☉ Arrigorriaga
GEUna Zaintza Sarea ehundu dute Arrigorriagako eragile ezberdinek
Nahi ez den bakardade-egoerak eta udalerriko pertsona askok, batez ere adinekoek, duten sare sozial ezak eragindako kezka partekatuaren ondorioz sortutako proiektu komunitarioa da GEUna
“Nahi ez den bakardade-egoerak eta udalerriko pertsona askok, batez ere adinekoek, duten sare sozial ezak eragindako kezka partekatuaren ondorioz sortutako proiektu komunitarioa da GEUna”, euren sortzaileen hitzetan. Hilabeteak eman dituzte ideia garatu eta hezurmamitzen, eta ibilbide honetan herriko hainbat eragile batzen dituen Osasun Foroa aritu da buru-belarri, SSI Taldearen laguntza teknikoarekin eta BBKren finantzaketarekin.
Nabarmendu dutenez, “adinekoen ahalduntzetik abiatuta lan egitea” bilatzen dute, ahulezietan erreparatu eta kateatu beharrean “gizon eta emakumeen indarguneetatik” ekinez. Zentzu horretan, laguntza behar duen pertsona aldi berean beste batzuei laguntza emateko gai izatearen garrantzia nabarmendu dute. Elkatruke hori elikatuz indartuko da sarea.
Ikuspegi integrala duen proiektua da GEUnarena, nahi ez den bakardade-egoerak antzemateaz eta horietan esku hartzeaz harago prebentzio ikuspegia ere baduelako, eta adinekoek modu aktiboan inplikatzen dituelako, egoera zaurgarrian egon edo ez.
Bidenabar, egitasmo honek arreta berezia jartzen du emakumeenagan. Osasun foroko kideen arabera, “adinekoen kolektiboaren barruan, haiek dira bereziki nahi ez den bakardadea jasaten dutenak eta euren artean inpaktua handiagoa izan daiteke, mota horretako ekintzetan gehiago parte hartzen baitute”.
Proiektu pilotua, Kubon
Kubo auzoan hasiko dira sarea ehuntzen, lan metodologia zehatz batekin: lehenik eta behin, isolamenduaren aurkako agenteen sare bat sortuko da. Sarearen helburua “sentsibilizazioan, kontzientziazioan eta ezagutzaren eta parte-hartze sozialaren sustapena” izango da. Bestetik, auzoa bera eta bertan dauden eragile zein gizarte sareak subjetu aktibo eta topagune bilakatuko dira. Denboraren poderioz, xedea eta helburua da beste auzo batuzetara zabaltzea, azkenik udalerri osora hedatuz.
☉ Arrigorriaga
Jostailu bilketa antolatu du Arrigorriagako Gure Magaleanek azaroko truke-azokarako
Arrigorriagako elkartetik azaldu dute garrantzitsua dela jasoko duten materiala “egoera onean” egotea eta konponketarik behar ez izatea
Gure Magalean elkarteak jostailu bilketa antolatu du azaroaren 12ra arte: “Aukera izan daiteke gure armairu eta ganbarak berrikusteko eta hilaren 29an antolatuko dugun truke-azokan parte hartzeko”, azaldu dute Arrigorriagako elkartetik.
Jostailuak 09:15etik 09:45era eta 16:15etik 16:45erako ordutegian eman daitezke Gure Magaleaneko atezaintzan
“Etxean gordeta dituzun jostailu edo besteentzako erakargarriak izan daitezkeenak behar ditugu”, azaldu dute Gure Magalean elkartetik. “Garrantzitsua da jasoko dugun materiala egoera onean egotea eta konponketarik behar ez izatea”, nabarmendu dute.
☉ Arrigorriaga
Haurdunaldi eta erditze-osteko sostengu taldea sortu du Altzoanek Arrigorriagan
Taldea hilean behin elkartuko da, ostiralero, 10:30etik 12:00ak arteko ordutegian, Lamiaena Arrigorriagako emakumeen etxean
Altzoan Zaintza Sareak haurdunaldi eta erditze osteko sostengu taldea sortu du Arrigorriagan, Udalaren babesarekin, “espazio segurua eraikitzeko, partekatzeko eta tribuan hazteko”.
Taldea hilean behin elkartuko da, ostiralero, 10:30etik 12:00ak arteko ordutegian, Lamiaena Arrigorriagako emakumeen etxean. Saioak psikologo perinatal batek zuzenduko ditu.
☉ Arrigorriaga
Arrigorriagako Urgoiti pasealekuko, Jose Mª Makuako eta Santa Isabeleko argiteria indartuko dute 2025ean
Arrigorriagako Udalak enpresa biri esleitu die argiteria publikoa indartzea xede duen proiektuan eta guztira 329.400 euro bideratuko ditu bertako segurtasuna handitzeko
Arrigorriagako Udalak 329.410 euro bideratuko ditu Urgoiti pasealekuko, Jose Mª Makua eta Abusuko kaleetako zonalde batzuen argiteria indartzeko. Lanak hilabete honetan, azaroan bertan hasiko dituzte eta hilabete biko iraupena izango dutela adierazi dute udal ordezkariek.
