Sareak

☉ Ugao

Iñaki Aierdi Coira: «Atzerriko mendien altuerak erakartzen nau»

Peruko mendietatik bueltan, Iñaki Aierdi ugaotarrak helburu berria du 2025erako: 7.000 metroko mendia igotzea

|

Iñaki Aierdi // Utzitakoa

Mendian bezala, laster edo berandu hurrengo pausua eman behar zuen Iñaki Aierdik (Ugao, 1991). Iazko udan 5.000 metroko bost mendi eta 6.000ko beste bat eskalatu zituen hiru lagunekin batera Perun eta Ugaora bueltan berarekin berba egiteko tartea izan genuen. Momentu hartan ez zegoen bestelako helbururik entrenatzearena baino, baina momenturen batean sortuko zitzaizkiola esan zigun. Esperientzia hura oxigenatuta eta buruari eragin ostean hurrengo erronka izango denaren hasierako zirriborroa eskaini dio GEURIAri: 7.000 metroko mendia eskalatzea 2025ean. Edozein ideiarekin gertatu bezala, labean sartu eta itxaron behar da. Eta horretan ematen du denbora Aierdik, bere bizitzako bidaia izango den hurrengo abentura prestatzen.

Perutik bueltan atseden hartzeko astirik izan al duzu?
Hala beharrez atsedena hartu behar izan nuen, lesionatuta bueltatu bainintzen. Hala ere, familia eta lagunekin egoteko gogoekin bueltatu nintzen eta banuen bestelako plan batzuk egiteko gogoa.

Atzera begira nolako oroitzapenak utzi dizkizu Peruk?
Esperientzia honek zapore gozoa utzi dit. Gogorra bezain polita izan zen eta holako esperientzia gehiago bizitzeko gogoekin gelditu naiz. Hasteko, inoiz eskalatu ditudan mendirik altuenak eskalatu ditut eta logistika aldetik ere zailenak. Egun asko eman ditugu mendian, lo egiten, pisua mugitzen, hausnartzen, barre egiten, sufritzen… oso aberasgarria izan da. Jende asko ezagutu dut ere, ez nintzen Huarazen zegoen euskaldun bakarra.

GEURIAn aipatu zenuen denbora beharko zenuela hurrengo erronkak prestatzeko. Zer daukazu buruan orain?
Orain dela gutxira arte ez dugu (Alex, sokalaguna eta biok) ortzimugan bestelako mugarririk jarri nahi izan. Andeetatik bueltatu ostean, esperientziak utzitako “posoaz” gozatu eta bizitakoaz hausnartu beharra geneukan datozen pausoei heldu baino lehen. Nik uste, gauzak ganoraz egin ahal izateko eta erabaki zuzenak hartu ahal izateko perspektiba apur bategaz egin behar direla, horregatik bidaiako zurrunbilotik atera eta gero, orain dela gutxi hasi gara horretan pentsatzen. Altuerak erakarrita agian 7.000 metroko baten saiakera prestatu nahi genuke.

Hitz potoloak dira horiek!

Potoloegiak agian, ametsak… eztakit… Argi duguna sokada bezala, hurrengoa da: aurrez aur jartzen dugun helburu hori gure kabuz gauzatzeko gai ikusi behar dugula gure burua. Ekonomia ere sartzen da hor jokoan. Egun ez dugu kanpo laguntzarik eta ez dakit gai izango garen holako beste bidai batek dakartzan gastuei aurre egiteko. Ikusiko da…

Nondik etorri zitzaizun proiektu berri hau gauzatzeko ideia?
Hau bilakaera logiko baten barruan sartu ahal dan erronka da. Ez dugu arinkeriez gauza honi buruz hitz egiten, ideia sukaldatzeko orduan gure gaitasunak, baliabideak eta abar kontuan izan behar ditugu. Momentuz ideia bat baino ez da, baina egun dugun esperientziarekin eta 2025eko uda heldu bitartean entrenatzen jarraitzen badugu, azken finean hobetzen eta mendian esperientzia gehiago bizitzen, pentsatzen dugu benetako aukerak izan ahal ditugula tontorra ukitzeko.

Abentura berri honetan bakarrik egongo zinateke edo lagunekin joango zara bertara?
Inola ez, alpinismoa talde kirola da. Azken urteetan asko ibili naizen Alexekin joateko asmoa dut. Horrez gain, lauzpabost pertsonaz osatutako talde bat osatzea gustatuko litzaiguke. Alex eta biok urte batzuk daramatzagu elkarregaz eskalatzen eta ez nuke ulertuko holako mendi baten aurrean jartzea bera barik. Primeran elkar ulertzen dugu eta sokalagun ezin hobea dala deritzot.

Nolako mendietan ibili zara, Iñaki?
Bereziena Tocllaraju esango nuke, nire lehen sei milakoa. Altuera ez da dena, baina mendi honen gailurrera heltzeko lan handia egin behar izan genuen. Kotxeak utzi gintuen lekutik bi egun eman genituen goi kanpalekura heltzeko, egun bat goi- kanpalekuan eguraldi txarragatik, eta beste egun bat goi kanpalekutik tontorrera heltzeko eta herriraino jaisteko behar izan genituen. Azken egunean 17 ordu behar izan genituen. Gainera, arrakalaz beteriko glaziar bat zeharkatu behar izan genuen eta izotzean 120m inguru eskalatu. Hau guztia, eguraldi zoragarri eta argitsu batekin, haizeagatik ez balitz: gogor kolpatu gintuen haizeak eta batez ere sentsazio termikoa jaitsi zuen. Azkenik aipatzea, 11 orduz ez ginela inorekin topatu, Everesteko makro-ilaretatik oso urrun dagoen igoera izan zen. Osagai asko izan zituen eskalada, horregatik bereziena bezala gogoratzen dut eta ez bakarrik altueraren kontuagatik, garrantzia izan arren.

Zeintzuk osagarri izan behar ditu mendi batek zure arreta erakartzeko?
Pirinioetan igoera teknikoetan dut fokua, gero eta eskalada zailagoak burutzea gustatzen zait. Horretan trebatzen ari naiz. Estatutik kanpo altuerak erakartzen nau. Horregatik 7 milako mendi bat egitean pentsatzen ari naiz.

Era honetako abenturak prestatzeko astia eta estrategia behar da. Noiz eta nola egingo zenuke bidaia hau?
Holako proiektuak epe luzera prestatu behar dira eta konpromiso handia egon behar da sokakideen artean. Mendia aukeratzen dugunean, bertako errealitateaz eta mendi horretan eskalatzeko baimenen inguruan informatu beharko ginateke, aseguruak, irisgarritasuna, beharrezkoa den materiala begiratu… gauza asko kontuan izan behar dira. Alex eta bion buruan 2025eko udan dago jarrita, berez, munduko zonalde batzuetan alpinismoa praktikatzeko garai ona da eta hori baldintzetako bat da. Zoazen lekura zoazela garai aproposean joatea erabakigarria izan daiteke. Horrela, asmoa, 2025eko uztailan zehar egitea litzateke, 20 egun inguruko egonaldi baten.

Irakaslea zara zu. Zer irakasten duzu, Iñaki?
Lehen hezkuntzako tutorea naiz, aurten 1. mailan nabil lanean.

Peru aldean ibili da mendizale ugaotarra / Utzitakoa

Esaten da irakasleek oporraldi handiak dituztela, baina baita estres asko ere. Mundu osoko mendiak ezagutzeko eta desestresatzeko baliabidea izan daiteke naturarekin konektatutako pasio hau? Lana eta bizitzako zurrunbilotik ihes egiteko balio du, argi dago, nahiz eta hori helburu bat ez izan. Holako kiroletan zentzuna bere %100 izan behar duzunez, zure gainontzeko arazo edo buruhausteak burutik kentzen laguntzen dizu, diharduzun denboran bada ere.

Berba egin genuen azken aldian komentatu zenuen zuen bidaiek bazutela osagarri komun bat: zuen kabuz egiten dituzuela. Zergatik da hain garrantzitsua hau?
Niretzako erabateko garrantzia dauka gure kabuz bideak eskalatzea gidaririk izan gabe. Honekin ez dut gidarien lana gutxietsi nahi, inondik inora, baina iruditzen zait norberak bere kabuz burutzen duenean eskalada bat mendi bat igotzen duenean askoz aberasgarriagoa eta errealagoa dala. Filosofia honek agian gauza potoloagoak ez egitea baldintzatzen du baina nahiago dut nire esku dauden gauzak egitea, ibilbide xumeagoak egitea, nire eta sokalagunaren esku daudenak.

