Sareak

☉ Zeberio

Jasone Aldekoa: «Euskararen erabilera sustatzeko ezinbestekoak dira, hala nola, hiztun gaituak, inklusioa eta kohesioa»

Azken Inkesta Soziolinguistikoaren datuak aztertu ditugu Jasone Aldekoa zeberioztarrarekin, eta bere hamarkadetako eskarmentutik jorratu du gaia

|

Jasone Aldekoa, eskuman / Geuria

Jasone Aldekoak hamarkadak eman ditu euskararen eta hezkuntzaren bueltan lanean. Esperientzia horretatik abiatuta, azken datuez eta euskarak Hego Uriben bizi duen egoeraz aritu gara.

VII. Inkesta Soziolinguistikoaren Bizkaiko emaitzen arabera lehengo lepotik burua: aurrera euskararen ezagutza mailan, baina trabatuta erabilerari dagokionez. Zein da zure balorazioa?
Euskararen ezagutza ezinbestekoa da erabilera bermatu ahal izateko. Edozein dela hizkuntza, jakin gabe ezin da erabili. Ni horretan Txillardegirekin bat nator: gurean dakienak dakienarekin, dakien guztia erabiltzen du. Edonola ere, bi ñabardura: Lehena, euskararen ezagutza eta ahozko erabilera edo mintza-jarduna, ezin dira bere horretan erkatu. Ezin dugu ahaztu gaitasuna aitortua eta indibiduala izaten dela eta erabileraren neurketak (kale erabileraz ari naiz) behatuak eta kolektiboak. Gainera, garrantzitsua ezagutza eta erabilera indizeen artean dagoen aldea da. Bien arteko alde hori 20 puntutik beherakoa denean, ondo gabiltzan seinale izaten da. Aldea 20 puntu edo gehiagokoa bada, badirudi horrek adierazten duela euskararen normalizazioaren alde ez garela ezer egiten ari, edo gure plan eta programak ez direla espero zen eragina izaten ari. Bigarrena, datu makroak lagungarriak dira politika orokorrak diseinatzeko, baina balorazioak, ebaluazioak eta jarraipenak egiteko egokiagoa izaten da tokian tokiko hiztun-komunitateen emaitzei erreparatzea. Esaterako, Arrigorriagan edo Usansolon, kale erabilerako indizeak ezberdinak dira umeen artean, helduen artean edota gazteen artean.

Gure eskualdera salto eginez, zein da egoera? Eta Zeberiokoa?
Gurea da, isil-isilik diotsut inork zelorik har ez dezan, EAEko eskualderik onena! Zergatik? Bada, Etxebarritik Urduñara eta Galdakaotik Zeanurira doan gure eskualdea zabala bezain anitza delako. Bertan espektro soziolinguistiko osoa dugunez bertako ikastetxe, kultur eragile, erakunde eta udalen arteko funtsezkoak diren harremanak eta elkarlana errazagoak dira, batetik, eta ekimen eta planen arteko osagarritasuna ahalbidetzen da, bestetik. Zeberioko kasuan, Zaratamo, Artea, Zollo, Orozko, Dima edo Zeanurin eta landa eremuko arnasgune ugaritan gertatu den bezalaxe, azken 20 urteotan gizataldeetan emandako premia eta ohitura aldaketek hizkuntza beharrizanak eta hautuak ezberdinak izatera eraman gaitu. Ikus, bestela 2021ean Astikerrek egin zuen Euskal Herriko kohesio diskurtsoen azterketa- ikerketa kualitatiboa. Europan 60ko hamarkadan piztu zen, “small is beautifull” edo txikiaren edertasuna goraipatzen duen kultura-joera, gurera 80ko hamarkadatik aurrera heldu zen. Fenomeno horrek, beste ekarpen askoren artean, hirietako biztanleek herri txikietan bizitzeko aukeraren alde egitea ekarri zuen, eta herrietako hainbat gaztek, bere jaioterrian zerbitzurik eta etxebizitzarik aurkitu ezin eta alboko herrietara edo hirietara mugitu behar izan zuten. Ondorioz, baserri etxeen prezioek gora egin zuten eta, aipatutako herri guztietan etxe bizitza berriak eraiki ziren. Migrazio mota horrek, auzo eta herrietako giza-egituretan nabarmen eragin zuen, eta parez pare bizi-ohituretan, hizkuntza-hautuetan eta gizabanakoen harreman sareetan.

Euskaldunen “aktibazio kolektiboa” sustatzea da helburuetako bat. Zelan lortu daiteke helburu potolo hori?
Gizataldeen mobilizazioak eta ohitura aldaketek ezinbestean denbora behar izaten dute. Helduok, lehenik eta behin, lortu nahi diren helburuak ulertu behar ditugu eta, ondoren, helburu horiek lortzeko prozesuari atxiki behar gatzaizkio. Aktibazioa, bestalde, kolektiboaren kohesioarekin elkarlotuta doa, beraz, beste hainbat elementuz osatuta dago, esaterako, kide izatearen sentimendua, ukipenezko jakintzen transmisioa, eragin iraunkorra eta banakako kideen garrantzia. Gurean, Euskararen Oinarrizko Legea onartu bezain laster, 1982an, euskaltzaleak mobilizatzen hasi ziren eta tokian tokiko elkarteak sortu ziren, asko eta askotarikoak, esaterako, Euskarabila hementxe Basaurin. Euskal kulturari lotutako musika, kirol edo dantza taldeak, tokiko egunkari edo astekariak, tokiko irrati eta telebistak eta hurbileko beste hamaika aipatu daitezke. Iban Izak, ‘Ikastola mugimendua. Dabilen herria. Ikastola eredua 1960-2010’ liburuan dio: “Euskal Herrian inoiz emandako fenomeno kolektiborik handiena bezain garrantzitsuena da ikastolen sorrera eta garapena”.Horien guztien aterki modura sortu zen Euskaltzaleen Topagunea eta Federazioa, tokiko euskara elkarte sareak sortu, koordinatu eta sustatzeko asmoz. Nik dakidala, dagoeneko hirugarren kongresua egin du etengabeko euskal gizartearen nahi, gogo eta beharrizanetara heltzeko euskaltzaleen aktibazioa sustatuz.
Aurrekoaren haritik, BAT Soziolinguistika Aldizkariaren azken zenbakia, 127, 2023 (2) euskara elkarteen aktibazioari buruzko monografikoa da eta bertan ekimen ugariren berri ematen da. Bi hitzetan laburtuz, gurean aktibazio kolektiboa egundokoa izan da. Horrek ez du esan nahi, ordea, aktibazio gune eta moldeak ez direnik garai berrietara egokitu behar. Bestela esanda, zure galderako “helburu potolo”-ari antzina heldu zion euskal gizarteak eta asmo edo helmugak lortu ahala, sasoi berriei erantzuteko hobeto antolatu.

Euskaldun hartzaileen kopurua nabarmen handitu da, batez ere, gazteen artean; eta euskararen aldeko jarrera nagusi da. Hortik abiatuta, zelan eragin gazteen erabileran?
Euskararen erabilera sustatzeko, ezinbestekoak dira hiztun gaituak, baina, aldi berean, oso garrantzitsua da hartzaileek mezua ulertzea, horrek inklusioa, kohesioa eta elkarrekin lan egitea errazten baitu. Esandakoa helduontzat garrantzitsua bada, funtsezkoa da nerabezaroan eta gaztaroan, bizitzako etapa horretan, taldearen atxikimendua eta sendotasuna beste balio eta behar askoren aurretik jartzen baitira. Horregatik, gazteen erabileran eragiteko ikastetxeetan eta herrietan martxan dauden hamaika ekimenetan, motorra euskal hiztun aktiboak izango dira baina beharrezkoak dira euskaldun hartzaileak ere.

Duela 30 urte, hiru euskaldunetik bat errazago aritzen zen euskaraz; orain, bostetik bat. Gehiengoa erdaraz erosoago moldatzen da. Hori litzateke datu kezkagarrienetariko bat?
Bai. Arrazoi duzu. Hain zuzen ere gaur egun, batetik, euskaldunen kopurua duela hogeita hamar urte baino askoz handiagoa delako, eta, bestetik, ingurumarian euskara-gaztelaniaz gain askoz ere erdara gehiago erabiltzen direlako. Aldi berean, duela hogeita hamar urte bezalaxe, hiztunak egiten duen hizkuntza-hautua bere errepertorioko hizkuntza guztiei eta bakoitzari buruz duen gaitasun erlatiboak erabakitzen du hein handi batean. Edonola ere ez dugu ahaztu behar, hiru hamarkadetan euskaldun alfabetatuen kopuruak nabarmenki egin duela gora eta horri esker, idatzizko erabileran, behintzat, emandako igoera agerikoa dela.

Gurasoetako bat bakarrik euskalduna den familien artean, % 54k transmititzen du euskara; gainerako kasuetan, erdara baino ez dute jasotzen haurrek. Guraso biak euskaldunak direnean, biek lehen hizkuntzatzat erdara baldin badute, % 29k gaztelania soilik transmititzen du, eta % 36k, berriz, euskara eta erdara. Zer esaten digu datu horrek? Zein garrantzitsua den familiaren bidezko euskararen transmisioa! Badirudi, etxeko hizkuntzak hiztunaren komunikazio gaitasunean ez ezik, euskararekiko atxikimendu afektiboan ere eragiten duela, ondorioz aldeko jarrera eta giza irudikapenak indartuz.Bizitzaren edozein arlotan gertatzen den kontu bat da, eta gu ez gara salbuespena n normalizazioa hezkuntzan (2000- 2010): Ulibarri programa. Euskarri teorikoa, metodologia eta faktore azalgarriak. Hori izan zen zure tesiaren izena. Ordutik hona zein da bilakaera? Zelan ikusten duzu egungo egoera?

Ulibarri programa epe ertainera eraginkorra dela ikusi genuen orduan. Ulibarri proiektua oso bizia eta zorrotza da. Lau urteko proiektu estrategiko batez gain, ikasturte amaieran baloratzen dituzten urteroko esku-hartze planak garatzen dituzte ikastetxeek. Gainera, urteko plan bakoitzean eskola-elkarteko kide guztiei begirako 20-30 helburu egon daitezke, beste hainbeste jarduera eta esku hartzeko proposamenekin, beraz Ulibarri programaren arduradunek ikasturte osoan irailetik ekainera atsedenik gabe lan egiten dute, “haginak estututa” esaten dugu guk.

Ulibarrik eskatzen duen lanari gogoz, umorez eta aldarte positiboz jarraitzeko eta epe luzeko hizkuntza-plangintzek epe ertainean sor dezaketen nekea eta motibazioa galtzeko arriskua saihesteko egin genuen, hain zuzen ere, zuk aipatutako ikerketa.Irakasle-jendeari sor genion egiten duten lanaren eraginkortasuna neurtzea, nonbait, ikastetxeko kide batzuen mugikortasuna bitarteko dela, egiten den ahaleginaren isla hizkuntza-plangintzako eragileek ikus eta prezia dezaten; ibilbidean azaldutako lorpenek goitik-behera zein behetik-gorako eramoldeetan sorburu duten indarrak motibatzen jarrai ditzaten, eta, bi eramoldeak elkarren osagarriak bihur daitezen.

Edonola ere, eragin hori ezin denez beti begiz jo (hobeto esanda “belarriz” jo), noizean behin neurtu egin behar eta irakasle jendeari lorpenen berri eman. Testuinguru honetan, behetik gorako eramoldeari eusteko eragile taldeen eta kide bakoitzaren garapen kognitiboa, afektiboa eta sozialari egokitutako jarduerak garatzea ezinbestekoa da. Hala nola, ikastetxeko normalkuntza arduradunen, Normalkuntza Batzordeko kideen, klaustroetako irakasleen, ikasle edota gurasoen soziolinguistika, hizkuntza-plangintza, glotodidaktika, kultura eta hizkuntza-gaitasun zehatzetako prestakuntzak eskainiz, hausnarketarako uneak bilatuz eta atxikimendua lortzeko bideak irekiz.

Horretan dihardugu gaur gaurkoz eta adituek eta arituek hizkuntza-plangintzari buruz emandako aholku-gomendioei eutsiz orain arte abian dagoen Ulibarri programari jarraipena ematea komeni dela uste dut.

Izan ere, behin baino gehiagotan ikusi dugu epe luzeko hizkuntza-plangintza sistematizatuek eta zintzotasunez adostuek ikastetxeko kide gehienen artean eragin positiboak agertzen dituztela. Horretarako, orain arte egin denari jarraituz, lau urterik behin egoeraren diagnosia egin eta emaitzen gaineko hausnarketaz gain lorpen eta hutsegiteen balantze kuantitatibo eta kualitatibo sakona egin behar da. Batik bat, hausnarketa horrek berak azalduko dituelako hurrengo planean jorratu beharreko giltzarriak.

Halere, ezin ahaztu Imanol Esnaolak zioen bezala eskolari hiztun normalak heztea dagokiola eta ekosistema osora heltzeko hiru baliabide dituela; hala nola, curriculuma edo jarduera formala, saio osagarriak edo jarduera ez-formala eta, azkenik, jarduera informala. Ulibarri programak hiru eremu nagusi horiek hartzen ditu aintzat, eta programako kide diren ikastetxeek eremu horietan eragiteko helburu eta jarduera zehatzak diseinatzen eta inplementatzen dituzte.

Argian zure hitzak 2013an: “Bost institututako ikasle lagin bat hartu genuen, DBH2koa. Hor ikusi genuen 3-4 hileko interbentzioen ondoren izugarri egiten zuela gora gela barruko euskararen erabilerak”. Hori horrela litzateke gaur egun?
Bai horixe! Esku-hartzeen epe laburreko eraginkortasuna agerikoa da, eta aurreko erantzunean esan bezala ezinbestekoa eragileen motibazioari eusteko. Edonola ere, ikastetxe barruko antolamendu, koordinazio, adostasun eta aurre-prestakuntza eskatzen ditu. Baina, horiek gaindituz gero, emaitzak oso motibagarriak dira bai irakasle-jendearentzat eta baita ere ikasle-jendearentzat. Gainera, lorpen horiek zenbakitan ikusi eta “belarriz jo” daitezke.

Epe ertain-luzeko eraginkortasuna neurtzea, demostratzea eta erakustea egiten zaigu zailagoa. Horretarako baliabideak sortu izan ditu Ulibarri programak, baina eskola-elkartea etengabeko aldaketan dago. Ikasleek ikasturteak gainditu ahala, hurrengo mailetara doaz eta lau urterik behin, gutxienez, eskola-elkarteko kideen % 60ak alde egin du ikastetxetik normala eta naturala denez, lanera edo unibertsitatera joateko.

Errealitate horren aurrean, beste neurketa prozedura batzuk behar ditugu, eta arestian aipatutako Soziolinguistika inkestak ematen dizkigun datuak orokorregiak izaten direnez, derrigorrezko eskolaldiak haur eta gazteen euskalduntzeari egiten dion ekarpena egiaztatzeko, datu espezifikoagoak behar ditugu, eta aldi baterako zehaztuagoak.

Horretarako, beraz, gure eskualdeko Lehen hezkuntzako 4. mailako eta Bigarren Hezkuntzako 2. mailako ikasle guztiek 2019an ISEIk (Irakas Sistema Ebaluatzeko eta Ikertzeko erakundeak) egindako Ebaluazio Diagnostikoko emaitzez baliatuko gara.

Ebaluazio Diagnostikoa urte birik behin EAEko ikastetxe guztietan egiten den zentsu-proba da, bertan ikasleen konpetentzia ezberdinak neurtzen dira, eta hizkuntza komunikazio konpetentzia beti neurtzen da. Beraz, ikastetxeko hizkuntza-plangintzak zuzen bideratzeko edo birbideratzeko gako garrantzitsuak ematen ditu.

Esan bezala, maila horietako ikasle guztiek hartzen dute parte proba horietan eta jakina denez, etxetik euskaldunak direnak, familia hizkuntza erdara dutenek baino, erraztasun gehiago izan edota emaitza hobea jaso dezakete euskarazko proba egitean.

Beraz, familia euskaldunetako ikasleek lortutako emaitzen ondoriozko alborapenak isolatzeko, familia euskaldunetako ikasleak kalkuluetatik kendu eta familia erdaldunetako ikasleen emaitzekin bakarrik geratzen bagara, honako grafiko hau lortuko: Etxetik erdaldunak direnen 2019ko Ebaluazio Diagnostikoko euskarazko proban lortutako emaitzak.

☉ Zeberio

Liztor asiarren habi kopuruak “modu kezkagarrian” egin du gora Zeberion azken bi urteetan

Aitziber Mendibil erlezain zeberioztarraren arabera, “jendearen interes faltak” liztor asiarraren habiak herriko zuhaitzetara ekarri ditu bueltan azken urteetan

|

Liztor asiarren habi bat, Ugaon // Geuria

Liztor asiarrek Hego Uriben eta Bizkaia mailan gero eta presentzia handiagoa dutela jakina da. GEURIAn iazko maiatzean Berdez Bizi elkarte galdakoztarraren inguruko elkarrizketan azaldu bezala, Asiako liztorra 2004 urtean iritsi zen Europara. Itsasontzi batek Vespa Velutina espezieko erregina batzuk ekarri zituen Frantziako hego-mendebaldeko kostaldera eta urtez urtez hedatu dira.

Hego Uribe eskualdean eta Zeberioko kasuan bereziki azken urteetan azaleratu zen asiako liztorren mehatxua. 2018an habi pilo bat agertu ziren Zeberion eta horrek herritarren kezkak piztu zituen. Urte hartan, Koldo Velasco, Unai Larrabide eta Aitziber Mendibil erlezainak elkartu eta habi kopuru hori murrizteko tranpak ezartzeko kanpaina abiarazi zuten: “Liztorrak harrapatu, sailkatu eta jarraipena egiten dugu tranpen bidez”, azaldu du Aitziberrek. Ekimenak harrera ona izan zuen eta urte hartatik aurrera urtero antolatu zuten Gorbeialdeko hainbat udalerritan.

Liztor bat // Jon Goikouria Larrabeiti

Aldaketa klimatikoak eragindako beroaren ondorioz, intsektu hauek neguan bertan ikusten hasi gara eskualdean, bereziki ura dagoen zonaldean, Kantauri isurialdean bereziki: “Ugaotik Nerbioi ibaia igarotzen da eta ibilguan habi pilo bat atzeman dira azken urteetan. Zeberion izen bereko erreka dago eta gauza bera gertatzen da”, dio Mendibilek. 2018 eta 2023 bitartean 137 habi topatu dituzte Zeberioko lurretan Opendata Bizkaia webgunearen arabera.

2018 eta 2023 bitartean 137 habi topatu dituzte Zeberioko lurretan

2018an kokatu zituzten tranpek eragin zuzena izan zuten eta 2019tik 2021era bitartean: 2018an 29 habi topatu zituzten, baina 2019an eta 2020an 19ra jaitsi zen kopurua. Hau da, habien kopuruak % 34,5eko beherakada jasan zuen. Urte hartatik  aurrera, habi kopurua, astiro-astiro gora egiten hasi zen berriro: 2021ean 20 habi topatu zituzten, 2022an 24 eta iaz 26.

“Jendeak liztor asiarrei tranpak jartzeko saioetara joateari utzi dio, espezie inbaditzaile honekin bizitzera ohitu garelako”, dio Mendibilek. Liztorren bizitza zikloa urte batekoa da. Neguan habiak desaktibatzen dira, baina erreginak lurpean, arrakaletan… ezkutatu egiten dira.

Tenperatura epelak itzultzen direnean (lehen udaberrian, orain gero eta lehenago) esnatu egiten dira, ziklo berria hasiz: “Negua bukatzean izan ohi da tranpak ezartzeko momentu aproposena”, azaldu du Aitziberrek. “Liztorrei presioa egiteko modu eraginkorra da eta habiak murrizteko prozedura eraginkorra da. Hala ere, Vespa Velutina geratzeko heldu da hona”.

Liztor asiarren habi bat // Geuria

Aitziberren arabera, liztorren kanpainetako parte-hartzetan dago arazo nagusia: “Urteek aurrera egin ahala, Zeberion gero eta jende gutxiagok hartzen du parte liztorren inguruko hitzaldietan eta tranpa gutxiago jartzen direnez, habiak herriko zuhaitzetara itzuli dira”.

Erle gutxiago, bizitza gutxiago

Habi gehiago egoteak liztor asiar gehiago egotea esan nahi du. Liztor asiarrek, areriorik gabeko espezie inbaditzaileak diren heinean, erle autoktonoak hil egiten dituzte. National Geographicen arabera, erleak planeta mantentzeko gakoak dira: “Albert Einsteinek zioen gizakiak lau urtez biziraungo lukeela erleak planetatik desagertuko balira”, azaldu dute natura aldizkaritik, eta lurrak bioaniztasun itzela galduko zuela azaldu dute: “Gizakiok elikadura eta ekonomia krisi itzelak pairatuko genituzke”.

Esparru honetan polinizazioak garrantzi itzela du: erleek polena garraiatzen dute loreen artean eta ondorioz, landareek haziak eta frutak sor ditzakete. Erlerik gabe, haizeak garraiatuko luke polena landarez landare.

“Liztorren arazoa herritarrei komunikatu behar zaie ekosistemen alde eta baita erlezainak laguntzeko ere”, dio Mendibilek: “erlezain barik ez dago erlerik. Gaur egun ez dago erle basatirik: lehen gaztainondoen enborretan topa genitzakeen Apis mellifera espezietako erleak (eztia produzitzen dituztenak)”.

Osorik irakurri

☉ Zeberio

Etxeko suteak ekiditeko hitzaldia antolatu dute Zeberioko Santa Kurtzen

Saioa otsailaren 17an antolatu dute Santa Kurtzen, 12:00etan

|

Sutea Uriondo auzoan // Geuria

Otsailaren 17an, zapatua, suteen prebentziorako Jagon daiguzan gure etxeak! izeneko hitzaldia eskainiko dute 12:00etan. Formazio saio txiki hau Zeberioko Udalak antolatu du eta eguraldiak txarrera egiten badu lekuz aldatu daitekeela azaldu dute.

Formazio saio honen helburua auzotarrei etxeko suteen aurrean modu egokian jardutea da. Horregatik, zapatuko saioan ur hartuneen eta kutxen kokapenaz eta suteen kontrako materialeaz mintzatuko dira eta erabileraren inguruko azalpen praktikoak egingo dituzte, besteak beste.

Gorka Idirin, suhiltzailea: «Gu laguntzera ez da inor etorriko»

Osorik irakurri

☉ Zeberio

Zeberioko Taberna Zaharrak eta Ermitabarri apartamentuek Errotik proiektuan parte hartuko dute

Proiektu honen bidez, Gorbeialdek hizkuntza kudeaketa esparruko doako zerbitzua emango die Ermitabarriko lehen sektoreko ekoizleei eta turismoko establezimenduei

|

Ermitabarri auzoa 2022an // Geuria

Gorbeialde Landa Garapeneko Elkarteak Errotik izeneko euskara sustatzeko proiektua martxan ipini du, Arratiako eta Hego Nerbioiko landa eremuan eta turismoan euskararen erabilera sustatzeko helburuarekin. Ekimen honen bidez, Gorbeialdek doako zerbitzua emango die lehen sektoreko ekoizleei zein turismoko establezimenduei.

Zeberiori dagokionez, Ermitabarriko negozio bik izena eman dute izena Errotik-en: Taberna Zaharrak eta Ermitabarri apartamentuak. Gorbeialde elkartearen arabera, Landa eremuan dauden hainbat enpresetan hutsunea dago. “Izan ere, Arratia Nerbioi eremu euskalduna da, baina turismoaren eremuko establezimendu askotan zein lehen sektoreko ekoizle askok ez dute maiz euskararen presentzia bermatzen”. Ondorioz, turismoko zein landa eremuko enpresa askotan eskualdeko errealitate linguistikoaren islarik ez dela ikusten azaldu dute Gorbeialdetik: “Horregatik erabaki dugu hizkuntza kudeaketaren eremuan eragiten hastea”.

“Arratia Nerbioi eremu euskalduna da, baina turismoaren eremuko establezimendu askotan zein lehen sektoreko ekoizle askok ez dute maiz euskararen presentzia bermatzen”

2022tik lanean

Errotik proiektua 2022an jaio zen, Arratiako arlo sozioekonomikoan euskara sustatzen duen eusGara zerbitzuak Gorbeialde elkartearekin elkarlanean, eta bi hotelekin lan egiten hasi ziren bezeroei ematen zaizkien eskuorriak itzuliz, menuak euskaratuz, hizkuntza paisaian eraginez, sare sozialetan euskararen presentzia bermatuz… Lanketak emaitza ona izan zuen eta bertatik jaio zen Errotik. EusGararen eragin eremua industria arloko enpresetara mugatzen da baina, eta horregatik Gorbeialdek Foru Aldundira jo zuen finantzazio bila eta Ahize-AEK hizkuntza aholkularitzarengana zerbitzu teknikoa jasotzeko. Emaitza modura, itzulpenak, hizkuntza aholkularitza, trebakuntza saioak, hizkuntza ohituretan eragiteko laguntza, diru-laguntzen kudeaketa… jasoko dute.

Hego Uribe eskualdetik harago, Hikei, Areatza hotela, Ubideko Herriko taberna, Etxegorri ostatua, Artiñano etxea, Zuhaitz Etxeak, Etxegana hotel & spa, Urduña museoa eta Askibil gaztandegiak eman dute momentura arte izena Bizkaiko Foru Aldundiak finantzatutako proiektu honetan.

Osorik irakurri

☉ Zeberio

Egun osoko irteera antolatu dute Austarri Mendi Taldeko zeberioztarrek Ubal mendilerrora

11,5 kmko ibilbidea egingo dute mendizaleek otsailaren 18an. Gainera, Kuxkuxeroaren kobazuloa bisitatzeko aukera izango dute

|

Ikuspegia, Peña del Moro tontorretik // Mendiak.eus

Zeberioko Austarri Mendi Taldekoek egun osoko irteera prestatu dute otsailaren 18an Ubal mendilerrora (Karrantza).

Igoera Lanestosatik hasiko dute (289 mt) eta hortik Peña del Morora zuzenean: “Peña del Moro Karrantzako mendebaldean dagoen mendia da, Bizkaia eta Kantabria artean kokatutakoa. Honen ekialdean Peña del Mazo dugu eta tontorrak 818 metrokoa da”, azaldu dute mendi taldetik. Peña del Morotik Ramalesera jarraituko dute mendizaleek (95 mt). 11,5 kmko ibilbidea izango da guztira eta mendizaleek, gainera,  Kuxkuxeroaren kobazuloa bisitatzeko aukera izango dute.

Irteera otsailaren 18an egingo dute 08:00etan, Zeberioko plazan. Irteeran izena emateko azken eguna otsailaren 15a izango da eta hiru modutan egin daiteke: mendi taldearen lokalean (barikuetan 20:00etatik 21:00ak arte), austarrimenditaldea@gmail.com helbidera idatziz edo 665 735 054656 415 597 telefono zenbakietara deituz. Bazkideentzako prezioa 8 eta 4 eurokoa izango da (helduak eta haurrak) eta gainontzekoek 10 eta 5 euro ordaindu beharko dituzte.

Osorik irakurri

☉ Zeberio

Zeberioko karnabalek euskaldunen inguruko historia-ikuskizuna ekarriko dute barikuan eskolara

Karnabalak goizean goiz hasiko dira otsailaren 9an, Zubialde eskolan, haurrek ‘Txapela buruan eta ibili munduan’ proiektuarekin egindako lanketagaz. Arrasti aldera, herriko elkarteek hainbat jarduera prestatu dituzte herriko plazan

|

Gaurkotasun programako frame bat // Zubialde eskola

Aurtengo karnabalek menu berezia ekarriko dute Zeberiora otsailaren 9an, bai Zubialde eskolara, bai herriko plazara.

Eskolari dagokionez, esan daiteke aurreko urteetako gaiei begira urrats berri bat eman dutela Zeberiokoek. Aurtengo proiektua Txapela buruan eta ibili munduan da eta eskolako ziklo guztiek horren inguruko lanketa egin dute. Nuria Korta zuzendariak GEURIAri azaldu lez, “sekulako montajea” izango da eta kronologia bat jarraituz euskaldunak Ternuara joan zireneko edo esku-pilota eta zesta punta ameriketara eraman zuteneko gaiak jorratuko dituzte istorioen bidez.

Zeberiotik mundura

Hirugarren zikloko ikasleen aurtengo gaia geografia izan da eta kazetaritzarekin uztartu dute. Horrela, ‘Zeberio Barri: behar duzun informazioa’ izeneko albistegi edo gaur egungo gaien inguruko formatuko proposamena landu dute, hiru esatarik aurkeztuta (kazetari lantalde eta guzti): “Ikasleek gaurkotasun gaien inguruko telebista saio bat grabatu dute eskolan eta Canva programarekin editatu dute”, gehitu du Nuriak. Gaur eguneko gaien artean Korrikako prentsaurrekoa New Yorken, Japoniako Michelin sariak, eta Palestinako Gatazka kubrituko dituzte besteak beste, eta Australiako surflarien eta Keniaren inguruko erreportajea erakutsiko dizkiete ere ikusentzuleei. Bideoa eskolan bertan proiektatuko dute gainontzeko ikasleen aurrean.

Nuria Korta: “Ikasleek gaurkotasun gaien inguruko telebista saio bat grabatu dute eskolan eta Canva programarekin editatu dute”

Baina hori ez da dena; arrasti aldera karnabalak Zubialdeko plazara eramango dituzte. Bertako jarduerak Austarri Kultur Elkartearen, Txubelasu Guraso Elkartearen eta Zeberioko Gazte Elkartearen elkarlanaren emaitza izan dira, Udalaren babesagaz.

18:00etatik aurrera txokolate-jana, dantza-plaza eta futbolin txapelketako finala jokatuko dute. Karnabal egunari amaiera emateko DJ Matxinadaren musika saioa egingo dute.

Zeberioko karnabalak Zubialde eskolan, 2021ean // Geuria

Egitaraua | Zeberioko karnabalak 2024

18:00 Txokolate-jana
19:00 Dantza-plaza
19:30 Futbolin Txapelketako finala
20:15 DJ Matxinada

Osorik irakurri