Abusuko inauteriak otsailaren 25ean (larunbata) ospatuko dituzte aurten. 11:30ean hasita, casting txapelketa eta umeentzako jarduerak antolatuko dituzte egunean zehar: makillaje tailerrak, eskulanak zein txikientzako ludoteka. Inauterietako bazkariaren ondoren, berriz, karaokea egingo dute pilotalekuan eta mozorroen desfilea, auzoan zehar. Gauean (20:30etik aurrera), disko-festa prestatuko dute Abusuko pilotalekuan, jaiari itxiera emateko.
Ospakizunak Arrigorriagako inauterien ostean egingo dituzte Abusun. Herrian aurreko larunbatean (otsailaren 18an) antolatuko dituzte mozorro desfileak, “itsasoa” gaia oinarri hartuta; Abusun, berriz, “zinema” izango da jantzien tematika. Arrigorriagako Udalaren laguntzaz gain, auzoan Ollarganeko eta Abusuko auzo-elkarteek, Abusuko arrantza taldeak eta Zubietxe eta Bolintxu elkarteek hartuko dute parte antolaketan.
ABUSUKO INAUTERIAK, 2023 | PROGRAMAZIOA
Otsailak 25, larunbata
11:30. Casting txapelketa
Santa Isabeleko plaza berrian (euria egiten badu, pilotalekuan)
12:00-14:00. Umeentzako jarduerak
Tailerrak: makillajea, mozorroak eta eskulanak
Txikientzako ludoteka
Zentro Soziokulturalean
14:30. Abusuko jubilatuen etxean bazkarirako behar diren mahaiak eta bankuak banatzea
14:45. Inauterietako bazkaria eta karaokea
Pilotalekuan
18:30. Inauterietako desfilea, Tarumba percusión taldearekin
Ollarganeko plaza estalian elkartuko dira (18:15ean), eta ibilbidea egin: Ollargan, Olatxu eta Santa Isabel (euria egiten badu, 18:30ean batuko dira, pilotalekuan)
Ondoren: txokolatada (edalontzia eraman behar da)
20:30. Disko-festa
Pilotalekuan
