☉ Basauri
Sakonean / Bost urte Stockporten
2013an Ingalaterrara joaneko txartela erosi eta ordutik bertan da Mikel Ortega basauriarra. Stockport School eskola publikoan lanean ari da, site staff moduan.

2013an Ingalaterrara joaneko txartela erosi eta ordutik bertan da Mikel Ortega basauriarra. Stockport School eskola publikoan lanean ari da, site staff moduan. Brexita, Chav eta Scallyak, hezkuntza sistema eta Manchesterreko atentatuaren inguruan berbetan aritu gara, besteak beste
2013ko otsailean joan zen Mikel Ortega Bergara (Basauri, 1977) Ingalaterrara, lan bila. Joaneko txartela eta sei gauetarako lotarako tokia bakarrik zeramatzan. Orain hamar urte baino gehiago ere gauza bera egin omen zuen, baina hilabete batzuen buruan etxera itzuli zen. “Ez nengoen gaizki, baina Londres zen hura. Ez dauka zerikusirik gaur egun nagoen tokiarekin”. Stockport-en bizi da, Manchesterren ondo-ondoan dagoen hirian. Beste lau lagunekin partekatzen du etxebizitza, Stockport School eskola publikoan egiten du lan goizez, site staff moduan. “Garbiketa lanak egiten ditut, aretoak prestatu, erreparazio txikiak egin eta baita tresna elektriko guztien segurtasuna egiaztatu ere. Eta arratsaldeetan beste eskola batean egiten dut lan, eraikina zaintzen. Eskola berezia da hura: haurdun dauden neskentzako eskola da”.
Beraz, irakaskuntzan zuzenean lan egin ez arren, ondo ezagutzen du Mikelek Ingalaterrako hezkuntza sistema, baita hango ume eta gazteen egoera ere. “Ekaitz perfektua etorri dela esango nuke. Eta horren adibiderik garbiena ospitaleetan aurki dezakegu: erizain eta mediku asko eta asko atzerritarrak dira. Herrialdeak ez du behar adina profesional sortzen postu horiek betetzeko. Zergatik? Ikasten ez dutelako. Hezkuntza oso garestia da, unibertsitatera joatea oso garestia da”. Jendea horrekin nazkatuta dagoela dio, eta beste horrenbeste gertatzen dela, esaterako, garraio publikoarekin: “Oso garestia da, eta ez du batere ongi funtzionatzen. Ura eta argia bezalako zerbitzuak ere oso garestiak dira. Liberalizazioak hobetu egin behar zituen zerbitzu horiek baina ez du, inondik ere, halakorik egin. Eta betikoak poltsikoak betetzen ari dira”. Mikelek dio ingelesek badakitela gertatzen ari dena ez dela batere justua, horren kontzientzia badutela, baina hortxe uzten dutela kontua, ez dutela horri buruz ezer jakin nahi. “Badute nahiko duina den lan bat, ongi irabazten dute, beraz, ez dadila ezer aldatu, lapurretan ari bazaizkigu ere. Behartsuek ez dute ezer egiten, telebistako zaborrarekin eta futbolarekin erdi drogatuta baitaude, eta ez dute botorik ere ematen. Hain zuzen, horixe izan zen Brexit-arekin gertatu zena: sekula botorik ematen ez duen jende horrek bozkatu egin zuela”.

