Sareak

Erreportajeak

Batzen duen aniztasuna: herriko auzokide berriak

Ali, Bouba, Carol, Fatu Matu, Jon, Nati eta Toktam Basauriko auzotar berriak dira. Euren bizipenak ikusarazten dituen dokumentaleko protagonistak dira, Zurrumurruen Aurkako Sareak sortuta, Basauriko Udalaren laguntzarekin

|

Fatu Matu, Toktam, Ali, Jon, Nati, Bouba eta Carol, Basauriko auzokide berriak // Basauriko Udala

Basauri, bere dinamismo eta aniztasunagatik ezaguna, kultura eta jatorri berrientzako topagune bihurtu da. Beste jatorri batzuetako jendea hartzeko ohitura duen herria da Basauri, XIX. mendearen amaieratiketa orain arte. Izan Euskal Herriko beste herrietatik etorritakoak, Espainiako estatutik edo atzerritik. Eta denak helburu batekin: beren bizi-proiektuak hobetzea.

2003tik 2023ra bitartean Basaurira etorritako atzerritar jatorriko pertsonak % 1,6 izatetik % 11,2 izatera igaro dira. Besteak beste, Maroko, Senegal, Argentina, Sahara, Kolonbia, Bolivia eta Irandik etorritako pertsonek Bizkaiko txoko honetan aurkitu dute euren etxe berria. Basauriko paisaia soziala aberasten duten istorioak dira, tradizioak eta ametsak gurera ekarri dituztenak.

Erreportaje honek herritar berri horiei ahotsa ematen die, eta haien bizipenek erakusten dute Basauri igarobidea baino gehiago dela: integraziorako, bizikidetzarako eta, batez ere, itxaropenerako gunea. Ali, Bouba, Carol, Fatu Matu, Jon, Nati eta Toktam Basauriko auzotar berriak dira. Zurrumurruen Aurkako Sareak diseinatuta eta sortuta ‘Basauriko auzokide berriak’ dokumentaleko protagonistak dira. Ikus-entzunezkoa Basauriko Udalaren laguntza izan du.

Helmuga: Basauri

Ali sustrai berebereak dituen 32 urteko marokoarra da, Nador herrikoa, eta duela 9 urte iritsi zen Basaurira. Fruta-denda bat du herrian, eta Basaurin bertan bizi da bere emaztearekin. Gurasoak eta hiru anaia ere Basaurin daude bizitzen. “Hasieran turista bisarekin etorri nintzen. Nire arrebak denbora asko zeraman Basaurin bizitzen eta alaba bat izan zuen. Orduan, laguntzera etorri ginen. Asko gustatu zitzaidan Basauri, bertako herritarrak, eta fruta negozioa ere gustatu zitzaidan. Beraz, hemen geratu nintzen!”, dio Alik. Hipoteka batean sartu da Ali bere emaztearekin, eta hortaz, luzaroan Basaurin geratzea espero du.

Nati 54 urte ditu eta Boliviakoa da, Santa Cruz de la Sierra hirikoa. Duela 8 urte heldu zen Basaurira: “2017an iritsi nintzen Basaurira, baina Bizkaian 2006tik nago”, dio Natik: “Etxe batean egiten dut lan eta bertan bizi naiz etxeko senar-emaztearekin, adinekoak dira”.

Carol Argentinan jaio zen, Trelew hirian, duela 31 urte. 2022ko urrian iritsi zen Basaurira. Baina ez Argentinatik, Zeelanda Berritik baizik. “Hiru urte neramatzan Zeelanda Berrian bizitzen eta han ezagutu nuen nire bikotekidea, Basaurikoa. Horregatik etorri naiz hona”.

Senegaletik, Dakarretik, Basaurira heldu zen Bouba 2015ean, “bizitza hobetzeko asmoz”. Itsasoan urte asko eman zituen lanean eta gaur egun produktu naturalen lantegi batean egiten du lan. Hasieran Basauri ondoan bizi zen Bouba, Aperribain, eta gero lekualdatu zen. Gaur egun ez da Basaurin bizi, baina noizean behin herrira dator, “lagunak ikustera eta poteatzera”.

Duela zazpi urte, 2017an, lurreratu zen San Migelen Toktam, 38 urteko iraniarra. “Nire bikotea duela zortzi urte ezagutu nuen Iranen eta maitasunagatik etorri nintzen Basaurira. Iñaki nire bikotea San Migelekoa da”, dio Toktamek.

Fatu Matu Saharakoa da eta 51 urte ditu. Duela hiru urte heldu zen Basaurira, Ali bezala, turista bisarekin. Basaurin finkatu aurretik Las Palmasen eta Asturiasen bizi izan da Fatu Matu. Momentuz ez du lanik egiten, baina hori da bere helburu nagusia: “Izapideak egiten ari naiz lan egin ahal izateko”.

Calitik Basaurira duela zortzi urte heldu zen Jon, 49 urteko kolonbiarra. Hamar eguneko egonaldia izango zena (oporretan etorri ziren), zortzi urtekoa bilakatu da. “Nire emaztearekin, gure bi semeekin eta amaginarrebarekin etorri ginen Basaurira”, dio Jonek. Eraikuntza enpresa batean egiten du lan Jonek.

Migrazio-prozesua

Migrazio-prozesuetan era askotan izaten dira bidaiatzeko aukerak. Aliren kasuan autobuses etorri zen Basaurira: “Malagatik Bilbora autobusean etorri nintzen. Eta bidaia arraroa izan zen: Ni ohituta nengoen lautadara eta eguzkitara, eta Bizkaira iristean lainotuta eta mendia zen!”, dio Alik barrezka. Hala ere, harrera “ona” izan zela adierazi du: “Arreba eta koinatua zain genituen, eta orduan zentzu horretan dena erraza izan zen”. “Lehenengo urteetan, lanik egiten ez nuenean, Basauriko Helduen Hezkuntza Zentroan matrikulatu nintzen, eta horren ondorioz nire lagun koadrila egin nuen. Haiekin irten, haiek bezala jantzi, San Fausto jaietan disfrutatzera atera… Primeran pasatu dut. Orain beste lehentasun batzuk ditut”, dio Alik.

Ali ez dago bakarrik Basaurin; bere familia gertu dauka. Ez da Natiren edo Fatu Maturen kasua, ordea. Natiren familia Bolivian dago (hiru seme-alaba ditu bertan), baina bizi den eta lan egiten dudan familian euren parte sentitzen da, “horrela ere sentiarazten didatelako; oso gustura nago haiekin”, dio Natik. Fatu Maturen kasuan, bi alaba ditu Saharan, eta bere asmoa da eurak ere ekartzea Basaurira. “Hemengo bizitza duina da eta segurtasuna dago. Gure jaioterritik alde egiten badugu, zerbaitengatik da”. Jonentzat “erraza” izan zen Basaurin errotzea, bertan bizi baitzen bere emaztearen neba. “Asko lagundu gintuzten eta Basaurin geratzea erabaki genuen. Iaz hipoteka batean sartzea lortu genuen”, dio Jonek.

Carolentzat ere “erraza” izan zen Basaurin finkatzea: “Nire aitite-amama Galiziakoak ziren eta Espainiako pasaportea dut txikitatik”. Carol egun berezi batean iritsi zen Basaurira: urriaren 13an, San Fausto egunean. “Argentinan ez da horrelakorik eta izugarria izan zen niretzat panorama ikustea: herritar guztiak jantzi tradizionalez jantzita!”. Basaurira heldu aurretik hiru hilabete eman zituen Ean bizitzen eta bertan ezagutu zuen euskara Carolek: “Hainbeste jende euskaraz hitz egiten entzuteak motibatu ninduen hizkuntza ikastera. Hau da izan nuen pentsamendua: ‘Hemen biziko naiz, euskara da bertako hizkuntza eta ikasi beharko dut’. Eta hala izan zen: 2022ko urrian Basaurira heldu eta 2023ko urtarrilean hasi nintzen euskara ikasten”.

Euskara ikasle ere bada Bouba: “Hasieran, Aperribain bizi nintzenez, Galdakaora joaten nintzen eta bertan entzun nuen euskara kalean. Jakin nuenean hemen beste hizkuntza bat zegoela, argi izan nuen ikasi behar nuela. Basauriko Helduen Hezkuntza Zentroan ikasi nuen, DBH ikastearekin batera”. Migrazio-prozesuaren inguruan, migranteen egoera “gogorra eta zaila” dela dio Boubak: “Nire helduera ez zen zaila izan, baina migranteen egoera gogorra eta zaila da. Lagun onak egin nituen hasieratik eta horregatik errazagoa izan zen bertan finkatzea”.

Toktam ere euskalduna da. “Euskara ikasteari ekin nion Covid-19 pandemian eta iaz B2 maila gainditu nuen. Euskara ikasteak hemengoa izatearen sentsazioa ematen dit; integratuta sentitzen naiz”. Euskararen inguruan antolatzen dituzten jardueratan hartzen du parte Toktamek: Berbalagunen, Mintzodromoan edota euskarazko hitzaldietan. Eta horrek ere migrazio-prozesua errazagoa egin du Toiktamentzat.

Aurreiritziak

Basauriko herritar berri askorentzat, leku ezezagun batera iristeak kultura berri batera egokitzea ez ezik, diskriminazioaren edo aurreiritzien errealitateei aurre egitea ere dakar.

Batzuek diskriminazioa jasan izan dute bere harrera herrian eta beste batzuek, ordea, ez. Esate baterako, Alik ez du diskriminaziorik jasan: “Ez dut inoiz diskriminaziorik sentitu. Baditut lagunak nirekin sartzen direnak eta ni haiekin sartzen naiz. Beti txantxetan. Adibidez, ‘Ali, zergatik ez duzu urdaiazpikoa jaten eta espainola egiten?’, eta nik, ‘Zuk baino gehiagotan jaten dut patata tortilla’. Eta horrelakoak esaten dizkiogu elkarri! (barreak). Noski, beti errespetutik”, dio.

Fatu Matuk ere ez du diskriminaziorik jasan: “Guztiz kontrakoa. Beti jaso ditut hitz onak. Etxetik ateratzen naizenean, topo egiten dudan jendea edukazio onekoa da, lagundu egiten dit laguntza behar izan dudanean. Azken batean, oso harrera ona izan dut”.

Natik behin sufritu zuen diskriminazioa, Las Arenasen, Getxon: “Haurrak zaintzen hasi nintzen lanean eta behin parkean gizon bat hurbildu zitzaidan eta esan zidan: ‘Ez dakit zergatik poliziak ez zaituen deportatzen’. Ni ez nintzen isilik geratu, noski”. Basaurin jendea atsegina dela dio Natik, eta bertan ez duela diskriminaziorik izan esan du.

Carolek ere ez du modu zuzenean diskriminaziorik jasan, baina entzun ditu mespretxuzko komentarioak: “Bitxia da horrekin gertatzen zaidana. Jende askori entzuten diot immigrazioari edo herrialde jakin batzuei buruzko iruzkinak egiten, baita Hego Amerikako herrialdeei buruzkoak ere, baina askotan Argentina ez dute herrialde latindar gisa hartzen. Askotan gertatu izan zait nire aurrean mespretxuzko komentarioak egitea latindar jendearekin izaten diren aurreiritzi batzuei buruz, baina ni latinoen poltsa horretatik kentzea. Eta nire jatorriagatik zuzenean inoiz diskriminatu ez banaute ere, immigrazioa nire aurrean kritikatu da. Gustatuko litzaidake kultura desberdinei buruzko estereotipo horiek hainbeste ez egotea, eta jendeak pertsonak pertsona gisa ikusten hastea, eta ez beren jatorriarekin, erlijioarekin edo kulturarekin”.

Bouba ere diskriminatua sentitu da noizbait: “Askotan komentario arrazistak entzun behar izan ditut, baita estereotipatuak ere. Adibidez, etorkinak dirulaguntzak baino jasotzera ez garela etorri, edo bertakoei lana kentzera gatozela. Nik uste dut jendeak ez duela ondo ulertzen zer den migrantea izatea. Pentsatu beharko lukete zergatik irten garen gure jaioterritik, izan gerragatik, ekonomiagatik edo bizitza hobetzeko”.

Jon ez da inoiz ez diskriminatuta sentitu, baina Boubak bezala, entzun izan du askotan etorkinak harrera-herriko dirulaguntzetatik bizitzea etortzen direla. “Ni dokumenturik gabe hasi nintzen lanean, beltzean. Nire ikuspegia zen aurreztu ahal izatea, bankuetan existitu ahal izateko, hipoteka bat izateko eta bizitzaren alde zerbait egin ahal izateko. Nire diruarekin zerbait egiten ari nintzela sentitu nahi nuen. Ondoren paperak lortu nituen eta lanpostu duin bat lortu nuen”.

Toktamen kasuan, “babestuta” etorri zen Basaurira eta ez du esperientzia txarrik bizi izan. Diskriminazioaz baino, jendearen ezjakintasunaz hitz egin du Toktamek: “Egia da, askok Ekialde Hurbileko herrialde guztiak multzo berean sartzen dutela, eta errefuxiatu guztiak bertatik gatozela. Eta ez da horrela. Bestetik, herrialde musulman batetik etortzeagatik, askotan jendeak estereotipoak esleitzen dizkizu, hala nola, beloa eraman behar izatea edo txerria ez jatea”.

Herrimina

Basaurira migratu dutenentzat, jatorrizko herriarekiko distantziak herrimin handia dakar berekin: familia, ohiturak eta atzean geratu ziren oroitzapenak. Jaioterriarekiko loturak euren egunerokoan jarraitzen du, lotura hori bizirik mantentzeko moduak bilatuz.

Alik Arkumearen jaia edo Ramadana aipatu ditu. “Jakina, hemen musulmanek horrelako jaiak egiten dituzte, baina ez da giro bera, ez da gauza bera. Jendea jatorrizko herrialdean bezala jantzita ikusten duzu, baina giroa desberdina da. Hala ere, horretara ere ohitzen zara: familiarekin elkartzen zara, mendian barbakoak egiten dituzu eta hain pozik!”.

Natik bere seme-alabak ditu faltan: “Ekonomikoki Basaurin Bolivian baino hobeto nago. Izan ere, nire seme-alaben ikasketak ordaindu ahal izan ditut. Hala ere, noizbait Boliviara itzuliko naiz nire seme-alabekin betiko egotera. Gainera, hemendik gutxira amama izango naiz!”.

Eta Natik bezala, Fatu Matuk ere familia botatzen du faltan: “Pertsona batek, bere herrialdetik joaten denean, familia ondoan behar du ondo sentitzeko. Logikoki hobeto bizi gara hemen, baina gure familiak eta seme-alabak faltan botatzen ditugu, eta hori da logikoena. Ama bat beti pentsatzen ari da bere familiaz, bere seme-alabez”.

Jonek ere bere familiaren hutsunea sentitzen du: “Basaurin nire emaztearen familiaren zati bat dago, baina nire familiak Kolonbian jarraitzen du. Nire ama faltan botatzen dut. Duela bi urte nire aita hil zen eta ez nuen aukerarik izan bere azken egunetan berarekin egoteko. Nire asmoa da laster Kolonbiara itzultzea, ama oso adinean dago eta ez dut aitarekin gertatu zitzaidana berriro pasatu nahi”.

Carolentzat harrigarria izan zen jendea kalean batzea, tabernatan: “Argentinan jendea etxeetan batzen da, eta ez horrenbeste tabernatan. Horrek atentzioa deitu zidan eta faltan botatzen dut etxeetan batzeko ohitura. Uste dut beste norbaiten etxean egotea edo jendea zure etxera gonbidatzea jendearekiko beste konexio mota bat sortzen dela”, dio Carolek.

Toktamentzat herrialde aldaketa “drastikoa eta gogorra” izan zen: “Nire familiarekin oso harreman ona eta estua dut, eta eurengandik urrun egotea gogorra da. Hala ere, ondo moldatu naiz Basaurin eta lagun kuadrilla ere eratu dut. Hemen dudan bizitza asko gustatzen zait. Iranen gizartea askoz ere patriarkalagoa da, eta hemen hobeto bizi gara emakumeok”.

Basauri, herri atsegina

Basauriar berri hauentzat guztientzat Basauri herri atsegina da, abegikorra. Denak ados daude: herritarrak adeitsuak dira eta laguntzeko prest daude. Denei harrera beroa egin diete eta gustura daude bertan bizitzen.

“Oso erraza da Basaurin integratzea. Oso herri atsegina da. Jai tradizionalak, auzokideen borroka… Niri gustatzen zaizkidan gauza asko ikusten ditut, eta ondo sentiarazten nauten kultura asko”, dio Fatu Matuk. Jonek uste du Basauri herri abegikorra dela eta erraztasun, zerbitzu eta merkataritza asko dituela: “Herri bizia da, aberatsa kulturan, eta aldi berean lasaia”.

“Langilea, pertsona ona eta gauzak ondo egiten dituena bazara, Basaurik maiteko zaitu. Baina arazoak ekartzen dituen pertsona bazara, logikoki, ez zaituzte ez hemen, ez Galdakaon, ez inon nahi. Lan egitera bazatoz, apala bazara eta mundu guztia errespetatzen baduzu, Basaurik besoak irekita hartuko zaitu”, dio Alik.

Erreportajeak

Ménière sindromea: Iluntasunetik atera beharreko gaitza

Edurne Astondoa Larizgoitia ugaotarrak Ménière sindromea du, bizitza hankaz gora ipini dion eta gizartearentzat ikusezina den gaixotasun degeneratiboa

|

Edurne Astondoa // Geuria

Gaixotasun kroniko degeneratiboa da Ménière sindromea, jatorri ezezagunekoa eta tratamendurik gabekoa. Existitzen diren tratamenduak aringarriak dira, baina ez sendagarriak. Sintomei dagokienez, bertigoak, akufenoak, hipoakusia, hiperakusia, ezegonkortasuna eta buruko lainoa dira, oro har. Kasu batzuetan ere argiarekiko sentikortasuna eman izan da. Estatu mailan 75 kasu atzeman dira 100.000 biztanleko, kasu berri bat 1.300 biztanleko.

Euskal Herriko egoerari erreparatuz, Euskadiko Gaixotasun Arraroen txostenen datuen arabera, 1.000 pertsona baino gehiago erregistratu dituzte gaixotasun talde honetako patologiekin, eta Menière gaixotasuna bertan egon daiteke.

Hego Uribe eskualdean zenbait kasu atzeman dira eta horien artean Edurne Astondoa Larizgoitia (Ugao, 1970) ageri da. Duela 12 urte nabaritu zituen lehen sintomak Astondoak: “Hasieran, estresari eta antsietateari egotzi zizkidaten bertigoak, eta antidepresiboak hartu eta psikologoarengana joatera ere heldu nintzen”, aitortu du.

“Bertigoak gogor astintzen duenean, denak ematen dizu buelta”. Edurneren kasuan, beste batzuetan oso ezegonkor sentitu egiten da, itsasontziren batean egongo balitz bezala. “Beste batzuetan, atsedena hartzea ere zaila izaten da, txistuek, belarriko zaratek… ez dizutelako lo egiten uzten. Nire kasuan, gainera, atsedena oinarrizkoa den beste patologia batekin elkartu egiten da”.

Edurne Astondoa: “Bertigoak gogor astintzen duenean, denak ematen dizu buelta”

Urteek aurrera egin ahala, sintomek hor jarraitzen zuten. Osakidetzak 2024an egin zion lehen diagnostikoa, eta 2025ean behin betikoa. “Baina ordurako hainbat proba egin zizkidaten, eta eraso epileptiko txikiak ere izan zitezkeela pentsatu zuten. Gaur egun artatzen nauen espezialistak ziurtatu zidan Ménière sindromea zela”.

Edurne Astondoa // Geuria

Edurneren gaur egungo otorrinoa Galdakao-Usansolo ospitaleko otorrinolaringologia zerbitzuko Vania Makarena Zapata da: “Ménière-ren gaixotasuna pazienteak harekin bizitzen ikasi behar duen gaixotasuna da, diagnostikora iristen den unetik”, azaldu du medikuak.

Vania Makarena Zapata: “Ménière-ren gaixotasuna pazienteak harekin bizitzen ikasi behar duen gaixotasuna da, diagnostikora iristen den unetik”

Otorrinolaringologoen lana pazientea laguntzea, haren sintomen berri ematea, gaixotasunaren pronostikoari buruzko itxaropen errealista bat ematea eta sintomak modu pertsonalizatuan artatzea da, oinarrizko neurri dietetikoetatik hasita eta terapia intratimpanikoetaraino, bertigo-krisiak arintzeko. “Zorionez, ikertzen jarraitzen dugu, eta, beraz, ez dugu itxaropena galdu behar”, azaldu du Galdakao-Usansoloko otorrinoak.

Diagnostikoaren berri izan ostean, sakon hartu zuen arnas Edurnek: “Alde batetik, arindu egiten du gertatzen zaizunari izena jartzeak. Bestalde, gaixotasunari buruzko ahalik eta informazio gehien bilatzen saiatzen zara”, azaldu du. Horrela, Gara egunkarian elkarrizketa bat irakurri ostean ASMES edo Estatu mailako Ménière Sindromearen elkartearen berri izan zuen lehen aldiz.

“Paretatik gertu joaten zara, jendea dagoen lekuetatik, badaezpada” // Geuria

Bizitza, hankaz gora

Gaixotasun honek eragin nabarmena izan du Edurneren eguneroko bizitzan: “60 kilometro inguru mugitu behar izaten naiz lanera joateko. Zorabioek eta ezegonkortasunak mugikortasun arazoak ere sortzen dizkidate, eta zaila egiten zait etxetik irtetea ere. Horrek bizitza sozialari ere eragiten dio, edozein momentutan beste bertigo bat emango dizun beldur zarelako”.

Horrek guztiak Edurneren bizitza goitik behera baldintzatu du: gidatzea, bidaiatzea, atariko atea zeharkatu eta kalera irtetea… “Kontu handia hartzen hasten zara kaletik joateko orduan, paretatik gertu joaten zara, jendea dagoen lekuetatik, badaezpada, medikazioa gainean eramanez… horrek guztiak autonomia kentzen dizu”.

Izan ere horixe da Edurneri loa kentzen dion amesgaizto nagusia: independentzia galdu eta menpeko pertsona izatera igarotzea.

Usansolon ere

Maria Jesus Lekue Usansolokoa da eta duela 10 urte hasi zen gaixotasunaren sintomak nabaritzen. Zorabiatuta sentitzen hasi zen eta familia-medikuarengana baja eskatzera joan zen aldietako batean, lan egiten zuen Ospitaleko otorrino batek Maria Jesus ikusi nahi zuela eskatu zuen.
Diagnostikoa jasotzean, Edurne bezala, lasaitu egin zen gaixotasunak izena zuela jakitean, baina aldi berean kezkatu egin zen. Azken batean, gaixotasun berri batekin bizitzen hasi behar zen Usansolokoa.

Maria Jesus Lekue: “Gaitz ikusezina da. Jendeak itxura normalarekin ikusten zaitu eta ez du zure errealitatea ulertzen”

Lekuek ere antzeko sintomak jasaten ditu: goragalea, gonbitoak, bertigoa, ezegonkortasuna, hipoakusia, tinitusa, erorketak… “Ez entzuteak ingurutik isolatzen nau, edozein momentutan bertigoa eman eta erortzeko beldurra daukat. Honekin guztiarekin gizarte bizitzari buruz pentsatzen hasten naiz: ondo nagoenean etxetik irteten naiz eta bizitza normala egiten dut, baina gaizki nagoenean ezetz esan behar dut, eta horrek asko izorratzen du. Gaitz ikusezina da. Jendeak itxura normalarekin ikusten zaitu eta ez du zure errealitatea ulertzen”.

Edurne, Ugaon // Geuria

Elkartean, argitasuna

Edurnek eta Maria Jesusek, bakoitzak bere bidetik ASMES elkartearen berri izan zuten eta Edurne bertako kidea da gaur egun. Elkartearen eginkizuna eta helburua da gaixotasun hori pairatzen duten pertsonak eta haien senideak babestea eta laguntzea, ikerketari laguntzea eta ikerketa berau hobeto ezagutzen eta ulertzen laguntzea, pazienteen, senideen, medikuen eta gizarte osoaren aurrean. “Bazkideak behar ditugu, gauza asko daudelako egiteko eta horretarako elkartea indartu behar dugu”.

Edurne Astondoa: “Osakidetzako ospitaleek bertigo-unitateak izan beharko lituzkete, otoneurologoekin, errehabilitaziorako fisioekin eta psikologoekin”

Eskualde mailan, esaterako, asko dira gaixotasuna pairatzen dutenek dituzten gabeziak: “Osakidetzako ospitaleek bertigo-unitateak izan beharko lituzkete, otoneurologoekin, errehabilitaziorako fisioekin eta psikologoekin, gaixotasunak ondorio kaltegarriak baititu gure psikean”, zehaztu du adibide bezala Edurnek.

Hainbat jarduera antolatu dituzte elkartetik Ménière sindromea gizartean ikusarazi ahal izateko. Azken hilabeteetan egin diren aipagarrienen artean San Mames estadioaren argiztapen aldaketa ageri da: joan den otsailaren 7an San Mames estadioa berdez argiztatu zuen Athletic Clubek 20:00etatik 20:30ak bitartean Menière sindromeari ikusgarritasuna emateko.

Bestetik, otsailaren 7an, gaixotasunaren inguruko kontzientziazioaren eta ikusaraztearen eguna ospatzen da. Izan ere, data hori aukeratu zen, Prosper Mèniére, gaixotasun horren sintomak lehen aldiz deskribatu zituen mediku frantziarra, hil egin zen eguna delako.

Baina Edurnek edo Maria Jesusek pairatzen duten gaixotasunaren kontzientziazioaren eta ikusaraztearen eguna ospatzearekin ez da nahikoa: Ménière sindromeari eta haren berezitasunei buruzko zabalkundearen bidez gizartea ikusaraztea eta kontzientziatzea Ménière Sindromearen Egun Nazionalaren bidez egin behar dela azaldu dute elkartetik. Horregatik, 500.000 sinadura jaso behar dituzte Change.org plataformaren bidez Osasun Ministerioak otsailaren 7a Ménière Sindromearen Egun Nazional izendatzeko.

Osorik irakurri

☉ Zeberio

Sei emakumeren testigantza iraganeko Zeberio ulertzeko

Berdintasun Sailak bultzatutako dokumental batek 72 eta 99 urte bitarteko sei emakumeren testigantzak jaso ditu ikus-entzunezko lan batean

|

Dokumentalean agertuko diren emakume batzuk // Geuria

XX.mendeko lehen erdialdera bidaiatzeko aukera izango dute zeberioztarrek aurtengo martxoaren 8an: Udaleko Berdintasun Sailak bultzatutako dokumental baten bidez, 72 eta 99 urte bitarteko 6 emakumeren testigantzak jaso dituzte ikus-entzunezko lan batean.

Bada, ez da nostalgian oinarritu den proiektu bat izan, aitzitik, emakumeen eta oro har Zeberioko gizartearen memoria kolektiboari aitortza egiteko asmoa du abiapuntu eta helburu.
Herritar askorentzat urruna eta ezezaguna den errealitate eta bizimodu batez aritu dira kamera aurrean, dotore bezain umoretsu, luze eta zabal, Edurne Aretxaga Zalbidea, Felisin Eguzkiza Eguzkiza, Mari Beldarrain Etxebarria, Fina Salzedo Ellakuria, Mª Karmen Olabarri Etxebarria eta Ana Maria Artiñano Ellakuria zeberioztarrak.

Haurtzaro laburra

Elkarrizketa sorta hau bi egunetan eta giro goxoan burutu dute otsailean zehar; Ibilbide desberdineko emakumeak elkartu dituzte, askotan isilean edota etxeko lau hormen artean geratu den herri kontakizun hori berreraikitzeko. “Herriko memoria kolektiboa aberastea da asmoa”, diote sustatzaileek, horretarako emakumeen izenak, izanak eta ahotsak erdigunera ekarriz.

Zeberioko Udala: “Herriko memoria kolektiboa aberastea da asmoa”

Solasaldi horietan, haurtzaroko eta gaztaroko oroitzapenak izan dituzte abiapuntu, eskolako urteetatik hasita: joan-etorri askotan luze eta nekagarriak, frankismoaren hezkuntza eredu itogarria, -neskak eta mutilak banatzen zituena, “Cara al sol abesteko bakarrik batzen ginen”-, edota euskararekiko gorrotoa eta irakasleen zigor fisikoak… horiek eta beste asko izan dituzte hizpide dokumental honetako protagonistek.

Haurtzaro laburrak izaten ziren emakume horienak, eta ikasten jarraitzeko aukerak zeharo murrizten zitzaizkien adin batetik aurrera. Nerabezaroan sartu orduko lan munduak azpiratzen zituen. Gehienak zaintza lanetara edo etxeko zeregin gogorretara bideratzen zituzten; Etxe barruan erropa garbiketa, ur garraioa, edo soloko lan neketsuak zegozkien emakumeei. Ardura horiek, ezinbestekoak bai gizartearen eta bai familiaren biziraupenerako, ez dira orain gutxi arte kontutan hartu, eta ikusezinak izan dira gizartearentzat.

Etxetik kanpo, XX.mendeko erdialdean ohikoa zen landa eremuko emakume gazteak, artean 14 edo 15 urte zeukatenak, krida (kriada hitzaren aldaera bat) moduan joatea herri handiagoetako etxeetara.

Eliza, kontrola eta gaztaroa

Gaztaroaz hitz egitean, elkarrizketatuen memorian iltzatuta ageri da elizaren eta erlijioaren eragin nabarmena. Orduko ohiturak, jaiak eta aisialdia elizak baldintzatzen zituen erabat; apaizen kontrolak eta genero rolek mugatutako espazioak ziren bidenabar.

Adibiderako, protagonista batek aletu duen gertakaria: “Larunbatean gaueko bederatziak baino beranduago heltzen baginen etxera, hurrengo sermoian apaizak errieta egiten zigun. Gure bizitzen gaineko erabateko kontrola zeukaten”. Garai latzak bizitzea egokitu zitzaien, eta, hala ere, sei emakume hauen testigantzei umorea eta bizipoza darie, baita halako aldarte ironiko bat ere.

Etorkizunari begiratzeko leihoa

Dokumental hau, beste ezeren gainetik, itxaropenerako leiho bat da: Sei protagonista hauen hitzek oihartzun berezia izan beharko lukete gazteenen artean, askatasuna opari bat ez dela gogoraraziz. Irudi bakoitzak, dokumentalean zuri beltzean ageri diren argazkiek bezala, gaurko Zeberio koloretsua eraiki dutenen lana omenduko du.

Ikus-entzunezko honek bidea erakusten du: atzera begiratzea ezinbestekoa da izan ginenaz jabetzeko eta izan nahi dugunaz hausnartzeko. Herriaren memoria bizirik mantentzea denon ardura da, erakundeetatik hasita. Martxoaren 8an, Zeberio ez da soilik morez jantziko, bere historiaren zati batekin ere adiskidetuko da.

Irakurlea ohartuko zen moduan, testu osoan zehar ez dugu spoiler bakar bat ere egin, Edurne Aretxaga Zalbideak, Felisin Eguzkiza Eguzkizak, Mari Beldarrain Etxebarriak, Fina Salzedo Ellakuriak, Mª Karmen Olabarri Etxebarriak eta Ana Maria Artiñano Ellakuriak esandakoak ezagutzeko modurik onena martxoaren 8an dokumentala ikustea baita.

Osorik irakurri

☉ Zeberio

Erreportajea | Botosani eta Zeberio lotzen dituen haria

Joan den urtarrilaren amaieran 10 urte bete ziren Mihaela Vatamanu eta bere familia Ermitabarrira heldu eta Taberna Zaharra eta apartamentu turistikoen ardura hartu zutenetik. Bere istorioa da honako hau

|

Mihaela Vatamanu // Geuria

Mihaela Vatamanu (Botosani, Errumania, 1989) Ukrainako mugatik ordubetera dagoen Errumaniako iparraldeko Botosani izeneko hirian jaio zen. Ekonomia eta azpiegiturei begira garapen txikiko hiria bezala gogoratzen du gaur egun Ermitabarriko Taberna Zaharra eta apartamentu turistikoak kudeatzen dituen emakumeak. Urtarrilaren 30ean 10 urte bete ziren Ermitako taberna hartu zutenetik.

Familia xume baten alaba bakarra da Mihaela. Bere gurasoak langileak izan dira betidanik. Mihaelak Botosanin burutu zituen ikasketak. “Bizimodu lasaia eta sinplea neukan Errumanian. Ikasi ostean amama-aititen etxera joan ohi nintzen, lanak egiten laguntzera. Horrela diru apur bat ematen zidaten”, gogoratzen du.

Aitak ahalegin handia egiten zuen alabak ikas zedin: “Asko ikasiz gero aukera gehiago izango dituzu etorkizunean, Mihalea”, esaten zion. Zentzu horretan neskatila autonomoa izan zen betidanik txikitan: eskolara bakarrik joan ohi zen oinez, etxerako lanak bere kabuz egiten zituen. Urte batzuk geroago horrelaxe jarraitu zuen institutuan eta baita unibertsitatean ere. Ekonomia Zientzien ikasketak amaitu ostean, gaur egungo senarra ezagutu, ezkondu eta Bizkaira heldu zen, bizitza berri bat hasteko.

“Errumaniako Komunismoa amaitu eta mugak zabaldu zituztenean, ezagun askok maletak egin eta atzerrira joan ziren, Italia eta Espainiara bereziki, nekazaritzan eta pertsonen zaintzaren esparruan lan egiteko”. Mihaelaren buruan ez zegoen atzerrira joatearen ideiarik, baina batzuetan bizitza bera da erabaki horiek hartzen dituena. Izan ere, Mihaelaren beraren ikasketak ordaindu ahal izateko Italiara joan zen bere ama, etxe batean lan egitera.

Mihaela, Taberna Zaharrako sukaldean // Geuria

Mende bateko jauzia

Duela 14 urte Bizkaira iritsi zenean, mende bateko jauzia egin zuelaren sentsazioa izan zuen Mihaelak. Bere senarra Barakaldon bizi zen garai hartan eta eraikuntzaren sektorean egiten zuen lan. Ikearen aurrean dauden eraikin erraldoietako pisu batean bizi zen. Hura izango zen Mihaelaren etxe berria.

“Botosaniko eraikin garaienak 10 solairu ditu eta nire etxea laugarren solairuan zegoen. Barakaldokoa 21. solairuan zegoen. Hona iritsi aurretik ez nuen inoiz autopistarik ikusi, eta orain A8a nuen etxe azpian. Ez neukan inolako beldurrik, baina egia da bizimodu berri honetara moldatzea asko kostatu zitzaidala”. Eta ez hori bakarrik, Botosani eta Barakaldoko erritmoen aldeak errumaniarraren arreta erakarri zuen bereziki: “07:00etan jende guztia bere lantokian dago. Hemen, berriz, saltokiak 10:00etan zabaltzen dituzte. Hasiera batean alferkeria hutsa zela pentsatu nuen, baina gero ohitura kontua zela ikusi nuen”.

“Bizkaira heldu nintzenean argi neukan nire unibertsitateko ikasketek etorkizunik ez zutela izango. Oinarrizko lan bat bilatu behar genuen bertan”. Lehen urtean sei hilabete eman zituen Mihaelak lan egin barik eta handik gutxira Sopelako etxe batean garbiketa lanak egiteko eskaintza bat topatu zuen.

Hizkuntza ez zen oztopoa izan berarentzat, txikitan amarekin gaztelerazko telebista nobelak ikusten zituelako Errumanian. Hiru urte eman zituen etxe hartan. “Gurasoek ez zidaten ezer esan, baina badakit era horietako lanetan aritzearen ideia ez zutela batere gogoko. Niri ere ez zitzaidan gustatzen ideia hura”.

Hala ere, Mihaelak ez ditu bere etorkizunaren ateak guztitz itxi: azken asteetan Errumaniako kontsulatuarekin harremanetan egon da unibertsitateko ikasketa-tituluak baliozkotzeko eta agian, egunen batean, bere ikasketekin zerikusia duen lanen bat aurkitzeko. Batek daki.

Ermitabarriko etxebizitzak // Geuria

Burrunbatik lasaitasunera

Barakaldoko etxebizitza alokairukoa zen eta egun batetik bestera etxea utzi behar izan zuten Mihaelak eta bere senarrak. Senarraren nagusia Zeberiokoa da eta berarekin berba egin ostean Ermitabarri auzora iritsi ziren.

Ermitabarri ez da Botosani baina bertako bizimoduak Errumaniakoaren antz handiagoa dauka Barakaldokoarekin alderatuta. Senarraren nagusiak urte erdi itxita zeraman Ermitabarriko taberna zabaltzeko ideia eman zion. Gainera, goiko partean etxebizitza bat dauka eta Mihaelak 2015ean bere lehen semea erditu zuen. Leku aproposa zen familia sortzeko eta lan egiteko. Esan eta egin, Zeberioko Udalarekin berba egin ostean Taberna Zaharra berrireki zuten senar-emazteak, hilabete eta erdi etxea egokitzen eman ostean.

Sukaldean, edo barraren atzean: egun osoan zehar egiten du lan Mihaelak // Geuria

Tabernak itxita eman zuen denbora tartean, Ermitabarriko bizilagunak Zubialdeko tabernetara joaten ziren, eta Mihaelaren familiak taberna berriro zabaldu zuenean ermitabarri berpiztu zuten, nolabait.

Taberna kultura

Hasierak gogorrak dira normalean eta Ermitabarrin hasi zuten proiektua ez zen salbuespena izango. Lehen hilabeteetan Mihaelak kudeatu zuen Taberna zaharra, ostalaritzako inolako noziorik izan gabe: “Errumanian ez dago taberna kulturarik: jendea kafetegira doa kafesne bat edan eta pastel bat jatera, eta akabo. Taberna batera sartu izan naizen bakoitzean komuna erabiltzeagatik izan da gehienetan”, aitortu du.

“Errumanian ez dago taberna kulturarik: jendea kafetegira doa kafesne bat edan eta pastel bat jatera, eta akabo”

“Errumanian ez bezala, tabernak edozer gauza ospatzeko lekuak dira hemen: urtebetetzeak, ezkontzak, hiletak… berdin dio zer gertatu. Ospatu beharreko hori tabernan egiten da eta hori zoragarria da, jendea elkartu egiten duelako”. Errumanian poteoa existitzen ez dela gehitu du Mihaelak. Taberna batera joatean, menuak ez dakar ardo edalontzirik. Nahi izatekotan botila osoa erosi behar du bezeroak.

Ermitabarriko taberna martxan jartzean, ardoarekin ere gorabeherak izan zituela gogoratu du Botosanikoak: “Ez nekien nola zerbitzatu behar zen ardoa eta are gutxiago zenbateraino bete behar zen edalontzia. Egia esateko ez dut ia alkoholik edaten!”, dio barrez. Hala ere, Zeberiok harrera oso polita egin ziela gogoratu du Mihaelak. Lehen momentutik jakin zuten auzotarrek iritsi berriek euskaraz berba egiten ez zekitela, eta negozioarekin laguntza eman zieten hasieratik.

“Ez nekien nola zerbitzatu behar zen ardoa eta are gutxiago zenbateraino bete behar zen edalontzia. Egia esateko ez dut ia alkoholik edaten!”

Bertako ohituretara moldatu egin dira ere, hasierak gogorrak izan baziren, Mihaelarentzat bereziki: “Errumanian ez dago odolosterik. Ez dakite zer den hori”. Zeberiora heldu zinenean, auzotarrek esan zieten tabernan odolosteak egon behar zituztela, zeberioztarrei asko gustatzen zitzaizkiela. “Odolarekin egiten zirela jakin nuenean gauza horiek ez nituela sekula jango zin egin nuen!”. Gaur egun, ostera, pilo bat gustatzen zaizkio. Hasiera batean, bi herrialdeen arteko kontrastea handiegia zela ikusi zuen Errumaniakoak, baina bere burua nolabait bizileku berrira moldatu behar zuela ulertu zuen.

“Jendeak euskaraz hitz egitera animatzen nau beti. Ez dute itxaropena galtzen!”

Euskara ikastea oraindik egiteke duen zeregina da Mihaelarentzat. Eta badaki. Baina horretarako denbora behar duela dio. “Hitz batzuk ulertzen ditut, baina Zeberion oso arin hitz egiten dute”. Zeberioko AEKn klaseak hartu zituen, baina bigarren semearen jaiotzarekin denbora barik lotu zen. “Hala ere, jendeak euskaraz hitz egitera animatzen nau beti. Ez dute itxaropena galtzen!”.

Mihaela Zeberioko apartamentu turistikoak kudeatzeaz arduratzen da // Geuria

Lanaren zikloa

Zeberioko auzo txiki bateko taberna bada ere, eta “atseden” hartzeko astelehena izan arren, Mihaelak asteko zazpi egunetan egiten du lan senarrarekin Taberna Zaharrean, goizeko lehen ordutik gaueko azken momentura bitartean. Goizetik gauera egiten dute lan barraren aurrean eta atzean. Senarraren jarduera tabernan oinarritzen da gehienbat, eta Mihaelarena ere, baina bereziki Ermitabarriko apartamentu turistikoak kudeatzen ditu, familia kontuak ahaztu barik.

Tabernako bezero nagusiak herriko auzotarrak dira, baina aldi berean dituen apartamentu turistikoetako bisitariak ere. 07:00etan jaikitzen da egunero Mihaela eta tabernako lehen pintxoak egiten ditu. Umeak jaiki, prestatu eta Zeberioko eskolara bidaltzen ditu tabernaren aurrean geldialdia duen autobusean.

Ermitabarri auzoa // Geuria

Segidan, eguneroko errekaduak egiten ditu eta senarra ez badago zerbitzari lanak egiten ditu barraren bestaldean. Eguerdi aldera bazkaldu egiten du, “gehienetan zutik eta barran”, dio tabernariak. “Beti dago egin beharreko ezer tabernan”. Eramateko bazkaririk prestatu behar bada, horrek dauka lehentasuna. Arratsaldean haurrak bueltatu egiten dira, baina egun jakin batzuetan eskolaz kanpoko jarduerak dituzte. Horretaz aitaginarreba arduratzen da.

“Ostegunetan pintxopotea daukagu eta behartuta gaude senarra eta biok bertan egotera”. Gaualdean, taberna itxi eta guztia garbitu eta hozkailuak betetzen ditu. “Hona heldu nintzenetik inoiz ez naiz egun berean jaiki eta oheratu”.

Lotura hautsi barik

Nork bere sustraiak ezin ditu sekula ahaztu. Bizkaian 14 urte eman baditu ere, Errumaniarekin duen lotura mantendu izan du denbora tarte horretan Mihaelak. Ama ere Zeberion bizi da Mihaelaren familiarekin eta bertan jaten dutenaren % 90a Errumaniako errezetak dira. Haurrak behin egon dira Errumanian eta gurasoek bertako ohituren inguruan berba egiten diete “momentuz interes handirik ez badute ere”.

Oporrei dagokienez, Gabonak hiru egunetan ospatzen dituzte Errumanian, abenduaren 25ean, 26an eta 27an. 25 eta 26an jai egunak dira. Hiru egun horietan familia osoa elkartu egiten da. “Gure kasuan Zeberion familiako kide guztiak gaude eta egunero ikusten dugu elkar, baina 25ean taberna itxi egiten dugu eguerdian eta Errumaniako janari tradizionala bazkaltzen dugu elkarrekin”.

“Errumaniara joatea eta bertako jendearekin errumanieraz berba egitea asko gustatuko litzaidake”

“Errumaniara joatea eta bertako jendearekin errumanierraz berba egitea asko gustatuko litzaidake”. 21 urte bizi izan ditu Mihaelak, eta arrazoi ekonomikoengatik ezin izan zuen Errumania behar bezala ezagutu. “Alderaketa bat egitearren, Bilbon bizitzea eta Bizkaitik inoiz irtetea bezalakoa litzateke nire kasua”. Haurrak nagusiagoak izango direnean bertara joatea eta herrialdea behar bezala ezagutzea gustatuko litzaioke.

Etorkizuna, semeekin

36 urterekin, Mihaelaren etorkizuna bere semeak dauden lekuan ikusten du. “Haurrak zaindu behar ditut bere kabuz bizitzeko gai diren arte”. Urte hauetan Errumanian baino bizitza kalitate hobea du Mihaelaren familiak Zeberion.

Apartamentu turistikoak, Ermitabarrin // Geuria

Iazko azaroan Errumaniako bisitari bat heldu zen Zeberioko apartamentuetara eta berarekin berba egiteko aukera izan zuen Mihaelak: “Errumaniako janaria hemengoa baino garestiagoa zela esan zidan, besteak beste. Errumaniako gutxiengo soldata 800 eurokoa da gaur egun, baina hango supermerkatuetan eros daiteken janaria hemengoa baino garestiagoa da. Horrela daude gauzak gaur egun”.

“Errumaniako gutxiengo soldata 800 eurokoa da gaur egun, baina hango supermerkatuetan eros daiteken janaria hemengoa baino garestiagoa da”

“Orain zoriontsuago bizi naiz hemen, Botosanin bizitza berri bat hastearekin alderatuta”, aitortu du Zeberioko errumaniarrak. “Momentu honetan Errumaniara itzuliko bagina semeen etorkizuna suntsituko nuke”. Baina aldi berean, Mihaelak ez ditu bere bizitzako azken egunak Zeberion eman nahi.

Zahartzaroan, bere ametsa da urtean behin edo birritan gutxienez Errumaniara joatea, bertan pare bat aste eman eta Zeberiora itzultzea. “Badakit nire semeen bizitza hemen dagoela, baina nire gurasoak bezala, nire jaioterriarekin dudan harremana sendotzea gustatuko litzaidake, eta azken urteak Errumanian eman”.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Ongizatea: adin guztietako ugaotarrentzat eskuragarri

Kirola egiteaz gainera, uretako jarduerak onuragarriak dira erabiltzaileen ongizate fisiko eta mentalerako, aldi berean

|

Ugaoko Udaleko eta Foru Aldundiko ordezkariak, urtarrila amaieran egindako inaugurazioan // Geuria

Joan den urtarrilaren 19an berrireki zituzten El Jaro kiroldegiko igerilekuetako ateak, 11 hilabetez obrak direla eta itxita egon ostean. Tarte horretan, Ugaoko Udalak 1997tik egin duen esku-hartzerik garrantzitsuena egin du bertan. Izan ere, 1.226.826 euroko inbertsioa egin dute, eta horietatik 500.000 euro Bizkaiko Foru Aldundiak jarri ditu.

Aurrekontu handiko proiektu guztiekin gertatzen den bezala, iritziak askotarikoak izan dira: kiroldegiko erabiltzaile askoren aburuz beharrezkoa eta onuragarria izan da inbertsioa. Egon da, baina, beharrezkotzat jo arren, lehentasunak beste obra eta arlo batzuetan daudela uste duenik ere.

Egun arte, eta uretako jardueren esparruari dagokionez, Ugaoko kiroldegiko eskaintza igerileku tradizionalak eta bainu turkiarretara mugatzen zen. Behin obra hau bukatuta, aukera gehiago izango dituzte El Jaro kiroldegira bertaratzen diren erabiltzaileek.

Berrikuntza aipagarrienak eraiki dituzten bi igerileku-baso berriak dira. Lehenengoa, 1,20 metroko sakonerakoa, jarduera espezifikoetarako izango da, hala nola haur, heldu eta nagusientzako ikastaroak eta zuzendutako jarduera berriak, aquagym-a kasu. Bestea, sakonera berekoa, aisialdirako erabiliko dela iragarri du Udalak, spa eta erlaxazio gune batekin: “Espazio hori erabilera anitzeko areto zaharra igerileku nagusiaren esparruarekin (klimatizatua) lotuz egokitu da. Azken honek bere sei kaleak eta ohiko erabilera mantentzen ditu, bai igeriketa librerako bai irakaskuntzarako”, zehaztu dute udal ordezkariek.

Izan ere, mota honetako spa eta ur basoei (haurrentzako edo nagusientzako igerilekuak tartean) hainbat onura onartzen zaizkie: spa bezalako guneek hidroterapia eskaintzen dute giharrak erlaxatzeko, zirkulazioa hobetzeko, ametsen kalitatea modu nabarmenean hobetzeko eta helduen estresa murrizteko, oro har.

Spa gune berria // Geuria

Zentzu honetan, ez da ahaztu behar, Ugaoren datu demografikoei erreparatuz gero, 65 urterik gorako populazioa %23koa da, eta zahartze aktiboa errazten duten instalazioen beharra handia dela.

Ur gutxiko eremuei dagokienez, berriz, segurtasuna, urarenganako familiarizazioa eta estimulazioa bermatzen dute haur txikientzat, eta aukera ematen dute urari beldurra dieten haurrei igeri egiten ikasteko hastapenak hobeto barneratzeko. Gainera, ur gutxiagorako edukiera daukatenez, ohiko igerilekuetan erabiltzen diren kimiko kopuru gutxiago erabiltzen dira bertan.

Kirolaz harago

Urtarrilaren 29an Leixuri Arrizabalaga Euskara, Kultura eta Kirol foru diputatuak El Jaro kiroldegiko instalazioak bisitatu zituen Ekaitz Mentxaka Ugaoko alkatearekin batera, eta kirolaz harago, Ugaoko kiroldegia ongizaterako, osasunerako eta komunitate-kohesiorako gune ere bihurtu dela azpimarratu zuen.

Horrekin batera, belaunaldien arteko faktore inklusiboa ere aipatzekoa da: sakonera txikiko igerileku bati esker, haurrek, helduek eta adinekoek jarduera partekatu dezakete ingurune seguru batean. Kirol guztiek ez dute zeharkako izaera hori.

Leixuri Arrizabalaga, inaugurazio egunean // Geuria

Beste hitz batzuetan, aisialdiaz haratago, udal igerileku berri hauek entretenimendurako espazio bat eskaintzeaz gain, osasun publikoko tresna bat eskaintzen dute: inpakturik gabeko jarduera fisikoa, ongizate mentala, belaunaldien arteko inklusioa eta adin guztientzako ariketa irisgarria.

Udalaren datuen arabera, Ugaoko instalazioak ehunka pertsonek erabiltzen dituzte egunero, eta Mentxakaren arabera “jarduketa hau herritarrek aspalditik eskatutakoa da. Erabiltzaileek adierazitako beharrei erantzun diegu, eta ziur gaude datozen urteetako erronkei aurre egiteko prest dauden instalazio moderno eta moldakorrez gozatuko dutela”, izan dira Ugaoko alkatearen berbak.

Osorik irakurri

Erreportajeak

Erreportajea | Euskararen biziberritzea, Nasa herriarentzat eredu

Arkaitz Zarraga soziolinguista basauriarra euskararen biziberritzean aritu da lanean urte luzez, eta pilatutako eskarmentu hori munduko beste herrialde batzuekin partekatu du Garabide GKEren bitartez, bereziki Kolonbian, Nasa herriarekin

|

Arkaitz Zarraga Nasa herrian, Kolonbian // Arkaitz Zarraga

Basaurin Arkaitz Zarraga Azurmendi (Durango, 1972) bezala ezagutzen dute, baina Kolonbiako Cauca departamenduko mendi garaietan oso bestelakoa du izena, eta baita izana ere, ‘Kwet Wala’ bezala bataiatu baitzuten aspaldi.

Orain dela hamaika urte hasi zen euskal filologo eta soziolinguista basauriarra ozeano atlantikoa zeharkatzen Nasa herriarekin elkartzeko, eta bi asteko egonaldi horiek beste mundu ikuskera batetaz ikasteko zein Nasa Yuwe hizkuntzaren alfabetatze prozesuan akuilu izateko aukera eman diote Zarragari. 

Izena eta izana 

Dena izenarekin hasi zen, beraz, Cauca eskualdeko mendi malkartsuetan, orain dela hamarkada luze bat. Zarragak gogoan du nola iritsi berritan neska txiki batekin topo egin zuen: “Ni Nüus Kiwe naiz, euri-lurraldea esan nahi du. Eta zu?”. Bere izenaren esanahia azaldu zionean -harria edo arkaitza-, neskak ez zuen zalantzarik izan: Kwet Wala (Harri Handia edo Arkaitza) izango zen aurrerantzean.

Nasa herria Cauca lurraldean bizi da // Arkaitz Zarraga

“Izena ematea euren komunitateko atea zabaltzeko modu bat izan zen” dio Arkaitzek. Izan ere, nasatarren kosmobisioan izenak berebiziko garrantzia dauka, eta lurraldearekiko zein norberaren nortasunarekiko lotura bat izan behar du. 

Hamaika urte hauetan, Zarraga ez da Nasa Yuwe hizkuntzaren biziberritzean alboan izan dute aholkulari soila izan,  euren komunitatearen beste kide bat baizik. Horren adibide, heldu berritan urtero errepikatzen duten errituala: “Estresak jota heltzen gara mendebaldarrak, beti korrika eta beti presaz, eta haiek beti gauza bera esaten digute: ‘zikin’ heltzen garela”. Ez da zikinkeria fisikoa, noski, bizi garen gizarte kapitalista honen ajeak baizik”.  Zikinkeria hori garbitze aldera, ‘The Wala’k, herriko gidari espiritualak, errekan sartu ohi ditu mendebaldetarrak, eta harmonizazio erritual baten bidez, landare ezberdinak eta ura erabiliz, euren arimak “garbitzen” ditu. 

