Arrigorriagako Udaleko gobernu-taldeak 2016ko ekitaldiaren itxiera aurkeztu du gaur. Asier Albizua alkateak “oso balantze positiboa” egin du bai kudeaketa ekonomikoari bai 2015-2019 Legegintzaldiko Plana gauzatzeko aurrerapenari dagokienez. Albizuarekin batera egon dira Maite Barahona eta Carlos Atutxa zinegotziak.
Aurrekontuan barne hartutako diru-sarreren %98,52a eta gastuen %96,86a bete dela azpimarratu dute udal ordezkariek. Modu horretan, 560.657,29 euroko geldikin garbia eskuratu dutela adierazi dute.
Era berean, udal-zorra 401.899,97 eurotan murriztea eta 185.000 euroko ez ohiko kita bat lortu dute. Horri esker, 7.518.000 euroko zorra 3.100.000 euro murriztu da, “herritarrentzako zerbitzuetan murrizketarik egin gabe”, diote.
Legegintzaldi Plana %38an
Kudeaketa ekonomikoa alde batera utzita, udal gobernu-taldeak urte eta erdian Arrigorriagako Legegintzaldi Planaren %38a bete dutela nabarmendu du. Plan horrek gardentasuna eta erantzukizuna ditu oinarri eta 2019. urtera bitartean garatu beharreko 94 jarduketa, 12 helburu eta hiru ardatz aurreikusten ditu.
