→Galdakao

Galdakaoko ikasleen Eskolarako Bidearen proiektuko marrazkiekin erakusketa egin dute Torrezabalen

Galdakaoko haurrek euren eskolarako bidea marraztu eta lan guztiak Torrezabal Kultur Etxean ipini dituzte abenduaren 2rarte, erakusketa gelan

Marrazkiak, Erakusketa Gelan // Galdakaoko Udala

Galdakaoko haurrek euren eskolarako bidea marraztu eta lan guztiak Torrezabal Kultur Etxean ipini dituzte abenduaren 2rarte, erakusketa gelan: “Udala EHUrekin lantzen ari den proiektuarekin haurrek eskolarako bidean bizi dituzten oztopoak atzeman nahi dira, horiek konpondu eta haurrak eskolara modu autonomoan joatea sustatzeko helburuz”, azaldu dute udal ordezkariek. Galdakaoko Udala elkarlanean dago EHUko Unibertsitate-Gizarte proiektuarekin eta haurrek egin dituzten marrazki horien bidez eskola ibilbidea aztertu dute: ” Ikerketa honen helburu nagusia ‘Eskolabideak’ egitasmoak Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako zenbait hezkuntza zentrotako parte hartzaileengan izaten ari den eragina aztertzea da; edo neska-mutilak pertsona heldurik gabe eskola zentrora oinez joan ahal izatea bultzatzen ari diren beste ekimen batzuk”.

Eskolara bideko marrazkiak egiteko orduan “askatasunez marrazteko” eskatu zitzaien Gandasegi, Urreta, Eguzkibegi, Aperribai eta Unkinako eskoletako 361 neska mutilei “marraztu nolakoa den zure etxetik eskolarako bidea” galdera eginez. Udalak ikasleen marrazkiak “oso adierazgarriak” bezala kalifikatu ditu eta kasu gehienetan euren etxea eta eskola erreferentzia puntuak irudikatu dituztela nabarmendu du: ” Aperribairen kasuan parkeak eta jolastokiak marraztu dituzte, Urkinan dendak, Urretan beste etxeak eta Gandasegikoek frontoia eta kioskoa.

Marrazki gehienetan asfaltoa nagusitzen da asko, baina Aperribaiko berdeguneak ageri dira. Eguzkibegi ikastolakoek focus group bidez parte hartu dute eta adierazi dute bidearen okerrena auto eta jende pilaketa dela. Onena, berriz, ikasleak taldean, elkarrekin joatea da eurentzat.” EHUko adituek adierazi dutenez, “etorkizunera begira interesgarria izango da, bidea oztopatzen duten elementuak ikusi eta konpontzen saiatzeaz gain, sentsibilizazio lana egiten jarraitzea, bai neska-mutilekin eta baita familiekin, era autonomoan eta aktiboan eskolara joateak dituen onuraz ohartzeko, bai maila pertsonalean, mailan sozialean eta osasunean”.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak