Sareak
[the_ad_group id="3890"]

Erreportajeak

Erreportajea / Etxebarriko Harribidea, herriaren garapen ekonomikoan garrantzitsua

|

Maria Romano Vallejo historialariak Etxebarriko bideen inguruko hitzaldiak eman zituen urrian zehar Ondarearen Europako Jardunaldietan // Geuria

“Etxebarri gune geoestrategiko pribilegiatua da Bizkaian”. Adierazpen horiek egin dizkio GEURIAri Maria Romano Vallejo historialariak. Aurtengo Ondarearen Europako Jardunaldietan Etxebarriko bideen iragana ezagutarazi du Romanok urrian zehar, ‘Harribidea, bide berria’ hitzaldi eta bisita gidatuen zikloaren bitartez.

Etxebarri estrategikoki komunikatuta dago inguruko herri eta hiriekin, sarbidea errazten duten eta komunitateen arteko interakzioa sustatzen duten bide eta ibilbideen sare bati esker. Baina nolakoak ziren antzinean Etxebarriko bideak?

“Etxebarri Bilboko hiri-gutunean agertzen da 1300. urtean, ibiagatik ez ezik, Etxebarriko bideagatik ere izendatua, Urduñatik Bermeorekin lotzen baitzen. Bitxia da, bide hori ez zelako Bilbotik igarotzen; Etxebarritik pasatzen zen, eta horregatik ezagutzen zen Etxebarriko Bidea bezala. Izen horrek bakarrik adierazten digu udalerriak urte haietan izan zuen garrantzia”, dio Romanok.

Etxebarriko Bidea Boluetatik (Bokete aldetik) sartzen zen udalerrian, Malmasin gaina inguratu ondoren, eta Lezama Legizamon penintsula osoa zeharkatzen zuen. Leguizamon familiaren dorrearen aurretik igarotzen zen, eta, ondoren, Santa Ana penintsulatik jarraitzen zuen. Iparralderantz jotzen zuen, Ganguren mendirantz, handik Asuako haranera (gaur egungo Txorierrira) edo Galdakaora edo Zornotzara joateko, eta, ondoren, Larrabetzutik Bermeora edo Durangora zuzentzeko.

Bide berriak zabaltzea

“Maria Diaz de Haro Bizkaiko Andreak 1310ean Bilboko hiri-gutuna berretsi zuenetik, debekatu zuen Etxebarriko Bidea erabiltzea”, dio Romanok, eta gogorarazi du erabaki horrek behartu egiten zituela merkatariak eta mandazainak Bilbotik pasatzera zergak ordaintzeko, “Santo Domingo bidearen erabilera bultzatuz, eta Etxebarriko bidearen kaltetan”. Hala ere, Etxebarriko Bidea bere horretan erabiltzen zuten herritarrek erabilera pertsonalerako, eta bide berriak zabaldu ziren: Legizamonekoa, Errege Bidea eta Arizbarrenekoa.

Gauzak horrela, Etxebarriko Bidearen barruan, Legizamongo Bidea sortu zen, Leguizamon familiaren dorrearen aurretik eta errota eta burdindegiaren artean igarotzen zena. “Ondoren, zubia zeharkatzen zuen Santa Ana penintsulan barneratzeko, eta, jarraian, Bidekurtzen gurutzatzen zen, aurrerago Errege Bidearekin bat egiteko. Errege Bidea gutxi gorabehera egungo errepide nazioalarekin parekatu genezake. Gainera, XIX. mendetik aurrera, Arizbarrengo Bidearekin ere egiten zuen bat, Ibaizabal ibaia zeharkatu ostean, Basaurirantz jotzen zuena; industrialki hazten ari zen La Basconia aldera, alegia”, dio Romanok.

Garapena eta atzeraldia

“Bide bat udalerri batetik igarotzeak beti laguntzen du hainbat zerbitzuren garapen ekonomikoan, hala nola, ostatuak, fondak edo mesoiak irekitzen baitziren. Eta horrek aberastasuna dakar”, dio Romanok: “Gainera, mandazainak, ibiltariak eta erromesak gure lurretatik igarotzearen ondorioz, ondare- eta kultura-eragina eta -garapena zegoen gizarte osoan. Beraz, oso positiboa da bideak udalerrietatik igarotzea. Gainera, gaur egunera iritsi den toponimia-aberastasuna ere uzten digu”.

Hala eta guztiz ere, Errege Bidearen trazadura aldatzeak atzeraldia ekarri zuen Etxebarriren garapenean: “XVI. mendean Bizkaiko Foru Aldundiak Errege Bidearen trazadura aldatu zuen eta Basauritik igarotzea erabaki zuen, Etxebarriren kaltetan. Izan ere, zalgurdiak edo salgaiak herritik igarotzen ez zirenez, ez ziren zergarik kobratzen, eta, hortaz, ezin ziren garatu bidean zehar ezarritako ostatu, fonda edo mesoi horiek”, dio Romanok.

Txalupatik Metrora

“Haatik, zailtasunak zailtasun, Etxebarrik gune estrategiko izaten jarraitu du komunikazio-bide oso garrantzitsuei dagokienez. Horren erakusgarri da 1882tik aurrera Bilbo eta Donostia edo Durango lotzen dituen trenbideak Etxebarrin geltokia izatea. Era berean, Arratiako tranbia Etxebarri ondotik igaroten zen”, dio Romanok.

Bitxikeria gisa, jardunaldietako hitzaldietako partaideek Etxebarri eta Begoña (garai haietan ez zen Bilboren parte) lotzen zituen txalupa baten berri izan zuten. “Bideak trazaduratik haratago doaz, eta, askotan, komunikazio-bideek ibaiak beste modu batera gainditu behar dituzte. Kasu horretan, La Barca izenez ezagutzen zena erabiltzen zen Etxebarrin. Oso deigarria izan da jardunaldietara joan diren pertsonentzat, baina ez luke horrela izan behar; izan ere, txalupa zegoen tokian toponimo bat dago: La Barca izeneko baserri bat baitzegoen. Etxebarritik Begoñako elizatera gurutzatzeko modua zen La Barca: Lezama Legizamon penintsula osoa zeharkatzen zuen. Boluetako zubi berriraino igaro behar izatea baino askoz bizkorragoa zen La Barca. Gainera, Boluetako zubi hori ez zuten XVIII. mendera arte eraiki. La Barcaren bitartez, pertsonak ez ezik, merkantziak ere errazago igarotzen ziren, askoz azkarrago eta modu eraginkorragoan, Bilboko itsasadarrean gasolinoekin gertatzen zen bezala”, dio Romanok.

Izarra Rodriguez etxebarritarrak, adibidez, Ondarearen Europako Jardunaldietan parte hartu zuen entzule bezala, eta GEURIAri aipatu dionez, harritu egin zuen La Barcaren bitxikeria: “Oso jardunaldi interesgarriak izan dira, eta ezagutzen ez dituzun gauzei buruzko informazioa ematen dizute. Esaterako, ez nekien Etxebarrin bazela txalupa bat Lezama Legizamon poligonoa Begoñarekin lotzen zuena: harritu egin ninduen!”, dio Rodriguezek. Mari Paz Fernandez herrikideari ere gustatu zaizkio aurtengo jardunaldiak: “Gure herriari buruzko historia ezagutzea asko gustatzen zait”.

