→Arrigorriaga

Aitor Paredes Athleticeko jokalariak bisita egin die Arrigorriagako Etorkizun taldeko haurrei

“Zuek ere, ondo pasatu, entrenatzaileari kasu egin eta futbolaz gozatzen baduzue, nik bezala zortea izan eta, egunen batean, Athleticen jokatzera hel zaitezkete”.

Aitor Paredes Athleticeko jokalaria, Etorkizun F.E. taldeari egindako bisitan // Athletic Club

Aitor Paredes arrigorriagarra sei urterekin hasi zen futbolean jokatzen, eta herriko Etorkizun F.E. taldean eman zituen bere lehen pausoak. Paredesek abuztuan egin zuen debuta Athleticeko Lehen Taldearekin, eta bere esperientzia kontatu eta haurtzaroko klubari eskerrak emateko, Etorkizun taldeko umeak ezagutzera hurbildu da.

“Hemen jokatzen nuela hasi nintzen futbolaz gozatzen”, azaldu du Paredesek egindako bisitan. Oroitzapenen artean, bereziki, hastapenetan Arrigorriagan egindako entrenamenduez eta jokatutako partidez oroitzen dela esan du, eta futbolean lehen pausoak ematen ari diren herriko haurrei aholkuak eman dizkie: “Zuek ere, ondo pasatu, entrenatzaileari kasu egin eta futbolaz gozatzen baduzue, nik bezala zortea izan eta, egunen batean, Athleticen jokatzera hel zaitezkete”.

Etorkizun taldeko arduradunek gogoz eskertu dute Paredesek taldeari egindako bisita. Jokalariak hasieratik erakutsitako umiltasuna eta egindako lan gogorra harro egoteko modukoa dela nabarmendu dute, eta 38 urteko historia duen herriko taldearentzako, jokalaria lehoiekin jokatzen ikustea ohorea eta poztasun izugarria dela onartu dute.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak