→Zaratamo

Zaurgarrienei laguntzeko eta jasangarritasuna bultzatzeko neurriak hartu dituzte Zaratamon

Kontratu mugagabeak egin edo egoera zaurgarrian dauden langileak kontratatzen dituzten enpresei, hobariak aplikatuko dizkiete, eta hori egiten ez dutenei, zerga igo. Jasangarritasuna bultzatzeko, energia berriztagarriak edo berdeak instalatuz gero, obren lizentziagatik ordaindu beharreko zerga %90 merketu ahal izango da.

Zeberioko udaletxeko eguzki-panelak // Geuria

Zaratamoko Udalak hiru ordenantza fiskal berrituko ditu ikasturte hasieran, 2016 ingurutik indarrean dauden araudiak garai berrietara egokitzeko. Ingurunea eta natura errespetatzen dituzten azpiegiturak eta garapen jasangarria bultzatzen duten egokitzapenak hobarien bidez saritzea proposatu dute, eta horrela egiten ez dutenei, grabamenak aplikatuko dizkiete ordenantzen berrikuntzarekin.

Etxebizitzetan eta bestelako eraikuntzetan obrak egiteko lizentziengatik ordaindu behar diren zergetan, egun, ez da kontuan hartzen egin nahi diren eraldaketen izaera. Baina Eraikuntza, instalazio eta obren zerga arautzen duen ordenantzaren aldaketarekin, Udalak ebaluatu egingo ditu aspektu horiek ere: energia berriztagarriak edo berdeak instalatuz gero, lizentziagatik ordaindu beharreko zerga %90 merketu ahal izango da. Aerotermia edo geotermia erabiltzen duten sistemak ezartzea edo eguzki-panelak instalatzea izango dira zergetan hobariak lortzeko egokitzapenetako batzuk, eta energia autokontsumorako sistemak ezarriz gero, gainera, Ondasun Higiezinen Gaineko Zergan (OHZ) ere hobariak eskainiko dituzte.

Etxebizitza eta eraikin zaharrenen kasuan, berriz, energia-efizientzia sistema berrienekin parekatzeko lanek jaitsierak eskainiko dituzte obren lizentzien zenbatekoan. Herriko eraikin gehienak saneamendu-sare orokorrera lotuta egon arren, hirigunetik urrun dauden hainbat baserrik eta etxebizitzek ez daukate hoditeria horretara konexiorik, eta putzu septiko indibidualak dituzte. Sistema horiek berritu eta jasangarriak diren mekanismoengatik aldatuz gero (putzu septiko biologikoak kasu), hobariak egongo dira.

Eraikin historiko eta baserri horien kasuan, berriztatzeko obra sakonagoak egin behar izanez gero, zerotik hasi beharrean, fatxada errespetatzea lehenetsiko da ordenantzetan; horrela, eraikuntzen egitura errespetatzen duten obrei zergak jaitsiko dizkiete lizentzietan. Era berean, landa eremuan azpiegitura berrientzako ere hobariak egongo dira, betiere lehenengo sektoreko profesionalentzako azpiegiturak eraikitzeko izanez gero. Erabaki hori nekazaritzara eta abeltzaintzara dedikatu nahi duten langileei laguntzeko egitasmo gisa planteatu dute.

Zaurgarrientzako laguntzak

Baina landa eremuaz gain, herriko enpresetan lan egiten duten enplegatuek ere nabarituko dute ordenantzen aldaketa. Jarduera ekonomikoen gaineko zerga arautzen duen ordenantzaren aldaketarekin, izan ere, egoera zaurgarrian dauden langileei lagundu eta epe luzeko kontratuekin ezegonkortasuna mugatu nahi dute. Foru Aldundiak enpresei aplikatzen dien oinarrizko zergan, Udalak ponderazio koefiziente jakin bat aplikatzen du: Zaratamon 1,5ekoa da, egun. Baina aldaketarekin, 0,06 igo edo jaitsiko dute, enpresek baldintza jakin batzuk betez gero: kontratu mugagabeak egin edo egoera zaurgarrian dauden langileak kontratatzen dituzten enpresei, hobariak aplikatuko dizkiete, eta hori egiten ez dutenei, zerga igo.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak