☉ Zeberio
Bego Gonzalez: «Zeinu hizkuntza esparru guztietara zabaltzea ezinbestekoa da»
Bego Gonzalez Garcia zeberioztarrak zeinu hizkuntzak bizi duen errealitatea ezagutzera gonbidatu gaitu, berak bizi izan duen esperientzia pertsonaletik abiatuta

Zoriak zeinu hizkuntza ikastera eraman zuen Bego Gonzalez Garcia (Zeberio, 1976) eta horrek mundu berri baten ateak ireki zizkion Arkulandako auzotarrari.
Hortik abiatuta zeinu hizkuntzako ikasketetan murgildu zen Bego eta hortik interpretazio ziklora egin zuen jauzi eta gaur egun institutu batean egiten du lan interprete modura, gor batekin. Gainera, 2013an Eskuaire izeneko entitatea sortu zuen beste bi kiderekin eta bertako kudeaketa lanetaz arduratzen da eta lan horiek interpretea izatearekin uztartzen ditu.
Eskuairek proiektu interesgarrietan parte hartzera eraman du Zeberiokoa eta guztien artean badago aztarna berezia utzi dion pasarte bat: iazko Bilboko Aste Nagusian Arriaga antzokiko balkoian izan zen Itziar Ituño aktore basauriarraren pregoia interpretatzen. Aitzakia horri helduz, berarekin elkartu gara.

Nola eta noiz murgildu zinen zeinuen hizkuntzaren munduan? 2006an bikote harreman berri batean hasi nintzen, bere arreba gorra ezagutzean, zeinu hizkuntzarekin lehen kontaktua izan nuen eta arreta deitu zidan. Hortik urtebetera ikasten hastea erabaki nuen.
Zeintzuk izan dira burututako ikasketak? Hiru urte eman nuen zeinu hizkuntza komunikazio mailak deitzen zirenak ikasten. Amaitzean hain liluratuta nengoen, interpretazio zikloan izena eman nuela. Garai horretan urte biko goi-mailako zikloa zen.
Zertan egiten duzu lan zehazki gaur egun? Urte askotan interpretazioa nire ohiko lanarekin uztartzen egon nintzen, baina pandemia garaian, egonkortasun ezaren aurrean, bete-betean interpretazioari dedikatzeko aukera izan nuen, eta saltoa eman nuen. Gaur egun, institutu batean interprete lanak egiten ditut ikasle gor batekin, eta 2013an beste bi kiderekin sortu genuen Eskuaire izeneko entitateren kudeaketa eramaten dut baita ere, noizean behin interpretazio zerbitzuak burutzeaz gain.
Pozik zaude egiten duzun lanarekin? Nire lana oso gustatzen zait, batzuetan estresatuta banabil ere. Aurten ikastetxean egokitutako gaia (erdi mailako zikloa) nire zaletasunarekin lotuta dago, mendiarekin hain zuzen ere, eta kontrolatzen duzun materia eta zure gustukoa dena interpretatzea zoragarria da. Eskuairen ere pozik nago, oso era xumean sortutako proiektua pixkanaka-pixkanaka handitzen doalako, pertsona gorren irisgarritasuna hobetzen laguntzen ari garenaren seinale.
Iazko Aste Nagusian lan esperientzia berezia izan zenuen Itziar Ituño aktorearekin Bilboko Arriaga antzerkiko balkoian. Eskuairetik urteak daramatzagu Bilboko Udalarekin elkarlanean, eta ekitaldi batzuen artean, Aste Nagusiko pregoia interpretatzen dugu. Nire seigarren urtea zen, baina aurtengoa bereziagoa izan da Itziar Ituñorekin balkoia konpartitu ahal izan dudalako. Berez bada oso momentu zirraragarria, emozio asko nahasten direlako, baina interpretatu beharrekoa ezaguna baduzu, oso hunkituta dagoela ikustean, emozioak hirukoizten dira, erreza da kontagiatzea.
“Interpretatu beharreko pertsona ezaguna baduzu, oso hunkituta dagoela ikustean, emozioak hirukoizten dira, erreza da kontagiatzea
Zein esparrutan da benetan garrantzitsua zeinuen hizkuntza? Zeinu hizkuntza erabiltzen duten pertsona gorrak dauden heinean, eta mundu hau guztiontzat irisgarria izatea nahi badugu, zeinu hizkuntza ezinbestekoa da esparru guztietan. Ez al dugu Euskal Herri euskalduna nahi? Ez al dugu euskara gure egunerokotasunean aldarrikatzen? Zeinu hizkuntzarekin berdina egin beharko genuke. Ikasten ari den batentzat, edukiak zeinu hizkuntzan jasotzea premiazkoa izango da, ospitale batean erditzera doanak medikuek ematen dizkioten azalpen guztiak ulertu nahiko ditu, semea ezkondu behar zaionarentzat, ospakizunaren informazioa bere ama hizkuntzan jasotzea poztekoa izango da, eta antzerkia gustatzen zaionak entzuleon parean ulertu nahiko du ikuskizuna. Honekin esan nahi dudana da, pertsona gorrek eta euskaldun entzuleok egunerokotasun antzekoa dugula, eta gure hizkuntza eskubideak bermatu beharko liratekeela.
Gorren komunitatea behar bezala ordezkatuta al dago lanaren, hezkuntzaren eta gizartearen esparruan gaur egun? Gor komunitatearen elkarte mugimenduaren borroka handia izan da, eta haien aldarrikapenei esker esparru askotan haien espazioa okupatzen hasi dira, baina komunitate txikia den heinean, oraindik nahiko ikusezina da eta oztopo asko gainditzeke daude.
Nolakoa izan da keinu-hizkuntzaren onarpenaren garapena azken hamarkadan? Zeinu hizkuntzak 2007an ofizialtasuna lortu zuen Estatu mailan. 18 urtetan aurrerapausoak eman dira, jendartea eta instituzioak sentsibilizatuago daude, baina harresi asko apurtu behar dira oraindik. Egoera gehienetan bezala, borondate politikoaz gain baliabideak jarri behar dira mahi gainean legea bete ahal izateko.
Zein dira jendeak zeinu-hizkuntzari buruz dituen mitorik ohikoenak? Mito asko daude, baina sari nagusia zeinu hizkuntza internazionala dela sinisten duenarentzat da, ezbairik gabe. Guztiok ahozko hizkuntza aniztasunaren jatorria erraz ulertzen dugu, zeinu hizkuntzekin aldiz, herrialde edo zonalde bakoitzak zeinu hizkuntza propioa duela jabetzea kostatzen zaigu. Hizkuntza bat komunikazio behar batetik sortzen da leku zehatz batean identitate edo idiosinkrasia baten barruan, beraz zaila izango da Txinan erabiltzen dena edo Euskal Herrikoa berdina izatea.
Zergatik da hain garrantzitsua gizartean zeinu-mintzaira normalizatzea eta ezagutzea? Mundu hau guztiontzat izan beharko luke eta guztiok aukera berdintasunean bizi beharko ginateke. Guztiok oinarrizko zeinu hizkuntza jakingo bagenu, pertsona gor askoren bizitza erraztuko genuke, informazioa eskuragarriago bihurtuz eta autonomia irabaziz.
“Guztiok oinarrizko zeinu hizkuntza jakingo bagenu, pertsona gor askoren bizitza erraztuko genuke”
Zeinuen itzulpen automatikorako sistemarik existitzen al da? Ez dut ezagutzen horrelako sistemarik. Egia da teknologia abiadura handian hazten ari dela eta agian, uste baino lehenago, tresna eraginkorra izango dugu esku artean, baina egun egoera hori urrun ikusten dut. Zeinu hizkuntza espazioaren erabileraz baliatzen da, aurpegi eta gorputz adierazpenak paper garrantzitsua du, zeinu berak lekuaren edo pertsonaren arabera, aldaerak izan ahal ditu… Faktore asko dira kontuan hartu beharrekoak! Baina tira, makinak gu baino azkarragoak bihurtzen ari dira, auskalo hemendik urte batzuetara zein egoeratan gauden.
Ba al daukazu proiekturik eskuartean momentu honetan? Eskuaireko bi kidek ‘Isiltasunetik’ izeneko dokumentalaren proiektuan parte hartu dugu. Tolosako Josu Iztueta bidaialariarekin, eta bertoko bi pertsona gorrekin (Jose Enrike Zeberio eta Itziar Agirrebarrena Beldarrainekin) Marokora bidaiatu genuen. Bertan entzule eta gorren arteko elkarbizitzaz gozatu eta elkar ikasi genuen, eta Marokoko pertsona gorrekin harremantzeko aukera izan genuen. Hori guztia jaso da dokumental batean eta joan den urtarrilaren 24an Tolosako Leidor zineman estreinatzeaz gain protagonistekin solasaldia egin genuen. Honez gero, Euskal Herriko txoko desberdinetara zabaldu nahiko genuke proiektu hau.
☉ Zeberio
San Anton eguna ospatuko dute Zeberioko Barañao auzoan
Urtero lez, 12:00etan meza egingo dute eta amaitzerakoan luntx txiki bat prestatuko dute