Nondik datorkizu mendiarekiko pasio hau?
Txikitatik mendira joan izan naiz, gurasoekin hasi nintzen. 22 urterekin futbola utzi eta gero, eta denbora gehiago eskaini ahal izan nion zaletasun honi. Etengabeko bilakaera bat izan da, izan ere, harrian eskalatzen orain dela 3-4 urte hasi nintzen, eta izotzean eskalatzen orain dela 2 urte…

Mendia esaten dugu baina zuk alpinismoa praktikatzen duzu zehazki. Zer dauka kirol honek hain erakargarria duena zuretzat?
Mendiak igotzea dut gustuko, hori da erakartzen nauena. Barrutik ateratzen zaidan eta asko disfrutatzen dudan gauza bat da.

Bestelako mendi kirolik praktikatzea gustuko duzu?
Bai, eskiarekin hasi berria naiz, xendazaletasuna noiz behinka, korrika eta inoiz mendiko bizikleta hartu izan dut ere.

Ugao leku erakargarria izan daiteke mendi kirola praktikatzen duen kirolari batentzat. Nondik egiten dituzu entrenamendu saioak herritik zaudenean?
Mendi erakargarriagoak egongo dira baina ni bertakoa naiz eta oso gustura nago hemen bizitzen. Baditugu mendiko kirolak praktikatzeko aukera ugari, izan ere, herria mendiz inguraturik dagoelako. Bizikletan, korrikan eta ibiltzeko aukera asko ditugu. Etxetik hur eskalatzeko hainbeste aukera izan ez arren, Pagasarrin eta Laudion badaude bide batzuk. Bestela kotxea hartuta, Urkiolako parke naturala urrun ez daukagu.
Aste barruan erreza da momenturen bat ateratzea mendira igotzeko, Untzeta ,Biderdi edo Artanda bezalako mendietara adibidez.

Eta herritik kanpo?

Anboto asko gustatzen zait, Urkiolako parke naturala bere osatasunean. Hortik egon badaude arribitxi batzuk.

Azken erronka honez gainera, ba al daukazu bestelako gailurrik buruan etorkizunean eskalatzeko?
Erronka edo helburu hau airean izanda, ezin dezaket beste ezertan pentsatzen ibili. Egunerokotasuna, lana eta abarrek ere denbora kentzen dute, egunean egun bizi naiz zentzu honetan, asko iruditzen zait 2025an pentsatzea, beraz, gerora… auskalo! Momentuz bideaz, mendiaz gozatzen jarraituko dut eta 7 milako batera joatea lortzen badut, horretan jarriko dut burua.

☉ Ugao

Ugaotarrek lau eguneko “merezitako omenaldia” egingo diote Maite Idirini martxoan

Ekitaldi nagusia, Ugaoko herriak Maite Idirin Solatxiri Agurra, hilaren 17an egingo dute 13:00etan, Herriaren enparantzan

|

Maite Idirin, Esther Idirinekin, Ugaon // Utzitako

Martxoaren 11n, 12an, 13an eta 17an egingo diote omenaldia Maite Idirin Solatxi musikariari. Ekitaldi nagusia, Ugaoko herriak Maite Idirin Solatxiri Agurra, hilaren 17an egingo dute 13:00etan, Herriaren enparantzan. ‘Ahizpatasuna’ hitza erabiltzen aitzindari izan zen musikari ugaotarrari egingo dioten omenaldiaren lehen eguna hilaren 11n izango da.

Egun horretan, ‘Maite Idirin, herrigintzan kantuz’ liburuaren aurkezpena egingo dute Jokin Apalategik, Paulo Iztuetak eta Gidor Bilbaok Jane jauregian, 19:00etan. Hurrengo egunean Goio Ramos ugaotarrak ‘Kantuz bidea eginez’ izeneko hitzaldia eskainiko du Janen ere eta bertan Idirinen kantu ibilbidea eta garai hartako egoeraren inguruko testuingurua azalduko du.

“Ugaok Maite Idirin Solatxiri merezi duen agurra emateko herri ekimena da honako hau eta prestatu dugun egitarauan parte hartzera gonbidatzen ditugu herritar guztiak”

Martxoaren 13an Feminismoa Maiteren Azaletik izeneko hitzaldia eskainiko dute Ugaon jaio berri den Emahots talde Feministako kideek, Jane jauregian, 19:00etan. “Ugaok Maite Idirin Solatxiri merezi duen agurra emateko herri ekimena da honako hau eta prestatu dugun egitarauan parte hartzera gonbidatzen ditugu herritar guztiak”, azaldu dute antolaketa taldetik.

Maite Idirin // Lur Apalategi

 

Gitarrarekin aldarrikatuz

Bere gitarraz lagunduta, 1968. urtean hasi zen herriz herri kantari. Batez ere, protesta kantuekin sartu zen musikaren munduan. Horren harira, 26 urterekin erbestera joan beharrean aurkitu zen. Ondoren, Francoren diktaduraren amaieran, 1973an, Euskal Herrira itzuli eta Iparraldeko euskal kultur mugimenduan integratu zen. Diktadorea hil zenean, Hego Euskal Herrira kantaldiak egitera igaro zen eta bost urtez hainbat kantalditan parte hartu zuen. 2016an “Ugaoko Dama Angelun” izenburua daraman elkarrizketa mamitsua eskaini zion GEURIAri.

Bere ibilbidean zehar hainbat sari lortu eta beste hainbeste omenaldi egin dizkiote. Besteak beste, Euskal Kantu Txapelketako bakarlarien lehen saria Behe-Nafarroako Larzabalen 1969an, Lehen Elepeari Gasteizko Iradier Elkarteak Topet Etxahun saria 1976ean, Ugaoko Udalak 40 urtez abesten jarduna eskertzeko omenaldia, Eusko Ikaskuntza saria 2010ean eta Euskaltzaindiak Ohorezko Euskaltzain izendatzea 2014an.

Horietan berezienetakoa, zalantzarik gabe, 2018an eskaini zioten bere sorterrian, Ugaon: Ondarearen Europako Jardunaldien barruan, euskal emakume konpositoreen eta bereziki Maite Idirinen omenezko kontzertua eskaini zuen Sarea Abesbatzak. Momentu hunkigarriak bizi izan ziren Udiarragako ermitan, Maite Idirinen “Ahizpatazuna” abestia kantatu zutenean batez ere. Jendez lepo bete da ermita.

Orain dela hilabete batzuk, ekaina aldera, Jokin Apalategi bere senarrak ‘Maite Idirin, herrigintzan kantuz’ liburua argitaratu zuen. “Maite gaixorik jarri zenean, neure buruari galdetu nion ea ezingo nuen zerbait egin bere historiari buruz, oraino bizirik dagoela”, azaldu zuen Apalategik. 1970etatik kantuan ibili ondoren, osasun arazoek musikaren mundutik aldendu zuten Idirin, eta ordura arte egindako ibilbide oparoa idatzita bildu nahi izan zuen familiak. Horrela, Paulo Iztueta lagunarekin batera, liburua publikatu zuen Apalategik: “Maite emakume borrokalaria izan da, eta horregatik, liburua emakume borrokalariei eskaini diegu, eurekiko esker onez beterik”.

Osorik irakurri

☉ Ugao

‘Musika Barra-Barra’ zikloak Ugaoko tabernetara eramango ditu Sarearen kontzertuak

Kairos, Boogie Riders, Gailu, Striknina, Ane Lindane eta Mississippi Queen izango ditugu Ugaoko tabernetan

|

Gailu // Utzitakoa

Martxorik abendura arte Musika Barra-Barra zikloa martxan ipini du Sarea Sound System Ugaoko musikari elkarteak Udalaren babesarekin. “Oraingo honetan ez gara zure zain egongo, oraingo honetan zeugana joko dogu, bai, tabernetan” lelopean, lau kontzertu eta bakarrizketa bat Ugaoko tabernetara zabalduko dituzte.

Horien artean eskualdeko Kairos, izango dira eta horiekin batera Boogie Riders, Gailu eta Mississipi Queen bezalako taldeek girotuko dituzte Ugaoko Dorretxea Herriko taberna, Zelai, Felipe taberna, Lainoa eta Jubilatuen etxea. “Musika Barra-Barraren helburu nagusia orain arte Jane jauregian egiten ziren kontzertuak herriko tabernetara zabaltzea izan da, ahalik eta publiko zabalenera heltzeko“, azaldu dute antolaketa taldetik.

Gari, Sarea Sound Systemek antolatutako ‘Udazken Musikatua’ zikloan // Goio Ramos

“Jane jauregian egin ditugun kontzertuak ondo egon baziren ere, hainbat limitazio ekartzen zizkien bertara hurbiltzen ziren lagunei eta esaterako, ezinezkoa zen garagardo bat edatea kontzertua ikusten zuten bitartean”, azaldu dute Sareatik.

“Orain arte Jane jauregian egin ditugun kontzertuak ondo egon baziren ere,  ezinezkoa zen garagardo bat edatea kontzertuak ikusten ziren bitartean”

Hori dela eta, kontzertuak rock ‘n roll giroagaz erlazionatuko dute musika ziklo honen bidez: “Jaia, taberna giroa eta parranda uztartu nahi ditugu, publikoarekin konplizitatea bilatuz eta herritarrak zikloan inplikatuz”, azaldu diote GEURIAri Sareatik.

Estrategia aldaketa honek tabernetan bilatu nahi ditu kontzertuetako target-ak eta Sareak kontzertu sorta interesgarria antolatu du udaberri eta udazkeneko datetan. Lehena martxoaren 1an izango da (bariku honetan): Hego Uribeko Kairos taldeak lehen kontzertua eskainiko du Ugaoko Dorretxea Herriko tabernan, 21:30ean. Sanngre, Fetitxe, BOTH eta Radio Aktiva taldetik etorritako musikariek osatzen dute Basauri, Arrigorriaga eta Ugaoko musikarien banda.

Hego Uribeko Kairos taldea // Utzitakoa

Egitaraua | Musika Barra-Barra 2024

Martxoak 1, barikua
21:30 Kairos, Ugaoko Dorretxea Herriko Taberna

Apirilak 14, domeka
13:00 Boogie Riders, Beti Alai

Maiatzak 3, barikua
20:00 Gailu, Zelai

Urriak 4, barikua
20:00 Striknina, Felipe taberna

Azaroak 1, barikua
20:30 Ane Lindane (bakarrizketa), Lainoa

Abenduak 1, domeka
20:00 Mississippi Queen, Jabilatuen etxea

Osorik irakurri

☉ Ugao

Endika Ibañez: “Etsituta eta harrituta gaude Envases Universalesen erabakiarekin”

Bihar asanblada antolatu dute lantaldeko langileekin eta enpresa batzordeko presidenteak azaldu du “oso gogorra” izango dela

|

Envases Universales enpresako eraikina, Ugaon // Geuria

Envases Universales multinazionalak Ugaoko 50 langile kaleratzeko asmoa iragarri zien atzo enpresa batzordeko kideei, Bilboko egoitzan izandako bileran “irmoan” eta horren aurrerapena eman zuen GEURIAk duela egun batzuk. “Etsituta eta harrituta gaude Envases Universalesen erabakiarekin”, azaldu dio komunikabide honi Endika Ibañez enpresa batzordeko presidenteak. “Egia da joan den urteko abuztuan, multinazionalak Domiberia irentsi zuenetik eskaeren kopuruak behera egin zuela baina kasu puntuala zela uste genuen”.

Kaleratze kolektibo honek Ugaoko lan taldearen % 50aren desagerpena ekarriko luke teorian. Gaur egun 108 pertsonak egiten dute lan Ugaoko lantegian “baina botako ez dituzten artean jubilatu aurrekoak eta nagusiak daude, besteak beste”, azpimarratu du batzordeko presidenteak: “Orotara 90 langilek osatzen dute beraz Ugaoko lantaldea”.

Bihar asanblada antolatu dute lan taldeko langileekin eta Ibañezek azaldu du “oso gogorra” izango dela: “Biharko bileran langileok jarraitu beharreko urratsak azalduko dira eta orduan hilabeteko tartea izango du batzordeak enpresako zuzendaritzarekin negoziazioak egiteko”.

Leon, ilusio bat

Envases Universales enpresak bi lan lerro ditu gaur egun: industria-merkatuarena eta elikagai-merkatuarena. “Elikagai-merkatuaren lerroari dagokionez, multinazionalak planta berri bat zabaldu zuen Leonen, 2017an eta makina ugari zituen lantegi baten aldeko apustua egin zuen eta 25 langile daude bertan”, azaldu du Ibañezek. “Horiez gainera aldi baterako laneko enpresako beste 25 pertsona daude egun hauetan Leongo lantegian eta gure negoziazioak amaitzean Ugaoko lantegi erdia desegin eta bertara joateko eskaintza egingo digute ziurrenik. Ugaoko lantegi erdia ixten badute lantalde erdia soberan dago. Nor demontre joango da orduan Leonera?”.

Endika Ibañez: “Gure negoziazioak amaitzean Ugaoko lantegi erdia desegin eta bertara joateko eskaintza egingo digute ziurrenik”

Eman beharreko hurrengo urratsa bileran esandako guztiak langileei komunikatzea da biharko asanbladan.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Envases Universales enpresak 50 langile kaleratu nahi ditu Ugaoko lantegian

Enpresako zuzendaritzak 68 kaleratze proposatu dizkio guztira batzordeari: 50 Ugaoko lantegian eta 18 Montmelon (Katalunia)

|

Envases Universales lantegiko sarrera, Ugaon // Geuria

Ugaon finkatutako Envases Universales enpresak (antzinako Domiberia), Aldi Baterako Enplegu Erregulazio-Espedientea (ABEE) zabaldu die langilei eta gaur bertan espedientearen nondik norakoak azaltzen ari dira enpresak Bilbon duen egoitzan. Berri hau joan den otsailaren 19an iragarri zion Envases Universaleseko zuzendaritzak enpresa batzordeari.

Endika Ibañez enpresa batzordeko presidenteak joan den otsailaren 21ean GEURIAri azaldu moduan Envases Universalesek ABEEa zabaltzeko prozesua abiarazi nahi zuen gaur, otsailak 26, eta hala izan da. Esan bezala, zuzendaritza buruak enpresa batzordeko kideekin bildu dira Bilboko egoitzan espedientearen nondik norakoak zehazteko.

Endika Ibañez: “Enpresak 68 kaleratze proposatu ditu guztira: 50 Ugaoko lantegian eta 18 Montmelon (Katalunia)”

“Enpresak 68 kaleratze proposatu ditu guztira: 50 Ugaoko lantegian eta 18 Montmelon (Katalunia)”, izan dira enpresa batzordeko presidenteak. “Asteazken honetan asanblada egingo dugu”. Kaleratze honek Ugaoko lan taldearen ia erdia izango litzateke: “Espedienteak gradu ezberdinak izan ditzake: txarra, oso txarra… hiru kaleratze, 50, edo planta guztia ixtera hel daiteke, batek daki”, aurreratu zuen Ibañezek joan den otsailaren 21ean.

Gaur egun 108 langilek osatzen dute Envases Universaleseko Ugaoko lantaldea, jubilatu aurrekoak barne. Iazko abuztuan, Envases Universales multinazionalak Domiberia erosi eta izenez aldatu zion.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Ugaoko kiroldegiko langileek grebari berrekingo diote asteazken eta ostegunean

Greba egunak otsailaren 28an, 29an eta martxoaren 4an, 5ean eta 9an izango dira eta horrek kiroldegiko zerbitzuak kaltetu ditzakela azaldu dute UTE Ugao Kirolak-etik

|

El Jaro kiroldegia // Geuria

Ugaoko El Jaro kiroldegiko langileek grebari ekingo diote berriro ere lan-hitzarmena berritzea aldarrikatzeko. ELA sindikatutik adierazi lez, 2022an iraungi zitzaien hitzarmena eta iazko urtarriletik hitzarmen berria negoziatu nahian izan dira ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuak, akordiorik erdietsi gabe: “Patronalak planteatzen duen eskaintza langileen aldarrikapenetatik urrun dago”, diote.

Lan uzteekin hasi zuten langileek euren protesta eta joan den otsailaren 6an lehen greba eguna egin zuten. Hurrengo egunak aste honetan izango dira: “Lokal, zelai eta kirolen hitzarmen berria sinatzeko presio neurri gisa, sindikatuek hurrengo greba egunak proposatu dituzte: otsailaren 28 eta 29an eta martxoaren 4, 5 eta 9an”, azaldu dute UTE Ugao Kirolak-etik. “Egun horietan kiroldegiko zerbitzuak kaltetu daitezke”.

Osorik irakurri