Sareak
[the_ad_group id="3890"]

Elkarrizketak

Iker Etxebarria: «Zuzeneko ikuskizun handien industrian nire tokia egitea lortu dut azkenik»

Izen handiko ekitaldi eta jaialdietan lan egitera iritsi da arrigorriagarra, hala nola Malumaren Europako bira, Ibai Llanosen ‘La Velada del Año 3’ jardunaldia edo Latin Grammy sariak.

|

Iker Etxebarria Wizink Centerren aurrean / Geuria

Agian askori oharkabean pasatzen zaigu, baina ikuskizun baten argiztapena soinua edo eszenografia bezain inportantea da. Hala definitzen du Iker Etxebarria (Arrigorriaga, 1995) zuzeneko ikuskizunetako argiztapen-teknikari eta taldeburuak. Izen handiko ekitaldi eta jaialdietan lan egitera iritsi da, hala nola Malumaren Europako bira, Ibai Llanosen ‘La Velada del Año 3’ jardunaldia edo Latin Grammy sariak.  Anbizioz eta dedikazioz, zure pasioa lanbide bihur dezakezula erakusten duen adibide argia. Gaurkoan, agertokien atzeko atea ireki dugu sektore hau gertutik ezagutu eta bere esperientziei buruz hitz egiteko.

Ikuslea kontzertura iristen denean, argiztapen ona besterik ez du ikusten, baina atzean lan handia dago.
Madrilen ez bada, aurreko egunean bidaiatzea tokatzen zait, eta oso goiz muntaketarekin hasi. Hasieran riggina egiten dugu, soinuak eta argiztapenak zintzilikatuta doazen puntuak sabaian jarriz, eta ondoren, material hori lotu egiten dugu. Bira batean, normalean, bazkaltzeko dena prest izaten dugu, eta arratsaldean azken xehetasunak ikuskatzen ditugu, siesta bota eta kontzertu ordua iristen da. Emanaldia gauzatzen den bitartean ere rol eta postu ezberdinak ditugu: dimmerra (korrontea kontrolatzen duena), argiztapen-operadorea (nahaste-mahaia kontrolatzen duena), talde-burua (guztiek beren lana betetzen dutela zainduz) edo jarraipen-kanoia. Bukatzean, dena batu eta etxera itzultzen gara. Teknikariok ikuskizunen itzalean gaude, publikoak disfrutatu dezan dena prestatuz, baina ahalegina oharkabean pasa eta jendeak sarreren kostua altua dela sentitu arren, oro har azken emaitza baloratu egiten dela uste dut. Teknikarietan pentsatzen dugunean soinua datorkigu burura, baina gaur egun bideoa eta argiztapena garrantzi handia hartzen ari dira. Azken batean, argia zure subkontzientean ikusten duzuna da eta eragin zuzena du publikoaren aldartean. Kontzertu batean argiztapen lasaia badago, kaña ematen badiozu edo kolore bat edo bestea aukeratzen baduzu, sentimendu eta giro desberdina nabarituko duzu. Ni muntaiez arduratzen naiz bereziki, egiten ditudan lanak oso handiak direlako. Noizbait aurreprodukzioaz ere arduratu naiz, baina diseinuak eta show-ak enpresa jakin batzuk saltzen dituzte, gero guk martxan jarri ditzagun.

Zergatik hasi zinen industria honetan trebatzen?
Ikus-entzunezko komunikazioa ikasi nuen Euskal Herriko Unibertsitatean. Hala ere, oso gutxi hitz egiten da argiztapenaz karreran eta zinemara bideratuago dago. Kontzertuetan giroa guztiz desberdina dela uste dut eta deigarriagoa egiten zitzaidan. Basauriko Atomic Producciones enpresan hasi nintzen laguntzaile moduan lanean, jai herrikoietako kontzertuak muntatzen, baina egun batean Madrilgo master bati buruzko iragarkia ikusi nuen, zuzeneko ekitaldien argiztapenari buruzkoa, eta hona etortzera animatu nintzen. Sektore honetan bost postu oso zehatz daude teknikari moduan: soinua, bideoa, argia, rigging eta ekoizpena. Horietatik guztietatik argiztapena aukeratu nuen altueretan lan egiten delako -nahiz eta ez rigger-ak bezainbeste- eta beti izan dudalako koloreekin konexio berezia. Nire denbora librean koadroak margotzea pila bat gustatzen zait, esaterako. Masterraz gain, Madril aukeratu nuen hiribururik handienetakoa delako eta gure sektorean lan gehien sortzen duena delako, artista guztien nahitaezko geltokia baita.

Gainera, artista amerikarrak etortzen direnean, ia %90ek hemengo teknikariak hartzen dituzte, eta orduan beste leku batzuetako taldeekin lan egiteko aukera izango nuen. Hori gertatu zitzaidan Malumarekin, adibidez. Espainiara etorri zenean, Madrilen hartu zituen teknikariak Europako bira egiteko. Ikasketak amaitzean, Fluge Audiovisuales-en sartu nintzen, Espainiako enpresa handienetakoa, eta gaur egun autonomo gisa nabil Fluge, Smart Fussion edo PRG bezalako enpresentzat lanean. Madrilen egin nuen lehen emanaldia Kiss taldearena izan zen. Ez zen kontzertu arrunta, eta hainbeste jende ikustea eta horrek dakarren zirrara asko gustatu zitzaidan. Inflexio-puntu bat izan zen. Ni momentu hartan ez nintzen inor. Ondoren, Manolo Garcia, Rafael, Melendi, Los 40 Principales… bezalako aukerak agertu zitzaizkidan. Ekitaldi garrantzitsuenetan egoteko asko erreparatzen nien esperientzia handiagoa zuten teknikariei. 6-7 urtez ezagutza guztiak pixkanaka aplikatzen joan naiz eta orain, miresten ditudan jaialdietan ardura gehiago hartzea lortu dut, hala nola Mad Cool, Primavera Sound edo Ibai Llanosen ‘La Velada del Año’, non taldeburua izan naizen. Dagoeneko industria honetan nire tokia egitea lortu dudala esan dezaket. Jendeak badakiela nor naizen eta zein den nire potentziala.

Nola kudeatzen duzu eraginkortasunez egoera-aniztasun hori ekitaldi bakoitzaren gauzatzean bikaintasuna bermatzeko?
Betidanik oso bidaiaria izan naiz eta lankideak izan direnak orain lagun bihurtu dira. Eta askotan proiektuetan bat egiten jarraitzen dugu. Txantxetan, estatuan teknikarien elite bat dagoela esaten dugu, baina, egia esan, ekitaldi nabarmenetan lan egiten duten 200-300 pertsona horien artean gaude. Momentu asko partekatzen dira, gogor lan egiten dugu eta gure momentuak ere baditugu gozatzeko. Azken finean, biretan goazen gehienok gazteak izaten gara, bizitzeko gogoz, eta, beraz, familiartean sentitzen saiatzen gara. Artista bakoitzak bere produkzioko taldea du, eta haiek markatzen dituzte izan ditzakegun hartu-emanak. Adibidez, Izal taldearen bira oso hurbila izan zen, bai gure artean bai musikariekin, orduan giro magikoa sortu zen eta dena bikain atera zen. Jende ospetsua denean ez dut presiorik sentitzen. Nire lana egunero egiten dut eta nire faktura kobratzen dut. Orduan, ekitaldi bakoitza garrantzi bera du; gehiago edo gutxiago gustatu. Askotan galdetzen digute ea artistak nolakoak diren, baina guri ez zaigu axola. Ez gara zaleak. Eta artistek eskertzen dute. Nahikoa dute publikoaren presioarekin, eta guk elkarrekin denbora asko emango dugunez, normaltasunez daramagu. Haiek bezala, show-a publikoaren gozamenerako ahalik eta ondoen ateratzeko lan egiten dugu. Ikusleek disfrutatzen badute, denok disfrutatzen dugu hein batean. Hau da, energia hori sentitzen dugu, noski, baina ikuskizunaren zain gaude une oro. Beti egon da teknikook bizitza parrandan pasatzen dugularen kondaira. Baina ezta inola ere! Esan bezala, gure uneak ditugu, bai, baina festa amaitzen denean dena desmuntatu behar dugu, eta amaitu arte inork ezin du ezer ospatu. Nire kasuan, autonomoa izanik, agenda ondo antolatu behar dut ere, datak gainjarri gabe, zenbat lan egin dezakedan kontuan hartuz.

Espiritu abenturazalea duzula aipatu duzu. Zure ustez, lagungarria al da hori? 
Baietz esango nuke. Eskalada zalea naiz, eta egunerokoan asko egiten dudanez lan sokekin altueretan, trebatzeko ere balio dit. Garai batzuetan lan asko dugu, eta beste batzuetan gutxi; horregatik, denbora librea horretan ematen dugu normalean. Espiritu abenturazalea gure bizimoduaren parte da. Oso lan fisikoa da, dinamismoa eskatzen duena, eta nolabaiteko arriskua ere baduena. Zuzeneko ekitaldi bakoitzak ziurgabetasun puntu bat du. Gertatuko dena ez jakiteaz eta aurrea hartzeaz. Tona asko muntatzen ditugu eszenatokien gainean, eta Europako segurtasun-araudiak bete behar ditugu. Urtero berritu eta eguneratuta eduki behar ditugu aseguru medikuak, altuera eta abarri buruzko tituluak… Jaialdi handietan beti gertatu izan dira ezbeharrak. Mad Cool Festivalean, adibidez, gaizki lotzeagatik trapezista bat hil zen. Iaz ere Medusa jaialdian 20 urteko mutil bat hil zen haize bolada bortitzagatik. Prebentzioa presente izan behar dugu beti, diseinatzen duten ingeniarietatik hasi eta azken pieza berrikusten duen teknikariraino. Nire ustez, gure sektorearen arazorik handiena araututa ez dagoela da, ez baitugu hitzarmenik. Hori da enpresekin dugun borroka nagusia. Oso ondo ordaindutako lana da (nahiz eta beste herrialde batzuetan bikoitza kobratu), baina arriskupean gaude, etxetik kanpo denbora asko ematen dugu eta ezagutza handia eskatzen du.

“Orain miresten ditudan jaialdietan ardura handiagoa hartzea lortu dut: Mad Cool, Primavera Sound… bertako taldeburua izan naiz

Aurrerapen teknologiko etengabea kontuan hartuta, nola ikusten duzu sektorea eragiten eta eraldatzen ari dela?
Duela urte batzuk lanpara mota desberdinak erabiltzen genituen eta orain gero eta LED gehiago ditugu. Azken finean, ez dugu bonbillarik aldatu behar eta ez da hondakinik sortzen. Argilari helduek diote LE
Dak ez dutela tungstenoak ematen zuen argi bera, baina nik uste dut hori esaten dutela erromantiko samar geratu direlako. Teknologiarekin batera aurrera egin behar dugu. Gure sektorean berrikuntzak daude etengabe eta jasangarritasunean, pisuaren eta materialaren murrizketan… zentratzen ari dira, planetaren eta erosotasunaren alde egiteko. Markek ere puntako gailuak sortu nahi dituzte euren salmentak hazteko, lehia teknologikoan sartuta baitaude, eta enpresek gero eta ekipamendu hobea lortu nahi dute.

Zein da Euskadiko zuzeneko ikuskizunetako argiztatzaileen lan-maila?
Gero eta kalitate handiagoa dago, eta, oro har, oso teknikari onak daude. Madrilen ere euskaldun asko gaude, oso langileak eta baloratuak garelako. Han estimu handia diogu gure kulturari. Antzokiak, jaiak, kontzertuak, antzerkiak… Eszenaratze hori guztia kudeatu egin behar da, eta dedikazioarekin egiten dugu. Hala ere, Madril hiriburua da, ikuskizunetara bideratzeko diru kopurua askoz handiagoa dago, eta imajinaezinak diren gauzak egiteko aukera ematen dizu. Lurralde bakoitzaren beharrei ere erantzun behar zaie. Madrilen horrelako ekitaldiak gauzatzen dira dituen ezaugarriengatik. Euskal Herrian, adibidez, BBK Live edo Zinemaldia daukagu, eta primeran egokitzen dira beren baldintzetara.

Azkenik, nola ikusten duzu zeure burua hemendik urte batzuetara?
Pentsatzen ez dudan kontua da. Nahiago dut eramaten utzi eta ateratzen diren eta motibatzen nauten proiektuak hartzen joan. Askoz helduagoak diren eta seme-alabak dituzten lankideak ditut, orain nire lagunak direnak, eta libre daudenean gurekin abenturan eskalatzera etortzen dira. Lehen esan dudan bezala, lan hau bizimodu bat da, eta uste dut dena bateragarri egin daitekeela. Ez dut bilatzen noizbait finkatzea eta astelehenetik ostiralera irauten duen bulegoko bizimodua izatea. Ezingo nukeela uste dut, badakidalako zer den (banku batean lan egin nuelako), eta orain daukadan bizimodua beste askatasun mota bat ematen didalako. Oraingoz, aurten Bad Gyalen bira daukat aurretik, eta hemendik aurrera lotzen joango naizen ekitaldiak.

☉ Zeberio

Gorka Perez: «Mendiko artzaintza galtzen ari da eta han behar dira, hain zuzen ere, txakurrak»

Artzain txakurrak trebatzea maite du Gorka Perez Olabarrik, eta praktika horren garapenaren inguruan berba egiteko elkartu gara beragaz Undurragako lurretan

|

Gorka eta Pintxo, artaldearekin lanean / Geuria

Gure mendietan gero eta artzain gutxiago ikusten ditugu. Gainbeheran dagoen ogibidea da. Urteek aurrera egin ahala, ardiak menditik jaitsi eta betidanik ezagutu den artzaintza estentsiboak indarra galdu eta intentsiborako joera nabarmentzen ari dela azaldu du Gorka Perez Olabarrik (Zeberio, 1986). Eta egia da: gero eta sarriago ikusten ditugu ardiak nabe handietan edo etxe ondoan, belarra jaten, inguruak “garbitzen”.

Artzainekin batera artzain-txakurrak daude, eta beren lana ezinbestekoa da ardiak edo ganadua leku batetik bestera eramateko orduan. Orduan, mendietatik urrun, non gelditu da txakur hauek hainbeste urteetan zehar eskainitako laguntza? Gorkak txikitatik ezagutu ditu artzainen lagun fidelen mendiko lanak. Egun batez bada ere, beragaz, Pintxogaz eta artaldexo bategaz izan gara Zeberioko azken auzoan.

Gorka eta Pintxo, artaldearekin lanean, Atzean Areatza // Geuria

Nondik datorkizu txakurrak trebatzeko zaletasun hau, Gorka? Txikitan baserri inguruan ibiltzen nintzen. Bertan, Undurragan, artzain zaharrak egon ohi ziren eta horiekin ematen nuen denbora. Hor sortu nuen artzain txakurrak trebatzeko lotura. Lehen aldian txakur bat ekarri nuen etxera, ondoren ardiak jarri genituen eta zaletasun hura pizten hasi zen, astiro-astiro.

Edozein txakur prestatu daiteke ardiekin lan egiteko? Txakur arraza jakin batzuk daude ardiekin lan egiteko, baina hortik harago garrantzitsuagoa da la hori burutzeko instintua edukitzea. Gaur egun arrazak garatuta daude eta Border Colliea, Euskal artzain txakurra, Gos d’atura (kataluniarra), Kelpie australiarra… asko dira lan egiteko balio dutenak.

Txakur hauek arreorako erabili egiten dira; ez dira guardiarakoak. Hori da. Ardiak kontrolatzeko, ganadua landa batetik beste batera eroateko, transhumantziarako… lan egiten dutenak dira arreokoak. Guardiarako mastinak bezalako txakurrak erabili ohi dira, esaterako.

Pintxo, ziztu bizian // Geuria

Nola aukeratu egiten da artzaintzarako txakur bat? Lehenik eta behin txakurra zertarako erabiliko den jakin behar da. Ardiekin lan egiteko mugatzen bada jarduera arraza garatuena Border Colliea da. Euskal artzain txakurra ere badago kategoria horretan, baina malgutasun handiagoa dauka azken honek eta gainontzeko ganaduarekin lan egiteko balio du ere. Lanaren arabera aukeratuko dugu trebatu beharreko txakur arraza. Border Colliearen kasuan, bere espezialitatea inguraketa lanak egitean datza, esaterako, baina aldi berean oso animalia delikatuak izan ohi dira: zaratak daudenean txakur oso sentsibleak dira.

Gorka Perez: “Txakurkume bat aukeratzen denean loterian jokatzea bezalakoa da”

Kontuan hartu beharreko beste faktore bat aukeratutako txakurraren jatorria da: gurasoak nortzuk diren, alegia. Iraganean artzaintzaren munduan lan egin izan badute berme handiagoa du kumeak esparru horretan lan egiteko. Eta txakurtxoa zaletasun horrekin jaiotzea benetan garrantzitsua da. Hala ere, txakurkume bat aukeratzen denean loterian jokatzea bezalakoa da. Beraz, guri dagokigunez garrantzitsuena animaliaren arbasoek izandako gurutzaketen berri izatea da.

Lehen instintua aipatu duzu artzaintzarako txakur batek izan behar dituen ezaugarrien artean. Eta hezitzailearekiko lotura? Animaliak lotura bat izan behar du bere hezitzailearekin. Horregatik obedientzia lantzeak inportantzia handia dauka. Behin garatuta, ardiak gehitu egiten zaizkio entrenamenduetan.

Pintxo, adi // Geuria

Nolakoa da hezitzaile batek txakur bat behar bezala trebatzeko prozesua? Txakurra lehen bizpahiru hilabeteak bete dituela banatzen da amarengatik. Garrantzitsua da ulertzea nork ematen dion jaten, nork eramaten duen paseoan, nor den etxeko ‘jabea’… Lotura horrek indarra hartzen du egunek aurrera egiten duten heinean. Oinarrizko obedientzia hori landuta dagoenean ardiak gehitzen zaizkio entrenamendu saioei. Hasiera batean agian kontaktu bisuala landu beharko du animaliak ardiekin eta espazio baten barruan babestuta egon beharko dira, egoera arriskutsuak eta estresa ekiditeko. Denborak aurrera egin ahala askatasun handiagoa ematen zaio txakurrari. Ardiekin obedientzia landuta txakurraren kontrola lortzen dugu. Eman beharreko hurrengo pausua agindu jakin batzuk lantzea izango da.

Gorka, Pintxoren lanak ikuskatzen // Geuria

Denbora asko behar da txakur bat behar bezala hezteko? Artzainak eskatzen dionaren arabera, egia esan. Baina esan genezake, orokorrean, prozesuak normalean urtebeteko iraupena izan ohi duela, gutxi gorabehera. Urte eta erdiko txakur batek ardiekin lan egin ez badu gerora zaila da adin horrekin behar horietarako trebatzea.

Eta artzaintzan lan egiten duen txakur bat arraza garbikoa izatea inportantea da? Ez du zertan izan beharrik. Adibide modura, Border Collie eta Euskal artzainen arteko nahasketek emaitza oso onak izan ohi dituzte. Baina egia da arraza garbiko txakurrek berme hori ematen dutelaren ospea dutela.

Gero eta artzain gutxiago ikusten dira gure mendietan, baina kontraesankorra badirudi ere Hego Uribeko herri askotako jaietan artzain txakurren ikuskizun ugari egiten dituzte oraindik. Zergatik da hau? Zaletasun handia daukan mundua da, ezbairik gabe. Eskualdean eta baita eskualdetik kanpo ere! Hor dago ere Oñatin urtero egiten den nazioarteko artzain txakurren txapelketa, Euskadiko eta Bizkaiko txapelketak… lehiaketa ugari antolatzen dira inguruan eta ez bakarrik txakur artzainen ingurukoak; euskal artzain txakurren arteko txapelketak eta arraza libreko lehiaketak ere antolatzen dituzte. Urtez urte ere artzainen belaunaldi aldaketa ikusten da eta zaletasuna gogor mantentzen dela esan daiteke.

Gorka Perez: “Lan hau ogibide modura duten pertsona bi egongo dira Euskadi osoan”

Eta horren haritik artzain txakurrak hezteko negoziorik al dago? Oso gutxi. Lan hau ogibide modura duten pertsona bi egongo dira Euskadin. Eskari gutxi daukan zaletasuna da eta txakur hauek egunerokotasunean behar dituen artzainak bere kabuz hezten ditu txikitatik. Baina egoera zuk zeuk azaldu duzu: mendiko artzaintza galtzen dabil eta mendian behar dira txakurrak. Artzaintza estentsiboa galtzeko joera ematen ari da azken urteetan eta horren ordez intentsiboaren norabidea hartzen ari da, baserri formatura: ardiak azpiegituretan ikusten hasi gara, nabeetan. Bertan, txakurren lana ez da hain beharrezkoa.

Ardi bat // Geuria

Hezitzaile modura, zein esparrutan hezten dituzu zure txakurrak? Obedientziaren esparruan: paseoren bat ematen badut nire alboan egoteko eta bereziki ardiekin egoteko. Nire txakurren lana ardietan zentratzen da.

Lana ematen dute ardiek gaur egun hemen, Zeberion? Bai, egunero egin behar da ezer beraiekin: landaz aldatu, txertoak ipintzeko leku zehatz batean ipini behar da artaldea, ardiak kontatzeko banan-banan igaro behar dira leku jakin batetik… hori guztia txakurraren lana da. Txakur barik lan hori egiteko denbora hiru aldiz biderkatuko litzateke.

Non egiten dituzu trebaketa saioak? Etxean bertan. Duela urte batzuk Nafarroara joan nintzen praktika honen inguruko ezagutzak jasotzera. Garai hartan beste txakur bat neukan eta Border Collien inguruko Britainiatik zetorren metodo bat ikastera joan nintzen Nafarroara. Hala ere, nire txakurrak nik neuk hezi izan ditut.

Pintxo, kontrol lanetan // Geuria

Nola ikusten duzu artzain txakurren lanaren etorkizuna? Zail, ez dizut kontrakoa esango. Gero eta oztopo gehiago ipintzen dizkiete artzainei eta txakurrei esparru estentsiboan. Apurka-apurka, artzain txakurren lana menditik etxe ondoetara mugatzen ari da, arrazoi batengatik: etxeko lurrak garbi mantentzeko. Azken batean, lursailean artalde ertain edo handiak dituenak txakurra behar du ardiak landa eremu batetik bestera mugitzeko.

Gorkaren artaldea // Geuria

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Aztarnak Muralismo: «Denborak, esperientziak eta zailtasunek muralismoaren sormen-artean zaildu gaituzte»

Arrigorriagako muralistek lau horma-irudi egin dituzte herrian iazko urte amaieran. Aixarteko tunelaren margoketa lanetan izan ginen beraiekin, beren zaletasuna, lanbide bihurtuta, gaueko ordu txikitan ikusteko

|

Aztarnak Muralismoko kideak // Geuria

Plazak, auzoak eta herriak koloreztatzeaz bizi dira Aztarnak Muralismokoak. Talde hau Iker Martinek (Arrigorriaga, 1978), Andoni Ortizek (Ugao, 1987) eta Iñigo Modregok (Arrigorriaga, 1991) osatzen dute. Hiri modernoen kolore lau eta grisetatik ihes egiten dute muralista hauek eta herrietako txokoak kolore biziko horma-irudi erraldoiak sortuz.

Ikerrek denetarik egin du bere bizitza profesionalean: etxetresna elektrikoak muntatu, furgonetak muntatu… gaur egun ikus-entzunezkoen industrian egiten du lan eta horma-irudiak egitearekin bateratzen du. Andonik, ostera, eskualdeko enpresa batean egiten zuen lan eta behar barik gelditu zenean bere norabidea muralismoan oinarritu zuen. Iñigok urteak daramatza muralismoaz “bizirauten” eta horrela jarraitzea espero du.

Profil ezberdin horiek badute amankomunean gauza bat: txikitatik kaleetan grafitiak egiten zituztela eta zaletasun hura bere ogibide bihurtu dutela 2008an hasitako proiektutik. Harrezkeroztik denetarik margotu dute eskualdean, Bizkaian, Araban eta harago: fatxadak, tunelak, zubiak, hainbat negoziotako pertsianak, logelak… proiektu bakoitza erronka bat da beraientzat.

Iazko azken egunetan lau horma-irudi egiteko enkargua jaso zuten Arrigorriagako Udaletik: Lanbarketako tunelean, trenbide azpiko oinezkoen tunelean, Lamiaena emakumeen etxe ondoko igogailuaren fatxadan eta Aixarte tunelean. Lan egiten ikusi dituen inork badaki arrigorriagar hauek ez dutela publizitatearen beharrik enkarguak jasotzeko, bere feeda herriko hormak direlako eta folowerrak, herritarrak beraiek.

Andoni, Iker eta Iñigo, Aixarteko tunelean // Geuria

Iazko azken egunetan Arrigorriagan ibili zineten lanean. Zertan zehazki? Iñigo Modrego: Arrigorriagako Aixarteko tunela margotu berri dugu. 400 metro karratu inguruko azaleradun mihisea izan da.

Azalera handiko murala, gero!Baina ez da izan urte amaierako bakarra zuen herrian, ezta? Andoni Ortiz: Ez, lau mural handi margotu ditugu 2024ko azken bi hilabeteetan Arrigorriagan, Udalarekin berarekin urte erdialdean adostutakoak: Lanbarketako tunelean, Kuboko oinezkoen igarobidean, Lamiaenako igogailuan eta Aixarteko tunelean. Herrian zenbait jarduketa egiteko asmoa zuten Udaletik eta guk duela urte batzuk herriko horma batzuetan margoketa lanak egiteko proposamenak egin genizkienez, kontuan hartu zizkiguten.
I.M: Azken batean gu herrikoak gara eta hainbat horma margotu ditugu bertan: Olatxu auzoko horma bat, Abusuko Zentro Soziokulturaleko eraikineko fatxada, Gaztegunea, Kiroldegiko fatxada handia…Egin ditugu gauzak, egia esan!

Nola hasi zen muralak egiteko ideia original hau? A. O: Guk betidanik egin izan ditugu grafitiak han eta hemen. Egun batean, Olatxuko auzo elkarteak gurekin ipini ziren harremanetan, eraikin batzuen atzeko aldeko hormak margotzeko asmoa zutelako. Izan ere, horma hori trenbideen parean kokatuta dagoen 100 metro baino luzera handiagoko karga-horma bat da. Udalaren babesarekin ikuskizun formatuko margoketa lana egin genuen bertan: gremioko 30 margotzaile ekarri genituen Abusura eta harrera oso ona izan zuen ekimenak. Jarduera horri esker Udalak gure lana ezagutu zuen. Lan hartatik abiatuta jaio zen Abusuko Zentro Soziokulturala margotzeko proiektua.

Eta zer kontatu zenuten Zentro Soziokulturaleko horma-irudian? A. O: 1983. urteko uholdeak baino lehen zeuden eraikinak, trenbideak, Olatxu, Ollargan, mehatzetara lan egitera etorri ziren etorkinak… gogora ekarri genituen.Iragana eta etorkizuna lotu, nolabait esatearren.

Pintura boteak // Geuria

Hormetan lantzen dituzuen gaiei dagokienez. Eszena horiek zuen bezeroek proposatzen dizkizuete edo zuen ekarpenak dira? I. M: Batzuetan bezeroen proposamenak dira, beste batzuetan gureak… eta alde bien arteko ekarpenak izatea eman daiteke ere. Adibide bat ematearren, Lanbarketako tunelean auzoa erakusteko antzinako irudiak nahi zituzten, baina aldi berean hitzaren esanahitik abiatzeko aukera eskaini ziguten, eta Lanbarketaren jatorria “lamien erreketan” dagoenez, mitologiaren esparruan kokatutakoa askoz egingarriagoa ikusi genuen bigarren aukera hura. Kontuan izan beharrekoa da Lanbarketako tunelean dagoen espazio handiena zabaia bera dela eta bertan antzinako argazkiak margotzekotan lana ez zen uste bezain ondo apreziatuko. Beraz, lamien gaiari eutsi genion.
Iker Martin: Kuboko oinezkoen pasabidean dibertsitatea izan zen gaia. Bertan, kolore argitsuak, figura “abstraktuak”… margotu ditugu eta helburu nagusia mezu hau zabaltzea zen: “Kontuz, tunel hau iluna da eta edonor igaro daiteke bertatik”. Kolore lauak erabili ditugu bertan eta garbiketa lanak egin genituen ere.
A. O: Gainera, pintada asko egin diren lekua da Kuboko oinezkoentzako igarobidea eta bertan egin dugun diseinua “konpontzeko erraza” da. Horrela, horma-irudiaren iraupena luzatzea espero dugu. Eta ez hori bakarrik, Urte amaieran egindako lau muraletatik hiru leku ilunetan izan dira (tunel bi eta igarobide bat). Leku horietan, dekorazio lanak egiteaz gainera kolore argiak erabili ditugu, giroari argi ukitu bat emateko.

Materialaren aukeraketa // Geuria

Lamiaena ondoan dagoen igogailuaren grafitia, ostera, zeru zabalean dago eta bertan landutako gaia genealogia feminista da. I. M: Hala da, mural horren kasuan Udalak argi eta garbi zeukan zer egin nahi zuen bertan.
A.O: Arrigorriagako emakumeen genealogia irudikatu nahi zuen Udalak. Udal ordezkariekin izandako bilera batean esan ziguten herriko antzinako emakumeek bendeja saltzen zutela eta etxekoandre moduan egiten zutela lan askok. Gauza da denborak aurrera egin duen heinean bizimodu hori aldatuz joan dela eta horixe erakutsi nahi izan zuten Udaletik. Muralean adin ezberdinetako emakumeak ageri dira eta irudi bakoitzeko emakumeak aurrekoan du begirada, iraganari keinua eginez, emakumeek historian zehar izan duten genealogia feminista erakutsiz.

Alde handia dago grafitiak eta muralak egitearen artean. Margotzeko modu oso ezberdin bi dira baldintzei dagokienez. Bateragarriak al dira? I. M: Zaletasuna eta lana dira.
A.O: Zenbat eta askatasun kreatibo handiago, orduan eta erosoago sentitzen gara margotzen. Gu, kolektibo modura Arrigorriagan egindako lanak bilatzen saiatzen gara eta horregatik bezeroak eskatzen duen hori egiten saiatzen gara, gure ukituarekin betiere. Askatasun hori bezeroak mugatzen du. Errotulazioek, esaterako, askatasun gutxi ematen digute. Bezero batek bere logoa eskatu izan digu behin baino gehiagotan bere negozioaren pertsianan. Bertan ezin da elementu askorekin jokatu orokorrean.

Materiala furgonetan sailkatzen // Geuria

Baina Arrigorriagako Udalak eskatutako enkarguetan sormen-lan hori nabarmentzekoa da. A. O: Bai, hala da. Hainbat enkargu egin ditugu Udalarentzat eta badakite nola egiten dugu lan. Horrek askatasun handiagoa ematen digu horma-irudiak egiteko orduan.
I.M: Erraza da beraiekin lan egitea: azken batean, ideia pare bat botatzen dizkigute eta gero guk gure proposamenak digitalean botatzen dizkiegu eta horietan modifikazioak egiteko aukera eskaintzen dugu. Aukeratutako proposamena gure estiloan lantzen dugu.
A.O: Proposamen digitalak begiak zabaltzen dizkio bezeroari. Aixarteko tunelean horrelaxe egin genuen: proposamenean aipatutako elementuak modu digitalean kokatu genituen tunela margotzen hasi baino lehen bertan egin genuen argazki batean. Bertan ere kolore gama proposatzen dugu.

Gainera, zuek eskuz egindako diseinu bat tamaina erraldoiko mihise batera eramaten duzue: azalera handiko hormetara. Benetan zaila izan behar da zuena. I.M: Lanbarketako tunelean, esaterako, Lamia bi ageri dira. Tunel osoko hormak margotu genituen eta elementu horiek sabaian ageri dira. Gorantza begira margotu genuen eta erronka handia izan zen guretzat, ezin ginelako sabaitik “urrundu” perspektiba izateko. Era horietako lanak egiten ditugunean koadrikularekin funtzionatzen dugu, bestela zoramena izan daiteke.
A.O: Burutik oinetara 12 metroko luzera dute lamiek eta Iñigok dioena da azkenean: ezinezkoa da perspektibarekin lan egin sabaira itsasita zaudenean.
I.M: 13 egun eman genituen bertan, gora begira margotzen.
I.Ma: Lanbarketako tunelaren zailtasuna horixe zen. Aixarten, ostera, horma-irudiaren elementu gehienak hormetan daude kokatuta eta perspektiba hartzeko aukera ematen du: eskaileratik jaitsi eta urruntzeko aukera dago.

Lanerako prestatzen // Geuria

Aixarteko tunelean gauez ibili zineten margoketa lanak egiten, bertatik errepidea igarotzen delako eta trafikoa derrigorrez moztu behar delako. Baina egunez lan egin izan duzuenean zer diote auzotarrek herriko hormak margotzen ikusten zaituztenean? A.O: Gure diseinuen lehen marrak egiten hasten garenean normala izan ohi da inork herriko hormak “zikintzen” ari garela pentsatzea. Baina diseinu horrek itxura hartzen duen heinean lan “serio” batean ari garela ikusten dute eta zoriontzen gaituzte. Behin baino gehiagotan gertatu zaigu.

Iñigo, lanean // Geuria

Pintatzea zuen lana da, baina ez bakarra, ezta? I.M: Denetarik egiten dugu: presioko ur pistola baten bidez hormak garbitu egiten ditugu. Ondoren inprimazio geruza bat ipintzen diegu hormei. Gero pintura plastikoko beste geruza bat gehitzen diogu arrabola eta brotxaren bidez. Hori guztia eginda, sprayarekin margotzen hasten gara.

Andoni Ortiz: “Muralen arerio nagusia kalea bera da: bertan eguzkia eta hezetasuna ageri dira”

Margolariek denboraren faktorea kontran duzue beti. Mural bat amaitu duzuelarik mantenu lanak egin behar dituzue urteek aurrera egin ahala? I.M: Gure lanek iraupen handia izan ohi dute, oro har, baina egia da Arrigorriagako oinezkoen tunela margotu dugunean bertan errepaso lanak egingo ditugula esan diegula Arrigorriagako Udaleko ordezkariei. Azken batean bertatik jende asko igaro da eta ziur gaude inork pintadak egingo dituela gure lanaren gainean, laster edo berandu. Gainontzeko lanei dagokienez ez dizkiegu mantenu lanik egiten, salbuespenak salbuespen: horma irudi bati egun osoan zehar eguzkia ematen badio edo azpiegituran hezetasunak ageri badira, esaterako, mantenu lan horiek egin beharrekoak dira.
A.O: Muralen arerio nagusia kalea bera da: bertan eguzkia eta hezetasuna ageri dira. Eguzkiak koloreak desgastatzen ditu eta hezetasunak pintura hondatu dezake. Horregatik margotu aurretiko prestaketa lan guztiak berebizikoak dira.
I.M: Denborak muralismoan profesionalizatu gaitu. Azken batean, grafiti bat egiteko ez dituzu faktore horiek kontuan izaten: grafitiak berehalakoak dira eta ez duzu margotu beharreko azalera hori zertan prestatu behar.
I.Ma: Aixarte tuneleko muraleko prestaketa lanak egiteko hiru egun eman ditugu.

Andoni eta Iker // Geuria

Zuen lanak kalean daudela esan duzue eta eguzki eta hezetasunez gain grafiteroak ere badaude. Ba al dago kode berezirik grafiteroen artean margolari bakoitzaren lana errespetatzeko? A.O. Denetarik dago.
I.Ma: Hori da: mural bat norbaiten lana dela pentsatzen duenik dago, baina baita bertan edozeinek pinta dezakela pentsatzen duenik ere. Denetarik dago eta ezin gara jende guztiaren aurka borrokatu.
I.M: Hala ere hau ez da Madril edo Bartzelona eta Hego Uribe bezalako eskualde batean elkarren artean ezagutzen gara grafiteroak.
A.O: Egia esateko ez dugu inolako arazorik izan gure muralekin, Basauriko trenbideen azpiko tunelean izandako arazotxo bat izan ezik.

Zuek gainera Euskal Herriko grafiteroak batzen dituen Urban Festaren sortzaileak zarete. I.M: Jai horren helburua grafitiak egiten dituen jendea elkartzea da.
A.O: Gure asmoa grafitiak eta muralak egitearen kultura zabaltzea da, sormen askatasunaren alde betiere. Bizi naizen lekua politagoa ikusi nahi dut eta muralismoarekin horixe da lortzen duguna: mundu koloretsuagoa, eta ez hain gris edo zikina. Pena ematen du kaletik joan eta itxita dauden kolorerik gabeko negozioak ikustea. Bilboko Irala auzoan, adibidez, bertako negozioen pertsianak margotzeko ekimena martxan jarri dute eta horrek bizitza ematen die auzoei.
I.Ma: Gainera, pertsiana horiek margotzen dituztenak grafitien mundutik datozen margolari esperientziadunak izan ohi dira.
A.O: Horregatik da hain garrantzitsua Urban Festa bezalako ekimenak ezagutzera ematea eskualdeko beste herrietan antolatuz. Muralismoaren munduan sartu nahi duenarentzat erreminta oso garrantzitsuak dira Urban Festa edo Galdakaon antolatzen den Grafesta. Gainera, esan beharrekoa da gero eta muralismo lan gehiago ikusten direla herrietan. Nork ez ditu Gasteizko muralak eta bertatik egiten diren bisita gidatuak ezagutzen? Erritmo honetan jarraituz gero bisita gidatuak Arrigorriagan ere antolatu beharko genituzke! (barreak).

Spray boteak probatzen // Geuria

Eskualdekoak zarete zuek eta bakoitzak bere estilo propioa izango du hormak margotzeko orduan. Nola adosten duzue horma batek bezero batentzat jantziko duen estiloa? I.M: Gure artean adosten dugun kontua izan da. Batzuetan bezero batentzat lan egiten dugunean hainbat proposamen helarazten dizkiogu eta aukeratutako proposamenaren estiloari jarraitzen saiatzen gara. Beste batzuetan hiruron artean adostu dugu proposatutako lehen diseinua.

Andoni, pintatzen // Geuria

Bakoitzaren estiloa muralismoarekin hasi baino lehen kalean bizi izandako esperientziarekin lotuta egongo da, ezta? A.O: Kalean grafitiak egin ditugu urte askoz muralismoan hasi baino lehen. Gure artean nahiko ondo konpondu izan gara betidanik eta hormetan hiru estilo horiek nolabait elkartzeko gaitasuna lortu dugu. Aztarnak Muralismo taldearen bidez askotariko enkarguak egin ditugu (horma-irudiak, letteringak, espazio jakin batzuen margoketa) eta horrek indartu du gure lan egiteko modua.
I.M: Gure estiloa errealismo eta komik errealismoaren artea koka daiteke, orokorrean.

