Sareak

☉ Zaratamo

Jose Inazio Basterretxea Polo: «Euskara da norbanako eta herriko egiten nauena»

|

Mundua euskara barik irudikatzea zaila edo ezinezkoa da Jose Inazio Basterretxea Polorentzat (Galdakao, 1959). Euskaraldiaren testuinguruan gure hizkuntzaz berba egiteko lotu gara beragaz eta baita mito batzuk eraisteko ere, herriko auzo ezberdinen arteko euskararen egoeraz galdetu diogunean. Lurraldetasunetik urrunduz, Basterretxeak euskara osasuntsu ikusten du, baina euskalduna, gaixo. Zer dela eta?

Nolako garrantzia dauka euskarak zure bizitzan? Ni, izatez, euskalduna naz, eta euskaltzalea. Niretzako, arnasteko oxigenoa da euskera: bizitzeko beharrezkoa. Neure-neurea sentitzen dot euskera. Etxean, lanean, plazan… hor egon da nire bizitzan euskera. Erderak ere hor egon dira, eta estimatzen ditut. Baina, neurea… neurea euskera da, neure-neurea egin dot etxerako, lanerako, plazarako. Zer natural bat da euskera nire bizitzan. Euskerak egiten nau norbanako eta herriko.

Zaratamon bizi zara, kontraste handiko udalerria hizkuntzari dagokionez. Nolako presentzia dauka euskarak bertan? Esaten da alde handia dagoela Elexalde eta Arkotxa auzoen arteko euskararen egoeraren artean. Hor-zehar esaten da Arkotxa erdalduna dela eta Elexalde dala euskalduna. Ez dot horrela ulertu gura hizkuntzen arteko talka, ez Zaratamon, ez Galdakaon, ez inon. Lekuak baino, pertsonak interesatzen jataz. Abiapuntu nagusi moduan, esan dagidan ez dodala ontzat hartzen estigmatizazioa. Eta Zaratamon, aitatzen dozun arlo horretan, estigmatizazio nabarmena dago. Ni Arkotxara banoa eta euskeraz egin gura badot -ez da erreza izango-, baina, badakit nor dan han euskaldun eta haregaz euskeraz egingo dot, niri gustatzen holan gustatzen jatalako, eta hareri bebai, alegia, hareri ere gustatu egiten jakolako euskeraz jardutea niri beste.

Zaratamon, euskeraren problema ez dago Arkotxan. Mito asko dabil gure inguruan, eta ez dot atsegin. Egiak erdizka esaten dabez mito pozoituak, eta inoiz guzurrak. Nik esango neuke kontu printzipala ez dala euskera eta territorioa -auzo bat edo bestea-, hori oso inportantea bada ere. Kontu zentrala da euskalduna eta harek egiten dauen hizkuntzen erabilpena. Begira, nik euskera osasuntsu ikusten dot. Baina euskalduna, gaixo. Elexalde balizko auzo euskaldunean, Arkotxan euki neikean zailtasun bera eukiko dot… euskeraz jarduteko, bilatu egin beharko dot euskeraz jardun gura dauen euskal hizketa-laguna. Euskera jakin dakien jende gehiago egongo da Elexalden. Bai. Seguru. Baina, egiten dauenik, proportzio zoragarrian, ez. Hartara, euskeraz egin gura ez badogu euskaldunen artean, zertarako estigmatizatu beste inor? Zeren eta noren mesedetan egiten da hori? Pozoia ikusten dot estigma horretan. Beste kontu bat da inoren auzoa ez gustatzea auskalo zein arrazoi sozio-politiko-ekonomikoa dala eta.

Euskarak ez al lituzke territorioak konkistatu beharko? Euskera bera da lurraldea. Euskeraz egiten dan lekuan dago euskeraren territorioa. Zer da territorio euskalduna, euskaldunak ez badau euskeraz egiten? Auzo biak erderaz bizi, eta Elexalde euskalduna da eta Arkotxa erdalduna? Euskeraz egin ahala eraikiko dogu euskeraren territorio fisikoa. Bestela pentsatzea magian sinistea da: umekeria bat. Zelan konbentzituko dozu inor euskera ikasteko baldin eta inork egiten ez badau, hizkuntza jakinda ere?
Batez ere, konkistatu behar doguna da euskaldunaren bihotza. Horixe da zentrala, horixe ardatza etorkizunari konfiantza minimo bategaz begiratu ahal izateko.

Arestian esan duzu euskara osasuntsu dagoela, baina, euskalduna, gaixo. Bai, ba. Euskera ikusten dot inoiz baino osasuntsuago. Noranahikoa da egun: soloetan legez, unibertsitatean egin dau euskerak bere kabia; etxean legez, telebista-irratietan, kazetatan… Osasun aparteko horretan, danean legez, argi-ilunak dagoz. Euskera, esan dagigun formala, indartsu dago, noranahikoa da. Halere, euskera informala, erren dabil: itanoak makuluak behar ditu; aisialdiak, gurpil-aulkitxoa; plazak, belaunean injertoa. Begira, euskaldunak gai gara doktore-tesiak euskeraz idazteko, baina, era berean, tabernako terrazan erderaz jarduteko lagun euskaldunakaz. Horra, paradoxa. Ez da erreza euskeraz bizitzea, jakina. Kasu askotan, ezinezkoa da. Baina, asko matizatu beharra dago euskararen egoera eta euskaldunen portaera deskribatzen ditugunean. Txirrita bertsolaria etortzen jat burura honetaz berba egitean.

Txirrita? Ze zentzutan, baina? Badauka Txirritak bertso-sorta bat Gure aurreko guraso zarrak aspaldi samar iltzian titulupean. Garai zaharrei buruz dihardu. Gerra zibil zaharraz: karlistak eta liberalak borrokan. Foruen galerari buruz. Lehengo Euskal Herriko ohitura zaharrez. Eta hor diño: “Erdera etzen bakarrik kapaz, euskerak lagundu diyo”. Alegia, euskararen konkurrentzia behar izan dauela erderak gure artean lekua irabazteko eta geure gainean jartzeko. Baina, kasu, ez dot fribolitatez hartu gura gaia. Euskararen liburu beltzak irakurri dituenak, badaki euskaldunen penitentziak zeintzuk izan diran eta badiran.

Bat da Txirritak deskribatzen dauen testuingurua, ordukoa. Oraingoagaz alderatuta, beste bat, nabarmen desberdina. Baina, arazoaren funtsa, oinarria, gureganatu egin daitekeela uste dot, eta euskeraren eta euskaldunaren etxeetara ekarri.

Horregatik, euskalduna, gaixo… Euskara baino, euskalduna dago gaixo. Zera, ez dakit ondo zer behar dauen euskaldunak euskaldunagaz euskeraz egiteko. Enigma bat da hori niretzat. Nire teoria da euskera ez dagoela modan. Nire teoria da babalore asko dagoela euskaldunetan . Eta lagun akonplejatu horreik interneteko izar baten bultzadaren beharra daukiela euskeraz egiteko. Alegia, influencer orojakile batek azaldu behar deutsola euskaldun mintzul horreri munduan milioi erdi lagunen eskuetan baino ez dagoen altxor baten jabea dala; eta, itxura batean, oraindino ez dala konturatu. Blogebrity ospetsu digital horrek esan behar deutso euskaldunari bere perfila aberastu leikeela instagramen, euskalduna dala erakutsita; tuneatu egin leikeala bere burua modu propio eta apartekoan, berezi-berezian, modu ia kopia-ezinean.

Modako kontakatilu batek esan behar deutso ezen beste askoren eskuetan ez dagoena bere eskuetan badagoela. Alegia, esan behar deutso euskalduna dala partaide komunitate batekoa, zeinak haitz-denborako hizkuntza zahar bat fisio nuklearra esplikatzeko baliagarri bihurtu dauen. Txirritaren berba zaharrak gaur egungo diskurtso honetara ekarrita: “Hau da txoriyak gari tartean gosiak egon biarra!”. Beren-beregi, gainera.

