Sareak

☉ Arrigorriaga

Adinekoen bakardadea prebenitzeko Bizkaiko lehen proiektua hasi dute Arrigorriagako Lanbarketan eta Kubon

Udalak eta Grupo SSI enpresak Bizkaia Saretu II programa jarriko dute abian Arrigorriagan, herritarren artean adinekoen bakardadeari muga jartzeko sare kolektiboak osatzeko

|

Ixone Zubieta BBKko Pertsonen Sailaren arduraduna, Isabel Massa Saretu proiektuaren burua eta Joana Etxebarria Udaleko Politika Feminista eta Gizarte Ekintzako Zinegotzia // Geuria

Arrigorriagako Osasun Foroa sortu zenetik, herritarrek gero eta argiago ikusi dute adinekoen artean badagoela askori eragiten dion “gaitz ikusezin” bat: bakardadea. Auzotar asko isolamendu eta hauskortasun egoeran bizi direla erakutsi dute datuek, eta zenbait gizarte zerbitzuetatik kanpo gelditzen direnez, horien detekzioa eta prebentzioa egitea zaila dela, bereziki laguntzarako “sare lokal indartsurik” sortzen ez bada. Horri muga jartzeko, Udalak eta Grupo SSI enpresak Bizkaia Saretu II programa jarriko dute abian Arrigorriagan; Ermuan egingo den programarekin batera, bakardadea identifikatzeko eta ekiditeko ekintza komunitarioak bultzatzeko egingo den bi proiektuetako bat.

Programaren bigarren edizioaren aurkezpena gaur, otsailak 15, egin dute Udaleko eta erakundeetako ordezkariek. Eta hemendik aurrera herrian egingo dituzten esku hartzeen nondik-norakoak azaldu dituzte Joana Etxebarria Udaleko Politika Feminista eta Gizarte Ekintzako Zinegotziak, Isabel Massa Saretu proiektuaren buruak eta Ixone Zubieta BBKko Pertsonen Sailaren arduradunak.

Joana Etxebarriak azaldu duenez, Osasun Foroa azarotik ari da lanean adinekoen beharrizanak aztertzeko, eta egindako behaketen ondoren, bi gune identifikatu dituzte Sareturen bidez ekintza esparrua bertara eramateko: Lanbarketa eta Kubo auzoak. “Forora goazen herritarren artean ikusi dugu gune hauetako biztanleria bereziki zaharra dela, gainontzeko auzoekin alderatuta”, azaldu du Etxebarriak. Gainera, Lanbarketa eta Kubo langileen auzoak dira, ez daukate gainontzeko guneek dituzten zerbitzurik eskura, horregatik, laguntzarako auzotarren sareak sortzea zailagoa da bertan.

Eragileen sareak

Bakarde egoeren “identifikaziorako, prebentziorako eta gizarte promoziorako”, baina, ezinbestekoa da eragileak inplikatzea eta batera lan egitera bultzatzea. Horrela adierazi du Isabel Massa Saretuko arduradunak. “Osasun Foroak eginda zeukan diagnostikoa beharrizanekin osatu ondoren, programaren markoa definitu dugu, eta sentsibilizazioan lagunduko duten eragile ezberdinak integratu nahi ditugu bertan”, esan du Massak. Foroan soslai ezberdina duen jendea bilduta, proiektuarekin lortu nahi dutena eragile horiek norbere espazioan “modelo” lana egitea da, gerora, pertsona gehiago laguntza kolektibora batu daitezen lortzeko. “Gazteguneko neska-mutilak, adibidez, programaren parte izan daitezke, bakardadearen aurka egin ditzakegun ekintzak definitzeko eta erreferentziako agenteen sarea sortzeko”.

Momentuz, egitasmoa Arrigorriagan integratzeko hastapen fasean daude. 2019 urtearen amaieran, Bizkaia Saretu I edizioaren barruan, Gizarte Zerbitzu Integratuen Taldea eta BBK Fundazioa adineko biztanleen talde batekin bildu zen 18 hilabetez, beren esperientziak eta erronkak ezagutzeko. Ikasketa eta hausnarketa bilera horietatik jasotako emaitzak dira, hain zuzen, Arrigorriagako proiektuaren oinarria definitzen dutenak.

Dena den, Ixone Zubieta BBK Fundazioko kideak azaldu duen moduan, esku hartzeak herriarentzako espezifikoak izango dira: “Esan genezake lehen Saretutik jaso genuena praktikara ekarri eta udalerri ezberdinetako egoeretara nola egokitzen den ikusiko dugula”. Horrela, Arrigorriagan eta Ermuan egiten ari diren bezala, martxan jarri duten proiektua hasiera izan daiteke maila zabalagoan bakardadeari aurre egiteko plan eraginkorragoak bultzatzeko.

Invisible soledad

Lehen pausotzat, Arrigorriagako herritarrek egitasmoa ezagutu dezaten eta daukan garrantziaz jabetu daitezen, Udalak eta BBK Fundazioak lankidetzan jarri dute martxan hastapeneko sentsibilizazio kanpaina, erakusketa formatuan. Invisible soledad lana Rubén Orozco artista mexikarraren obra da, eta Mercedes (argizarizko emakume figura hiper errealista) dauka protagonista. Erakusketa (udaletxean bertan ikusgai) bakarrik hil zen emakume nagusi baten isla da: “Ukitu egin dezakegu, ia sentitu, eta bera pentsatzen ari dena ere imajina dezakegu”— azaldu du Ixone Zubietak, erakusketaren arduradunak— “Mercedesek ezin hobeto transmititzen du lurralde honetan milaka pertsonak bizi duten bakardade isil hori”.

☉ Arrigorriaga

40. urteurrena herri bazkariarekin ospatuko du Adiskideak Arrigorriagako emakumeen futbol taldeak

Larunbatean, umeen futbol partidak, nagusienak eta beteranoenak jokatuko dituzte. Igandean, herri bazkaria eta kontzertua egongo dira

|

Adiskideak klubaren lehen taldea eta Maria Torres presidentea // @adiskideakollargan eta Geuria

“Dena hasi zen senarrek egindako apustu batengatik”, dio Maria Torres CD Adiskideak taldeko presidenteak, klubarentzako egindako elkarrizketa batean. Montefuerteko (Oiargan) futbol zelaian zeudela, gizonek emazteei txantxetan esan zieten ez zeukatela ausardiarik belarretara praka motzetan irteteko. Baina emakumeek, egin. Eta horrela hasi zen, 1982an, Arrigorriagako emakumeen futbol taldearen ibilbidea, Torresek, eta zuzendaritzan Begoña Gallego eta Lourdes Teomiro jokalariek, lagunduta. Lau hamarkadaren ondoren, hastapen horiek oroitzeko eta ospatzeko elkartuko dira ekainaren 3an eta 4an.

Larunbatean, haur mailako futbol 11ko txapelketa jokatuko dute Montefuerte zelaian, 09:00etatik hasita. Igandean, berriz, triangular motako lehiaketa jokatuko dute Adiskideak taldeak, SD Lagunak taldeak eta CD Aurrera Vitoriak (10:00etan). Ondoren, 13:15ean, beteranoen futbol 7 partida egongo da. Kirol ekitaldien bukaeran, herri bazkaria egingo dute 15:00etan, eta 17:00etatik aurrera Alberto Cowboyren kontzertua egongo da.

Maria Torres Maite Ibarra alkatearekin “Kirolariak plazara” omenaldi ekitaldian // Geuria

Apustutik sortua

Taldeak herritar guztiak eta jokalariak gonbidatu ditu ospakizunera. Egun, klubak 45 jokalari eta 12 entrenatzaile dauzka, kategoria txikietan eta nagusienetan banatuta. Beteranoenak Lehen Erregional mailan jokatzen dute, eta horraino heltzeko bidean, hainbat lorpen egin dituzte, Maria Torresek berak Arrigorriagako Udalari azaldu dion bezala. Bizkaiko Kopan “96-97 denboraldian Txapeldunorde geratu ziren, penaltietan galdu eta gero, eta 98-99 denboraldian txapeldun izan ziren; 2012-2013 denboraldian Liga irabazi zuten; 2017-2018 denboraldian multzoko txapeldun izan ziren, eta 2019-2020 denboraldian, txapeldun, bigarren fasean”.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Porrotx eta Marimotots Arrigorriagan egongo dira pailazo taldearen 35. urteurrena ospatzeko

