☉ Zeberio
Miren Beltran eta Ainhize Egiguren: «Rol ereduak hautsi ditugu eta emaitzak astiro-astiro ikusarazi izan dira»
Banandu zenetik, Miren Beltranek bere familiaren ardura guztia hartu zuen. Feminismoaz eta rol ereduez mintzatu gara berarekin eta Ainhize alabarekin
Iazko abenduaren 22an Emakume taldea sortzeko lehen urratsa eman zuten Zeberion, eskola zaharrean egindako bilera batean. Partaideen artean zen Miren Beltrán zeberioztarra, eta topaketa hura aitzakia modura hartuta, feminismoaz modu irekian berba egiteko elkartu gara berarekin eta Ainhize Egiguren alabarekin.
Zeberioko emakumeen taldea sortu zuten iazko abenduan. Bertan parte hartu zenuten?
Miren Beltrán: Kasu honetan nik bakarrik hartu nuen parte. Nire ustez berdintasunerantz doan gizarte bat eraikitzeko benetan garrantzitsua da era honetako talde edo ekimenetan parte hartzea, herrian bertan ditugun beharrizanak kontuan hartuta.
Nolako egoera bizi duzue Zeberioko emakumeek gaur egun?
M.B: Ikuspuntuaren arabera: hazkuntzari dagokionez, herriak eskaintzen duen mugikortasun aukerak urriak eta deserosoak dira. Bestalde, jarduera ugari eskaintzen dituzte Udaletik baina ez guztiak, eta horrek hainbat arazo ekartzen dizkie gu bezalako herritarrei: arratsaldeetan bidaia ugari egiten ditugu haurrak eskolaz kanpoko jardueretara eraman ahal izateko. Gure kasuan, desplazamendu horiek Ugaora egiten ditugu gehienbat.
Arazo hau ez da berria baina.
Ez. Pediatra ere Ugaon daukagu eta eskualdeko zonalde horren “menpe” bizi gara eguneroko bizitza egin ahal izateko.
Eta berdintasunaren esparruan, nolakoa da Zeberio emakumeentzat?
Ainhize Egiguren: Nik uste dut genero bakoitzaren rolek bereizita egoten jarraitzen dutela gaur egun. Emakumeok herrian mugitzeko beharra dugun heinean, oraindik ere eredu batzuk errepikatzen direla ikusten da argi eta garbi. Arin batean ikus daiteke nor arduratzen den umeen zainketaz gehienetan eta nor gelditzen den bigarren plano batean, aldi berean. Herriko tabernetara joatean ikusten da nor dagoen tragoak hartzen eta nor etxean bazkaria jartzen edo haurrak zaintzen. Ikuspegi hau orokorra da, baina egia da joera horrek hor egoten jarraitzen duela.
M.B: Egia da salbuespenak salbuespen eredu horiek apurtzen dituzten herritarrak ere badaudela, zorionez. Aldi berean, Zeberio landa-eremuko herria izanik, badira nekazaritzan behar handia egiten duten belaunaldi ezberdinetako emakume asko. Baina horrek ez du esan nahi Ainhizek azaldutako eredu horiek zoritxarrez ikusten ez direnik ere; emakume nagusiek bizi dituzte egoera horiek bereziki.
Zuek, emakumeak izanik, era horretako esperientziarik bizi izan duzue zuzenean?
M.B: Gure kasua berezi samarra da. Nik uste dut tradizioak sortutako egoera hori apurtzen duela. Duela hamar urte banandu nintzen eta gurasobakar lez hazi ditut nire seme-alabak. Egoera horren ondorioz nik neuk egiten ditut etxeko betebehar guztiak: janaria prestatu, egurra lortu, umeak hazi, mozorroak prestatu, gauzak konpondu… Ni bezalako emakume gehiago daude Zeberion eta gai dira era horrelako lan maskulinizatuak egiteko, inolako zalantza barik.
“Herriko tabernetara joatean ikusten da nor dagoen tragotan eta nor etxean, bazkaria egiten eta haurrekin”
Eta nola uste duzue ikusten dutela zeberioztarrek moldeak hausten dituen zuen eredu hau?
M.B: Ni, egia esateko, oso maitatua eta aintzatetsia sentitu izan naiz herri honetan betidanik, orokorrean. Jendeak badaki nik neuk hazi ditudala nire seme-alabak herriko baserri batean.
A.E: Nik beti ikusi izan dut errespetu handia amarenganako. Seme-alaben hazkuntzaz berba egin izan denean errespetu handiz hitz egin da amaren kasuaz.
M.B: Ereduak hautsi ditugu eta emaitzak astiro-astiro ikusarazi izan dira egunero eta hori herritarren jarreretan islatu da denboraren poderioz.
Joan den abenduko bilerara bueltatuz, zer nolako balorazioa egingo zenukete lehen saioaren inguruan?
M.B: Elkartzea, berba egitea eta bereziki gertatzen zaigun horrekin zelan sentitzen garen normalizatzea ondo dago beti. Lan asko dago egiteko oraindik eta orokorrean denbora faltagatik gertatu ohi da hau: era honetako topaketetan taldean falta diren emakumeak ez daude bertan egon nahi ez dutelako; bertan egoteko denborarik ez dutelako baizik. Nor arduratuko da haurrak zaintzeaz bilerara goazen bitartean? Nire seme-alaben kasuan gaur egun independentzia maila handiagoa dute, baina txikiagoak direnean dependentzia maila 24 ordukoa izan ohi da eta zainketa-ardura horiek era honetako topaketetan parte-hartzea asko zailtzen dute. Eta are gehiago, haurrak zaintzetik adineko pertsonak zaintzera igarotzen gara emakume asko, “goranzko zainketa” deritzona, alegia. Eta noren ardura izan ohi da hori? Ezetz asmatu? Adin ertaineko emakume batena, orokorrean. Zainketa ezberdinen etengabeko prozesuan murgilduta bizi gara eta gure lan-denbora zein denbora pertsonala hirugarren pertsonen beharrizanen arabera antolatzen dugu.
A.E: Zainketa horien eredu toxikoak benetan barneratuta dituzte emakume asko. Hainbeste ezen ez baitira gai hirugarren pertsonen esku uzteko. Adibide modura, ez dira gai egun batean lagunekin batera zinemara joateko: “Norekin geratuko dira haurrak orduan?”, pentsatzen dute askotan.
Nolakoa da Zeberioko Udalak egiten duen lana feminismoan enfokatuta?
M.B Ahal duen beste egiten duela uste dut. Baina arazo nagusia da gizarteak kultura-kontzientzia faltan duela. Herritarrek jasotzen duten moduan, hain zuzen ere. Hala ere, hau ez da Zeberiok duen arazo bat, edozein lekutan gertatzen da. Emakumeen taldearekin jarraituz, sortu egin den espazio seguru hori mistoa ez bada, “kanpoan” geratzen diren pertsona horietako askok ez dute egoera ulertzen. Horri guztiari, feminismoak duen ahalduntzearen inguruko estigma gehitu behar zaio: “emakumeak ahalduntzen badira ez dute nire parte izaten jarraituko” dioena, alegia. Horren guztiaren atzean beldurra bakarrik dago.
Eta feminismoaren estigmarekiko beldurra badago, zer esan LGTBIQ+ kolektiboari buruz.
M.B: Hala da. Hala ere, ni neu LGTBIQ+ kolektiboaren parte naiz modu irekian eta esan behar dut Zeberion betidanik izan dudala tratu ona herritarren partetik, agian denok elkar ezagutzen dugulako. Baina beste mota bateko egoerak edo beldurrak bizi izan ditugu, bereziki haurtzaroan edo gaztaroan gertatu direnak. Hau iraganean bezala mantendu den zerbait da, zoritxarrez.
A.E: Niri txikitan gertatu zitzaidan eskolan, txikia nintzenean.
M.B: Lehen esan bezala, guk eredu asko hautsi ditugu: komunitatean bizi gara, lesbiana bikote batekin bizi izan gara, ni neu bisexuala naiz eta Ainhize lesbiana da. Testuinguru nahiko alternatiboan bizi izan gara eredu cis-heteropatriarkalak hautsiz. Horrek eragina izan du gizarteak gu ikusteko orduan (modu negatiboan), bereziki haurtzaro edo gaztaroan.
Ama eta alaba zarete. Nola bizi izan duzue feminismoa zuen haurtzaroan oinarrituz? Gauzak aldatu egin al dira?
M.B: Soinekoak gorroto nituen eta arropa niretzat trauma izan zen haurtzaroan. Iturrietara, kaniketara eta zuhaitzetan gora egitera jolastea maite nuen. “Marimacho” esaten zidaten. Ainhizek ez du horrelako arazorik bizi izan, baina bai rol-ereduekin: neska izanik, era bateko jolasetan aritu behar da eta eredu horretatik ezin da irten. Hala dio gizarteak. Mugak gaindituz, marimachoaren mamua bueltatu egiten da. Hala ere, bai eskolan eta bai herritarren etxeetan kontzientzia gehiago dagoela.
☉ Zeberio
San Antonio eguna ospatuko dute Zeberioko Barañao auzoan
12:00etan meza santua egingo dute eta jarraian luntxa prestatuko diete bertara hurbilduko direnei
Urtarrilaren 17an, bariku honetan, San Antonioak ospatuko dituzte Zeberioko Barañao auzoan.
Zeberioko auzo txikietan egiten duten lez, 12:00etan meza santua egingo dute eta jarraian luntxa prestatuko diete bertara hurbilduko direnei.
☉ Zeberio
Zeberioko gazteek irteera antolatu dute sagardotegira martxoan
Irteeran izena emateko azken eguna urtarrilaren 19a izango da
Martxoaren 15ean irteera antolatu dute Zeberioko gazteek. Izena emateko azken eguna urtarrilaren 19a izango da.
“Aurten be sagardotegireko irteera preparau gurean gabiz. Badakigu ondiño ezkabizela informaziño asko emoten baia gauzek aurreratu ahala joango gara dana eguneratuten”, azaldu dute Zeberioko taldetik.
Parte hartu nahi dutenek modu bitan ipini daitezke harremanetan elkartearekin: 667 841 838 telefono zenbakira deituz edo instagrameko kontuaren mezularitza zerbitzua erabiliz. “Animau!! Igez itzelezko egune pasau gendun eta!!”.
☉ Zeberio
Gorka Perez: «Mendiko artzaintza galtzen ari da eta han behar dira, hain zuzen ere, txakurrak»
Artzain txakurrak trebatzea maite du Gorka Perez Olabarrik, eta praktika horren garapenaren inguruan berba egiteko elkartu gara beragaz Undurragako lurretan
Gure mendietan gero eta artzain gutxiago ikusten ditugu. Gainbeheran dagoen ogibidea da. Urteek aurrera egin ahala, ardiak menditik jaitsi eta betidanik ezagutu den artzaintza estentsiboak indarra galdu eta intentsiborako joera nabarmentzen ari dela azaldu du Gorka Perez Olabarrik (Zeberio, 1986). Eta egia da: gero eta sarriago ikusten ditugu ardiak nabe handietan edo etxe ondoan, belarra jaten, inguruak “garbitzen”.
Artzainekin batera artzain-txakurrak daude, eta beren lana ezinbestekoa da ardiak edo ganadua leku batetik bestera eramateko orduan. Orduan, mendietatik urrun, non gelditu da txakur hauek hainbeste urteetan zehar eskainitako laguntza? Gorkak txikitatik ezagutu ditu artzainen lagun fidelen mendiko lanak. Egun batez bada ere, beragaz, Pintxogaz eta artaldexo bategaz izan gara Zeberioko azken auzoan.
Nondik datorkizu txakurrak trebatzeko zaletasun hau, Gorka? Txikitan baserri inguruan ibiltzen nintzen. Bertan, Undurragan, artzain zaharrak egon ohi ziren eta horiekin ematen nuen denbora. Hor sortu nuen artzain txakurrak trebatzeko lotura. Lehen aldian txakur bat ekarri nuen etxera, ondoren ardiak jarri genituen eta zaletasun hura pizten hasi zen, astiro-astiro.
Edozein txakur prestatu daiteke ardiekin lan egiteko? Txakur arraza jakin batzuk daude ardiekin lan egiteko, baina hortik harago garrantzitsuagoa da la hori burutzeko instintua edukitzea. Gaur egun arrazak garatuta daude eta Border Colliea, Euskal artzain txakurra, Gos d’atura (kataluniarra), Kelpie australiarra… asko dira lan egiteko balio dutenak.
Txakur hauek arreorako erabili egiten dira; ez dira guardiarakoak. Hori da. Ardiak kontrolatzeko, ganadua landa batetik beste batera eroateko, transhumantziarako… lan egiten dutenak dira arreokoak. Guardiarako mastinak bezalako txakurrak erabili ohi dira, esaterako.
Nola aukeratu egiten da artzaintzarako txakur bat? Lehenik eta behin txakurra zertarako erabiliko den jakin behar da. Ardiekin lan egiteko mugatzen bada jarduera arraza garatuena Border Colliea da. Euskal artzain txakurra ere badago kategoria horretan, baina malgutasun handiagoa dauka azken honek eta gainontzeko ganaduarekin lan egiteko balio du ere. Lanaren arabera aukeratuko dugu trebatu beharreko txakur arraza. Border Colliearen kasuan, bere espezialitatea inguraketa lanak egitean datza, esaterako, baina aldi berean oso animalia delikatuak izan ohi dira: zaratak daudenean txakur oso sentsibleak dira.
Gorka Perez: “Txakurkume bat aukeratzen denean loterian jokatzea bezalakoa da”
Kontuan hartu beharreko beste faktore bat aukeratutako txakurraren jatorria da: gurasoak nortzuk diren, alegia. Iraganean artzaintzaren munduan lan egin izan badute berme handiagoa du kumeak esparru horretan lan egiteko. Eta txakurtxoa zaletasun horrekin jaiotzea benetan garrantzitsua da. Hala ere, txakurkume bat aukeratzen denean loterian jokatzea bezalakoa da. Beraz, guri dagokigunez garrantzitsuena animaliaren arbasoek izandako gurutzaketen berri izatea da.
Lehen instintua aipatu duzu artzaintzarako txakur batek izan behar dituen ezaugarrien artean. Eta hezitzailearekiko lotura? Animaliak lotura bat izan behar du bere hezitzailearekin. Horregatik obedientzia lantzeak inportantzia handia dauka. Behin garatuta, ardiak gehitu egiten zaizkio entrenamenduetan.
Nolakoa da hezitzaile batek txakur bat behar bezala trebatzeko prozesua? Txakurra lehen bizpahiru hilabeteak bete dituela banatzen da amarengatik. Garrantzitsua da ulertzea nork ematen dion jaten, nork eramaten duen paseoan, nor den etxeko ‘jabea’… Lotura horrek indarra hartzen du egunek aurrera egiten duten heinean. Oinarrizko obedientzia hori landuta dagoenean ardiak gehitzen zaizkio entrenamendu saioei. Hasiera batean agian kontaktu bisuala landu beharko du animaliak ardiekin eta espazio baten barruan babestuta egon beharko dira, egoera arriskutsuak eta estresa ekiditeko. Denborak aurrera egin ahala askatasun handiagoa ematen zaio txakurrari. Ardiekin obedientzia landuta txakurraren kontrola lortzen dugu. Eman beharreko hurrengo pausua agindu jakin batzuk lantzea izango da.
Denbora asko behar da txakur bat behar bezala hezteko? Artzainak eskatzen dionaren arabera, egia esan. Baina esan genezake, orokorrean, prozesuak normalean urtebeteko iraupena izan ohi duela, gutxi gorabehera. Urte eta erdiko txakur batek ardiekin lan egin ez badu gerora zaila da adin horrekin behar horietarako trebatzea.
Eta artzaintzan lan egiten duen txakur bat arraza garbikoa izatea inportantea da? Ez du zertan izan beharrik. Adibide modura, Border Collie eta Euskal artzainen arteko nahasketek emaitza oso onak izan ohi dituzte. Baina egia da arraza garbiko txakurrek berme hori ematen dutelaren ospea dutela.
Gero eta artzain gutxiago ikusten dira gure mendietan, baina kontraesankorra badirudi ere Hego Uribeko herri askotako jaietan artzain txakurren ikuskizun ugari egiten dituzte oraindik. Zergatik da hau? Zaletasun handia daukan mundua da, ezbairik gabe. Eskualdean eta baita eskualdetik kanpo ere! Hor dago ere Oñatin urtero egiten den nazioarteko artzain txakurren txapelketa, Euskadiko eta Bizkaiko txapelketak… lehiaketa ugari antolatzen dira inguruan eta ez bakarrik txakur artzainen ingurukoak; euskal artzain txakurren arteko txapelketak eta arraza libreko lehiaketak ere antolatzen dituzte. Urtez urte ere artzainen belaunaldi aldaketa ikusten da eta zaletasuna gogor mantentzen dela esan daiteke.
Gorka Perez: “Lan hau ogibide modura duten pertsona bi egongo dira Euskadi osoan”
Eta horren haritik artzain txakurrak hezteko negoziorik al dago? Oso gutxi. Lan hau ogibide modura duten pertsona bi egongo dira Euskadin. Eskari gutxi daukan zaletasuna da eta txakur hauek egunerokotasunean behar dituen artzainak bere kabuz hezten ditu txikitatik. Baina egoera zuk zeuk azaldu duzu: mendiko artzaintza galtzen dabil eta mendian behar dira txakurrak. Artzaintza estentsiboa galtzeko joera ematen ari da azken urteetan eta horren ordez intentsiboaren norabidea hartzen ari da, baserri formatura: ardiak azpiegituretan ikusten hasi gara, nabeetan. Bertan, txakurren lana ez da hain beharrezkoa.
Hezitzaile modura, zein esparrutan hezten dituzu zure txakurrak? Obedientziaren esparruan: paseoren bat ematen badut nire alboan egoteko eta bereziki ardiekin egoteko. Nire txakurren lana ardietan zentratzen da.
Lana ematen dute ardiek gaur egun hemen, Zeberion? Bai, egunero egin behar da ezer beraiekin: landaz aldatu, txertoak ipintzeko leku zehatz batean ipini behar da artaldea, ardiak kontatzeko banan-banan igaro behar dira leku jakin batetik… hori guztia txakurraren lana da. Txakur barik lan hori egiteko denbora hiru aldiz biderkatuko litzateke.
Non egiten dituzu trebaketa saioak? Etxean bertan. Duela urte batzuk Nafarroara joan nintzen praktika honen inguruko ezagutzak jasotzera. Garai hartan beste txakur bat neukan eta Border Collien inguruko Britainiatik zetorren metodo bat ikastera joan nintzen Nafarroara. Hala ere, nire txakurrak nik neuk hezi izan ditut.
Nola ikusten duzu artzain txakurren lanaren etorkizuna? Zail, ez dizut kontrakoa esango. Gero eta oztopo gehiago ipintzen dizkiete artzainei eta txakurrei esparru estentsiboan. Apurka-apurka, artzain txakurren lana menditik etxe ondoetara mugatzen ari da, arrazoi batengatik: etxeko lurrak garbi mantentzeko. Azken batean, lursailean artalde ertain edo handiak dituenak txakurra behar du ardiak landa eremu batetik bestera mugitzeko.
☉ Zeberio
Aerosorgailu parke bat ipini gura du ‘Feroskana Parke Eolikoa’ proiektuak Zeberioko Mandoian
Bost aerosorgailu Zeberioko lurretan ipini gura dituzte, eta bat Bedia udalerrian. Aurtengo apirila-maiatza aldera, proiektua jendaurrean aurkezteko epea zabalduko dute
‘Feroskana Parke Eolikoa’ Ferosca Wind (Delta Power) enpresaren proiektua da. Horren arabera, 27 MWko sei aerosorgailuz osatutako parke eolikoa ipini gura dute Mandoia kordalean: bost Zeberio aldean eta bat Bedia udalerrian. Aerosorgailu bakoitzak 4,7 MWko potentzia izango luke.
Zeberioko Udalak argitaratu duen dokumentu baten arabera, proiektu hau 2023ko abenduan jaio zen. Urte hartan parke eolikoa sortu ahal izateko lehen eskaria egin zuen Ferosca Windek eta 2024ko urtarrilean eskumen izapidearen ebazpena egin zuten.
2024ko uztailean, enpresak Aurretiazko Administrazio Baimenaren (LMA) eta Ingurumen Inpaktuaren Adierazpenaren (HIA) eskaera aurkeztu zuen Industriako Bizkaiko Lurralde Bulegoan.
Aurtengo apirila-maiatza aldera, proiektua jendaurrean aurkezteko epea zabalduko dute, 30 egunekoa, informazioa publikoa izan dadin eta enpresa eskatzaileak (Ferosca Windek) aurkeztutako ingurumen-inpaktuaren azterlanaren gehigarria aztertu ahal izateko. Azaroan bertan ingurumen-inpaktuaren adierazpenari buruzko ebazpena egingo dute.
Aerosorgailuak EAEn
Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako mendietan lau parke eoliko daude gaur egun, horien artean Oiz mendian eraikitakoa. Bizkaian Enkarterrietako guneak jasango du eragin handiena, bertako itsasertzeko mendiguneetan hainbat zonalde identifikatu dituztelako. Gipuzkoan, herrialde osoan daude instalazio eolikoak jartzeko kokalekuak, oro har.
Aerosorgailu baten batez besteko ahalmen elektrikoa bizpahiru megawattekoa (MW) da. Horri esker, urtean 6 milioi kilowatt orduko (kwh) elektrizitate ekoiztu ditzake. Etxe batek urtean 3.500 kWh kontsumitzen ditu batazbesteko, hau da, 400 megawatt orduko gutxi gorabehera.
Urtean 6 milioi KWh elektrizitate ekoiztu dezake aerosorgailu batek. Etxe batek 3.500 kWh kontsumitzen ditu urtero (400 MW orduko, gutxi gorabehera)
Siemens Gamesa enpresak, esaterako 4,7 MW potentziako aerosorgailuak sortzen ditu. Haize baxuko guneetarako bereziki diseinatutako turbinen garapena bultzada garrantzitsua da onshore energia eolikoaren garapenerako, baliabide eoliko handiko kokalekuak mugatuagoak diren merkatu helduetan. Errotoreen tamaina handitzean, turbinak energia gehiago ekoizteko gai dira, eta, horrela, haien gaitasun- edo erabilera-faktorea handitzen da”.
☉ Zeberio
Argazkiak / Mela-mela eginda heldu dira Olentzero, Mari Domingi eta Napo Zeberiora
Azken orduko eguraldi txarra dela eta, Ermitabarritik Zubialdera egin beharreko errege bideko ibilbidea bertan behera utzi eta horren ordez, haurreskolatik Zubialdeko aterperainoko paseoa egin dute
Blai eginda baina osorik iritsi dira Olentzero eta Mari Domingi Zeberiora, opariz betetako Naporekin. Azken orduko eguraldi txarra dela eta, Ermitabarritik Zubialdera egin beharreko errege bideko ibilbidea bertan behera utzi dute eta horren ordez, haurreskolatik Zubialdeko aterpera egin dute.
Iritsi da eguna. Abenduak 24. Euri zaparrada bota badu ere, horrek ilusioa ez du haurren aurpegitik ezabatu. Olentzzero, Mari Domingi eta Napo Zeberion izan dira herritarren artean. Txistulariek, dultzaineroek eta panderojoleek harrera zoragarria egin diete udaletxe atzeko aterpean eta segidan hasi dira herriko txikienen eskutitzak jasotzen.
Napok aipamen merezia merezi izan du, haurren atrakzio nagusia izan delako eta laztan guztiak berarentzat izan dira. Olentzerok eta Mari Domingik, ostera, denetarik izan dute: poz-pozik zeuden haurrak edo beren aurpegia lehen aldiz ikusten zituztenen begiradak.
Gaurko afariaren ostean haurrak arin-arin oheratu eta ondo lo egiteko eskatu die ikazkinak etxeko txikienei, bihar sorpresaren bat jasoko baitute.
Eguberri on!