Sareak

☉ Zaratamo

Adolfo Agirre: «Antzina errespetuak presentzia handigoa zuen frontoian. Gaur zaratak zaleen kantuak isildu ditu»

Pilotari eta Upomendi Pilota Eskolako monitore ohiak antzinako garaiak frontoira ekarri ditu eta gaur egungo esku-pilotaz luze mintzatu gara berarekin Elexalden

|

Agirre Elexaldeko frontoi parean / Geuria

Adolfo Agirre Urrutikoetxeak (Zaratamo, 1946) frontoiaren inguruan eraiki du bizitza. Zaratamar gehienek ezagutzen dute, gaztetan esku-pilotara jokatu zuelako, baina bereziki Upomendi Pilota Eskolan harrobi izugarria sortu izan duelako 90. hamarkadaren bigarren erdialdetik 2006 urtera arte. Agirrek Upomendin eskainitako klaseetatik igaro dira Danel eta Ander Elezkano anaiak eta Mikel Urrutikoetxea bezalako pilotariak, besteak beste. Esku-pilota beste modu batean bizi zela aitortu digu Adolfok eta gaur egun frontoietako zaratak zaleen kantuak estali dituela dio.

Esku-pilota bera eta berau praktikatzen duten pilotariek kirolari beste enfoke bat eman diotela azaldu digu. Oraingo honetan Elexaldeko frontoiko argiak itzalita daude eta harmailak hutsik. Hotz egiten du eta berba egin dugun bitartean, herriko pilotarien garaikurren erakuslehioa kontenplatu dugu, zaratamarrei poztasuna ekarri dieten herriko kirolarien txapelak ikusten eta antzinako partidak gogora ekartzen.

Zer da Zaratamo Adolfo Agirrerentzat? Dena da Zaratamo niretzat. Hemen jaio eta bizi izan naiz 78 urtez. Bertan bizitza antolatu izan dut, lan egitera Basaurira joaten nintzen, eta bueltan herriko frontoian ordu ugari ematen nituen, egunez egun.
Beraz, Zaratamo eta esku-pilota izan dira zure bi aldagai nagusiak? Bizitzaren alde oso handi bat esku-pilotari eskaini nion. 20 urteak bete arte gogor eman nion esku-pilotari, eskuan lesio garrantzitsu bat izan arte. Palara ere jokatu izan nuen, Araban, Federazioen Txapelketan parte hartuz. Bertan, nik Arabarekin jokatu arren, Bizkaitarrak ziren onenak, eta Nafarroa, Asturias, Madril… leku askotako jokalariak zeuden. Etapa hura amaitu zenean esku-pilotako zaletu eta monitore bezala ere aritu izan naiz, eta 1994tik 2006ra Zaratamoko esku-pilota monitore bezala egon nintzen Danel Elezkano eta Mikel Urrutikoetxea bezalako haurrei irakasten.

Bizkaiko esku-pilotaz hitz egiten denean Zaratamo erdigunean kokatzen dute askok eta askok. Elezkano eta Urrutikoetxearekin berba egiteko aukera izan dugunean herriko funtsezko hiru ardatz aipatu dizkigute: eskola, plaza eta frontoia. Hau horrela da?  Zalantzarik gabe. Horrela izan da betidanik (irribarre egiten du).

Nola gogoratzen dituzu Frankismoaren garaiko esku-pilota, gaur egungoarekin alderatuz? Eskolatik irteten ginenean egiten genuen lehen gauza frontoira joatea zen, zuzen-zuzenean. Garai hartan joan gintezken leku urrunena Arrigorriaga izan ohi zen, eta hala ere esku-pilotara jokatzeko ez zegoen inolako debekurik.

Orduan ez da aldaketarik eman esku-pilotaren munduan? Bai noski! (barreak). Nire ustez, esku-pilota profesionalagoa zen antzina. Garai hartako materiala eta gaur egungoa ere oso diferenteak dira;jokoari dagokionez, gaur egun boleaz asko jokatzen da eta lehen, aldiz, botearekin; eta aldaketa benetan sakona nabari izan dut giroan, orokorrean. Antzinako apustuen kontua terriblea zen eta jende askok dirutza galdu zuen esku-pilotako partidetan. Hala ere, partidetako giroa zoragarria izan ohi zen; gaur oihuak nagusi dira frontoian, eta antzinako xarma hori galdu dela uste dut. Gaurko giroak antzekotasun handia dauka saskibaloikoarekin, baina ez futbolak duenarekin, eh? ezin dira giro bi horiek nahastu!

Ia bi hamarkada eman ditu Agirrek entrenatzaile lanetan / Geuria

Zer gertatzen da futbolarekin? Harmailetan askotan bizitzen den giroa ez da batere sanoa. Zaleek beraiek sortzen duten giroa onartezina da eta askotan liskarrak sortzen dira.

Egoera hauek frontoian pentsaezinak dira. Ez dut sekula horrelakorik bizi izan. Futbolean, ostera, denok ezagutzen dugu Messi, Ronaldo… jokalarien izenak etxean ezagunak dira eta ume askok maite dituzte. Oso garrantzitsua da haur eta gazte horiek futboleko harmailetan ematen den giro txar hori ez bizitzea. Frontoian, bestalde, errespetuak presentzia handiagoa zuen antzina. Gaur egun zarata handiagoa entzuten da partidetan eta zaleen abestiak ez dira ulertzen.

Eta zer esan ahal didazu pilotarien arteko giroaz? Frontoian zein aldageletan giro izugarria egon da betidanik. Elezkano zein Urrutikoetxearekin izandako partidetan horixe bera ikusi dut nik neuk. Giro hori oso berezia da, ileak lazteko modukoa, egia esan.

Danel eta Mikel entrenatu zenituen gazteak zirela 1994 eta 2006 tarteko etapa hartan. Nola gogoratzen duzu entrenatzaile bezala bizitako garai hura?
Garai hartan benjamin, alebin, haur eta kadete kategorietako gaztetxoen monitore lanak egin nituen. Benetan gozatu nuen garaia izan zen hura eta egiten nuen hark betetzen ninduen. Eta egia esateko, nik uste dut gaur egun kutsu hori mantentzen duela Upo Mendi Eskolak, nolabait. Gaur egun, nik debalde egiten nuen lan horren truke monitoreei ordaintzen diete. Hori izan daiteke ezberdintasun bakarra.

Baina hori txarra al da? Ez du zertan txarra izan behar. Gaur egun, monitore batek diruaren truke egiten du lan. Dirurik ez badago, ez dago entrenamendurik. Nik goizean zehar Aperribaiko Guinea Hermanos enpresan lan egiten nuen eta arratsaldeak frontoian ematen nituen, umeei irakasten. Larunbat eta igandetan ere bertan izaten nintzen, pilotari kolpeak ematen. Gaur pentsaezina da lan bat izanik pertsona batek doako klaseak ematea eguneko gainontzeko orduetan.

Pilotarekiko zaletasuna handia da zure kasuan, baina baita Zaratamoko Upomendi Pilota Eskolatik igarotako ume jakin batzuenean ere, ezta? Danel Elezkanok eta Mikel Urrutikoetxeak egun osoa ematen zuten frontoian. Eskola orduak astearte eta ostegunetan ziren, baina askotan astelehenetan zeuden biak frontoian. Beren zaletasuna ikaragarria zan. Eskola orduetan ere asko nabari zen biek zeukaten jarreran. Urrutiren kasuan oso argal gogoratzen dut. Jostorratz bat zirudien esku-pilotara jokatzen zuenean eta aldi berean sekulako pilotakadak ematen zituen (barre egiten du). Urruti dinamita zen zazpi urte zituela. Kanpora gindoazen bakoitzean jendea zur eta lur geratzen zen Mikelen kolpe ikuskizunarekin. “Mikelen familian ba al dago gorputz hain mehea eta hainbesteko indarra duen bestelako seniderik?”, galdetu zidaten behin. Hala da, Mikel aitite biak holakoak ziren, paregabeak ere! Danel bost urterekin frontoian zegoen, esku batean ogitartekoa eusten. Jaiotzetik arazoak izan zituen eskumako besoarekin eta horixe landu zuen esku-pilotaren bidez, bere aita Jokinek, behin medikutik etorri zela hala eskatuta. Sakeak eskumarekin egitera ikasi zuen eta horrexegatik da eskumarekin sakeak egiten dituen ezkertiar bakarra. Izugarri hobetu da harrezkeroztik, txapela kentzeko modukoa.

Zuk zeuk bata zein bestea esku-pilotan trebatu dituzu. Harro al zaude?  Harro baino harroago, bai noski! Eurekin harremana izaten jarraitzen dut eta elkartzen garen bakoitzean gaia bakarra da: esku-pilota. Ez dago besterik! (barreak).

Eta garai hartako harrobia gaur bertan berreskuratzea posible da? Zergatik ez?  Gaur egun ume askok gogotsu hasten dituzte esku-pilota klaseak, baina adinean aurrera egin ahala egoera zailtzen da. Baina denborak aurrera egin ahala gero eta gehiago ikasten hasten dira eta esku-pilota bigarren maila batean uzten dute. Gainera, gaur egun ez dut antzina ikusten nuen motibazio bera ikusten gazte gehienengan eta frontoian “mantentzea” zailagoa da. Antzina ez zen ahaleginik egin behar umeak frontoian jokatzen egoteko gurasoak harmailetan zeudelako eta horrek motibaturik mantentzen zituztelako. Gaur, ostera, ume asko frontoian “aparkatzen” dituzte eta hori ikustean, eta egoera horren aurrean, normala da bost urteko ume batek plazara ospa egitea. Niretzat meritu izugarria dauka haurrak frontoiko entrenamendu-saioetara ikustera joateak.

☉ Zaratamo

Zaratamoko Moiordin eta Mendieta lotzen dituen oinezkoentzako bidearen lanak amaitu dituzte

Udal ordezkarien arabera, Moiordin eta Ugarte industrialgunea konektatuko duen proiektuaren helburua langileek Arrigorriagako zerbitzu publikoa erabiltzeko aukera izatea da

|

Moiordin eta Mendieta lotzen duen oinezkoentzako bide berria // Geuria

Moiordin eta Mendieta auzo zaratamarrak lotzen dituen oinezkoentzako bide berriaren lanak amaitu ditu Udalak. Moiordin eta Ugarte industrialgunea lotuko dituen proiektu honen lehen fasea da honako hau eta Moiordin auzoko Irisgarritasun planean jaso zen 2021eko martxoan.

Aste batzuetako iraupena izan duten lan hauetan porlan zimurra erabili dute langileek irristagarritasun arazoak ekiditeko eta errepidetik bereizteko. Gainera, bazter-babes bikoitza eta baranda berriak ipini dituzte bide berrian zehar.

Lan hauekin batera, Zaratamoko Udalak lan txiki bat egin dute Moiordineko Makatza tabernaren pareko espaloian, bertan zegoen irisgarritasun arazoarekin behin betiko amaituz.

Garraiolari bat, Ugarte 1 industrialgunean // Geuria

Ugarte, ikusmiran

Zaratamoko Udalaren hurrengo erronka Mendietan amaitzen den bide hori Ugarte 1 industrialgunearekin “modu irisgarrian” lotzea da, udal ordezkariek GEURIAri azaldu bezala: “Oinezkoentzako bide berria amaitzen diren lekuan Ugarte 1 industrialguneko eskailerak daude”, azaldu du Alberto Ugarriza herriko alkateak, eta asmoa eskailera horiek arrapala irisgarri batean bihurtzea dela azaldu du.

Hala ere, herriko alkateak azpimarratu du obra “konplexua eta garestia” izango dela, egitura ezponda handi baten ondoan dagoelako. Ondoren, Ugarte 1eko pabilioiak Ugarte 2koekin konektatu beharko lirateke, “espaloi baten bidez, ziurrenik”. Ugarte 2tik ibilbideak Mendieta auzoari helduko lioke, bertatik Elexaldera “modu irisgarrian” joan ahal izateko.

Ugarte 1 pabilioietako eskailerak, gaur egun // Geuria

Moiordin eta Ugarte konektatzean jendeak Zaratamotik Arrigorriagako herrigunera zeharkatzeko aukera izango du Bi-625 errepide gaineko zubitik zehar: “Bigarren fase honen helburu nagusia industrialguneko langileek Arrigorriagako garraio publikoa erabiltzeko aukera ematea da, kotxea ez erabiltzeko”, gehitu du Albertok.

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

Zaratamoko Arkotxako jaiak ekainaren 7tik 9ra egingo dituzte aurten

Akais, Etxebarria Aita ta Seme Trikitilariak, Oihan Vega DJa, Ealain zaratamarrak eta Akerbeltz Erromeriaren kontzertuak baieztatu ditu Jai Batzordeak momentuz

|

Zaratamoko jaietako paella txapelketa, 2022an // Geuria

Arkotxako Jai Batzordea aurtengo jaiak prestatzen hasi da eta duela egun batzuk Zaratamoko auzoko jaiak antolatzeko lehen bilera antolatu zuen. GEURIAk jakin ahal izan duenez, aurtengoak ekainaren 7tik 9ra izango dira eta programa guztiz itxita ez badago ere, zenbait kontzerturen berri eman dute antolakuntzatik.

Akais taldeak flamenkoa ekarriko du Zaratamoko auzora eta Euskal Herriko erromerien esparruan Etxebarria Aita-Seme Trikitilariak izango dira. Musika modernoari dagokionez Oihan Vega DJaren saioak  dantzarako tartea eskainiko die auzotarrei, eta herriko Ealain taldeak bere folk-metal proposamen indartsu taularatuko du. Goizaldea Akerbeltz Erromeriak girotuko du.

Nagusientzako lekua ere egongo da eta txitxarrilloa ekarriko dutela iragarri dute batzordetik: “Hala ere kontuan izan beharrekoa da horiek ez direla kontzertu guztiak izango; gehiago baieztatuko ditugu laster”. Aurreko urteetan Bongo Botrako, La Raíz, Vendetta eta Zoo bezalako taldeak igo dira Arkotxako oholtzara, besteak beste.

Musika eskaintzaz gainera, bestelako jarduera gehiago aipatu dituzte antolakuntza taldetik eta haurrentzako jolasak, herri-kirolak, barrakak, ikuskizunak eta gastronomia-lehiaketak egongo direla azpimarratu dute.

Ealain talde zaratamarra, Arkotxan // Ealain

Diru gutxiago jaietarako

Jai Batzordearen arabera, Arkotxako jaietako aurrekontua “dexente” jaitsi da: “Bizitzaren igoera kontua izanda muntaketa-lanak, karparen instalazioa, kontzertuen kudeaketa, ekitaldiak… den-dena igo da eta aurrekontua txikiagoa da aurreko urtekoekin alderatuz, eta dena moldatzea erronka handia izaten ari da guretzat”, eta aurreko urteetako eredua “mantendu” nahi dutela gehitu dute tadetik.

“Aurtengo aurrekontua txikiagoa da aurreko aurtekoekin alderatuz, eta dena doitzea erronka handia izaten ari da guretzat”

“Zaratamon dauden gainontzeko elkarteak gonbidatzen ditugu gure jaietan parte hartzera”, azaldu dute Jai Batzordetik. Laster bigarren bilera egingo dute eta programa osotuago baten berri emango dutela azaldu dute.

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

Zaratamoko herri basoetan ganadua sartzeko eskabideak egiteko epea zabaldu dute

Eskabide horiek, urtero lez, udal bulegoetan egin behar direla iragarri dute Zaratamoko Udaletik, 09:00etatik 14:00ak arte

|

Behiak // Geuria

Abeltzainek otsailaren 22ra arte dute Zaratamoko 13 eta 176 herri baso eta larretan ganadua sartzeko azienden aitorpena eta eskabidea egiteko. Eskabide horiek, urtero lez, udal bulegoetan egin behar direla iragarri dute Zaratamoko Udaletik, 09:00etatik 14:00ak arte.

Tramitea egin ahal izateko aurretik hitzordua eskatzea beharrezkoa dela gogorarazi dute 946 710 052 telefono zenbakira deituz edo administrazioa@zaratamo.eus helbide elektronikora deituz.

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

Gizonek parekidetasunaren bidean egin beharreko pausuen inguruko hitzaldia eskainiko dute Zaratamon

Saioa Elexaldeko kultur etxean eskainiko dute 18:00etatik 20:00ak arte eta izena ematea beharrezkoa izango da

|

Bikote bat // Ryan Jacobson, Unsplash

Otsailean hitzordu bi prestatu ditu Zaratamoko Berdintasun Batordeak. Hilaren 16an ‘Gizonak parekidetasunaren bidean: korapiloak eta aukerak’ izeneko hitzaldia eskainiko du Hiruki Larroxak. Saioa Elexaldeko kultur etxean eskainiko dute 18:00etatik 20:00ak arte.

Interesdunek izena eman behar dute arkotxa@zaratamo.eus helbidera idatziz edo 944 566 060 telefono zenbakira deituz (08:30etik 14:00ak arte). Aipatutako helbide elektronikoan eta telefono zenbakian garraio eta haurtzaindegi zerbitzua eskatu daitezke ere.

Otsailaren 23an eta martxoaren 1ean, 18:00etatik 20:00ak arte, Lodifobiari aurre egiteko tailerra eskainiko diete emakumeei, Elexalde kultur etxean ere.

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

Auto batek adingabe bat harrapatu du Arkotxako Olagane auzoan

Ertzaintzak gertakaria “susto” bezala definitu du eta neskak ez du garrantzizko kalterik jasan

|

Auto batek adingabeko neska bat harrapatu du Arkotxako elizaren inguruan, ibilgailua garajetik irteten ari zela. Istripua gertatu den lekura suhiltzaileak eta larrialdi zerbitzuko ibilgailuak gerturatu dira, abisua jaso bezain laster.

Ertzaintzak GEURIAri jakinarazi dionez, gertakaria “sustoa” baino ez da izan eta ez du neskak ez du garrantzi handiko zauririk. “Momentura arte jasotako informazioaren arabera, adingabea ez dute erietxera eraman behar izan”, azaldu dute Ertzaintzako ordezkariek.

Osorik irakurri