Beharrezkoa al da Euskaraldia bezalako ariketa bat euskarak bizi duen egoera hobetu ahal izateko? Dudarik ez da. Ez euskeragaitik, jakina. Euskaldunengaitik baino. Jendea animatu behar dogu Euskaraldian parte hartzeko. Zentzuzkoa da. Beharrezkoa. Erantzi egin behar dogu begiak estaltzen deuskuzan zapia. Ongietorria izan daitela horretara datorren oro. Euskaraldia? Ba, Euskaraldia. Ea iratzartzen garan…

Iratzargailua itzali nahi duenik ere badabil… Azken boladan, euskararen aurkako sententziak iragarri dituzte. Nolako ardura dakar horrek guztiak gure hizkuntzari begira? Handiak. Ardura handiak dakarz eraso sistematiko horrek. Ez dira barriak euskararen aurkako erasoak. Etxean entzun izan ditugu horreik. Liburuetan azaldu dira. Hedabideak begien aurrera ekarri deuskuez azken-azkenak. Aspaldian indarturik datoz. Berpiztu egin dira gainditutzat eta konkistatutzat genduzan hainbat kontu, eskuartean darabilgun hau barne. Epaile biboterre horreik diñoe euskera gatza dala, zaila. Epaile ipurterre horreik diñoe euskera baztertzailea dala. Alajaina!

“Zezena etxeko atarira ekarri deuskue, bere adar handi eta zorroztuak lepo indartsu eta guriaren gainean paraturik, Picassoren koadroan legez. Ez dago langa atzean egoterik, toreatu egin beharko da piztia”

Ez dago geldi egoterik, erasoen aurrean. Ezin da ikusle hutsa izan. Zezena etxeko atarira ekarri deuskue, bere adar handi eta zorroztuak lepo indartsu eta guriaren gainean paraturik, Picassoren koadroan legez. Ez dago langa atzean egoterik, toreatu egin beharko da piztia. Manifestazioak, aldarrikapenak, euskaraldiak… danak dira beharrezko. Baina, tresna bat badaukagu eskura aurrera egiteko. Merkea. Infaliblea. Eta tresna hori da hizkuntza, euskerea. Euskeraz zenbat eta gehiago egin, orduan eta ahulago izango da diskurtso erasotzaile hori. Garai txar asko gainditu ditu euskeraren komunitateak. Hau ere gaindituko dogu.

Urte askoz irakaslea izan zara Euskal Herriko Unibertsitatean. Zein iritzi daukazu euskarazko hizkuntza sistemaren inguruan? Faktu bat da sistema euki badaukagula. Beste kontu bat da euskarari eta euskaldunari begira eraikia izan ete dan. Gure historia modernoaren joan-etorrian, une jakin batean, irakaskuntzaren alorra sistematizatu beharra ikusi zan. Eta egin egin da sistematizazio hori. Hala moduz egin, seguramente. Baina, egin egin da. Administrazioak hala behar eban. Herriak berebat.

Orain kontua da badala garaia metodologiak eta edukiak sakon eztabaidatzeko. Mamuak uxatzeko. Argi berba egiteko. Nik ikusten dodana da irakaskuntza sistema horrek ez dituela euskaldunak egiten, espainiar euskal-halamoduzko-hiztunak baizik. Eta min handia emoten deust horrek.

Gure artean, zenbait umek eta gaztek -askok-, nagusiagoek berebat, ez dabe irakurri Lauaxetaren Arrats-beran liburuko poesia bakar bat ere. Gure artean, hainbat eta hainbat dira ez dakienak zergaitik diran garrantzitsuak Zuberoako Maskaradak. Gure inguruko hamaika laguni ez jakie inoiz azaldu behi urdinak ere badirala mendian. Gure umeei eta gazteei, fisika esplikatzeko, eskola-liburuetan esan jakie tren batek Malagatik urten dauela, halako abiaduran, eta beste batek Madriletik halakoan, eta galdetu jakie ea non egingo daben talka (errail beretik joanez gero, suposatzen dot).

Unibertsala eta lokala uztartu behar dira, jakina. Ardura, bildurra, emoten dauena da unibertsaltasunaren izenean unibertsaltzat jotzea espainiarra baino ez dana. Eta horretatik asko edan dau gure hezkuntza-sistemak. Eskolan. Institutuetan. Unibertsitatean.

Irakaskuntzaz gainera, zure kasuan euskarak balio handia izan du literaturan. Nobelak, saiakerak, eta ipuinak idatzi dituzu. Non zaude erosoen? Aldian aldian esango neuke. Une batean beharrezkoa iruditu izan jat unibertsitate-eskoletarako materiala sortzea, ez egoelako nik behar nebana. Eta sortu egin dot. Batzuetan bakarrik. Beste batzuetan ondoko irakasle-kideakaz batera. Gustura sentitu naz. Gustura egin dot. Eroso sentitu izan naz, konplikaziñoak konplikaziño. Irakasteko, norberak aurretik ikasi beharra dago, eta hori gauza handia da… horixe dago ikas-materiala sortzearen oinarrian.

Baina, beste une batzuetan, fabulatu beharra sentitu izan dot. Eta hor etorri dira nobelak eta ipuinak bide horretan laguntzera. Hor ere eroso sentitu izan naz. Horreri esker, ikasi eta gozatu egin dot.
Lan handia eskatzen dau paper zuria betetzeak. Izan eskola-saiakera, izan nobela historikoa, ardura handiko jarduera da gau-egunsentietan idatzitakoa plazara eroatea.

Etsigarria bada ere gure artean feedback dalakoa hain apala izatea, ederra da sortzea!

☉ Zaratamo

Bideoa | Abeltzainak eta mendizaleak, oreka zailean Upon gora

Azken urteetan gero eta elkarbizitza arazo gehiago gertatzen ari dira Zaratamoko Upo mendiko larreetan

|

Aitor, bere artaldeari begira, Upon // Geuria

Aitor Garcia Salcedok (Zaratamo, 1991) ardiz osatutako artalde txiki bat dauka Upoko belardi eta basoetan. Anaiak, Beñatek ahuntzak ditu bertan, eta Zaratamoko beste hiru pertsonek ahuntzak eta behiak dituzte. Ez dago beste inor.

Abeltzain lez, Aitor askotan joan ohi da Zaratamoko mendira abereak leku batetik bestera mugitzera bai udan eta bai udazkenean, baina azken urteetan arazo ugari izan ditu menditik ibiltzen diren pertsona jakin batzuekin.

Abenduko goiz hotz eta haizetsua da gaurkoa. Euri mehatxua dago, baino hori ez da inolako arazoa Aitorrentzat. Egun batez, artzain lanak egin ditugu berarekin. Bere 4x4ra igo eta Uporantz abiatu gara, mendiko pistetan barrena. Mendiko bide guztiak ezagutzen ditu zaratamarrak, ardiak edonondik igarotzen direlako, eta beraiengana heldu behar delako abeltzaina, noski. Lur orotako ibilgailuak edozein motako oztopoak gainditzen ditu, dinbi, danba, beti aurrera.

Aitorren familiak betidanik izan du ganadua Zaratamon. Uda garaian, ardiak eta ahuntzak mendira eramaten dituzte eta negu aldera etxera ekartzen dituzte bueltan. Abenduan ondiño mendian izaten dituzte eta ‘mendian’ esatean, mendi osoan barrena esan nahi du Aitorrek. “Animaliak Upon libre bizi dira eta gure lana behinik behin mendira igo eta ondo daudela ziurtatzea da”, azaldu du Garciak. Upo, izatez, herri basoa da eta animaliak ez ezik pertsonak ere paseoan ibiltzen dira bertatik.

