Sareak

☉ Arrigorriaga

Aitor Gonzalez: “Arrigorriaga ez da soilik toki bat, sentimendu bat ere bada”

Aitor Gonzalez zinemagile arrigorriagarrak hartu du herriaren iraganaren parte diren zortzi kondaira bildu eta 30 minutuko zinta batean batzeko ardura.

|

Dokumentalaren grabaketako irudi bat / A.G.I

Arrigorriaga Bihotzean dokumentala aurkeztu berri dute Lonbo Aretoan. Aitor Gonzalez zinemagile arrigorriagarrak hartu du herriaren iraganaren parte diren zortzi kondaira bildu eta 30 minutuko zinta batean batzeko ardura.

Arrigorriagako paper-fabrika, herriak izan dituen hiru zinema aretoak, Abusuko istorioak, Padura saskibaloi taldearen hastapenak, Arrigorriagako “etxe-orratza”, Ugertzako presa edota Artiach margo-fabrikaren inguruko pasadizoak bildu ditu Aitor Gonzalez Iturbek estreinatu berri duten Arrigorriaga Bihotzean dokumentalean. Udalarekin elkarlanean, sei hilabete inguru pasa ditu gidoiak idazten, dokumentaleko protagonistak bilatzen eta irudiak grabatzen. Esperientzia ahaztezina izan dela dio zinemagileak, “Arrigorriagak dituen istorio paregabeak berriz azaleratzeko eta gogora ekartzeko aukera ederra”. Youtuben daude bideo guztiak ikusgai, Arrigorriagako Udalaren kanalean.

Nola sortu zen dokumentala egiteko aukera?
“Arrigorriaga Atzo”, antzinako argazkiak berreskuratzeko Udalak martxan jarritako ekimenean du hazia. Sare sozialetara igo zituztenean, bolo-bolo ibili ziren hara eta hona, herritarren artean. Iraganeko zenbait istorio azaleratu ziren orduan, eta hori ikusita, istorio horien inguruko bideo laburrak egitea bururatu zitzaion Sonia Rodriguez zinegotziari, herritarren testigantzak eta irudiak uztartzen zituztenak. Pareagabea film laburrean aktore lanetan ibili nintzenez, elkar ezagutzen genuen. Berak bideoak egiteko proposamena luzatu eta baiezkoa eman nion nik.

Eta martxan jarri zineten.
Hala da. Udan abiatu genuen proiektua eta nahiz eta oporretan egon, berehala hasi nintzen gidoiak idazten. Idatzitakoa Soniari pasatu, hark erantzun, eta berriz idazten nuen. Elkarrekin aritzen ginen, emailez, gidoiaren azken bertsioa moldatu arte. Gogoan dut Tarragonako hondartzetan harri gorriak biltzen ibili nintzela, dokumentalean era batera edo bestera txertatzeko, baina azkenean ez ditut erabili.

Nola aukeratu dituzue istorioak?
Dokumentala egitea animalia bizidun bat elikatzea bezala izan da. Hasieran bi edo hiru gidoi bakarrik genituen, baina hauek grabatzerakoan beste istorio batzuetara egin genuen salto. Jendeak kontatzen zituen istorioetan bitxikeria asko aurkitu ditugu eta horiek abiapuntu hartuta, gainontzeko gidoiak idatzi ditugu. Guztira zortzi istorio batu ditugu dokumentalean: paper fabrikarena, zinema aretoena, Ugertzako presarena, Artiach margo fabrikarena, Padura saskibaloi taldearena, Pikeroko etxe-orratzarena, Patxiren baratzearen eta ehorzlearen etxearen inguruko beldurrezko pasadizoena eta Abusukoa. Anekdota bezala, saskibaloiaren istorioa izan zen idatzi genuen lehena eta grabatu genuen azkena.

Eta hizlariak?
Kamara aurrean agertu nahi zuten herritarrak aurkitzea izan da zailena: jendearekin hitz egin eta haien historiak konta zitzaten konbentzitzea. Lan gogorra baina polita.

Ikusi ez duenarentzat, zer erakusten du dokumentalak?
Historia luzea eta anekdota ugari dituen herri bateko bizilagunen kondairak. Historia eta istorioa, biak. Azken batean, gure herriaren historiari erreparatzea aitzakia izan da jendearen istorioak entzun ahal izateko. Eta zer nolako istorioak gainera! Garai bateko bizimodua, amodioak, beldurrak, abenturak eta jolasak bildu ditugu Arrigorriaga Bihotzean dokumentalean.

Ezagutzen zenituen dokumentalean kontatzen dituzunak?
Batzuk bai. Paper fabrikarekin aurrez aurre bizi izan nintzen 18 urte bete nituen arte. Gogoratzen dut bertatik azaltzen zen adarra. Saskibaloi zelaia estaltzeko eraiki zuten airezko globoa ere ezagutu nuen. Bertan izan nintzen 6 edo 7 urterekin. Beste guztiak ezezagunak ziren niretzat eta primerakoak iruditu zaizkit.

Nolakoa izan da istorio horiek entzutea?
Ematen du topikoetan erori naizela, baina benetan, bikaina izan da. Deskribaezina, sinestezina. Momentu ederrak bizi izan ditugu grabaketak egiten eta jendearekin hitz egiten. Nire lanean bizi izan dudan gauzarik politena izan da, eta nik uste, dokumentalean parte hartu duten gainontzekoek ere asko gozatu dutela. Une hunkigarriak bizi izan ditugu iraganeko kondairak gogoratzen.

Dokumentala eginda, zerekin geratzen zara?
Toki batekiko jendeak erakutsitako pasioarekin. Konturatu naiz Arrigorriaga ez dela leku bat, sentimendu bat baino. Nik sentimendu hori dokumental formatuan partekatzeko aukera izan dut. Ez dago bizitzan maite duzunaren inguruko bizipenak kontatzea eta entzutea eta horiek irudietan islatzea baino gauza politagorik. Non eta zure herrian, Arrigorriagan. Zure etxean. Izugarrizko ohorea izan da niretzat dokumentalean kontatzen den guztia ezagutu ez dutenei transmititu ahal izatea. Hori zen, azken batean, Udalak zuen helburua nirekin harremanetan jarri zenean. Helburua bere osotasunean bete dugula uste dut.

☉ Arrigorriaga

Gabonetarako egitarau oparoa prestatu dute Arrigorriagan

Beste programazio guztiarekin batera, ez dira urteroko hitz ordu berezienak ahaztu behar: abenduaren 24ko Olentzero eta Maridomingiren kalejira eta urtarrilaren 5eko Epifania

|

2020ko Gabonak // Geuria

Aurreko urteetan bezala, hiru gune nagusitan banatu dute Arrigorriagako Udalak herriko elkarte ezberdinekin landu duen Gabonetako programazioa: herrigunea, Abusu, eta Gaztegunea. Antolatzaileek azaldu dute “urteroko Olentzero eta Maridomingiren jaia eta umeen parkeaz gain, egitaraua hainbat ekintzaz beteta” egongo dela.

Zentzu horretan, gune bakoitzean nagusi izango diren ekintzak zehaztu dituzte: ” herrigunean umeentzako ikuskizunak eta filmak nagusituko dira: Anbotoko Mari ikuskizuna edo “Koko dragoi txikia” eta “Pan: Sekula betirako bidaia” pelikulak, esaterako. Gazteentzako look-tailerrak eta helduentzako ekimenak ere izango dira: “Ez erran inori” Maddi Ane Txoperenaren liburuaren aurkezpena, “As bestas” pelikularen proiekzioa edo “Zapatos rotos” antzezlana, besteak beste”.

Abusun eta Gaztegunean ere programazio oparoa

Abusun ere, ume eta familientzako hainbat ekimen antolatu dituzte. Abenduaren 22an, adibidez, Mari Domingi eta Olentzeroren bisitan joango dira, eta “Batiburrillo” taldeak dantzan eta kantuan jarriko ditu auzoko umeak. Modu berean, eta hilabete osoan zehar, hainbat tailer antolatu dituzte, dekorazio-tailerra, jolas-jarduerak edo zientzia taillerrak, besteak beste.
Gazteguneak, bere aldetik, 12 eta 17 urte bitarteko gazteentzat propio prestatutako tailer programazio oparoa prestatu du:  Gabonetako apaingarriak, sukaldaritza, lurrina egiteko, Funko Pop eta Stop Motion tailerrak.
Abenduaren 29an, gainera, urtea elkarrekin agurtzeko, Gasteizera egingo dute txangoa. Bertan nova jump eta karting jardueretan ibiliko dira.
Hau guztia gutxi balitz, ez dira urteroko hitz ordu berezienak ahaztu behar: abenduaren 24ko Olentzero eta Maridomingiren kalejira eta urtarrilaren 5eko Epifania.
Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Sorpresaz eta berritasunez beteta dator aurtengo Umorea Labur jaialdia

Hainbat nobedade izango ditu Lonbo Aretoa kar-kar, ja-ja eta ha-haz beteko duen festibalak, “filosofia aldaketa bat” gauzatu baitute, antolatzaileen arabera

|

Iñigo Salinerok eta Lander Otaolak gidatuko dituzte hasiera eta bukaera galak // Geuria

Abenduaren 11n hasi eta 16an bukatuko da Humor en Corto – Umorea Labur jaialdiaren 22. edizioa. Aitor Arenas zuzendariak aurkezpenean adierazi bezala,  “beterano hau ardo ona bezalakoa da, denborarekin hobera egiten duena!”

Hobekuntza horren seinale da urtero formatua berritu eta indartzeko egiten duten apustu sendoa. Aurten ere, hainbat nobedade izango ditu Lonbo Aretoa KAR-KAR, JA-JA eta HA-HAz beteko duen festibalak, “filosofia aldaketa bat” gauzatu baitute, antolatzaileen arabera.

Horiek izango baitira, -eta horra lehen nobebadea-, aurtengo edizioko hiru kategoria nagusiak: KAR-KAR (Euskal Herriko laburmetraientzat), JA-JA (estatu mailakoentzat), eta lehen aldiz “Umore Labur” nazioarteko festibala bilakatuko duen HA-HA kategoria, nazioarteko filmentzat. Guztira 300dik gora film jaso dituzte, eta 44 aukeratu.

Atal Ofizialean Goya 2024 sarietarako izendatuta dauden film laburrak nabarmendu dituzte antolatzaileek.

Tokikoari garrantzia ematen dakien festibala izaki, Arrigorriaga edo Hego Uribeko sortzaileek euren erakusleihoa izango dute #Nosolopaja atalean.

Nazioarteari erreparatuz gero, eta Napoliko NaNo festibalarekin elkarlanean, Italiako umoreaz gozatzeko aukera izango dute Lonbora hurbiltzen direnek.

Sariei dagokienez, eskola eta institutuko gazteek epaile gisa arituko dira beste urtebetez, IRRIbarri eta Saria Gazte programen bitartez.

Bestetik, Umorea Labur-ek herrian duen ikusgarritasuna handitu nahi izan du, bere magia eta talentua txoko askotara barreiatuaz, eta JaJam Sessions izeneko saioak prestatu dituzte herriko hainbat tokitan: Javi Chueca eta Ekain Bilbaoren edo Tamara Lucariniren tokiko emanaldiak, edo Gemma Martínez, Los Retumbes eta Brusko & Suze eta Lonami Pintxito DJak.

Berrikuntzekin bukatzeko,  Umorea Lab sortu dute,  “giro onaren inkubagailua”, antolatzaileen arabera.  Lehen edizio honetarako hainbat mahai-inguru eta masterclass antolatu dituzte industrian adituak direnekin: monologistak, telesailetako gidoilariak, soinu-banda komikoen sortzaileak edo film laburren erosleak.

Urtero bezala, hasiera eta bukaerako galek emango dute zeresana, Iñigo Salinero eta Lander Otaolaren eskutik. Bertan, 7.000 €-tik gorako sariak banatu, film labur irabazleak proiektatu eta Maribel Salas komediako aktore euskaldunari omenaldia egingo diote.

 

 

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagako Berdintasun Kontseiluan parte hartzeko gonbidapena luzatu diete herritarrei

|

M8ko elkarretaratzea // Geuria

Arrigorriagako Berdintasun Kontseilua urtero biziberritzen doan organoa da, hiru helburu edo eginkizun nagusi dituena: berdintasunaren alde lan egitea, berdintasun politika publikoen inguruan eztabaidatzea eta udal gaien inguruan erabakiak hartzea, hurrenez hurren. Urtean lau bilera egiten dituzte, hiru irizpide hauen arabera.

Kontseilu berrituaren lehen bilera datorren abenduaren 12an izango da, 18:30ean Lamiaenan, eta Kontseilutik bertan parte hartzeko gonbidapena luzatu zaie herritarrei. Horretarako, beharrezkoa izango  Abusu edo herriguneko HAZ-ean izena ematea, edo  lehen bileran bertan egitea tramitea.

 

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Auzoak, Hirigintza eta Gizarte Ekintza izango dute ardatz Arrigorriagako 2024rako aurrekontuek

Udal gobernuaren asmoa da aurrekontuak abenduko osoko bilkuran onartzea

|

2024ko aurrekontuek 16.064.210,21 euro izango dituzte guztira

EH Bilduk, NOAk eta Arrigorriaga Garak osatzen duten Udal Gobernuak abenduko osoko bilkuran onartu nahi ditu 2024rako aurrekontuak, eta oposizioaren “ekarpenen zai” daudela adierazi dute udal ordezkariek.

Aurreko legealdian ez bezala, baina, gehiengo osoa dute, eta ez lukete oposizioko alderdien beharrik  kontuak aurrera eramateko.

16.064.210,21 euroko aurrekontua izango da, eta aurreikusten diren inbertsiorik handienak  auzoetan, hirigintzan eta gizarte-ekintzara bideratutakoak dira.

Aipatu dituzten proiektuetariko batzuk honako hauek dira:  Ollargan auzoa urbanizatzea, udal kiroldegi berria eraikitzeko beharrezkoa den proiektu-lehiaketa egitea, Auzotaxi zerbitzurako zuzkidura edo eskolan inbertsioak egitea.

Pertsonen bizitzak udal politikaren erdigunean jartzeko konpromisoa” berretsi nahi du udal gobernuak aurrekontu proposamen honekin, eta horregatik gizarte politiketan hainbat berrikuntza planteatzen dituzte; etxez etxeko laguntza zerbitzura bideratutako partida handitzea adinekoentzako edo mendekotasuna dutenentzako zerbitzuaren kalitatea bermatzeko eta hobetzeko; partida berri bat, mendekotasunaren lehen fasean daudenentzako Eguneko Zentroaren zerbitzu berriari aurre egiteko; ZAINDUZ programara bideratutako diru-kopurua handitzea, zaintzaileak zaintzeko erronkari erantzunez; eta gazteei laguntza psikologikoa emateko partida.

Maite Ibarra alkatearen hitzetan “2023-2027 gobernu planarekin koherenteak diren aurrekontu kilikagarri eta arduratsuak” dira,  eta  “ingurumenarekiko erronkak, auzoak eta egoera zaurgarrietan daudenak babestea” dute helburu.

 

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Osakidetzak Arrigorriagako Osasun Zentroa birmoldatuko du, Udalarekin eraikin berriaren kokalekua bilatzen duen bitartean

Obrek iraun bitartean jarduera osasun-zentroaren atzealdean instalatutako 8 moduluetan egingo da

|

Azken hilabeteetan hainbat bilera egin dituzte udal ordezkariek eta Osakidetzako arduradunek

Osakidetzak oharra kaleratu du Arrigorriagako Osasun-Zentroa birmoldatuko duela esateko, udalarekin batera eraikin berriaren kokalekua bilatzen duen bitartean. Bai udaletik zein langile eta erabiltzaileen aldetik askotan salatu izan da egungo eraikinaren egoera, irisgarritasun arazoei eta instalazioen zaharkitzeari dagokionez. Orain dela hilabete, kasurako, sabaiaren zati bat erori zen.

Azken hilabeteetan hainbat bilera egin dituzte udal ordezkariek eta Osakidetzako arduradunek, azkena joan den astean, eta bide horretan pauso erabakigarria da honako hau.

Osakidetzako arduradunek adierazi dutenaren arabera “eraberritze-lanak zenbait fasetan egingo dira, udalerriko herritarrei une oro osasun-arreta bermatze aldera”

Obrek iraun bitartean, “obren eraginpean dagoen jarduera osasun-zentroaren atzealdean instalatutako 8 moduluetan egingo da” borobildu dute.

Egingo diren jarduketen artean “sabaia eta estalkia birmoldatuko dira eta eraikinaren zurezko egituraren ondoriozko, batez ere, egiturazko kalteak konponduko dira”.

“Eraberritze-lanekin batera”, zehaztu dute, “Osakidetza eta Arrigorriagako Udala etorkizuneko anbulatorioa eraikitzeko beste kokaleku bat zehazteko lanean ari dira. Garai berrietara egokituko den zentro berri horrek udalerriko herritarren egungo premiak beteko ditu”.

 

Osorik irakurri