Sareak
[the_ad_group id="3890"]

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagako gobernu-taldeak soberakinaren inguruko akordioa erdietsi du oposizioko alderdiekin

Arrigorriagako gobernu-taldeak soberakinaren inguruko akordioa lortu du oposizioagaz. Hala azaldu du gaur goizean Maite Ibarra Arrigorriagako alkateak osoko bilkuren aretoan eta hilabeteak eman dituen negoziaketa honetan, udal gobernuak helburuak “hasieratik argi utzi dituela” azaldu du

|

Maite Ibarra, prentsaurrekoa bukatu ostean // Geuria

Arrigorriagako gobernu-taldeak soberakinaren inguruko akordioa lortu du oposizioagaz. Hala azaldu du gaur goizean Maite Ibarra Arrigorriagako alkateak osoko bilkuren aretoan eta hilabeteak eman dituen negoziaketa honetan, udal gobernuak helburuak “hasieratik argi utzi dituela” azaldu du: Arrigorriagan lehen aldiz egin diren aurrekontu parte hartzaileei erantzuna ematea, TAO proiektua garatzea Abusun (70.000 €), Ollarganeko lehen eta bigarren faseko jarduketak (490.000 €), Odol Emaileen plazako jarduketak (100.000 €), PP2 pistako irristaketa eremua konpontzea (26.000 €), kiroldegiko galdara berritzea (16.000 €) edo jaietako partida handitzea (40.000 €).

Akordioaren nondik norakoak
Joan den astelehenean, hilaren 4an, EAJ, NOA eta PSE alderdiek eta gobernu taldearekin akordioa lortzeko gertu zeudela iragarri zuten. Izurriak eragindako geldiunearen eraginez, Arrigorriagak, Udal guztien antzera, soberakin handia izan du, zehazki, 3,17 milioi eurokoa: “Kopuru horrek agerian uzten du gobernu-talde honek urte hauetan izan duen eta inoiz gauzatu ez duen dirua”, kritikatu zuten oposiziotik, eta partida horren zati bat “baldintzatuta” dagoela argudiatuz: “1,27 milioi euro aurtengo ekitaldian ordaindu beharko dira iaz egin ez ziren hainbat kontratuengatik”, eta gainontzeko soberakina multzo bitan banatzen dela azaldu zuten: “Lehena, alkatetzaren eskuetan dago, alkatetza-dekretuen bidez erabaki beharrekoa. Bigarrena, osoko bilkurak onartu behar du eta gobernu taldeak ez du gehiengoa”. Kritikak kritika, oposizioak onartu egin du gobernu taldearen proposamena. Oposizioak zehaztu nahi izan du soberakinaren 600.000 euro herriko kiroldegia berritzeari bideratzea adostu duela gobernu taldeagaz.

Arrigorriagako alkateak akordioa erdiestea “berri ona” bezala kalifikatu du eta azaldu du oposizioak kiroldegia berritzeko 600.000 euroak bideratzeko proposamena modu positiboan baloratu “eta aho batez onartu dutela”, egitasmo hori EH Bildu eta Arrigorriaga Gararen Gobernu programan zein 100. neurrietako 13.ean jasota bazegoen ere. “Urte hasieran kiroldegiaren barne-lanketa hasi genuen: kiroldegiko arduradunaren txosten teknikoa eginda dago eta bertako langileei inkesta bideratu zitzaien, egungo balorazioa eta analisia egiteko”.

Maite Ibarra alkatea, gaur goizean // Geuria

“Akordioa berri pozgarria dela uste dugu, eta argi erakusten du irailetik hona behin eta berriz errepikatu duguna: bai  aurrekontuen inguruan zein gerakinari dagokion prozesuan, proposamenen gainean hitz egiteko eta negoziatzeko prest egon garela beti, Arrigorriagako herritarren hobe beharrez”, azaldu du Ibarrak.

Alkateak gehitu du gobernu-taldeak aurkeztutako 100 neurrietatik 44 beteta duadela dagoeneko gaur egun, eta beste 40 “momentu honetan lantzen ari direla”.

☉ Arrigorriaga

Txakurkros hastapen Ikastaroak martxan jarriko ditu KorriCanek Arrigorriagan, gazteentzako

Foru Aldundiak eta Bizkaiko Neguko Kirolen Federazioak abiarazitako kirol jarduera berri honek saio teoriko-praktikoak izango ditu Mendikosolo parkean

|

Haurrak, txakurkrosean, Mendikosolo parkean // Geuria

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bizkaiko Neguko Kirolen Federazioak KorriCan izeneko txakur krosako eskola kirol jarduera jarri dute martxan. Ikastaro hau Eskola Kirola Programaren ‘Hastapen eta Josteta’ jardueren bitartez aurrera eramango dute Arrigorriagako Mendikosolo parkean.

Txakurkrosean hasteko KorriCan izeneko ikastaro hauek Bizkaiko Neguko Kirolen Federazioko monitoreek eskainiko dituzte eta hiru orduko iraupena izango dute, hurrengo gaiak jorratuz: formakuntza teoriko-praktikoa, txakurren heziketarekin eta etologiarekin lotutako praktika eta txakurkros praktika.

Ikastaro hau 2009tik 2012ra bitartean jaiotako gazteei zuzenduta dago eta lau saiotan banatu dituzte: azaroaren 3an, azaroaren 17an, abenduaren 15ean eta 2025eko otsailaren 16an. Klaseak 10:00etatik 13:00ak arte izango dira. “Bertan formakuntza teoriko bat eskainiko da, bideo batzuk proiektatuko ditugu jarraian eta txakurkrosean erabiltzen den materiala aztertuko dute ikasleek”, azaldu du KorriCaneko Xabi Gonzálezek. “Lasterketa simulakroa egingo dugu ere eta gure monitoreen laguntza edukiko dute parte-hartzaileek”.

Xabi Gonzalez: “Ikastaroan formakuntza teoriko bat eskainiko da, bideo batzuk proiektatuko ditugu jarraian eta txakurkrosean erabiltzen den materiala aztertuko dute ikasleek, besteak beste”

Izena emateko interesa dutenek bizkaia.eus/eskolakirola webgunera jo beharko dute, entitate baten izenean edo banaka. Antolaketa taldetik iragarri dute taldeak gutxienez sei lagun eta gehienez 16 izan beharko dituela egun bakoitzeko.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagak 7.000 Arrigobono ipiniko ditu eskuragarri herriko 40 saltokitan

Aurtengo kanpaina urriaren 7tik 24ra egingo dute, bonuak lehenago agortzen ez badira

|

Arrigobonoen aurkezpena, gaur goizean // Arrigorriagako Udala

Tokiko merkataritza bultzatzea helburu duen Arrigobonoen kanpainak 7.000 bono banatuko ditu Arrigorriagako 40 saltokietan, urriaren 7tik 24ra. Udalak Adecka merkatari elkartearekin urtero abiarazten duen kanpaina da Arrigobonoena. Kanpainaren informazio guztia jasotzeko webgune hau ahalbidetu dute.

Erosleek bono mota bi erosi ahalko dituzte astelehenetik aurrera: 30 eurokoa (bezeroak 20 euro gastatu eta 10 euro hobaria jasoko du trukean) eta 10 eurokoa (bezeroak 7,50 euro gastatu eta 2,50 euroko hobaria jasotzen du). Bonuak saltokietan bertan banatuko dituzte eta erabiltzaile bakoitzak gehienez 30 euroko bono bi eta 10 euroko lau erosi ahalko ditu.

“Tokiko ekonomiaren aldeko apustua egiteaz gain, merkatari eta ostalariek udalerriari egiten dioten ekarpena balioan jarri nahi dugu”, azaldu du gaur goizean Maite Ibarra Arrigorriagako alkateak.”Bereziki, merkatarien eta bizilagunen artean sortzen duten konfiantza- eta hurbiltasun-giroa. Ez digute bakarrik kalitatea eskaintzen, modu arduratsuan kontsumitzeko aukera ere eskaintzen digute. Eta gure ardura da, Udaletik, ekimen hau bultzatzea”.

Maite Ibarra: “Herriko merkatariek ez digute bakarrik kalitatea eskaintzen, modu arduratsuan kontsumitzeko aukera ere eskaintzen digute”

Urtero lez, gaurko prentsaurrekoan Jose Cebrecos Adeckako idazkaria izan da ere: “Ekonomikoki zaila den une honetan, espero dugu bonuak oxigeno-kolpe bat izatea guztiontzat”, azpimarratu du.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Irizpide feministak adosteko prozesua abiaraziko dute Arrigorriagan, jai ereduari buruzko hausnarketa errealista xede

Elkarlanerako gune honek hiru hitzordu antolatu ditu Lamiaenan: urriaren 14an, azaroaren 12an eta abenduaren 10ean

|

Lagun batzuk Arrigorriagako txupinazo egunean, iaz // Geuria

Zer ekitaldi antolatzen ditugu Arrigorriagan?, Nortzuk dira protagonistak?, Nola hartzen dira erabakiak?. Galdera horiei erantzuna emateko Arrigorriagako jaiak berdintasunean izeneko irizpide feministak adosteko prozesua abiaraziko du Udalak.

“Jaietan egiten diren ekintza guztiak (kirol arlokoak, erlijiosoak, gastronomikoak, musikalak…) gure kulturaren bereizgarri diren esanahi sinboliko handiko kultur adierazpenak dira”, azaldu dute udal ordezkariek. “Guzti honetaz hausnartzeko elkarlanerako gunea sortzea da helburua, jai ereduari buruzko hausnarketa errealista egiteko eta Madalenak feministak egiteko oinarrizko irizpide batzuk adosteko”.

Prozesu hau herritar orori zabalik dago eta hiru hitzordu izango ditu Lamiaenan: lehena urriaren 14an izango da eta gainontzekoak azaroaren 12an eta abenduaren 10ean. Saioak 18:00etatik 20:00ak arte antolatu dituzte eta izena ematea beharrezkoa da berdintasuna@arrigorriaga.eus helbidearen bidez edo 944 020 200 telefono zenbakira deituz.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Zabaldu dute Arrigorriagako Ausartak Mendi Lasterketan izena emateko epea

Aurtengo edizioa urtarrilaren 18an eta 19an antolatu dute eta Canicross ETL txakurkrosa, Txakurkros eta trail herrikoia, Mendi Martxa, Mendi maratoi erdia eta Hasiberri traila prestatu dituzte

|

Parte-hartzaile bat, 2021ean // Geuria

Arrigorriagako Ausartak Mendi Lasterketa 2025eko urtarrilaren 18 eta 19an antolatu dute eta bertan izena emateko epea zabaldu dute SportManiacs.com webgunean.

Iaz bezala, kirol probak egun bitan antolatu dituzte, betiko probekin: Canicross ETL txakurkrosa, Txakurkros eta trail herrikoia, Mendi Martxa, Mendi maratoi erdia eta Hasiberri traila.

Egutegia | Ausartak Mendi Lasterketa 2025

Urtarrilak 18, larunbata
– 10:00 Canicross ETL txakurkrosa (6k 150+)
– 11:30 Txakurkros eta trail herrikoia (2,5km)

Urtarrilak 19, igandea
– 09:00 Mendi martxa (20k 1.000+)
– 10:30 Mendi maratoi erdia (21k 1.100+)
– 11:00 Hasiberri trail (9,5k 500+)

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagarren argazkiek osatuko dituzte 2025eko udal egutegiaren irudiak

Gaia “Arrigorriagako auzoak, jendea eta txoko ezkutuak” izango da eta argazkiak bidaltzeko azken eguna urriaren 27a

|

Argazki kamera bat // Nikita TbTBsBYeYa, Unsplash

Arrigorrigako Udalak argazki-lehiaketa bat antolatu du irudi onenekin 2025eko udal egutegia osatzeko. “Helburua da herritarrek Arrigorriagari eta bere jendeari buruz duten ikuspegi berezi eta bakarra jasotzen duen egutegia sortzea”, azaldu dute udal ordezkariek. “Arrigorriaga bere biztanleen begiradaren bidez ezagutu ahal izatea”.

Gaia “Arrigorriagako auzoak, jendea eta txoko ezkutuak” izango da eta argazkiak bidaltzeko azken eguna urriaren 27a. Epea itxita, epaimahai batek azala eta hilabete bakoitzeko argazkiak aukeratuko ditu.

Udaletik baldintza batzuk azpimarratu dituzte interesdunek parte hartu ahal izateko: bidali beharreko argazkiak formatu horizontalean egindakoak izan beharko dira eta Euskara Zerbitzura bidali beharreko e-postan hurrengo informazioa gehitu beharko dute parte-hartzaileek:

– Izen abizenak (eta goitizena, aukeran)
– Helbidea
– Telefono zenbakia
– Argazkia ateratako lekua eta data

Osorik irakurri