Abereak, arriskuan

Autoak mendian gora egiten duen heinean ‘Debekatuta bidetik kanpo zirkulatzea-Txakurrak lotuta’ dioten hainbat kartel agertzen dira Zaratamoko eta Zeberioko Udalen izenean. “Kartelek txakurrak lotuta eraman behar direla esaten duten arren, jende askoak solte eramaten ditu txakurrak mendian”, kexatu da Garcia. Baina ez da kexa soil bat; horren atzean pisudun arrazoi bat dago: txakurrak mendian solte doazenean, bertan bizi diren abereak ikaratu ditzakete: “Ardiak ikaratzen direnean norabide barik korrika egiten hasten dira artaldetik aldenduz eta askotan, mendian galduz”.

“Ardiak ikaratzen direnean norabide barik korrika egiten hasten dira artaldetik aldenduz eta askotan, mendian galduz”

Arrazoi horregatik, Aitorrek bospa sei ardi galtzen ditu urtero egoera hauen ondorioz: “Iazko abenduan Galdakaoko aldetik zetozen mendizale birekin egin nuen topo. Txakur bat zegoen beraiekin. Kontuz ibiltzeko esan nien eta txakurrak ez zuela ezer egiten esan zidaten. Momentu batean, txakurra ardien atzetik joan zen korrika eta ardi guztiak mendian behera joan ziren ziztu bizian”.

Aitorren arabera mendira txakurrekin doan jende askok kontzientzia arazoa dauka: “Artaldeko animalia batzuk aurdun daude eta solte dauden txakur horiek sortzen dituzten ikarak estres izugarria eragiten diete. Eta animaliak amildegi batetik jausi eta bertan hil egiten ez badira estresak sortutako egoeragatik abortoak izaten dituzte. Abeltzainontzat galera oso handiak dira horiek”. Aurten hiru ardi hil egin zaizkio Aitorri. “Aurreko urteetan gehiago galdu izan ditugu”. Gainera, Aitorren esanetan, ardiak bezalako aberei ez zaie txakurrei besteko garrantzirik ematen: “Txakur bat galtzen denean jendea mobilizatu egiten da. Niri ardiak galtzen dizkidatenean, hor konpon!”.

Upoko malda handi batera heldu gara. Autoa gelditu, kotxetik jaitsi eta ardien bila irten da García. “Geldi hemen, ekarriko ditut segituan”. Eta 10 minututan ardiak kameraren aurrean daude, geldi-geldi, retratoa egiteko zain, aitorren euskal artzain txakurrek kustodiatuta. Arazoa betidanik existitu dela dio Zaratamokoak, “baina azken urteotan gero eta kasu gehiago ematen dira gure mendian, jendeak gero eta txakur gehiago dituelako etxean eta askotan, paseatzeko modu errazena horiek mendira solte eramatea da, neguan bereziki”.

Motozaleak ere mehatxu

Motokrosa praktikatzen duten motozale batzuk dira Aitorrentzat. Izatez, txakurrak lotuta eroan behar direla dioen kartel berean ibilgailuak pistetatik ibili behar direla ipintzen du. Motorren kasuan, kaltetuak ez dira mendiko animaliak bakarrik, mendia bera baizik: “Gero eta gehiago dira kanpotik (inguruetako herrietatik) datozen motozaleak eta menditik igaro beharrean gune jakin batean lotzen dira, gora eta behera, eta zorua izorratzen dute gurpilekin”.

Animalien jabe arduragabeak eta mendiko araudia errespetatzen ez dituzten motozaleek sortutako gaur egungo egoera ikusita, Upoko etorkizunaren inguruan galdetu diogu Aitorri: “Aurreikuspena ez da batere ona, egia esateko. Gu ez bagaude ez da beste inor geldituko mendian”, aitortu du begirada jaitsiz. “Gakoa kontzientzia sortzean dago, elkarbizitza posible baita”.

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

Meza, musika eta mokadutxoa prestatu dute Zaratamoko San Bizenti egunari begira

Urtarrilaren 25ean izango da San Bizenti eguna, Arkotxako elizan

|

San Bizenti eguneko irudia, 2020an // Geuria

Urtarrilaren 25ean San Bizenti eguna antolatuko du Zaratamoko Udalak Arkotxa auzoan.

Ekitaldia elizako arkupeetan antolatuko dute, urtero lez, eta 11:00etan hasiko dira mezarekin. Urte osoan zehar Arkotxako elizan egiten den meza bakarra da San Bizentikoa.

Ondoren, 12:00ak aldera musika eta mokadutxoa prestatuko dute leku berean. Udaletik herritar guztiek bertan parte hartzera gonbidatu dituzte.

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

Zaratamoko Upo Mendiko hiru bikotek hartuko dute parte Basauriko Gomazko Paleta Txapelketan

Lehen mailan Iker Curto eta Iagoba Argoitia ageri dira. Bigarren mailan Ibon Ayesta eta Jokin Manzano eta Ivan Hernandez eta Izai Mardaraz bikoteak daude

|

Jokin, Izai eta Ibon, Zaratamoko pilotalekuan // Geuria

Basauriko Gomazko Paleta Txapelketari ekin diote urtarrilean 29 bikotek. Bidebieta Pilota Taldeak antolatuta, aurtengoa 37. edizioa da.

Lehen eta bigarren mailako pilotariak neurtuko dira bikoteka txapelketan. Hego Uribetik Zaratamoko Upo Mendi klubeko pilotariak parte hartuko dute, baita klub hauetakoak ere: Hori Hori (Elorrio), Galipa (Zierbena), Markina, Gure Kirola (Barakaldo), Getxo, Hartzak (Leioa), Amurrio, Erdu Pilotan (Zornotza), Artza (Bermeo), Arteaga (Gautegiz-Arteaga), Alaitasuna (Bakio), Kurene (Sopela), Olarreta (Larrabetzu) eta Danak Bat (Mungia) klubetako pilotariak neurtuko dira txapelketan.

Upo Mendi Klubeko pilotariak honako hauek dira: lehen mailan Iker Curto eta Iagoba Argoitia. Bigarren mailan Ibon Ayesta eta Jokin Manzano eta Ivan Hernandez eta Izai Mardaraz bikoteak ageri dira. Iazko otsailean Upo mendi klubeko jokalariekin izan ginen, frontenisaren inguruan berba egiten. Elkarrizketa hemen bertan irakur dezakezu.

Upo Mendiko gazteak // Geuria

Bigarren mailako kategorian 19 bikote lehiatuko dira guztira, eta lehenengo mailan 10.

Txapelketa urtarrilaren 11n hasi zen eta martxoaren 29an izango dira finalak. Partida guztiak igande guztietan jokatuko dira, arratsaldetan, Artunduagako frontoian.

Txapelketa osoko partidu bakoitzean pilotaririk onenaren saria banatuko du Bidebieta Pilota Taldeak.

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

Martxoan iragarriko dute Zaratamoko Elexalde auzokoko Taberna Zaharraren esleipen berria

Gure Herria plataformatik gogor kritikatu du Udalak kontratuaren amaieraren berri iazko abenduan eman izanagatik, eta horrek “herritarrengan eragina izango duela” iragarri dute

|

Udaletxea, tabernako terrazatik // Geuria

Datorren urtarrilaren 20an amaituko da Elexaldeko Taberna Zaharraren kontratua eta hilabete honetan zehar pleguak onartuko dituzte Zaratamoko Udalean Elexaldeko Taberna Zaharraren kontzesioa lizitatzeko.

“Antzeko lizitazioa izango da argitaratuko duguna eta horretarako administrazio prozedura bete behar dugu”, izan dira Alberto Ugarriza Zaratamoko alkatearen berbak. “Taberna hutsitu eta libre utzi behar dute. Bitartean lizitazioa prestatuko dugu Udaletik”. Enpresek proposamenak helarazteko epea zabalduko dute eta proposamen irabazleari emango diote kontratu berriaren esleipena. “Ziurrenik otsailerako itxita egongo da prozesua”, gehitu du Zaratamoko alkateak.

Kritikak, oposiziotik

Gai honek zeresan handia eman du herritar batzuen artean, eta ika-mika sortu du herriko talde politikoen artean ere. Hori horrela, Gure Herria plataformak Udalaren jokaera kritikatu zuen abenduaren erdialdean zabaldutako ohar baten bidez. Bertan, “epeak behar bezala kudeatu ez izana” egotzi zioten udal gobernuari: “Gure Herria udal taldeak Zaratamoko Udalari ohartarazi zion Taberna Zaharraren kontratua amaitzen zela, lokalaren egungo errentariak alokairua ez luzatzeko interesa zuelako. Hori 2025eko urriaren 20an gertatu zen, eta lokala herriko tabernatik husteko egun batzuk falta direnean, alkateak ez du kontratu berri bat lizitatzeko prozedurarik martxan jarri”.

“Horrela, Zaratamoko bizilagunak udalerri txiki batean funtsezko zerbitzurik gabe geratzeaz gain, itxierarekin auzokideen arteko komunitatea sustatzeari uzten zaio. Gune historiko honetan ospakizun une asko partekatu dira, eta herriko kultura eta tradizioak islatzen dituzte, tokiko gastronomiaren ikuspegitik ere. Gainera, erabaki honen ondorioz bi lanpostu galtzen dira”.

Gainera, Gure Herria plataformatik gehitu dute Udal taldeak ere jakin badakiela, “larritasun handienekoa dela kontratua ez betetzea”, eta plataformatik azaldu dute horrela, herriko beste taberna eta lokal batzuekiko lehia desleiala finantzatzen dela, “herriko gainontzeko ostalariek zergak ordaintzen dituzten bitartean”.

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

‘Klaus’ filmaren proiekzioa eta Errege Magoen bisita izango dute Zaratamoko Arkotxa auzoko bizilagunek gaur

Hiru Errege Magoen bisitarekin batera txokolatada egingo dute herritar guztientzat Arkotxako frontoian

|

zaratamo arkotxa errege magoak 2018 0
Gaspar, umeekin, Arkotxako frontoian, 2018an // Geuria

Gaurko gaua, etxeko txikienek ondo baino hobeto dakitenez, magikoa izango da, Hiru Errege Magoen bisita espero dutelako.

Arkotxan egitarau berezia prestatu dute arratsaldean, herriko frontoian. Bertan, ‘Klaus’ filma proiektatu ostean iritsiko dira Hiru Errege Magoak eta ostean txokolatada antolatu dute herritar guztientzat.

Klaus filmari dagokionez, zinta Santa Klausen istorioaren ikuspegi alternatibo batean oinarrituta dago, Jesper izeneko postari baten esperientzien bitartez. Bere borondatearen aurka zirkulu polarreko uharte batera destinatutako postaria da, eta Klaus izeneko arotz misteriotsu baten lagun egiten da.

2019ko azaroaren 8an estreinatu zen zinema-aretoetan, eta urte bereko azaroaren 15etik dago eskuragarri mundu mailan Netflix plataforman. Klausek zazpi Annie sari irabazi ditu, horien artean animaziozko film onenarena, eta 2019ko animaziozko film onenaren Oscar sarirako izendatu zuten.

Egitaraua | Errege Magoen Gaua 2026

Urtarrilak 5, astelehena

17:00 ‘Klaus’ filmaren proiekzioa, Arkotxako frontoia
19:00 Hiru Errege Magoen bisita + txokolatada, Arkotxako frontoia

Osorik irakurri