Sareak

Erreportajeak

Gazteen beharrak eta kezkak elkarrekin bateratu nahian

Gazteria eta Udala konektatzeko lanean, estrategia berria martxan jarri dute: Galdakao GazT.

|

GazT programaren aurkezpena / Geuria

Galdakaon 12 eta 30 urte bitarteko 4.412 gazte daude erroldatuta. Hori da biztanleria osoaren % 15a (Galdakaok 29.338 biztanle ditu). Zentzu horretan, Galdakaoko Udalak “apustu handia” egin du Gazteria arloan eta inbertsioa “nabarmen” handitu du, “bai teknikoki, bai politikoki, bai baliabideei eta zerbitzuei dagokionez”, diote udal ordezkariek. GEURIAk gertutik ezagutu nahi izan du Galdakaon —eta Usansolon— gazteen interesak zeintzuk diren eta Udalak zer eskaintzen dien.

Gazteria eta Udala konektatzeko lanean, estrategia berria martxan jarri dute: Galdakao GazT. “Gazteria Zerbitzuan zerbait falta zen gazteengana heltzeko, eta horregatik martxan jarri dugu GazT estrategia”, dio Amets Iturbe Gazteria arloko zinegotziak. Ildo horretan, gazteen interesak jaso zituzten eta hausnarketa bat abiarazi zuten: “Gazteen interesak eta beharrak zerbitzu desberdinetan eta proiektu desberdinetan egunerokoan egiten ditugun ekintzetan jasotzen ditugu. Beraien iritzia jaso eta hortik abiatzea oinarria da. Zerbitzu guztiak izaera partehartzaile bat daukate eta programazioaren zati bat gazteek aukeratutako edo/eta gazteek dituzten beharretara eta interesetara egokitzen da. Gazteek gazteentzako programak eta ekintzak burutzen dituzte”, dio Aiora Azagirre Gazteria arloko udal teknikariak. “Gazteria arloak bide ezberdinetatik jasotako informazioa eta errealitateari erreparatuz ikusi genuen aldaketak zeudela eta etorkizunera begira aldaketa horiek aregotu egingo zirela. Egia da pandemia batetik ateratzen ari ginela eta hainbat zerbitzuetan kasuistika ezberdinak detektatzen hasi ginela. Beraz, tendentzia aldaketak, beharren aldaketak eta gazteak egunerokotasunean sozializatzeko ezberdintasunak zeudela ikusi genuen”, dio Azagirrek, eta gaineratu du: “Egoeraren aldaketa horri erreparatuz, zerbitzuen eta gazteria arloaren aldaketak egin behar zirela ondorioztatu genuen. Euren kodigo, espazio eta behar berriei erantzun bat emateko hautua egin genuen”.

TikTok eta Instagram

Gazteengana hurbiltzeko pauso horretan TikTok eta Instagram sare sozialetan Galdakao Gazt perfila sortu dute: “Gaur egun gazteek erabiltzen dituzten sare sozial nagusiak TikTok eta Instagram dira, Youtuberekin batera. Beraiengana heltzeko beraiek mugitzen diren sareetan presentzia izan behar dugula uste dugu. Antolatzen ditugun zerbitzu, proiektu eta ekintza guztien inguruko informazioa zabalduko dugu era erakargarrian”, dio Azagirrek. “Kolektibo honek, beste kolektibo batzuekin alderatuta kodigo ezberdin batean informatzeaz gain euren beharrak asetzeko dinamika ezberdin bat dauka eta Udalak kodigo horiek erabili behar ditu eurei baliabideak eskuragarriagoak egiteko. Gainera azken urteetan Udalak apustu handia egin du gazteria arloan; epe labur batean gehien hazi den arloetarikoa da. Horrek estrategia konkretu bat egitera eraman gaitu, arloa ondo koordinatua egoteko eta egiten diren gauza guztiak herriko gazteei modu erraz eta on batean zabaltzeko”, dio Iturbek: “Espero dugu Udalaren eta gazteriaren arteko harremana sendotzea estrategia honekin”.

Emantzipazioa: alokairua nahiago

Gazteen behar nagusien artean emantzipazioa dago eta Galdakaok Emantzipazio Bulegoa zabaldu zuen otsailean, Hego Uribe eskualdeko lehenengoa: “Bi hilabete daramatza eta proiektu berria izanik zabaltze fasean gaude”, dio Iturbek. Yasmin Garcia (Santurtzi, 1997) Galdakaoko Emantzipazio Bulegoko orientatzailea da eta berarekin berba egin dugu GEURIAn: “Errealitate bat da gazteen artean emantzipazioa gero eta prozesu latzagoa bihurtzen ari dela. Zailtasunak ezagutzen dituzte, baina hauei aurre egiteko estrategiak komentatzeko eta adosteko dago bulegoa. Zerbitzu hurbila da”, dio.

Otsailetik gaur egunera zortzi kontsulta izan ditu Yasminek: “Gehien bat diru-languntzen zalantzei buruz galdetzen dute, baina batzuk ere pisua bilatzeko estrategia galdetu dute. Aholkuak ez ezik abantailak eta desabantailak ere aztertzen ditugu, pertsona bakoitzaren errealitateari egokitua”. Emantzipazio Bulegora hurbildu direnen artean, gazteenak 20 urte ditu eta helduenak 28.
Alokairua edo etxebizitza erostea, gazteek zeri buruzko informazioa jaso nahi duten galdetu diogu Yasmini: “Orain arte alokairuari buruz kontsulta gehiago izan ditut. Etxebizitza erosteko aurreztu behar den diru kantitatea oso handia da, eta horrek eragiten du gazteek batez ere alokairuan pentsatzea”, dio Yasminek: “Eta, alokatzeko bilatzen dutenean eta prezioak ikusten dituztenean, pisua elkarbanatzea aukera onena izan litekeela pentsatzen dute askok. Gazte batzuek onartu dute alokairuan pentsatu dutela merkeagoa izango zela uste zutelako. Etxebizitzaren inguruko arazoa gero eta konplexuagoa bihurtzen ari da, erosketan zein alokairuan”.

“Errealitate bat da gazteen emantzipazioa gero eta prozesu latzagoa bihurtzen ari dela. Emantzipazio Bulegoan aholkuak ematen dizkiegu”

“Zerbitzu berria izanik apurka apurka zabaltzen, eraikitzen eta osatzen joango den zerbitzua izango da. Askotan fokoa edo arreta jartzen dugu balorazio kuantitatiboan baina kasu honetan balorazio kualitatiboan indar handiagoa jartzea garrantzitsuena dela uste dugu. Gazteei euren bizi proiektu pertsonal edo indibidualean laguntza eskaintzea eta bulegora hurbilu diren helburua betetzen badira, gure ustez neurgailu on bat dela aitortu behar dugu”, dio Amets Iturbe zinegotziak.

Emantzipazio Bulegoa Torrezabal Kultur Etxeko lehenengo solairuan dago. Zabalik dago asteazkenetan eta ostiraletan, 17:00etatik 20:00etara.