Mikel Ortega Londresen, Big Ben erlojuaren aurrean, Zigorrak kuadrillako zapiarekin // Argazkia: Utzitakoa
Baina gatozen bueltan hezkuntzara, herritar askok ez duela ikasten esaten ari baitzitzaigun Mikel. Bere ustez, hezkuntza sistema huts egiten ari da hasiera-hasieratik. “Sistemak ofizialki hiru maila ditu: bizkorren ikasgela, ergelena, eta tartekoena. Eta arazoa honakoa da: demagun ergelen ikasgelan dagoen ikasle bat ikasketetan oso ondo ari dela eta ikasturtearen erdialdean bizkorren gelara pasatzea erabakitzen dutela. Baina gela bateko zein besteko ikasleei irakatsi zaiena ez da gauza bera. Alegia, ergelen gelan 10ekoak ateratzen zituenak gero lan asko errekuperatu behar du bizkorren gelan ikasten ari direna jarraitu ahal izateko. Eta ergelen gelan 10ekoak ateratzen zituen ikasle horrek, sekulako lana eginda ere, ez du inoiz bizkorren gelan 6ko bat baino gehiago aterako, ergelen gelatik datorrelako eta gela horretan ez dituelako bizkorren gelan landu dituzten gaiak landu. Beraz, sekula ez da hortik pasatuko. Hau da, txiki-txikitatik umeak sailkatzen ari dira. Pentsa ezazu, ume-umetatik ergelen gelan baldin bazaude, bada, ergela izango zara. Inork ez du zugandik ezer handirik esperoko eta lan jakin batzuk bakarrik egin ahal izango dituzu”.
Eta noski, ume-umetan egiten den sailkapen horrek bere eragina du helduaroan. Adibide oso garbia jarri digu Mikel Ortegak. “Ni lanean ari naizen eskolan irakasle lanetan dabiltzan emakumeek lanean egonkortasuna lortzen dutenean, urte pare baten buruan ezkondu egiten dira eta handik urtebetera-edo haurrak izaten dituzte, baina bizpahiru, gehiago ez. Klase baxuko neskak, berriz, gobernuak umeak izateagatik ordaindu egiten duenez, oso gazte hasten dira ume asko izaten. Ohikoa da 22 urte inguruko neska bat lau umerekin ikustea. Baina umeak izaten dituzte, ez hezi. Beraiek ez dituzte etxean zaindu, inork ez die erakutsi guraso izaten, ez dute janaririk prestatzen, ez dute etxea zaintzen. Inork ez die halakorik erakutsi, eta beraiek ere ez diete euren seme-alabei irakatsiko. Eta lehen aipatu dugun hezkuntza sistema penagarri horrek ez du batere laguntzen egoerak hobera egin dezan. Irakasleak askotan saiatzen dira ume horiek ondo hezten, baina gurasoekin laguntzarik ez dute horretarako, eta ezinezkoa da”.
Bizimodua Stockport-en
Viktoriar xarma duen Levenshulme izeneko auzoan bizi da Mikel Ortega. Ingalaterrara emigratu zuten langile irlandarrentzat XIX. mendean eraikitako auzoa da, Manchesterreko beste hainbat auzo bezala. Auzo multikulturala omen da, baina irlandarrak eta pakistandarrak omen dira nagusi horien artean. Pub ugarikoa, Fish&Chips famatuak ere bai, eta jatetxe eta Take-Away asko, bereziki Pakistanekoak. “Bikote gazte asko etortzen ari da auzora, eta haiei eta irlandar komunitateari esker oso auzoa bizia da gurea: St. Patrick’s Kultur Festibala, zapatuero merkatu herrikoia, etab. Orain hiru urte kiroldegia eta liburutegia itxi nahi izan zituzten, Londresko murrizketek ia dirurik gabe utzi baitzuten Udala, baina manifestazio handi bati eta beste hainbat mobilizaziori esker zabalik mantentzea lortu genuen”.
Mikel Ortega bizi den auzoan scally batzuk ere badituzte. Manchester eta Liverpoolen jende mota jakin bat definitzeko erabiltzen duten hitza da scally. “Ideia bat egiteko, lagun batek esaten zidan scally bat chav bat bezalakoa dela baina dirurik gabe”. Baina chav bat zer den arrastorik ere ez geuk, eta adibide garbia jarri digu Mikelek beste behin ere: “Gogoratzen al duzue Britania Txikia telesaila? Bertan agertzen zen Vicky Pollard pertsonaia chav bat da: txandal arrosa, goikoarekin zerikusirik ez zuten pantera estiloko galtza estuak, takoidun zapatak, aurpegia guztiz makilatuta, eta bost ume atzetik, bakoitza aita batena. Halakoxeak ikusten dira han”. Baina Mikelek dioenez scally-ak ez dira janzkerarengatik bakarrik bereizten: “Supermerkatuan erositako garagardoa edaten dute, apustuak egiten dituzte apustu-etxeetan eta futbola ikusten dute. Eta ez da harritzekoa izaten astegunez goizaldeko ordu bietan zure leiho azpian oihuka hastea. Eta ez dira gazteak bakarrik, baita helduak ere”.
Batek pentsa lezake Ingalaterran aisiarako giroak ezin duela hemengoaren oso ezberdina izan, garagardoa eta tabernak bezalako elementuak baitituzte komunean. Baina hori uste guztiz okerra dela esan digu Mikelek, kontua zeharo ezberdina dela. “Han asko edaten dute, oso lotsatiak baitira, ez dute inorekin hitz egiten. Ez daukazu lagunik, hemen bezala. Zure lagunak zure lankideak dira, eta lanez aldatzen baduzu, lagun ezberdinak egingo dituzu. Alegia, ez dira bizi guztirako lagunak, ez dira zure kuadrilla. Agian izan ditzakezu beti-betikoak diren hiruzpalau lagun, baina hortik aurrera asko mugitzen da kontua. Oso ohikoa da lanera herrialdearen beste aldean dagoen hiri batera joatea, irakaskuntzan, adibidez. Beraz, noski, lagunak lanean topatu behar. Eta lanetik kanpo, familia inguruan duenak noizean behin ikusiko ditu, baina ez da hemengo familietan dugun harremana bezalakoa, inondik ere. Beraz, hain lotsatiak direnez, edan egin beharra daukate. Eta gero, pub-etan, zu futbol partida bat ikusten egon zaitezke eta ondoan dituzunekin hitz egiten duzu, batere ezagutzen ez duzun jendearekin, kasu askotan. Denborarekin agian ezagutzera hel zaitezke, pub-ean bertan elkar ikusten duzuelako, baina harremana ez da hortik harago joaten. Ondoan daukazunarekin hitz egiten duzu, eta kito. Euskal Herrian ez da hori egiten. Horregatik, askoz gehiago kostatzen da hango giroan sartzea, beraiei ere kosta egiten zaie”.
Ingalaterrara iritsi zenean Mikel Ortegak ez zuen inortxo ere ezagutzen, gerora hasi da horretan. “Lagun batzuk egin ditut han, noizean behin irteteko eta bidaiatzeko. Asteburuetan, euri askorik ez denean, mendira edo turismo pixka bat egitera joaten gara”. Gainontzean, nahiko bizimodu lasaia duela dio. Eta aurten, bere iloba joan zaio Stockport-era, Mikelek goizetan lan egiten duen eskolan DBH bukatzera. “Kurtso hasiera gogor samarra egin zaio hizkuntzarengatik, baina hemen hezkuntza maila baxuagoa denez, ez du arazorik izango”.
Sarri janzten du Mikelek txapela. “I love your hat”, esaten diote, eta eskolako umeek uste dute frantsesa dela. “Txapelarekin ikusten nauten bakoitzean txantxetan hasten dira: ‘Bonjour, bonjour’. Jendeari grazia egiten dio ni txapelarekin ikusteak, baina, egia esan, ez naiz horregatik nabarmentzen. Izan ere, kalean beti aurkitzen duzu arraroren bat, eta ez Manchesterreko erdigunean bakarrik. Stockport-en bertan ez da hain arraroa, esaterako, tipo bat kapela bakero batekin ikustea. Ez da egunerokoa, baina arraroa ere ez da. Eta noski, hango klimarako gure txapela oso praktikoa da, urte guztian gurekin baitaukagu sirimiria eta neguan hotz egiten baitu. Abuztuaren erdialdean negua hasten denean, txapela janzten dut”.
Jendearen artean nahiko zabaldua dagoen beste uste bati buruz ere galdetu diogu Mikel Ortegari, alegia, hedabideetan ikusten dugunaren arabera, badirudiela atzerrira joaten den oro oso ondo bizi dela. “Amorrua ematen dit horrek, bai baitirudi guztiak ezin hobeto bizi direla atzerrian. Eta hori ez da horrela. Badago hain ondo bizi ez den jendea ere, baina horiek ez dira telebistan agertzen. Gogoan dut amak galdetzen zidala nolatan nengoen oraindik lan horretan, Machesterreko nik ez dakit nongo biltegitan lan asko zegoela esan zutela telebistan… Eta amari esan behar nion gezurra zela, ni bertan bizi nintzela eta ez zegoela halakorik. Asmatzen ari zirela, eta gezurra zela. Konbentzituta nengoen gobernuaren kanpainaren bat zegoela martxan jendea Espainiatik kanpora joan zedin. Oso ondo zetorkion gobernuari, alde egiten dutenak gehien protestatzen dutenak izaten baitira. Jende asko zegoen ikasketekin eta lanik gabe, horiek protestan hasiko ziren… Bada, joan zitezela kanpora eta, gainera, bidal zitzatela dibisak bueltan”.
Manchesterreko atentatua
Hedabideen bidez izan zuen Mikel Ortegak 2017ko maiatzaren 22an Manchester Arenan Ariana Grande abeslariaren kontzertuan gertatutako atentatuaren berri. 1996an IRAk Manchesterren bertan egindako atentatuarekin alderatu du. “96ko lehergailuak sekulako zuloa eragin zuen Manchesterreko erdigunean, eraikinak osorik eraitsi ziren eta kale berriak eraiki behar izan zituzten. Baina ez zen zauritu bakar bat ere egon, erdigune guztia ebakuatu baitzuten. Joan den maiatzeko atentatuan, ordea, zuzen-zuzenean umeei egin zieten eraso, eta horrek sekulako inpaktua dauka. Inork ez zuen Manchesterren halakorik gerta zitekeenik espero, Londres edo Paris bezalako hirietan gerta zitekeela pentsatzen zen, baina ez Manchesterren. Atentatuaren ondorengo egunetan heroiez hitz egiten zen etengabe, larrialdi zerbitzuetako heroiez, eta nola ospitaleetan txandarik egitea tokatzen ez zitzaion jendea ere lanera joan zen. BBC telebista kateak abisua eman behar izan zuen hurrengo goizean, mesedez ez zedila inor gehiago joan odola ematera ospitaleetara. Egunerokoan bakoitza bere baitara doa, baina halako eraso baten aurrean komunitate sentipen handia dute ingelesek, eta jendeak bere etxeko atea erraz irekitzeko dio behar duenari. Baina hortik harago, alegia, zergatik egin ote zioten eraso Manchesterri, ez zaie gehiegi gustatzen halakoetan pentsatzea”.
☉ Basauri
‘Emakumeak eta industria musikala’ solasaldia antolatu dute gaur Marienean, MAZ Basauri jaialdiaren baitan
Musikaren industriako emakumeek euren esperientziak partekatuko dituzte gaurko topaketan

Aurten, iaz bezala, hirugarren jardunaldi bat ere izango du MAZ Basauri jaialdiak bere 13. edizioan: azaroaren 6an, ostegunez, ‘Emakumeak eta industria musikala’ topaketaren bigarren edizioa antolatuko dute Rockeinek, MAZ Basaurik eta Marieneak elkarlanean.
Topaketa Marienea Basauriko Emakumeen Etxean izango da 18:00etan. Musikaren industriako emakumeen esperientziak beste emakume batzuekin partekatzea bilatzen du ekimenak, sektorean eta eszenatokietan emakumeen presentzia handiagoa sustatzeko helburuarekin.
Aurten, La Furia artista nafarra, Ibone Iza BIME Proko edukien arduraduna eta Maite Alaña MAZ Basauri eta Rockeineko zuzendaria izango dira protagonistak. Emilia Arias kazetari eta idazleak (TVE, Pikara Magazine) gidatuko du hitzaldia, eta doakoa izango da.
MAZ Basauri Basauriko Udalak sustatzen du. Aurtengoa 13. edizioa da eta aurreko hamabi edizioetan, udalerria erreferente musikal gisa kokatu du, eta Basauriko kultura-, merkataritza- eta ostalaritza-bizitzarako pizgarria izan da.
☉ Basauri
Selton eta Hierro basauriarrek debuta egin dute Txapeldunen Ligan Athleticekin

Basauritik mundura. Horrela definitu daiteke atzoko gaua St James’ Park estadioan, egun berean bi basauriarrek egin baitzuten debuta: Selton Sanchezek (18 urte) eta Asier Hierrok (20 urte). Ez zen debut gozoa izan, taldeak 2-0 galdu baitzuen, baina zalantzarik gabe ahaztuko ez duten eguna izango da bi lehoientzat.
Selton Sanchez, 18 urteko erdilaria da, bere irudimen eta maila teknikoagatik nabarmentzen dena. Durangon jaiotakoa den arren, Basaurin bizi da aspalditik. Asier Hierro, aldiz, 20 urteko aurrelaria, amaierako minutuetan atera zen eta gola bilatu zuen etengabe, ausardiaz eta lotsa izpirik gabe. Biek ibilbide luzea egin dute Lezaman, Hierroren kasuan kimua zenetik ari baita zurigorriekin.
Partidaren ondoren, Unai Simonek gazteen lana txalotu zuen: “Selton eta Hierro Txapeldunen Ligako mailan aritu dira”, adierazi zuen atezainak.
Basauriko bi futbolariek amets bat bete dute: Lezamako harrobia eta Basauriren izena Europako eszenatokirik handienetara eramatea.
☉ Basauri
68,8 milioi euroko aurrekontua kudeatuko du 2026an Basauriko Udalak
Gobernu taldeak aurrekontu proposamena aurkeztu du gaur eta oposizioak azaroaren 19ra arte dute zuzenketak aurkezteko epea zabalik

Basauriko udal gobernu taldeak 2026ko aurrekontu proposamena aurkeztu du gaur. Guztira 68,8 milioi euro kudeatuko ditu Udalak datorren urtean, aurten baino 3 milioi gehiago (% 4,6 gehiago).
Besteak beste, aurrekontua handitu da diru-sarrerak, oro har, handitu egingo direlako. Besteak beste, Udalkutxatik 36,1 milioi euro jasoko ditu Basauriko Udalak, aurten baino 2,1 milioi gehiago.
Inbertsioetara 2,7 milioi euro bideratuko ditu Udalak 2026an. Eta, inbertsioen arten bi narbamendu ditu gobernu taldeak. Alde batetik, haurreskola berria eraikitzea eta bestetik, hiri-ortuak sortzea.
Martxoan aurreratu bezala, haurreskola berria eraikiko dute herrian, Arizko Ikastolaren ondoan dagoen berdegune batean. Basauriko hirugarren haurreskola publikoa izango da, Basozelaikoaz eta San Migelekoaz gain. Gutxienez 42 plaza izango ditu eta 0-1 eta 1-2 urte bitartekoentzako lau gela izango ditu. 2026ko aurrekontuan milioi bat bideratuko du Basauriko Udalak haurreskola eraikitzeko.

Asier Iragorri alkateak eta Berta Montes Ogasun arloko zinegotziak aurkeztu dute gaur 2026ko aurrekontu proposamena // Geuria
Hiri-ortuei dagokienez, Iruaretxeta parkean jarriko du martxan proiektua Udalak datorren urtean. Aurreikuspenen arabera, 80 ortu inguru egokituko dituzte, bakoitza 35 eta 40 metro karratu arteko azalerarekin. Udalak 400.000 euro gordeko ditu aurrekontuan hiri-ortuak sortzeko.
Inbertsioen atalaren barruan, hezkuntza-zentroetan hobekuntza lanak egiteko 310.000 euro erabiliko ditu Udalak.
Eta, aurrekontu parte-hartzaileen prozesua ere inbertsioen baitan sartu du gobernu taldeak: hartara 400.000 euro zer egiteko erabakiko dute herritarrek. Irailean herritarrek euren proposamenak egiteko epea zabalik izan zuten eta laster bozkatzeko epea irekiko du Udalak.
Garapen jasangarrirantz
2026rako proposatutako kontuen ezaugarri azpimarragarrienetako bat da aurrekontuaren % 42 erabili nahi dutela 2030 Agendaren Garapen Jasangarrirako Helburuei (GJH) loturiko gastu sozialean, helburua izanik desberdinkeria murriztea eta herritar guztiei aukera ematea oinarrizko eskubideak baliatzeko: hezkuntza, osasuna, aukera-berdintasuna eta gizarte-babesa.
“Aurrekontuaren ia erdia GJHen gastu sozialean erabiltzeak agerian uzten du gure konpromisoa pertsonekin eta basauriarren bizi-kalitatea hobetzearekin. Inbertsioen helburua da inor ez uztea atzean, eta herritar denek eskubide eta aukera berberak izatea”, adierazi du Asier Iragorri Basauriko alkateak.
Helburu horietan giltzarri den Gizarte Zerbitzu eta Gizarte Sustapen Arloak “inoizko aurrekontu handiena” izango duela nabarmendu dute udal ordezkariek. Guztira, 10,8 milioi euro; aurten baino % 3,9 gehiago.
“Adinekoentzako aurrekontua % 4,9 handituko da, 5,1 milioi euroraino (2025ean, 4,8 milioi); eta Berdintasun aurrekontua % 4,5 haziko da (2025ean, 519.000 euro; 2026an, 540.000 euro). Hezkuntza Atalaren aurrekontua, berriz, % 151 igoko da (2025ean, 623.000 euro; 2026an, 1.564.000), haurreskola berrirako partida milioi batekoa izango delako”, azaldu du Berta Montes Ogasun arloko zinegotziak.
Zor publikoari dagokionez, 2026an 806.000 euroko zorra izatea aurreikusi du gobernu taldeak: “Doitasun eta gestio eraginkorreko politikak etengabe aplikatzeak maila ia sinbolikoan utziko du Udalaren zorra”, dio Montesek.
“2024. urtea amaitu genuen 1,6 milioi euroko zorrarekin, eta urte hau amaituko dugu 1,2 milioiko zorrarekin. 2026. urtean, 806.000 eurora murriztuko dugu; hau da, sarrera guztien % 1,2era. 2012an, Udalaren zorra 12 milioi eurokoa zen, eta horrek agerian uzten du egin dugun ahalegin handia, Basauriko bizilagunen euro bakoitza eraginkortasunez eta erantzukizunez administratzeko”, nabarmendu du Montesek.
Oposizioan dauden udaltaldeek azaroaren 19ra arte dute zuzenketak egiteko. Ondoren, asmoa da azaroko osoko bilkuran eztabaidatzea 2026ko aurrekontua.
☉ Basauri
Maialen Ibarra DA! PRO topaketan kontzertua emango du azaroan Durangon
Uxue Kerejeta abeslari gipuzkoarrak ere parte hartuko du topaketan: bere ‘Amaiera’ diskoan Beñat Armentia galdakoztarrak kolaboratu du teklatuan

DA! PRO topaketaren zazpigarren edizioa helduko da azaroaren 25ean eta 26an, Durangoko Azokaren atarian. Musika eta familia ikuskizunak antolatuko dituzte eta horien artean Maialen Ibarra sanmigeldarrak kontzertua emango du.
Maialenen kontzertua Durangoko Plateruena aretoan izango da azaroaren 26an, asteazkenez.
Era berean, Sueder, Sara Zozaya, Gartxot, Jonkass, Hondora, Ilargi, Euskal Barrok Ensemble, Maider eta Uxue Kerejeta arituko dira Plateruenan.
Aipatzearren, Uxue Kerejeta musikari zumarragarraren ‘Amaiera’ diskoan Beñat Armentia Arriandiaga galdakoztarrak kolaboratu du teklatuan.
Durangoko Azokako jarduna Azokako egunetatik haratago hedatzeko asmoz sortu zuen Gerediaga elkarteak DA! PRO topaketa.
☉ Basauri
Basauri Pintxo Festa antolatuko dute datozen bi asteburuetan: aurten 42 tabernak eman dute izena
Moluskuak, tomatea edota patata izango dira Basauri Pintxo Festako osagai protagonistak, azaroaren 14tik 16ra eta 21etik 23ra

Pintxoen hiriburu izango da Basauri azaroaren 14tik 16ra eta 21etik 23ra bitartean: Pintxo Festa antolatuko dute.
Aurten 42 tabernak hartuko dute parte, iaz baino bost gehiago. Horiek dira: Maybe, Valhalla, Edudoga, Luna, Bai Horixe, Coffee; El Cruce, Rymari, Toison de Oro, Nastase, Uribarri, Zutarri; Neure, Boxes, Dafne, Izarra Berria, Itxina Berria, La Zona, Berezi, Geltoki; Bonboi, Herriko Etxea, Arume, Haizebarri, Apolo XII, Erretoki Arin, New Magic; Nervion, Katilu, Irati, La Sede, Beitia Zaharra, 7 Calles, Galizia, Xuroi; Fission’s Berria, Ganeko, Thomas, Batzoki Central, Excelsior Berri, Nagusia eta Uribarri 22.
Horiek guztiek pintxo lehiaketan hartuko dute parte eta taberna bakoitzak bere miniaturazko jakia salgai jarriko du Pintxo Festa egingo den egun guztietan zehar. Pintxoek moluskuak, tomatea edota patata osagaiak izan behar dituzte.
Lehiaketan Urrezko Pintxoa, Zilarrezko Pintxoa, Brontzezko Pintxoa, Fusio-pintxoa, Soiltasuna eta Zaporea Pintxoa eta Pintxo Herrikoia sariak banatuko dituzte. Epaimahai profesional batek aukeratuko ditu irabazleak.
Urrezko Pintxoaren saria irabazten duenak 300 euroko txartela jasoko du, herriko hiru saltokitan, gehienez, gastatzeko. Zilarrezko Pintxoaren irabazleak 200 euroko txartela jasoko du, herriko bi saltokitan, gehienez, gastatzeko. Eta Brontzezko Pintxoari 100 euroko txartela emango diote, gehienez herriko bi dendatan gastatzeko.
Bestalde, bi lagunentzako bost menu zozkatuko dituzte pintxo gogokoena hautatzeko botoa eman, eta boto-paperean bost taberna desberdinen zigilua duten herritarren artean.
Pintxo Festa izango den bitartean kale animazioa egongo da Basauriko kaleetan: Etxebarria Aita-Seme Trikitilariak, Sama Siku fanfarrea, Danbayan batukada, Danbolin Txistulari Elkartea, Basauri Koral Elkartea eta Kilometrokantu.
Eta aurrekoetan bezala, Helmuga-Basauri-Pintxo Festa Gida publikatu eta banatuko du Udalak. Gida horrek pintxo lehiaketan parte hartuko duten 42 tabernaren izena, helbidea eta kokapen geografikoa jasoko ditu, eta kanpainan zehar kalea girotzeko egongo diren jardueren berri ere emango du.
Liburuxka parte hartuko duten tabernatan eta Basauriko erreferentziazko tokietan banatuko dute.











