3.816 euro lortu dituzte basauriarrek sanfausto jaietan egindako ekintza solidarioen bidez. Bildutakoa Euskal Herriko Down Sindromea Fundaziora bideratu dute, zehazki, Latteatu irribarre bat proiektura
Iaz Basauriko sanfaustoetan antolatutako ekitaldi solidario guztien artean 3.816,03 euro batu zituen Herriko Taldeak elkarteak. Bildutakoa Euskal Herriko Down Sindromea eta Bestelako Desgaitasun Intelektualen Fundazioari eman zioten, zehazki, Latteatu irribarre bat proiektuan lanean jarraitzeko. Laura Rodriguez da proiektuaren buru eta fundazioaren zuzendari teknikoa.
Zelan sortu zenuten fundazioa?
Sustraiak Getxon hazi ziren 1991an, Down Sindromea zuten seme-alaben gurasoek izan beharreko laguntza eta arreta egokia jasotzen ez zutelako. Lau urte beranduago Bilbora eraman genuen egoitza, eta orduan, Euskal Herriko Fundazioa bihurtu genuen. Pixkanaka-pixkanaka ikusi genuen Down Sindromea zutenek ez ezik, beste desgaitasun intelektual batzuk zituzten haurrek ere beharrizan eta gabezia beberak zituztela. Hortaz, Fundazioak hori ere bere gain hartu zuen. Helburua zehatza da: haien guztien erabateko gizarteratzea lortzeko eskubideen alde jardutea.
26 urteren ostean, mantentzen al duzue hasierako programarik?
Haurrei eta Familiei Zuzenduriko Arreta zerbitzua da mantentzen duguna, hau izan baitzen sumatutako lehen gabezia. Orduan ezinbestekoa ikusi genuen eta gaur egun oraindik ere hala izaten jarraitzen du. Hau oinarri hartuta, Eskolatze Jarraipena garatu genuen: umeek heziketa koordinatua izatea da helburua, eta modu honetan umearen heziketa partekatzea, hala nola, lan-sistemak, zalantzak eta jarrerak. Eskolatze jarraipena umeentzat eurentzat erosoa eta aproposa izatea bermatzen dugu.
Hezkuntza alde batera utzita eta lan-mundura begiratuta, aurrenekoetariakoak izan gara Down sindromea duten pertsonak, edonork izan behar dituen lan-baldintza duin batzuen eskubideekin, langile gisa hartzen. Esaterako, Liburutegi Laguntzailea eta Barista Teknikaria -tabernetan laguntzaile- izateko lan-formakuntzak eskaintzen ditugu, besteak beste. Heziketaren eta ondorengo lan munduratzearen helburua da pertsona hauen baloreak ezagutzera ematea eta enpresak horretaz jabetzea.
Basaurik dirua eman dizue Latteatu irribarre bat egirasmorako. Zertan datza?
Latteatu irribarre bat taberna laguntzaile izateko hezkuntzan kokatzen den proiektua da. Kafeetan aurpegi irribartsuak marraztuz bezeroengan irribarreak eragitean datza. Ostalaritzaren bidez gizartea sentsibilizatzeko bidea ireki nahi dugu.
Horretarako, Mikel Alonso Barista Eskolarekin akordioa sinatu dugu neska-mutilak bertan hez ditzaten. Proiektu hau lantzen dihardugun hirugarren ikasturtea da honakoa eta badago praktikak egiten ari den jendea, baita lana topatzen ari dena ere! Eskerrak eman nahi dizkiogu Basauriko Herriko Taldeaki haien diru-laguntza guretzat benetan lagungarria zaigulako proiektu honetan lan egiten jarraitu ahal izateko.
Geure gizartea solidarioa al da?
Bai, noski. Jendeak parte hartzen du, ez bada diru-laguntza bidez, boluntario gisa, edota bere enpresan hemengo norbait praktiketan edo lanean sartzeko da. Dena den, oraindik asko falta da gizarte honetan Down Sindromea eta beste desgaitasun intelektualak dituzten pertsonak besteen parean ikusteko eta egoteko.
Gaur egun zenbatek egiten dute posible egitasmo hau aurrera jarraitzea?
Entitatean 58 langile daude, baina garrantzitsua da aipatzea, egun 84 boluntario ditugula eta haien lana ezinbestekoa dela. Horien partaidetzarik eta konpromisorik gabe ez litzatekeelako posible izango, adibidez, aisialdirako programa gauzatzea. Izan ere, guztira 410 familiek jasotzen dute Fundazio honen laguntza.
Azkenaldian martxan jarri al duzue proiektu berriren bat?
Ikasturte honetan helduentzako prestakuntzan berrikuntzak egin ditugu ongizate emozionalean oinarritutako modulu batzuk antolatuz. Modulu hauek ez daude bakarrik lan-mundura zuzenduta, baita eguneroko bizitzara ere. Adibidez bertan ‘Nire gastuak kontrolatzen ditut’, ‘Bizitza independientea’, ‘Irakurketa errazaren kluba’ eta ‘Nola nire burua ondo sentiarazi’ topa ditzakegu. Nabaria da jendea oso gustura dabilela bere bizitzarako onuragarria eta praktikoa ikusten duelako.
1991 – 2016. Zein izan da nabaritu duzuen alderik nabarmena?
Bizi-itxaropena gutxi gorabehera 20 urte igo dela. Hau guztiz positiboa da, baina honekin batera erronka berriak ezartzen diozkiogu gure buruari. Adibidez, Azlheimerra edukitzen hasten direnekin zer eta nola landu.
Bestetik, aspaldian “nahi dugu izan” eta “eskatzen dugu” erakoak erabiltzen genituen eskubideak lortzeko. Gaur egun, ordea, “gu ere bagara” eta “exijitzen dugu” motakoak erabiltzen ditugu. Gu ere gizartearen parte gara, eta hortaz, exijitzen dugu eskubide berberak izatea. Genero eta kultura aniztasuna eskatzen den bezala, gu ere anistazun horren barnean gaude eta Fundazio honen lau hormetatik kanpo ere hori ikusi behar da.
Pasatu gara erabiltzaileak edukitzetik, bezeroak edukitzera. Zaintzaileak eta laguntzaileak eskatzetik, asistente pertsonalak edota lan-hezitzaileak exijitzera, betiere eskubidea dugulako.