Txamietatik kalera

Galdakaoko gazteriari zuzendutako beste programa bat da Gazte Berpiztu. Herriko 16 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzendutako programa da, “aisialdian eta esparru ez formaletan gauzatzen den esku-hartze hezitzailea”, dio Jone Aguirre gizarte hezitzaileak (Arrigorriaga, 1996). Esku-hartze hori kalean eta txamietan egiten dute Gazte Berpiztuko hezitzaileek: “Egunerokotasunean gazteen espazioetan egoten jarraitzen dugu, gazteekin konfiantzazko harremana sortzen, haien beharrizanak ezagutzeko eta hauei ahal den heinean, erantzun bat ematen saiatzeko”, dio Jonek. Feminismotik eta euskaraz, autonomia, sormena eta parte hartzea sustatzea du helburu programak.

“Susterra elkarteko kale hezitzaileak orain dela 7 urte hasi ginen Galdakaoko Udalerako lan egiten, Gazte Berpiztu programan. Garai horretan, ohitura handia zegoen txamiak edukitzeko. Lanean hasi ginenean 40 txami inguru zeuden. Urteak pasatu diren heinean, eraldaketa eman da txamien inguruan eta gaur egun 10 txami inguru daude”, dio Hiart Urrutia gizarte hezitzaileak (Mungia, 1986): “Honek, gure lanean ere eragina izan du, gure presentzia espazio berrietara zabalduz”.

“Duela zazpi urte herrian 40 txami inguru zeuden; gaur egun hamar baino ez daude. Honek gure presentzia espazio berrietara zabaldu du”

Aurten Ideia txapelketa antolatuko dute gazte Berpiztu programatik: “Ideia txapelketa Galdakaoko gazte kuadrilla eta gazte elkarteetara bideratuta dagoen ekimen berri bat da, 16-30 urte bitarteko gazteek parte hartu dezaten. Honetan, Galdakaon, haien interesekoa den ekimen bat aurrera eramateko aukera izango dute”, dio Hiartek. Maiatzean zehar emango dituzte lehiaketaren inguruko xehetasun gehiago.

Topaguneak, gazteen erreferente

Topaguneak ere Gazteria arloko beste zerbitzu bat dira: Galdakaoko eta Usansoloko 12 eta 18 urte bitarteko gazteei zuzenduriko animazio soziokulturaleko zerbitzu osoa eskaintzen dute horietan. Galdakaon hiru Topagune daude (Indarra, Plazakoetxe eta Aperribai) eta Usansolon beste bat. “Topaguneak erreferente dira Galdakaoko eta Usansoloko gazteentzat”, adierazi dio GEURIAri Idoia Estaban (Galdakao, 1989) Topaguneetako arduradunak: “Topaguneak euskaraz sozializatzeko, parte hartzeko, eta aisia alternatibo eta hezigarrirako guneak dira, baita informazioa eta orientazioa emateko ere, eta erreferentzia-puntuak gazteen beharrak etengabe garatzeko. Horrekin batera, auzoetako beste espazio batzuetan dinamizazio-jarduerak egiteko gunea ere badira”.

“Lan-dinamika eta garatzen diren jarduerak gazteen artean honako balio hauek sustatzera bideratzen ditugu: emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna, jokabide osasungarriak, aniztasuna eta banakoen askatasunen errespetua, tratu oneko jarrerak eta espazioak eraiki, naturarekiko errespetua, euskararen erabilera eta kultur aniztasuna”, dio Estebanek.

“Ekintza desberdinak antolatzen ditugu urte osoan zehar: txapelketak, eskulanak, tailer bereziak, sukaldaritza edota jaiak. Hilabetero programazio berri bat aurkezten dugu eta oso garrantzitsua da adieraztea zerbitzuan parte hartzen duten gazteek euren egiten dizkigutela proposamenak programazioa osatzeko”, dio Estebanek.

Arreta psikologikoa gazteentzat

Ekintza anitzak eta emantzipatzeko aholkuak emateaz gain, gazteentzako arreta psikologikoa eskainiko du berriro Galdakaoko Udalak. “12-30 urte bitarteko gazteei osasun psikologikoarekin eta harreman afektibo sexualekin lotutako arazo, kezka eta bizipenetan laguntzeko aholkularitza, arreta eta laguntza psikologikoa emango duen zerbitzua da”, diote udal ordezkariek. Honako alor hauek landuko dira: osasun mentala; estresa; bakardadea; autoestimua eta norbere buruaren zaintza; harremanen kudeaketa; indarkeria matxistak eta sexu indarkeria; sexualitatea; genero identitatea; sexu bizipenak, tabuak, mitoak eta errealitateak; sexu aniztasuna; suizidioa; adikzioak; elikadura nahasmenduak; familia harremanak; teknologia berrien eta sare sozialen erabilera.

Gazteentzako arreta psikologikoa pandemia ondoren hasi zen eskaintzen Udala. “Oro harrera ona izan zuen eta gazte asko hurbildu ziren, eta oso ondo baloratu genuen bai Udalean zein gazteek eurek”, dio Iturbek. Hori dela eta, datorren urteari begira zerbitzua egonkortuko du Udalak: “Lizitazio fasean dago kontratua eta aurreikuspena da zerbitzua berriro martxan jartzea aurtengo neguan”, dio Iturbek.

Zerbitzu horiek guztiak GazT markaren barruan landuko dituzte, “zerbitzu integrala eskaintze aldera”, eta guztiek izango dute irudi zein lanketa bateratua eta zehatza, aldi berean. “Hemendik aurrera ere, Gazteria Arloa indartzen eta gazteekiko elkarlana sustatzen jarraituko du Galdakaoko Udalak”, dio Iturbek.

☉ Zaratamo

Bigarren aukera, animalia askoren ezinezko ametsa

Hego Uribe eskualdean, iazko azaroan GEURIAn iragarri bezala, 11.968 txakur daude erroldatuta, baina ezer gutxi esaten da zerrenda horietan agertzen ez diren txakurrez

|

Txakurrei bigarren aukera eman diete "La casa del Perro"-n

Martin Zaratamon topatutako tamaina ertaineko txakurra da. “Jatorra eta maitakorra” bezala definitu dute udaletxeko langileek. “Ez dakigu zer dela eta inork ez du txakurra momentura arte adoptatu”. Martin 2020an agertu zen Zaratamon, pandemia garaian. Urte hartan, Udalak Zaunk txakurtegiarekin egiten zuen lan eta bertara eraman zuten. Gaur egun, txakurtegia itxi zutenetik La Casa del Perrok kudeatzen du.

Egun hartatik hainbat txakur igaro dira txakurtegitik eta Martin ez da leku horretatik irten, eta egia esateko, zail du bigarren aukera bat erdiesteko: zazpi urte ditu, ertaina da eta 23 kilo pisatzen ditu. Txakur bat adoptatuko duten pertsona askorentzat ez dira ezaugarri positiboak: jendeak txakur gazteak eta txikiak nahi ditu orokorrean. Espektro horretatik aldentzen diren hautagaiek aukera oso gutxi dituzte aukeratuak izateko. Errealitate tristea da, txakurrari geratzen zaion bizitza ziurrenik zentro horretan emango duelako.

Hego Uribe eskualdean, iazko azaroan GEURIAn iragarri bezala, 11.968 txakur daude erroldatuta, baina ezer gutxi esaten da zerrenda horietan agertzen ez diren txakurrez. Are gehiago, gero eta normalizatuago eta barneratuago daukagu Martin bezalako animalia askok pairatzen dituzten tratu txarrak eta abandonuak. Sare sozialek ia egunero kalean, inolako identifikaziorik gabe topatutako txakurren berri ematen dute eta erabiltzaileok gero eta erraztasun handiagoa dugu, hoztasunez, beste alde batera begiratzeko.

“Txakurarren adina eta tamaina faktore erabakigarriak dira adopzio prozesua martxan jartzean”

Hego Uriben, kopurua oso handia ez bada ere, animalien abandonu kasuak egon badaude, eta horretarako animalien harrera zentroetako zenbakietara begiratzea besterik ez dago. Udalerriek txakurtegi baten zerbitzuak kontratatu ohi ditu galdutako edo abandonatutako animaliak jaso eta kudeatzeko. Hego Uribeko eskualdean Quincocan, La Casa del Perro eta Kantarriketas enpresen zerbitzuak kontratatu dituzte: Arrigorriagak, Etxebarrik eta Ugaok Quincocan, Basaurik, Zaratamok eta Galdakaok La Casa del Perro eta Zeberiok Kantarriketas. Gaur egun Quincocanek eskualdean topatutako zazpi txakur ditu, bost Etxebarrin eta bi Arrigorriagan. Egun hauetan ez dago Ugaon aurkitutako txakurrik. La Casa del Perrok 100 animalia baino gehiago ditu Sopelako txakurtegian eta horietako 29 Basaurin aurkitutakoak dira, 15 Galdakaon eta bat Zaratamon (Martin). Eskatu bazitzaien ere, Kantarriketasekoek ez diote bere txakurtegiko kopururik eman GEURIA komunikabideari.

Protokoloa, gertutik

Edozein herritarrek topa dezake galdutako edo abandonatutako animalia bat udalerrian. Kasu horretan, Zaratamo bezalako Udalek gomendio garrantzitsu bat luzatu diete herritarrei: animalia topatu bezain pronto udaltzainei deitu animalia jaso eta jabea lokalizatzeko prozesua ahalik eta lasterren abiarazteko.

“Galdutako animalia bat topatzean egin beharreko lehen gauza udaltzainei abisatzea da, jabea topatzeko”

Udaltzainek txakurra jaso bezain pronto animaliaren identifikazio lanak martxan ipintzen dituzte eta irakurle baten bidez txakurrak txipa duen ikusten dute. Txipa izatekotan, bertan jabearen informazioa ageriko da eta pertsona horrekin harremanetan jarriko dira udal langileak eta bestela udalerriari dagokion txakurtegiarekin. “Momentu horretan jabeak 15 egun izango ditu txakurra txakurtegitik jasotzeko”, azaldu du Marta del Moral La Casa del Perroko langileak. Epe hori igarota eta jabea agertu barik jarraitzen badu, txakurtegia Udalarekin harremanetan jarriko da eta 10 eguneko epea izango dute udal langileek jabea lokalizatzeko. “Bigarren epe hori igarota jabearen seinalerik ez badago txakurrari txipa kenduko zaio eta Udalaren izenean dagoen txip berria jarriko diote”, gehitu du La Casa del Perroko langileak. “Baina horrek ez du esan nahi txakurra berreskuratzeko aukerak amaitu zaizkiola. Txakurrak, Udaleko txipa ipinita izanik ere, jabeak eskatutako dokumentazioa aurkezten badu txakurra berreskuratuko luke, baina adopzio prozesu baten bidez”. Kasu hori idealena litzateke txakurrarentzat, ziurrenik galduta egon zitekeelako eta etxera itzultzeko aukera izango lukeelako, gehienetan. 

Animaliak txipik ez badu bilaketa lanak zailduko lirateke langileentzat eta hipotesi gehiago sartuko lirateke jokoan: tratu txarrak, abandonua… Talde honen barruan dago Martin, inork egunen batean bere etxean hartu eta bere bizitzari bigarren aukera emango dion itxaropena galdu barik.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagako institutuak 25 urte: herritik herrientzat

XX. mendearen bukaeran Arrigorriaga, Ugao-Miraballes, Arrankudiaga eta Zaratamoko gazteriaren etorkizuna markatuko zuen erabaki bat hartu zuten herri horietako eskoletako irakasle eta gurasoek: institutu publiko eta euskaldun baten aldeko apustua

|

Arrigorriagako Institutuaren 25. urteurrena ospatzeko jaia antolatu dute maiatzean / Geuria

Ez dira urriak gure herrietako kaleek, izkinek, zubiek eta eraikinek biztanleon oroimenean berpizten dituzten istorioak. Porlanez, metalezko zutoinez, beiraz eta harriz jaikiarazitako eraikuntza bizigabeek, itxura sendo eta mardularen atzean, bizipenek lekuei ematen dieten sentimendu hori ezkutatzen dute. Ez daude zentzu biologikoan bizirik, inork ez ditu erditu eta munduak ez die negarrez ospatutako ongietorria eman, baina gure herriko eraikin batzuk gure artean daudenen eta jada ez daudenen izerdi, bihotz-taupada eta malkoz jaio dira. Egunerokotasunak eragiten duen axolagabetasun horrek ez diezagula iruzur egin, historia ez da soilik monumentuetan aurkitzen. Istorio eta historia handikoa dugu gure institutua bera. Aurten 25 urte beteko ditu, mendiaren maldari oratuta, Dinamita parke zaharrerako bidean dagoen eraikuntzak. Institutuaren zimenduen ezarpena, ordea, ez zen bidearen hasiera izan, borroka neketsu eta oztopatu baten eta hezkuntza-eredu jakin baten aldeko elkarlanaren emaitza baizik. Ideia hori errealitate bihurtzeko lan egin zuten irakasle batzuen ahotsa orriotara ekarri dugu. 

Hezkuntzaren berregituraketa

XX.mendeko azken hamarkada hezkuntza arloan aldaketa nabarmena eragingo zuen lege batekin abiatu zen. Ikastetxeek autonomia irabazteaz gain, hezkuntzaren deszentralizazioa onartuz, LOGSE legeak Oinarrizko Hezkuntza Orokorraren sistema baztertu zuen. Horrela, derrigorrezko hezkuntza 14 urtetik 16 urtera luzatzen zen, 7. eta 8. maila desagerraraziz eta Bigarren Hezkuntza lau mailatara luzatuz, besteak beste. Horrelako eraldaketa batek, ordea, sistema osoaren berregituratze baten beharra zuen eta ezin zen besterik gabe egin. Ondorioz, lege berriak zehaztutako hezkuntza-egitura pixkanaka-pixkanaka hasi zen ezartzen. 

Elkarlanaren indarra

Hezkuntzaren berregituraketaren testuinguruan, Arrigorriaga, Ugao-Miraballes, Arrankudiaga eta Zaratamoko gazteriaren etorkizuna markatuko zuen erabaki bat hartu zuten herri horietako eskoletako irakasle eta gurasoek: institutu publiko eta euskaldun baten aldeko apustua egitea. Helburu honetara heltzeko bidea, alabaina, ez zen samurra izan. Lehen pausua, 1996. urteko urtarrilean eman zen, Arrigorriagako institutu berria eskola-mapari erantsi zitzaionean. Eraikuntza-lanak, ordea, ez ziren 1998. urteko uztailerarte hasi eta beraz, institutua eraiki bitarteko urte horietan erakundeak alternatiba bat bilatu baino beste aukerarik ez zeukan. Honen aurrean eta aldi baterako neurri bezala, Hezkuntza-ordezkaritzak ikasleak Basaurira bidaltzeko proposamena egin zuen. Honen aurrean, guraso eta irakasleek tinko jositako harreman-sareak ezezko erantzun argia eman zuen, eztabaida eta manifestazioek azaleratu zutena. Herritar horiek egindako borrokak bide eman zuen ikasleak nor bere eskolan geratzera. Beraz, institutuaren jarduna  hiru ikastetxeetan banatuta hasi zen.

Eraikitzearen erronka 

Eraikuntza prozesua, ez zen soilik eraikinarena izan, hezkuntza-zentroaren eredu pedagogikoa eratu behar zen. Sorkuntza lan horretan ezinbestekoa izan zen irakasleen inplikazioa eta lankidetza. Azken finean, lau herrik partekatzen zuten ilusio eta helburua zen eta irakasleak bertakoak izateak ere eragin handia izan zuen. Irakasleak izateaz gain, asko gurasoak ere baziren eta haien seme-alaben etorkizunerako inbertsio gisa ikusten zuten egin beharreko lana. 

Lehen ikasturtean lehen eta bigarren mailek Arrigorriaga, Ugao-Miraballes eta Zaratamoko eskoletan aurkitu zuten jarduteko lekua. Hurrengo ikasturteetan, ordea, hirugarren eta laugarren maila kokatzerako orduan, Arrigorriagako Atxukarro industriaguneko eraikin batera lekualdatu zituzten ikasleak, gaur egunean APNABIren zentroa dagoen eraikinera. Banaketa honek, irakasleen mugimendu etengabearen eta ordutegien egituratze perfektuaren beharra zuen. Espazioa lortzeko zailtasunei, material eta baliabide gabezia batzen zitzaizkion. Hala eta guztiz ere, hasiera-hasieratik zentroaren izen eta izaera ezaguna dugun Arrigorriagako Institutuaren bera zen, bai juridikoki eta bai pedagogikoki ere. Eraikina alde batera utzita, beraz,  ikasketa-zentroak 28 urte beteko ditu aurten.

Eraikin berrian

Hiru urte luzeren ostean eta XXI.mendearen atarian, 1999-2000 ikasturtea IES Arrigorriaga BHI institutu berrian abiatu zen. Mikel Alonsotegi kalearen lehenengo zenbakian larrez inguraturik zegoen eraikina, Santo Kristo futbol zelaiaren, ermitaren eta herriko hilerriaren ondoan. Sarrera hau, ordea, ez zen espero bezalakoa izan. Eraikina amaitu gabe zegoen, patioak eta gelak ez zeuden hornituta eta gaur egunean zuzendaritza, gimnasioa eta jantokia dauden zatiak eraikuntza-prozesuan jarraitzen zuen. 

Honen aurrean, ikasketa-buruak eta zuzendaritzak egindako lana ezinbestekoa izan zen, kanpoko herritatik zetozen ikasleen garraioa eta jantokia bermatzerako orduan. Izan ere, zentroak Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoa eskaintzeaz gain, Aplikazio informatikoen garapena deitutako Goi Mailako Heziketa Zikloa ere eskaintzen zuen. Aukera hau, baina, lehen urteetako matrikulazio eskasaren ondorioz desagertu egin zen.

Bi ereduren arteko talka

Eraikinerako sarrera, hezkuntza-ereduaren aldaketaren eta institutuaren irakasle beharraren ondorioz, irakasle berrien etorrerak ere ezaugarritu zuen. Hasiera batean, eskoletatik etorritako irakasleak ziren, gehienak magisteritza ikasitakoak eta institutua haren sorreratik zutitu zutenen antzekoak. Ondoren, berriz, irakasle lizentziatuak iristen hasi ziren, lan kultura eta ordutegi ezberdinetara ohituak. 

Beste institutu batzuetan ez bezala, Arrigorriagakoa Lehen Hezkuntzako maisu eta maistrek sortutako zentroa zen, pedagogia eta didaktika ardatz zentral gisa zutenak. Hezkuntza-kultura ezberdintasunak talkak eragin zituen, baina zailtasunak zailtasun erronka txiki hauek komunitatea indartu baino ez zuten egin. 

Moldaketa, istilu eta finkatze garaia igaro ahala, egindako ahaleginaren fruitua gero eta agerikoagoa bihurtzen hasi zen. Hizkuntzari dagokionean, hasieratik euskararen alde egindako apustua bete zen, D eredua bakarrik mantenduz. Informatika alorrean, Bizkaia mailan ikastetxe garatuenetarikoa bilakatu zen. Edukiez gain, herri txiki eta handiko ikasleak batzeak harreman- eta hezkuntza-eredu ezberdinen arteko elkarbizitza bermatu zuen. Aberastasunaren irudi dira, urteetan zehar irakasle zein ikasleen ekimenez sortutako proiektuak: Mar-mar irratia, Txutxumutxuak, Librometroa eta Txaramela aldizkaria besteak beste.

Gure herriekiko zorra

Arrigorriagako Institutuaren eragile izan ziren guraso eta irakasleek herri-mugimenduaren erreminta erabiltzeko hautu argia egin zuten. Herritar hauen kemenari esker, aurten institutuaren eraikinak 25 urte betetzeko aukera izan du. 

Ez ziren herri berekoak, ideia, esperientzia eta interes ezberdinak zituzten, baina helburu amankomuna zutenez, elkarlanaren alde jo eta su aritu ziren. Institutuaren eta gure herriaren historiak, ordea, hurbiltze apal hau baino gehiago merezi duela argi dagoela erakusten du egindako bideak. Sakontze-lan handia egin behar da oraindik. Ezin dugu ahaztu oroimenak iraungitze-data daukala.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Arkeologia baloirengatik aldatu zuen basauriarra

Igor Oca arkeologoa eta historialaria da ikasketaz, baina aspalditik dabil entrenatzaile moduan lanean. Hainbat klub profesionalen harrobian aritu ostean Hego eta Erdialdeko Amerikan aurkitu du lehen mailan entrenatzeko aukera

|

Igor Oca, Universidad Catolicako entrenatzaile lanetan, 2023an / Utzitakoa

Torino, Vila-real, Bizkaiko Futbol Federazioa, Leioa… Igor Oca (1981) basauriarra ez da geldi egoten den horietakoa, eta bere hurrengo asteetako agendak argi erakusten du. Gauza jakina da entrenatzaileena lanbide berezia dela, etenaldi batzuetan labur eta besteetan luzeak izaten dituena. Ocaren kasuan, Hego Amerikako azken esperientzia bukatuta, aste edo hilabete horiek baliatu ditu bere beste pasioetako batean, irakaskuntzan, hain zuzen ere, aritzeko: “nire esperientziak partekatu eta beste batzuenak jasotzen ditut, eta hori beti da aberasgarria”. Metodologian eta entrenamenduan aditua da basauriarra, eta bere eskarmentua eta jakinduria partekatzea “plazer hutsa” dela ziurtatu digu. Futbolaz eta entrenamenduaren ingurumariez hitz egitean erakusten duen grina ikusita argi dago hala dela. 

Bere eskoletan jorratzen dituen gaiez galdetuta, bi arlo nagusi hartu ditu hizpide: harrobiko lana, eta talde profesional baten asteko egin beharrekoen antolaketa eta garapena. Bai batean zein bestean hamarkadetako lana pilatu du, hainbat klub profesionalen haztegietan aritutakoa baita, hala-nola Levante, Alaves edota Atletico Madrid. Zerrenda horri erreparatuta, eta bizkaitarra dela kontutan hartuta, arraro samarra begitandu zaigu Lezaman lanean aritu ez izana. Hasperen eginez erantzun du Ocak: “ez nuke erantzuten jakingo, baliteke nire profila egokia ez izatea, edo besterik gabe gure bideek topo egin ez izana”. Orain dela aste gutxi Lezaman ibili zen, “bisitan, besterik gabe”, eta bertako arduradunekin egoteko aukera izan zuen: “ezagunak dira, Sergio Navarrorekin entrenatzaile karneta atera nuen, eta Athleticeko egungo Kirol Zuzendariak, Mikel Gonzalezek, eraman ninduen Alavesera”. 

Etorkizunera begira, bete gabeko bi amets edo desio aipatu ditu Igorrek: “lehen mailako entrenatzaile izatea Espainiako Ligan, eta Athleticen talde bat gidatzea”. Talde zuri gorria behin baino gehiagotan ahotan hartu du elkarrizketan zehar, besteak beste Kopako Finalari aipamena eginez: “bi seme nagusiekin joan naiz, lehen aldiz. Ahaztezina izan da”. Athleticek aurreko kopa irabazi zuenean 3 urte zituen Ocak. Ez du garaipen horren oroitzapen argirik, baina badaki, aldiz, bere baloiarekiko pasioa non eta noiz hasi eta garatu zen. 

Basauriko udak baloi baten atzetik

“Futbolarekiko nire lehen oroitzapena Urbiko eserlekuekin lotuta dago”. Bertan egiten zuten hitzordua auzoko umeek eta gazteek: “egun Aspire akademian lanean ari den Jonathan Cabanelas eta biok 33. zenbakiko eraikinean bizi ginen, eta Aritz Lopez Garai hurengoan. Futbolak batu gintuen, eta orain biek ala biek futbol profesionalean urte pila daramate”. Entrenatzaile basauriarraren arabera, “garai hartako udak eta asteburuak baloi baten atzetik ematen genituen, bai jolasean edo bai herriko beste taldeak ikusten: Basconia, Ariz, Kalero…”. 

Indartsun jokatu zuen Igorrek urte luzez, eta oroitzapen “gozoak” ditu: “kadeteetan euskal ligan edo gazteetan nazional mailan jokatzeko aukera izan genuen, Erreala, Athletic etabarren aurka. Guretzat hori kristona zen, eta Soloarten sortzen zen giroa izugarria izaten zen. Bi ordu horietan herriko taldea zinela sentitzen zenuen”.  

Soloarte, Basozelai Bi, Etxegarai, Velazquez, Arizko Ikastola… “zelai guztiak ziren onak guretzat, eta guztietan aritzen ginen, batzuekin ez bazen besteekin. Gure adineko jendearen ordutegiak buruan genituen, eta ezagutzen genuen nor egon zitekeen etxean eta nor kalean, beraz horren arabera moldatzen ginen hara edo hona joateko. Lagun talde berriak sortzen ziren baloiaren bueltan”.

“Entrenatzaile baten helburua jokalariei zoriontsu izateko tresnak ematean datza, urteen poderioz hori gero eta argiago daukat

Hiru semeren aita de Oca egun, eta berak bizi izan zuen haurtzaro eta gaztaro hura gaur egun ezinezkoa litzatekeela uste du: “asko aldatu da dena; gizartea, ohiturak, futbolarekiko harremana, teknologia…”. Nostalgiaz dio, baina ez zaio iruditzen aldaketa berez txarrerako denik: “nik izan nituen baino gauza gehiago dituzte eskura nire semeek, eta erabiltzen jakinez gero euren gaztaroa aberatsagoa izango da zentzu askotan, eta nik ezagutu edo izan ez nituen ohiturak garatzeko aukera izango dute: irakurzaletasuna, teknologia berriekiko harreman osasuntsua, beste kirol batzuekiko zaletasuna etabar…”.  Indartsun  jokatzen zuen eta ikasteetxetako hesien gainetik futbito zelaira salto egiten zuen gazte hark egungo entrenatzaile profesionalari utzi dion arrastoa denboraren poderioz barneratu du prestatzaile bizkaitarrak: “entrenatzen hasi nintzenean garrantzi handia, erabatekoa, ematen nion arlo taktikoari, metodologiari, partiden prestakuntzari etabar. Hori alde batera utzi gabe, baina esperientziak pilatzen joan naizen heinean ikasi dut gure lanaren zatirik garrantzitsuena jokalariei zoriontsu izateko lanabes eta tresnak ematean datzala”. “Alegia”, borobildu du, “ume nintzenean futbolarekiko neukan begirada hori nire eguneroko lanean txertatzen saiatzen naiz”.  

Martxoan Torino FC taldeko entrenatzaileekin lanean ibili da Igor Oca / Utzitakoa

Hego Amerikan bidea egiten 

“Atletico de Madrilen harrobian lanean ari nintzela Alavesek kirol arloan oso interesgarria zen eskaintza egin zidan, eta bide hori hartzea erabaki nuen”. Bitxia bada ere, Ameriketarako bidaia Gasteiz aldean hasi zuen Ocak. Bi denboraldi eman zituen bertan, gazteen mailan eta ondoren Alaves B-n. Behin babazorroen taldea utzita Atletico de Madrilek bere jabetzakoa zen Mexikoko San Luis taldera joateko proposamena luzatu zion. “Aldeko eta kontrako aldagai guztiak familiarekin batera mahai gainean jarri ondoren, egitea erabaki nuen”. 

Hor hasi zuen Ameriketako abentura, ordutik etenik izan ez duena, Sestaon egin zuen geldialdi arrakastatsua kenduta: “bigarren RFEF maila sortu berria igoera lortu genuen, baina arantza txiki bat ere badaukat, pandemia osteko murrizketa guztiak bizi behar izan genituelako, eta ez nuen esperientzia bete-betean gozatu”.  

Ozeanoaren beste aldean ez du aspertzeko tarterik izan, inondik ere: Mexikon aritu zen aurrena, San Luis taldean, 20 hogei urtez azpiko taldearen arduradun gisa aurrena, lehen taldeko bigarren entrenatzaile moduan ondoren. 

Mexiko atzean utzita, Ekuador izan da bere bidaiaren hurrengo geldialdia: EMELECen hasi zuen bere ibilbidea bertan, eta Independiente del Valle entzutetsuaren harrobia gidatu zuen jarraian, bere kirol bizitzako jauzi handiena eman aurretik: Ekuadorko Liga Pro Seria A deritzon (bertako lehen maila) horretan debuta, Universidad Catolicaren eskutik.

Ekuador, bere zera guztiekin

Miresmenez eta kezkaz hitz egiten du Ekuadorrez basauriarrak. “Kontraste handiko herrialdea da, indar eta erabakimen handiko gizartea daukana, txarrenetik onena ateratzen dakiena, baina aldi berean arazo handiak dituena: narkoen eta estatuaren arteko ageriko gerra zibil bat bizitzen ari gara, hilketak eta ustelkeria eguneroko ogia dira…”  

Horren adibide garbia, azken hauteskundeetan bizi izan zituzten aste lazgarriak: “presidentetzarako hautagaietako bat erail zuten, Fernando Villavicencio, 2023ko abuztuaren 9an, eta guztiz normalizatu zen gertatukoa. Kasurako, ligak aurrera jarraitu zuen, ezer gertatu izan ez balitz bezala”. 

Zailtasunak zailtasun, atzerrira doanean bere abiapuntua honako hau da: “beste herrialde batera zoazenean ezinbestekoa da zu bertara egokitzea, eta ez aldrebes”. Zentzu horretan, “leku bakoitzaren kultura eta idiosinkrasia ulertu eta errespetatu beharra daukazu, horrek zure eguneroko bizitzan eta jokalariekin izango duzun harremanean eragina izango duelako, ezinbestean”. 

Kirol arloari erreparatuz gero, “ez ahazteko moduko bizipenak” pilatu ditu. Kasurako, “Libertadores Kopa, Hego Amerikako Txapeldunen Liga dena jokatzeko aukera izan dugu, Millonariosen aurka, adibidez, 40.000 zaleren aurrean”. 

Testuinguru orokorrago batean, Ekuadorgo futbola “hazkunde handia” bizitzen ari da, eta mundura leiho bat zabaldu dute. “Orain dela gutxi arte Europara bidean irteten ziren jokalari gehienak oso azkar bueltatzen ziren, talka kulturala eta egiteko moduak oso ezberdinak zirelako. Egun, aldiz, egoera zeharo aldatu dela irizten dio Universidad Catolicako entrenatzaile ohiak: “globalizazioak on egin dio Ekuadorgo futbolari. Egiteko modu berriak txertatu dituzte, eta jokalariak prestatuago daude goi mailako erronkei aurre egiteko, izan Hego Amerikan, edo izan Europako goi mailako taldeetan.

“Kontraste handiko herrialdea da Ekuador, indar eta erabakimen handiko gizartea daukana, baina aldi berean arazo latzak dituena

Horren erakusgarri, bi jokalari aipatu ditu: Perves Stupiñan eta Moises Caicedo. “Eredu dira euren herrialdean, eta baita aitzindari ere hainbat muga hausterako orduan”. Ezagutu duenaren arabera, “jokalariek, orokorrean, maila tekniko ona daukate Hego Amerikan, eta pasioz bizi dute kirola, baina taktikoki ordena mantentzea kosta egiten zaie”. Hala ere, arlo taktikoaz harago, funtsezkoena, “bai han eta bai hemen, kirolariarengana heltzea da”. “Hori da zailena” gaineratu du, “eta hor ez dago sekreturik. Beharrezkoa da zure taldea ezagutzea, jokalariengan eragina izan dezakeenaren berri izatea, familia, jatorria,izaera… horren arabera erabaki behar duzulako zer esan eta zer egin taldea zure alde izateko. Eta batez ere momentu txarretan zuganako konfiantza mantendu dezaten”. Epe laburrera begira, bere etorkizun hurbila berriro ere Ekuadorren ikusten du. Elkarrizketan bigarren aldiz, Athleticekin gertatu bezala, galdera bera egin diogu: zergatik kanpoan bai baina etxean ez?  Izan al du hemen futbol profesionalean jarduteko aukerarik. 

Pausoz pauso 

“Ba egia esan ez, orain arte ez dut Lehen edo Bigarren mailako inongo eskaintzarik jaso”. Aho bizarrik gabe erantzun digu Igorrek, baina ñabardura garrantzitsu bat eginez: “aurten, lehen aldiz, Bigarren Mailako taldeekin hitz egiten ibili naiz, eurek bilera eskatuta”. 

Badaki, onartzen du, ez zela lehen aukera: “halako taldeek 5-6 entrenatzailerekin hitz egiten dute, eta ondoren profilaren eta  dituzten beharrizanen arabera erabakitzen dute”, baina, hala ere “berri pozgarria” iruditzen zaio, aurrerapauso nabarmena. “Horrek erakusten du azken urteetan egin dugun lana oihartzuna izaten ari dela, eta helburua hurbilago daukagula”. Aipatzen duen helburua, arestian aipatu bezala, Estatu Mailako futbol profesionalean bere lekua aurkitzea litzateke. “Azken aldian Bigarren Mailan nirearekin alderatu daitezkeen profilak daude, Andorraren entrenatzaile berria edo Albaceterena, bi adibide aipatzearren”.Ez du presarik, baina aldi berean familiarekin hasiera-hasieratik adostu zuena azpimarratu izan nahi du: “helburuak zehazten ditugu, apustuak neurtu, eta erabaki zenbat denbora eta zenbat ahalegin eskainiko diogun ematen dudan pauso bakoitzari”. Lanbidea eta familia uztartzea da, “zalantzarik gabe” bere ogibideak duen alderik garratzena. “Elkarrekin egongo garen denbora ondo baliatu behar dugu, eta horrek baditu bera alde txarrak, noski, muga fisiko hori egon badagoelako, baina badu gauza on bat ere: guretzat altxorra da elkarrekin ematen dugun denbora guztia, eta ondo baliatu behar dugu”. Gainera, “teknologia berriak gauza txarrak badituzte ere, guretzat oso lagungarri dira, elkar ikusteko eta komunikazioa modu hurbilago batean mantentzeko. Igor Ocak arkeologia aldera batera utzi zuen, beste bilaketa mota bat hasteko, futbola oinarri duena. Baloi formako mundua zeharkatu du, bere ametsak gauzatu nahian, eta orain galdera garrantzitsu bati erantzuna bilatzeko tenorea heldu zaio: Izango du atzerrian erakutsi duena etxean egiteko aukera? Abestiak dioen moduan, denbora da poligrafo bakarra. 

Osorik irakurri

☉ Zeberio

Zeberioko ondare historikoa, iragana eta etorkizuna

Zeberion, ondare historiko artistikoa iraganaren testigu da, baina baita etorkizunaren akuilu ere.

|

Zeberioko Abendu Kulturaleko egitarau oparoari erreparatuz gero, bada Gabonen bueltan egin ohi diren ekitaldietatik kanpo kokatzen den ospakizun bat: San Esteban egunaren harira Etxazo auzoko ermitan egiten duten goiz pasa.

Ez da tenore honetako jai bakarra, meza, jana, edana eta herri kirolak nahasten dituena, inondik inora: perretxikoen antzera loratu dira historian zehar ermitak herriko auzo eta mendi magaletan. Egun, hamabi dira zutik dirauten harri eta egurrezko eraikinak. Ikuspegi erlijiosoaz harago doan balio artistiko eta historiko esanguratsua aitortzen zaie, eta dozena horretatik bakoitzak dauka santuen izendegiari lotutako jaia eta eguna.

Ez hori bakarrik, herrian sobera ezaguna den baina Zeberiotik kanpo askorentzat altxor ezkutua zatekeen Ermiten Ibilbidea ere osatu zuten orain dela bi hamarkada luze.

Gai polemikoa izan zen bere garaian, herriko kultur elkartea, Austarri, eta Udala aurrez aurre jarri zituena. Kepa Perez Urraza EHUko irakasleak “Zeberio haraneko ermiten zehar ibilaldi historiko-didaktikoa” azterlanean (2009) horren berri ematen digu: “Badira 10 urte Austarri-Korta Kultur Elkartearen asmo zahar baten ekimenez, Zeberioko ermiten ezagutza fisiko, artistiko eta historikoari hasiera eman zitzaionetik. 2000. urtean ateratako liburuxka baten aurkezpenean zera genioen: Zeberioko Austarri-Korta Kultur Elkarteak, gure herriko ondasun kulturala ezetu asmoz, ekintza kolektibo lez, ermitarik ermita ibilaldia prestatu dau. Ondoan doan orri multzoa, helburu hori betetzeko ahalegin laburra baino ez da”.

Lan horren uzta izan zen “Zeberion zehar ermitaz ermita. Ibilaldirako gida laburra” lana, eta hortik preseski heldu zen kultur elkarteko kideen haserrea urte batzuk geroago: “Harrezkero, 2006an. Zeberioko Udalak aginduta, Zeberioko ermitak. Ermitas de Zeberio 16 orrialdeko liburuxka bat argitaratu du testua hizkuntza bietan eta ermiten irudiak koloretan. Egilea Alex Turrillas. Liburuxka hori dela eta, batetik, tristea da Udalak berak lan hori burutzea, Zeberiokoa den elkarte kultural bati burutzea agindu ordez kanpoko egile bati agintzea, eta bestetik, tristeago oraindik, egile horrek ez aipatzea jatorrizko iturririk, Austarri-Kortak 2000. urtean ateratako liburuxkaren zati esanguratsuak erabat hitzez hitz kopiatu eta gero”.

Polemikak polemika, ibilbidea eskuragarri dago egin nahi duenarentzat. Ermiten sekretu bakarra ez da euren kokalekua edo bertara heltzeko gurutzatu behar diren baso edo ibilbide malkartsuak, mendeen poderioz sortu diren kondaira eta mitoek ere eman baitute zeresana.

Juan Manuel Etxebarria etno-linguista eta filologo zeberioztar handiak horien inguruan hitz egin zuen GEURIAren 74. zenbakian egin genion elkarrizketa mamitsuan, bere “Gorbeia inguruko etno-ipuin eta esaundak” I eta II liburuak abiapuntutzat zituena.

Liburuaren ernamuina izan zena aipatzen du bertan: “Auzoko Simon Goyoagak kontatutako mito bat aipatu nion Jose Migel Barandiani eta ikaratuta geratu zen. Kontakizun hura Etniker aldizkarian argitaratu behar nuela esan zidan. Horrela hasi nintzen Zeberio eta inguruetako ipuinak eta kondairak jasotzen. 1995ean Labairuk eta BBK-k ‘Gorbeialde inguruko etno-ipuin eta esaundak’ lana publikatu zidaten. Baina ez diot lan egiteari sekula utzi eta 2016an bilduma handiagoa argitaratu nuen, aurreko lanaren bigarren atala”. Auzokideak kontatu zion mitoak zera dio: “Gaur egungo San Justo y Pastor ermitako zelaian altxor bat ezkutatuta dagoela kontatu zidan, eta urrezko txanponez betetako idi-larrua zela zehazki”.

Urte hauetan guztietan norbait altxorraren bila ibili den edo, are gehiago, aurkitzea lortu duen ez du zehazten, eta Zeberion ez da horren berririk izan.
Ermitak ondarearen zati bat dira, baina ez bakarra. Udalaren web orrian sartu irten bat egitea besterik ez dago, dorretxe, baserri berezi eta zubien zerrenda ikusteko. Hori gutxi ez, eta azken aldian zeresana ematen ari den Errege Bideak zeharkatzen du herria.

Errege bide… gorria

Errege bidea bigarren mailako galtzada izan zen, XV. mendean Zeberio zeharkatzeko sortu zena, merkantziak Arratiatik Bilbora atera ahal izateko. XVIII. mendean ezagutu zuen distirarik handiena, eta ordutik garrantzia galtzen joan zen, ia desagertzeraino. Azkenengo hamarkadetan instituzioek, eta bereziki Udalak, berreskuratzeko apustua egin dute, eta emaitzak emankorrak ari dira izaten.

2022ko ekainean, Ermitabarritik igarotzen den bide zatia garbitzen ari zirela XVIII. mende amaierako harlauzak aurkitu zituzten. GEURIAK Juanjo Hidalgo arkeologoarekin hitz egin zuen, eta zera azaldu zigun: “Ermitabarrin topatutakoak harlauzak dira, Errege Bidearen ertzak osatzen dituzten harriak”.

Hidalgoren esanetan “topatutako harri hauek lerrokatuta daude eta horrelako lerro bik osatzen zuten galtzada, bidea egonkortzeko. Barrualdean txokorrak deritzoten harriak botatzen zituzten. Harriztadura hauek bideak denbora luzez ondo iraun zezan erabiltzen zituzten, hondatu ez zitezen”.
Hala ere, Laudioko historialariak azaldu zigun Errege Bidea baino lehen, Ermitabarritik igarotzen den erreka ondoko zati honetan ez zegoela inolako galtzadarik, eta bertatik artilea bezalako materiala garraiatzen zutela mandoetan: “Harrizko galtzada eta gurdien erabilera XVIII. mendeko kontua izan zen”, borobildu zuen Hidalgok.

Mando eta gurdientzat diseinatutako galtzada garai berrietara egokitu da, baina, eta etorkizun hurbilean erabiltzaileak oinezkoak eta txirrindulariak izango dira. Horretarako, Zeberio eta Arteako Udalek bi herriak batzen zituen Errege Bidea bidegorri bilakatuko dute, udalerri biak legarreko pista baten bidez lotuz. Zeberiori dagozkion 200 metroak dagoeneko bukatuta daude, Ermitabarritik Sarasolako Etxebarri auzora, eta hortik Artearaino falta diren 150 metroak Arteko Udalari eta Foru Aldundiari dagozkio.

Zeberion, ondare historiko artistikoa iraganaren testigu da, baina baita etorkizunaren akuilu ere.

Osorik irakurri

☉ Zeberio

Etxekoak bonben azpian irudikatzen dituen aita

Xabier Madariaga Mikel Ayestaran lankidearekin batera aritu da azken asteetan Palestinan lanean. Israelgo armadak mila eta bat oztopo jartzen dizkie bertan lan egin nahi duten kazetariei

|

Xabier Madariaga kazetaria Palestinako gatazkan berriemaile egon da azken hilabeteetan // Utzitakoa

Hamasen erasoaren berri izan bezain pronto -1200 hildako inguru azken datuen arabera-, Xabier Madariagak (1981) EITBko albistegietako buruari idatzi zion, proposamen argi batekin: Palestinara bidaiatu nahi zuen, Mikel Ayestaran lankideari laguntza emateko asmoz: “egia esan pixka bat presionatu nuen. Hamasen erasoa ikusita, asteburu horretan bertan idatzi nion albistegi buruari esanez Ayestaran korrespontsalari laguntza bidaltzea ez legokeela txarto… eta azkenean baiezkoa eman zuten”.

Bi aste pasatxo eman ditu bertan, eta ez da hartutako erabakiaz damutzen, kontrakoa baizik: “dimentsio horretako eraso batek fronte asko irekitzen zituen; Gazaz gain Zisjordania dago, Jerusalen, iparraldea Hezbollarekin… Informazio larregi pertsona bakar batek kontatzeko. Palestinan eman nituen 15 egun horietan Gazak albistegiak ireki zituen, beraz, ondo hartutako erabakia izan zela uste dut”.

Jerusalen, Ramallah, Tel Aviv eta Haifa aldean ibili da zeberioztarra, Gaza Ayestaranen esku utzita. Ez da egoera batere samurra bi kazetari euskaldunek bizi izan dutena, Israelgo Armadaren jarrera tarteko. Eskarmentu handiko profesionalak izaki, gertatutakoak ez ditu batere harritu:”beti gauza bera gertatzen da. “Lanean” dauden eremuetan, “armada zonalde itxia” ezartzen dute, eta ez da inor sartzen. Segurtasunagatik dela diote, baina hitz hori aitzakia moduan erabilita gauza asko egiten dituzte, eta kasu honetan lekukorik ez izateko zurigarri bat besterik ez da izan”.

Horren erakusgarri, 2005ean bizitako egoera batekin alderatu du egungoa Madariagak: “Gazatik kolonoak atera zituztenean, 2005ean, orduan ere “lanean” ari zen armada. Baina kazetariei sartzen utzi ziguten, baita kolonoen sukaldeetaraino ere. Kasu horretan bai, lekukoak nahi zituen Israelek, munduari argi erakutsi nahi ziolako bakearen alde egiten ari zen kontzesioa”.

Israelgo Armadak mila eta bat oztopo jartzen dizkie kazetariei: hasteko, iritsi eta egin behar den lehenengo gauza Israelgo gobernuaren prentsa txartela ateratzea da. Hori gabe ezin dituzu checkpoint asko gurutzatu. Palestinarren prentsa txartela ateratzeko aukera ere badago, baina horrek ez dizu ia inongo aterik irekiko.
“Israelgo prentsa bulegoan bi oharrekin egiten dizute harrera”, gaineratu du: “holokaustotik jasotako erasorik larriena izan da hau” eta “gure defentsari buruzko irudiak ateratzekotan, gure zentsura pasa beharra dago”. Baldintzak horiek diren arren, amore ez ematea erabaki du Etb-ko berriemaileak, ondorioak zeintzuk izango diren argi duen arren: “Israel kritikatzen baduzu, antisemita zarela esango dizute askok”.

Zailtasunak zailtasun, Madariaga “etxean bezala” sentitu da: “Kazetari ibilbidea bertan hasi nuen 22 urterekin. Palestinak erakutsi zidan zer den kazetaritza. Nire adinekoei begiratzen nien, eta alde batean martiri palestinarrak nituen, bestean soldadu israeldarrak. Hortxe ulertu nuen kazetaritza bestearen azalean jartzen jakitea dela”.

Hogei urte geroago “gauzak argiago” dituela ziurtatu du, baina orduko hartan egiten zutena beharrezkoa dela begitantzen zaio: “Gure egunerokoan, gerra bere testuinguruan jartzen saiatzen ginen. Okupazioa zer den azaldu. Eta horretarako kaleko istorioen bila gindoazen. Jerusalenen, Zisjordanian, Israel iparraldean… hamarkadetako okupazioak eragindako errealitateen isla izan nahi genuen. Horrela jendeak uler dezan nondik datorren Gazan gertatzen ari dena”. Eta Gazan gertatzen ari dena, bere aburuz, “sarraski hutsa da, zigor kolektiboa”. Hala ere, zehaztu du, Zisjordanian “antzera dabiltza”: sarekadak, inpunitate osoz aritzen diren kolonoak… “Palestinarra bigarren, hirugarren eta laugarren mailako herritarra da Israelen. Ez dut nik esaten, Israelgo konstituzioak berak esaten duen zerbait da. Israel “estatu judua” da definizioz”.

Minetik hitz egiten du Madariagak, herri oso bat sufritzen ikusten duelako, eta Palestinak bai maila pertsonalean eta bai profesionalean ere “dena” eman diolako: “Horrexegatik uste dut bertako istorioak kontatzea dela eman didatenaren zati bat itzultzeko daukadan modu bakarra. Okupazioaren salaketa egin behar da. Askotan esaten didate ea non uzten dugun objektibotasuna. Nik ez dut objektiboa izan nahi. Nik beti biktimen ondoan egon nahi dut”.

Elkartasun horrek, badauka, gainera, bere ikuspuntua zeharo aldatu duen beste aldagai bat: aitatasuna.”Aita izan ostean perspektiba erabat aldatzen da. Umeak sufritzen ikusteak denei eragiten digu zerbait, baina guraso zarenean… askoz gehiago. Etxekoak imajinatzen dituzu bonben azpian”.

Arrangura horretatik harago, beharrezkoa balitz berriro bueltatzeko prest legoke: “Ayestarani esan diot, Istanbulera joan behar badut familiarekin, etxean antolatuko garela eta kubrituko dizkiodala beste pare bat aste, behar izanez gero. Niregatik balitz, ahal bezain pronto itzuliko nintzateke”.

Begirada ekialde hurbilean finkatu dugun arren, ez ditu etxekoak ahazten, inondik inora: “hona etortzeko aukera izan badut senarrari eta nire amari esker izan da. Beraiek gabe ezingo nuke bi aste kanpoan pasa… Oso eskertuta nago”. Urteen poderioz pilatutako eskarmentuak nondik ibili eta nondik ez jakiteko balio izan dio: “nire segurtasunari dagokionez, badakite ez naizela seguruak ez diren lekuetan ibiliko, eta horrek lasaitzen dituela uste dut. Israelen barrena mugitzea, kontrakoa badirudi ere, oso segurua da. “Gaza”, borobildu du, “beste kontu bat da”.

Azken datuen arabera, 14.00o hildakotik gora eragin ditu Israelgo Estatuak Gazan, -Etxebarri edo Arrigorriaga bezalako herrien populazio guztia baino gehiago-, horietatik 6.15o umeak. Zaurituak 36.000tik gora zenbatzen dira, eta tamalez, erraza da pentsatzea zifra horiek guztiek gora egingo dutela. Soberan daude hitzak, eta aldi berean, inoiz baino beharrezkoagoak dira. Horregatik, eskertzekoa da Xabier Madariaga bezalako kazetarien lana; ahulenei ahotsa eman eta euren historia kontatzeko aukera eskaintzen dien profesionala, etxekoak bonben azpian irudikatzen dituen aita, Palestina bigarren etxetzat daukan eta izango duen zeberioztarra.

Osorik irakurri