“Udalerriko zenbait puntutako argiztapena egungo estandarretarako eskasa dela ikusita, Udalak puntu horietako batzuetan argiztapena indartzea erabaki du, horretarako argi berriak instalatuz”. Horrela azaldu dute Arrigorriagako udal ordezkariek Urgoiti pasealekuko, Jose Mª Makuako eta Abusuko Santa Isabel kaleetako auzotarrek bizi duten egoera.
Azterketa teknikoa egin ostean eta “Arrigorriagako bizilagunen pertzepzioa” bezalako faktoreak kontuan izanda, Arrigorriagako Udalaren helburua kale horietan gaur egun topa daitezkeen puntu ilunak ezabatzea eta segurtasun pertzeptzioa handitzea da, bertako kale-argien estandarretako argiztapena “eskasa” delako.
Beraz, leku horietan argi berriak ipiniko dituzte. Obra hiru lotetan banatuko du Arrigorriagako Udalak: lehenengoa, Santa Isabel kaleko argiteria publikoari dagokio eta Estudios y Obras Rekalde, S.L. enpresari esleitu dio; bigarren eta hirugarren loteak, Urgoiti pasealekuari eta Makua kaleari dagozkionak, berriz, Obras y Servicios Basaur, S.L. enpresari esleitu dizkio.
☉ Arrigorriaga
Arrigorriagako ‘Bertsio Gauan’ izena emateko epea zabaldu du Soinuarrik
Soinuarri Elkarteak bateria bat, baxu bat, gitarra bi eta beren anpliak lagako dizkie Bertsio Gauan parte hartuko duten bandei
Abenduaren 28an Bertsio Gaua antolatu du Arrigorriagako Soinuarri Elkarteak Gaztetxean eta herritarrak bertan parte-hartzera gonbidatu dituzte: “Antolatu bertsioz osatutako 15 minutuko setlist bat zuzenean jotzeko”.
“Aukera ezinhobea izango da zuzenean jotzeko gura asetzeko eta gau zoragarriaz gozatzeko”, azaldu dute Soinuarritik. Elkartekoen esku geratuko da eszenatokia montatzeko lana eta musikariek bertan erabiliko dituzten instrumentuak lagatzea: izan ere bateria bat, baxu bat, gitarra bi eta beren anpliak egongo dira oholtzan: “Nahi izanez gero musikariek beren instrumentuak ekar ditzakete Bertsio Gaura ere”, gehitu dute.
Izena emateko soinuarrielkartea@gmail.com helbidera e-posta idatzi beharko dute interesdunek. Bertan taldearen izena, kide kopurua eta bakoitzak zein instrumentu joko duen eta setlista zehaztu beharko dute.
☉ Arrigorriaga
Ixone Garmendia arrigorriagarrak Transilvanian bizikletan egindako bidaia hizpide izango du Mendi Jardunaldietan
Padura Mendigoizale Taldeak antolatutako jardunaldi hauetan Fernando Errekalde, Alex Txikon eta Amaia Segurola kirolariek hartuko dute parte ere azaroaren 11tik 26ra, Lonbo aretoan
Beste urte batez Mendi Jardunaldiak antolatu ditu Arrigorriagako Padura Mendigoizale elkarteak, Udalarekin elkarlanean, azaroan, Lonbo aretoan. Aurten gonbidatu bereziak izango ditu ere: Ixone Garmendia Garaizabal, Fernando Errekalde Bilbatua, Alex Txikon Narbaez eta Amaia Segurola Baranda.
Azaroaren 11n izango da lehen solasaldia: Ixone Garmendia mendizale eta eskalatzailea (Arrigorriaga, 1993) Transilvaniatik bizikletaz egindako bidaiaz mintzatuko da. Saio guztien artean hau izango da euskaraz eskainiko den bakarra. Ixone euskal eta ingles filologian graduatua da, irakaslea eta abenturazale amorratua. Bidaiatzea, jatea eta mendia bereziki maite du. Garmendiak joan den udan Transilvaniatik bizikletan egindako bidaiaren inguruko hitzaldia eskainiko du Arrigorriagan.
Hilaren 14an ‘Manaslu: Nire lehen zortzimilakoa’ izeneko hitzaldia eskainiko du Fernando Errekaldek; Azaroaren 15ean Annapurnaren inguruan arituko da Alex Txikon mendizalea; Azken saioa Amaia Segurolak eskainiko du hilaren 26an: ‘Bidea irekitzen: Groenlandia’. Hitzaldi guztiak Lonbo aretoan eskainiko dituzte 20:00etan.