Barañao auzoko bizilagunek San Anton eguna ospatuko dute datorren urtarrilaren 17an, ermitan.
Urtero lez, 12:00etan meza egingo dute eta amaitzerakoan luntx txiki bat prestatuko du Zeberioko udalak bertan.
☉ Zeberio
Drogek gazteengan duten eraginaren inguruko hitzaldia antolatu dute Zeberion
Saioa urtarrilaren 16an prestatu dute 18:30ean eta euskara hutsean izango da

Txubelasu Guraso Elkarteak drogek seme-alabetan duten eraginen inguruko berbaldia antolatu du Ermita zaharrean, Udalaren babesarekin.
Saioa urtarrilaren 16an prestatu dute 18:30ean eta euskara hutsean izango da. Hitzaldia irekia izango da eta Euskal Herriko Unibertsitateko Koldo Callado irakasleak eskainiko du.
Koldo Callado doktoreak 30 urteko esperientzia du droga psikoaktiboen hartzaileen azterketa neurokimikoetan eta erantzun funtzionaletan. Bere lana hartzaileen neurobiologian eta depresioan, eskizofrenian, drogen menpekotasunean eta beste nahasmendu psikiatriko batzuetan oinarritutako transdukzio-sistemetan oinarritzen da.
Gaur egun, adrenozeptoreen eta hargailu kanabinoideen azterketa neurokimikoan lan egiten ari da, bai eta nahasmendu neuropsikiatriko batzuetan duten eginkizunean ere. Horretarako, Dr. Calladok interesa du, halaber, konposatu kimiko berrien karakterizazioan eta garapenean, hartzaile horien kidetasun eta selektibitate handiarekin.
Azterketa horien artean daude erradioligandoak lotzeko teknikak, saiakuntza biokimikoak eta ‘in vivo’ metodoak erabiltzea, hala nola mikrodialisia edo portaera-probak. Teknika eta metodologia horiek guztiak laborategian aplikatzen ari dira gaur egun.
☉ Zeberio
Abendu Kulturala arrakastatsua izan dela aldarrikatu dute Zeberioko eragileek
Udalak, herriko eragileekin elkarlanean, 20 jarduera inguru antolatu ditu aurtengo programan eta 2026ko programa hobetzea “zail” ikusten dutela adierazi dute Udaletik

Joan den urtarrilaren 2an haurrentzako puzgarriak antolatu zituen Zeberioko Udalak udaletxe atzeko plazan 11:00etatik eguerdira bitartean. Inor puntuala izan bada, horiek zeberioko umeak izan dira, 11:00etan bertan, puntu-puntuan puzgarrien aurrean egon zirelako, salto egiteko prest.
Abendu Kulturaleko azken jarduera izan da honako hau, eta Zeberioko Udaletik aurtengo edizioak harrera “arrakastatsua” izan duela aitortu diote GEURIAri. Izan ere, Joseba Sarrionandia eta Xabier Madariagaren solasaldia, ‘Bertsoklown’ bertso saioa, Itziar Ituño aktore basauriarraren Ingot taldearen kontzertua, Olentzero, Mari Domingi eta Naporen harrera, haurrentzako jolasak, mendi-irteera, hitzaldiak eta tailerrak antolatu ditu Udalak herriko hainbat eragileren laguntzarekin.
“Harrera ona izan du aurtengo Abendu Kulturalak”, iragarri du Ekain Goti Zeberioko alkateak. “Jarduera asko antolatu ditugu eta orokorrean partaidetza handia egon da ekitaldi ia guztietan. Horrek esan nahi du herritarrek programazioa nolabait babestu dutela”. Antolatutako jarduera guztietatik bakarra nabarmentzea zaila da herriko alkatearentzat baina aipamen berezia egin du ‘Bertsoklown’ saioaren inguruan: “Auzotarrek harrera oso positiboa izan dute bertso saioan eta Onintza Enbeita, Aissa Intxausti eta Beatriz Egizabal bertsolariak izan ditugu non eta Zeberion! Iaz Maia bera izan genuen gure artean eta hori hobetzea benetan zaila da”.
2026ko Abendu Kulturala hobetzeko gauzarik balego galdetzean Gotik “gauzak beti hobe daitezkela” adierazi du eta bertso saioa bezalako saioak tabernetan beharrean frontoi ondoko aterpean antolatu beharko liratekeela esan du: “Baina hori ez da asmoa, aurtengo formatua oso ondo egon da”.
☉ Zeberio
Bisitari gutxiago baina egonaldi luzeagoak izan dituzte Zeberioko apartamentu turistikoek 2025ean
255 bisitari etorri dira Ermitabarriko apartamentuetara 2025ean eta beren egonaldia lau egunekoa izan da Mihaela Vatamanu arduradunaren arabera

2024ko norabidea jarraituz, Ermitabarri auzoan kokatutako apartamentu turistikoek 255 bezerorekin itxi dute 2025 urtea, aurreko urteetan baino gutxiago: 2023an 320 erabiltzaile egon ziren eta aurreko urtean, 2022an, 473 (2024ko bigarren seihilabeteko datuak falta dira: urtarriletik ekainera bitartean 74 pertsona igaro ziren).
2025ean 103 erreserba egin zituzten guztira: 76 Estatu mailakoak (% 74) eta 27 nazioartekoak (% 26). Egonaldien batazbestekoa lau egunekoa izan da eta erreserba gehienak (% 90a) Booking plataformaren bidez egin dituzte.
Apartamentuak kudeatzen dituen Mihaela Vatamanuren datuen arabera, Estatu mailako datuei erreparatuz, erreserba gehienak Bartzelonako turistak izan dira (% 20) eta jarraian Madril legoke (% 14): “Tendentzia hau azken urteetan mantendu izan da”, zehaztu zuen Mihaelak 2024an. Nazioarteko erreserbei dagokienez, Herbehereetatik eta Alemaniatik etorri dira bisitari gehienak 2025ean.
“Udan hegoaldeko eta ekialdeko turistak etorri ohi dira, Madril, Andaluzia eta Kataluniatik bereziki. Iraila aldera, ostera, Frantzia eta Herbeheretako bidaiariak etorri ohi dira, turismo aktiboaren bila Zeberioko inguruetara”, azaldu zuen Mihaleak 2024ko balantzea egin zuenean. 11 urte daramatza Vatamanuk Zeberioko apartamentu turistikoak kudeatzen eta erreserba kopuruak azken urteetan behera egin badu ere, turisten egonaldiak gero eta luzeagoak direla azpimarratu du.
☉ Zeberio
Zeberioko Elizondo, Aldeko, Gesala eta Solatxi auzoetako errepideak asfaltatuko dituzte hurrengo asteetan
“Urte amaieran egin beharreko lanak dira, material gabe lotu ginen eta enpresak itxita daude Gabonetan. Horregatik urte hasieran egingo ditugu jarduketa horiek”, azaldu dute Zeberioko Udaletik

2025ean egin beharreko lanen artean ageri dira Zeberioko auzo jakin batzuetan egin beharreko asfaltatze-lanak. Zehazki, Ermitabarriko Elizondo (Eusebio Aldekoa egoitza aurreko errepidea), Aldeko, Gesala eta Solatxi auzoetan egin behar dituzte obrak.
“Urte amaieran egin beharreko lanak dira, material gabe lotu ginen eta enpresak itxita daude Gabonetan. Horregatik urte hasieran egingo ditugu jarduketa horiek”, azaldu dute Zeberioko Udaletik. Bide jakin batzuetan barandak ipiniko dituztela gehitu dute.
Lan hauek Uribarri auzoko sarrerako errepidea konpondu ostean hasi behar zituzten. Uribarrin egindako lanak “konplexuak” izan ziren, bide azpiko lurrak mugitu eta errepidea hondoratu zelako. Konponketa horretarako 80.000 euro bideratu zituzten 2025ean.
Pilotalekua, aurrera
Bestalde, Ermitabarriko frontoiko lanak aurrera doaz. Zeberioko Udalak iazko irailean iragarri zuen lan horiek 2025 urtea bukatu baino lehen amaituta egongo zirela ondo bidean, baina langileak bertan ari dira lanean egun hauetan. Udalak 70.000 euro bideratu ditu eraberritze lan sakonak egiteko Ermitabarriko pilotalekuan: “Ermitabarriko pilotalekuko harmailetako atzeko partea sarratu behar dugu, eguraldi txarra egiten duenean bertatik hotza, euria eta haizea sartzen delako”, aurreratu zioten udal ordezkariek GEURIAri 2025eko urtarrilean.
Porlanezko harmailen gainean aulkiak eta hotza isolatzeko panel batzuk ipini gura dituztela zehaztu zuten Udaletik. Gainera, pilotalekuko hormak margotu, sabaiko panel batzuk bere lekuan ipini, markagailuak ezarri eta frontoiko segurtasun elementu batzuk ipintzeko asmoa dagoela gehitu du Zeberioko alkateak.










