☉ Zaratamo
Nagore Barrena: «Inteligentzia artifizialaren diseinuan eta erabileran aldagai etikoa kontutan hartu behar da»
Bere jardunean informatika eta zientzia uztartzen ditu irakasle eta ikertzaile zaratamarrak, eta inteligentzia artifizialean ere aditua da
19 urterekin Zaratamo utzi eta Donostiara ikastera joan zen Nagore Barrena (1983). Ordutik hona, bere ibilbidea EHUko Informatika Fakultatearekin lotuta dago, bertan irakasle eta ikerlari moduan ari baita, Ingeniaritza Informatikoa zein Adimen Artifizialeko graduetan, eta baita “Hizkuntza Azterketa zein Prozesamendua” masterrean ere. Zaratamon hezi eta hazi izana “pribilegio” moduan definitzen du, herri txiki bat izanik “askatasun erabatekoan” bizi zirelako, baina Nagore helduaren tokia Donostian dagoela argi dauka, gustatzen zaiona jorratzeko aukera eman diolako, “bai profesionalki, bai pertsonalki eta bai sozialki ere”.
Azken aldian bolo-bolo dabil inteligentzia artifizialari buruzko eztabaida.
Edozein aurrerapen, berrikuntza edo asmakizun bezala, dagoeneko existitzen da, hortaz, geratzeko heldu da. Gakoa erabilpenean eta honen kudeaketa egokian dago.Adimen artifiziala dagoeneko gure artean bizi izan da aspalditik; produktuen gomendioa, itzultzaile automatikoak, objektuen errekonozimendua, eta abar. Baina azkenaldian bolo-bolo dabilen gaia da, batik bat ChatGPT-ek hartu duen ospeagatik.
Oso era azkarrean eta, hala espero dut, dibulgatiboan azaltzeko asmoz: ikasketa automatikoko tekniken artean neurona-sareak daude. Hauek gizakiaren garuneko sareen funtzionatzeko eran inspiratzen dira. Sare hauek ikasteko garaian lortzen duten eraginkortasuna datuen multzoaren menpe dago hein handi batean. Gero eta datu gehiago, orduan eta entrenamendu (ikasteko) prozesu hobeak lortzeko gaitasuna.
Adimen artifizialak izan dezakeen garapenari dagokionez, egia esan, zaila da esatea edo aurreikustea. Egia da azkar eboluzionatzen ari den eremua dela. Ez dakit noraino heltzeko gai izango den. Historikoki eragiketa edo akzioa fisikoekin lotu izan dugu makinen automatizazioa: torlojua jarri eta kendu, fabriketako makinetatik gauzak garraiatu, eta abar.
Eta orain, ikusi izan duguna da, “intelektoarekin” lotu izan ditugun gauzak egiteko/ikasteko gaitasuna hartzen ari dela: elkarrizketa bat jarraitu, poema bat idatzi, irudi bat sortu, musika, marrazki bat, eta abar. Horrek harritu egin gaitu, eta beldurtum aldi berean. Eta beldurra sentsazionalismoaren elikagai nagusia da.
Adimen artifizialeko sistema bat, ikaragarri eraginkorra eta zehatza izan daiteke ataza konkretu bat egitean, gizakia baino hobea gainera. Baina ataza hori egiteko gai da, besterik ez. Guk, gizakiok ordea, marrazki bat egin, altxatu eta kafe bat prestatzen dugu, lagunekin solasaldi bat izaten dugu, idatzi egiten dugu geroago, eta abar.
Hortaz, aprobetxatu dezagun benetan gure onurarentzat, gauza on asko ekarri ditzake eta. Adibide aplikatu batzuk aipatzearren: melanomak zehaztasunez detektatzen dituzten sistemak, proteinen tolestea iragartzen duten sistemak (funtsezkoa da biologoentzat toleste honen informazioa izatea eta laborategi batean egunak beharko lirateke teknika hauen bitartez minututan lortzen denean).
Baina, noski, berriz ere, honek, beste denak bezalaxe, kalteak ekar ditzake, eta kalte horiek gutxienekoak izan daitezen kudeaketa egokia egin beharra dugu gizarte mailan. Adibidez, desberdintasun sozialak areagotu ditzake teknologian trebakuntza egokia dutenen eta ez dutenen artean.
Sistema hauek behar izaten dituzten datuen bilketak eta analisiak pribatutasunari buruzko kezkak sor ditzake. Sistema hauen diseinuan eta erabileran etika falta izateak ohar etiko edo moralak kontuan hartzen ez dituzten erabaki automatizatuak ekar ditzake.
Teknologia eta etika, gai konplexua.
Bai. Behin, Itziar Lakari entzun nion askotan erabili dudan esaldia: Suaren aurkikuntza gizakiarentzat ezinbestekoa izan da, baina sua, berez, kalte larriak sortzen dituen elementua ere bada.
Egin hausnarketa edo ariketa zintzoa eta pentsatu zer nolakoa izango zen mundua informatikaren inongo aurrerakuntzarik gabe. Demagun medikuntza gaur egun, eta irudikatu zure burua ospitale batean: hasi pentsatzen zenbat makina eta teknologia dagoen hor zure mesederako, TAC-a, erradiografiak, ekografiak, ordenagailuak noski, telefonoa bera eta abar luze bat.
Eta horietako zenbatek ematen duten dagoeneko informazio automatizatua eta oso baliotsua: 3D irudia bera lortzea, tumoreen tamaina antzematea, ekografien kasuan umearen irudiaren berregitea bera, bere tamaina, irudi mikroskopikoen aztertzea, baita akzio sinpleagoak ere; mezuak eta dokumentuak partekatzea medikuen artean, ospitalearen eta erabiltzailearen arteko komunikazioa, beste ospitale batzuetako ikerketa-lanetarako sarbidea, beste kasu batzuen ikasketa, eta abar luze bat.
Oso arlo maskulinizatua izan da informatika eta zientziarena. Nabaritu izan duzu matxismo edo diskriminaziorik?
Tristea bada ere, seguru nago emakumeok, denok, bizi izan dugula hein handi batean horrelako egoeraren bat. Badaude guztiz nabarmenak diren egoerak, eta beste batzuk ez hain agerikoak.
Nabarmenetakoen artean, tamalez oso ohikoa den batekin gogoratzen naiz: laneko elkarrizketa baten umerik banuen edo ez galdetu zidaten egunean. Oso era lasaian eta “rollo” onean galdetu zidan, elkarrizketaren parte izan ez balitz bezala, modu enpatiko batean nire bizitzari buruz interesa erakusten ari balitz bezala.
Kafe bat hartzen eta elkar ezagutzen ari diren bi pertsonen arteko solasaldia balitz bezala, alegia. Momentuan, ezustean harrapatzen zaitu, baina segituan hasten zara pentsatzen: zergatik galdetu dit hau? Eta okerragoa dena: nolatan utzi diot galdera hori egiten? Jakin-mina sortuko lioke datu horrek gizonezkoa banintz? Hain nabarmenak ez diren horien artean, baina gure egunerokotasunaren parte direnak ere badaude.
Gure lanbidean (eta seguru asko gehienetan) oso presente dago, adibidez, iruzurgilearen sindromea deritzona. Oso lotuta dago, norberaren lorpenen onarpenarekin. Aipatutako sindromea lau emakumetatik hiruk pairatzen dute beren karrera profesionaleko uneren batean. Antza, emakumeotan lorpenen “handitasuna” barneratzea kostatu egiten da, askotan gutxietsi egiten ditugularik. Lorpen handiak ez daude emakumeoi lotuta, gizonezkoei baizik. Hori ikusten dugu era ez zuzen batean (edo guztiz zuzenean) txikitatik.
Matxismoaren eragin ez hain nabarmen horietako baten emaitza da ere gure fakultatean ikusten duguna: Ingeniaritza Informatikoa ez da itxuraz erakargarria emakumezkoentzat. Matrikula datuek diote gizonezkoak urtero gailentzen direla nabarmen. Aldiz, eta zorionez, Adimen Artifizialeko graduan gauzak parekatuagoak daude. “Ingeniaritza” hitz horrek emakumezkoak urrundu egiten ditu.
Fenomeno hau ez da Informatikan bakarrik ematen, beste gradu batzuetan ere bai. Ohituraz gizonezkoekin lotu izan ditugun arloak dira. Baina zergatik egin izan dugu lotura hori? Berriz ere, hain nabarmena ez den baina presente dagoen matxismo horrek, txikitatik gizonezkoak lider, arrakastatsu eta eredu izaten erakusten dizkigutelako arlo horietan. Emakumezkoen erreferentziarik gabe.
Hain justu ere, hori ekidin nahian, eta ohitura/tendentzia hori puskatu nahian, besteak beste, Emakumeak Zientzian egitasmoa sortu zen: gure gaur egungo neskatilak (baita mutilak ere) zientzia nesken kontua ere badela ohar daitezen, eta zientzian dihardugun emakumeon lana islatzeko aukera izan dezagun. Informatika Fakultateko emakumeok ere egitasmo horren parte gara.
Umeek eta nerabeek mugikorrarekin duten harremana ere zeresana ematen ari da.
Mugikorraren erabilpenak onurak ekarri dizkigu, noski, baina neurrian erabili behar da. Eta horri aurre egiteko, heldutasun bat behar duzu, 12 urterekin ez duzuna. Heldutasun eta hausnarketa hori gabe, erraz erortzen zara jokabide desegokietan, eta horrek zure lagunen artean eta gizartean komunikatzeko eta jokatzeko duzun bidea marraztu dezake. Hala eta guztiz ere, helduok eredu izan beharko genuke, eta gu mugikorrari kateatuta bizi gara, beraz, zer eskatzen diegu nerabeei?
☉ Zaratamo
Emakumeentzako mendi orientazioa eta Twerk ikastaro feministak eskainiko ditu Zaratamok
Lehen aldia da Udalak emakumeei zuzendutako ikastaro bi hauek antolatzen dituela udalerrian. Izena emateko epeak irailaren 9an zabalduko dituzte
Zaratamoko Udalak ikasturte berriko kirol jardueretan parte hartzeko epea zabalduko du irailaren 9tik 20ra. Horien artean Emakumeentzako Mendi Orientazioa eta Boterea, Ahizpatasuna eta Twerk-a izeneko ikastaroak abiaraziko ditu Berdintasun Batzordeak.
Patri Espinar usansolotarrak Mendi Orientazioa Emakumeentzat izeneko ikastaroa eskainiko du irailaren 13an, 14an, 21ean eta 22an. Irailaren 13an klase teorikoa emango du Zaratamoko eskola zaharrean 17:00etatik 20:30ak arte. Hilaren 14an, 21ean eta 22an saio praktikoak prestatu dituzte 09:30etik 13:30ak arte. Izena emateko 944 566 000 telefono zenbakira deitu beharko dute interesdunek.
Boterea, ahizpatasuna eta Twerk-a izeneko saioak irailaren 21ean eta 28an antolatu dituzte Elexaldeko kultur etxean, 10:00etatik 13:00ak arte, Ines Lasagabasterren eskutik. Izena emateko ere 944 566 000 telefono zenbakira deitu beharko dute interesdunek 08:30etik 14:30ak arte.
Aipatutako ikastaroez gainera, Zaratamoko Udalak urtero antolatzen dituen kirol jarduerak iragarri ditu: Zumba, ibilbide osasungarriak, Pilates, Yoga, dantza latinoak, Total Fitness, Entrenamendu funtzionala eta arte eszenikoak (zirkua), besteak beste. Informazio guztia Zaratamoko Udalaren webgunean topa dezakezu. Udalak 946 710 052 telefono zenbakia ahalbidetu du kirol jardueren inguruko informazio gehiago jaso nahi duten herritarrentzat.
☉ Zaratamo
Arkotxa eta Elexalde auzoak lotuko dituen Bizkaibus linea ipini gura du Zaratamok
Foru Aldundiko ordezkariak Zaratamora gerturatu dira gaur bertan, Arkotxa eta Elexaldeko auzotarrek bizi duten egoera ezagutzeko
Gaur egun ez dago Zaratamoko Arkotxa eta Elexalde auzoak konektatzen dituen garraiobide eskaintzarik eta hori, Zaratamoko udal ordezkarien arabera, “arazo handia da”.
Hori dela eta, gaur goizean Sonia Perez Ezquerra Garraioak, mugikortasuna eta turismoa sustatzeko saileko foru diputatuarekin bildu da Alberto Ugarriza Zaratamoko alkatea: “Gaurko hitzorduaren helburu nagusia Zaratamon ditugun garraio publikoaren arazoak aztertzea izan da”, argitu du herriko alkateak. “Gaur egun ez dago garraio publiko zerbitzurik Arkotxa eta Elexalde auzoak konektatzeko”.
Sonia Perezen lehen aldia izan da Zaratamon eta Elexaldetik Arkotxara doan Bi-3701 errepidea aztertu dute, Bizkaibuseko hurrengo lizitazioan Zaratamoko autobus linea berriro definitzeko.
Alberto Ugarriza: “Gaur egun ez dago garraio publiko zerbitzurik Arkotxa eta Elexalde auzoak konektatzeko”
Gaur egun Bizkaibuseko linea bakarra dago Zaratamon: A3622a (Zaratamo, San Migel, Artunduaga, Basauri, Bilbo). Beste hitz batzuetan, Zaratamora iristen den autobus linea Elexaldera iristen da; Arkotxako auzotarrek, Bilbora joateko, Galdakaotik igarotzen diren autobus lineak erabili behar dituzte, baina berez ez dago auzo biak konektatzen dituen autobus linearik.
Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkariek GEURIAri azaldu lez, baldintza-agirien berriztatze prozesuan murgilduta daude: “Prozesu konplexua da eta denbora emango du”, aurreratu diote hedabideari. “Egun hauetan udalerri guztien eskaera zehatzak atenditzen ari gara. Horiek guztiak tratatzeko prozesu parte-hartzaile bat ipiniko dugu martxan Bizkaibuseko baldintza-agiri berrietan txertatzeko”.
Goizean zehar, Ugarrizak Elexalde eta Arkotxa auzoek bizi dute egoera azaldu die ordezkariei eta horiek “kontuan izango dituztela” azpimarratu dute. Izan ere, Foru Aldundikoek ohartarazi dute hilabete amaieran Garraio eta Mugikortasun Sailak dekretu batzuk kaleratuko dituztela: “Horien arabera, Bizkaiko udalerri jakin batzuei beren mugikortasun planak egiteko aukera emango zaie. Udalerri horiek Foru Aldundiak emandako diru-laguntza baten baliatuz mugikortasun plan bat idatzi ahalko dute, Zaratamo bezalako herriek dituzten mugikortasun beharra detektatu eta horiei irtenbidea emateko proposamenak egiteko”.
Sistema radialetik zirkularrera
Gaur egungo autobus linea gehienak radialak dira. Hau da, bidaiariak herrietatik edo inguruetatik hiriguneetara garraiatzen dituzte: “Zeharkako lineak edo linea zirkularrak ez dira ikusten gaur egun”, azaldu du Ugarrizak.
Garraio diputatuak Zaratamoko Udalaren proposamenari argi berdea emanez gero, Foru Aldundiak berak diseinatu beharko luke linea berriaren ibilbidea eta aurten zerbitzu berriak lizitatzeko epeak zabaldu behar dituzte: “Lizitazio berrian, baldintza-agiri teknikoetan sartu beharko lirateke proposamen horiek”, gogoratu du.
Hori dela eta, eta Zaratamoko alkateak azaldu lez, eman beharreko hurrengo urratsa proposamena iraileko osoko bilkuran onartu eta eskaera Foru Aldundira bidali beharko litzateke, onarpena jasotzeko. “Prozesua martxan jartzekotan Bizkaibuseko hurrengo lizitazioan izango litzateke”.
Autobusak Bi-3701tik
Elexalde eta Arkotxa auzoak konektatzen dituen Bi-3701 errepideak ez ditu dimentsio handiak: norabide bi eta bazterbide oso estua daukan errepidea da eta bertatik igarotzeko orduan arazoak izan ditzakete tamaina handiko ibilgailuek: “Errepide horretatik autobus handiak igaro dira, baina autobus linea berri bat ezartzeko beste mota bateko autobusak igaro beharko lirateke”.
Zaratamon egon diren Foru Aldundiko ordezkariak gehitu dute auzo biak autobus linea baten bidez konektatzekotan bidaiarien beharrak ikertu beharko liratekeela, eta horren arabera ibilgailu mota erabakiko litzatekeela: “Agian tamaina handiko autobusak ez lirateke egokienak eta ibilgailu berriekin konpontzeko aukera legoke”, azaldu dute.
Auzo bien arteko autobus linea horrek herritarrei “onura asko” ekarriko lizkiekeela azaldu du Alberto Ugarrizak: “Auzo batetik bestera joateko beharra duten herritarrek edo autorik ez duten auzotarrei on egingo lioke linea berriak”.
Gainera, linea berri horrek Galdakaorekin lotuko luke Zaratamoko erdigunea: “Eta ez hori bakarrik; Arrigorriaga eta Galdakao Basauriren bidez daude konektatuta gaur egun. Linea berri honek konexio berri bat ahalbidetuko luke eskualdeko herrien artean”.
☉ Zaratamo
Programa / Zaratamoko jaiak 2024
Abuztuaren 8an hasiera emango diote Zaratamon San Lorentzo jaiei eta hilaren 11era arte luzatuko dira. Sardinada, elektrotxaranga, pilota partiduak eta kuadrilen arteko olinpiadak antolatu dituzte, besteak beste.
Egitaraua / Zaratamoko jaiak 2024
Abuztuak 8, osteguna
17:30 Torontile: jaietako zapiak egiteko serigrafia tailerra
18:30 Txupinazoa
19:00 Orkresta Elektrotxaranga
19:00 Sardinada Zugastin
21:30 Gazte kontzertuak: Alarma Morea, Striknina, Golden Boys
2:00 Txosna Party
Abuztuak 9, ostirala
14:30 Marmitako eta tortilla lehiaketen sari banaketa
15:00 Herri Bazkaria
16:15Bingo Musikatua
17:00 Mus eta briska txapelketa
18:00 Zezen mekanikoa
19:30 Kuadrilen arteko olinpiadak
21:30 Kontzertuak: Ealain, Katilu, Muxutruk erromeria
3:00 Txosna Party
Abuztuak 10, larunbata
11:00 Meza nagusia
12:00 Buruhandiak
12:00 Umeentzako antzinako jokoak eta igel txapelketa
13:00 Herri Kirolak
18:00 Pelota Partiduak
18:00 Umeentzako egurrezko jolasak eta ipuin kontalaria
22:00 Kontzertuak: La Basu, Bengo, Beranduegi Erromeria
3:30 Txosna Party
Abuztuak 11, igandea
11:00 Arimen Meza
11:30 Bitsaren festa, ur puzgarriak eta buruhandiak
12:00 Nagusientzako luntxa
15:00Herri bazkaria
17:00 Kontzertua: Riki
19:00 Aiko
21:30 Bingo Musikatua
☉ Zaratamo
“Kolonietako katua naiz” bilera informatiboa antolatu dute Zaratamon
Onurak nabariak dira: ez dute beste kumerik izango, eragozpenak saihestuko dituzte, eta kaleak garbi mantentzen lagunduko dute
H.I.E (Hartu-Esterilizatu-Itzuli) metodoak katuen koloniak kontrolatzea du helburu, eta bere kideen osasuna zaintzea; aterpea emanez, behar izanez gero modu arduratsuan eta osasungarrian elikatuz, eta bide batez ugalketa kontrolatuz, hilkortasun-tasa handia daukaten katakumeak jaiotzea ekidinez.
Zaratamo bezalako landa eremu batean, gainera, garrantzitsua da kale katuen koloniak ezagutzea eta kontrolatzea. Hori horrela bilera informatiboa antolatu dute uztailaren 17an, 18:00etan Elexaldeko Kultur Etxean.
Antolatzaileek azaldu dutenaren arabera, onurak nabariak dira: ez dute beste kumerik izango, eragozpenak saihestuko dituzte, hala nola zaratak, borrokak edo usainak, eta kaleak garbi mantentzen lagunduko dute, saguak, sugeak eta intsektuak kanpoan utziz.
☉ Zaratamo
Upoko jaia ospatuko dute Zaratamon, uztailaren 21ean
Upoko jaira joan nahi duten herritarrek ez dute aitzakiarik izango, Udalak berak garraio zerbitzua antolatu baitu, goizeko 11:15etan eta 12:00etan, hain zuzen ere.
Behin bertan, eta tradizioari men eginez, hainbat ekintza antolatu dituzte, hurbiltzen diren guztien gozamenerako: trikitilariak, txozna, erromeria, umeentzako jolasak, eta meza (12:30ean).