1882ko trena, Arratiako tranbia edota La Barca txalupaz gain, Metroaren etorrera oso garrantzitsua izan da Etxebarriren garapenean: “Jakina, Metroaren etorrera hirigintzarako oso boom garrantzitsua izan da Etxebarrirentzat. Beraz, komunikazio-bideei lotuta egon da beti”, dio Romanok.

Erreportajeak

Olentzero Zeberioko errege bidean agertu zenekoa, kalejira alaiean

1986tik aurrera Olentzeroren Ermitabarritik Zubialderainorako kalejira Zeberion errotzen hasi zen eta urtero errepikatzen hasi ziren, milurteko aldaketa gertatu arte

|

Olentzero, Zeberion, iazko kalejiran // Juan Pablo Ayarza

Beste urte batez, abenduaren 24an Olentzero, Mari Domingi eta astoaren laguntzarekin Ermitabarritik Zubialderako errege bidetik ikusteko aukera izango dute etxeko txikienek. Baina beti izan al da horrela Gabonetako tradizio hau? Olentzero betidanik ezagutu badugu ere, Zeberion inork gutxik daki zein izan zen menditik jaisten den gizon hau kalean ikusi zuten lehen aldia. Misterio bat omen da.

Misterioak misterio, eta data zehatz batzuk mahai gainean jartzearren, herriko hainbat pertsonekin bildu da GEURIA: Zeberioko Udala, historiagileak, guraso elkarteko kideak…

“Elizak egun horretan, abenduaren 24an Belen Bizia deitzen zen meza ospatu ohi zuen garai hartan Zubialdeko plazan”, azaldu du Kepa Perez Urraza herritarrak (Bilbo, 1952). “Benetako ume txiki bat, sei hilabetekoa edo, bertara eramaten zuten. Hori zen garai hartako ohitura”. Kepak 1986 urteko ‘Olentzero Zeberion’ izenburua daraman eskuorri bat dauka eskuartean.

Olentzero, Ermitabarrin, iaz // Juan Pablo Ayarza

“Gaur arrastiko hiruretan Arbildun”. Hitz horien azpian eskuz marraztutako olentzero bat ageri da eta behean jarraitzen du: “Arbildutik arrastiko 3retan urtenda kamiñotik desfilea Ermitabarriraino. Arrastiko 6’30 meza Zubialden”. Ondoren programa bat ageri da, kalejira hartan egingo zena zehazten: “Txistulari, soinulari, trikitilari. Gurdiak: Olentzero ikatza egiten, tximinitik erregaluekaz, Olentzeroren erregaluak, Gaztain-erreketa, Olentzero-mukurre. Animaliak: behiak, zaldi, astoak, ahuntzak, ardiak…”.

Izanari forma emanez

Garai hartan, duela 40 urte, Olentzero barneratuagoa zegoen herri handi eta hirietan, baina herrietan ez hainbeste. Tradizioa 80. hamarkadan errotzen hasi zen Euskal Herrian, baina antzina Olentzeroren figura ere existitzen zen: Julio Caro Barojak ‘Estudios Vascos’ (Txertoa, 1983) liburuan aipatu lez, neguko solstizioaren ospakizuna zen Olentzero: antigualean eguna luzeago izaten hasten zenean eta eguzkia ordu gehiagotan argitzen hasten den sasoiari Egubarri (egun eta berri hitzen arteko lotura) esaten zaio.

Izan ere, antzina, sua zen eguzkia irudikatzeko forma nagusia eta Euskal Herriko etxe askotan sua pizten zuten Gabon Egunean Olentzero ‘mukurre’ izeneko enbor sendo batean.

Olentzero, iaz // Juan Pablo Ayarza

Espaniako eleizetan, Jesusen jaiotza izango zela eta, Gabonak baino lehenagoko egunetan Amabirjinari kopla batzuk kantatzen zizkioten. Kopla horiek “O” letraz hasten ziren: “O Sapientia“, “O Rex“, “O” …, eta Frantzian, Gabonetako Oak edo “Les oleries“.

Horrela, eta Nafarroa Baionako Gotzaiaren menpe zegoenez, Lesakan, Beran eta horko herrietan sasoi edo denbora hauei Olentzero deitzen hasi ziren: Olen (frantsesetik ‘Olerieak’) eta -tzaro (garaia). Gaur egungo kopletan, berriz, Olentzero menditik datorren ikazkin lodi bat da eta kristo jaio delaren berria ekartzen dio herriari.

Olentzero joan zaigu
mendira lanera
intentziyuarekin
ikatz egitera.
Aditu duanian
Jesus jaio dala
lasterka etorri da
berri ematera
[…]

Urteek aurrera egin ahala pertsonai horrek hainbat aldaketa izan ditu: azken urteetan Mari Domingi eta Napo astoaren laguntza izan du.
1986ra bueltatuz, beraz, urte garrantzitsua izan zen Zeberiorentzat, urte hartan egin izan baitzuen lehen agerpen publikoa, ziurrenik. “Hiru gurdi, zaldiak, astoak, soinulariak… hau guztia antolatzea benetan zaila izan zen”, azaldu du Kepak. Abenduaren 24a zen. Jendea familian afaltzeko gaua. Kalejira bat kudeatzeko egun zaila.”Pertsonak mugiaraztea konplexua zen, baina animalia eta gurdiekin aurrera eta atzera egotea beste kontu bat zen!”.

Beraz, Olentzeroren 86ko kalejira 15:00etan hasi zen Arbildutik Ermitabarriraino, herriaren errepide bakarretik. Izan ere, Arbildu auzoan errepide ondoan dagoen pabiloi barruan gurdiak, olentzero eta kalejiran eraman ziren kontu guztiak muntatu zituzten.

Kepa Perez: “Pertsonak mugiaraztea konplexua zen, baina animalia eta gurdiekin aurrera eta atzera egotea beste kontu bat zen!”

Kalejira martxan ipini zenean, lehen partean asto bat zihoan gurdi batekin eta bertan herriko soinulariak: Amaia Astondoa, Esther Alesandre… Beste gurdi batean Kepa Junkera trikitilari bera egon zen. Ibilaldi osoa gaur egungo errepidetik egin zuten.

Kontuan izan behar da garai hartan ez zegoela ia trafikorik eta era honetako jarduera bat egiteko ez zen inolako baimenik eskatu behar. Pentsaezina zen. Ermitabarrirainoko ibilbidea astiro-astiro egin zuten eta bertatik Zubialderaino, herriko plazaraino, alegia.

Olentzero, Errege bidean zehar, iaz // Juan Pablo Ayarza

Ermitabarritik, eskolatik

1986tik aurrera Olentzeroren Ermitabarritik Zubialderainorako kalejira Zeberion errotzen hasi zen eta urtero errepikatzen hasi ziren, milurteko aldaketa gertatu arte. Hortik aurrera Olentzerok urte jakin batzuetan eskolara egiten zuen ibilbidea eta beste batzuetan Ermitabarriko bide orijinalaren kalejira egiten zuten.

2001ean ez zen Olentzeroren kalejira “orijinala” egin; Olentzerok ibilbidea eskolara egin zuen zuzenean eta 2007an gauza bera. 2012an, berriz, Ermitabarriko ibilbidea berreskuratu zuten eta 2014an ere.

Azken urte hartatik gaur egun arte Ermitabarritik Zubialderainoko kalejira egiten dute Errege Bidetik. Gaur egun Mari Domingi eta Napo astoarekin lagunduta eta umez inguratuta ikusten dugu Olentzero, gauean opari banaketarekin hasi baino lehen, zeberioko txikienen aurpegiak ilusioz betetzen.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Erreportajea / Gaztegunea, gazteen topaleku eta babesgune

Gaztegune berria zabaldu dute herri erdigunean. Zerbitzu berriak eskainiko ditu, hala nola, Gaztegune Ibiltaria, aholkularitza psikologikoa, Coworking gela eta monitoretza titulua eskuratzekoa

|

Irailaren 7an inauguratu zuten Autonomia kaleko Gaztegune berria // Geuria

[2024ko irailaren 12an paperezko edizioan publikatutako erreportajea – Geuria 110] Basauriko Gaztegune berriak ateak zabaldu ditu. Irailaren 7an Autonomia kaleko 3. zenbakiko lokala inauguratu zuten: 300 metro karratuko lokala da, bi solairukoa, kanpoko patio batekin. “Gazteei zuzeneko arreta eta informazioa eskainiko zaie eta askotariko jarduerak antolatuko dituzte bertan; hala nola, programa eta jarduera ludikoak eta kultura-arlokoak, ikastaroak, ikuskizunak eta tailerrak”, azaldu zuen lokal berriaren aurkezpenean, irailaren 6an, Asier Iragorri Basauriko alkateak.

“Zerbitzu berria Autonomia kalera lekualdatu dugu, Basauri erdigunera. Inaugurazioa irailaren 7an egin genuen eta harrera oso ona izan zuen: gazte asko hurbildu ziren, gure ohiko erabiltzaileak zein berriak, beraz, oso pozik gaude izan duen harreragatik”, adierazi dio GEURIAri Oihane Ortega Gazteguneko koordinatzaileak.

GEURIAk erabiltzaile horietako batzuekin berba egiteko aukera izan zuen inaugurazioaren egunean. Ibon Urrutxua Zirt Zarteko bazkide da duela hiru urtez geroztik eta Basozelaiko Gazteguneko erabiltzailea izan da azken urteotan: “Astero joaten naiz Gaztegunera. Gainera, Social Antzokian antolatzen dituzten ekintzetara ere joaten naiz, baita tailerretara ere”, dio Ibonek, eta adierazi du gustatuko litzaiokeela Gaztegunetik bideo-jokoen lehiaketa bat antolatzea: “Asko gustatzen zaizkit bideo-jokoak eta ideia ona izango litzateke!”.

Nora Antónek eta Ariane Gomezek Gaztegunean antolatzen dituzten tailerretan hartzen dute parte: “Gaztegunera natorrenean asko gustatzen zait ping-pongean jolastea eta tailerretan parte hartzea. Sukaldaritza tailerrak, adibidez, asko gustatzen zaizkit eta oso ondo pasatzen dut”, dio Norak. Arianek ere gogoko ditu sukaldaritza tailerrak, baita irteerak egitea ere: “Leku oso dibertigarriak bisitatzen ditugu Gazteguneari esker. Gustatzen zait lagunekin batera etortzea eta tailerretan eta irteeretan parte hartzea”. Iara Martin ere lagunekin doa Gaztegunera: “Filmak ikusten ditugu, eta bideo-jokoetan eta futbolean jokatzen dugu”.

Gaztegunea, auzorik auzo

Gaur egun 1.500 bazkide baino gehiago ditu Zirt Zart Gazte Zerbitzuak eta lokal berriaren kokapen estrategikoa ikusita, kopuru horrek gora egingo duela aurreikusi dute bertan lan egiten duten monitoreek: “Asteburuetan 60 eta 70 gazte inguru hurbiltzen dira Gaztegunera, baina orain, San Pedro elizatik hain gertu egonik, herriko gazte gehiago hurbiltzea espero dugu”, azaldu diote GEURIAri.

Zentzu horretan, gazte gehiago erakartzeko asmoz, ikasturte berrian zerbitzu berri bat eskainiko dute: Gaztegune Ibiltaria. “Zerbitzua zentralizatu dugunez, gure ideia da zerbitzua Basauriko auzo guztietara zabaltzea. Asteburu bakoitzean Gazteguneko jarduerak auzoetara eramango ditugu: asteburu batean auzo batean izango dira, hurrengo asteburuan beste auzo batean, eta horrela ikasturte osoan zehar. Gure sare sozialetan jakinaraziko dugu non eta noiz egongo garen asteburu bakoitzean eta zein jarduera egingo dugun”, dio Oihanek. Gaztegune Ibiltaria Kareaga Gizarte Etxean, Basozelai Gizarte Etxean, San Migeleko Taberna Nagusian eta Arizko Dorretxean izango dela adierazi du Jon Zugazagoitia Gazteria arloko zinegotziak.

Gazteen “babesgunea”

Basauriko Udalak, Zirt Zart zerbitzuaren bidez aholkularitza psikologikoko zerbitzu berria ere eskainiko die erabiltzaileei. “Nabarmendu behar da ez dela laguntza psikogikorako gune bat, aholkularitzakoa baizik”, azpimarratu du Iragorrik. “Psikologo bat egongo da neska-mutilei entzuteko prest eta laguntza psikologikoa edo bestelakoa behar duten egoerak identifikatzeko, eskura dituzten baliabide publikoei buruz orientatzeko, nora jo dezaketen azaltzeko”, zehaztu du. Oihane Ortega Gazteguneko koordinatzaileak gehitu duenez, “aholkularitza psikologikoaren bitartez gazteek euren kezkak edo zalantzak helarazi ahal izango dituzte eta Gaztegunean dagoen aholkulariak lagunduko die, nora jo behar duten jakin dezaten”.

Basauriko gazteen kezka edo beharrizanen inguruan galdetzean, eta Gazteguneak behar horien inguruan duen jarrera aipatzean, langileek diote gazte askok “espazio eroso eta seguru bezala” ikusten dutela Gaztegunea: “Gazte asko denbora igarotzera etortzen dira hona”, dio Haizea begiraleak, eta gaineratu du: “Askotan gurekin berba egitera bakarrik datoz”.

Iratxe Alaña Gazte Informazio Bulegoko arduradunak adierazi duenez, gazte gehienak aisialdiko agenda ezagutzeko jotzen dute bulegora. “Era berean, formakuntza jasotzeko tailerrei buruz ere asko galdetzen dute, baita enpleguari buruz ere. Azken kasu horretan, Behargintza zer den azaltzen diegu eta bertara bideratzen ditugu”, dio Iratxek.

Basaurira bizitzera etorri diren etorkinak ere informazio eske gerturatzen dutela dio Iratxek: “Euren seme-alabak herrian eta gazteen artean integratzeko Gaztegunetik antolatzen diren zerbitzuez galdetzen dute, baita euskara ikasteko eskolei buruz ere. Guk Gaztegunera etor daitezen animatzen ditugu eta euskara ikasteko Udal Euskaltegira joateko gonbita luzatzen diegu. Zentzu horretan, askotan informazioa lortzeko lehen bide hori gu gara”.

Coworking gela

Gaztegune berrian eskainiko duten beste zerbitzu berri bat Coworking gela da. Bertan, erabiltzaileek talde-lanak, bilerak, bestelako ekimenak edo coworkingeko jarduerak egiteko aukera izango dute, bazkideak aurretik erreserba eginez: “Gazteak etxeko lanak egitera etor daitezke Gaztegune berrira, edo lanen bat egiteko edo eskolarako aurkezpen bat prestatzeko elkartu behar badira, gela erabili ahal izango dute”, zehaztu du Oihanek: “Guk gela erreserbatzeko erraztasunak emango dizkiegu, noski”.

Ordutegiek aldaketak izango dituzte lokal berriaren irekierarekin. Hasiera batean arratsaldeko ordutegia bazuen ere, orain goizez ere zabalik egongo da oporraldietan, astelehenetik ostiralera 10:30etik 13:30era, eta Gazte Informazio Bulegoak eskaintzen dituen orduak ere luzatuko dituzte: lehen 1.350 ordu eskaintzen zituen urtero eta orain 1.750 orduak gainditzea aurreikusi dute Udaletik.

Udalak 430.000 euro bideratu ditu Gaztegune berrirako, eta 2021ean 175.921 euroan esleitu bazen ere inbertsioa % 35 handitu dute aurten, 235.314 euro gehituz: “Oro har, Udalak Gazterian egindako inbertsioa % 40 inguru areagotu da, bai arlo ekonomikoan bai arreta emateko eta zabalik izateko ordu kopuruan”.

Osorik irakurri

☉ Zeberio

Hiru hamarkadako bidaia elektroniko eta literarioa

Mikel Urkixo idazle zeberioztarraren “Euskal Herria Undeground” liburu berriak musika elektronikoaren baitan sortutako azpikultura aztertzen du

|

Mikel Urkixo // Utzitakoa

Musika elektronikoa puri-purian zegoenean ezagutu zuen Mikel Urkixo Aierdi idazleak (Zeberio, 1981). Ezagutza horretatik abiatuta, azpi kultura horren baitan sortu zen mugimenduari eta bizi estiloari erreparatu dio, ‘Euskal Herria Underground. 1986-2015, bidaia elektroniko bat’ liburuaren bitartez.

Urkixok ‘Hustu Artekoak’ izeneko poesia liburua kaleratu zuen 2022an eta Beta III Milenio Ediciones argitaletxearekin kaleratutako bigarren obra honek poesia albo batera utzi, eta euskal gizartean ohiartzun eskasa izan zuen fenomeno honen azterketa sakona ekarri dio irakurleari, zeberioztarrak duela urte asko trabatuta zeukan “arantza” bat azaleratuz, bai idazle bezala, bai underground eszena horren “biktima” lez. Zentzu horretan, liburu honetara hurbiltzen den irakurleak aurkituko du sorpresaren bat edo beste, aurreiritziak alde batera uzteko gai bada bai bederen.

“2001eko igande anonimoa. Amaitzear da mundu analogikoa. Galdua du borroka. Gazteetako batek dantzan jarraitzen du, Imanol Salvador “Ima Intermusic”ek gau horretan Pagoa klubean jarri duen azken diskoa gogoan. Ezin kabiturik. Zoroen pare egiten du dantza. Lehen orduko eguzki izpiekin batera mugitzen du gorputza. Arritmikoki. Gazteak oraindik ez daki Richie Hawtinen Minus-“Orange1″ dela, burmuineko arrakaletan gora, barrenak aldrebestu dizkion kanta”. Horiek dira Mikel Urkixoren liburuaren hasierako lerroak.

Musika elektronikoaren azpikultura mundu guztian zehar arrapaladan hedatu zen, eta gure herrian ere oso zirkuitu interesgarria egon zen, undergrounda oso, euskal gizarteak ez baitzuen inolaz ere onartu edo “instrumentalizatu” nahi izan. Rock eta punk erradikalarentzat izan zuen tokirik, baina kultura elektroniko hark beldurtu egin zuen euskal gizartea.

Gaur egun, modan daude edo erdigunera ekarri dituzte talde baztertu eta gutxituen borrokak; bada, musika elektronikoa baztertuen musika gisa jaio zen hein handi batean.

House musika gay, lesbiana, trabesti, latino eta beltzentzako musika zela zioten Estatu Batuetan, eta tekno musika 80. hamarkadako Detroiteko ghetto latz eta ilun hartan sortu zuten beltzek. Bada ezer underground edo azpikulturalagorik? Gaur egun bolo-bolo dabiltzan diskurtsoak dira, baina musika elektronikoaren munduak beti eskaini die aterpea talde baztertuei.

Euskal gizarteko gazte sektore zabal batek ez zuen jakin ulertzen iraultza musikal hura. Beste borroka batzuek zuten lehentasuna garai hartan. Gainera, hasiera batean, post punka, rocka eta musika industriala zeritzona izan ziren elektronikaren jatorria. Hura eta Valentziatik zetozen hastapenetako soinu eta doinuak. Berez, ez zegoen guztiz aldendua modan zeuden punk eta rocketik. Baina sentsazionalismo handiegia zebilen gaiaren inguruan.

Beste alde batetik, egia da euskal sortzaileen artean beti izaten dela apurketa handietarako “amildegi sentsazioa”. Sortzaile asko beti daude “zaharra berrinterpretatu beharra leloarekin”, eta horrek aukera gutxi uzten die apurketa handiei. Eta musika elektronikoak apurketa handia suposatu zuen 1980-1990eko hamarkadan.

Biniloen gainbehera

Musika elektronikoak asko galdu zuen digitalaren sarrerarekin. Biniloen gainbehera etorri zen, eta horrek berekin kultura musikal handia galtzea ekarri du. Garaitsu hartan, musika elektronikozale asko biniloak identifikatzen saiatzen ziren, disimuloz, artisten sesioetan.

Eta publikoko jende askok, abestia entzunda, bazekien abestiak Detroiteko ukitua zuen, edo Berlingoa, edo Koloniakoa, edota Londresekoa. Eta jendea binilo-dendetara joaten zen binilo hura aurkitzeko esperantzarekin. Xarma handia zuen horrek.

Ez zegoen ia Internetik, baina jakin-min handia zuten askok. Lokaletan Technics biragailu eta Rodec izeneko mahaiak egoten ziren, eta lokal haiek eskola elektronikoak bihurtu ziren gazte askorentzat.

Kuriosoa da, baina gaur egun teknologien garaian bizi gara, eta inoiz baino ezjakinagoa da gizakia. Gaur egun, gainera, ekipo digitalekin, ezinezkoa da txarto pintxatzea (musika nahastea).

Aisialdiaren aldaketa

Urkixoren arabera, gaur egun asko aldatu da aisialdi eredua, eta “ezer gutxi” geratzen da mugimendu hartatik: “Lore gutxi batzuk, eta belartza handia. Agian gaur egun musika bigarren plano batean geratu da aisialdian. Ez dakit… ez naiz ausartzen egungo agertoki elektronikoaz iritzi potolorik botatzen, baina gauzak asko aldatu direla nabarmen-nabarmena da”.

Zeberioko idazlearen aburuz, 1980, 1990 eta 2000ko hasieretan jendea musikak mugitzen zuen. “Orain ez dut halakorik ikusten nik. Eta ez dago espazio handirik “zahartxo elektroniko zaleentzat”.

Beste herrialde batzuetan, musika elektronikoa erabat errotuta dagoenetan, guraso eta seme-alabak ikus daitezke dantzan, egunean zeharreko festibaletan. “Hemen inoiz egin izan da ahaleginik, baina uste dut ez dela gauza handirik lortu. Mugimendu hura uholde handi baten antzean etorri zen, eta berdin-berdin desagertu zen”.

Eskualdeko undergrounda

Hego Uriben Hobby izan zen undeground eszenaren erreferenteetako bat, esaterako, Basaurin. Carlos De Miguel zen hango DJa, eta hark utzi eta Iker Uriarte Trampas -liburuko protagonistetako bat- hasi zen han artista lanetan.

Besteren batzuk ere izan dira, baina Hego Uriben ez da nabarmentzeko handirik egon. Hemengo publikoa mugitu egiten zen Euskal Herrian zehar: Bilbo, Gasteiz, Iruñea, Donostia, Oiartzun, Gernika, Arrasate, Bergara… Iparraldean ere ez zegoen ezer handirik, eta Iparraldeko euskaldunak Hegoaldera hurbiltzen ziren.

Urkixo, betiere, musika elektroniko underground batez ari da, pista nagusietatik kanpo zegoen horren inguruan, hain zuzen ere: “Hori, ezjakina denarentzat, igual ez da erraza ulertzen. Baina lokal edo klub underground gehienek bazituzten ezaugarri komun batzuk: soinu-ekipo itzelak, programazio on-onak, hots, artista bikainak, eta astero leku berean topo egiten zuen jendea: lagunak. Horiek ziren ezaugarri nagusienak”. Sarea sortzeko aukera ematen zuten klubek.

Hego Uribeko Zaratamo eta Zeberio bezalako landa eremuak izan dituzten herriek ere kultura undergroundarentzako lekua ere bazuten: “Zeberiotik eta Zaratamotik ere batu zen jendea mugimendu elektroniko hartara, noski. Ez gara hain bereziak!” (barreak).

Saiakera-elkarrizketa estiloko liburua da zeberioztarrak publikatu berri duen azken liburu hau. “Ederto pasatu dut idazten”, aitortu du Urkixok. “Zuzentasuna du ardatz, zelan ez. Baina batzuetan idazlea zuzentasun horretatik zertxobait aldendu egiten dela azaldu du Mikelek.

“Elkarrizketa edo barne-bakarrizketa zenbaitetan, hitanozko adizki edo alokutiboak erabili ditut galdera eta harridurazko esaldietan, nahiz eta zuzentasunaren aurka egin. Neutroegia geratzen ari zitzaidan susmoa nuen, indarra galtzen ari zela testua, eta halaxe jokatzea erabaki dut. Baina agian beste garaitsu batean idatzi izan banu liburua, beste era batean jokatuko nuen. Horrexegatik diot idazleok une oro hartu behar izaten ditugula erabakiak. Zuzentasuna ardatz, baina zenbait erabaki “zalantzazko”.

Hiztegiak eta arauek askotan ez dizute ematen idazle gisa behar duzun mundu osoa. Eta horrek ere badu bere xarma. Irakurleak akatsa ikus dezakeen lekuan, idazlearen erabaki kontziente bat egon daiteke. Baina normalean irakurlea trebatua bada, segituan harrapatzen du idazlearen intentzioa”.

Apurka-apurka osatu zuen Urkixok sarea azken liburu hau idatzi ahal izateko. Asier Balzategi Balza izan zen lehena. Balza Bergarakoa da, gainera, mugimendu underground haren gotorleku handienetakoa: Jam Aretoa, Ziripot, Kogollo Party Krew-koen lokala… Bergara beti izan da musika elektroniko undergroundenaren tokirik berezienetakoa. Bai artistek zein publikoak gehien maitatu dutenetakoa. Hortaz, Balzaren baiezkoa jaso ondotik, beste artistengana hurbiltzeko aukera izan zuen Urkixok.

Eta Balzari eta Mikelen beste lagun batzuei esker, beste 13 artistengana iristeko aukera izan zuen idazleak. Argi nuen denetarikoak sartuko zituela Euskal Herria Undergrounden: nazioartean arrakastatsuak, garai hartako esanguratsuak, Euskal Herrian ezagunak izan zirenak, produkzioetan sartuak zebiltzanak (edo gaur egun dabiltzanak), kontratazioak egiten zituztenak, binilo-dendak izan zituztenak…

Garai hartako irudi oso eta osatua eman nahi izan du Mikelek: “Arrakasta izatea edo arrakastatsua izatea oso arraroa izaten da, baina aintzatespena arrakastaren gainetik dago, nahiz eta askotan kosta egiten zaigun sinestea”. Gure herrian, 40-65 urteko norbanako anonimo askoren etxean, egundoko binilo elektroniko-sortak daudela baieztatu du Mikel Urkixok, “altxor itzelak den-denak”.

Osorik irakurri

Erreportajeak

Arritxikerraken, familiak euskaratik eta euskaraz

Familien hizkuntza-ohituretan eragiteko eta euskararen arnasguneak haizatzeko helburuarekin sortu zuten Arritxikerrak 2023ko udaberrian, eta ordutik hona horretan dabiltza lanean, familiek euskaraz bizi ahal izateko aukera izan dezaten

|

Arritxikerrak dinamikako gurasoak // Geuria

Gau beltzaren aitzakian esperimentazio tailerra prestatu zuen Arritxikerrak taldeak udaletxeko arkupeetan. Bertara hurbildu ziren dozenaka familia euren txikienekin, eta hainbat jarduera burutu ahal izan zituzten, hala-nola; kalabazak piztu, material ezberdinak ukitu eta horiekin jolastu, eta bidenabar, propio sortutako giroaz -musika eta argia bidelagun- gozatu.

Hau izan da Arritxikerrakek antolatu duen azken jarduera, eta taldeko kideak jasotako erantzunarekin pozik daude: “berezia izan da, lortu dugu sortzea bilatzen genuen giro berezi hori, aldi berean dibertigarria eta beldurgarria izan dena. Umeek gozatu ederra hartu dute!”.

Urte bete luzea lanean

2023ko udaberrian sortu zuten taldea Arrigorriagako hainbat familiek, Eusko Jaurlaritzak sustatutako proiektu pilotu baten baitan, “euskararen familia bidezko transmisioaren inguruan hausnartzeko”. Hasiera horretan, 0-6 urte arteko haurren guraso talde bat eta Arrigorriagako Udala hasi ziren elkarlanean. Helburu nagusia argi izan dute hasieratik: “euskararen transmisioa sustatzeko lanean jarraitu nahi genuela erabaki eta Arritxikerrak sortu genuen, gure familien egunerokoan euskararen erabilera indartzeko espazioak sortzeko”.

Taldearen izenak berak argi uzten du proiektu honen bi zutabe nagusiak zeintzuk diren: “Proiektuaren izena “Arrigorriaga” eta “txikerrak” hitzen arteko elkarketatik dator, gure herriaren izena eta proiektuaren xede diren haurrak lotzen dituena. Izenak gure misioa ere islatzen du: euskararen baitan familia komunitate bat sortzea”.

Erroak finkatuta, talde eragilea 15 familiak osatzen dute, ekintzetan beste hainbatek lagundu edo parte hartu arren: “Egia esan, oso erantzun ona jasotzen ari gara eta horrek aurrera egitera motibatzen gaitu, euskararen erabilera sustatzeko proiektu honi herriko familiek ematen dioten babesagatik”.

Antolaketari dagokionez, eta kontutan hartuta egungo gizarte ereduak zeharo zailtzen duela lanaren eta bizitzaren arteko kontziliazioa, teknologiaz baliatzen dira elkarren berri izateko: “Antolaketari begira, gutxienez hilabetean behin bilera presentzial bat egiten saiatzen gara, jarduerak planifikatzeko eta egitekoak koordinatzeko. Hala ere, modu digitalean funtzionatzen dugu gehienbat”.

“WhatsApp eta Telegram kanalak sortu ditugu datozen jardueren berri emateko eta talde-eragileko bileren deialdiak zabaltzeko”

Horren harira, eta herritarrei begira egiten duten lanari dagokionez, aurten berritasun bat aurkeztu dute: “WhatsApp eta Telegram kanalak sortu ditugu datozen jardueren berri emateko eta talde-eragileko bileren deialdiak zabaltzeko”. Egun 42 jarraitzaile ditu whatsapp kanalak, eta beste horrenbeste telegramekoak.

Proiektua gizarteratzea bada presente duten kezka nagusietako bat, eta Arritxikerrakek Arrigorriagan gero eta indar handiagoa izan dezan lanean ari dira: “Familien hizkuntza-ohituretan eragitea eta euskararen arnasguneak sortu nahi ditugu, modu ludiko eta natural batean. Erreferente izan nahi dugu Arrigorriagan, familiek euskaraz sozializatu eta gozatu ahal izateko guneak eskainiz” diote taldeko arduradunek.

Zozoak beleari… gaztelaniaz

Guraso talde honek Euskal Herriko herri askotan errepikatzen den errealitate soziolinguistiko batekin talka egin du: ezagutzaren eta erabileraren artean dagoen amildegia.

Arrigorriagaren kasuan, azken azterketa soziolinguistikoen arabera, “orohar herritarren %45 elebakarrak badira ere, 20 urte baino gutxiagoko herritar ia guztiak dira euskaldun oso (%89) edo euskaldun hartzaile (%9). Gazteen artean guztiz marjinala da elebakartasuna”.

Erabilerari dagokionez, baina, haurren kasuan % 7 eta % 8 artean kokatzen da azken ikerketen arabera, eta gazteen kasuan % 2an. Alkarbidek 2016an egin zuen inkesta baten emaitzak erakutsi zuen eskasa zela euskararen eskaintza eta erabilera haur eta gazteentzako kirol jardueretan. Horretarako Lehen Hezkuntzako 6. Mailako (LH6) ikasleen datuak aztertu zituzten. Emaitzek islatu zuten haur eta nerabeei zuzendutako eskaintzaren ia ehuneko ehuna gaztelaniaz zela.

“Nahiz eta hainbat familiatan euskararen transmisioa ematen den, denborarekin, euren harreman sozialak gaztelaniara aldatuz doaz”

Datu horiek abiapuntutzat hartuta, hausnarketarako gaia badela uste dute talde eragileko kideek: “Tamalez, datuek Arrigorriagan ere egoera hori agerian uzten dute, gure eskualdeko eta Bilbo Handiko beste herri askotan bezala. Nahiz eta hainbat familiatan euskararen transmisioa ematen den, denborarekin, euren harreman sozialak gaztelaniara aldatuz doaz, gure kaleetan gehien erabiltzen den hizkuntzara”.

Egoera hori iraultzeko, euren aburuz, “ezinbestekoa da euskarazko espazio seguruak sortzea eta mantentzea, etxean ez ezik, kalean, jolasean eta eguneroko jardueretan ere”.

Zelan lortu hori, baina? Azken aldian,arestian aipatu bezala, aisialdia euskalduntzeko beharra azpimarratu dute euskalgintzaren munduan lanean ari diren adituek eta elkarteek. Zentzu horretan, sortu dira esparru horretan eragiten saiatzen diren ekimenak, Pantailak Euskaraz dinamika, kasurako: Arduradunek eurek argiro azaldu dute egungo egoera zein den: “Gure bizitzetan ordu asko ematen dugu pantaila txiki, ertain, edo handien aurrean, sare sozial, streaming plataforma, zinema, telebista, bideo-jokoak… kontsumitzen zein edukiak ikusten eta sortzen, baina euskarak oso presentzia urria du horietan guztietan. Horrek eragin kaltegarria dauka euskararen jabekuntzan nahiz erabileran”.

Beste arlo batez ari garela, baina Arrigorriagako talde honek ere jakin badaki euskaraz bizitzeko aukerak, guneak eta orduak ez direla hainbeste gaztelaniarekin alderatuta, eta lehen pausoa zein den argi daukate: “Badakigu gurasook eta helduok euskararen erabileran dugun eragina, eredu garen heinean, oso garrantzitsua dela. Haurrek euren gurasoek eta helduek euskaraz hitz egiten dutela ikusten badute, euskara aintzatetsia eta ohikoa den hizkuntza gisa ikusten dute”. Aldiz, gaineratu dute, helduek testuinguru elebidunetan gaztelania erabiltzen badute, “haurrek gaztelania hizkuntza nagusitzat hartzen dute, euskararen kaltetan”.

Hortaz, borobildu dute, “funtsezkoa iruditzen zaigu helduek euskara lehentasunezko hizkuntza bihurtzeko baldintzak sortzea. Helduon konpromisoan jarri dute arduraren zati handi bat: “gure artean eta haurrekin euskaraz aritu behar gara, eredu izateko eta euskara hizkuntza balioduna dela erakusteko”. Hala ere, eta hautu pertsonalez harago, garrantzitsua da erakundeen aldetik euskaraz bizitzeko eskubidea bermatzea arlo guztietan, eta baita aisialdian ere.

Zentzu horretan, Arritxikerraketik argi daukate “arlo guztietatik eragin behar dela, ez bakarrik haurrentzat antolatzen ditugun ekintzetan, baizik eta aisialdia osatzen duten beste hainbat jardueretan ere. Kirola aipatzen da askotan, eta badu bere zentzua, ezin dugulako lanaren zati handiena eskolaren bizkar utzi. Euskara gozatzeko hizkuntza izan behar da, bestela jai daukagu”.

Haurren ekosistema gakoa

“Nahiz eta haurrak euskarazko jardueretan parte hartu, parkean edo lagunekin jolasten duten tarteetan, gaztelania nagusitzen da. Gainera, euskararen erabilera etengabe sustatzeko baliabide eta espazio egonkorrak falta dira, eta horrek ingurune edo ekosistema linguistiko koherentea sortzea zailtzen du”.

Ingurune digitalean nola, eguneroko bizitzan ere antzeko egoerak bizi dira, eta horrek bi eragin nabari izaten ditu: alde batetik haurrek nagusi den hizkuntzara jotzen dutela, eta bestetik gurasoek estres linguistikoa deritzonaren eragina nozitzen dutela. Estres linguistikoa esaten zaio norekin, non, noiz edo hitz egiteko hizkuntza erabaki beharrari. Ez dago erdararik ez dakien euskaldunik.

“Haurrek ikusten dutena imitatzen dute eta helduen arteko harreman euskaldunak giltzarri dira horretan”

Horregatik, euskaldunok askotan kezka izaten dugu komunikatzeko hizkuntza aukeratzerakoan (karrikiri.eus). Kasu askotan, gurasoek gaztelaniara jo behar izaten dute, eta erabaki horrek eragin zuzena du haurren hizkuntz ohituretan: “Haurrek ikusten dutena imitatzen dute eta, lehenago esan dugun moduan, helduen arteko harreman euskaldunak giltzarri dira horretan. Ezinbestekoa da euskara hizkuntza natural gisa ikus dezaten. Zentzu horretan, estres linguistikoa gainditzea eta testuinguru elebidunetan euskara mantentzea erabakigarriak dira ere bizi dugun egoerari aurre egiteko”.

Guraso ez euskaldunen bidelagun

Zailtasunei baino, bidean sortzen doazen aukerei erreparatu diote Arritxikerrakeko kideek. Hori horrela, euren jarduerak herriko familia guztiei zabaltzeko ahaleginak eta bi egiten ari dira, guraso ez euskaldunak ere erakarri nahian: “Gure hizkuntzan murgiltzeko aukera eman nahi diegu errealitate ez euskaldunetatik datozen familiei. Baliabide askorik ez dugun arren, lanean ari gara familia horiek gure jardueretara erakartzeko moduak aurkitzeko”.

Hori zertan hezurmamitzen den galdetuta, adibide praktiko bat jarri digute: “aurten antolatuko ditugun jardueretarako, liburuxka txikiak prestatuko ditugu euskarazko esaldi erabilgarriekin eta horien itzulpenarekin (gaztelaniara eta beste hizkuntza batzuetara, arabierara esaterako). Gainera, behar izatekotan, taldekideak prest egongo gara familia horiei laguntzeko eta gidatzeko jarduerak egiten diren bitartean, eroso senti daitezen”.

Erreportaje honen hasieran aipatu dugu Gau Beltzaren harira antolatu zuten esperimentazio tailerra, eta hor bertan ikusi ahal izan genuen lanketa honen uzta emankorra: hainbat gurasok euren seme alabengandik edo taldeko beste kide batzuen eskutik ikasi ahal izan zuten kuia, armiarma edo gau beltza bezalako hitzen esanahia zein den.

Ez da hori, baina, etorkizunera begira duten erronka bakarra, inondik inora: “2025erako, familiak elkarrekin euskaraz gozatzeko espazioak eskaintzen jarraitu nahi dugu. Gure helburua sortu dugun komunitatea indartzea eta familien arteko elkarlana sendotzea da, euskara egunerokoan modu naturalean erabil dezagun”. Bejondeiela saiakeragatik, eta egiten ari diren lanagatik.

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

Erreportajea / Elkartasuna Hego Uribetik Valentziara

|

Xabier Urrutikotxea (ezkerrean), eta Unai Etxebarria eta Aiaraldeko lagunak (eskuman) // Utzitakoak

Tanta hotzak hondamendia eragin du Valentziako Erkidegoan eta Albaceten, besteak beste. Erreportaje hau idazten ari naizen momentuan berrehundik gora dira hildakoak, milaka dira desagertuta jarraitzen duten herritarrak eta 4.800 lagun erreskatatu dituzte.

Telebistatik edo sare sozialetatik jasotzen ditugun irudiak ikaragarriak dira, askotan malkotan uzten dizkizutenak. Halakoetan, zerbait egiteko ezintasuna sentitzen dugu, baina une horietan zerua eta lurra mugitzeko gai diren pertsonak agertzen dira, kaltetutako udalerrietan eta bertako herritarrei laguntza ematera joateko. Unai Etxebarria basauriarraren, Xabier Urrutikoetxea usansolotarraren eta Galdakaoko GBGE elkartearen kasuak dira horiek.

Hego Uribe eskualdetik Valentziara bidaia egin dute: janaria, ura edota lokatza kentzeko materiala eraman dituzte. Eta Urrutikoetxearen kasuan, Euskal Herriko beste ehun suhiltzaileekin batera bertaratu da laguntza eta erreskate lanak egitera. GEURIAn aukera izan dugu Unairekin eta Xabierrekin berba egiteko, Paiportan edota Sedaví herrietan euren laguntza eskaini duten momentuan.

Unai Etxebarria Larrauri basauriarra (Basauri, 1993) azaroaren 2an joan zen Valentziara. Zehazki, Paiporta ingurura. “Sareetan Valentziako hondamendiaren inguruko bideo asko ikusi nituen eta jarraian esan nuen: ‘Bertara joan behar dut laguntzera’. Ikaragarriak ziren bideo horiek eta nire ekarpena egin nahi nuen”, adierazi dio GEURIAri basauriarrak. Azaroaren 2an, larunbatez eta gauez, irten zen Laudiotik boluntario talde batekin eta azaroaren 3an 07:00ak aldera iritsi ziren. “Bertako Euskal Etxeko lagun batekin egon nintzen aurreko egunetan harremanetan eta bere bitartez lortu genuen Valentziara sartzea”, dio Unaik.

Valentziara joan aurretik diru bilketa jarri zuen martxan Unaik materiala erosteko eta bertan banatzeko. Bilketa horren berri eman zuen Etxebarria Aita-Seme Trikitilariak Instagram kontuan, eta ordu gutxitan 10.000 euro biltzea lortu zuen: “Izugarria izan zen jendearen laguntza hori. Egia da Ogasunak bizum horretatik jaso genuen diru kopuru bat hartu egingo duela, horregatik 10.000 eurora iritsi ginenean bertan behera utzi nuen diru bilketa. Bizuma irekita mantendu izan banu, 50.000 eurora ere helduko ginen! Jendearen elkartasun uholdea ikaragarria da!”, dio Unaik, eta Ogasunak kenduko dion dirua, 3.000 euro gutxi gorabehera, bere gain hartuko du basauriarrak. Laudiotik Valentziara bitarteko bidaia “isiltasunean” egin zutela aitortu digu Unaik: “Isilik eman genuen bidaia osoa, pentsatzen zer aurkituko genuen bertan. Eta, iritsi ginenean eta lupetza artean sartu ginenean, dena aldrebestu zen: Netflixeko filmaketa bat zirudien. Izugarria benetan”. Valentziara heldu zirenean “etsipena, abandonua eta gobernuen utzikeria” topatu zituztela dio Unaik.

“Oso gogorra”

Valentzian dagoen egoera “oso gogorra” dela ziurtatu du Etxebarriak: “Bertako herritarrek dena galdu dute. Ez bakarrik gauza materialak, herrikide asko hil egin dira hondamendi honetan. Bertako herritarrak bertatik atera behar dituzte lehenbailehen: dena ondo garbitu, gero dena ondo jarri eta ondoren euren herrietara eta etxeetara itzuli daitezen”, dio.

“Ikusi duguna da herritar askok ez dutela inolako laguntzarik jaso. Igandean hasi ziren laguntza apurra jasotzen, eta herritarrengandik bakarrik. Lehenengo kolpean oso beldurtuta daude herritarrak, baita haserre ere. Jaramonik egin ez dietela sentitzen dute askok, eta hiltzen utzi dutela jendea”, dio Unaik. Herritarren haserrealdia azaroaren 3an, igandez, handitu zen Paiportan, Carlos Mazón Generalitateko presidentearen, Pedro Sanchez Espainiako presidentearen eta Erregeen bisitarekin. “Paiportara joan ginenean esan ziguten Erregeen bisita zela eta ezin genuela bertan denbora asko eman. Amorrua eman zigun horrek, baina beste herri batera joatea lortu genuen laguntza ematen jarraitzeko”, dio Unaik.

Unai dagoeneko Euskal Herrian dago, baina Valentziara bueltatzeko asmoa du: “Ez dakigu noiz, orain laguntza mordoa dagoelako Valentzian. Eta gainera, laguntza profesionala. Itxarongo dugu, baina gure asmoa da berriro bueltatzea eta gure laguntza ematea”, dio Unaik.

Suhiltzaileen laguntza

Valentziako hondamendian laguntza emateko Euskal Herritik ehun suhiltzaile baino gehiago joan dira bertara. Tartean, Xabier Urrutikoetxea Apraiz usansolotarra (Usansolo, 1984). “Telebistan ikusi genuenean Valentzian gertatu zena jarraian jarri ginen suhiltzaile talde guztiak lanean, eta Euskadiko eta Nafarroako zerbitzu guztiak prest jarri ginen Valentziara joateko”, dio Xabierrek. Hala ere, ez zieten baimenik eman Generalitatetik eta joan barik geratu ziren. Seigarren egunean, ordea, azaroaren 3an irten ziren Euskal Herriko suhiltzaileak Valentziara bidean. “Gugatik izan balitz, lehen edo bigarren egunetik egongo ginatekeen hemen, baina seigarren egunera arte ez digute utzi etortzen”, dio Xabierrek.

Azaroaren 4an, astelehenez, egin genuen berba Xabierrekin. Orduan Sedaví herrian zegoen usansolotarra. “Azaroaren 3an gauez heldu ginen Valentziara. Kriston euri zaparrada ari zuen, eta txarrena pentsatzen hasi ginen. Berriro ur-jasak izango zirela pentsatu genuen, eta Valentziako sarrera dramatikoa izan zen: ibai artifizial bat egin zuten bere garaian eta normalean ur gutxi darama, baina heldu ginenean goraino zihoan. Ez zegoen argindarrik eta sirenak baino ez ziren ikusten. Hori Valentzia hiriburuan”, dio Xabierrek. Sedavíra iritsi zirenean kotxe guztiak pilatuta aurkitu zituzten, “baten bat zuhaitzetan zintzilik, lokatza, eta ez zegoen inor kaletik ez zegoelako argindarrik”, dio, eta gaineratu du: “Ematen zuen hondamendiaren lehen eguna zela, eta ez seigarrena”.

“Herritarrak oso gaizki daude. Jendea etortzen zaizu negarrez, batzuk eskerrak emanez. Jende asko beheko pisuetan bizi da eta etxeak eta kotxeak galdu dituzte. Hondamendiaren zazpigarren eguna da (azaroaren 4a) eta batzuk ur gabe jarraitzen dute, argindarrik gabe…”, gogaitu da Xabier. Valentziako hondamendia zuzenean pairatu duten herritar asko abandonatuta sentitzen direla esan du Xabierrek: “Nik uste politikariak bertatik egon zirenean konturatu ziren hau oso oso larria dela”, dio.

Herriak soilik salba dezake herria?

Valentziako uholdeak urriaren 29an gertatu zirenetik sareetan asko irakurtzen den esaldia da ‘Herriak bakarrik salba dezake herria’. Unai Etxebarria erabat ados dago hausnarketa horrekin: “Benetan horrela da. Eta ez bada horrela, hil egingo gaituzte. Hori da egiten dudan hausnarketa. Herrikide asko euren bizilagunak laguntzen ari dira”, dio.

Kontran, Xabier Urrutikoetxea suhiltzailea ez dago ados adierazpen horrekin, eta arrazoitu egin du bere iritzia: “Herriak ez du salbatu behar herria. Herriak hauteskundeetan ondo bozkatu behar du herria salbu egon dadin. Eta hemen profesionalak egon behar dira lanean. Boluntarioek ginarra batekin ezin dute ezer egin; hemen behar da makinaria ona eta handia, eta jende profesionala. Zerbitzu publikoak egon behar dira herri hauetan, prestatuta eta lekuan bertan”, dio Xabierrek. Boluntarioen lana aitortu du Xabierrek, baina hasieratik “kudeaketa arazo izugarria” egon dela: “Egia da hau ez dela erraza kudeatzen: ekarri hainbeste jende, suhiltzaileak, kamioiak, ez dago argirik, errepide asko moztuta daude, kamioiak lokatzetan geratzen dira ez atzera eta ez aurrera… Nik ulertzen dut ez dela erraza kudeatzen”.Elkartasun keinuek denbora luzez biziraun beharko dute hemendik aurrera, Valentziako herri asko berriro garatzen has daitezen. Gauden lekutik zertan lagundu dezakegun baino ezin dugu itxaron. Elkartasun keinuek jarraituko dute.

Osorik irakurri