean Arrigorriagan eta Zaratamon eragina izan dezake
Feroskana Parke Eolikoa Bedia, Zeberio eta Usansolo udalerrietan kokatuko litzateke, Mandoia aldean, Feroska Wind eta Saitec Engineering enpresek aurkeztu duten hasierako dokumentuaren arabera. Bere garaian Eusko Jaurlaritzak tramitera onartu zituen parke eolikoen 31 proiektuen artean dago Feroskanarena. Tramitazio honek ez du esan nahi bai ala bai egingo denik, are gehiago, Eusko Jaurlaritzak bere garaian adierazitakoaren arabera, asko “bidean” geratuko dira.
Prozedurari dagokionez, enpresa sustatzaileak proiektua erregistratu behar du, kasu honetan gertatu den bezala, eta horren ondorioz bide administratiboa martxan jartzen da.
Sei haize errota izango lituzke Parke Eoliko berri honek, eta Hego Uribeko beste herri batzuei ere eragingo lieke: eraikuntza fasean materiala garraiatzeko hiru aukera planteatzen dituzte txostenean, eta horietako bitan Arrigorriagatik eta Zaratamotik igarotzea aurreikusten dute. Zaratamoren kasuan, udaletik GEURIAri azaldu diote “eraikuntza fasearen 2.eta 3. alternatibetan eraikuntza materiala Moiordinetik eta Upoko ermitatik eramatea” planteatzen dela.
Gauzak horrela, Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailetik “Feroskana” parke eolikoa proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egin dute, eta orain udalei alegazioak aurkezteko aukera eman diete, abuztuaren 3a arte. GEURIAk jakin ahal izan duenaren arabera, dokumentazioa aztertzen ari dira Udalak, zein erabaki hartzeko zain.