Ikuskizuna kiroldegiko kantxa urdinean egingo dute, 17:30ean, eta doakoa izango da

|

Marimotots eta Porrotx Basaurin eskainitako ikuskizunean // Geuria

Porrotx eta Marimotots pailazoek Urteak bete, abenturak bizi! antzerkia ekarriko dute Arrigorriagara ekainaren 9an (ostirala). Ikuskizuna kiroldegiko kantxa urdinean egingo dute, 17:30ean, eta doakoa izango da.

Pailazoen taldeak 35. urteurrenaren harira egingo du ospakizuna. “Sudurgorrion bizitzan lagun egin ditugun hainbat etorriko dira bisitan”, esan dute artistek. “Urteak betetzea garrantzitsua bada, are gehiago abenturak bizitzea. Eta hori izango da gure ospakizuna: beste abentura bat bizitzea!”.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

BIDEOA | Maite Ibarra (EH Bildu Arrigorriaga): “Emaitza historikoak lortu ditugu Arrigorriagan”

2.357 botorekin eta 7 zinegotzirekin, aurreko urteko marka hobetzeaz gain, EAJk baino eserleku eta boto gehiago lortu ditu EH Bilduk

|

Bukatu dira udal hauteskundeak Arrigorriagan. Eta emaitzak espero baino hobeak izan dira EH Bildurentzat. Maite Ibarrak beste behin jaso du herritarren babesa, 2.357 botorekin eta 7 zinegotzirekin aurreko urteko marka hobetzeaz gain (6 zinegotzi izan zituzten), EAJk baino eserleku eta boto gehiago lortu baititu.

EH Bildu ospakizunetan Arrigorriagan / Geuria

“Oso pozik gaude: emaitza historikoak lortu ditugu Arrigorriagan”, onartu du Ibarrak. “Eskerrik asko Arrigorriagako auzokide eta biztanle guztiei gugan konfiantza osoa jarri duzuelako”. Zerrendaburuak “urte zail” hauetan gobernuaren kargu egin duten lana ere ekarri nahi izan du lehen planora: “EH Bildu akordioen eta kontsetsuen aldeko alderdia dela erakutsi dugu, eta herritarren kezkei erantzuteko indar guztia jarri dugula”.

#M28 | Arrigorriaga | Maite Ibarra bigarrenez aukeratu du herriak (% 100)

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

BIDEOA | Alberto Ruiz de Azua (EAJ Arrigorriaga): “Guztion helburua da zinegotzi gehiago lortzea, baina gu pozik gaude datuekin”

42 boto behera egin du Arrigorriagako EAJk aurtengo udal hauteskundeetan

|

Aurtengo hauteskundeetan behera egin du Arrigorriagako EAJk. 1.871 boto lortu ditu gaurko bozetan; 2019an baino 42 gutxiago. EH Bilduren igoerarekin, gainera, 6 zinegotzi mantendu arren, koalizio ezkertiarrak baino bat gutxiago dauka.

“Guk errepikatu egin ditugu emaitzak; hori izan da gure asmoa”, azaldu du Alberto Ruiz de Azua zerrendaburuak. “Guztion helburua da zinegotzi gehiago ateratzea, baina gu pozik gaude datuekin”. Oraindik ezin da esan udal gobernua nola antolatuko den Arrigorriagan: “Ez dugu pentsatu zer egin behar dugun, baina datozen astean edo egunetan ikusiko dugu”.

#M28 | Arrigorriaga | Maite Ibarra bigarrenez aukeratu du herriak (% 100)

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

#M28 | Arrigorriaga | Maite Ibarra (EH Bildu) bigarrenez aukeratu du herriak

#M28 | Arrigorriaga | Udal hauteskundeak 2023 | Emaitzak. Hautagaiak, alderdiak, boto kopurua, zinegotziak, datu historikoak, aurreko hauteskundeak.

|

Arrigorriagako EH Bildu emaitzak ospatzen / Geuria

Osorik irakurri