☉ Galdakao
Motxiladun umeak bost dira Galdakaon gaur egun
Galdakaon azken hiru hamarkadetan 25 motxiladun ume izan dira eta gaur egun 5 daude: lauk aita eta ama biak kartzelan dituzte eta besteak ama bakarrik.

Galdakaon azken hiru hamarkadetan 25 motxiladun ume izan dira eta gaur egun 5 daude: lauk aita eta ama biak kartzelan dituzte eta besteak ama bakarrik
Ama, aita edo biak kartzelan izan dituzten edo gaur egun dituzten haur eta gazteei deitzen zaie Motxiladun Umeak. “Ez da horien inguruan asko hitz egin, baina orain azaleratzen ari da ume hauek bizi duten errealitatea“. Helburu horrekin antolatu zuten urtarrilaren 24an mahai-ingurua Ganda- segiko areto nagusian Galdakaoko Geugaz elkarteak (Galdakaoko preso guztiek zigorra Euskal Herriko kartzeletan betetzearen aldeko elkartea) eta Sarek. Peru del Hoyo eta Itziar Martinez galdakoztarrak eta Olatz Barrenetxea psikologoa izan dira mahai-inguruko gonbidatuak.
Euskal Herrian 18 urte arteko 113 inguru motxiladun ume daude (2016an Sarek aurkeztutako dossierra): 3 amarekin kartzelan, 9k aita eta ama biak dituzte preso, 6k ama bakarrik preso eta gainontzeko 95ek aita preso dute. Galdakaon azken hiru hamarkadetan 25 motxiladun ume izan dira eta gaur egun 5 daude: horietatik lauk aita eta ama biak kartzelan dituzte eta beste batek ama bakarrik.

Gandasegiko areto nagusia bete zuen mahai inguruak // Geuria
Motxiladun umea izandakoa
Aita kartzelan sartu zutenean bi hilabete zituen Peru del Hoyok eta iazko uztailean aita espetxean hil zen arte izan da motxiladun haurra, umea eta gaztea. Datu esanguratsu bezala, Badajozera egin dituen bidaia guztiengatik, distantzia horiek batuta, Munduari 20 itzuli eman ahal izan dizkio.
“Motxiladun umeen bizitza gogorra da“, dio Del Hoyok eta dispertsioaren arazoaz mintzatu da: “Dispertsioa familiak jasaten duen kondena immoral eta ilegala da. Askotan nik neuk pentsatu izan nuen bidaia gehiagorik ez egitea, oso gogorra delako. Hilean behin bidaian 7 ordu inguru ematen genituen ordu eta 40 minutuko bisita baterako eta jarraian beste 7 ordu etxera itzultzeko“, dio Peruk. “Ez da berdina bidaia bat Badajozera egitea edo Basaurira. Badajoz 700 kilometrotara dago eta Basauri 10 minutura. Bizikletaz ere joan nintekeen Basauriraino! Guk bidaia egiten genuen bakoitzean nire aitak presioa, tentsioa zuen. Eta hori ez da batere morala inorentzako“, salatu du Peruk.
Dispertsioaren inguruan Peruk dio gaur egun askoz barneratuago duela gizarteak arazo hori, orain dela urte batzuk ez bezala: “Jendeak lehen ez zuen asko ulertzen dispertsioaren arazoa. Ez zegoen besteenganako kontzientziarik. Eta oraindik ere tabu bezala ikusten dute batzuek. Gurasoek ez diete euren seme-alabei kontatzen zein den Euskal Herriko hainbatek bizi duen egoera hori dispertsioaren erruz“, salatu du.
Kartzelan ama izandakoa
Itziar Martinez galdakoztarrak 21 urte eman zituen espetxean eta kartzelatuta egon zen bitartean, 16 urte eta gero, ama izatea erabaki zuen. Semeak hasierako hiru urteak eman zituen amarekin espetxean eta bertatik irtenarazi zutenean Itziar motxiladun ume baten ama bihurtu zen. “Dispertsioak kalte egin dio nire semearen garapenari. Zigorra nik ordaindu ez ezik, semeak ere zigorra jasotzen du. Ni nahiko pribilegiatua izan nintzen Ametsen aita Palentziara joan zelako bizitzera eta asteburuetan berarekin egoten zelako. Granadan izan banintz, ordea, egoera bestelakoa izango zitekeen“, dio Martinezek.
“Egunero 24 ordu berarekin ematetik, bi hilabeterik behin ikusten nuen semea. Baina benetan zortea izan zuen bi urte baino ez zirelako izan. Peru, adibidez, bere gaztaro osoan izan da dispertsioaren biktima“, salatu du Martinezek: “Teorian ume guztiek daukate eskubidea gurasoekin hezteko, baina gure kasuan kontrakoa da. Egiten dute ahalik eta gehien hori oztopatzeko. Umea kartzelatik ateratzen dutenean, presoa urrunago bidaltzen dute. Nire kasuan, Palentziatik Salamancara bidali ninduten, bidaian ordubete gehiago“.
Motxiladun umeak entzuten
Olatz Barrenetxea psikologoa da eta bere kontsultatik hainbat motxiladun ume igaro dira. “Kontsultara datozenak txarto daudelako datoz. Ume bakoitza mundu bat da eta dispertsioaren egoera modu batera edo bestera hartzen dute. Nik bi gauza nabarmenduko nituzke: hasteko, aita, ama edo biak kartzelan egoteak familia loturak galarazten dituela, berdin du Basaurin zein Algecirasen; eta bestetik, dispertsioa bera. Umeek ez dute denbora kontrolatzen eta eurentzako zama handia da hainbat eta hainbat kilometro errepidean egitea. Umearen garapen prozesuan eragiten du horrek“, dio Barrenetxeak: “Nire kasuan, nik ere garapen prozesu bat egin dut motxiladun umeekin batera. Ume asko psikologikoki txarto daude eta lehen ez zegoen prestatutako psikologorik kasu hauek artatzeko. Ez genekien nondik hasi eta orduan umeek markatzen zizkiguten euren beharrak“, dio Barrenetxeak.
Hiru hizlariek bat egin dute gizarteak babesa erakutsi behar diela motxiladun umeei, “bizi duten egoera oso gogorra eta immorala baita“.
☉ Galdakao
Korrikaren aldeko Bertso poteoa antolatu dute Galdakaon, Onintza Enbeita eta Igor Elortza bertsolariekin
Martxoaren 13an, ostiralez, izango da jarduera. Gainera, Beti jai Fanfarria eta Jonkassen kontzertua ere antolatu dituzte egun berean Galdakaon

Korrika Kulturalaren barruan, Bertso poteoa antolatu dute Galdakaon martxoaren 13an, ostiralez.
Onintza Enbeita eta Igor Elortza bertsolariak arituko dira bat-bateko bertsoak botatzen.
Bertso poteoa Ganguren tabernan hasiko da 19:00etan eta herriko tabernetatik ibilbidea egingo dute.
Bestetik, martxoaren 13an bertan Korrikaren aldeko beste ekimen batzuk antolatuko dituzte Galdakaon: Gurasolagun Gandasegin (17:00etatik 20:00etara), Beti Jai Fanfarriarekin kalejira Iturrondo plazatik hasita (19:00etan), eta Jonkassen kontzertua Iturrondon (21:00etan).
☉ Galdakao
Poloniarekin egingo dute aurten Gazte Trukea galdakoztarrek
Uztailean izango da Gazte Trukea, eta izena emateko epea dagoeneko zabaldu dute. Martxoaren 11n informazio bilera egingo dute

Uztailean Gazte Trukea programa gauzatuko da beste urte batez Galdakaon.
Programa horren bitartez, Galdakaoko gazteek (2009tik 2011era bitartean jaiotakoek) aukera izango dute nazioartean ingelesa praktikatzeko, “eta abentura berriak bizitzeko”, diote Argizai Proiektuakeko ordezkariek.
Aurten Poloniarekin izango da trukea uztailaren 8tik 20ra bitartean. Denbora tarte horretan Poloniara bidaiatu eta bertako gazteekin ekimen desberdinak egingo dituzte, eta era berean, Poloniako gazteak Galdakaora etorriko dira gauza bera egitera.
Gazte Trukean parte hartzeko izena emateko epea dagoeneko zabaldu du Argizai Proiektuakek, martxoaren 17ra arte. Interesa dutenek esteka honen bitartez eman dezakete izena.
Guztira 13 plaza eskainiko dituzte, eta baldintza ere izango da martxoa eta ekaina bitartean Youth4change saioetan parte hartzea.
Aurretik, ordea, informazio bilera bat antolatu dute martxoaren 11n, asteazkenez, Indarrako lokalean (Urreta, 16): 17:30ean gurasoei zuzendutako bilera izango da eta 18:30ean gazteei zuzendutakoa.
Informazio gehiagorako proiektuak@argizai.org helbide elektronikoa eta 688 842 899 telefono zenbakia daude herritarren eskura.
Iaz Frantziarekin egin zuten Gazte Trukea galdakoztarrek:
☉ Galdakao
Errigorako produktuen doako dastaketa antolatu dute Galdakaon, Korrika Kulturalaren barruan
Aurten AEKk eta Korrikak Errigora egitasmoa omenduko dute, eta Galdakaon martxoaren 11n eta 12an Errigorako produktuen doako dastaketa antolatu dute

Martxoa hasita, atzera kontaketa hasi da Korrika martxan jartzeko. Martxoaren 19an lekukoa Atharratzetik abiatuko da, eta Euskal Herritik 2.175 kilometro egin ostean Bilbon amaituko da hilaren 29an.
Tartean, Hego Uribe eskualdean barrena 70 kilometro egingo ditu euskararen aldeko ekimen erraldoiak [hemen eskualdeko ibilbidea eta ordutegiak].
Hala ere, egitasmoa ez da egun bakar batera soilik mugatuko. Izan ere, Korrika Kulturalaren barruan hamaika jarduera antolatu dituzte Hego Uribe eskualdean.
Aurten AEKk eta Korrikak Errigora egitasmoa omenduko dute, eta Galdakaon auzolan-ariketa erraldoi horri ere gorazarre egin nahi izan diote.
Martxoaren 3an Errigoraren kanpaina berria aurkeztu zuten Asisko Urmeneta irudigilearen eskutik, eta martxoaren 11n (17:15ean) eta 12an (10:00etan eta 17:30ean) Errigora produktuen dastaketa antolatu dute, doan, Galdakaoko AEK Euskaltegian (Joxe Miguel Barandiaran Kalea, 8).
☉ Galdakao
Patxi Zubizarreta idazlearekin, Eñaut Izagirre glaziologoarekin eta Oihane Zuberoa filosofia irakaslearekin mahai-ingurua antolatu dute Galdakaon
Mahai-ingurua martxoaren 11n izango da eta Elexalde, Bengoetxe eta Eguzkibegiko ikasleei dago zuzenduta. Uxue Alberdi izango da saioaren gidaria

Irakurraldi Jarraitua proiektua lantzen ari dira Galdakaoko ikastetxeetan. Udaleko Euskara arloak antolatzen du ekimena ikastetxeekin elkarlanean, eta helburua da literatur esperientzia ikasleen pentsamendu kritikoarekin eta ekintza sozialarekin lotzea.
Aurtengoa bosgarren edizioa da, eta proiektu hezitzaile eta kolektibo horren barruan urte osoan zehar hainbat jarduera finkatu dituzte.
Aurten, Elexalde, Bengoetxe eta Eguzkibegi ikastetxeetako DBHko 2. mailako ikasleak Patxi Zubizarreta idazle ordiziarraren ‘Zerria’ liburua landu dute, baita Eñaut Izagirre Estibaritz glaziologoaren ‘Glaziarrak (ag)urtzen’ dokumentala ikusi ere.
Otsailean Zubizarretak eta Izagirrek hitzaldiak eman zituzten ikasleen aurrean, eta martxoan eurekin eta Oihane Zuberoa filosofia irakaslearekin mahai-ingurua antolatu dute.
Martxoaren 11n izango da mahai-ingurua 10:30ean Torrezabal Kultur Etxean, eta Uxue Alberdi Estibaritz idazle, bertsolari eta kazetariak gidatuko du saioa.
Mahainguru horretan, ikasleek irakurritako liburuan eta aurreko hitzaldietan ikasitako gaiak sakondu ahal izango dituzte.
Irakurketa ozena maiatzean
Hitzaldiez gain, maiatzaren 19an ‘Zerria’ liburuaren irakurketa jarraitua egingo dute Elexalde, Bengoetxe eta Eguzkibegi ikastetxeetako ikasleek eta Galdakaoko zenbait elkarteetako kideek.
Torrezabal Kultur Etxean izango da irakurketa ozena eta lan horretarako, Maria Urcelay antzerki adituaren laguntza izango dute irakurleek. Gainera, Patxi Zubizarreta idazlea ere bertan izango da.
Irakurketa jarraitua Sormene astearen baitan antolatu dute. Udaberriko Sormene maiatzaren 18tik 25era bitartean izango da.
Eta, Sormenen ekitaldia egin aurretik, apirilean eta maiatzean ikasleek boz gora irakurtzeko tailerretan parte hartuko dute.
☉ Galdakao
Argazkiak | Manifestazioa egin dute Galdakaon, ‘Beste mundu bat feminismotik’ lemapean
Martxoaren 8a Emakumearen Nazioarteko Eguna da eta Hego Uribe eskualdean aldarrikapen-ekitaldi desberdinak deitu dituzte asteburuan zehar. Galdakaon, esaterako, gaur egin dute manifestazioa Kurtzeko plazatik Santi Brouard plazaraino. Aurretik, gainera, auzoen arteko martxa feminista egin dute Aperribaitik abiatuta.
Hauek Aitzol Zamalloa Galdakaoko argazkilariak utzitako argazkiak:


























