☉ Arrigorriaga
Ainara Uriarte: «Tenerife Horse Rescuen bizitzea ez da ez erraza, ez erosoa; baina bertan jasotzen duzuna neurtezina da»
Ainara Uriarte arrigorriagarra hiru hilabetez egon da Kanariar Uharteetan boluntario lanetan. Tenerifeko komunitateak, animaliak erreskatatzeaz gain, ekonomia zirkularra bultzatu eta laguntza soziala eskaintzen du.

Azalean zuloak zabaltzen zaizkie, ilea erori egiten zaie eta begiak odoletan izaten dituzte. Ehunka dira Kanariar Uharteetan behinola ibilalditxoetarako erabiltzen ziren zaldiak, baina jabeak haietaz aspertu ondoren, Tenerifeko txokoetatik botata gelditzen direnak. Tenerife Horse Rescue GKEak Arico herrian duen finkan, zaldi horiek eta beste 400 animalia zaintzeaz arduratzen dira 50 boluntario baino gehiago. Ainara Uriarte (Arrigorriaga, 1996) da horietako bat, eta bertan daramatzan hiru hilabeteetan esperientziak eman dionaz hitz egin digu: animalien zaintzaz gain, komunitatea ekonomia zirkularrean oinarritzen den gune autosufizientea da, gutxiagorekin bizitzearen kontzeptua “egunerokotasunera ekarri eta moldatzen” erakutsi diona.
Nola sortu zen Tenerife Horse Rescue iniziatiba eta komunitatea?
Ingalaterrako neska baten ideiarekin hasi zen dena, Emma Greenfield. Emmak bizitza osoan egin du lan animaliekin, eta zaldiak oso gogoko ditu. Duela urte batzuk, bere mutil-lagunarekin Lanzarotera bizitzera etorri zenean, ikusi zuen arazo larria zegoela animalia horiekin Kanariar irletan. Hemen zaldi asko daude, eta zaharrak egiten direnean, inork ez ditu zaindu nahi izaten. Asko egoten dira ilunpetan eta leku itxietan utzita, baina uhartetik penintsulara garraiatzea ere garestia denez, hemen uzten dituzte, oso egoera txarrean, gaixorik. Horretaz jabetzean, animaliei laguntzeko bidea bilatzea erabaki zuen Greenfieldek, eta Aricoko finka hau aurkitu zuenean, Tenerife Horse Rescue iniziatiba sortu zuen, 2018tik GKE forma duena. Hasieran, zaldiei laguntzeko baino ez zen sortu komunitatea.
Zergatik daude Tenerifeko zaldiak hain egoera txarrean?
Penintsularekin alderatuta, egoera oso desberdina da. Irlako jendeak zaldi gehiago nahi baldin baditu, aukerak ez dira horrenbeste. Beraz, hemengo zaldiak haien artean egoten dira zalditxoak edukitzen, eta DNAn nahasketa faltaren ondorioz, malformazioak edo bestelako gaixotasunak izaten dituzte. Horretaz gain, Kanarietako klimatologiak ere eragina du: irlak bolkanikoak dira, eguzkiak gogor jotzen du, hauts asko dago, eta zaldientzako mingarria da. Melanomak ere izan ohi dituzte (azaleko minbizia), eta bisualki, ez da erraza haien egoera ikustea: ilea galtzen dute, zauriak izaten dituzte gorputzean eta begietan, lakrimalean odola pilatzen zaie…
Halere, komunitatean ez duzue zaldiekin bakarrik lan egiten.
Ez. Egia da zaldiak direla denbora zein diru aldetik zatirik handiena hartzen dutenak, baina beste hainbat animaliari ere laguntzen diegu: txakurrak, katuak, astoak, txitak… Zaldien kasuan, asko enfokatu behar da lana, albaitaria behar izaten baitute, medikamentu asko hartu eta uneoro zainduta egon. Lan gehiena haiekin egiten dugu. Baina animaliekin egiten dugunaz gain, komunitate hau askoz gehiago ere bada. Kideak oso kontzientziatuta daude ekonomia zirkularraren ideiarekin, bizimodu ekologiko eta jasangarriagoaren alde egiteko eta gizartean dugun inpaktua gutxitzeko. Ingurunearekin modu ez hain destruktiboan bizitzean oinarritzen da komunitatea.

// Utzitakoa
400 animalia inguru eta bertan bizi diren 50 boluntario dituzue, gutxi gorabehera, komunitatean. Nola antolatzen duzue eguneroko lana?
Norberak bere betebeharra dauka. Batzuek gosaria eta bazkaria egiten dute guztientzako; beste batzuek animaliak gordetzeko zein boluntarioentzako eraikuntzak egiten dituzte (biologikoak, ekologikoak eta material birzkiklatuekin); eta baude energia ekoiztearekin lotutako kontuen ardura dutenak ere. Komunitatea autosufizientea da, beregaina, eta guk geuk produzitzen dugu behar dugun energia eta elektrizitate guztia. Eguzki-panelak ditugu, eta konpostarekin ongarria ere egiten dugu. Irlako bi supermerkaturen soberakinekin baino ez dugu lortzen 400 animalia eta 50 boluntario baino gehiagorentzako janaria, eta, halere, guk ere soberakinak izaten ditugu jasotzen dugunarekin. Boluntario talde bat soberakin horiek poltsetan bildu eta behar dituzten pertsona eta familiei emateaz arduratzen da.
Laguntza soziala ere eskaintzen duzue, orduan.
Hori da. Inguruetan badago etxerik ez daukan jendea ere, eta guregana etortzen da. Finkatik oso hurbil bizi diren pertsonak dira, inguruko kobazuloetan edo hondartzetan bizi direnak, elektrizitaterik gabe, urik gabe eta argirik gabe. Horretaz gain, badago finkaren inguruan karabanetan aparkatuta bizi den jendea, komunitatean hilabete batzuk igaro, eta karabanetara bueltatzen direnak berriro. Haiek erabakitzen dute horrela bizitzea, baina komunitatean laguntzearen truke, nahi beste janari eta ur daukate hemen, dutxatu egin daitezke… Joan etorriekin, boluntarioen kopurua beti da aldakorra: batzuk hilabete bakarra gelditzen dira; beste batzuk, urteak.

// Utzitakoa
Zuk hiru hilabete daramatzazu komunitatean. Zergatik erabaki zenuen horra joatea?
Nik Ingeniaritza Industriala ikasi nuen, eta master bat egin ondoren, irailean, Cambridge-ko [Ingalaterra] enpresa batean hasiko naiz lanean. Baina hara joan ahal izateko, bisa lortu arte itxaroten egon naiz, eta tarte horretan zerbait egin nahi nuen. Interneteko orri batean aurkitu nuen komunitatea, eta haiekin hitz egin nuen. Normalean, boluntariotza egiteko ordaindu egin behar izaten da (eta nahiko garestia da), baina Tenerifekoa doakoa da. Gainera, boluntariotza hau ez dago gauza konkretu bakar batean zentratuta, komunitate bat da, eta oso soziala da. Beraz, hasieratik gustatu zitzaidan. Eta, egia esan, orduan pentsatu nuena baino askoz politagoa da hemen bizitzea: denek egiten dute zerbait gainontzekoentzako, egunero, eta hori oso eskuzabala da.
Ez duzu hemengo erraztasunen falta sumatzen?
Egia esan, ez. Zorua hautsa da, ez dago elektrizitaterik beti (soilik eguzki plakak dauden tokietan dago argia), ez daukazu nahi duzun beste ur… Ez da erosoa. Adibide bat jartzearren, arropa garbitzeko garbigailu bat daukagu, donazio gisa jaso duguna, baina martxan jartzeko, bizikleta bateko pedalei eragin behar diezu. Hemen bizitzea ez da erosoa, ezta erraza ere, baina komunitateak ematen dizuna izugarria da. Imaginatu ere ezin duzu egin. Ni oso erosoa nintzen lehen: duela hiru urte ez nuke pentsatu ere egingo horrela bizi ahalko nintzatekeenik, baina hemen behar duzun guztia aurkitu dezakezula ohartu naiz.

// Utzitakoa
Hor ikusten duzu zure etorkizuna?
Ez dut uste. Ez da denbora luzez bizi zaitezkeen leku bat. Gure gizarteak ez du horrela funtzionatzen, eta bertan bizi nahi baduzu, errealitatetik kanpo gelditzen zara. Baina uste dut polita dela denboraldi bat bertan pasatzea, eta hor ikasitakoa zure eguneroko bizimodura ekartzea. Komunitatean konturatzen zara, adibidez, egunerokoan zenbat janari botatzen dugun, zenbat kontsumitzen dugun beharrizanik gabe. Gutxiagorekin bizitzea kontzeptu bezala hartu eta gure eguneroko gizartera ekarri eta moldatu dezakegu. Gutxirekin, oso ondo bizi gaitezke: ezer faltan sentitu gabe.
☉ Arrigorriaga
Gabonetarako egitarau oparoa prestatu dute Arrigorriagan
Beste programazio guztiarekin batera, ez dira urteroko hitz ordu berezienak ahaztu behar: abenduaren 24ko Olentzero eta Maridomingiren kalejira eta urtarrilaren 5eko Epifania

Aurreko urteetan bezala, hiru gune nagusitan banatu dute Arrigorriagako Udalak herriko elkarte ezberdinekin landu duen Gabonetako programazioa: herrigunea, Abusu, eta Gaztegunea. Antolatzaileek azaldu dute “urteroko Olentzero eta Maridomingiren jaia eta umeen parkeaz gain, egitaraua hainbat ekintzaz beteta” egongo dela.
Zentzu horretan, gune bakoitzean nagusi izango diren ekintzak zehaztu dituzte: ” herrigunean umeentzako ikuskizunak eta filmak nagusituko dira: Anbotoko Mari ikuskizuna edo “Koko dragoi txikia” eta “Pan: Sekula betirako bidaia” pelikulak, esaterako. Gazteentzako look-tailerrak eta helduentzako ekimenak ere izango dira: “Ez erran inori” Maddi Ane Txoperenaren liburuaren aurkezpena, “As bestas” pelikularen proiekzioa edo “Zapatos rotos” antzezlana, besteak beste”.
Abusun eta Gaztegunean ere programazio oparoa
☉ Arrigorriaga
Sorpresaz eta berritasunez beteta dator aurtengo Umorea Labur jaialdia
Hainbat nobedade izango ditu Lonbo Aretoa kar-kar, ja-ja eta ha-haz beteko duen festibalak, “filosofia aldaketa bat” gauzatu baitute, antolatzaileen arabera

Abenduaren 11n hasi eta 16an bukatuko da Humor en Corto – Umorea Labur jaialdiaren 22. edizioa. Aitor Arenas zuzendariak aurkezpenean adierazi bezala, “beterano hau ardo ona bezalakoa da, denborarekin hobera egiten duena!”
Hobekuntza horren seinale da urtero formatua berritu eta indartzeko egiten duten apustu sendoa. Aurten ere, hainbat nobedade izango ditu Lonbo Aretoa KAR-KAR, JA-JA eta HA-HAz beteko duen festibalak, “filosofia aldaketa bat” gauzatu baitute, antolatzaileen arabera.
Horiek izango baitira, -eta horra lehen nobebadea-, aurtengo edizioko hiru kategoria nagusiak: KAR-KAR (Euskal Herriko laburmetraientzat), JA-JA (estatu mailakoentzat), eta lehen aldiz “Umore Labur” nazioarteko festibala bilakatuko duen HA-HA kategoria, nazioarteko filmentzat. Guztira 300dik gora film jaso dituzte, eta 44 aukeratu.
Atal Ofizialean Goya 2024 sarietarako izendatuta dauden film laburrak nabarmendu dituzte antolatzaileek.
Tokikoari garrantzia ematen dakien festibala izaki, Arrigorriaga edo Hego Uribeko sortzaileek euren erakusleihoa izango dute #Nosolopaja atalean.
Nazioarteari erreparatuz gero, eta Napoliko NaNo festibalarekin elkarlanean, Italiako umoreaz gozatzeko aukera izango dute Lonbora hurbiltzen direnek.
Sariei dagokienez, eskola eta institutuko gazteek epaile gisa arituko dira beste urtebetez, IRRIbarri eta Saria Gazte programen bitartez.
Bestetik, Umorea Labur-ek herrian duen ikusgarritasuna handitu nahi izan du, bere magia eta talentua txoko askotara barreiatuaz, eta JaJam Sessions izeneko saioak prestatu dituzte herriko hainbat tokitan: Javi Chueca eta Ekain Bilbaoren edo Tamara Lucariniren tokiko emanaldiak, edo Gemma Martínez, Los Retumbes eta Brusko & Suze eta Lonami Pintxito DJak.
Berrikuntzekin bukatzeko, Umorea Lab sortu dute, “giro onaren inkubagailua”, antolatzaileen arabera. Lehen edizio honetarako hainbat mahai-inguru eta masterclass antolatu dituzte industrian adituak direnekin: monologistak, telesailetako gidoilariak, soinu-banda komikoen sortzaileak edo film laburren erosleak.
Urtero bezala, hasiera eta bukaerako galek emango dute zeresana, Iñigo Salinero eta Lander Otaolaren eskutik. Bertan, 7.000 €-tik gorako sariak banatu, film labur irabazleak proiektatu eta Maribel Salas komediako aktore euskaldunari omenaldia egingo diote.
☉ Arrigorriaga
Arrigorriagako Berdintasun Kontseiluan parte hartzeko gonbidapena luzatu diete herritarrei

Arrigorriagako Berdintasun Kontseilua urtero biziberritzen doan organoa da, hiru helburu edo eginkizun nagusi dituena: berdintasunaren alde lan egitea, berdintasun politika publikoen inguruan eztabaidatzea eta udal gaien inguruan erabakiak hartzea, hurrenez hurren. Urtean lau bilera egiten dituzte, hiru irizpide hauen arabera.
Kontseilu berrituaren lehen bilera datorren abenduaren 12an izango da, 18:30ean Lamiaenan, eta Kontseilutik bertan parte hartzeko gonbidapena luzatu zaie herritarrei. Horretarako, beharrezkoa izango Abusu edo herriguneko HAZ-ean izena ematea, edo lehen bileran bertan egitea tramitea.
☉ Arrigorriaga
Auzoak, Hirigintza eta Gizarte Ekintza izango dute ardatz Arrigorriagako 2024rako aurrekontuek
Udal gobernuaren asmoa da aurrekontuak abenduko osoko bilkuran onartzea

EH Bilduk, NOAk eta Arrigorriaga Garak osatzen duten Udal Gobernuak abenduko osoko bilkuran onartu nahi ditu 2024rako aurrekontuak, eta oposizioaren “ekarpenen zai” daudela adierazi dute udal ordezkariek.
Aurreko legealdian ez bezala, baina, gehiengo osoa dute, eta ez lukete oposizioko alderdien beharrik kontuak aurrera eramateko.
16.064.210,21 euroko aurrekontua izango da, eta aurreikusten diren inbertsiorik handienak auzoetan, hirigintzan eta gizarte-ekintzara bideratutakoak dira.
Aipatu dituzten proiektuetariko batzuk honako hauek dira: Ollargan auzoa urbanizatzea, udal kiroldegi berria eraikitzeko beharrezkoa den proiektu-lehiaketa egitea, Auzotaxi zerbitzurako zuzkidura edo eskolan inbertsioak egitea.
“Pertsonen bizitzak udal politikaren erdigunean jartzeko konpromisoa” berretsi nahi du udal gobernuak aurrekontu proposamen honekin, eta horregatik gizarte politiketan hainbat berrikuntza planteatzen dituzte; etxez etxeko laguntza zerbitzura bideratutako partida handitzea adinekoentzako edo mendekotasuna dutenentzako zerbitzuaren kalitatea bermatzeko eta hobetzeko; partida berri bat, mendekotasunaren lehen fasean daudenentzako Eguneko Zentroaren zerbitzu berriari aurre egiteko; ZAINDUZ programara bideratutako diru-kopurua handitzea, zaintzaileak zaintzeko erronkari erantzunez; eta gazteei laguntza psikologikoa emateko partida.
Maite Ibarra alkatearen hitzetan “2023-2027 gobernu planarekin koherenteak diren aurrekontu kilikagarri eta arduratsuak” dira, eta “ingurumenarekiko erronkak, auzoak eta egoera zaurgarrietan daudenak babestea” dute helburu.
☉ Arrigorriaga
Osakidetzak Arrigorriagako Osasun Zentroa birmoldatuko du, Udalarekin eraikin berriaren kokalekua bilatzen duen bitartean
Obrek iraun bitartean jarduera osasun-zentroaren atzealdean instalatutako 8 moduluetan egingo da

Osakidetzak oharra kaleratu du Arrigorriagako Osasun-Zentroa birmoldatuko duela esateko, udalarekin batera eraikin berriaren kokalekua bilatzen duen bitartean. Bai udaletik zein langile eta erabiltzaileen aldetik askotan salatu izan da egungo eraikinaren egoera, irisgarritasun arazoei eta instalazioen zaharkitzeari dagokionez. Orain dela hilabete, kasurako, sabaiaren zati bat erori zen.
Azken hilabeteetan hainbat bilera egin dituzte udal ordezkariek eta Osakidetzako arduradunek, azkena joan den astean, eta bide horretan pauso erabakigarria da honako hau.
Osakidetzako arduradunek adierazi dutenaren arabera “eraberritze-lanak zenbait fasetan egingo dira, udalerriko herritarrei une oro osasun-arreta bermatze aldera”.
Obrek iraun bitartean, “obren eraginpean dagoen jarduera osasun-zentroaren atzealdean instalatutako 8 moduluetan egingo da” borobildu dute.
Egingo diren jarduketen artean “sabaia eta estalkia birmoldatuko dira eta eraikinaren zurezko egituraren ondoriozko, batez ere, egiturazko kalteak konponduko dira”.
“Eraberritze-lanekin batera”, zehaztu dute, “Osakidetza eta Arrigorriagako Udala etorkizuneko anbulatorioa eraikitzeko beste kokaleku bat zehazteko lanean ari dira. Garai berrietara egokituko den zentro berri horrek udalerriko herritarren egungo premiak beteko ditu”.