Sareak

☉ Arrigorriaga

Ainhoa Galdeano: “Sakrifizioak egiteko prest egon naiz”

|

arrigorriaga ainhoa galdeano elkarrizketa 2015

Gurpil-lerroko patinaje artistikoko Munduko Txapelduna da Ainhoa Galdeano. GEURIA berarekin elkartu da eta irristaketaren nondik norakoak kontatu dizkigu.

Arrigorriagan bizi den patinatzaile ezaguna da Ainhoa Galdeano (Basauri, 1970). Bilboko Artxanda mendiko izotz pista desagertuan ezagutu zuen irristaketa eta 2011. urtean, 40 urterekin, gurpil-lerroko patinaje artistikoa probatzeko aukera ikusi zuenean, bide hori jarraitzea erabaki zuen. Horiek horrela, 2012az geroztik eta urtero, Munduko Open Txapelketetan -master kategorianpodiumera igotzea lortu du Galdeanok: 2012an bigarren postua lortu zuen eta 2013an, 2014an eta 2015ean txapeldun izan da Ginebran.

Izugarrizko poza hartu nuen Ginebran Munduko gurpil-lerroko patinajean txapeldun izendatu nindutenean. Urtean zehar egindako lanak bere emaitzak ematen dizkizula ikusten duzu eta hori oso aberasgarria da”, dio Galdeanok. Aurretik ere, martxoan, Toulousen ospatu zen Nazioarteko Txapelketan parte hartu zuen eta podiumeko kaxa altuenera igo zen.

arrigorriaga ainhoa galdeano munduko txapelduna 2015

Ainhoa Galdeano urrezko dominarekin :: Ainhoa Galdeano

Galdeanoren esanetan, “koreografiak dirauen minutuetan erakutsi behar dituzu entrenatutako elementu guztiak. Oso landuta eduki behar dituzu mugimendu horiek eta pistara sartzean dena eman behar duzu, ahalik eta gehien disfrutatuz”.

Txikitatik datorkio irristaketa-zaletasuna Ainhoa Galdeanori, baina 14 urte bete zituenean eten egin zuen kirol artistiko honen praktika. “Artxandako Nogaro izotz pistan hasi nintzen eta bertara joaten nintzen, 1984an pista itxi zuten azken momentura arte. 14 urte nituen eta printzipioz patinajea praktikatzeari utzi nion momentu hartatik aurrera”, dio Galdeanok. Hala ere, parentesi baten ondorioz, aisialdirako patinajearekin topo egin zuen eta mundu horretara bueltatzea lortu zuen.

PATINAJE ARTISTIKORA ITZULERA

Izotz pistatik dator gaur egun praktikatzen dudan gurpil-lerroko patinajea. Biak dira artistikoak: araudia, figurak, jauziak eta urrats konbinatuak berdin-berdinak dira. Desberdintasun bakarra da izotz gainean asko labaintzen zarela eta gurpil-lerroko patinajean indar gehiago egin behar duzula”, dio Galdeanok. Bestetik, patinaje artistikoan gurpilen aurrean dagoen euskarriak bi erabilera ditu: piruetak gauzatzea eta jauziak egiteko bultzada hartzea. Aisialdirako patinajean -kalean egiten den irristaketan-, ordea, euskarria atzealdean dago eta balaztatzeko erabiltzen da.

2011. urtean gurpil-lerroko patinaje artistikoa probatzeko aukera heldu zitzaion eta ordutik hona modalitate horretan lehiatzen dabil Arrigorriagakoa, Jakako Roller Club Pirenaico taldean Elizabeth entrenatzailearen eskutik. Txapelketa bat hurbil dagoenean Jakara doa Galdeano “entrenamendu zehatzagoak eta zorrotzagoak” egitera, baita “mugimenduak finkatzera eta zuzentzera” ere.

Hala ere, aurretik entrenamenduak egiten ditu Galdeanok. “Etengabeko errepikapenak egin behar ditut. Zenbat eta gehiago egin, orduan eta hobeto egingo ditut mugimenduak. Ez dago bestelako sekreturik entrenamenduetan”, aitortu du Ainhoak: “Aurrean txapelketaren bat dudanean, araudiak eskatzen dizkidan mugimenduak sartu behar ditut koreografia batean eta asko landu behar dut, lehen aipatu bezala, etengabeko errepikapenak eginez”.

TEKNIKA, GARRANTZITSUENA

Ainhoa Galdeanok argi du: “Patinaje artistikoan teknika oso garrantzitsua da. Izan ere, gorputza, oreka, ardatza eta patinajea, dena batera izan behar duzu kontuan”. Eta, hori lortzeko “ordu asko” sartu behar ditu patinatzaileak: “Entrenamenduek jarraikortasuna izan behar dute teknika hori hobetzeko eta sakrifizioak egiteko prest egon behar du patinatzaileak”.

Arrigorriagako patinatzailearen kasuan, ahal duen orduetan entrenatzen du: “Momentuz ezin dut egun berean eta ordu berean entrenatu nire lana dela eta. Orduan, asteburuak eta astean zehar bi egun hartzen saiatzen naiz entrenatzeko”. Galdeanok irristaketa klaseak ematen ditu eta berak antolatzen ditu orduak, gero entrenatu ahal izateko.

IRRISTAKETAN, GENERO BERDINTASUNA NAGUSI

Gero eta jende gehiagok praktikatzen du irristaketa, edo behintzat zaleak dituela esan daiteke. Ainhoa ere bat dator horrekin: “Zaletasuna igotzen ari dela uste dut, baina batez ere aisialdiko patinajean, nahiz eta irristaketa munduan modalitate asko dauden. Nire modalitatean, adibidez, nik dakidanez bakarra naiz Euskal Herrian”.

Gizon eta emakume balantzari dagokionez, “printzipioz emakume gehiagok parte hartzen du patinaje artistikoan, baina nire kategorian, adibidez, oso parekatuta gaude. Modalitate honetan bakarkako, bikoteko eta taldeko ikuskizunak daude. Kirol honetan genero berdintasuna errespetatzen da”, argudiatu du Ainhoa Galdeanok.

☉ Arrigorriaga

Ziortza Karranza: «Larrialdietan espezializatutako psikologoak funtsezkoak dira Kordobako tren-istripua bezalako tragedietan»

“Lehen momentutik egiten den esku-hartzea egokia bada, horrek asko lagunduko dio biktimak hurrengo hilabeteetan biziko duen doluaren prozesuari”, azaldu du Arrigorriagako psikologoak

|

Ziortza Karranza, Bilbon // Geuria

Joan den urtarrilaren 18an Adamuzen (Kordoban) gertatutako tren istripu traumatiko bezalakoetan, lehen 48-72 orduetan lan egiten dute bereziki larrialdietan espezializatutako psikologoek, baina beharrekoa denean denbora tarte hori biktimek dituzten beharren arabera luzatu egiten dute.

Hego Uribe eskualdeari begira, Ziortza Karranza aditua da larrialdietako psikologian Gurenduz zentroan eta berarekin berba egiteko tartea izan dugu GEURIAn.

Azken urteetan antzekoak izan dira 2004ko martxoaren 11n Madrilen gertatutako atentatuek eragindako egoerak edo urrutira joan gabe, 2024an Danak Valentzian sortutakoa: “Valentzian izan nintzen Danak eragindako egoeraren haritik eta arreta psikologikoaren haritik ez zen lan-antolaketa ona egin”, aitortu du Arrigorriagako psikologoak.

“M11ko atentatuetan egon ziren esku-hartzeek ere zer esan asko eman zuten eta esan behar da era horretako egoeretan gauza asko gertatu daitezkeela”.

“Itxaropena”, Adamuzen

Adamuzen gertatutako tren istripuak 40 hildako baino gehiago utzi ditu, horrek ekarriko dituen ondorio psikologiko guztiekin. “Kordoban gauzak ondo egingo direlaren itxaropena daukat”, dio Ziortzak. “Kordoban gertatutako tren istripua bezalako egoeretan, kaltea ez da fisikoa bakarrik: trauma, shocka eta dolua larritasun berarekin artatu behar dira”, gehitu du Karranzak. “Larrialdietan laguntza psikologikoa ematea funtsezkoa da epe laburrean eta luzean ondorio emozionalak prebenitzen laguntzeko, horiei eusteko eta laguntzeko”.

“Lehenengo momentuan ezinbestekoa da biktimek arreta psikologikoa jasotzea. Kasu bakoitzaren arabera pertsona bakoitzaren beharrak identifikatuko dira: batzuetan oinarrizko laguntza eman behar da (manta bat edo ur edalontzi bat eskaintzea…), baina baita geroago etorriko den prozesuan laguntza ematea ere”.

“Larrialdietan laguntza psikologikoa ematea funtsezkoa da epe laburrean eta luzean ondorio emozionalak prebenitzen laguntzeko, horiei eusteko eta laguntzeko”

“Egoera traumatikoetan, biktimaren burmuina kolapsatu egin ohi da eta ez daki zer egin behar den. Egoera horren aurrean, pertsona batzuk blokeatuta gelditzen dira eta beste batzuk, ordea, “borrokatzen” hasten dira: informazioa bilatzen hasten dira, gehiago jakin nahi dute, espazioan mobilizatu nahi dira”.

Horrelako momentuek sortzen dituzten emozioak kudeatzeko laguntza eskaintzen dute larrialdietako psikologoek, hain zuzen ere, bizi duten egoera ezezagun horri nolabait aurre egiteko, doluari hasiera emanez.  “Lehen momentutik egiten den esku-hartzea egokia bada, horrek asko lagunduko dio biktimak hurrengo hilabeteetan biziko duen doluaren prozesuari”.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

‘Pintxada Gaua’ antolatu dute Arrigorriagako Gaztetxean, ADELA elkartea laguntzeko

Elkartearentzat dirua lortzeko jaialdia otsailaren 28an prestatu dute eta laster berri gehiago iragarriko dituztela iragarri dute Gaztetxetik

|

Gurpildun aulki bat // Jon Tyson, Unsplash

Otsailaren 28an Pintxada Gaua antolatu dute Arrigorriagako gaztetxean ADELA elkartearentzako dirua lortzeko.

“Elkartearentzat dirua lortzeko jaialda antolatu dugu: egitarau polita prestatuta dago eta laster berri gehiago iragarriko ditugu”, iragarri dute Gaztetxetik.

ADELA EH, Euskal Herriko Alboko Esklerosi Amiotrofikoaren Elkarteen Federazioa da eta ADELA Araba, ADELA Bizkaia eta ADELA Gipuzkoa lurralde elkarteek osatzen dute. Irabazi-asmorik gabeko erakundeak dira, familiek, boluntarioek, laguntzaileek eta ELArekin eta haien familiekin pertsonen arretan lan egiten duten profesionalek osatutakoak. Elkartearen helburua gaixoei Bizitza Duina ematen laguntzea da.

Zer da AEA?

Alboko Esklerosi Amiotrofikoa (AEA, ELA erdaraz) nerbio-sistema zentraleko gaixotasuna da, eta neurona motorren endekapen progresiboa du ezaugarri. Ondorioa muskulu-ahultasuna da, eta paralisiraino egiten du aurrera, gorputz-eremu batzuetatik beste batzuetara zabalduz.

Autonomia motorra, ahozko komunikazioa, irensketa eta arnasketa mehatxatzen ditu, baina zentzumenak, adimenak eta begietako muskuluek bere horretan diraute. Pazienteak gero eta laguntza gehiago behar du eguneroko bizitzako jarduerak egiteko, nahiz eta bilakaera desberdina izan kasu bakoitzean.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Galdakaoko ospitalera doan autobus linea Arrigorriagako goiko auzoetara zabaltzeko eskatu dio Udalak Bizkaibusi

Ospitaleko lineaz gain, beste bi gai jorratu dituzte: Bilborekin lotzen duten hainbat linea Beteluritik igarotzeko eskaera, eta Abusu-Ollargan bidean geltoki berriak ezartzeko aukera

|

Bizkaibuseko erabiltzaile bat, autobusera igotzen // Geuria

Arrigorriagako Udalak herriaren goikaldean bizi diren auzotarren eskaria jarri du Foru Aldundiko eta Bizkaibuseko arduradunen mahai gainean: Galdakao-Usansolo ospitalera doan linea herriko goikaldean kokatzen diren auzoetaraino eramatea, hain zuzen ere.

Maite Ibarra Arrigorriagako alkatea eta Xabi Cabrera Ingurumen zinegotzia Antonio Jaraices Salazar Bizkaiko Foru Aldundiko Garraio zuzendari nagusiarekin eta Bizkaibuseko teknikariekin batzartu dira. Ibarrak azaldu duen lez, “Zehazki, autobusa egoitza, institutua, kirol-instalazioak eta etxebizitza berriak dauden eremuraino iristea nahi dugu. Auzo horiek hazten ari dira, eta bizilagun askok autobus geltokiak urrun dituzte oraindik”.

Ez da Arrigorriagako Udalak egin duen eskari bakarra, ordea. Ospitaleko lineaz gain, beste bi gai jorratu dituzte: Bilborekin lotzen duten hainbat linea Beteluritik igarotzeko eskaera berritu dute, eta Abusu-Ollargan bidean geltoki berriak ezartzeko aukera, irisgarritasuna hobetze aldera.

Hobekuntza hauek guztiak arrazoitzeko, Udalak Hiri-Mugikortasun Iraunkorreko Planean (HMIP) eta herritarren eskaeretan oinarritutako txosten teknikoak aurkeztu dizkio Aldundiari: ” Gure asmoa  mugikortasuna sustatzea bada ere, zerbitzu horien eskumena foru-erakundearena da” zehaztu dute udal ordezkariek.

“Udaletik neurriak bultzatzen ditugu, baina ezinbestekoa da Aldundiaren inplikazioa zerbitzua egiazki eraginkorra izan dadin”, borobildu du Ibarrak, garraio publikoa indartzea herritarren “etengabeko eskaera” dela gogoraraziz.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Argazkiak | Lokatz artean lehiatu dira Ausartak Mendi Lasterketako korrikalariak Arrigorriagan

10:00etatik eguerdira bitartean ibili dira korrikalariak lokatz artean Upo eta Artanda mendietan barrena

|

Korrikalariak, eskualdeko mendietan barrena // Geuria

Ausartak Mendi Lasterketako zazpigarren edizioko protagonista euria izan da. Aste hasierako aurreikuspenek eguraldi ona iragartzen bazuten ere, asteburu euritsua izan dugu Hego Uribe eskualdean.

Hasiera batean berri txarra izan zitekeela pentsatuko du batek baino gehiagok, baina egia esateko euriak eta lokatzak joko handia eman dute aurtengo edizioan.

EuskalMeteko partea ikusita mendira igo gara gure korrikalariak pistetan, mendian eta basoetan barrena inoiz baino zikinago erretratatzeko. Non hobe?

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Doako edoskitze tailerra antolatu du Arrigorriagan Altzoan Zaintza Sareak

Tailerra interesa duten emakume guztientzat antolatu dute otsailaren 12an, 17:00etan eta aurretiko esperientziarik ez dela behar nabarmendu dute Altzoanetik

|

Emakume bat, haur batekin // Ana Curcan, Unsplash

Altzoan Zaintza Sareak, Ene Amatxorekin elkarlanean eta Arrigorriagako Udalaren zein Rural Kutxaren babesarekin doako edoskitze tailerra antolatu du Lamiaena emakumeen etxean.

Tailerra interesa duten emakume guztientzat antolatu dute otsailaren 12an, 17:00etan eta aurretiko esperientziarik ez dela behar nabarmendu dute Altzoanetik.

“Edoskitzea elikadura baino askoz gehiago da: lotura, informazioa, erabakiak eta laguntza ere bai”, iragarri dute Altzoan Zaintza Saretik. “Horregatik, edoskitze tailer honetara gonbidatzen zaitugu, interesa duten pertsona guztientzat irekia: haurdun egon edo ez, edoskitze prozesuan ari direnak, etorkizunean ama edo aita izan nahi dutenak, edo, besterik gabe, jakintza handitu eta lagundu nahi dutenak”.

Gune segurua, errespetuzkoa eta inklusiboa izango da, errealitate eta ibilbide ezberdinetatik hitz egiteko eta zalantzak partekatzeko. “Zure zain gaude!”.

Izena emateko Instagram bidez idatzi ahal dute interesdunek edota 660 202 438 telefono zenbakira Whatsappa bidali (Eneritz @eneamatxo)

Osorik irakurri