☉ Ugao
Ugaoko dama Angelun
Maite Idirin abeslaria Ugaon jaio zen. Protesta kantuekin musikaren ibilbideari ekin zion 60ko hamarkadaren amaieran. Egun, Angelun bizi da.

Maite Idirin (Ugao, 1943) euskal abeslaria da. Bere gitarraz lagunduta, 1968. urtean hasi zen herriz herri kantari. Batez ere, protesta kantuekin sartu zen musikaren munduan. Horren harira, 26 urterekin exiliora joan beharrean aurkitu zen. Ondoren, Francoren diktaduraren amaieran, 1973an, Euskal Herrira itzuli zen eta Iparraldeko euskal kultur mugimenduan integratu zen. Diktadorea hil zenean, Hego Euskal Herrira kantaldiak egitera igaro zen eta bost urtez hainbat kantalditan parte hartu zuen.
Bere ibilbidean zehar hainbat sari lortu eta beste hainbeste omenaldi egin dizkiote. Besteak beste, Euskal Kantu Txapelketako bakarlarien lehen saria Behe-Nafarroako Larzabalen 1969an, Lehen Elepeari Gasteizko Iradier Elkarteak Topet Etxahun saria 1976ean, Ugaoko Udalak 40 urtez abesten jarduna eskertzeko omenaldia, Eusko Ikaskuntza saria 2010ean eta Euskaltzaindiak Ohorezko Euskaltzain izendatzea 2014an.
Gaur egun Angelun bizi zara, baina izatez Ugaokoa zara. Zein oroitzapen duzu bertako bizitzaz?
Jaio nintzenean Miraballes izena zuen herriak. Eta, oroitzapen onak ditut, noski. Gogoratzen dut nola bost urterekin eskolara joaten ginen, alde batetik neskak eta beste alde batetik mutilak. Eta, bi gela baino ez zeuden: bata 13 urtera artekoa eta bestea 14-15 urtera bitarteakoa. Eskola bukatu ondoren, josten ikasi nuen. Lehenik Ugaon, baina gero Bilbon. Garai hartan hori zen neskek egiten genuena. Hori zen modan zegoena.
Garai haietan, zein zen Ugaon euskararen eta euskaldunen egoera?
Gaur egungo egoerarekin konparatuta oso ezberdina zen. Ugao -Miraballes garai haietan- ez zen batere euskalduna. Euskaldunak ginenak baserrietako jendea besterik ez ginen. Eta, euskarari dagokionez, Francoren diktaduran debekatuta zegoen, baina gogoratzen dut nola andereño batek, Josefinak, asko errespeatzen zuen euskara. Hark ez zekien, baina euskara maite zuen oso. Beste irakasle batzuek, ordea, zigortu egiten gintuzten.
Era berean, musikarekin harremanetan hasi zinen…
Hala da. Herriko koralean hasi nintzen lehenik, Jose Cruz Gorostiza apaizaren gidaritzapean. Familia oso musikazalea zen eta txikitatik sarrarazi digute etxean musika. Oso gustuko nuen Atahualpa Yupanqui argentinar kantautorea eta haren kontzertu batera joan nintzen Bilbora. Liluratuta geratu nintzen eta nik ere pentsatu nuen musikarekin harreman estuago bat izan nahi nuela.
Noiz hasi zinen musikan lehen pausoak ematen?
Amari gitarra bat erosteko eskatzen nion behin eta berriz, eta gogoratzen dut nola adierazten nion nik kantatu egin nahi nuela. Orduan, nire urtebetetze batean amak kasu egin eta gitarra bat erosi zidan. Gitarra ikasteari eta konposatzeari ekin nion. Dagoeneko Gipuzkoan Lurdes Iriondo eta konpainia hasiak ziren musikan, baina Bizkaian ez zegoen horrelako kantautorerik eta pentsatu nuen hemen ere mugimenduren bat sortu beharko zela.
Eta hala etorri omen zen zure estreinaldia Zeberion.
Hain justu. 1968an Zeberion estreinatu nintzen lehendabizikoz, herriko jaietan. 25 urte nituen garai hartan eta gaztelaniazko zein euskarazko kantuak abestu nituen. Ez nuen errepertoriorik eta nekiena eta ahal nuena kantatu nuen.
Kontzertu hartako anekdotarik gogoratzen al duzu?
Bai. Anekdota polita, gainera! Kontzertua bukatu eta berehala norbait hurbildu zitzaidan. Hara, eta diskoetxe bateko langilea! Cinsa (Gereño anaiak) etxearentzako lan egiten zuen eta disko bat argitaratuko zidatela esan zidan!
Eta baita argitaratu ere…
Bai! Abestien errepertorioa prestatzeko eskatu zidan eta nik zera esan nion: Atahualpa Yupanqui kantautorearen abestiak kantatzen nituela momentu hartan, baita euskarazko beste batzuk ere. Orduan, horiek gaztelaniara itzultzeko esan zidan.
Francoren garaia zen eta abestien letrekin kontu handia izan behar zen, ezta?
Bai. Euskaraz kantatzeko ez zegoen eragozpenik, baina bai zenbait gauza kantatzeko. Horretan zegoen problema. Zentsuratik pasatu behar genituen abesti guztiak kantaldi bakoitzaren aurretik. Normalean ez zegoen problemarik, baina behin, Ondarroan eman behar nuen kontzertu batean, abesti guztiak zentsuratu zizkidaten. Publikoak zerbait abesteko esaten zidan eta ‘Haurtxo polita’ sehaska kanta abestu nuen… hiru aldiz behintzat!
60ko hamarkadan-edo exiliora joan beharrean aurkitu zinen, gainera.
Bai. Nirekin zerikusirik ez zeukaten arazo politikoengatik ihes egin behar izan nuen Euskal Herritik. 1969an Bilbon tiroketa bat izan zen eta hainbat pertsona atxilotu zituzten alde zaharrean, baina batek alde egitea lortu zuen. Lagun baten mutil-laguna zen eta tiroketaren ondorioz, zaurituta zegoen. Laguntza eskatu zidan, eta hortik etorri zitzaidan exiliora joateko beharra.
Nora joan zinen?
Hasiera batean Ondarroako etxe batean ezkutatzeko esan zidaten, baina gero Iparranderuntz joatea gomendatu. Itsasontziz joan nintzen Bermeoko arrantzale batekin Baionara. Ondoren, Parisen bukatu nuen eta bertan bizitza normala egiteari ekin nion.
Bertan ere musikari lotuta bizi al zinen?
Bai. Auzo Latinoko ‘La Candelaria’ Kafe Antzokian kantatzen nuen gauero. Miguel Arocena deitzen zen lokaleko nagusia eta espainiar exiliatua zen. Asko lagundu ninduen eta berari esker diruren bat lortzen nuen kantatzen nuenean. Gainera, denbora horretan hiru single grabatu nituen: lehena 1971ean, bigarrena 1972ko udazkenean eta hirugarrena 1972 amaieran.
Euskal Herrira itzuli zinen 70eko hamarkadan…
1973an Euskal Herrira bueltatu nintzen, Iparraldera hain zuzen. Bertan, euskal kultur mugimenduan integratu nintzen eta Ikastolen aldeko hainbat kantalditan parte hartu nuen. Modu horretan, Iparraldeko zenbait kantarirekin egin nuen topo; hala nola, Estitxu, Manex Pagola, Niko Etxart, Erramun Martikorena eta Anje Duhalde.
Hego Euskal Herrira bueltatzeko aukerarik izan al zenuen?
Bai. Franco hil ondoren, Hego Euskal Herrian kantaldiak egin nituen eta bost urtez kantaldi askotan parte hartu nuen. Horren adierazle ere bada bi LP argitaratu nituela: ‘Hazia sortzen denez lurpean jarria…’ eta ‘Ahizpatasuna’.
Aldakaetarik ba al dago lehengo eta gaur egungo musikaren artean?
Bai, noski. Hasiera batean musika korala, elizakoa, zen gehienbat entzuten zena. Gero kantautoreen garaia iritsi zen, protesta kantuekin. Euskal Herrian mugimendu oso nabaria izan zen kantautoreena eta protesta kantuena. Ondoren, euskal rocka. Aro garaikidean jada, estilo berriak sartu ziren eta gaur egun ere ez daukate zerikusirik bata bestearekin.
☉ Ugao
Gabonetako Hiri Kolonietan izena emateko epea zabaldu dute Ugaon
Abenduaren 1etik 15era egongo da zabalik izena emateko epea

Urtero bezala Ugaoko umeek Hiri Kolonietaz gozatzeko aukera izango dute, abenduaren 26tik urtarrilaren 5era arte. 2013. eta 2019. urteen artean jaitako umeei zuzenduta dago, eta ordutegia 10:30etatik 13:30etara izango da.
Ordutegi horrek badauka ñabardura bat, baina, eta da goiztiarrenek 8:00etan eta 9:00etan joateko aukera izango dutela.
Leku mugatuak dira, eta izen emateari buruzko informazio guztia jane Jauregiko beheko solairuan emango dute.
☉ Ugao
Argazkiak / Zaintzak pribatizatzearen kontrako aldarrikapena eraman dute Ugaora grebalariek
Ugaoko Greba Feminista Orokorra aldarrikapen eguna izan da Ugaon. Eguraldiak askorik lagundu ez duen arren, gogotsu ekin zioten grebari gauerdi partean kalejira zaratatsuarekin.
Dagoeneko egun argiz, hainbat izan dira antolatu dituzten ekintzak, hala-nola kalejira zaratatsua, pikete solidarioa, kafea eta salda, manifestazioa eguerdi partean, eta bukatzeko bazkari autogestionatua. Horren ondoren, eguneko momenturik hunkigarrienetakoa heldu da, parte hartzaileek bizipenak konpartitzeko tartea izan baitute.
16:00etan Bilborako bidea hartu dute, bertako manifestazioarekin bat egiteko.
☉ Ugao
“Zuk erabaki” izenburupean 2024ko aurrekontu parte hartzaileak martxan jarri ditu Ugaoko Udalak
Abenduaren 4an baino lehen egin ahalko dituzte ekarpenak herritarrek

Hamarkada bat bete da Ugaoko Udala aurrekontuak modu parte hartzailean lantzen hasi zenetik. 2024koei begira ere, dagoeneko hasi dira bidea urratzen. Lehen pauso moduan, udalak galdetegi bat zabaldu du herriko etxe guztietara, 2300 ale, hain zuzen ere, eta bertan ekarpenak egiteko argibideak daude. Modu berean, herriko hainbat lekutan ere galdetegiak jaso, bete eta utzi daitezke: Jane Jauregian, Gazteinfo Gazte Informazio gunean eta Kiroldegian, betiere abenduaren 4a baino lehen. Telematikoki ere proposamenak jasoko dira, imprimaki digital hau betez.
Aurrez aurreko bilerak
Modu berean, udal gobernua aurrez aurreko bilerekin hasi da, aurrekontuaren berri eman eta sortu daitezkeen zalantzak argitze aldera. Ekaitz Mentxaka alkateak gidatzen ditu bilerak, lehena azaroaren 21ean egin zuten, eta bigarrena 27an, 08:30etik 14:00etara edo 17:00etatik 19:00etara. Asmoa da bai bilera hauetan eta bai beste bideetatik jasotako ekarpen eta iradokizunak udal aurrekontuan txertatzea, betiere teknikoki eta ekonomikoki bideragarriak eta udal eskumeneko proposamenak badira. Egindako lanketa guztiaren emaitza eta aurrekontu proposamena bera abenduaren 11an aurkeztuko lukete udal arduradunek, Jane Jauregiko atikoan.
Bukatzeko, udal ordezkariek zehaztu dute prozesu hau abian jarri zenetik, “toki-administrazioak hainbat proiektu eta eskaera gauzatu dituela, hala-nola, gaur egun egiten ari diren kiroldegiko estalkia berritzeko lanak, San Bartolomeko arkupeak hobetzea eta ibaiaren ingurua udalerriaren erdigunearekin lotzea”.
☉ Ugao
Euskara plazara jalgi nahi dute Ugaoko Helduon Euskara Topagunean
“Euskara plazara” lelopean, abenduaren 1ean 17:00etatik 20:00etara lau gune ezberdin prestatu dituzte herriko plazan

Euskararen Nazioarteko Eguna zertxobait aurreratuko dute aurten Ugaon, eta abenduaren 1erako ekimen interesgarria prestatu dute Ugaoko Guraso Elkarteak eta AEK-k elkarlanean: Helduon Euskara Topagunea, hain zuzen ere.
“Euskara plazara” lelopean, 17:00etatik 20:00etara lau gune ezberdin prestatu dituzte herriko plazan: alde batetik “Ugaoko Ikastolak 50 urte” deritzona egongo da. Bertan, garai hartako protagonistek testigantzak kontatuko dituzte. Aitzindari horietako batzuk azaroko Geurian protagonista izan ziren.
Bestetik, “Helduen berba jolasekin” etorria, irudimena eta umore ona landuko dituzte, eta “kafe txokoa” goxo-goxo berriketan aritzeko tokia izango da.
Bukatzeko, eta 18:30etatik aurrera, euskal kantagintzaren hitzaldia musikatua eskainiko du Andoni Tolosa Morau artistak.
Eguraldiak lagunduko ez balu ekintzak Jane Jauregiko egingo lirateke.
☉ Ugao
Familientzako antzerki zikloa antolatu dute Ugaon
Abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean, emango zaio hasieran zikloari, “Loti Ederra” antezlanarekin, eta hurrengo bi larunbatetan segida izango du: abenduaren 10ean “Gure kanoa” helduko da Ugaora, eta 17an “Olentzero eta irribarreak barra barra”

Abenduarekin batera, antzerkiak bere urteroko hitzordua izango du Ugaoko familiekin. Udaleko Kultura sailak hiru antzezlanez osatutako zikloa antolatu du txiki eta ez hain txikien gozamanerako. Antzezlanak euskaraz izango dira, eta sarrera librea eta doan izango da.
Abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean, emango zaio hasieran zikloari, “Loti Ederra” antezlanarekin, eta hurrengo bi larunbatetan segida izango du: abenduaren 10ean “Gure kanoa” helduko da Ugaora, eta 17an “Olentzero eta irribarreak barra barra”.
Toki eta ordutegiari dagokionez, eguerdiko 12:30ean izango dira antzezlan guztiak, Jane Jauregian.