Bi eraso matxista salatu dituzte asteburu honetan Basauriko sanfaustoetan. Bortxatu egin dutela salatu du emakume batek, Ertzaintzak jakinarazi duenez, eta beste batek ukituak salatu ditu. Udalak basauriarrei dei egin die parte har dezaten gertatutakoa salatzeko deitu den kontzentrazioan. Hitzordua bihar izango da, urriraren 10ean asteartean, 19:00etan, San Pedro eliza aurreko plazan.
Gertatutako erasoak direla eta, “gaitzespenik sendoena” adierazi dute Basauriko Udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztiek (EAJ, PSE, BASAURI BAI, EH BILDU eta PP), atxiki gabeko zinegotziak, Berdintasun Kontseilua osatzen duten emakumeen elkarteek eta Herriko Taldeakek, “eta berretsi egiten dugu indarkeria matxista salatzen eta borrokatzen jarraituko dugula“.
Udalak adierazi du bai Berdintasun Atalean, bai Berdintasun Kontseiluan urte asko daramatzela lanean emakumeen aurkako erasorik gabeko jai seguruak lortzeko. “Urteak dira jada protokolo bat abiarazi genuela —Herriko Taldeakekin lankidetzan—, eta horren helburua da jaietan zehar kuadrillek konpromisoa hartzea edozein motatako indarkeria matxistaren aurka borrokatzeko, erasotzaileak salatzeko eta biktimei babesa emateko“, adierazi dute Udaletik. Orain, beraz, kuadrillak ere indarkeriaren aurkako agenteak dira, eta kaleak eta lonjak gune seguru eta parekideak.
