→Basauri

Sakonean | 60 urtez dantzan

Edurre Dantza Taldeak 60. urteurrena ospatu berri du. Frankismoaren gerizpean sortua, euskal folklorearen zabalkundean dihardu.

Edurre Dantza Taldea 1977.urtean // Edurre DT

Edurre Dantza Taldeak 60. urteurrena ospatu berri du. Frankismoaren gerizpean sortua, euskal folklorearen zabalkundean dihardu

1957. urtea zen Basauriren egoera sozialak aldaketa nabari bat izan zuenean. Edurre Dantza Taldearen lehen pausoak eman ziren garai hartan. Solasaldirako giroa urria zen, Francoren erregimena zela eta. Aisialdiaren errealitatearen beste ikuspegia elizak berak eskaintzen zuen.

50. hamarkada horretan Fernando Barquin apaizaren lana aipatu beharra dago. Hain zuzen, 1956ko abuztuaren 5ean etorri zen Ariz auzora On Alfredo Amezaga San Pedro elizako parrokoaren eskutik (azken hau Jose Antonio Agirreren koinatua izan zen). Barquinen ardura gazteria zen eta folklorearen bidez bere ideia abertzaleak sustatu zituen euren artean, kontuan izanda frankismoaren garaia zela.

“Edurre taldea, niretzat, gazteak eta haurrak, neskak eta mutilak elkartzeko bidea izan zen. Garai haietan eskaintzen zitzaien baino askatasun gehiagoz elkarrekin bizi eta ibiltzeko zuten premiari hobeto erantzun zielako. Jakina, nire apaiz eginkizun eta zerbitzua zirela eta, banituen nire irizpide apostolikoak, baina Jainkoari esker, ez nituen inoiz ere baldintza legez jarri jendea hau edo bestea egitera behartzeko. Erabili nituen, baina harremanetarako aukerak eskaintzeko baino ez”, zioen Fernando Barquinek 1991ean, Edurre Dantza Taldearen 35. urteurrenaren harira argitaratu zuten liburuan.

Frankismoaren zapalkuntza eta kulturaren aurka herriak bizi izandako borrokaren ezaugarria izan da Edurre taldearen historia. Eta hori azaltzeko Peto Lezameta eta Cristi Horno dantzarien testigantzak hartu ditugu. Edurre Dantza Taldeko arima izan dira denbora luzez eta nahiz eta gaur egun dantzatik baztertuta egon, lotura oso zuzena dute oraindik ere taldearekin.

Neskak aitzindari, gero mutilak

Nesken taldea Arizko baselizan egiten ziren bileretan hasi zen eratzen, 1956. urtean. Bilera horietan dantza talde bat egiteko ideia proposatu zuten eta Fernando Barquinek hartu zuen hastapen dantza talde horren erantzukizuna.

Historiaren zati honetan agertzen da Irene Ruiz de Galarreta. Garai hartan Mariaren Alabak taldearen arduraduna zen eta Barquinek lehen neska dantzari horien zuzendari izendatu zuen Ruiz de Galarreta.

Lehendabiziko entseguak Lanbide Heziketako eskolan egiten zituzten, Lehendakari Agirre kaleko 69 eta 71 zenbakietako lokaletan (gaur egungo Tximeleta). Arizko okindegia eta Muñuzurin ere entseatzeko lekuak egon ziren.

Urtebete geroago, 1957an mutilak batu ziren Edurre Dantza Taldera. Urte hartako urrian hasi ziren lehenengo harremanak. Peto Lezameta mutilen lehen taldeko kidea zen: “Egun batean, eskolatik etxera nindoala, Jose Ramon Larrea (Basconia futbol taldeko jokalaria) hurbildu zitzaidan eta anaiei deitzeko esan zidan, dantza-talde bat osatzeko bilera batera joateko (14 eta 15 urte bitarteko mutilak biltzeko ardura zuen Larreak). Nik ere taldekoa izan nahi nuen, nahiz eta 12 urte baino ez izan. Larrearen ustez gazteegia nintzen, baina joaten utzi zidaten eta lehenengo egunetik eutsi nien entseguei”.

Edurre Dantza Taldeko lehen neska-mutilek Galdakaoko Andra Mari Dantza Taldearen laguntza jaso zuten (1955ean sortua). Modu horretan heldu ziren Vicente Arroyo eta Jesus Uriarte Andra Mariko dantzariak. Edurreko gazteentzako entseguak zuzendu zituzten. “Hasierako urte haietan izan genuen prestaketa eta gaur egunegoa guztiz ezberdinak dira. Garai hauetan erraztasun gehiago daude, harreman zuzenagoak egiten ditugu beste udalerri batzuetako dantzariekin eurek ere bertako dantzen berri emateko”, dio Lezametak: “Lehen, Durangaldera joatea esperientzia oso xelebrea zen. Benetan txango bitxiak ziren haiek!”.

Dantza ikuskizunak

Cristi Horno Lezametaren emaztea da eta 1965. urtean sartu zen Edurre Dantza Taldean. “Urbiko eta San Migelgo jaietan egiten genituen ikuskizun asko. Batez ere, santuaren prozesioak egiten zirelako. Hori hasierako urteetan baino ez zen egiten. Ni sartu nintzenean, 1965ean, jada ez zen horrelakorik egiten” dio.

Bizkaiko herrietan egiten zituzten emanaldi gehienak. Ondoren, urteak aurrera egin ahala eta taldearen eraketa indartuta zegoenean, beste herri batzuetara mugitzen hasi ziren.

Horren arrazoia izan zen Dantzarien Biltzarreko parte izatea. Dantzarien Biltzarrera sartzeak ere ateak ireki zizkion Edurre Dantza Taldeari. Emanaldi gehiago egiten zituzten herritik kanpo, beste dantza batzuk ikasteko aukera gehiago ahalbidetzen zuen, eta azken finean, Bizkaiko
zein Euskal Herriko dantzarien sarea osatzen lagundu zion horrek.

Gainera, atzerrira joateko aukera eman die. Besteak beste, Alemania eta Kroazia bezalako herrialdeak bisitatu dituzte eta euskal folklorea lau haizetara zabaldudute.

Jantzien garrantzia

“Hasieran, dantzarako arropak egiteaz Cristina, On Fernandoren ama arduratzenzen. Lehendabiziko koadrodun jantziak berak egin zituen. Gero, bakoitzak bere jantzia josten zuen”, dio Cristina Hornok: “Ez zegoen diru askorik eta gurasoek ahal zutena egiten zuten jantziak prestatzeko. Hori bai, oso sinpleak ziren jantziak, gaur egunekoak ez bezala”.

Gona luzeak, lauki gorri eta zuridunak, eta alkandora era berdinekoa. Amantala urdina, tolesak emanda. Buruko zapia horia, urdina edo zuria izan zitekeen, hiru puntakoa. Lepoan zapi urdina, izur eta guzti (gero lepoko zapia desagertu egin zen). Galtzerdi zuriak, galtza luzeak ere zuriak puntila eta xingola gorriekin, azpi-gona ere puntilarekin. Kalamuzko abarketa zuriak, etxean eskuz bordatutako lorez apainduta.

Mutilen jantzia: galtza eta alkondara zuriak, txapela gorria, kalamuzko abarketa zuriak xingola gorriekin eta gerriko berdea.

“Mutilak klasikoagoak ginen, gaur egungoen antzera: praka eta alkandora zuriak, eta gerriko eta txapel gorriak”, dio Lezametak: “Alpargatek ikuskizun baterako baino ez zuten balio. Entseguetan ere oinetako berak erabiltzen genituen eta lokalen zoruak ondatu egiten zizkigun”.

Monitoreak, ezinbesteko piezak

Dantza Talde guztien arazo nagusia da monitoreena. “Egiten duten lana debalde egiten dute eta ordu gehiegi sartu behar dira dantzak txikiei irakasteko”, dio Cristik: “Horiek bai direla Edurreko eta beste dantza talde batzuetako heroiak. Horiek gabe dantza irakaskuntza ezerezean geratuko litzateke”.

“Monitoreak egoteak dantza ikasteko pertsonak badaudela ziurtatzen digu. Etorkizunean dantza egiteko desioa txikiengan pizten dutenak dira monitoreak, erreferente bat. Gainera, kontuan hartu behar da monitorea dena ez dela beti dantzaririk onena izaten, baizik eta bere denboran besteei iraskasteko gai dena”, dio Lezametak.

Bai Lezametaren bai Hornoren esanetan, aipatzekoa da gaur egun Kepa Ogiza eta Sagrario Alcoceba dantzariek egiten duten lana. “Ez da bakar batzuen izena bakarrik nabarmendu behar. Izan ere, jende asko dago Ogiza eta Alcocebaren atzetik, baina gaur egungo Edurreren arima mantentzen da biek egiten duten esfortzuagatik”, diote. Egun, 100 dantzari inguru eta hamar dantza irakasle daude Edurre Dantza Taldearen barnean.

“Edurre taldeak gure herriko dantza eta kulturari eutsi eta aberastasun horiek berpizteko balio izan du; baina, batez ere, topagune izan da, jolas giro eta adiskidetasun iturri, elkarrekin egoteko aukerak eman ditu; hau da, bizi izateko balio izan du. Horixe da nik maitasunez gogoratu eta azaltzen dudana. Edurreren historiak une ederrak izan ditu, gertaera maitagarriak, egoera hunkigarriak, eta guztiak elkartzen badira, era batera edo bestera gaurdaino iraun duen bizitzaren mosaikoa egin daiteke, egun guregan poz sakona sorrarazteko gai den mosaikoa, bizitzako txataltxoak baitakartza gure gogora; eta horiek elkartuta daudenean, herrien eta pertsonen benetako bizitza osatzen dute” […] (Fernando Barquin, 1991. Edurre Euskal Dantza Taldea. XXXV. Urteurrena 1956-1991).

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak