Arrigorriagako Udal Euskaltegiak argazki lehiaketa jarri du martxan bertako ikasleentzako, ‘Euskara eta biok’ lemapean. Euskara zabaldu eta normalizatzeko asmoarekin, Udal Euskaltegiak urtero antolatzen ditu mota horretako jarduerak, ikasleen ezagutza eta interrelazioa euskaraz gauzatzea sustatzen baitute.
Dagoeneko argazkiak jasotzeko epea irekita dago otsailaren 28ra arte. Partaide bakoitzak hiru argazki aurkeztu ahal izango ditu. Ikasleek honako helbide elektroniko hauetara igorri behar ditu bere argazkiak: bulegoa@arrigorriagakoeuskaltegia.eus edo zuzendaritza@arrigorriagakoeuskaltegia.eus.
IKASLEAK EPAIMAHAI
Arrigorriagako udal Euskaltegiko ikasleek euren ustez onenak edo politenak diren argazkiak bozkatuko dituzte eta apirilaren 3an sari banaketa egingo dute. Hiru sari banatuko dituzte: lehenengo sarituak Santiago Yanizen ‘Euskal Herrian barna’ argazkigintzari buruzko liburua eta DVDa irabaziko ditu, eta bigarren eta hirugarren saridunek Santiago Yanizek egindako lamina bana jasoko dute.
