→Arrigorriaga

Karmelo Ayesta: “Hizkuntzaren armairutik atera nahi nuen”

arrigorriaga karmelo ayesta 2016 geuria

Goza daiteke gehiago liburua argitaratu du Karmelo Ayesta zeberioarrak eta apirilaren 27an 18:30ean aurkeztuko du Basauriko Euskarabila Elkartean.

Arrigorriagan bizi da Karmelo Ayesta (Zeberio, 1963). Ingeniaria da, automobilgintzan espezializatua, eta gaur egun enpresa-aholkularia da. EGA gaindituta izan arren, Maizpide Euskaltegian eman zuen izena euskara hobetzeko. Era berean, Asmoz fundazioaren Hiznet eta Linguanet hizkuntz plangintzako graduondoko ikasketak egin ondoren, HUHEZIren Euskal Kulturgintzaren Transmisioa aditu-tituluan hartu zuen parte eta azken ikastaro hori abiapuntu hartuta sortu du Goza daiteke gehiago – Euskaldun baten hizkuntza bidaia (Utriusque Vasconiae, 2014) liburua.

Automobilgintzan aditua zara, baina euskararen inguruko liburu bat argitaratu duzu.

Egia esan, hasieran ez nuen buruan libururik idaztea. Hiru arrazoi nagusi izan nituen euskararen gaineko hausnarketak idazteko: alde batetik, euskararen erabilera indartu nahi nuen nire inguruan; beste batetik, barnean neraman istorioa atera nahi nuen azalera, hau da, hizkuntzaren armairutik irten nahi nuen; eta azkenik, euskara landu nahi nuen eta idaztea zen horretarako tresna. Lagunek eta euskaltegiko irakasleek animatu ninduten liburua osatzera.

Euskaldunak garela badiogu, euskara erabiltzea dagokigu”

100 orrialdetan euskararen erabilera sustatzeko gako asko ematen dituzu.

Liburuak ideia nagusi bat dauka: gure esku dago euskararen erabilera indartzea, posible da, eta sano goza daiteke euskalduntze-bidaia horretan. Hiru osagai ditu liburuak: hausnarketa pertsonalak, diziplina askoren ideiekin osatutako metodologia eta inguruko esperientzien narrazioak. Irakurle askok esan didate zeharo identifikatzen direla liburuan kontatzen ditudan kontu askorekin. Nik uste dut liburu hurbila eta irakurtzeko erraza dela, eta euskalduntzearen gaineko ikuspuntu berria dakarrela.

Hitzaurrearen lehenengo lerroak zera dio: “Behin batean euskaldun izatea erabaki nuen”.

Esaldi horrekin esan nahi nuen gaur egun euskaldun izan edo ez norberak erabakitzen duela. Horren jakitun izan behar dugu. Erabaki irmoa hartu ezean, zaila da euskaraz bizitzea. Nire kasuan, hiru une erabakigarri izan ziren. Lehena, umetan, senide batek anaiari eta bioi buruz “ene, maketotxuak dira, ala?” esan zuenean. Bigarrena, gaztetan, orduko neskalagunarekin -gaur egungo emaztearekin- batera euskara ikastea eta ingeniaritza-proiektua euskaraz egitea erabaki nuenean. Eta hirugarrena, orain hamar urte edo, euskalgintzan murgiltzen hasi nintzenean.

Nola ikusten duzu gaur egungo euskararen egoera Hego Uribe eskualdean?

Euskara erabiltzeko gaitasunari dagokionez, aurrerapauso itzelak egon dira azken hamarkadetan. Gaur egun, erdaldun elebakarrak gutxienak dira. Gehienok euskaldunak edo ia-euskaldunak gara. Galdakaon, Zaratamon eta Ugaon, esaterako, gehiago dira euskaldun osoak erdaldun elebakarrak baino. Hala eta guztiz ere, ez da erabileran ikusten aldaketa hori. Hor dago gure erronka.

Hori da hain zuzen liburuan plazaratu duzuna: “Euskararen erabilera ez da ez igo ez jaitsi, eta noraezean gabiltza erabilera indartzeko, zer egin jakin gabe”.

Horrela da: 2011ko inkestan, Arrigorriagan, esaterako, kale-erabilera ez zen %10era heldu, eta azken urteotan ez da igo. Beharbada, jaitsi egin da. Instituzioen eta euskalgintzaren hizkuntz politikak, estrategiek eta ekintza-planek eragina badute, baina ez dira erabakigarriak. Gizaki libreak gara eta geuk erabakitzen dugu hizkuntz ohitura aldatu edo ez.

Aurreiritziak gainditu, lotsak astindu eta euskaraz egin behar diegu ulertzen duten guztiei”

Erabilera sustatzeko berba egitea nahikoa al da?

Erabilera indartzearen gakoa, nire iritzian, hiztunon arteko elkarlanean eta inplikazioan dago. Uste dut Lazkao Txikik horrela erantzun ziola galderari: “Ze eingo diau, ba, hitz eiñ!”. Hizkuntz jokabide eredugarria erakutsi behar dugu euskaldunok: aurreiritziak gainditu, lotsak astindu eta euskaraz egin behar diegu ulertzen duten guztiei. Euskaldunak garela badiogu, euskara erabiltzea dagokigu.

Nola goza daiteke euskara eta nola goza daiteke euskaraz?

Euskarak gozamen handiak ekarri dizkit niri: lagun berri asko egin ditut eta mundu berri bat ezagutu dut euskarari esker. Euskararen munduak erakargarri egiten zaizkidan balio asko ditu, esate baterako, aniztasuna, askatasuna, elkarlana eta errespetua. Pertsona zoragarriak ezagutu ditut euskal komunitatean eta sano gozatzen dut harreman horiei esker. Goza daiteke gehiago liburua idaztea edo elkarrizketa hau egitea ez zen posible izango euskara barik. Nola goza daiteke? Euskara erabiliz eta euskal komunitatean murgilduz.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak