☉ Arrigorriaga
Arrigorriagako institutuak 25 urte: herritik herrientzat
XX. mendearen bukaeran Arrigorriaga, Ugao-Miraballes, Arrankudiaga eta Zaratamoko gazteriaren etorkizuna markatuko zuen erabaki bat hartu zuten herri horietako eskoletako irakasle eta gurasoek: institutu publiko eta euskaldun baten aldeko apustua

Ez dira urriak gure herrietako kaleek, izkinek, zubiek eta eraikinek biztanleon oroimenean berpizten dituzten istorioak. Porlanez, metalezko zutoinez, beiraz eta harriz jaikiarazitako eraikuntza bizigabeek, itxura sendo eta mardularen atzean, bizipenek lekuei ematen dieten sentimendu hori ezkutatzen dute. Ez daude zentzu biologikoan bizirik, inork ez ditu erditu eta munduak ez die negarrez ospatutako ongietorria eman, baina gure herriko eraikin batzuk gure artean daudenen eta jada ez daudenen izerdi, bihotz-taupada eta malkoz jaio dira. Egunerokotasunak eragiten duen axolagabetasun horrek ez diezagula iruzur egin, historia ez da soilik monumentuetan aurkitzen. Istorio eta historia handikoa dugu gure institutua bera. Aurten 25 urte beteko ditu, mendiaren maldari oratuta, Dinamita parke zaharrerako bidean dagoen eraikuntzak. Institutuaren zimenduen ezarpena, ordea, ez zen bidearen hasiera izan, borroka neketsu eta oztopatu baten eta hezkuntza-eredu jakin baten aldeko elkarlanaren emaitza baizik. Ideia hori errealitate bihurtzeko lan egin zuten irakasle batzuen ahotsa orriotara ekarri dugu.
Hezkuntzaren berregituraketa
XX.mendeko azken hamarkada hezkuntza arloan aldaketa nabarmena eragingo zuen lege batekin abiatu zen. Ikastetxeek autonomia irabazteaz gain, hezkuntzaren deszentralizazioa onartuz, LOGSE legeak Oinarrizko Hezkuntza Orokorraren sistema baztertu zuen. Horrela, derrigorrezko hezkuntza 14 urtetik 16 urtera luzatzen zen, 7. eta 8. maila desagerraraziz eta Bigarren Hezkuntza lau mailatara luzatuz, besteak beste. Horrelako eraldaketa batek, ordea, sistema osoaren berregituratze baten beharra zuen eta ezin zen besterik gabe egin. Ondorioz, lege berriak zehaztutako hezkuntza-egitura pixkanaka-pixkanaka hasi zen ezartzen.
Elkarlanaren indarra
Hezkuntzaren berregituraketaren testuinguruan, Arrigorriaga, Ugao-Miraballes, Arrankudiaga eta Zaratamoko gazteriaren etorkizuna markatuko zuen erabaki bat hartu zuten herri horietako eskoletako irakasle eta gurasoek: institutu publiko eta euskaldun baten aldeko apustua egitea. Helburu honetara heltzeko bidea, alabaina, ez zen samurra izan. Lehen pausua, 1996. urteko urtarrilean eman zen, Arrigorriagako institutu berria eskola-mapari erantsi zitzaionean. Eraikuntza-lanak, ordea, ez ziren 1998. urteko uztailerarte hasi eta beraz, institutua eraiki bitarteko urte horietan erakundeak alternatiba bat bilatu baino beste aukerarik ez zeukan. Honen aurrean eta aldi baterako neurri bezala, Hezkuntza-ordezkaritzak ikasleak Basaurira bidaltzeko proposamena egin zuen. Honen aurrean, guraso eta irakasleek tinko jositako harreman-sareak ezezko erantzun argia eman zuen, eztabaida eta manifestazioek azaleratu zutena. Herritar horiek egindako borrokak bide eman zuen ikasleak nor bere eskolan geratzera. Beraz, institutuaren jarduna hiru ikastetxeetan banatuta hasi zen.
Eraikitzearen erronka
Eraikuntza prozesua, ez zen soilik eraikinarena izan, hezkuntza-zentroaren eredu pedagogikoa eratu behar zen. Sorkuntza lan horretan ezinbestekoa izan zen irakasleen inplikazioa eta lankidetza. Azken finean, lau herrik partekatzen zuten ilusio eta helburua zen eta irakasleak bertakoak izateak ere eragin handia izan zuen. Irakasleak izateaz gain, asko gurasoak ere baziren eta haien seme-alaben etorkizunerako inbertsio gisa ikusten zuten egin beharreko lana.
Lehen ikasturtean lehen eta bigarren mailek Arrigorriaga, Ugao-Miraballes eta Zaratamoko eskoletan aurkitu zuten jarduteko lekua. Hurrengo ikasturteetan, ordea, hirugarren eta laugarren maila kokatzerako orduan, Arrigorriagako Atxukarro industriaguneko eraikin batera lekualdatu zituzten ikasleak, gaur egunean APNABIren zentroa dagoen eraikinera. Banaketa honek, irakasleen mugimendu etengabearen eta ordutegien egituratze perfektuaren beharra zuen. Espazioa lortzeko zailtasunei, material eta baliabide gabezia batzen zitzaizkion. Hala eta guztiz ere, hasiera-hasieratik zentroaren izen eta izaera ezaguna dugun Arrigorriagako Institutuaren bera zen, bai juridikoki eta bai pedagogikoki ere. Eraikina alde batera utzita, beraz, ikasketa-zentroak 28 urte beteko ditu aurten.

Eraikin berrian
Hiru urte luzeren ostean eta XXI.mendearen atarian, 1999-2000 ikasturtea IES Arrigorriaga BHI institutu berrian abiatu zen. Mikel Alonsotegi kalearen lehenengo zenbakian larrez inguraturik zegoen eraikina, Santo Kristo futbol zelaiaren, ermitaren eta herriko hilerriaren ondoan. Sarrera hau, ordea, ez zen espero bezalakoa izan. Eraikina amaitu gabe zegoen, patioak eta gelak ez zeuden hornituta eta gaur egunean zuzendaritza, gimnasioa eta jantokia dauden zatiak eraikuntza-prozesuan jarraitzen zuen.
Honen aurrean, ikasketa-buruak eta zuzendaritzak egindako lana ezinbestekoa izan zen, kanpoko herritatik zetozen ikasleen garraioa eta jantokia bermatzerako orduan. Izan ere, zentroak Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoa eskaintzeaz gain, Aplikazio informatikoen garapena deitutako Goi Mailako Heziketa Zikloa ere eskaintzen zuen. Aukera hau, baina, lehen urteetako matrikulazio eskasaren ondorioz desagertu egin zen.
Bi ereduren arteko talka
Eraikinerako sarrera, hezkuntza-ereduaren aldaketaren eta institutuaren irakasle beharraren ondorioz, irakasle berrien etorrerak ere ezaugarritu zuen. Hasiera batean, eskoletatik etorritako irakasleak ziren, gehienak magisteritza ikasitakoak eta institutua haren sorreratik zutitu zutenen antzekoak. Ondoren, berriz, irakasle lizentziatuak iristen hasi ziren, lan kultura eta ordutegi ezberdinetara ohituak.
Beste institutu batzuetan ez bezala, Arrigorriagakoa Lehen Hezkuntzako maisu eta maistrek sortutako zentroa zen, pedagogia eta didaktika ardatz zentral gisa zutenak. Hezkuntza-kultura ezberdintasunak talkak eragin zituen, baina zailtasunak zailtasun erronka txiki hauek komunitatea indartu baino ez zuten egin.
Moldaketa, istilu eta finkatze garaia igaro ahala, egindako ahaleginaren fruitua gero eta agerikoagoa bihurtzen hasi zen. Hizkuntzari dagokionean, hasieratik euskararen alde egindako apustua bete zen, D eredua bakarrik mantenduz. Informatika alorrean, Bizkaia mailan ikastetxe garatuenetarikoa bilakatu zen. Edukiez gain, herri txiki eta handiko ikasleak batzeak harreman- eta hezkuntza-eredu ezberdinen arteko elkarbizitza bermatu zuen. Aberastasunaren irudi dira, urteetan zehar irakasle zein ikasleen ekimenez sortutako proiektuak: Mar-mar irratia, Txutxumutxuak, Librometroa eta Txaramela aldizkaria besteak beste.
Gure herriekiko zorra
Arrigorriagako Institutuaren eragile izan ziren guraso eta irakasleek herri-mugimenduaren erreminta erabiltzeko hautu argia egin zuten. Herritar hauen kemenari esker, aurten institutuaren eraikinak 25 urte betetzeko aukera izan du.
Ez ziren herri berekoak, ideia, esperientzia eta interes ezberdinak zituzten, baina helburu amankomuna zutenez, elkarlanaren alde jo eta su aritu ziren. Institutuaren eta gure herriaren historiak, ordea, hurbiltze apal hau baino gehiago merezi duela argi dagoela erakusten du egindako bideak. Sakontze-lan handia egin behar da oraindik. Ezin dugu ahaztu oroimenak iraungitze-data daukala.
☉ Arrigorriaga
Arrigorriagako 2026ko egutegia asteartetik aurrera egongo da eskuragarri herrigunean eta Abusun
Udal kiroldegian, Abusuko Zentro Soziokulturalean, Edurne Garitazelaia kultur etxean, Lamiaenan eta Udaleko Herritarren Arretarako Zerbitzuan eskuratu ahalko da 2026ko egutegia

Datorren urteko horman eskegitzeko Arrigorriagako egutegia abenduaren 8tik aurrera egongo da eskuragarri udal kiroldegian, Abusuko Zentro Soziokulturalean, Edurne Garitazelaia kultur etxean, Lamiaenan eta Udaleko Herritarren Arretarako Zerbitzuan (HAZ).
Aurtengo egutegia osatzeko herriko elkarte eta eragile ezberdinen lana eskertu du Arrigorriagako Udalak: jubilatuak, auzo elkarteak, emakumeen elkarteak, elkarte feministak eta LGTBI elkarteak, kirol elkarteak, kultura elkarteak, Harrera Herria elkarteak, jaietako eragileak, hezitzaileak, merkatari elkartea eta herriko merkatariak, zaintzaileak eta euskararekin lotura duten eragile eta elkarteak.
Urtero lez, Udalak garrantzi handia eman die argazkiei, eta hilabete bakoitzak orri osoko espazioa eskaini die herriko eragile edo elkarteei. gainontzeko espazioan (beste orrialdea) hilabeteko egunak ageri dira.
Hona hemen egutegian parte hartu duten eragile eta elkarteen izenak, hilabetez hilabete:
– Abusuko jubilatuak (urtarrila); Ollargan, Abusu eta Lanbarketako auzo elkarteak (otsaila)
– Emakume elkarteak, elkarte feministak eta LGTBI kolektiboak (Sial, Lamiaena, Joskintza, Madalen, Urruma eta Arrigo Harro) (martxoa)
– Garriko Taekwondo, Padura Mendi Taldea, Errekondo Padel Taldea, Pesca y Casting Abusu, Arguia pilota, Arrigokorrika, Arri-Gorri Irristaketa taldea, Arrigorriagako Tenis taldea, Harrigarri Gimnasia Erritmikoa, Arrigoyoga Elkartea, Padura futbola taldea, Padura Saskibaloia / Jasoka, Arrigorriagako Ausartak kirol elkartea, Arrigobox Boxeo, Deportivo Montefuerte, Etorkizun taldea, Arrigorriagako Txirrindulariak, Sun karate, Arkunautak arku-tiro kluba eta Skate Park Elkartea (apirila)
– Hamaika antzerki taldea / Aritz Berri dantza taldea, Lanbarri taldea, Eki Eder abesbatza, Eleiz alde elkartea, Upo mendi elkartea, Iñauteri batzordea, Soinuarri elkartea, Gure Esku Dago, On Egin, Abusu Sarean, Epifania taldea, Malmasingo lagunak, Ortuak elkartea eta Eperrak elkartea (maiatza)
– Harrera elkartea, Bizieskola elkartea, Zubietxe elkartea (ekaina)
– Arrigorriagako, Abusuko eta Ollarganeko jai batzordeak (uztaila)
– Kilimusi taldea, Arrigo gazteak eta Gazte Asanblada (abuztua)
– Arrigorriaga eskola, Gure Magalean elkartea, IES Arrigorriaga BHI, AMPA Landarra IES, Zamakola eskola Juan del Mas, AMPA Peskiza Guraso Elkartea, Altzoan elkartea, Haurreskolako kideak, Jantokiko begiraleak, Eskolako garbitzaileak, IES Ibaizabal BHI (iraila)
– Arrigorriagako Lagunkoi taldeko kideak, Geuna taldeko kideak, Arrigorriagako jubilatuak (urria)
– Adecka elkartea eta herriko merkatariak (azaroa)
– Arritxikerrak taldea, AEK, Udal Euskaltegiko irakasleak eta ikasleak, Euskarri taldea, Bolintxu elkartea eta Estropozu Bertso Eskola (abendua)
☉ Arrigorriaga
Neguko Merkatu Txikia antolatu dute Arrigorriagako Lamiaenan, hilaren 13an
Ekonomia zirkularra eta emakumeen arteko sareak sustatzeko ekimena da eta 11:00etatik 14:00ak arte antolatu dute

Beste urte batez, Lamiaenak Neguko Merkatu Txikia antolatu du Arrigorriagako emakumeen etxean.
Hitzordua abenduaren 13an izango da, 11:00etatik 14:00ak arte. “Aukeratu jada erabiltzen ez dituzun bost jantzi edota osagarri eta ekarri
abenduaren 11ra bitartean Lamiaenera”, azaldu dute antolaketa taldetik. “Aukeratzen dituzun jantziekin eman zizkizuten tiketak trukatu ahal izango dituzu”.
Ekonomia zirkularra eta emakumeen arteko sareak sustatzeko ekimena da Neguko Merkatu Txikia eta azokaz gainera musika eta mokadutxoak egongo dira bertan.
☉ Arrigorriaga
Arrigorriagako Arandia egoitzako zuzendaritzak langileek greban zehar egindako salaketak “faltsuak” direla adierazi du
Arrisku psikosozialen balorazioari dagokionez, zuzendaritzatik azaldu dute ebaluazioa “aurreikusitako epean” burutu zutela eta ondorioak 2026ko urtarrilean argitaratuko dituztela gehitu dute

Gaur, abenduak 4, Arrigorriagako Arandia adinekoen egoitzako langileen hirugarren eta azken greba eguna da. Langileak zentroaren kudeaketa hobeagoa, langile gehiago eta kalitatezko zaintza eskatzen dituzte mobilizazio hauekin. Halaber, gutxieneko zerbitzuak neurrigabeak izan direla eta langileen mobilizazioen ondorioz egindako arrisku psikosozialen balorazioa ez duela osatu salatu dute, besteak beste.
Grebaren aurrean enpresako zuzendaritzarekin berba egin du GEURIA komunikabideak, eta egin zaizkien hainbat kritika “faltsuak” direla adierazi dute: “Gutxieneko zerbitzuei dagokienez, enpresak funtsezko zerbitzuak bermatzeko lan egin du, indarrean dagoen araudia eta Eusko Jaurlaritzak ezarritako gutxieneko zerbitzuen % 50eko eta % 10eko portzentaiak betez”, azaldu dute.
“Grebaren lehen egunean, gutxieneko zerbitzuen esleipena Eusko Jaurlaritzarekin eta langileekin koordinatzeko denbora doitua zegoenez, kudeaketa mugatu egin zen. Hurrengo egunetan, grebara jo nahi zuten pertsonen asmoen berri izan zuenean, enpresak grebarekin bat egiteko eskubidea errespetatu zuen, gutxieneko zerbitzuak bere lanpostura joan nahi duten langileekin betez eta zentroko pertsonen funtzionamendu eta zaintza egokia ziurtatuz. Eusko Jaurlaritzak gutxieneko zerbitzuak ematen ditu; ez gehienekoak. Enpresak ez ditu gehitu hasierako plangintzan agertzen ez ziren langileak txanda bakoitzeko”, zehaztu dute.
Arrisku psikosozialen balorazioari dagokionez, zuzendaritzatik azaldu dute ebaluazioa, publikazioetan zehaztuta dagoen moduan, “aurreikusitako epean” burutu zutela azaldu dute eta ondorioak 2026ko urtarrilean argitaratuko dituztela gehitu dute.

Bestalde, langileen ratioei eta ordezkapenei dagokienez, “zentroa, Aldundiak egiaztatu bezalaxe, eskatutako gutxienekoen gainetik dagoela” gehitu dute. Eta egoitzako materialaren egoeraren kontuari helduz, zentroko garabi guztiak “erabilgarri” daudela eta beren funtzionamendua egiaztatuta dagoela azaldu dute Domus VI taldetik.
“Berriz diogu konpromisoa dugula asistentzia-kalitatearekin, lan-taldeei laguntzearekin eta adinekoekiko eta beren familiekiko errespetuarekin”, laburbildu dute.
☉ Arrigorriaga
Arandia egoitzako langileek “greba arrakastatsua” hasi dute Arrigorriagan
ELAko Greba Batzordeak enpresaren jarrera salatu du, “gutxieneko zerbitzuak ezarri dituelako Langileen Legezko Ordezkaritzarik gabe”

Domus VI Arandia taldeko adineko egoitzeko langileek hiru eguneko greba hasi dute: “Osasuna arriskuan dago” dioen pankarta batekin hasiera eman zioten atzo grebari eta abenduaren 4ra bitartean horrela jarraituko dute. Langileek kudeaketa hobeagoa, langile gehiago eta kalitatezko zaintza eskatzen dute.
ELA sindikatuko ordezkarien arabera grebaren hasiera “arrakastatsua” izan da: “Arandia egoitzako langileek grebarekin bat egin dute bizi duten egoera jasangaitzaren aurrean, Arrigorriagako Arandia egoitzako zuzendaritzak (Domus VI) greba eskubidea urratuz gutxieneko gehiegizko zerbitzuak ezarri dituen arren”.
Atzo bertan hasi ziren mobilizazioak eta 11:30ean manifestazioa egin zuten egoitzatik herrigunera: “Momentuz hiru eguneko grebara deitu ditugu langileak, baina behar izatekotan mobilizazio gehiago antolatuko ditugu”, gehitu dute Nerbioi Ibaizabaleko ELAko bozeramaileek.
ELAko Greba Batzordeak enpresaren jarrera salatu du, gutxieneko zerbitzuak ezarri dituelako Langileen Legezko Ordezkaritzarik gabe, “Eusko Jaurlaritzaren gutxieneko zerbitzuen agindua bete gabe. Gutxieneko zerbitzuak neurrigabeak izan dira grebari eraginkortasuna kentzen saiatzeko eta langileen eskubidea murriztuz”, salatu dute.
Urtebeteko mobilizazioak
Egoitzako langileek bizi duten egoera ez da berria; joan den irailean GEURIAri azaldu lez, infekzio-gaixotasunei aurre egiteko prebentzio-protokolo falta salatu dute azken hilabeteetan Arrigorriagako zentroko langileek eta egoera salatzeko mobilizazioa egin zuten zentroaren aurrean, irailaren 18an. Harrezgeroztik egoerak ez duela hobera egin azaldu dute langileek.

Arrigorriagako udaletxe aurrean egindako elkarretaratze bat // Geuria
Izan ere, ELAtik salatu dute urtebeteko mobilizazioen ostean zuzendaritzarekin izandako elkarrizketek ez dutela aurrera egin eta Domus VI taldeak langileen kexak aintzat hartu ez dituztela (lan karga handiak, gaixotasun kutsakorrei aurre egiteko babes neurri eta protokolo egokirik eza, langile falta…). “Egoera horiek guztiek arriskuan jartzen dituzte bai langileen osasuna, bai zerbitzuaren kalitatea. Grebaren jarraipen handiak erakusten du langileak haserre daudela, DOMUSVIk uko egiten baitio haien osasuna babesteko premiazko neurri eraginkorrak konpontzeari eta ezartzeari”.
ELA: “Grebaren jarraipen handiak erakusten du langileak haserre daudela, DOMUS VIk uko egiten baitio haien osasuna babesteko premiazko neurri eraginkorrak konpontzeari eta ezartzeari”
Gainera, sindikatuko ordezkariek azaldu zuten Domus VI taldeak langileen mobilizazioari esker egindako arrisku psikosozialen balorazioa ez duela osatu: “Ebaluazio horrek argi eta garbi islatzen du langile falta eta lan-gainkarga. Datuak kezkagarriak dira eta presazko neurri eraginkorrak hartzea eskatzen dugu”.
Ondorio modura, Arandiako langileek ez dute onartuko beren osasunarekin jolasten jarraitzea, eta mobilizazio-dinamika batekin jarraituko dutela iragarri dute, egoera konpondu arte. Izan ere, langileak ostegunero elkartzen hasi ziren irailetik aurrera Arandiako egoitzaren aurrean, bizi duten egoera salatzeko.
☉ Arrigorriaga
Hiru eguneko greba hasi dute Arrigorriagako Arandia egoitzako langileek, “zaintza duinen” alde
“Momentuz hiru eguneko grebara deitu ditugu langileak, baina behar izatekotan mobilizazio gehiago antolatuko ditugu”, gehitu dute Nerbioi Ibaizabaleko ELAko bozeramaileek

Domus VI Arandia taldeko adineko egoitzeko langileek hiru eguneko greba hasi dute: “Osasuna arriskuan dago” dioen pankarta batekin hasiera eman zioten atzo grebari eta abenduaren 4ra bitartean horrela jarraituko dute. Langileek kudeaketa hobeagoa, langile gehiago eta kalitatezko zaintza eskatzen dute.
Atzo bertan hasi ziren mobilizazioak eta 11:30ean manifestazioa egin zuten egoitzatik herrigunera: “Momentuz hiru eguneko grebara deitu ditugu langileak, baina behar izatekotan mobilizazio gehiago antolatuko ditugu”, gehitu dute Nerbioi Ibaizabaleko ELAko bozeramaileek.
Egoitzako langileek bizi duten egoera ez da berria; joan den irailean GEURIAri azaldu lez, infekzio-gaixotasunei aurre egiteko prebentzio-protokolo falta salatu dute azken hilabeteetan Arrigorriagako zentroko langileek eta egoera salatzeko mobilizazioa egin zuten zentroaren aurrean, irailaren 18an. Harrezgeroztik egoerak ez duela hobera egin azaldu dute langileek.
“Arrigorriagako egoitzan ez dago langile nahikorik”, gehitu dute ELA sindikatuko ordezkariek. “Garabi falta, aldagelak, ohe barrak, gortinak… eta infekzio gaixotasunei aurre egiteko prebentzi-protokolo eguneraturik ez dago. Horri gehitu behar zaizkio inolako justifikaziorik gabeko kaleratzeak eta zehazpen-espedienteak”.
Gainera, sindikatuko ordezkariak azaldu zuten Domus VI taldeak langileen mobilizazioari esker egindako arrisku psikosozialen balorazioa ez duela osatu: “Ebaluazio horrek argi eta garbi islatzen du langile falta eta lan-gainkarga. Datuak kezkagarriak dira eta presazko neurri eraginkorrak hartzea eskatzen dugu”.
ELA: “Ebaluazio horrek argi eta garbi islatzen du langile falta eta lan-gainkarga. Datuak kezkagarriak dira eta presazko neurri eraginkorrak hartzea eskatzen dugu”
Ondorio modura, Arandiako langileek ez dute onartuko beren osasunarekin jolasten jarraitzea, eta mobilizazio-dinamika batekin jarraituko dutela iragarri dute, egoera konpondu arte. Izan ere, langileak ostegunero elkartzen hasi ziren irailetik aurrera Arandiako egoitzaren aurrean, bizi duten egoera salatzeko.

Irailean egindako elkarretaratzea // Geuria
Albo kalteak, egoiliarrentzat
GEURIAk egoitzan senidea duen bertako familia batekin berba egiteko parada izan du eta egoera honek egoiliarrengan eta beren familiengan eragin zuzena duela azaldu du.
Ez dute izen abizenik eman nahi, “horrek izan ditzakeen ondorioak direla eta”. Hala ere, familiaren arabera, 43 egoiliar daude solairu bakoitzean eta horiek artatzeko pertsona bi baino ez daude kasurik onenean. Guztira 132 egoiliar daude Arrigorriagako egoitzan: “Langile falta izugarria da egoitza honetan”, kexatu dira.
Arandia egoitzako familia bat: “Langile falta izugarria da egoitza honetan”
Familiaren arabera egoerak nabarmen egin zuen txarrera 2019an, zentroak zuzendaritza aldatu zuenean: “Kudeaketa guztiz aldatu zen pribatizatu zenean langile eta janari kopuruan eta zainketan aurreztu zuen enpresa berriak. Langileak leher eginda daude: ordutegi txarrak dituzte, soldata kaxkarrak… eta lanez gainezka daude beti”. Enpresari langileek bizi duten egoeraren berri ematen dieten bakoitzean “egin beharrekoak egiten dituztela” izaten da erantzuna, familiaren arabera.
“Kudeaketa oso txarra izaten ari da, baina momentu txarrena itzalaldi masiboa gertatu zen bezperan bizi izan genuen Arandian”, gehitu dute. “Joan den apirilaren 28an izan zen eta zentroa argindarrik gabe egon zen bi orduz. Elektrogeno-taldea ez zebilen eta ez zegoen larrialdi egoetarako planik ere ez. Zentroko zuzendaritza oporretan zegoen eta inprobisazioz egin behar izan zuten lan bertako langileek. Onartezina da”. Sindikatuaren arabera, gaur egungo lan-giroa “tirabiratsua” izaten ari da eta “egungo zuzendaritzarekin ezinezkoa da elkarrizketa adeitsua izatea”.
Egoiliarren osasuna eta ongizatea lehentasuna dira guretzat, eta hori bermatzeko konpromisoz eta profesionaltasunez lan egiten jarraitzen dugu”, azaldu dute ELAtik. “Baina premiazkoa da egoera hau aldatzea, langileen osasuna jokoan dagoelako”