Asko aldatu da horma-irudiak ikusteko ohitura zuek pintatzen hasi zinenetik? I.M: Bai, noski!
I.Ma: Abusun oso gutxi ginen. Nire kasuan hainbat kolektiborentzako muralak egiten nituen: Gaztetxeek Garai hartan diru gutxi uzten zuten, baina behintzat margoa ordaintzeko ematen ziguten lanak egiten genituen.
I.M: Horrelakoak izan ziren gure lehen lanak: materialak ordaintzeko ez geneukan dirurik ere! Gazteak ginen eta maite dugun hori egiteagatik ordaintzen ziguten (barreak).
A.O: Orain, lanean hasi baino lehen aurreikuspen sakon bat egiten dugu: leku batera joan behar izatekotan ordaindu beharrekoa, bertan eman behar ditugun egunen eta horien kostuen estimazioa.

Iñigo eta Iker // Geuria

2024ko azken proiektuak Arrigorriagan izan dituzue baina beste leku askotan ere izan zarete lanean. A.O: Laudioko Isasi auzoan, Bilboko Artxanda funikularreko tunelean.

Funikularreko tunela? A.O: Bai, kanpoko aldean harri batzuk margotu genituen Koronabirusaren garaian eta tunelean barrena paisai bat margotu genuen. Bertan ere gauean egin behar izan genuen lan, neguan eta funikularreko mantenu-lanak egiten zituzten bitartean.
I.M: Aire korronteek eta hotzak gogor astindu gintuzten proiektu hartan.

Andoni, eguzkilori bat margotzen // Geuria

Ba al dago ametsetako lekurik bertan horma-irudirik egiteko zuen buruan? I.Ma: Zaletasun modura edonon, eta lan modura deitzen gaituzten edonora.
A.O: Niri gure lanak ikustea gustatzen zait. Ni Santa Isabelekoa naiz eta burura datorkidan margotzeko lehen lekua auzoan dagoen biribilgunetik bueltan ikus daitekeen horma da. Gaur egun leihorik gabeko eta kolore lauko espazioa da. Guztiok ikusi dugu fatxada hura eta ilusio handia egingo lidake nire gurasoek nik neuk koloreztatutako horma-irudia egunero ikustea. Bertan margotu nahi izanez gero auzo elkartearekin berba egin beharko genuke eta ez da lan erraza izaten normalean.
I.M: Polita da auzoan bertan gure horma-irudiak ikustea. Nork esango liguke guri antzinako lokaletik gertu, non eta Lanbarketa tunelean horma-irudi erraldoia egingo genukeenik? 17 urterekin egunero igarotzen ginen tunel hartatik.

Andoni Ortiz: “Ilusio handia egingo lidake nire gurasoek nik neuk koloreztatutako horma-irudia egunero ikustea”

2025a hasi berri dugu. Nolako egutegia daukazue urte berriari begira? A.O: Itxita momentuz ez baina ideia bat daukagu buruan bueltaka: saskibaloi kantxa bateko zorua margotzea gustatuko litzaiguke. Denbora asko daramagu ideia horren atzean eta horma eta sabai asko margotu baditugu ere, momentura arte ez dugu kirol pista bateko zorua margotzeko aukerarik izan.

Andoni // Geuria

Zapaldu egiten den azalera da. Erronka handia izan behar da zuentzat! A.O: Hori da. Margo mota espezifiko (eta garesti) bat erabili behar da horretarako. Leku bakoitzak teknika eta material jakin bat eskatzen du. Horixe litzateke gure hurrengo erronka: margoketa ezberdinak leku arraroetan egitea.
I.M: Saskibaloi pista bezalako azaleretan margotu behar dugunean margo hornitzailearengana jo dugu gomendioen bila. Harreman ona dugu berarekin.
I.M: Konfiantza osoa dugu, batzuetan margotu beharreko lekuetara hurbiltzen da bera, aukeratu beharreko materialak eta pinturak aproposenak izan daitezen.

Koloretako mundu honetan murgildu zinetenetik asko ikasi eta hobekuntzak gehitu dituzue zuen proiektuetan. Bistan da. A.O: Profesionalizatu gara. Maite dugun zaletasun honetaz bizitzen ari gara eta gure lanak herriaren parte izatera igaro dira. Zoragarria da hori.

Aixarte tuneleko 3D aurre-diseinua // Geuria

Osorik irakurri

Elkarrizketak

Danel Marin: «Egun txar batean ere musika sortu edo jotzeak lasaitasuna eta inspirazioa ematen dit»

Txikitatik izan du musikarekiko interesa Danel Marin etxebarritarrak. Monday Potions taldean perkusionista bezala dihardu eta azaroan Hego Uribeko talderik onenaren saria irabazi zuten Rockein lehiaketako finalean

|

Danel Marin (hirugarrena ezkerretik) Monday Potionseko taldekideekin, 2024ko Rockein lehiaketako Hego Uribeko taldetik onenaren saria irabazi zutenekoa // Rockein

Azaroan Rockeineko finalean Basauriko Social Antzokiko eszenatokian jo zuen Monday Potions taldeak, baita Hego Uribeko taldetik onenaren saria irabazi ere. Danel Marin Urrutxurtu (Etxebarri, 1991) taldeko perkusionista da eta berarekin solasaldia izan dugu.

Monday Potions taldearekin azaroan Hego Uribeko talderik onenaren saria irabazi zenuten Rockein lehiaketan. Zorionak! Eskerrik asko! Aukera bikaina izan zen Social Antzokian, Rockeineko finalean jotzea! Oso gustura ibili ginen oholtza gainean eta Hego Uribeko talderik onena sariaren irabazleak izatea poztasun handiz hartu genuen, zalantzarik gabe!

Rockein irabazita, bideoklip profesional bat grabatuko duzue. Lehen aldia izango da bideoklip baten grabaketan parte hartzen duzuela? Bai. Talde profesional batekin grabatuko dugu lehen aldiz bideoklip bat. Aurretik hainbat bideoklip eta bideo grabaketa egin ditugu, baina beti lagun giroan.

2025eko MAZ Basaurin ere kontzertua emango duzue. Bai! Oso pozik gaude. Rockein irabazi eta urtebetera Basaurin jotzea, eta are gehiago MAZ Basaurin jotzea, zoragarria izango da! Jaialdia ezagutzen dugu eta edizio berri honetan arituko diren taldeak zeintzuk izango diren jakiteko gogoekin gaude!

Rockeineko finaleko epaimahaiaren balorazioa izan zen: “Musika proposamen eklektiko batekin, pop barrokotik art rockera nabigatzen du”. Horrela definitzen duzue taldea? Hau bai galdera zaila, nik neuk gurea definitzeko zailtasunak baititut! Ez da, hala ere, asko pentsatzen dugun gaia ezta kantagintza prozesuan eztabaidatu dugun zerbait ere. Dena den, pop kantak dira egiten ditugunak. Abesti bakoitzean dagoen DNA pop kanta horietan sartzen dugu. Akaso, zerbait ezberdina duen pop musika egiten dugu. Gustura hartzen ditugu, zernahi gisaz, jasotzen ditugun etiketa guztiak eta eroso sentitzen gara horiekin, geure musika definitzeko ere lagun izaten ditugu eta.

Monday Potions Rockeineko finalean // Rockein

Zelan azalduko zenizkioke kontzeptu hauek zure bizilagun bati: “proposamen eklektikoa”, “pop barrokoa” eta “art rocka”? ‘New Age Hokum’ besterik ez. Hori da erantzun bakarra.

Hori da hain zuen Monday Potionsen diskoaren izena. Bai, hala da. Azaroaren 15ean kaleratu genuen diskoa. Hamabi abesti ditu, denak ingelesez.

Zein harrera izan du diskoak? Nahiko ona, momentuz. Hori da behintzat helarazi digutena, eta aldizkarietan iritzi onak zabaldu dituzte. Oraindik ez ditugu iritzi negatiborik entzun! (barreak).

Monday Potionseko erritmoan, Alba Granadosekin batera, bugalú ukituak daudela azaldu duzue. Azalduko diguzu zer den bugalú ukitu hori? Bugalú ulertzeko, bugalua ez dena azalarazi beharko genuke. Eta zer ez da bugalua? Bugaluaren antza du, baina ez da bugalua. Ezta takatá taká bugalua ere. Bugalu, ordea, bugalua da. Nahiz eta batzuetan ezin izan. Hau ere bakoitzaren iritziaren araberakoa izan daitekeelako. Guretzat takatá taká bezala. Bizia eta bortitza denean, zaila egiten zaigu guri ere bugalutik bereiztea.

Perkusionista zara Monday Potionsen. Nola heldu zinen taldera? Egia esan, laurok elkar ezagutzen genuen. Ekaitzekin jotzen dut Sonic Trash taldean eta Alba aspalditik ezagutzen dut bateria ikasten ari ginenetik. Enekok ere denbora darama Sonic Trashekin elkarlanean, musikari gisa eta eduki bisuala diseinatzen. Hirurak elkarrekin ari ziren lanean diskoan, eta bere garaian perkusio batzuk grabatzea proposatu zidaten, asmo handirik gabe. Horren ondoren konturatu ginen abestiek oso norabide interesgarria hartzen zutela, eta proposamenak hainbeste maitemindu ninduenez, taldearekin bat egitea erabaki nuen. Eta orain arte.

Zein da taldean duzuen giroa? Bada oso ona egia esan. Noski, tentsioa ere badago momenturen batean! (barreak). Baina, bromak aparte, aurreiritzirik eta oztoporik gabeko giroa sortu dugu kantuei aurre egiteko, bakoitzari barrutik ateratzen zaion bezala. Eta hori ez da beti erraza izaten.

Lehen aipatu duzu Sonic Trash. Talde horretan ere bateria zara. Bi taldeetan aritzea bateragarria da? Bateragarria baino, bateria-garria! (barreak). Bai, momentuz moldatu egiten naiz.

Talde guztiek izaten duzue amets handiren bat. Zuen kasuan, zein da? Orain dela egun batzuk John Fogerty musikari eta abeslariaren —Creedence Clearwater Revival— antza zuen Athleticzale bat ikusi genuen San Mamesen. Berarekin berriro topo egitea gustatuko litzaiguke zein punturainoko antzekotasuna zuen ziurtatzeko! (kar, kar, kar)

Adimen artifizialaren gaineko kezka zabaldu da artearen eta musikaren munduan. Zelan ikusten duzue zuek? Ordezkatuko gaituzte makinek arlo horretan ere? Duela gutxi horren inguruan aritu ginen hitz egiten. Izan ere, Enekoren benetako ahotsa Phil Collinsen ahotsaren tesituraren antzekoa da, baina adimen artifizialari esker, hainbeste sentsazio sortzen ari diren crooner-ehundura horiek diskoan sartzea lortu dugu! (barreak).

Aurretik Dead Bronco eta Los Retros taldeetan ibilitakoa zara. Talde horietan esperientzia irabaziko zenuen. Esperientzia guztiekin hazi egiten zara zentzu batean zein bestean. Egia esan, oroitzapen onak eta lagun handiak eraman ditut parte hartu dudan proiektu guztietatik.

Noiz hasi zinen musika munduan? Txikitatik izan dut musikarekiko interesa. Niretzat musika adierazpen-iturri bat da, komunikatzeko eta emozioak askatzeko modu bat. Egun txar batean ere musika sortu edo jotzeak lasaitasuna eta inspirazioa ematen dit. Gainera, musika besteekin konektatzeko modu unibertsala da. Une magikoak entzuleekin partekatzea zoragarria iruditzen zait.

Zaila da musikaz bakarrik bizitzea? Bai. Askotan ateratzen den gaia da hauxe. Zaila da, normalean musika beste lan serio batekin partekatu nahi duzulako, musikak bakarrik asetzen ez zaituelako. Musika egiten dugu beste lan horretan jarduteko.

Osorik irakurri

Elkarrizketak

Unai Beitia: «Filmetan ikusten diren Wall Streeteko erokeriak 2009ko krisiaren aurretik gertatzen ziren; gaur egun dena askoz aspergarriagoa da!»

Wall Streeten finantzak eta jasangarritasuna lotzen ditu Unai Beitia gazteak. Era berean, New Yorkeko Euskal Etxeko antolakuntza taldean dihardu

|

Unai Beitia 2022tik darama New Yorken lanean; Euzko Etxeko antolakuntza taldean ere dihardu // Utzitakoa

Galdakaotik New Yorkera. Kale lasaietatik hiri handi eta finantza-bihotz zalapartatsura. 2022an egin zuen bidaia Unai Beitia Zabala gazteak (Galdakao, 1998) “lorik egiten ez duen hirira”. Bere bidea finantza globalen mundu lehiakorrean aurkitu du, Palladium Equity Partners enpresan lan eginez. Inbertitzaileekiko harremanean eta jasangarritasunean espezializatuta, itxuraz urrun dauden bi munduren arteko zubi bihurtu da Unai; izan ere, New Yorkeko Euskal Etxeko antolakuntza taldean ere ari da buru-belarri.

Galdakaotik New Yorkera. Suposatzen dut aldaketa handia izan dela. Egia da aldaketa handia dela Galdakotik New York bezalako hiri handi batera aldatzea baina espero baino arinago moldatu naiz. Azken batean, astean zehar errutina bat jarraitzen duzu eta errutinak antzekoak dira Galdakon edo New Yorken. Hala ere, New Yorken bizitza bakartiagoa da eta bakoitza berera doa.

Lanean zaude New Yorken. Zehazki zertan? Palladium Equity Partners enpresan egiten dut lan. Private Equity firma amerikar bat da. Nire lana Inbertsoreekin harremanetan eta Jasangarritasunean zentratzen da.

Zer da Private Equity? Private Equity-a inbertsio-funts pribatuek enpresa pribatuetan edo burtsan kotizatzen ez diren enpresetan egiten duten kapital-inbertsioa da, enpresa horien balioa handitzeko eta, ondoren, irabaziak lortzeko helburuarekin. Hitz gutxiagotan, inbertsoreek dirua ematen digute, guk enpresa pribatuak erosten ditugu, hauek hazi eta saldu.

Unai, New Yorkeko skyline-aren aurrean // Utzitakoa

Nolakoa da zure egunerokoa zure lanpostuan? Ba nahiz eta erantzun estereotipikoa izan, egun bakoitza desberdina da. Lan erritmoa nahiko altua da eta ordu luzez egiten da lan, baina nire ibilbide profesionalerako momentu honetan asko ikasteko balio dit. Profesionalki hazteko eta garatzeko aukera ari naiz bizitzen.

Finantzekin lan eginda, zeintzuk dira aurkitzen dituzun desafioak? Presioa, erabakiak hartzea eta negoziaketak izango dira zure errutinaren parte. Arlo profesionalean erronkak milaka dira. Batez ere leku bat egin nahi dut Wall Street-en eta nire firma maila altuagoetara eraman.

Eta maila pertsonalean zeintzuk dira zure helburuak? Pertsonalki Euskadiren izena Ameriketan zabaltzea da nire helburu nagusia. Amerikar askok ez dute gure herrialdea ezagutzen eta hau aldatzea gustatuko litzaidake, behintzat ahal dudan neurrian.

Arlo profesionalera bueltatuz, zure ustez, zer trebetasun dira funtsezkoak finantzen munduan arrakasta izateko? Ez dut uste trebetasun konkreturik beharrezkoak direnik. Finantzen inguruko kultura generala da. Horrez gain, ikasteko prestutasuna, gogoak eta lan egiteko prest egotea dira gakoak.

“Ikuspegi idiliko batetik, behar kolektiboak desio indibidualisten aurretik jartzea izango litzateke nik proposatuko nukeen aldaketa finantza-industrian”

Wall Streeten egiten duzu lan. Nolakoa da? Telesailetan eta filmetan ikusten dugun bezalakoa al da? (Barreak) Bada egia esan, badauka errealitate puntu bat. Baina pelikuletan ikusten diren erokeriak 2009ko krisiaren aurretik gertatzen ziren. Gaur egun dena askoz aspergarriagoa da! (kar, kar, kar)

Unibertsitateko ikasketak egiten zeuden bitartean, ikusten zenuen zure burua Wall Streeten lanean? Bada egia esan, ez. Ez nuen espero. Ez da erraza horrelako zerbait imajinatzea!

Finantza-industrian aldaketa esanguratsu bat egin ahal izango bazenu, zer egingo zenuke eta zergatik? Ikuspegi idiliko batetik, behar kolektiboak desio indibidualisten aurretik jartzea izango litzateke nik proposatuko nukeen aldaketa. Mundu gero eta indibidualistagoan bizi gara eta ez dut uste jarraitu beharreko bidea hori denik. Jasangarritasuna, elkarlaguntza eta enpatia uste dut direla bidea. Komunitatean dago indarra.

Lanetik kanpo, nolakoa da New Yorken bizitzea? Bada edozein euskal gaztek egiten dituen plan berberak egiten ditut, baina hiri handiago batean. Plan horiek dira: lagunekin elkartu, kirola egin, juergan irten edota leku berriak bisitatu. New Yorkeko Euzko Etxean ere laguntzen dut ekintza desberdinen antolaketan. Azken batean, planak antzekoak dira, baina leku desberdin batean.

“Familia, lagunak eta Euskadin daukagun bizi-maila da gehien faltan botatzen dudana, baina aitortu behar du janaria ere faltan sumatzen dudala!”

New York “lorik egiten ez duen hiria” da. Oreka bat topatu beharko duzu zure aisialdiaren eta zure lanaren artean. Zaila da, egia esan. Jendea lan egiteko bizi da eta atzean gelditzen zara ez baduzu erritmo hori jarraitzen. Beraz, astean zehar lana da foko nagusia eta asteburuak erabiltzen ditut beste plan batzuk egiten saiatzeko.

Zure aisialdiaren barruan aipatu duzu New Yorkeko Euskal Etxean ere laguntzen duzula. Euzko Etxe desberdinen historia ezagutzen nuen eta historikoki izan duten garrantzia. Horren haritik tiratuta New Yorkekoaren inguruko informazioa bilatu nuen eta heldu nintzenetik nire laguntza eskeini nuen. Asko ikasi dut bertan nagoenetik eta dokumentazio oso interesgarria irakurtzeko aukera izan dut honi esker.

Ekitaldiak ere antolatzen dituzue New Yorkeko Euzko Etxetik, ezta? Bai, hamaika ekintza antolatzen ditugu. Aberri Eguna ospatzen dugu, pintxo-poteak, Korrika, dantza tailerrak, futbol partiduak, afari desberdinak… Ahalik eta gauza gehien egiten saiatzen gara. Dena den, ez da erraza gauza asko antolatzea denak garelako bolondresak eta honetaz aparte denok daukagulako gure lana. Oreka topatzea zaila dela aipatu dut lehen! (kar, kar, kar)

Euskal Etxeek paper garrantzitsua dute diasporan euskal kultura zaintzen eta zabaltzen. Nola uste duzu mantentzen dela tradizio hori New York bezalako hiri kosmopolita batean? Globalizazioaren ondorioz, Euskal Etxeek indarra galdu dute. Denak gaude konektatuak gure etxekoekin nahiz eta kilometro askotara bizi. Baina niri garrantzitsua iruditzen zait Euskal Diasporari bateragune bat eskeintzea. 1913an sortu zen New Yorkeko Euzko Etxea eta milaka euskaldunen historioak gordetzen dira bertan ordutik. Gure identitatea eta herria bizirik mantentzeko lan ikaragarria egin zuten gure arbasoek. Askok bizia eman zuten euskalduntasuna mantentzeagatik, eta guk lan honekin jarraitu nahi dugu.

Zure ustez, zer ekarpen egin diezaioke euskal komunitateak New York bezalako hiri bati? Euskadik asko dauka esateko nazioarte mailan. Aitzindariak gara arlo askotan eta gure identitatea, kultura eta hizkuntzari perspektiba internazionala eman behar diogu. Atzerrian oso baloratuak dira gureak bezalakoak eta gure etorkizuna bermatu dezakegu nazioarteko foroetan leku bat eginez.

“New Yorkeko Euzko Etxeari esker asko ikasi dut: garrantzitsua iruditzen zait Euskal Diasporari bateragune bat eskaintzea gure identitatea bizirik mantentzeko”

Nola ikusten duzu New Yorkeko Euzko Etxearen eta euskal komunitatearen etorkizuna? Ez badugu gazteon konpromezua lortzen beherakada handi bat datorkigula uste dut. Gaur egun jendea oso indibidualista da eta euskalduntasunaren zutabeak kolokan daudela pentsatzen dut. Nire uste apalean, erakunde publiko, pribatu, euskaltzaleen eta gizartearen lan bateratu bat behar da. Zubiak eraiki behar ditugu euskaldunon artean, norabide bat zehaztu eta batera bidea egin. Agirre lehendakariak esan zuen bezala: “Gaztaroa da etorkizuna eta bere gainean oinarritzen da herri honen itxaropena”.

Galdakaotik, eta oro har, Euskal Herritik, zer da gehien faltan botatzen duzuna? Familia, lagunak eta Euskadin daukagun bizi-maila, batez ere. Baina aitortu beharra dut janaria ere asko botatzen dudala faltan! Nekez aurki daiteke gurea baino bizitzeko herrialde hoberik!

Zer lortu nahiko zenuke datozen bost urteetan maila profesionalean zein pertsonalean, Unai? Bost urte barru etxean bueltan egotea espero dut! (kar, kar, kar) Horrez gain, ez daukat beste helburu konkreturik. Unean-unean ari naiz bizitzen!

Osorik irakurri

Elkarrizketak

Borja Bayo: «Kirolak motibazioa, ahalduntzea eta gizarteratzea eskaintzen dizkie aniztasun funtzionala duten pertsonei»

Haszten sortu zuen Borja Bayok duela 10 urte Isabel de Pozarekin (basauriarra hau ere) eta Pablo Hernandez getxoztarrarekin batera. Aniztasun funtzionala duten herritarrei kirola eta jarduera fisikoa eskaintzen diete

|

Borja Bayo basauriarra Haszten elkarteko ko-sortzaileetako bat da // Utzitakoa

Dibertsitate funtzionala duten pertsonentzat Bizkaian kirol-hastapena eta jarduera fisikoa modu egonkorrean bultzatzea du helburu Haszten elkarteak. Iaz 10 urte bete zituen eta sortzaileen artean Borja Bayo Muñoz (Basauri, 1988) dago, Kirol Egokitu eta Inklusiboko teknikaria eta Gorputz Hezkuntzako irakaslea. Haszten elkarteak egiten duenaz, bere helburuez, irisgarritasun unibertsalaz eta aniztasun funtzionala duten herritarren egoeraz berba egin dugu berarekin.

Lehenik eta behin, zer da Haszten elkartea? Haszten elkartea irabazi asmorik gabeko elkartea da, eta Kirol Jarduera Fisiko Egokitua eta Inklusiboa bultzatzea du helburu. Bizkaiko udalerrietan dibertsitate funtzionala duten pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko sortu genuen elkartea. Adin desberdinetako eta era guztietako desgaitasunak dituzten pertsonekin lan egiten dugu.

Sortzaileen artean zu zaude. Bai. 2014ko azaroan sortu genuen Pablo Hernandez getxotarrak, Isabel de Poza basauriarrak eta hirurok Haszten elkartea. 2009an elkar ezagutu genuen eta 2010ean hirurok Bizkaiko Eskola Kirol Egokituaren programako lantaldean elkartu ginen. Eskola-kirol egokituak, legez, kirol anitzeko eskolak baino ez zituen eskaintzen, eta kirol espezifiko egokituak pertsona helduei baino ez zeuden zuzenduta.

Eta horregatik erabaki zenuten elkarte bat eratzea, ezta? Bai. Haszten eratzeko ideia sortu zen dibertsitate funtzionala duten pertsonen familia horietako batzuek beren seme-alabentzako kirol-eskaintzan eta eskolaz kanpoko jarduera fisikoan dagoen hutsunea betetzeko duten beharretik, seme-alabek kirol espezifikoak eta ez soilik multikirola egin ahal izateko beharretik.

Ikastetxeetan dibertsitate funtzionala dutenek ez dute gorputz-hezkuntzarik curriculumean, eta paradoxikoki, mundu guztiarentzat jarduera psikomotorra erabakigarria bada garatzeko, ikasle-profil horientzat ezinbestekoa da. Gaur egun, ordea, Hezkuntzaren legea ez da aldatu zentzu horretan.

Zeintzuk dira elkartearen helburuak? Helburu nagusia da Bizkaian kirol-hastapena eta jarduera fisikoa modu egonkorrean bultzatzea dibertsitate funtzionala duten pertsonen kolektiboan, kirolarien familiei profesionaltasunez eta kalitatez arreta emanez. Horretarako, sarean lan egitea eta Ekintzen Plan Integral bat ezartzea ezinbestekoa da. Haszten elkartearen DNA kirolariaren eta euren familien beharra ardatz duen zuzeneko lana da.

Aniztasun funtzionala duten pertsonen bizi kalitatea hobetzeko jarduerak antolatzen dituzte // Haszten elkartea

Azken batean, aniztasun funtzionala dutenen bizi-kalitatea hobetzea da Hasztenen xede nagusia. Bai. Eta horretarako kirola eta jarduera fisikoa da bidea. Autonomia eta independentzia garatzeko, lagun talde bat izateko, errespetu-balioak ikasteko, kirol batean edo gehiagotan hasteko eta horietan hazteko, helburuak jartzeko, konstantea izaten ikasteko, kontzentratzeko, gauzatuta sentitzeko eta talde bateko kide izateko bidea da.

Pertsona zaurgarrien eta bazterketa-arriskuan daudenen talde batean, kirolak ematen dizun motibazioa eta autodeterminazioa erabakigarriak dira ahalduntzeko eta gizarteratzeko. Kirolaria beti da bere burua zaintzen duen, ahalegintzen den, konstantea den eta hobetu nahi duen norbaiten ikono positiboa. Gizartearen aurrean norbera kirolari gisa determinatzea kirola egiten ez dutenen aurrean ahalduntzeko modu bat da, eta, aldi berean, mundu guztiari erakusteko denok ditugula gaitasun desberdinak, parte hartzeko eskubidea eta gizartean lekua izateko eskubidea.

Haszten izena, zelan erabaki zenuten? Elkartearen Kirol Plana idazten geundela erabaki genuen izena: Haszten. ‘S’ hizkia kirol edo ekintza bat hasten duzulako da, eta ‘Z’ kirol horretan hazten zarelako. Modu horretan, kirolari bakoitzak egiten dituen urratsak klubaren izenean egongo dira beti ordezkatuta.

Elkartea behin sortuta, zer egin zenuten? Behin bidea hasita, finantzatzaile posibleen zerrenda egiten joan ginen, eta horien artean zeuden, noski, udalak, Aldundia eta Eusko Jaurlaritza. Era berean, enpresa-sektorean ere finantzatzaileak bilatzen hasi ginen; izan ere, Bizkaiko enpresa askotan, desgaitasuna duten senideak dituzten langileak ere badaude, eta prest daude laguntza bat emateko proiektua bultzatzen jarraitzeko eta, aldi berean, ematen ditugun zerbitzuez gozatzeko.

Hasieratik era guztietako ekintza eta lankidetza solidarioak antolatu ditugu, eta kirolari profesionalengana ere jo dugu gure kirolariak motibatzeko eta ezagutarazten laguntzeko. Adibidez, Oscar de Marcos, Fran Yeste, Jonfer, Eunate Arraiza, Aymeric Laporte, Leticia Canales, Asier Garcia (saskibaloi jokalaria gulpildun aulkian), Rakel Mateo, Ixa Rodriguez, Alain Saavedra edota Julen Arizmendi.

Zein izan da elkarteak izan duen harrera? Harrera beti izan da ona, gizartearentzat gauza onak eta berritzaileak ekartzen baiditugu. Baina, gogor lan egin behar izan dugu erakusteko eta konbentzitzeko; oraindik asko dago egiteko.

Ikasturtez ikasturte eta urtez urte harrituta geratu gara lortutako guztiarekin. Borondate handia jarri behar izan dugu, baina uste dugu oinarri sendoak ditugula familia bakoitzak behar duen kalitateari, arreta pertsonalizatuari eta tratu hurbilari eusteko. Hala ere, asko egin dela dirudien arren, kristalezko sabai bat dagoela ere ikusten dugu, eta esan bezala, Bizkaian asko dago egiteko.

“Irisgarritasun unibertsala terminoa utopikoa izango da beti, baina bide horrek gidatzen gaitu eta helburu horretara hurbiltzen saiatzen ari gara: urrats asko ematen ari dira”

Iaz 10 urte bete zituen Hasztenek. Elkarteak izan duen bilakaeraz galdetuko banizu. Hasztenen bilakaera etengabea izan da eta bada. Datu batzuk ematearren, 30 pertsona inguru ari gara lanean, astero 720 pertsona inguru artatzen ditugu gure 12 programekin eta 260 familia bazkide inguru gara. Bizkaiko mankomunitate ezberdinetako 20 bat udalerritan gaude.

Gaur egun jarduera fisikoko eta kiroleko 124 talde aktibo ditugu, hazkundea deskribatzeko modu egokia da. Eboluzioaren ideia bat egiteko, lehenengo urtean, 2 talderekin hasi ginen. Hurrengoa 12rekin amaitu zen. Hirugarrena 21ekin. Laugarrena 32rekin. Bosgarrena 42rekin. Seigarrena 58rekin. Zazpigarrena, 72. Zortzigarrena 85. 2023-2024an 100 taldera iritsi ginen. Eta 2025 honetan, 124 talde ditugu. Horietatik 80 eskola-kiroleko programakoak dira, gure programa izarra eta gure zutabeetako bat, 450 plazarekin.

Gure hezkuntza-programak gorputz-hezkuntzaren arloko 36 gela egonkor hartzen ditu, 200 ikaslerekin. Mugilan programak beste 60 pertsona artatzen ditu 8 tailer okupazionaletan. Eta Osasunaszten programan, medikuak aginduta hidroterapiara eta errehabilitaziora bideratuagoa, gaur egun 8 lagun daude; kasu horretan arreta pertsonalizatua eta indibiduala da. Ikasturte bakoitzean, 80 sentsibilizazio-jarduera inguru egiten ditugu ikastetxeetan eta beste esparru batzuetan.

Komentatu duzu, Borja, 12 programa dituela martxan Hasztenek. Zeintzuk dira? Hauek dira gure 12 programa: familientzako arreta eta orientazioa; kirol eskola egokitu eta inklusiboak; kirol federatua; campus osasungarri egokituak eta inklusiboak (oporraldietarako); ohiko egituretan gizarte-inklusioa; ‘Ikaszten’ gorputz-hezkuntza ikastetxeetan; ‘Mugilan’ zahartze aktiboa; ‘Osasunaszten’ bereziki osasunera bideratutako programa; sentsibilizazio-tailerrak ikastetxeetan eta beste esparru batzuetan; prestakuntza; ekitaldi desberdinak; kirol egokituaren eta inklusiboaren arloko udal-planak diseinatzea, gauzatzea eta jarraipena egitea; eta boluntariotza.

Zein kirol-modalitate eskaintzen ditu Hasztenek? 21 kirol-modalitate inguru praktikatzen ditugu: gimnasia erritmikoa, areto-futbola, padel, igeriketa, boccia, txirrindularitza, pala, zumba, multikirola, psikomotrizitatea, skateboarding, surfing, gurpil-aulki elektrikoko hockeya, slalom, anputatuen futbola, fitnessa, atletismoa, saskibaloia, eskubaloia, boxeoa eta, batzuetan, mendi-ibiliak, piraguismoa eta beste modalitate batzuk, hala nola, EA games.

‘Kirola baino gehiago’ lema erabiltzen duzue. Kirola baino zer gehiago da Haszten? Kirol-jarduera eskaintzeaz gain, Hasztenen izena ematen duen pertsonak bere autonomiaren garapen integralean, gizartean integratzean eta bere bizitzako alderdi eta une guztietan jarraipena egin ahal izateaz arduratzen gara, maila guztietan eragin positiboa sortuz.

Aukera ematen dugu eskola-orduetan, eskolaz kanpoko orduetan eta oporraldietan gorputz-hezkuntza izateko, zure ikastetxea edo ingurunea sentsibilizatuta egoteko, zure kirolean eboluzionatzeko edo lehiaketetara edo ekitaldietara laguntzeko eta familia lasaiago bizitzeko.

Familia handia gara, kirol eta jarduera asko egiten dituen klub handia. Eta familiek guregana jotzen dute gai eta gomendio askotarako. Horregatik ondorioztatzen dugu hori kirola baino gehiago dela.

Nolakoa da aniztasun funtzionala duen pertsona baten eguneroko bizitza? Dakizuenez, desgaitasun mota asko daude. Ugarienak intelektuala eta autismoa dira. Arreta-defizita izan ohi da izendatzaile komuna, eta, horrekin batera, ikaskuntza edo hizkuntza eta komunikazioa aldatzea. Horrek eragina izan ohi du eguneroko bizitzako zereginen autonomian, eta laguntza behar izaten da zeregin horietako batzuk edo asko egiteko.

Bereziki kezkatzen gaituen beste alderdi bat da lagunak egitearena. Ez da gauza bera bere kabuz bere auzoko plazara edo eskolara jolastera jaitsi daitekeen ume bat, interakzioa eta lagunak modu erraz batean egiten dituena, edo arintasunez hitz egiteko gaitasunik ez duen edo trebetasun sozialik ez duen beste ume bat. Horregatik, pertsona horientzat funtsezkoa da bere kirol-taldean lagun-talde bat aurkitzea.

“Asko betetzen nau desgaitasuna duten haurrak beren klubeko txandalarekin eta motxilarekin ikusteak. Lehen ez zen halakorik kalean ikusten”

Zailtasunez harago, esperientzia aberasgarria izango da halako lanbide bat izatea. Zalantzarik gabe, hala da, arrazoi askorengatik. Beti dago ondo egina sentitzea norbaitek edo kolektiboren batek bere kezkak gainditzeko zure laguntza behar duela dakizunean. Haszteneko sortzaileetako bakoitzak gure historia pertsonala dugu. Nire kasuan, 62 urteko osabak Down sindromea eta autismoa ditu, eta, bestalde, 55 urteko lagun bat dut, Down sindromea duena. Horiekin bi errealitate desberdin ezagutu ditut: alde batetik gizarte-bazterkeria eta bestetik inklusioa. Biak ala biak landa-ingurunean.

Asko betetzen nau desgaitasuna duten haurrak beren klubeko txandalarekin eta motxilarekin entrenatzera doazela ikusteak. Lehen ez zen halakorik ikusten. Lan honek oso zoriontsu egin zaitzake, baina bakoitzak bere zergatia baloratu behar du.

Irisgarritasun unibertsalerako eskubidea bermatzea da zuen helburuetako bat. Lortuko dugu noizbait irisgarritasun unibertsal hori? Termino hori utopikoa izango da beti, baina bide horrek gidatzen gaitu eta helburu horretara hurbiltzen saiatzen ari gara. Urrats asko ematen ari dira, baina egia da errealistak ere izan behar dugula, eta hori ez da denon gustukoa, ez alde batentzat ez bestearentzat. Inklusio erreal bat edo gutxienez integrazio bat egoteko, interes eta parte-hartze aktibo, erreal eta eraginkor bat egon behar da, eta alde guztiak sentsibilizatuta egon behar dira, taldearen kirol-helburuekin bat etorriz. Inklusioak beti izan dezake lekua.

Erakundeei laguntzen diegu desgaitasunen bat duten herritarrek irisgarritasun unibertsaleko eskubide horri heldu diezaioten, edo, gutxienez, ondo zainduta senti daitezen. Ahal den guztia egiten ari gara modu ekitatiboan parte har dezaten. Bide luzea da: haziak landatzen ari gara, eta batzuek emaitzak emango dituzte, ziur.

Hego Uribe eskualdean zerbitzurik eskaintzen al du Hasztenek? Bai, Haszten duela urte askotatik dago Hego Uriben. Urtero sentsibilizazio-tailerrak egiten ditugu eskualdeko udalerrietan, adibidez.

Arrigorriagan, azaroaren 24an, ekitaldi bat antolatu genuen Arguia klubarekin batera: pala txapelketa inklusiboa zutunik eta gurpil-aulkian. Galdakaon sentsibilizazio-ekintza puntualen bat egin dugu Gaztelekuetan, eta 2025ean ekintza egonkorragoak aktibatzeko lanean ari gara, Arrigorriagan egin genuen bezala.

Basaurin, bi aldiz campus inklusibo bat egin genuen Atletico Basauri Eskubaloi Klubarekin, eta eurek antolatzen duten Hondartza Solidarioko Eskubaloi Txapelketan parte hartu dugu. Gainera, San Fausto jaietan, 2018az geroztik, skateboarding egokituko erakustaldian parte hartzen dugu Embarcan. Asmoa dugu aurten Basaurin aniztasun funtzionala duten pertsonen diagnostikoa egiteko, eta 2026an Etxebarrik ere zerbitzua kontratatzea gustatuko litzaiguke.

Ezagutzen duzu aniztasun funtzionala duten herritarren egoera Hego Uriben? Partzialki ezagutzen dugu, baina badugu tresna bat kasu gehiago detektatzen laguntzen diguna, zerbitzua eskaini ahal izateko.

Horixe da, adibidez, Arrigorriagan eta Galdakaon egin dugun diagnostiko-programaren oinarria. Eta Basaurin aurten egiteko asmoa duguna.

Dibertsitate funtzionala duten pertsonen kolektiboari eta horiek kirolean duten inplikazioari dagokienez, Bizkaiko udalerriei laguntza teknikoa emateko zerbitzua da.

Zein etorkizun izango du Hasztenek? Programa eta zerbitzu mailan egonkortu egin gara, eta hemendik aurrera udalerri eta ikastetxe gehiagotan zerbitzu ematea espero dugu.

Gure kirolariei eta haien familiei lagundu nahi diegu, bizitza osoan kirola egin dezaten. Hori dela eta, asko eta asko adinez nagusi egiten direnean, talde batzuk adinaren arabera banatu beharko ditugu, haurrak adin homogeneoagoetan has daitezen.

Hori dela eta, beharrezkoa da taldeak sortzen jarraitzea. Badirudi talde asko daudela, baina errealitatea da plazak oso gainezka daudela eta desgaitasunen bat edo beste duten gero eta haur gehiago jaiotzen direla. Itxaron-zerrenda gero eta luzeagoak ditugu, eta familia batzuek urrutira joan behar izaten dute beren seme-alabek kirola egin dezaten.

Osorik irakurri