Sareak
[the_ad_group id="3890"]

☉ Arrigorriaga

Arrantza txapelketa egingo dute Abusun, ekainaren 24an

Urtero legez, heriotzarik gabeko arrantza tradizionalaren txapelketa antolatu du Abusuko Arrantza Klubak, ekaineko azken igandean.

|

Iazko arrantza txapelketa, Abusun // Abusu sarean

Urtero legez, heriotzarik gabeko arrantza tradizionalaren txapelketa antolatu du Abusuko Arrantza Klubak, ekaineko azken igandean. Parte hartzaileek bizirik mantendu behar dituzte harrapatzen dituzten arrain guztiak, bukaeran, bakoitzak harrapatutakoak pisatu eta gero, ibaira itzularazteko.

Seniorren, gazteen eta umeen mailatan lehiatuko dira txapelketan izena ematen dutenak. Harrapatzen dituzten arrainen gramoak hartuko dira kontuan: puntu bat arrainak pisatzen duen gramo bakoitzeko. Maila bakoitzean sailkatzen diren lehen hiru pertsonek garaikurra jasoko dute.

Parte hartu nahi duen edonorrek fitxategi hau inprimatu, bere datuekin bete eta arrantza klubaren bulegoan (Olatxu kalea, 4-2, Abusu) entregatu beharko du ekainaren 21a baino lehen. 35 plaza daude guztira eta izen emateak 10 euro balio du (umeak doainik). Izena ematen duten guztiek arrantza materiala, kamiseta, edaria eta ogitartekoa jasoko dute.

Parte hartu ahal izateko ezinbestekoa izango da arrantza federazioaren eta administrazioaren lizentzien jabe izatea.

Egitaraua (Abusuko ibai aldean):

Biltzeko ordua: 08:25

Arrantza egiteko tokien zozketa: 08:30

Arrantzarako denbora: 10:00-13:00

Sari banaketa: 13:45

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagak 7.000 Arrigobono ipiniko ditu eskuragarri herriko 40 saltokitan

Aurtengo kanpaina urriaren 7tik 24ra egingo dute, bonuak lehenago agortzen ez badira

|

Arrigobonoen aurkezpena, gaur goizean // Arrigorriagako Udala

Tokiko merkataritza bultzatzea helburu duen Arrigobonoen kanpainak 7.000 bono banatuko ditu Arrigorriagako 40 saltokietan, urriaren 7tik 24ra. Udalak Adecka merkatari elkartearekin urtero abiarazten duen kanpaina da Arrigobonoena. Kanpainaren informazio guztia jasotzeko webgune hau ahalbidetu dute.

Erosleek bono mota bi erosi ahalko dituzte astelehenetik aurrera: 30 eurokoa (bezeroak 20 euro gastatu eta 10 euro hobaria jasoko du trukean) eta 10 eurokoa (bezeroak 7,50 euro gastatu eta 2,50 euroko hobaria jasotzen du). Bonuak saltokietan bertan banatuko dituzte eta erabiltzaile bakoitzak gehienez 30 euroko bono bi eta 10 euroko lau erosi ahalko ditu.

“Tokiko ekonomiaren aldeko apustua egiteaz gain, merkatari eta ostalariek udalerriari egiten dioten ekarpena balioan jarri nahi dugu”, azaldu du gaur goizean Maite Ibarra Arrigorriagako alkateak.”Bereziki, merkatarien eta bizilagunen artean sortzen duten konfiantza- eta hurbiltasun-giroa. Ez digute bakarrik kalitatea eskaintzen, modu arduratsuan kontsumitzeko aukera ere eskaintzen digute. Eta gure ardura da, Udaletik, ekimen hau bultzatzea”.

Maite Ibarra: “Herriko merkatariek ez digute bakarrik kalitatea eskaintzen, modu arduratsuan kontsumitzeko aukera ere eskaintzen digute”

Urtero lez, gaurko prentsaurrekoan Jose Cebrecos Adeckako idazkaria izan da ere: “Ekonomikoki zaila den une honetan, espero dugu bonuak oxigeno-kolpe bat izatea guztiontzat”, azpimarratu du.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Irizpide feministak adosteko prozesua abiaraziko dute Arrigorriagan, jai ereduari buruzko hausnarketa errealista xede

Elkarlanerako gune honek hiru hitzordu antolatu ditu Lamiaenan: urriaren 14an, azaroaren 12an eta abenduaren 10ean

|

Lagun batzuk Arrigorriagako txupinazo egunean, iaz // Geuria

Zer ekitaldi antolatzen ditugu Arrigorriagan?, Nortzuk dira protagonistak?, Nola hartzen dira erabakiak?. Galdera horiei erantzuna emateko Arrigorriagako jaiak berdintasunean izeneko irizpide feministak adosteko prozesua abiaraziko du Udalak.

“Jaietan egiten diren ekintza guztiak (kirol arlokoak, erlijiosoak, gastronomikoak, musikalak…) gure kulturaren bereizgarri diren esanahi sinboliko handiko kultur adierazpenak dira”, azaldu dute udal ordezkariek. “Guzti honetaz hausnartzeko elkarlanerako gunea sortzea da helburua, jai ereduari buruzko hausnarketa errealista egiteko eta Madalenak feministak egiteko oinarrizko irizpide batzuk adosteko”.

Prozesu hau herritar orori zabalik dago eta hiru hitzordu izango ditu Lamiaenan: lehena urriaren 14an izango da eta gainontzekoak azaroaren 12an eta abenduaren 10ean. Saioak 18:00etatik 20:00ak arte antolatu dituzte eta izena ematea beharrezkoa da berdintasuna@arrigorriaga.eus helbidearen bidez edo 944 020 200 telefono zenbakira deituz.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Zabaldu dute Arrigorriagako Ausartak Mendi Lasterketan izena emateko epea

Aurtengo edizioa urtarrilaren 18an eta 19an antolatu dute eta Canicross ETL txakurkrosa, Txakurkros eta trail herrikoia, Mendi Martxa, Mendi maratoi erdia eta Hasiberri traila prestatu dituzte

|

Parte-hartzaile bat, 2021ean // Geuria

Arrigorriagako Ausartak Mendi Lasterketa 2025eko urtarrilaren 18 eta 19an antolatu dute eta bertan izena emateko epea zabaldu dute SportManiacs.com webgunean.

Iaz bezala, kirol probak egun bitan antolatu dituzte, betiko probekin: Canicross ETL txakurkrosa, Txakurkros eta trail herrikoia, Mendi Martxa, Mendi maratoi erdia eta Hasiberri traila.

Egutegia | Ausartak Mendi Lasterketa 2025

Urtarrilak 18, larunbata
– 10:00 Canicross ETL txakurkrosa (6k 150+)
– 11:30 Txakurkros eta trail herrikoia (2,5km)

Urtarrilak 19, igandea
– 09:00 Mendi martxa (20k 1.000+)
– 10:30 Mendi maratoi erdia (21k 1.100+)
– 11:00 Hasiberri trail (9,5k 500+)

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagarren argazkiek osatuko dituzte 2025eko udal egutegiaren irudiak

Gaia “Arrigorriagako auzoak, jendea eta txoko ezkutuak” izango da eta argazkiak bidaltzeko azken eguna urriaren 27a

|

Argazki kamera bat // Nikita TbTBsBYeYa, Unsplash

Arrigorrigako Udalak argazki-lehiaketa bat antolatu du irudi onenekin 2025eko udal egutegia osatzeko. “Helburua da herritarrek Arrigorriagari eta bere jendeari buruz duten ikuspegi berezi eta bakarra jasotzen duen egutegia sortzea”, azaldu dute udal ordezkariek. “Arrigorriaga bere biztanleen begiradaren bidez ezagutu ahal izatea”.

Gaia “Arrigorriagako auzoak, jendea eta txoko ezkutuak” izango da eta argazkiak bidaltzeko azken eguna urriaren 27a. Epea itxita, epaimahai batek azala eta hilabete bakoitzeko argazkiak aukeratuko ditu.

Udaletik baldintza batzuk azpimarratu dituzte interesdunek parte hartu ahal izateko: bidali beharreko argazkiak formatu horizontalean egindakoak izan beharko dira eta Euskara Zerbitzura bidali beharreko e-postan hurrengo informazioa gehitu beharko dute parte-hartzaileek:

– Izen abizenak (eta goitizena, aukeran)
– Helbidea
– Telefono zenbakia
– Argazkia ateratako lekua eta data

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Malmasingo Lagunak elkarteak hitzaldi zikloa ekarriko du Arrigorriagara Europako Jardunaldietan

‘Komunitate sareak ehuntzen: Abrisketatik Malmasinera’ izeneko hitzaldi zikloan Jagoba Hidalgok, Josu Narbartek, Maite Iris Garciak eta Teresa Campos arrigorriagarrek hartuko dute parte

|

Abrisketako Done Peri // Geuria

Ondarearen Europako Jardunaldiak antolatu ditu berriro Bizkaiko Foru Aldundiak urrian zehar lurraldeko 71 udalerritan. Aurten, “Bide, sare eta loturen ondarea” izango da jardunaldien gaia, eta Hego Uribe eskualdean hamaika jarduera antolatu dituzte.

Hitzaldiak, bisita gidatuak eta ihes gelak izango dira hilabetean zehar Arrigorriagan, Etxebarrin, Galdakaon, Ugaon eta Zeberion.

Arrigorriagan ‘Komunitate sareak ehuntzen: Abrisketatik Malmasinera’ izeneko hitzaldi zikloa antolatu dute:
Malmasinen eta Abrisketako Done Perin egiten ari diren lanei buruzko azken datuak ezagutaraziko dituzte hitzaldi-ziklo baten bitartez. Bertan Jagoba Hidalgok, Josu Narbartek, Maite Iris Garciak eta Teresa Campos-Lopez arrigorriagarrek hartuko dute parte.

Hitzaldi zikloa Edurne Garitazelaia kultur etxean antolatu dituzte urriaren 23an, 24an, 29an eta 30ean eta ez da beharrezkoa izango izena ematea.

Teresa Campos // Geuria

Egitaraua | Komunitate sareak ehuntzen: Abrisketatik Malmasinera

Urriak 23, 19:00-20:30: Malmasinetik Burdin Aroari begirada bat. Jagoba Hidalgo
Urriak 24, 19:00-20:30: Erdi Aroko paisaiak eraikitzen Euskal Herrian. Josu Narbarte
Urriak 29, 19:00-20:30: Zer esaten digu osteoarkeologiak? Arbasoak, nola bizi eta nola hil ziren. Maite Iris Garcia
Urriak 30, 19:00-20:30: Abrisketa, zer berri? Nora goaz? AR.GU.I.A. Proiektua: ibilbide berriak. Teresa Campos-Lopez

Izena ematea: malmasingolagunak@gmail.com (ez da erreserbarik egin behar)

Osorik irakurri