Sareak

Herriak

Lan-arriskuen prebentzioan “erakunde guztien inplikazioa” eskatu du Arrigorriagako Udalak

|

Arrigorriagako udal talde guztiek aho batez onartu dute lan-heriotza salatzeko adierazpen instituzionala // Geuria

Otsailaren 21ean Arrigorriagako Conformados Facme enpresako behargin bat hil zen, lanean zegoela istripua izan ostean. Arrigorriagako Udalak elkartasuna adierazi die langilearen senideei, lankideei eta lagunei, eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailari heriotzaren arrazoiak argitzeko eskatu dio.

Udalbatzako ordezkariek (EH Bildu, Arrigorriaga Gara, EAJ, PSE eta NOA) aho batez onartu dute adierazpen instituzionala: “Lan-istripuak, kosta ahala kosta, eta guztiaren gainetik, ekidin beharra dago, lan mota guztietan lehentasuna behar baitu izan lan-segurtasunak”, diote, eta gaineratu dute, “ezinbestekoa” dela lan-osasunari eta segurtasunari buruzko kanpainak bultzatzen jarraitzea, “baita lan-arriskuen prebentziorako arauak betearaztea ere”.

“Erakunde guztiei berriz ere eskatzen diegu lan-arriskuen prebentzioan jardunbide egokiei buruzko proiektuetan lagun dezatela lan-administrazioarekin eta erakunde sindikal zein patronalekin koordinatuta, eta laneko segurtasunaren eta osasunaren aurkako delituak jazar ditzatela, baita ikuskapen funtzioak gehitu eta hobetu diotzatela ere”, diote.

Arrigorriagako Udalak herrian gertatutako istripua salatu du eta adierazi du lan heriotza salatzeko eta familiari elkartasuna eta babesa adierazteko deitu daitezkeen ekimen guztietan bat egingo duela: “Arrigorriagako herritarei dei egiten diegu ekimen horietan parte hartzera”, diote. Momentuz ez dituzte lan-herioitza salatzeko mobilizaziorik deitu. LSB sindikatuak (gehiengoa Conformados Facmen) azaldu duenez, bihar, otsailak 24, enpresako langileak lanera itzuliko dira eta mobilizaziorik deituko duten erabakiko dute.

Conformados Facmeko langilearen heriotza makinaren akatsa izan zen aztertzen ari da Osalan

☉ Usansolo

Usansoloko ikasleek Galdakaoko Elexalde Institutura joateko autobus-zerbitzua “laster” izango dutela dio Jaurlaritzak

Elexalde Institutuko Usansoloko zortzi ikasle autobus zerbitzurik gabe geratu ziren ikasturte hasieran, toki faltagatik

|

Usansoloko ikasleek N-634 errepidea zeharkatu behar dute oinez Elexalde Instituturaino // Buzkentza

Usansoloko ikasle talde batek salatu duenez, Galdakaoko Elexalde Institutura joateko autobus-zerbitzurik gabe daude ikasturte hasieratik, GEURIAn aurreratu bezala.

Zehazki, zortzi dira autobus-zerbitzurik gabe geratu diren ikasleak, euren bizilekuaren eta ikastetxearen artean lau kilometro baino gutxiago daudelako, eta autobusean lekurik ez dagoelako.

Irizpide hori Eusko Jaurlaritzak jarri du, eta horregatik irailetik oinez egin behar dute ibilbidea. Ikasleek salatu dutenez, bidea ez da segurua eta autobusa aldarrikatu dute.

Jaurlaritzatik adierazi dutenez, Usansoloko ikasle horiek eskola-garraioa izango dute “laster, egun gutxiren buruan”.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Fernando Izagirrek ukatu egin du epaiketan DYAren dirua desbideratu izana

DYAko presidente izan zen garaian (2016-2021) ustez egindako irregulartasunengatik epailearen aurrean deklaratu du Izagirrek. Epaiaren zain dago galdakoztarra

|

Izagirre 2016-2021 urte bitartean izan zen DYAko presidente // DYA

Fernando Izagirre Bizkaiko DYAko presidente ohiak ukatu egin du gobernuz kanpoko erakundearenak ziren 4,75 milioi euro bereganatu izana.

Bere asmo bakarra Kataluniako osasun-garraioaren sektorean DYAren jarduera indartzea zela adierazi du galdakoztarrak epaiketan.

Izaguirrek azaldu zuenez, ez daki “ezertxo ere” kontabilitateari buruz, eta DYAk biltzen zituen 5 milioiko funtsak langile bati eskualdatu zizkion.

Epaiketa azaroaren 4an eta 5ean izan da Bizkaiko Auzitegian. Fiskaltzak zazpi urteko kartzela-zigorra eskatu du Izagirrerentzat: 4 urte eta erdi administrazio desleialeko delitu jarraituengatik eta 2 urte eta erdi DYAren egoera ekonomikoa islatu behar zuten dokumentuak faltsutzeagatik.

Izagirrez gain, Juan Diego Gallardo bere bazkidea ere epaituko dute. Gallardorentzat 4 urteko kartzela-zigorra eskatu du Fiskaltzak.

Kekukoek, perituek eta akusatuek deklarazioa eman ostean, epaiaren zain daude.

Osorik irakurri

☉ Basauri

‘Emakumeak eta industria musikala’ solasaldia antolatu dute gaur Marienean, MAZ Basauri jaialdiaren baitan

Musikaren industriako emakumeek euren esperientziak partekatuko dituzte gaurko topaketan

|

Iaz antolatu zuten ‘Emakumeak eta industria musikala’ topaketaren lehen edizioa // MAZ Basauri

Aurten, iaz bezala, hirugarren jardunaldi bat ere izango du MAZ Basauri jaialdiak bere 13. edizioan: azaroaren 6an, ostegunez, ‘Emakumeak eta industria musikala’ topaketaren bigarren edizioa antolatuko dute Rockeinek, MAZ Basaurik eta Marieneak elkarlanean.

Topaketa Marienea Basauriko Emakumeen Etxean izango da 18:00etan. Musikaren industriako emakumeen esperientziak beste emakume batzuekin partekatzea bilatzen du ekimenak, sektorean eta eszenatokietan emakumeen presentzia handiagoa sustatzeko helburuarekin.

Aurten, La Furia artista nafarra, Ibone Iza BIME Proko edukien arduraduna eta Maite Alaña MAZ Basauri eta Rockeineko zuzendaria izango dira protagonistak. Emilia Arias kazetari eta idazleak (TVE, Pikara Magazine) gidatuko du hitzaldia, eta doakoa izango da.

MAZ Basauri Basauriko Udalak sustatzen du. Aurtengoa 13. edizioa da eta aurreko hamabi edizioetan, udalerria erreferente musikal gisa kokatu du, eta Basauriko kultura-, merkataritza- eta ostalaritza-bizitzarako pizgarria izan da.

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

C3 linea: Zerbitzuaren osasuna auzitan

Bilbotik Urduñara doan tren lineako 446 serieko trenera igo gara Basauri, Arrigorriaga eta Ugaotik igarotzen den zerbitzuak herritarrengan duen eragina ezagutzeko

|

Bidaiariak C3 lineako tren batera igotzen, Arrigoriagan // Geuria

Renfeko C3 linea Hego Uribe eskualdeko zenbait herritako bizkarrezurra da gaur egun. Bertako trenbideetatik igarotzen diren tren zuri-gorriek milaka pertsona garraiatzen dituzte egunero leku batetik bestera, Bilbo eta Urduña arteko herrietatik barrena.

Basauri, Ugao eta Arrigorriagako trenbideetatik igarotzen diren trenak egunero ikusten eta erabiltzen dituzten pertsonek soberan ezagutuko dituzte ibilbideko geltoki guztien, edo gehienen izenak. Bidaiari asko modu automatikoan igotzen dira, eserlekuetan eseri, musika ipini eta bidaia ere modu automatikoan egiten dute, linea honek ezkutatzen duen historia ezagutu barik.

Gaur egungo C3 lineak 162 urte ditu. 1863 urtekoa da. Kontuan izan beharrekoa da lurrinezko lehen lokomotora prototipoa 1804an sortu zuela Richard Trevithick ingeniariak. 21 urte geroago, 1825ean, lehen lurrinezko lokomotora sortu zuten Britainia Handiko Stockton-Darlington arteko linea betez. 1830ean, Liverpool eta Manchester hiri arteko linea inauguratu zuten.

Hego Uribera bueltatuz, C3 lineako trazadura originalak Bilbo eta Tutera arteko distantzia betetzen zuen 1863an. Gaur egungo tren zerbitzua aldirietako tren linearen parte da. Honek esan nahi du trenbide beretik bidaiariak zein merkantziak garraiatzen dituzten trenak igarotzen direla. “446 serieko trenak ditugu Hego Uribeko C3 linean, 1989 eta 1992 urteen artean Beasainen eraikitakoak”, azaldu dio GEURIAri Javier Castroviejo Bravok (Basauri, 2001).

“Heldu berri zirenean tren iraultzaileak izan ziren, aldirietako zerbitzuak eskaintzeko apropos diseinatu zen lehen trena, alegia”. 24 urte baino ez ditu Castroviejok, baina trenen entziklopedia hankadun batekin berba egitea bezalakoa da. “Tren bat ikusten dudan bakoitzean gelditu eta jubilatu edo ume batek egiten duen bezalaxe, horrelaxe egiten dut nik ere”.

Txikitan ez zen haurtzaindegira joan Javier eta amamak egunero eramaten zuen Basauriko Euskotreneko Arizko geltokiaren parean dagoen parkera. Tren bat zetorren bakoitzean korrika hurbildu egiten zen ikustera.

C3 lineako tren bat, Ugaora heltzen // Geuria

Trenetan, zaharrak berri

“Nire ustez tren oso onak izan dira C3 lineakoak, historikoki arazo gutxi eman dituztenak eta diseinatuak izan ziren zerbitzua eskaintzen egon direnak etengabe, ehundaka kilometro egin dituztenak egunero Aiaraldea, Hego Uribe eta Bilbo lotuz”.

Baina adinak ez du barkatzen: Bilbokoak bigarren sortakoak dira, 1991ean fabrikatutakoak. 34 urte dituzte. Gainera, Bilbotik Urduñara egin beharreko ibilbidea ez da laburra: 202 eserleku ditu tren unitate batek, eta zutunik joan daitezkeen bidaiariak gehituz guztira 759 pertsona mugitu ditzake. “Serie honetako trenek ez dute konketarik eta zaleen artean ‘Dodotis’ ezizenarekin dira ezagunak”.

Javier Castroviejo: “C3 lineako trenek ez dute konketarik eta zaleen artean ‘Dodotis’ ezizenarekin dira ezagunak”

Adinaren aje hauen ondorioz arazoak izaten dira ordezko piezak aurkitzerako orduan, hornitzaileek haien produkzioa eten dutelako jada, eta tailerrak behartuta ikusten dute euren burua originalak ez diren piezak muntatzera edo fabrikatzera berton.

Tren zaharrak daude linea zahar bateko trenbideetan barrena: 100km orduko gehiengo abiadura duten trenak dira. Trenaren lehen eta azken kotxeetako bogietan dauden korronte zuzeneko zortzi motoreek 2400kWeko potentzia ematen diete trenari. Baina Bilbotik Urduñara bidean abiadura 30 km ordura mugatzen duten 23 gune daude. Horregatik, makinistek ‘C30’ linea deitzen diote C3ari, Madrilgo autopistari erreferentzia eginez.

