Sareak

☉ Zaratamo

Luis Mari García: «Udan furgoneta hartu eta baserrietatik saltzen nuen garagardoa eta ardoa, antzina egin bezala»

Unibertsitatean Fisika-kimika ikasi bazuen ere, Luis Mari Sanzek jakintza zientifikoa ardogintzara aplikatzen du gaur egun. Bodegas Araneren jabea da, eta bertako ekoizle txikiekin egiten du lan Zaratamoko upategian.

|

Luis Mari Garcia Sanz, Bodegas Araneren jabea // Geuria

Luis Mari Garcia Sanzek (Bilbo, 1957) “deformazio profesionala” daukala dio. Zientzialaria ikasketaz, ardogintzaren munduan sartu zen familiaren negozioa mantentzeko, eta egun, Zaratamoko Bodegas Araneren jabea da. Laborategiko jakintzak ardogintzan aplikatzen ditu egunero, baina oraindik ere etxez etxe eta dendaz denda joaten da produktua eskaintzera. Garciak bertako ekoizle txikiekin lan egitea nolakoa den azaldu digu, dituzten erronkak zeintzuk diren, eta baita zailtasun horiek historikoki nondik datozen ere: Frantziarrek utzi eta inbertsoreek erositako Errioxako mahastiak, garagardoaren makro industria eta herbizidarik gabe hazten diren mahatsak izan ditu hizpide.

Nola sortu zen Bodegas Arane?
Arrigorriagan zegoen Bodeguilla-ko Luisen semea naiz ni, eta negozioarekin lagundu egiten nion. Baina 1983ko uriolek geneukan lokalari eragin zioten, eta orduan hasi genuen beste proiektu hau. Hasieran, Arrigorriagako lonja batean geunden, eta 1989an edo 1990ean etorri ginen Zaratamora, Bodegas Aranera. Orduan egiten genuena ardoa herriz herri banatzea zen (Arrankudiagan, Zeberion, Zaratamon). Eta horrela egiten nuen ikasten ari nintzen bitartean ere. Udan furgoneta hartu eta baserrietan saltzen nituen garagardoa eta ardoa, antzina egiten zen bezala.

Zuk aukeratuta baino beharrizanak bultzatu zintuen honekin hastera.
Bai. Nirea ez zen ardoaren mundua, baizik eta plastikoarena. Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU/UPV) Fisiko-kimika ikasi nuen, eta karrera bukatu nuenean, nire bidea bilatzen saiatu nintzen. Uriolak etorri zirenean, beste gauza batzuetan nenbilen lanean, eta aitak horrela esan zidan: “Ordaintzen dizutena hori izanda eta gurean behar zaitugula ikusita”. Azkenean, ez zen ideia txarra izan. Gogoan dut behin Pirinioetan nengoela, Nafarroan, aterpetxean Argentinako beste kimikari batekin topo egin nuela, eta hark esan zidan plastikoak guztiok akabatuko gintuela. Arrazoi zuen plastikoarekin. Ardoa, berriz, desberdina da, kulturaren parte da.

Fisiko-kimika ikasi ondoren eta plastikoari lotutako ikerkuntzan jardunda, nola aplikatu dituzu jakintza zientifiko horiek ardoaren munduan?
Hasieran, Arrigorriagan laborategi bat prestatu genuen, eta bertan, beste upategi batzuetako ardoen analisi kimikoa egiten genuen. Urte askotan zehar egin dugu hori; izan ere, negozioaz dugun ikuspegia “teknikoa” da, deformazio hori dugu prestakuntzaz, laborategitik gatozelako, produktuaren analisitik, eta ez enpresaren mundutik. Gainera, dugun lan egiteko modua ere tradizionala da: beti egin izan den bezala, kalera atera gara ikusi gaitzaten, eta etxez etxe saldu dugu. Ardoa dastatzearekin hasi ginenean ere, adibidez, ez ziguten “ikastaro” batean irakatsi: Gaztela Mantxara joaten ginen, 100.000 litro ardo erosi eta probatu ondoren, zapore hori zerk ematen zion jakiteko analisi kimikoa egiten genuen.

Lan egiteko modu tradizionala eta ardoaren kultura aipatu dituzu. Historikoki, Euskal Herrian badago ardo ekoizleen tradiziorik?
Historian atzera egiten duzun tartearen arabera. Arabako Errioxako upategiak XX. mendearen hasieran frantsesek Haro herrian utzi zituztenak dira. Filoxeraren [mahats-zorria] plagak Frantziako mahastiak suntsitu zituenean, hona etorri eta bertan landatzen zituzten landareak, gero trenetan sartu eta berriro Frantziara garraiatzeko. Ondoren, frantziarrak joan eta gero, hemen gelditu ziren mahastiak Bilbo, Donostia eta inguruko jende aberatsak erosi zituen, inbertsoreek. Hemen lurrari ez zaio inoiz garrantzirik eman.

Zuen upategian “ardo organikoa” banatzen duzue. Ekoizpen mota hori al da lurrari garrantzia emateko modua?
Besteak beste, ardogintzan ekoizpen intentsiboa ez erabiltzean oinarritzen da. Lurra badaukazu eta produktu fitosanitarioak eta ongarria botatzen badizkiozu, landarea landatu, medikamentuak erabili, saltzen dizuten elikagaiak bota, hazten denean batu, kendu, berriro jarri… Hori lurra ez errespetatzea da. Ardo organikoaren kasuan, berriz, desberdina da: ez duzu aldatu behar, mahastia lur horretara egokitzen saiatu behar zara.

Mahats bakoitza ingurunera egokitu ahal izateko, behaketa erabili behar duzu, jakintza eta zaintza. Hotzeria daukazunean bezala da: ahalegindu itxaroten eta medikamenturik ez hartzen, ea denborarekin hobetzen den. Landarearen kasuan, hasieratik produktuekin tratatzen baduzu, ohitu egiten da, eta azkenean, ez du izan behar duen zaporea sortzen. Eta hau ez da mahatsarekin soilik gertatzen: berdin da ardoa den edo garia den, produktuak guztiz ezberdinak baitira tratamenduen (edo tratamendurik ezaren) arabera.

Baina nola lortzen duzu “garbi” dagoen lurra, hasteko?
Denbora kontua da. Herbizidarik bota gabe, ongarri naturalak eta mineralak ez direnak erabiliz, tratamendu kimikoak kenduz. Gainera, lurra behatu eta ezagutu egin behar da. Adibide bat jartzearren, ez da gauza bera mahasti bat Jumillan, Murtzian, izatea edo Zaratamon egotea. Jumillan estalki begetala uzten baduzu (belarra haztea mahats landareen artean), mahatsak hil egingo dira, ez baitago ur nahikorik. Baina hemen, kontrakoa gertatzen da, estalki hori beharrezkoa baita, euri asko egiten duelako. Azkenean, lurra ona bada ere, jakin egin behar duzu nola zaindu: lasterketa zaldirik onena izan dezakezu, baina jockey-rik gabe ez duzu ezer lortuko.

Lurra errespetatuz lan egiten duen ardogileen adibiderik badaukazu?
Nafarroan bi ekoizle ditugu. Bata enologoa da eta besteak ere Ingeniaritza Agronomoa edo antzeko unibertsitate ikasketak dauzka. Biek ala biek Nafarroan barrena asko bidaiatu behar izaten zuten lanagatik, eta mahats asko ikusten zituzten bidean. Azkenean, ardogintzak atentzioa eman zien, eta horretara dedikatzea erabaki zuten. Egun, alokairuan dituzte hainbat lursail, guztiak mahasti zaharrak, landare horiez gain pikuak, gereziondoak eta abar dituztenak. Lurra lehen zegoen bezala utzi dute, hain zuzen.

Bi pertsona baino ez dituzu aipatu upategi horretan. Zuen ekoizleen % 80 upategi txikiak dira. Ardoaren munduan, zaila egingo zaie nabarmentasuna lortu eta etekinak izatea.
Ardogintzan aritzen garenok garagardoaren soberakinekin gelditzen gara, ostalaritzan gehien erabiltzen den produktua baita, eta zer esanik ez gazteen artean. Musika jaialdiak, adibidez, Heineken dira. Eta ez dago ardo enpresarik garagardo enpresek egin bezala BBK Live edo antzeko ekitaldirik babes dezakeenik. Agian, politika da. Ardoaren eta garagardoaren kontsumoaren eboluzioa ezohikoa izan da Espainia mailan.

Badago Jaengo Unibertsitateko doktoregai batek egindako tesi bat, garagardoak estatuan izan duen bilakaera aztertzen duena. Bertan, kontsumoaren garapen hori arrazoi kultural, ekonomiko eta politikoen ikuspuntutik azaltzen du. Frantzian, Portugalen eta Italian —ekoizleak diren herrialdeak eta antzeko klimatologiarekin—  ardoaren kontsumoa gora doan heinean (edo mantendu, jaitsiera oso txikiekin), estatuan beherantz doa, eta garagardoarena, berriz, gorantz, azken 50 urteetan.

1970etan, garagardoaren multinazionalak frankismo osteko hainbat figuraren laguntzarekin heldu ziren estatura. Adibidez, tesian El Águila garagardoaz jarduten du, Fraga Iribarne zuzendari izan zuen enpresa baita. Dirudienez, Fragak Franco hiltzeko zorian zegoenean sortu zuen enpresa hori, multinazionalek, diktadorearen egoeraz jabetuta, Espainian merkatu aberasgarria ikusi baitzuten. Garai hartan, ardoa landa eremuetan kontsumitzen zen, eta garagardoaren kontsumoa hirian ari zen hazten, eta modernitatearekin lotzen zen. Ardoa, berriz, jokoz kanpo gelditu zen. Hori da, behintzat, tesiak dioena.

Orduan, nola banatu daiteke ekoizle txikien ardoa?
Guk kalean egiten dugu lana. Hiru pertsona gaude erosleei bisita egin eta produktua eskaintzen diegunak. Adibidez, aipatutako Nafarroako ekoizle horiek 2.000 botila baino ez dituzte produzitzen, eta merkatuan duten presentzia oso txikia da. Baina badaude hori bilatzen duten erosleak. Guk hemen bilatzen ditugu, inguruan.

Horretarako badituzue “Ardogintza puntu” deitzen diezuen guneak ere.
Bai. Basaurin, esaterako, badaukagu puntu horietako bat. Gure ardoa bertan dago, probatu egin dezakezu, eta gustatzen bazaizu, erosi. Baina horretarako, dendako saltzaileak mugitu egin behar du, bestela jendeak ez baitu ezer erosten: ohikoak diren ardoak baino ez dira saltzen, jendeak ezagutzen dituenak eta beti berdinak. Uste dut, alde horretatik, probatzea beharrezkoa dela, beti produktu berarekin ez gelditzea; bestela, egunero garbantzuak jaten dituzula esatea bezalakoa izango litzateke, dilistak, espagetiak eta beste mila janari egon arren.

☉ Zaratamo

Upoko jaia ospatuko dute Zaratamon, uztailaren 21ean

|

Upo mendiko gailurra // Utzitakoa

Upoko jaira joan nahi duten herritarrek ez dute aitzakiarik izango, Udalak berak garraio zerbitzua antolatu baitu, goizeko 11:15etan eta 12:00etan, hain zuzen ere.

Behin bertan, eta tradizioari men eginez, hainbat ekintza antolatu dituzte, hurbiltzen diren guztien gozamenerako: trikitilariak, txozna, erromeria, umeentzako jolasak, eta meza (12:30ean).

 

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

Zaratamoko udal bulego berriek ateak zabaldu dituzte Arkotxan eta irailean hasiko dute zerbitzua

Udal bulego berriak aitzakia modura hartuta, Zaratamoko udal ordezkariek azken urteetan Arkotxan egindako inbertsioak ezagutzeko ibilbidea egin dute auzotik

|

Udal bulego berria eta Olaganeko oinezkoentzako pasabidea // Zaratamoko Udala

Zaratamoko Udalak bulego berriak inauguratu ditu Arkotxako 86. zenbakian administrazioko harrera zerbitzua, gizarte langilearen bulegoa, hezitzaile soziala eta bilerak egiteko gelekin. Bilerak egiteko gela anitzean, Pradera Hermanoseko enpresako beirate zaharra ere badago. Udalak 81.609 euro inbertitu ditu bulego berri hauen lanetarako.

“Irailetik aurrera hamabostean behin bertan egongo dira herritarrak eta eragile sozialak hartatzeko eta Egun zehatz batean goiz osoan egongo dira herritarrekin harreman zuzena izateko”, azaldu dute Zaratamoko Udaletik.

Inaugurazio egunean, ekainaren 19an, Arkotxan burutzen ari diren proiektuetatik ibilbidea egin zuten udal ordezkariek. Izan ere, Ibilbidea Osasun Kontsultategian hasi zuten. Bertan kokatuta egon dira orain bi urtera arte gizarte zerbitzuak osasun kontsultategiarekin batera eta udal ordezkariek nabarmendu dute zerbitzu biak bereizteko “ahalegin berezia” egin dutela.

Osakidetzak eskatuta, udalak Arkotxako eskola zaharren egoitza Osasun Kontsultategia izateko obrak hasi zituen 2020an eta horrekin batera egoera probestu zuen udal bulego berria egiteko Arkotxako 86 zenbakian. “Horrela eskola zaharretan osasun zerbitzuak egongo dira eta Arkotxa 86an zerbitzu sozialez gain, udalaren bulegoa, Arkotxako auzokideek udalarekin izan behar dituzten harreman guztiak auzoan bertan egin ahal izateko”.

Zaratamoko Udala: “Irailetik aurrera hamabostean behin bertan egongo dira herritarrak eta eragile sozialak hartatzeko eta Egun zehatz batean goiz osoan egongo dira herritarrekin harreman zuzena izateko”

Arkotxako kontsultategiko obrak martxan daude oraindik, GEURIAn duela egun batzuk iragarri lez, eta ondo bidean irailean inauguratuko dute. “Osasun kontsutategi eroso eta modernoa izango da, energetikoki efizientea. Uztailean hasiko dituzte azken faseko obrak: barruko kontsulten gelak, administrazioaren gela, almazena eta bilera gela. Urte amaierarako espero da obrak amaituta izatea”, azaldu dute udal ordezkariek. Guztira 351.044 euro bideratu dituzte proiektu honetara.

Kontsultategitik 2023an Olaganen inauguratutako pasabide berrira abiatu ziren. Udalak 220.792 euro bideratu ditu azpiegitura horretan: “Irisgarritasunean hobera egin badugu ere, badugu zer hobetu, batez ere, Santa Barbara auzoan. Eta auzotik Olaganerako pasabidera joateko dagoen irisgarritasun arazoari irtenbide arina eman behar zaiola ikusi dugu”, aitortu dute ordezkariek.

Olaganeko parkeko obrak bisitatu zituzten, bertan umeentzako parkea eraikiko dutelako. Tartean San Vicente Iragorri elizatik igaro dira. Udalak 32.993 euro bideratu ditu tenpluko Energia sistema aldatzeko: “Lehen gasoila erabiltzen zen eta orain gas naturala”. Elektrizitate sistema zaharkitua zegoen eta berriztu dute eta bestalde, eliza barruko zorua konpondu dute.

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

Zaratamoko Arkotxa auzoko udal bulegoa inauguratuko dute asteazkenan

Inaugurazio egunean ibilbide bat antolatu du Udalak Arkotxan martxan dauden proiektuak bisitatuz: Olaganeko pasabidea, irailean inaugururatuko dute kontsultorio berria eta eliza

|

Olaganeko pasabidea, iaz // Geuria

Ekainaren 19an Arkotxako udal bulegoa inauguratuko dute. 11:00etan ibilbide txiki bat antolatu du Zaratamoko Udalak bertan burutzen ari diren proiektuak bisitatuz: datorren irailean amaituko duten kontsultorioaren lanak, joan den urrian bukatutako Olaganeko pasabidea, eliza…

12:00etan Udal bulegoaren inaugurazio ekitaldiari hasiera emango diote eta luntx bat prestatu dute bertan.

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

Maria Guemes zaratamarra Euskadiko Irristaketa Txapelketan txapeldunorde izan da

Mariaren hurrengo helburua 2025eko otsaileko Euskadiko Txapelketan eta martxoko Espainiako txapelketan parte hartzea da, laukoteetan

|

Joan den ekainaren 1ean eta 2an Euskadiko Irristaketa Txapelketa antolatu zuten Bilboko La Casilla kirol pabilioian, eta Maria Guemes (Zaratamo, 2006) txapeldunordea izan da emakumezkoen Junior kategorian. Denbora gutxi falta izan zaio Zaratamokoari txapelduna izateko (eta beraz, Zaragozan antolatutako Espainiako txapelketan parte hartzeko aukera galdu du), baina Guemes, hala ere, poz pozik dago lortutako emaitzarekin. Garailea Leire Calvo izan da, Mariaren laguna eta irristaketa klubeko kidea gainera. Izan ere, harreman oso ona dute neska biek klubean eta baita klubetik kanpo.

Euskadiko txapelketa egiten dutenean kirol proba bi antolatu ohi dituzte: programa laburra (larunbatekoa) eta luzea (igandekoa). Larunbateko sailkapenean lehen postua eskuratu zuen Mariak eta puntu bateko tartea zeukan bigarren postuarekin. Baina igandeko proban aurkariak aurrea hartu eta, kontaketa orokorraren ostean, Maria bigarren izan zen.

Mariaren amak alabaren lehen urteak ekarri ditu gogora: “Arkotxan jarduera gutxi daude egiteko baina gaur egun klubeko entrenatzailea den Irune Monje Arrigorriagako irristalariak lehiaketa alde batera utzi eta haurrak entrenatzen hasi zen Zaratamoko auzoan”, azaldu du Laura Pajares Mariaren amak. Klase horiek emateko, lagun batek Arkotxa gomendatu zion eta Irunek eskaera egin zion Zaratamoko Udalari Hiru Aldapa izeneko patinaje kluba sortu eta Arkotxako frontoia entrenamenduetarako erabiltzeko.

Laura Pajares: “Denbora gutxi falta izan zaio Mariari Euskadiko txapelduna izateko”

Maria 8 urterekin hasi zen irristaketan Arkotxako frontoian eta Irune izan zen bere entrenatzailea. “Urteek aurrera egin ahala umeak, bakoitza bere konpromisoak zirela eta, alde egiten hasi ziren eta Arkotxako taldea 10 haurrekin lotu zen”, azaldu dio amak GEURIAri. Hori dela eta, entrenatzaileak Irrisbizi Bilbao izeneko irristaketa eskola zabaldu zuen Bilbon eta Maria Zaratamotik bertara joaten mantentzen den ikasle bakarra da gaur egun.

Ama eta alaba, Euskadiko txapelketa amaitutakoan // Utzitakoa

Zaratamotik kanpo

Urtean zehar Estatuko hainbat hiri bisitatzen ditu Mariak, txapelketaz txapelketa: Madril, Zaragoza, Valentzia, Murtzia… “Ikasketetan denbora emateaz gainera irristaketak leku askotara eramaten ditu eskolako haurrak”, dio Laurak. “Euskadiko Txapelketara heldu ahal izateko ordu mordoa eman dituzte patinak jantzita!”.

Aurten Espainiako txapelketak ihes egin badio ere, irristalariak jo eta su jarraituko du entrenatzen eta hurrengo urtean berriro saiatuko da garaipena lortzeko. Momentuz, hurrengo helburua 2025eko otsaileko Euskadiko Txapelketan eta martxoko Espainiako txapelketan parte hartzea da, baina oraingo honetan txapelketa ez da banakakoa izango, launaka baizik: “Taldean Maria eta Leire ageri dira, beste bi lagunekin batera, beraz, ezagunak denak”, azaldu du Laurak.

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

Mikel Atxa zaratamarrak Euskadiko Urpeko Arrantza Txapelketa irabazi du 23 urtetik beherakoetan

Zaratamarraren hurrengo helburua Cadiz da, bertan jokatuko baitu Espainiako Txapelketa

|

Mikel Atxa, Gipuzkoan egindako Euskadiko Txapelketan // Utzitakoa

Mikel Atxak (Zaratamo, 2003) joan den ekainaren 8an Pasaian (Gipuzkoa) jokatutako Euskadiko Ur azpiko Arrantza Txapelketa irabazi du Sub23 kategorian: “Poz-pozik nago joan den asteburuan Euskadiko Ur azpiko Arrantza Txapelketa irabazteagatik”, azaldu du Zaratamokoak.

Arrantza gunea Pasaiatik Turulla lurmuturrerainokoa izan zen, Jaizkibeletik igaroz. Guztira 14 lehiakidek hartu zuten parte txapelketan 09:00etatik 12:00ak arte. “Momentura arte ez diot behar besteko garrantzirik eman arrantzari baina Euskadiko Txapelketa gogotsu prestatu dut”, azaldu dio GEURIAri Zaratamokoak.

Mikelek aitortu du lehiaketa honetan parte hartu baino lehen “urduri” zegoela: “Aurreko aste ia osoa lo egin barik igaro nuen”. Kirol probaren hasieratik ondo ikusi zuen bere burua eta amaierarako bazekien irabazteko aukera handia zuela: “Lehiaketako lehen orduan arrain ugari arrantzatu nituen: lau korrokoi, alpaka bi, muturdun muxar handi bat, muxar handi arrunt bat, … gero arrantzaleak bertatik igaro eta han zeuden arrainak uxatu zituzten”, izan dira Atxaren berbak. “Harrapatu beharreko korrokoien kopurua lortu nuen”.

Mikel Atxa: “Momentura arte ez diot behar besteko garrantzirik eman arrantzari baina Euskadiko Txapelketa gogotsu prestatu dut”

Portura heltzean arrainen pisatze lanak egin zituzten eta Atxa Txapelketako irabazle izendatu zuten: “Eta ez hori bakarrik, zozketa bat egin zuten ekitaldiaren amaieran eta fusil bat tokatu zitzaidan!”, azaldu du poz-pozik.

Mikel Atxa, txapelketaren amaieran // Utzitakoa

Hurrengo helmuga: Cadiz

Hurrengo helmuga udan jokatuko den Espainiako Txapelketa da Mikelentzat. Hitzordua Cadizen izango da, uztailaren 6an eta GEURIAri azaldu lez, gazteak bertan “ezer lortzeko” aukera izango duela uste du.

Mikel Atxak, urpeko arrantzaz gainera mendiko motorrak gustuko ditu eta horen haritik elkarrizketa egin genion GEURIAn, iazko irailean.

Mikel Atxa, motorrarekin, Zaratamon // Geuria

Osorik irakurri