☉ Arrigorriaga
Jon Chica galdakoztarrak irabazi du Arrigazte argazki lehiaketa
Jon Chica Parada galdakoztarraren “Estelas sagradas” lana saritzea erabaki du epaimahaiak. 350 euro eskuratu ditu Jonek.
53 pertsonek parte hartu dute lehiaketan eta 98 argazki aurkeztu dira guztira. Epaimahaikideek honako hauek hartu dituzte kontuan lanak baloratzeko orduan: enkoadraketa, osaketa, mezua edo irudiek helarazitako emozioak. Balorazioa egin ostean, Jon Chica Parada galdakoztarraren “Estelas sagradas” lana saritzea erabaki du epaimahaiak. 350 euro eskuratu ditu Jonek.

Jon Chicaren ‘Estelas sagradas’ lanak irabazi du lehen saria
Bigarren sailkatua “Asiáticos en el camino” lana izan da, Jerez de la Fronterako Auxiliadora Enríquez Torralbarena, eta 250 euro jaso ditu. Azkenik, Jonathan Mayo Cabeza hirugarren sailkatu da, Brightonen egindako “Bidai kolorestatua” argazkiarekin. 150 euro eskuratu ditu Jonathanek.

Auxiliadoraren “Asiaticos en el camino” lana

Jonathan Mayoren “Bidaia kolorestatua”
Parte hartzaileei dagokienez, 19 Arrigorriagakoak izan dira, 16 eta 35 urte artekoak. Gainerakoak, Basauri, Galdako, Donostia, Gasteiz, Iruña, Trapagaran, Ermua, Toledo, Murtzia eta Las Palmasekoak izan dira.
Arrigorriagako Udaleko Gazteria Sailak antolatzen du lehiaketa.
☉ Arrigorriaga
’80. Hamarkada’ izango da Abusuko inauterien gaia aurten
Otsailaren 20an eta 21ean antolatu dituzte inauteriak Ollargan eta Abusuko auzo elkarteek, Abusuko Jai Batzordeak, Bolintxuk, Zubietxek eta Abusuko Arrantza Taldeak

Herri gehienetan ospatu badituzte ere, inauteriak iristear daude Arrigorriagako Abusu auzora. Izan ere, otsailaren 20an eta 21ean ospatuko dituzte eta gaia ’80. Hamarkada’ izango da.
Asteburuan hainbat jarduera prestatu dituzte Ollargan eta Abusuko auzo elkarteek, Abusuko Jai Batzordeak, Bolintxuk, Zubietxek eta Abusuko Arrantza Taldeak, Udalaren babesarekin, Arrigorriagako auzoan: haurrentzako jolasak, inauterietako tostada lehiaketa, herri bazkaria, karaokea, txokolatada…
Programa | Abusuko Iñauteriak 2026
Otsailak 20, ostirala
18:30 Abusu Kantari. Ibilbidea Olatxutik hasita
Otsailak 21, larunbata
12:00 Casting txapelketa, Santa Isabeleko plaza berria
12:00 Umeentzako jarduerak (makillajea, mozorroak…) eta txikientzako ludoteka, Abusuko Zentro Soziokulturala
13:00 Jokoak, Santa Isabel pilotalekua
14:00 Inauterietako Tostada Lehiaketa, Santa Isabel pilotalekua
14:15 Bazkarirako mahaiak eta bankuak banatzea, jubilatuen taberna ondoko gela
14:45 Herri bazkaria + karaokea, Santa Isabel pilotalekua
18:30 Inauterietako desfilea, Ollargango plaza estalia. Ibilbidea: Ollargan – Olatxu – Santa Isabel. Azkenean, txokolatada
19:45 ‘Osatu zure taldea’ jokoa, Santa Isabel pilotalekua
20:30 Disko jaia: DJ Alex eta Urko, Santa Isabel pilotalekua
Antolaketa taldetik iragarri dute eguraldi txarra eginez gero kasting txapelketa bertan behera geratuko litzatekeela eta gainontzeko jarduerak Santa Isabeleko pilotalekuan egingo lituzketeela.
☉ Arrigorriaga
Bideoa | Zein izan da Arrigorriagako herri-inauterietako mozorro originalena?
Momentura arte ezagunak izan ez diren gaietako elementuak jantzi dituzten pertsona ausartak topatu ditugu jende artean aurten!

Mozorroek kolorez jantzi dute Arrigorriaga beste urte batez, eta aurtengo edizioak ehunka lagun elkartu ditu herriko kaleetan eta udaletxe aurreko plazan ere.
Askotariko mozorroak ikusi ahal izan dira, baina mikrofonoak betiko jantzietatik ihes egin du eta gai benetan originalak jantzi dituzten pertsonak topatu ditu euri artean.
Arrigorriagako inauteriak burutik kendu ez badituzu, hementxe joan den larunbatean egindako argazki batzuk utzi dizkizugu. Gozatu!
☉ Arrigorriaga
Argazkiak | Euriak ez ditu Arrigorriagako herri-inauteriak geldiarazi
Ehunka arrigorriagarrek hartu dute parte aurtengo inauterietan. Plazara heltzean, Ibarra inkisidorearen herri-epaiketa egin dute

Gaur goizean inauteriak girotzen hasi dira eta arrastirako bero-bero egon da giroa herrigunean. Elkarretaratzearen ostean (eta iragarritakoa baino zertxobait lehenago), kalejira hasi dute Odolemaileen plazatik. Bertatik Urgoiti pasealekura igaro dira eta artez artez udaletxeko plazara heldu dira.
Ehunka arrigorriagarrek hartu dute parte aurtengo inauterietan. Plazara heltzean, Ibarra inkisidorearen herri-epaiketa egin dute. Bertan izan gara!































































































☉ Arrigorriaga
Arrigorriagako udal ordezkariak Lanbarketako auzotarrekin elkartu dira irisgarritasun arazoak hobetzeko
“Datozen hilabeteetan bileran aztertutako aukerak eta proposamenak jaso eta egituratuko dituen auzoaren plan orokorra aurkeztuko diegu bizilagunei”, azaldu dute Udaletik

Maite Ibarra Arrigorriagako alkatea eta David Cidre Auzoetako eta Hirigintzako zinegotzia Lanbarketako bizilagunekin elkartu dira Arrigorriagako auzoko irisgarritasun arazoei irtenbidea bilatzeko eta bertako aparkalekua hobetzeko. Topaketa hau Udalak auzoen bizi-kalitatea hobetzeko duen estrategiaren parte da
“Lanbarketako auzotarren bertaratze handia egon zen; guztion artean auzoak irisgarritasunari eta aparkalekuari dagokionez eskaintzen dituen aukerak eztabaidatu eta zirriborratu genituen”, azaldu du Cidrek.
Auzotarrekin izandako bileraren ondoren, Udalak konpromiso zehatza hartu du: “Datozen hilabeteetan bileran aztertutako aukerak eta proposamenak jaso eta egituratuko dituen auzoaren plan orokorra aurkeztuko diegu bizilagunei”.
☉ Arrigorriaga
Greba egun berria deitu dute Arrigorriagako Arandia egoitzako langileek otsailaren 18an, egungo lan baldintzak salatzeko
Dozena bat pertsona, Arandia egoitzako langileak guztiak, Arrigorriagako udaletxe aurrean elkartu ziren, enpresaburuei “benetako konponbideak” eskatzeko

Domus VI Taldeak kudeatzen duen Arandia adinekoen egoitzako langileek greba egun berri bat egin zuten atzo, otsailaren 12an, ELA sindikatuak deituta.
Dozena bat pertsona, Arandia egoitzako langileak guztiak, Arrigorriagako udaletxe aurrean elkartu ziren, enpresaburuei “benetako konponbideak” eskatzeko eta gogorarazi zuten “profesionaltasunez, arduraz eta konpromisoz” lan egiten dihardutela, gaur egun dituzten lan-baldintzak kontuan izanik. Aldarrikapenak egin ostean mobilizazioa egin dute herrian zehar.
Azken greba egunak, hiru hain zuzen ere, iazko abenduan egin zituzten. “Errebindikazioa argia eta legitimoa da: zaintzen dituztenak zaindu behar dira, lan-osasuna ezin baita alde batera utzi”, azaldu dute ELAtik. Langileen arabera, “enpresak ez ditu inolako konponbiderik eskaini langileen etengabeko salaketa eta ohartarazpenen aurrean”, eta otsailaren 18an greba egingo dutela iragarri dute.
ELAko bozeramaileen arabera, egoitzako langileek hainbat arazo bizi dituzte gaur egun. Horietako bat iazko otsailaren 3an martxan ipini zuten arrisku psikosozialen ebaluazioa da: “Lehen fasearen emaitzek lanaren ondoriozko gehiegizko lan-kargak eta osasun-arazoak antzeman ondoren, prozesua hilabetez luzatu zen, neurri zuzentzailerik hartu gabe”, azaldu dute sindikatuko bozeramaileek.

Adineko herritarrak, Arrigorriagan // Geuria
2025. urtearen amaieran, enpresak bukatutzat eman zuen ebaluazioa, eta 2026ko urtarrilaren erdialdean ebazpena eskuragarri egongo zela iragarri zuen. “Gaur egun, 2026ko urtarrilaren 28an, plantillak ebazpen hori jaso gabe jarraitzen du, beraz, lan-kargak zuzendu gabe eta prebentzio-neurririk aplikatu gabe jarraitzen dute”.
Beste arazo bat langileen nominak dira ELAren arabera. “Joan den urtarrilaren 1eko eta iazko abenduaren 25eko jaiegun bereziak gaizki ordainduta edo zuzenean ordaindu gabe agertzen dira. Jaiegun arruntak ez ditugu kobratzen, bi nominaren sistemak nahasmena, segurtasunik eza eta gardentasunik eza eragiten ditu, horietako bat hurrengo hilean ordaintzen baita, nahiz eta aurreko hilabeteari dagokion.
Hori dela eta, emakume langileek itxaron egin behar dute akatsak detektatu eta erreklamatu ahal izateko. Lan taldeak nomina argiak, ulergarriak eta irakurgarriak eskatzen ditu, kobratutakoa behar bezala egiaztatu ahal izateko”.
Sindikatuaren arabera, langileek ez dute enpresarekin gatazkarik izan nahi: “Baldintza duin, seguru eta osasungarrietan lan egitea ahalbidetuko duten neurri zehatzak nahi dituzte”, argitu dute.
Sinadura bilketa, martxan
Egoerari konponbide bat emateko ahaleginetan, langileek sinadura bilketa bat hasi dute eskaera birekin: alde batetik, erizaintzako arreta eguneko 24 orduetan eskatzen dute. 24 orduetan kontratazioa hobetzea, gerokultore-, gaueko zeladore- eta garbiketa-ekipoen zuzkidura nahikoa, egonkorra eta iraunkorra bermatuz, gainkarga eta lan-karga murrizteko, lan-baldintzak hobetzeko eta egoiliarrei arreta duina eta kalitatezkoa bermatzeko.
Bestalde, jaiegunen ordainketa zuzena eskatzen dute ere, bai egun bereziak, bai ordinarioak. “Nominak argi eta garbi ulertu behar dira, kobratutako dirua modu gardenean egiaztatu ahal izateko”.