Bidaiariak, Arrigorriagako geltokian, trenera igotzen // Geuria

Segurtasuna eta irisgarritasuna

Trenen adinari eta bideko abiadura mugei segurtasun arazoak gehitu behar zaizkie. Segurtasunari dagokionez C3 lineako trenek ASFA Digitalarekin ekipatuak daude. Sistema honek lineako seinaleak atzematen ditu gidariari abisatuz eta automatikoki trena geldituz beharrezkoa balitz. ‘Gizaki hila’ izeneko pedala ere badute: gidariak 30 segunduro aktibatu behar du pedal hau trenari esateko bizirik jarraitzen duela. Ez egitekotan, automatikoki larrialdietako balazta aktibatuko litzateke.

Baina segurtasun neurri horiek ez dira nahikoak C3 linean, herritar batzuen arabera. Naiara Barcenas Perezek (Ugao, 1983) esperientzia traumatikoa bizi zuen 2024an. Urduñako jaietatik bueltan, C3 lineako tren batera igo zen bikotekidearekin eta umeekin batera, Ugaora itzultzeko.

Naiara Barcenas: “Treneko ateetan harrapatuta gelditu nintzen lau urteko umearekin. Ateak hiruzpalau aldiz zabaldu eta itxi ziren, norbaitek emergentzia botoia sakatu eta ateak zabaldu ziren arte”

Geltokira iristean hainbat pertsona jaitsi ziren trenetik, tartean haurrak zituen beste familia bat: “Aita jaitsi zen lehenengo, eta alaba jaistera zihoanean ateak itxiko zirelaren seinale akustikoa entzun eta berehala itxi ziren: neska labandu eta treneko eskaileran kolpe gogorra hartu ostean nasako zulotik jausteko zorian egon zen, baina aitak zorionez hartu zuen. Ni ateetan harrapatuta gelditu nintzen lau urteko umearekin, ateak hiruzpalau aldiz zabaldu eta itxi ziren, norbaitek emergentzia botoia sakatu eta ateak zabaldu ziren arte”.

Ugaoko tren geltokia kurba batean eraikita dago // Geuria

Ugaoko tren geltokia kurba batean eraikita dago eta ikusgarritasun arazoak izan ohi dituzte tren gidariek. Izan ere, duela urte batzuk Ugaora heldu zen tren batek ateak itxi eta emakume baten berokia harrapatu zuen. “Trena martxan jarri zen eta emakumea arrastaka eraman zuen, jaka askatzea lortu zuen arte”, gogoratu du Naiarak eta GEURIAri azaldu lez kexa mordoak ipini ditu. “Baina momentura arte egoerak berdin jarraitzen du”.

Merkantzia tren bat, Arrigorriagan // Geuria

Trenen beste arazo bat irisgarritasunarena da. Castroviejoren arabera Renferen arazo “larriena” da: “Nasa eta trenaren altuera desberdintasuna ia metro erdikoa da. Bidebietako geltokiaren kasuan gainera kurbaren peraltearekin tarte hau handiagoa da. 2019 urtetik aurrera egindako barrualdeko erreforman H plazak ipini zituzten gurpildun aulkientzat, nahiz eta hauek trenera sartzea praktikoki ezinezkoa izan”.

Javier Castroviejo: “2019 urtetik aurrera egindako barrualdeko erreforman H plazak ipini zituzten gurpildun aulkientzat, nahiz eta hauek trenera sartzea praktikoki ezinezkoa izan”

Bilbon zein Urduñako geltokietan eskaintzen da mugikortasun urrituta duten pertsonentzat laguntza zerbitzua gurpildun aulkia igotzeko plataforma baten bidez. “Hala ere zerbitzua ez omen da oso eraginkorra aurreko egunean eskaera egin behar delako, trenak eskaintzen duen ordutegi malgutasuna murriztuz”. Garraio sailburuak adierazi zuen orain dela aste batzuk froga pilotoa egingo dutela Bilboko zein Urduñako geltokietan nasari gehigarri bat jarriz trenaren altuera berdintzeko H plaza dauden ateetan. “Behin behineko soluzioa da, tren berriak heldu arte”.

Irtenbidea, trenbidean

Eskualdeko geltokietan irisgarritasun lanak eta hobekuntzak egiten ari dira trenetarako sarbidea errazteko. Bestalde, Renfek iragarri zuen 2025 eta 2027 bitartean 500 tren ipiniko zituztela, horietako 33 unitate Hego Uribeko linean: “Berriak ez dira izango baina gaurkoak baino berriagoak bai. Egun ditugun seriearen anai txikiak dira: 447 seriea 1992 eta 2001 urteen artean sortu zituzten. Kanpotik begiratuta ia berdinak dira, baina erdiko kotxea irisgarria da eta komuna du. Pantailak dituzte barnealdean ibilbideko geltokiak erakusten dituztenak eta haien abiadura maximoa 120 km/h koa da, baino ez dut uste bidaia denborak aldatuko direnik. Azkenengo hilabeteetan Donostiatik ekarritako serie berriago honen trenetan formakuntza jasotzen ari dira Bilboko gidariak, beraz seinale ona da”, azaldu du Javierrek.

Tren bat, Ollargango taileretara bidean // Geuria

Gainera, Zaragozatik ere 464 serieko Civis trena ekarri zuten frogak egitera. Berriagoa, 2004. urtekoa. Hauek ere komuna eta kotxe irisgarria dute. “Epe ertainean hauek ere heldu beharko lirateke Bilbora, baino momentuz ez dago argi noiz. 447 serieko trenak ekartzea errazagoa da, tailerretan eta bestelako instalazioetan egokitze lan oso gutxi egin behar direlako eta bi serieak aldi berean mantendu daitezkelako Ollarganen”.

Segurtasun eta irisgarritasun hobekuntzez gainera pandemia garaitik bertan behera utzitako ‘GauJaia’ tren zerbitzua berreskuratzea gura dute herritarrek ere, gazteek autoa alde batera utzi eta jaiegunetan lasai etortzeko. Etxerako lan horiek eginda, herritarrek beste modu batera begiratuko liokete C3 lineako tren-zerbitzuari.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Selton eta Hierro basauriarrek debuta egin dute Txapeldunen Ligan Athleticekin

|

Selton eta Hierro // Athletic Club

Basauritik mundura. Horrela definitu daiteke atzoko gaua St James’ Park estadioan, egun berean bi basauriarrek egin baitzuten debuta: Selton Sanchezek (18 urte) eta Asier Hierrok (20 urte). Ez zen debut gozoa izan, taldeak 2-0 galdu baitzuen, baina zalantzarik gabe ahaztuko ez duten eguna izango da bi lehoientzat.

Selton Sanchez, 18 urteko erdilaria da, bere irudimen eta maila teknikoagatik nabarmentzen dena. Durangon jaiotakoa den arren, Basaurin bizi da aspalditik.  Asier Hierro, aldiz, 20 urteko aurrelaria, amaierako minutuetan atera zen eta gola bilatu zuen etengabe, ausardiaz eta lotsa izpirik gabe. Biek ibilbide luzea egin dute Lezaman, Hierroren kasuan kimua zenetik ari baita zurigorriekin.

Partidaren ondoren, Unai Simonek gazteen lana txalotu zuen: “Selton eta Hierro Txapeldunen Ligako mailan aritu dira”, adierazi zuen atezainak.

Basauriko bi futbolariek amets bat bete dute: Lezamako harrobia eta Basauriren izena Europako eszenatokirik handienetara eramatea.

Osorik irakurri