“Bere hizkuntza berreskuratzeko hautua egiten duen herri batek herri zapalduetan askotan ematen den auto gorrotoa atzean utzi behar du, ezinbestean”

Mundu ikuskera horrek eta gidari espiritualaren iritziek itzal handia daukate komunitatearen egunoroko bizitzan,  “ez bakarrik gai erlijiosoei dagokienez, baizik eta nasatarrei eragiten dien edozein arlotan ere”. 

Hezkuntzari lotuta, adibidez, “azterketak ilargiaren 13. eta 17.egunen artean egitea pentsezina da eurentzat, erokeria hutsa”.   

Garabidetik mundura

Nondik dator, baina, basauriarraren lotura Nasa herriarekin? Arkaitz Zarragaren lana ezin da ulertu Garabide gobernuz kanpoko erakundearen jardunaz hitz egin gabe.

Elkarte honek euskal esperientzia -euskararen biziberritze eta alfabetatze prozesua- munduko beste hizkuntza zapalduen zerbitzura jartzen du, nagusikeria edo kolonialismo lingustikotik aldenduz: “Garabiden zubigileak gara; guk ez dugu esaten zer egin behar duten, guk gure ispilua erakusten diegu haiek euren burua hor ikus dezaten”, azaldu du Arkaitzek.

Urtean bi astez joaten da Kolonbiara Arkaitz Zarraga // Arkaitz Zarraga

Garabidek 16 hizkuntza-komunitaterekin lan egin du: Mapucheekin Txilen, Guaraniekin Paraguain edota Quechuekin Andeetan, besteak beste. Nasa herriari dagokionez, Garabideren lankidetza hainbat esparrutan garatu dute, abiapuntua argi izanda: “Garabidek ikastaro bat eskaintzen du Aretxabaletan, eta bertara mundu osoko hainbat herritako kideak etortzen dira, nasatarrak barne. Bertan euskararen biziberritze eta alfatabetatzen egindako hamarkadetako lana aurkezten diegu “.

Hala ere, gaineratu du Zarragak, “bere hizkuntza berreskuratzeko hautua egiten duen herri batek herri zapalduetan askotan ematen den auto gorrotoa atzean utzi behar du “. 

Adibide argigarri batekin azaldu du Arkaitzek ideia hori: “Kolonbia aldera joan ginen lehen urtean, jendeari galdetzen genionean ea nasa yuwe hiztunak ziren ezetz esaten ziguten, lotsaz. Azaltzen nienean gure asmoa zein zen, haien hizkuntzarekiko eta kulturarekiko genuen miresmena, jarreraz aldatu eta ahapeka onartzen ziguten baietz, bazekitela”. 

Garabiderekin duten elkarlana ikasturte osora zabaltzen den arren, urtero bi astez joaten dira bertara, uda partean: “Askotan esaten diegu gu irakastera baino, ikastera goazela. Proiektu honen azken helburua, arraroa dirudien arren, zera da: denboraren eta garatzen ari garen elkarlanaren poderioz haiek gure behar gero eta txikiagoa izatea”.

Makila armen aurrean 

Nasatarrak narkotrafikoak eta gatazka armatuak kolpatutako lurralde batean bizi dira: 4.000 metroraino iristen diren mendi magaletan marihuana eta koka soroak dira nagusi, eta horrek komunitatearen bizimodua erabat baldintzatzen du.

“Garabiden zubigileak gara; guk ez dugu esaten zer egin behar duten, guk gure ispilua erakusten diegu, haiek euren burua hor ikus dezaten”

Egun, gainera, eta Gobernuak 2016an talde armatuekin sinatu zituen bake akordioen albo kalte moduan, FARC talde armatuko hainbat kide disidente narkotrafikoarekin lotutako karteletan hasi dira lanean, eta horrek egoera are gehiago zaildu du: “Nasatarrek FARCekin harreman gatazkatsua zeukaten arren, bazekiten arazoren bat konpontzeko norengana jo behar zuten. Egun, lurraldearen kontrola bere gain hartu du erabat Mexikoko Sinaloako kartelak, eta biolentziak koska bat egin du gora”.

Gustavo Petroren 2022ko garaipenak esperantzarako leiho bat zabaldu zuen arren nasatarren artean, badakite bortizkeria honi aurre egiteko modu bakarra “antolaketa eta batasuna” dela.

1991n onartutako Kolonbiako konstituzioak eskubide eta eskumen jakin batzuk aitortzen dizkio Cauca departamenduko herriari, hala nola hezkuntzan, justizian edo segurtasunean, esate baterako. Egiteko modu horren ikur nagusietako bat da ‘Guardia Indigena’ deritzona:  “Armarik gabe babesten dute lurraldea”, azaldu du Arkaitzek harriduraz.

Herritar talde horren defentsa tresna bakarra makila da, eta egur zati horri balio espiritual handia aitortzen diote nasatarrek: “Espirituek emandako indarra du makilak, eta harrigarria bada ere, horrela defendatzen duten euren lurraldea talde armatuen aurrean. Espirituek ematen dieten argitasun horrekin, beldurrik gabe jokatzen dute. Ikusi izan dut euren kideren bat erahil dutenean zelan aurre egin dieten eta atxilotatu dituzten talde armatuetako kideak”. 

Etorkizuna ereiten

Testuinguru zail horretan, euskararen esperientziak itxaropena ematen dio nasa herriari: “Nasatarrek bazekiten euren hizkuntza biziberritu nahi zutela, baina ez zekiten zelan egin. Hasiera batean hizkuntza bultzatu nahi zutenak etxez etxe ibiltzen ziren, etxeko lanak egiten zituzten haurrekin, gurasoak nasa yuweraz egiteko xaxatuz”.

“Armarik gabe babesten dute euren lurraldea, makilekin. Espirituek emandako indarra aitortzen diote makilari, eta horrekin aurre egiten diete talde armatuei”

Lan horrek, baina, ez zuen jarraipenik izaten, eta planifikazio baten beharra ezinbestekoa begitandu zitzaien: “Kontutan hartu behar da, gainera, nasa yuweraz 2000. urtean hasi zirela idazten”. Bere lehen egitekoa, beraz, helduentzako kurrikulum bat garatzea izan zen, materiala sortuz eta irakasleak heziz: “Zer eta nola irakatsi nahi genuen erabakitzea egokitu zitzaigun”. 

Garabideko kideek euskaltegien esperientzia eta lan egiteko moldea partekatu dute Kolonbian: “Helduentzako lehen mailako ikastaroa sortu dugu. Gramatikalki ez da hizkuntza batere erraza, beraz ikuspegi komunikatibo bat lehenetsi da, hau, eguneroko bizitzan baliogarria izango den hizkuntza bat behar dute nasatarrek”, zehaztu du basauriarrak.  

Ikasleen ibilbide akamediko guztia eta administrazioarekin daukaten harremana euren hizkuntzan garatu ahal izatea dira esku artean dituzten beste lehentasunetako batzuk. “Hizkuntza guztietan bezala, eta egoera oso aldakorra den arren, etorkizuna ereiten ari dira, eta horretarako gazteen ekarpena funtsezkoa da: Badaukate irrati bat, sare sozialetan ere oso aktibo dabiltza, facebooken batez ere… “.

Bi herri, bi hizkuntza zapaldu

Euskal Herria eta Kolonbiako Cauca departamendua ez daude elkarrengandik uste bezain urrun. Han ere, herri baten arima bere hizkuntzan datzala argi daukate. Nasa herria, bere lurraldearen defentsan nekaezin, borroka berri batean murgilduta dago: Nasa Yuwe hizkuntza berpiztea. “Mendeetako erresistentzia baten jarraipena da, kolonialismoaren, gaztelaniaren inposaketaren eta gatazka armatuaren aurkakoa” borobildu  du Arkaitz Zarragak, ‘Kwet Wala’k, Garabide Gobernuz Kanpoko Erankudeko “zubigileak”. 

Osorik irakurri