Sareak
[the_ad_group id="3890"]

Elkarrizketak

Alain Bravo Del Hoyo:«Zapatilak jantzi eta guztiz deskonektatzeko pribilegioa ematen dit mendian korrika egiteak»

Mendiarekiko maitasuna txikitatik bizi izan du Ariltza auzoko zeberioztarrak eta ez berak bakarrik; familia osoak zaletasun bera konpartitzen du berarekin

|

Mendia ihesbidea eta askatasunaren sinonimoa da Alain Bravo del Hoyorentzat (Zeberio, 1984). Mendiarekiko maitasuna txikitatik bizi izan du Ariltza auzoko zeberioztarrak eta ez berak bakarrik; familia osoak zaletasun bera konpartitzen du berarekin. Azken hitzordua Zeberio Harana Mendi Martxa izan zen Bravorentzat eta mendi lasterketa izan ez bazen ere hasieratik amaiera arte gozatu zuen 2.500 metroko desnibela izan zuen 43 kilometroko ibilbidea. Trail runningak Zeberioko orografiak eskaintzen duen paradisuan elkartu gaitu korrikalariarekin eta bere zaletasunaren inguruan mintzatu gara.

Nolako esperientzia izan da zuretzat Zeberio Harana Mendi Martxan parte hartzea eta nola egin zenuen?
Martxa izan zen berez, baina nik korrika egin nuen. Esperientzia oso polita bizi izan dut, eta egia esateko, lehen aldia izan da niretzat: azken batean, data hauetan beti kanpoan egon ohi naiz, mendian, eskalada, martxa… edo dena delakoa egiten. Aurten, aldiz, Zeberion izan gara apirilaren amaieran eta neska-laguna antolakuntzako lanetan ibili da. Beraz, entrenamendu modura hartu dut Zeberion bizitako esperientzia.

Hainbat modalitate izan ziren. Zeinetan hartu zenuen parte zehazki?
Hiru modalitate egon ziren: txikientzakoa, ertaina eta helduentzakoa. Nik helduena aukeratu nuen eta 43 kilometroko distantzia eta 2.500 metroko desnibelekoa egin nuen. Proba benetan gogorra izan zen (barreak).

Kilometro mordoa dira eta desnibela benetan deigarria. Nondik datorkizu martxa edo korrika egiteko ohitura hau, Alain?
Txikitatik. Oso gaztetatik mendian ibiltzea asko gustatzen zitzaidan. Urteak igarota korrika egiten hasi nintzen eta “aspertu” nintzenean, mendian ibiltzeko ohitura alde batera utzi barik enduro txirrindularitzari ekin nion mendi-jaitsiera egiteko. Azken urteetan korrika egiteko ohiturari heldu diot berriro inoiz baino gogorrago (barreak).

Zer dela eta? Zer ematen dizu korrika egiteak beste edozein kirolek eskaintzen ez dizuna?
Askatasuna. Korrika egiteak niretzako bakarrik den momentua eskaintzen dit. Zapatilak jantzi eta guztiz deskonektatzeko pribilegioa ematen dit. Korrika egiten dudan bitartean neure buruarekin berba egiten dut eta zortzi edo hamabi ordu eman ditzaket beste ezertan pentsatu barik. Nire momentua da.

Nolakoak dira entrenamendu saioak? Zenbatean behin egiten duzu korrika?
Normalean eguaztenetan irteten naiz korrika egitera lagun batekin, eta ahal dudanean eguenetan ere bai. Beste batzuetan, barikuetan egiten dut korrika, Gasteizen, bertan egiten dudalako lan. Hala ere,kontziliazio familiarrak uzten didanean irteten naiz korrika egitera normalean.

Zaila da lana eta kirola familiaren zaintzarekin bateratzea?
Normalean hala izaten da, baina nire kasuan familia osoak mendira joatea maite du. Neska-lagunak txirrindularitza, eskalada eta runninga praktikatzen ditu. Ume bi dauzkagu, mendian kirola egitera ohituta daude eta dena bateratzeko aukera daukagu normalean.

Non egiten dituzue entrenamendu saioak?
Hemen, Zeberion. Hemen mendia dago eta pista ugari topa daitezke korrika egiteko. Gainera, bertatik gertu Gorbeia daukagu eta leku zoragarriak topa daitezke trail running bezalako kirolak praktikatzeko.

Nolako jarrera azaltzen du Zeberioko Udalak Zeberio Harana Mendi Martxa bezalako jarduerak antolatzeko orduan?
Udalak era honetako jarduerak sustatzen ditu. Hala ere, beti egin daiteke gehiago runninga bezalako kirolak bultzatzeko. Kontua izan behar da runninga lau katuk praktikatzen dugula Zeberion eta ez legoke batere gaizki pista gehiago zabaltzea eta gaur egungo bideak mantentzea

Zeberioko martxaz gainera, bestelako mendi lasterketetan parte hartu al duzu?
Joan den urtarrilean Arrigorriagako Ausartak Mendi Lasterketan hartu nuen parte, Lemoako Lemoatxan, Mungiako Lau Haizetara Trailen, Bediako Kolazinoko Mendi Egunean… eta urrunagoko lasterketetan ere hartu dut parte: Teruelen, Pirinioetako lasterketetan… Lasterketa bakoitza erronka bat da niretzat.

Nolako runnerra zara zu? Teknologia berriak eta sare sozialetan erronkak elkarbanatzea maite dituen horietakoa edo betidaniko korrikalaria?
40 urte ditut eta Instagram kontua duela aste bi zabaldu nuen, nire teknologien ezagutza mailaren ideia bat egin dezazun (barreak). 

Zergatik orain?
Lasterketen berri izateko, bereziki. Gaur egun telefonoa eta sare sozialetan kontua zabaltzea ia derrigorrezkoa da kirol probetan izena eman ahal izateko. Kirolari moduan ere eskola zaharreko korrikalaria naiz. Arropa “ona” janzten dut kirola egiteko baina entrenamenduetako zein lasterketetako erritmoa neurtzeko ez dut gailu berezirik erabiltzen. Zapatilak jantzi, eta etxetik irteten naiz erlojuari jaramonik egin barik. Korrika egitera noanean helburu bakarra dut: kirolaz gozatzea.

Eta zuk erabili ez arren, uste duzu pultsometroak zein Strava bezalako aplikazioak erabilgarriak direla kirolarientzat?
Bai, noski. Profesionalentzat edo teknologiaren maitaleentzat oso erabilgarria da erabiltzaile baten tracka erlojura deskargatu eta bere ibilbidearekin entrenamenduak antolatzea.

☉ Usansolo

Jon Azkueta Castro: «Irakurle gazteak hurbilago sentitu ditut betidanik, Wattpad eta sare sozialei esker»

Jon Azkueta idazle usansolotarrak bere hirugarren liburua publikatuko du irailaren 18an: ‘El último amanecer de agosto’. Hilaren 20an aurkezpena egingo du Bilbon, baina aurretik berarekin batu gara bere ibilbideaz berba egiteko

|

Jon Azkueta Castro // Geuria

Txikitatik sortu ditu istorioak Jon Azkueta Castro (Usansolo, 1998) usansolotarrak, eta horrek eraman du idazle izatera. Wattpad plataforman hasi zen bere istorioak publikatzen eta 2022an Planeta Editorialak fitxatu zuen: orduan publikatu zuen bere lehen liburua, 69 segundos para conquistarte (Planeta, Crossbooks, 2022). Urtebeteren ondoren, Huyendo del vicio (Planeta, Crossbook, 2023) argitaratu zuen, eta aurten El último amanecer de agosto (Planeta, Crossbook, 2024).

Irailaren 18an kaleratuko du liburua eta hilaren 20an 19:00etan aurkezpena egingo du Bilboko Campus liburu-dendan (San Mames Zumarkalea, 40); liburuak sinatuko ditu bertan. Bere azken eleberria Usansolon oinarrituta dago eta bertan batu gara berarekin liburuaz eta bere ibilbideaz hitz egiteko.

Irailaren 18an liburu berria kaleratuko duzu, Jon: ‘El último amanecer de agosto’. Bai, hala da. Eleberri hau misterioz eta amodioz betea dago. Elena da protagonista nagusia, eta bere aitonaren familia berriarekiko gorrotoa sentitzen du. Bere aitona hiltzean, denek elkarrekin bizi beharko dute jauregi handi batean: Elena, Elenaren lagunak eta Ibarra anaiak. Egunak aurrera joan ahala, harremanak estutuko dira eta umorea eta maitasuna guztiz areagotuko dira. Hala ere, iragan ilun baten itzala nabarituko da eta sentimenduak erabat nahastuko dira.

Sinopsia irakurrita, familia aberats eta xume biren arteko harremanak hautematen dira liburu berrian. Hori da liburuaren abiapuntua? Ez nuke esango abiapuntua denik, baina egia da kontraste horren mamia erabili dudala istorioan zehar hainbat emozio eraikitzeko; esate baterako, umorea sortzeko.

Jon Azkueta // Geuria

“Mundu desberdinak” mundu “errealean” elkarrekin bizi daitezkeela uste duzu? Bai. Bi mundu hauek oso desberdinak dira arlo askotan baina kasu ugaritan antzekotasun nabarmenak aurki daitezke. Bi mundu hauek bateragarriak izan daitezke. Horregatik, kontraste eta parekotasun hauekin jolastu nahi izan dut, interpretazio zabalak eraikiz.

Bestetik, harreman homosexual bat ere aipatzen da liburuaren sinopsian. Erreferente gehiago behar dira literaturan harreman homosexualei dagokienez? Egia esan ez dut horren inguruan asko hausnartu. Gaur egun erreferenteak badaude, baina zenbat eta gehiago egon, hobeto.

“Kontraste eta parekotasunekin jokatu nahi izan dut, mundu biren arte talka erakusteko elaberrian”

Maitasuna, luxua eta misterioa dira eleberriaren gai nagusiak. Bai. Hirurak baliagarriak direlako landu ditut nobela berrian, bai irakurleen arreta pizteko bai idazle bezala nire motibazioa areagotzeko. Gainera, gai hauen bitartez bestelako kontzeptuak landu daitezke. Halaber, maitasunak, luxuak zein misterioak hainbat konturen inguruan hausnartzera bultzatu gaitzakete.

Zure idazle ibilbidearen hasieraz galdetuko banizu. Txikitatik sortu ditut istorioak. Hasiera batean, ahoz partekatzen nituen, baita komikien bitartez ere, baina Lehen Hezkuntzako seigarren mailan nengoela, irakasleak idaztera bultzatu gintuen, eta horri esker, buruan eraikitako istorioak paperean plazaratzeko zaletasun hau aurkitu nuen.

Zaletasun hori hartuta, Wattpad online plataforman publikatu zenituen zure lehen istorioak. Zer eskaintzen die plataforma horrek? Argitaratzeko aukera. Argitaletxe batera heltzea oso zaila da, eta idazten hasi nintzenean oso gaztea nintzen, beraz, nire idatziak internetera igotzea aukera egokia zela iruditu zitzaidan. Gaur egun ere Wattpad plataforman idazten dut, nahiz eta argitaletxearekin lan egin. Wattpadi esker irakurle kopuru handia lortu dut eta nire abiapuntua izan da. Horregatik jarraitzen dut bertan idazten. Gainera, oso baliagarria da irakurleen feedback-a jasotzeko.

Jon Azkueta // Geuria

Plataforma horretan zure lanek milioika irakurraldi dituzte. Horrek presiorik eragin izan dizu? Ez, kontrakoa, Wattpadeko irakurleek segurtasuna eman didate. Benetako presioa euskarri fisikoan nabaritu dut. Nire liburua dendetan ikusteak, horrek eman dit ikara. Argitaletxe handi batek nigatik apustu egiteak, horrek dakarrenarekin, errespetua eman dit, baina Wattpadi esker nire istorioengan konfiantza daukat, bertan maitasun asko sentitu baitut.

Eta noizbait sentitu duzun presio horri nola egin diozu aurre? Presioa sentitzen dudanean familiarengana zein lagunengana jotzen dut, horiek badakite nolakoa naizen eta. Beraien gomendioak entzutea eta horiei kasu egitea ondo datorkit. Egia esan, nirekin pazientzia handia daukate (kar, kar, kar).

Wattpaden bitartez Hego Amerikan egin zinen ezagun. Gaur egun ere Hego Amerikako publikoa mantentzen duzu? Hasiera batean Wattpad Hego Amerikan famatua zelako egin nintzen bertan ezagun; ondoren beste herrialde askotara zabaldu zen. Eta bai, bertoko irakurleak mantentzen ditut, Wattpaden idazten jarraitzen dudalako eta nire eleberri batzuk bertan argitaratu direlako.

Feedbacka aipatu duzu lehen. Bai. Irakurle askorekin harreman estua dut. Hasieratik egon diren irakurle asko, gaur egun nire irakurle “betak” dira: hau da, beraiek irakurtzen dituzte nire idatziak argitaratu aurretik. Haien iritzia kontuan izatea gustatzen zait, feedback oso aberatsa ematen didatelako.

Wattpadek banatzen dituen Wattys sariak irabazi dituzu 2017an eta 2020an. Sariak jasotzea asko eskertzen da. Gainera, Wattpadeko sari horiei esker, plataforman asko hazi nintzela esan dezaket. Ezagutzera eman ninduten.

Zein sari “handi” irabaztea gustatuko litzaizuke? Planetan lan eginda, Planeta Saria irabaztea gustatuko litzaidake, noski. Zintzoa izanez, uste dut saria milioi bat euro direla! Bada, pozik hartuko nituzke! (kar, kar, kar)

Planetak 2022an fitxatu zintuen. Zer suposatu du horrek zure ibilbidean? Aukera horri esker liburu-dendetara heldu naiz, sinadurak egin ditut, irakurle zein idazle asko ezagutu ditut… Eta idaztea nire denbora-pasa izatetik lan izatera igaro da. Nire liburuak euskarri fisikoan publikatu ditut Planetari esker.

Digitalean zein fisikoan publikatu dituzu liburuak. Zein da bakoitzaren alde positiboa? Eta alde negatiborik ba al dago? Digitalean mundu zabaleko irakurle guztietara hel zaitezke, gainera feedbacka zuzenean jaso dezakezu. Paperean, berriz, liburu-dendetara heltzen zara, eta horrek ilusio handia egiten du. Euskarri fisikoaren alde negatiboa, Hego Ameriketako herrialde batzuetan nire liburuek duten prezioa da. Hainbat herrialdetan hauek lortzea oso zaila eta garestia da.

Idazle izateaz gain, irakurle ere izango zara. Liburuak nola irakurtzea duzu nahiago: fisikoan ala digitalean? Biak ditut gustuko, baina bat aukeratu beharko banu fisikoa aukeratuko nuke; hain zuzen ere, txikitatik horrela irakurri dudalako eta ohitu egin naizelako.

Eta irakurle bezala, zer irakurtzea gustatzen zaizu? Misteriozko eleberriak batez ere. Agatha Christie, Lisa Jenner… Baina genero guztiak irakurtzen saiatzen naiz.

Idazle bezala, gazte literaturan zentratu zara orain arte. Gazteek ba al dute gaur egun irakurzaletasunik? Liburu berri hau helduei zuzenduta ere badago: young adult delako kategorian dago sartuta. Baina, bai, betidanik irakurle gazteak hurbilago sentitu ditut: Wattpad eta sare sozialei esker batez ere. Aipatu beharra dago irakurle gazteen kopurua oso handia dela, eta argitaletxeetako estatistikek ere hori erakusten dute. Gero eta gazte gehiagok irakurtzen du, horregatik dago interneten liburuei buruz hitz egiten duten hainbeste influencer.

Zein generok erakartzen du gehien irakurlea? Maitasunak, zalantzarik gabe. Nahiz eta istorioen elementu nagusia maitasuna ez izan, amodiozko trama bat egotea oso erakargarria izan daiteke, beti ere, idazten ari garen estilora egokituta.

Zure hurrengo liburuekin beste publiko batengana jotzeko asmorik baduzu? Ez dakit, suposatzen dut nagusi egin ahala nire istorioak publiko heldu batera gero eta gehiago bideratuko ditudala, baina horrek ez nau momentuz kezkatzen.

Orain arte publikatutako liburuak gaztelaniaz idatzi dituzu. Pentsatu duzu noizbait euskaraz edo beste hizkuntza batean publikatzea? Euskaraz idaztea gustatuko litzaidake. Etorkizunean aukera izatekotan, euskaraz eleberri polit bat sortzen saiatuko nintzateke.

Zure liburu berria labetik ateratzeko zain, baduzu beste proiekturik buruan? Bai, noski. Hurrengo hilabeteetan nobela berri honen promozioan zentratuko naiz, baina tarteka bestelako proiektuetan nabil, momentuz ezer aurreratu ezin dudan arren.

Osorik irakurri

Elkarrizketak

Nerea García Rebollo: «Berdintasuna zehar-lerro moduan txertatu nahi dugu Zeberion, elkarlanean»

Udalak garatzen dituen politika publikoetan eta herriko eragileekin elkarlanean Berdintasuna zehar-lerro moduan garatu nahi du Zeberioko berdintasun teknikariak

|

Nerea Garcia Rebollo // Geuria

Nerea Garcia Rebollo (Basauri,1992) Zeberioko Udaleko Berdintasun teknikaria da ekainetik hona. Ez da ohikoa herri txikietan halako zerbitzu bat eskaintzea; udalek izaten dituzten baliabideak mugatuak izaten dira, eta horrek hainbat arlo beste herri edo erakundeekin partekatzera eramaten ditu.

Kasu honetan, baina, helburu argi bezain anbiziotsu batekin hasi da lanean Garcia: Udalak aurrera eramaten dituen politika guztietan berdintasuna eta ikuspegi feminista txertatzea. Orain arte egindako lanaz eta Zeberiok arlo honetan dituen erronkez aritu da GEURIArekin.

Ez da ohikoa herri txiki batek Berdintasun teknikaria izatea. Zerk ekarri zaitu Zeberiora? Udalak egindako hausnarketa estrategiko batetik abiatzen da nire lana. Hau da, Zeberion ikusi dute behar-beharrezkoa dela berdintasuna zehar-lerro moduan lantzea eta garatzea, eta herrian garatzen diren politika publiko guztietan presente egotea: Hirigintza planifikatzen denean, jaiak antolatzen direnean edo aurrekontuak lantzen direnean berdintasuna eta ikuspegi feminista txertatzea izango da gure asmoa.

Garrantzitsua da azpimarratzea lanketa hau ez dugula soilik maila administratiboan edo formalean egingo, elkarteek eta herriko eragileek egiten duten lanean ere bidelagun izan nahi dugu, modu naturalean eta eguneroko hartu emana izanda.

Ez da erronka makala. Abiapuntua hori izanda, zeintzuk izan dira lehen pausoak? Non jarri duzue indarra lehen hilabete hauetan? Lehenik eta behin orain arte egindakoaren erradiografia bat egin nahi izan dugu, nondik jo aztertzeko. Bestetik, eta aurreko erantzunean esandakoaren harira, herriko eragileekin hasi gara lanean. Eskolarekin batu gara, hasi berri den ikasturteari begira izan ditzaketen beharrak zehazteko. Eragileekin lan egitea funtsezkoa da, eurek ematen baitiote egun duen izaera eta bizia herriari.

Bestetik, Biolentzia Matxistaren kontrako protokoloa lantzen hasi gara. Uste dugu tresna garrantzitsua izango dela ez bakarrik halako egoeretan zelan jokatu jakiteko, baizik eta prebentzio lana egiteko edo Udalak zein beste erakunde batzuek eskaintzen dituzten baliabideak ezagutzeko. Dagoeneko badago jaiei begira bere momentuan landu zen protokoloa, eta lan horri jarraipena eman nahi diogu.

“Biolentzia Matxistaren kontrako protokoloa lantzen hasi gara. Tresna garrantzitsua izango da prebentzio lana egiteko edo Udalak zein beste erakunde batzuek eskaintzen dituzten baliabideak ezagutzeko”

Jakin badakigu Zeberio herri txikia dela, eta zentzu horretan parte-hartzea bermatzea ez da batere erraza, baina egia esan oso pozik nago orain arte nire lanak izan duen harrerarekin.

Herritarrek hasiera-hasieratik ulertu dute gure asmoa ez dela berdintasunari lotutako lana azaroaren 25era edo martxoaren 8ra mugatzea. Eskema hori gainditu behar dugu, eta horretarako zeberioztarren parte-hartzea funtsezkoa da.

Parte-hartzearen garrantzia aipatu duzu. Zelan engaiatu nahi duzue jendea parte hartu dezan? Gure abiapuntua oso argia da: herritarrak entzun nahi ditugu, eta herriak dituen beharretara moldatu. Ez dut uste kontrako bidea egiteak zentzu handirik daukanik, egia esan. Ez behintzat eraginkorrak izan nahi badugu, eta gure aletxoa erein. Abiadura azkenean ez duzu zuk soilik jartzen, eta beharrezkoa da oreka bat egotea, proiektua ez dadin soilik udal ekimena izan, herri ekimena baizik.

Lortzen ari zarete helburu hori, herrian ikuspuntu hori txertatzea? Badago apurtu beharreko eskema bat, Zeberion bezala orokorrean gizartean eman dena: berdintasunari lotutako gaiak ez dira emakumeen ardura bakarrik, gizarte osoari dagozkionak baizik. Horregatik, berdintasun arlotik dinamika edo batzar bat antolatzen bada, eta propio kontrakoa esaten ez bada, behintzat, herritar guztiei ematen diegu parte hartzeko eta euren ekarpena egiteko aukera. Ateak eta belarriak zabal-zabalik ditugu.

Aipagarria da, adibidez, gazteak, oro har, eta gazte taldea izaten ari den prestutasuna eta jarrera, gaiak zelan eztabaidatu eta lantzen dituzten.

Biztanleriari dagokionez, Zeberio herri txikia da, baina hedaduraz oso handia. Gainera, populazioari erreparatuz gero, biztanleriaren zati handi bat edadetua da. Kontutan hartu beharreko bi aldagai dira. Bai, noski. Lanean hasi nintzenetik ikusi nuen zaintzarekin lotutako behar handiak zeudela. Kontua ez da bakarrik zainketak nork behar dituen, baizik eta zaintza nork egiten duen. Zentzu horretan, bai Zeberion eta bai Euskal Herrian lan horien ardura, askotan zama bilakatzen dena, emakumeen menpe geratzen da. Horren atzetik beste arazo batzuk sortu daitezke, hala-nola bilatu gabeko bakardadea eta abar. Garrantzitsua da behar horiek identifikatzea, diagnostiko egoki bat egitea, eta ekintza plan zehatza garatzea.

Zeberio bezalako herrietan, gainera, non populazioa auzo txikietan sakabanatuta bizi den, garrantzitsua da herritarren arteko loturak indartzea, izan fisikoki, plangintza urbanistiko egoki baten bidez, edo afektiboki, orain gutxi sortu den emakume taldearen bitartez, adibidez.

Zaintza bakarrik ez, kontziliazioa ere bada mahai gainean dagoen beste gai bat. Bai, noski. Aipatu dut eskolarekin hartu emana izan dugula ikasturte berriari begira dituzten beharrak ezagutzeko, eta horien artean kontziliazioarena lehentasunetariko bat da. Zaintza arloko proiektua aurrera eramango dugu ikasturtean zehar, ikasleekin eta gurasoen parte hartzea sustatuz.

Zeberio bezalako herriek badute altxor bat den ezaugarri bat: zaintza komunitarioa. Hau da, elkar zaintzera eta laguntzera ohituta daude. Kontua da zaintza eta kontziliazio hori emakumeen bizkar gera ez dadin lan egitea, eta ohiturak aldatzen joatea.

Gai horiek guztiak Berdintasun Planean jasoko dituzue. Bai, aurten Bigarren Berdintasun plana bukatzen da, eta horren balorazioa egiten ari gara. Ondoren hirugarrena egin beharko dugu, eta aipatu ditugun gai horiek bere pisua izango dute.

Berdintasun Planak momentuko argazkia dira, urtetako bilakaera jasotzen dutenak, baina ondoren ekintza plana gauzatu behar da, eta horrek emango digu egunerokotasunean eragiteko gaitasuna. Ekintza plan hori egingarria eta bizia izan behar da, alegia, udalarentzat eta batez ere udalerriko eragileentzat erabilgarria izango dena.

Berdintasuna arlo guztietan txertatu nahi duzuela aipatu duzu behin eta berriz. Horrek udaleko langile eta arlo ezberdinekin elkarlana eskatzen du. Hala da, bai. Dagoeneko hasi gara elkarlan horretan, eta aberasgarria ari da izaten. Ikuspegi kontua da; ekimen bat pentsatu, landu eta garatzerako orduan beste hainbat aldagai kontutan hartzen diren bezala, berdintasuna txertatzea hor. Berdintasuna hirigintzan, euskaran, gizarte zerbitzuetan… Azken helburua litzateke hori modu natural batean garatzea, eta hein batean gertatzen ari da, berdintasuna Zeberion oso ondo lantzen baita.

Epe ertain bati begira, eta zure arloari erreparatuta, zelan irudikatzen duzu Zeberio bost urte barru? Ez da galdera erraza. Kontutan hartu behar da aldaketa guztiek denbora behar dutela, eta elkarrizketan zehar askotan aipatu dudan bezala, talde-lana da hau; gidaritzak herritarren esku egon behar du, eta Udala bidelagun izan. Gustatuko litzaidake data eta egun zehatzez harago berdintasuna presente egotea herrian, hori herritarren eta herriaren onerako izango baita.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Erreportajea / 12 maratoi 12 hilabete, CTNNB1 elkartearen alde

Paula Rodriguez eta CTNNB1 elkartea laguntzeko asmoz, Yeray Gonzalez galdakoztar-basauriarrak kirol erronka zein erronka pertsonala burutuko du: urrian hasiko da hilero maratoiak egiten eta 2025eko urrian Basaurin egingo du azkena

|

Yeray Gonzalez, Paula Rodriguez eta Esti Martin // Geuria

Txikitatik futbolean jokatu ostean, duela zortzi urte korrika egiten hasi zen Yeray Gonzalez Gutierrez (Galdakao, 1988) galdakoztar-basauriarra. Distantzia luzeko lasterketak egitea gustatzen zaio: maratoiak. Eta horrekin kirol erronka zein erronka pertsonala abiaraziko du urritik aurrera. Hain zuzen ere, 12 hilabetetan 12 maratoi egingo ditu Yerayk, helburu solidario batekin: CTNNB1 elkartea laguntzea, alegia.

Logroño, Bilbo, Donostia, Valentzia, Almagro, Castelló, Bartzelona, Zaragoza, Madril, Gasteiz eta Bascones de Ojeda dira egingo dituen lehen hamaika maratoiak, eta azkena, hamabigarrena, Basaurikoa izango da: “Azkena, zalantzarik gabe, bereziena”, dio Yerayk.

Paula Rodriguez Martin (Basauri, 2018) CTNNB1 sindromea duen basauriarra da, eta Yerayk Paula eta CTNNB1 elkartea lagundu nahi ditu erronka “gogor” honekin. Estibaliz Martin Medina (Basauri, 1979) Paularen ama “hunkituta eta pozik” dago Yerayk egingo duen erronkarekin: “CTNNB1 sindromea eta elkartea ikusarazteko eta dirua biltzeko Yerayk egingo duena ikaragarria da, eta harro egoteko modukoa da niretzat. Oso eskertuta nago”, dio Estik. Yerayrekin, Estirekin eta Paularekin batu gara CTNNB1 sindromeaz eta Yerayk egingo duen erronkaz berba egiteko.

Yeray, nola sortu zen ‘12 maratoi, 12 hilabete’ erronka? Iratxe, nire emaztea, Paularen irakaslea izan da azken urteotan, eta hainbat lasterketa egin ditut CTNNB1 elkartearen kamisetarekin. Eta lasterketa horietako batean, Bartzelonan —non hiru orduko nire marka pertsonala jaitsi nuen—, helmuga zeharkatu nuenean, elkarteko ama batek kamiseta jantzita ikusi ninduen eta hizketan hasi ginen. Eskerrak eman zizkidan elkarteari ikusgarritasuna emateagatik, eta azkenean konturatzen zara bizitza honetan garrantzitsuena ez dela marka bat lortzea, jendeari laguntzea baizik. Eta Estirekin Basaurin hitz eginez, urte batean 12 maratoi egitea bururatu zitzaidan, elkartearen alde dirua lortzen saiatzeko. Sare sozialen bidez erronka zabaltzea eta dirua lortzea da asmoa, crowfunding baten bidez ihelp plataformaren bitartez. Gainera, 09050 Bizum zenbakia ere eskura dago dohaintzak egiteko, eta kamisetak eta eskumuturrekoak ere salduko ditu elkarteak. Nire erronkaren helburua 12.000 euro lortzea da, 2025eko urria baino lehen. Webgune bat ere zabaldu dugu: hemen esteka.

Zergatik 12 maratoi urtebetean? Nik erronka zorrotzak bilatzen ditut, jendeak ikus dezan sakrifizioa eskatzen duela. Eta iruditzen zait urte batean 12 maratoi egitea, bai maila pertsonalean, bai kirol mailan, polita eta zorrotza dela. Jendeak ikus dezala erronka aktiboa dela.

Urrian hasiko duzu erronka. Bai. Urriaren 6an Logroñon egingo dut maratoia. Ondoren datoz Bilbao Night Maratoia (urriak 19), Donostiakoa (azaroak 24), Valentziakoa (abenduak 1), Almagrokoa (urtarrilak 26), Castellókoa (otsailak 16), Bartzelonakoa (martxoak 16), Zaragozakoa (apirilak 6), Madrilgoa (apirilak 27), Gasteizkoa (maiatzak 11), Bascones de Ojedakoa (abuztuak 17), eta azkena, bereziena, Basaurikoa (2025eko urrian).

Hara! Azkena Basaurin! Hala da. Artunduagako atletismo pistan izango da, ziurrenik Basauriko jaietan, urriaren 11n. Txikientzako zein helduentzako lasterketak antolatuko dira: nahi duenak nirekin egin ahalko ditu 42 kilometroak, bestela erreleboak egin ahal izango dira edo kilometro bat edo bi egin. Elkartearekin kolaboratzeko dortsal solidarioa erosteko aukera egongo da eta egun horretan zozketak eta beste egongo dira. Lagundu nahi duen edonor ongi etorria izango da festa horretara.

Esti, zuk zelan hartu duzu Yerayren erronka hau? Erronka pertsonal bat bezala hartzen dut Yerayk hartuko duen ekimen hau. Iratxe bere emazte zoragarria ezagutzen dut, Paularen irakaslea izan delako azken urteotan. Zoragarria da haiek bezalako jendearekin topo egitea, familiok ditugun premiez oroitzen dena. Yerayk egingo duena ikaragarria da. Erronka galanta. Eta harro egoteko modukoa da niretzat. Ez dakit nola egingo duen, baina ziur nago motibazio oso handia duela eta primeran egingo duela; beraz, pozik eta hunkituta gaude.

Maratoi guztiak Espainian egingo dituzu, Yeray. Bai. Azkenean, nik finantzatzen dudan zerbait da, eta bilduko den diru guztia CTNNB1 elkartearentzat izango da. Dortsalak, ostatuak eta gasolina nire poltsikotik ordainduko ditut, noski, eta horregatik erabaki dut erronka hau Espainian zehar egitea.

Nola prestatuko zara erronka honetarako? Entrenatzaile bat daukat, Iker, Etxebarrikoa. Laguna da, lankide ohia eta orain entrenatzailea. Eta erronka honetarako prestakuntza pixka bat aldatuko dugu: bolumenean jarriko dugu arreta gehiago, errendimenduan jarri ordez.

Batzuetan, maratoi eta maratoi artean atseden hartzeko egun gutxi batzuk baino ez dituzu izango. Hala da. Egingo ditudan maratoi batzuk dagoeneko egin ditut, eta erronka honetarako egin duguna 12 maratoiak koadratzeko ikerketa-lan bat egitea izan da, udan ez baita halakorik antolatzen. Salbuespena Palentziakoa da, Bascones de Ojedakoa, abuztuan egiten dena. Gustatuko litzaidake hilean maratoi bat egitea, baina ez da posible, eta gainjarriko zaidan maratoiren bat egongo da: horietako batean zazpi egunetan bi maratoi egingo ditut!

Estik dio zure erronka pertsonala bere egiten duela. Zure kasuan, erronka pertsonala izateaz gain, kirol erronka ere bada. Kirol mailan, nire bizitzan egingo dudan erronkarik handiena izango da. Maratoia prestatzen dudanean, sakrifizioa eta ahalegina kontutan hartzen ditut, eta nahi ditudan helburuetara iristen naiz. Azkenean, bizitzan bezala da: egun osoa borrokan ematen dugu gure seme-alabak aurrera ateratzeko (nik bi dauzkat), eta enpatizatu egiten dut gaixorik dauden seme-alabak zaintzeko sakrifikatu behar duten familiekin.

Beste elkarte batzuekin lankidetzan aritu naiz, adibidez, AEFAT elkartearekin, eta ikusi dut beharrezkoa dela gizartea tartean sartzea, gaixotasun bat edo behar diren tratamenduak ikertzeko dirua lortzen saiatzeko. Eta horregatik erronka pertsonala ere izango da.

CTNNB1 sindromeaz hitz egin dezagun, Esti. Noiz sortu zen elkartea eta zenbat familia zarete? CTNNB1 elkartea 2021eko maiatzean sortu zen. Zazpi familia ginen hasiera hartan, eta gaur egun, hiru urteren ostean, 28 gara Estatu osoan. Mundu mailan 430 familia gara.

Zein helburu ditu elkarteak? Guk hiru oinarri nagusi ditugu: familiei laguntza ematea, sindromeari ikusgarritasuna ematea eta ikerketa sustatzea eta laguntzea.

Ikerketari dagokionez, zein puntutan dago gaur egun, Esti? Orain hainbat ikerketa-lerro daude irekita. Garrantzitsuena terapia genikoa da, aurreratuen dagoena. Ordezko terapia geniko bat da, garuneko interbentzio baten bidez egingo litzatekeena: haurrei birus bat injektatuko litzaieke, CTNNB1 genearen kopia zuzen batekin batera. Horren ondorioz, haurrak betazatenina den proteina sortzen hasiko lirateke modu funtzionalean, eta, beraz, bizi-kalitatea nabarmen hobetuko litzaieke.

Amesten dugu jaioberrien baheketa bat egotea, CTNNB1 barne hartzen duena, adibidez, haur horientzako sendabidea egon dadin.

CTNNB1 Fundazioa Eslovenian dago eta hura da hiru urtetan garatu den ikerketa honen buru. Orain manufaktura fasean daude: medikuntza honen manufaktura Donostian egiten ari dira, Viralgen izeneko enpresa batean, eta 2 milioi euro inguruko kostua du. Horrekin dosi kopuru txiki bat aterako genuke: agian 10 edo 12 bat dosi; ez lirateke gehiago aterako. Datorren urtean hasiko litzateke fase klinikoa haurrengan, Eslovenian egingo den entsegu kliniko batean. Lehenengo haurrak hautatuko genituzke, eta bizitzak aldatzen hasiko ginateke, horixe baita helburua.

Inbertsio handia dosi gutxi batzuetarako. Bai. Dosi bikoitza ateratzeko tanke handia egiteko aukera genuen, baina tanke txikia ordaintzeko dirurik ez badugu, handiarekin amets egitea ezinezkoa da. Oraintxe bertan, tanke txikia ordaintzeko 1.250.000 euro falta dira, eta zenbateko hori 2025eko maiatzerako edo ekainerako eduki beharko genuke. Fundazioak mundu osoan biltzen du dirua.

Badakit elkarte asko daudela, ikertzeko dirua behar duten gaixotasun asko eta asko, baina guk ikerketa martxan daukagu eta esan dezakegu datorren urtean haurrak tratatzen has gaitezkeela, eta hori ez gertatzeko arrazoi bakarra dirua da. Oso egoera onean gaude: ikusi hiru urtean bakarrik egin dena!

Orain arte zenbat bildu duzue elkartetik? CTNNB1 elkartetik hiru urte hauetan 153.000 euro eman ditugu, eta aurten beste ekarpen garrantzitsu bat egin ahal izango dugula uste dugu, gure ekitaldiek orain arte bezala funtzionatzen badute behintzat. Gainera, Yerayren erronkari esker gizarteak gai honekin bat egingo duela uste dugu.

Yeray, zuretzat korrika egitea zer da? Korrika egitea niretzat terapia da. Egun txarra badut, korrika egitera joaten naiz. Egun ona badut, korrika egitera joaten naiz. Pentsatzen laguntzen dit. Ihesbide bat da, nire gauzekin bakarrik egoteko daukadan denbora da.

Baduzu korrika egiteko helbururik? Orain arteko helburua beti izan da nire buruaren kontra lehiatzea: nire marka pertsonala hobetzea, alegia. Lortu nuen nire marka hiru ordutik jaistea, eta orain txipa aldatu dut eta nire helburua guztiz desberdina da: gozatzeaz gain, oraingo honetan ahal dudan guztia emango dut CTNNB1 elkartearen alde. Hori da nire motibazioa erronka honetarako.

Izan duzun lesiorik? Bizkarreko lesio bat izan nuen behin: trapezioa urratu nuen. Estresagatik izan zen, eta fisioterapeuta batek, gelditzeko esan beharrean, berriro korrika egiteko esan zidan, nahiz eta ezin nuen. Eta horrek lagundu zidan sendatzen, egia esan.

Bi seme-alaben aita zarela esan duzu lehen. Hitz egin dezagun kontziliazioaz. Goizean umeak jaiki baino lehen entrenatzen dut, edo oheratzen ditugunean. Iratxeren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Korrika egitera joan behar dudanean, entrenamendu-plan bat dudalako, Iratxe arduratzen da gure seme-alabekin egoteaz.

Blog bat duzu, Yeray: Jerrytherunner. Bai. Blog honetan atletismoko albisteez edo running-arekin lotutako teknologiari buruzko berriez hitz egiten dut. Gustatzen zaidanari buruz idazten dut, eta jendeari zerbait eskaini edo irakats badiezaioket, bikaina da.

Zurearen antzeko erronka egin zuen duela gutxi Verdeliss influenzerrak, Estefanía Unzu nafarrak, eta horri buruz idatzi zenuen zure blogean. Bai. 13 maratoi egin zituen 13 hilabetetan, eta horrez gain 100 kilometroko lasterketak egin ditu, zeinetan Espainiako txapelduna den. Erronka pertsonal gisa egiten duen zerbait da, eta egun batean nire blogean hari buruz idatzi nuen, babesa adieraziz. Izan ere, emakume izateagatik, jende askok kritikatu egiten du bere maratoiak edo 100 kilometroak egiten dituen bitartean ziurrenik etxea garbitzen lagunduko diotelako, seme-alabak zaintzen lagunduko diotelako edo dena delakoa, eta berak egiten duenari balioa kentzen diote. Orduan, egiten ari zen guztia balioetsi nahi nuen nire blogean: edozein pertsonak, izan gizon edo emakume, Verdelissek kirolari edo familiari eskaintzen dion denbora eskain diezaiola, eta ea gai den berak lortu duena lortzeko.

Zure ustez, nola hartuko du jendeak egitera zoazen erronka hau? Ulertzen dut denetariko iritziak egongo direla. Nire entrenatzaileak esan zidan lehenengo gauza izan zen: “Erotuta zaude!”. Emazteak eta familiak ere esan zidaten erotuta nengoela, baina azkenean haien guztien babesa dut, eta hori da garrantzitsuena. Gero Estirekin hitz egin nuen erronka egiteko eta elkarteari laguntzeko asmoa nuela esateko, eta gauza bera esan zidan, erotuta nengoela, baina hunkituta dago. Eta hori da niretzat inportantea.

Eta 2025eko urriaren ondoren… Atseden hartzea tokatuko zait. Oraingoz ez dut beste helburu edo erronkarik, baina ziur hilabete hauetan zerbait aterako dela. Ikusiko dugu, hala ere, ez naiz geldi egoten diren horietakoa, ipurterre samarra nahiz, beraz egingo dugu zerbait.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Laia Becerra Martinez: «Irudien bitartez gizartearen ikuspegi zehatz bat sortzen dugu ezinbestean»

Galdakaoko jaietako kartel lehiaketa irabazi du Laia Becerra ugaotarrak. Horren aitzakian beste hainbat gai jorratu ditugu, hala-nola hezkuntza, aniztasuna edo irudia

|

Laia Becerra Martinez // Geuria

Kartel lehiaketa batean parte hartzen duen lehen aldia izan da aurtengoa Laia Becerra Martinezentzat (Santutxu, 1988). Erronka bikoitza, gainera, Ugaon eta Galdakaon aurkeztu baititu bere lanak. Inor ez delako profeta bere herrian, akaso, Ugaokoa ez, baina Santakurtzak iragartzen dituen bere lanak lehen saria eskuratu du. “Sorpresaz” hartu zuen Becerrak albistea, bere ikasketak eta lanbidea diseinu grafikoarekin lotuta dauden arren sorkuntza lanak “aspaldi” utzita baitzituen.

Zergatik erabaki zenuen Ugaoko eta Galdakaoko jaietako kartel lehiaketan parte hartzea? Formakuntzaz diseinatzaile grafikoa naiz, eta nire ibilbide profesionala hezkuntzan garatu dut; sei urtez Goi Mailako Diseinu Eskolan ibili naiz, baliabide informatikoei buruzko eskolak ematen, eta aurten EHUn hasi naiz lanean. Mundu horrekin lotura baneukan, beraz, baina aurten erabaki nuen bazela momentua, baneukala tartea eta patxada sorkuntza lanei berriro ekiteko, eta bat ez, bi egin nituen azkenean: bat Ugaorako eta bestea Galdakaorako.

Zelan egiten da jaietako kartel bat? Nire kasuan nahiko azkar, astebeteko lana izan da. Diseinu grafikoa ez da arrotza niretzat, inondik inora, eta badaukat horrelako lanak egiteko jariotasuna. Lehenik eta behin garrantzitsua da hausnartzea, argi izatea helburua zein den, eta herriko jaien inguruko azterketa bat egitea, elementu adierazgarrienak zeintzuk izango diren zehazteko. Nik hitz gakoekin lan egiten dut, hau da, lauzpabost hitz aukeratzen ditut, kartelak helarazi behar duena zehazteko.

Behin hori argi izanda, koloreak eta formak gehitzen dizkiet hitz gako horiei, lehen konposaketa bat egiteko, eta zirriborroak ontzen ditut arkatzez, aukera edo ideia ezberdinekin. Ondoren aukeraketa bat egiten dut, softwarean sartu aukeratutako zirriborroa, eta behin betiko diseinua garatu.

Hitz gakoak kartelak helarazi behar duena zehazteko, beraz. Zein hitz gako daude egin dituzun kartelen atzean? Hitz bakarra aipatu beharko banu aniztasuna litzateke. Hori da bi kartelen atzean dagoen ideia nagusia, aniztasuna modu zabal batean irudikatzeko nahia, eta estereotipoak iraultzeko beharra.

Galdakaoko kartelaren kasuan, adibidez, mozoiloek modu ezberdinetan dituzte jarrita zapiak, kolore eta forma ezberdinetakoak dira…mezu nagusia litzateke aniztasun hori berez onartu beharko genukeela, ez behartuta, denok festaren partaide eginez.

Saria irabazi arren ez duzu zure burua diseinatzaile edo artistatzat hartzen. Ez, Arte Hezkuntzan kokatzen dut nire burua, 2013tik nabil arlo horretan murgilduta, hezkuntza ez formaletik hasita, eta eroso nago.

Iaz tesia plazaratu zenuen EHUn. Bai, bitxia izan da tesiarekin gertatu dena. Molde zientifikoen eraginez beti uste izaten dugu tesi batek bere hipotesi eta ondorioak oso argi izan behar dituela, hori dela azken helburua, baina nire kasuan ez da hori gertatu, lanarekin aurrera egin ahala galdera berriak, bide berriak, hausnarketarako aukera berriak sortu direlako. Behar bereziak dituzten ikasleak, hezkuntza artistikoa, aniztasuna, irudia, baliabide informatikoen erabilera… ideia horien bueltan aritu naiz lanean, uste dudalako hor badagoela asko egiteko, eragiteko, bide berriak urratzeko.

Irudia aipatu duzu. Irudiaren aroan bizi gara. Hala da. Eta uste dut garrantzitsua dela hausnartzea zelan sortzen ditugun irudiak, ze helbururekin, zein eredu indartzen ditugun, zer gizarte mota ikustarazten eta ezkutatzen dugun… Irudi edo kartelen bitartez errelato eta gizartearen ikuspegi zehatz bat sortzen ari gara ezinbestean, eta hori ahalik eta zabalena izan behar da. Kartelera bueltatuta, asmoa litzateke herritar orok bere burua islatuta ikustea kartel edo irudi batean.

Irudiarekin lan egiten duzuenok badaukazue erronka eta ardura polita hor. Bai, zalantzarik gabe. Aipatutako gaiez harago ere badago adimen artifizialari lotutako eztabaida. Aurten unibertsitatea eta bigarren hezkuntza uztartu ditut, eta gaztetxoenekin landu nahi nuen, baina ez naiz ausartu. Jakin badakit jorratu beharreko gaia dela, azken finean ez da erabiliko dugun tresna bat, baizik eta dagoeneko bizitzako hainbat arlotan erabiltzen ari garena. Kasurako, iaz Goi Mailako Diseinu Eskolan hainbat lan adimen artifizialaren bitartez egin zituzten ikasleek. Oraindik ere irudi batzuk trakets samar egiten ditu IAk, eta horrek balio izan zigun ikasleen lana balioesteko, ikuspegia, irudimena, sentiberatasuna… Adimen artifiziala lagungarri izan daiteke, baina ez du giza sorkuntza ordezkatuko.

Hala ere, aldagai asko hartu behar dira kontutan; etikoak, artistikoak… hausnarketa sakona eskatzen duen gaia da.

Hezkuntza ez formala, Bigarren Hezkuntza, Unibertsitatea… errealitate eta ikasle eta familia mota ezberdinak ezagutu dituzu urte hauetan, bakoitza bere behar eta berezitasunekin. Bai, hala da. Gainera, hasiera batean ordezko moduan aritu nintzen, alde batetik bestera ordezkapenak egiten. Eskarmentu horrek hezkuntza maparen ikuspegi orokor bat eman dit. Hala ere, urte hauetan ikusi dudan aldaketarik nabariena gurasoetan dago, daukaten inplikazio eta exijentzia mailan. Ez daukat argi guraso moduan ondo egiten ari ote garen gauzak. Esango nuke asko eskatzen dugula eta, aldiz, gutxi eman.

Asko eskatu eta gutxi eman, zein zentzutan? Eskolaren gainean pisu handiegia jartzen dugu, gure seme-alaben hezkuntza bertan hasi eta bukatuko balitz bezala, eta ez da hala, inondik inora ere. Gainera, ikasleen autonomia mugatzen duten jarrerak areagotu dira. Adibiderako, goi mailako hezkuntzan gero eta ohikoagoa da azterketen erreklamazioa edo matrikula gurasoek egitea, eta ez ikasleek. Badakite ezin dutela egin, baina presionatzeko modu bat da. Horren eraginez gero eta ardura gutxiago hartzen dituzte ikasle askok, ez denek, noski, guraso arduratsuak ere bai baitaude; baina aipatu ditudan kasu horietan erantzukizuna gurasoena da. Hau ez dut soilik irakasle moduan esaten, ama moduan ere bizi dudan errealitate bat da.

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

Laura eta Javi: “Txernobyl inguruan lehendik egoera gogorra bazen, orain latzagoa da gerra dela eta”

Chernobil Elkarteko kide dira Laura eta Javi. 2011tik dira harrera-familia, eta aurten lehen aldiz Kyrylo, 6 urteko mutila, hartu dute udan

|

Ezkerretik eskumara, Javi, Luar, Kyrylo eta Laura, Basozelaiko skateparkean // Geuria

Txernobylgo hondamendia gertatu zenetik 38 urte igaro dira. Historiako istripu nuklearrik larriena izan zen. Urte dezente igaro direla pentsa daitekeen arren, hainbat ikerketek ondorioztatu dute gaur egun ere, eta luzaro, kutsatutako zonaldean bizi diren milioika pertsonek ondorio kaltegarriak jasango dituztela euren osasunean.

Euskal Herriko Chernobil Elkarteak ondorio horiek gutxitzeko ahaleginetan lan egiten du urtero, hondamendi eremuko haurrak gurera ekarriz. Azken urteetan, gainera, adingabeei arnasa emateaz gain, gerratik eta horren ondorioetatik urrun egon daitezen lanean ari da Chernolbil Elkartea.

Elkartetik adierazi digutenez, aurten Ukrainiatik hiru haur etorri dira Hego Uribera uda pasatzera: Basaurira, Etxebarrira eta Ugaora.

GEURIAn harrera-familia batekin hitz egiteko aukera izan dugu: Laurarekin eta Javirekin, alegia. 2011n hasi ziren Chernobil Elkartearekin elkarlanean: orduan, eta urte luzez, Mykita izan zuten etxean, eta aurten lehen aldiz Kyrylo izeneko 6 urteko mutila hartu dute udan etxean. Basozelaiko skateparkean batu gara Laurarekin, Javirekin, Luarrekin (Lauraren eta Javiren sei urteko semea) eta Kyrylorekin.

Laura eta Javi, noiztik zarete Chernobil Elkarteko harrera-familia? 2011. urtea izan zen gure lehen urtea Chernobil elkartean. Hala ere, lehendik ezagutzen genuen elkartea lagun batzuei esker.

Eta elkartea eta Txernobylgo haurrak laguntzea erabaki zenuten. Bai. Gure lagunen esperientzia ezagututa animatu ginen.

Aurten Kyrylo hartu duzue, bere lehen aldia Euskal Herrian. Hala da. Kyrylok 6 urte ditu eta bere lehen aldia da Euskal Herrian. Egun gutxi daramagu elkarrekin, baina ume oso alaia da, baita mugitua ere (kar, kar, kar). Jolastea asko gustatzen zaio eta keinuen bidez bagoaz elkar “ulertzen”.

Uztailaren 1ean etorri zen Kyrylo. Nolakoa izan zen lehen kontaktu hori eta aurrez aurre ezagutzea? Lehen kontaktua oso berezia izan zen. Lehehengo egunean, gauean, etxera heldu ginenean, oheratu nahi genuen, baina ez zuen ohera joan nahi eta jolasten egon zen kotxe batzuekin.

Kyryloren adin bereko seme bat daukazue, Luar. Zelan hartu du berak Kyrylo? Ilusio handiz hartu du Kyrylo. Egunak zenbatzen egon zen Kyrylo noiz etorriko zain. Hasieratik oso ondo konpondu dira elkarrekin: lau hilabeteko aldea baino ez dute. Jolasten eta jolasten ematen dituzte egunak, eta noizean behin ere haserretu ere egin dira, biek jostailu bera nahi dutelako. Hala ere, orokorrean algara batean ibiltzen dira biak .

Zer egingo duzue uda honetan? Kanpin batera joango gara. Udan furgonetagaz bidaiatzen dugu eta plan desberdinak egingo ditugu: hondartza, igerilekua, mendia… Udaz gozatu nahi dugu ekintza desberdinak eginez.

Noiz arte geratuko da gurean Kyrylo? Abuztuaren bukaeran bueltatuko da Kyrylo Ukrainiara autobusean, Chernobil Elkarteko gainontzeko umeak bezala.

Aipatu duzuenez, ez da zuen lehen aldia harrera-familia bezala. Ez. 2011n Mykita hartu genuen, 6 urterekin; orain 19 urte ditu eta gerra dela eta ezin da etorri.

Zein da gaur egun egoera Ukrainian eta Txernobylen? Txernobyl inguruan lehendik egoera gogorra bazen bertako familientzat, orain latzagoa da egoera gerra dela eta. Mykitak azaroan 20 urte beteko ditu eta gerra hasi zenean ikasketak bukatzen zegoen Kieven. Gaur egun lanean dago Ukrainian.

Mykitarekin harremanetan jarraitzen duzue orduan. Bai. Mykita etxekoa dugu. Harreman ona dugu berarekin eta kontaktuan jarraitzen dugu. Berak badaki gu hemen gaituela eta ahal dugun guztian lagunduko dugula.

Azken urteak gogorrak izan dira: lehenengo Covid-19aren pandemia, gero gerra. Zelan bizi dituzue zuek azken urte hauek, Laura eta Javi? Pandemia gogorra izan zen danontzat. Gerra hasiera urduritasun handiz bizi izan genuen: Mykita Kieven zegoen eta berak esan zigun iluntzean euren etxeetara bueltatu behar zirela. Gero asteak pasa genituen komunikazio barik, elektrizitaterik eta estaldurarik gabe egon zirelako. Ahal zuen bakoitzean mezutxo bat bidaltzen zigun gu lasai egoteko. Baina oso gogorra izan zen. Etxean albisteak ez genituen ikusten negar batean hasten ginelako. Gaur egun “ohitu” gara. Oso luze egiten ari da. Gure beldurra gaur egun da gerrara bidaliko ote duten.

Osorik irakurri