Sareak
[the_ad_group id="3890"]

☉ Arrigorriaga

Ane Romero: «Gure ingurua uste duguna baino hurbilago dago errealitate viktoriarretik»

‘Garaiko emakumea izatea gustatuko litzaizuke’ hitzaldia eskainiko du Lamiaena Emakumeen etxean artearen historialari arrigorriagarrak. Artearen dibulgazio hurbileko eta eguneratu bat aldarrikatzen du, elitismotik aldenduz

|

Urtarrilaren 19an eskainiko du hitzaldia Ane Romerok // Geuria

[2024ko urtarrilaren 11n argitaratutako elkarrizketa – Geuria 103] Honako honetan artea, ohiko ingurunetik kanpo, museoetatik eta erakusketetatik at, hurbildu zaigu. Ane Romero Alonso artearen historialariak bere ikerketaren ateak zabaldu dizkigu, Erresuma Batuko Victoria erreginaren garaira bidaiatzeko aukera eskainiz. Hogeita bi urteko Arrigorriagako gazteak Euskal Herriko Unibertsitateko Artearen Historia gradua amaitu zuen iragan urtean eta gaur egun irakasle izateko masterra burutzen ari da. Ezohiko borroka bat irabaztea dauka helburutzat: Artearen dibulgazio hurbileko eta eguneratu bat egitea instituzio elitista eta arrotzen alternatiba gisa. Anek gogorarazi digu iragana ahaztua eta gainditua sentitu arren, gure etxearen hormen barnean bizirik dagoela oraindik.

Nola bururatu zitzaizun Victoriar garaiarekin erlazionatutako gai bat ikertzea?
Gradu Amaierako Lana egiteko momentuan, Artearen Historiako karreran zehar landutako gaiei begiratzen nien eta ez neukan oso argi zer egin. Nire ikaskide gehienek Erdi Aroarekin edo arte modernoarekin erlazionatutako gai bat aukeratu zuten eta ezerk ez ninduen konbentzitzen. Une horretan oso modan zegoen telesail bat ikusten ari nintzen, ‘Bridgerton’ deitzen zena, eta telesailaren eszenografia, jantziak eta jarrerak oso deigarriak iruditu zitzaizkidan. Orduan erabaki nuen arreta eman zidan gai hori hartuta, nahiz eta telesaileko istorioa Britainiar Erregealdikoa izan, Victoriar aroan zentratutako GRAL bat egitea.

Nire tutorearen laguntzarekin, telesailean ikusten zen istorio idealizatu eta zoriontsu hori erreala zen edo gaur egunean sortutako produktu bat zen aztertu nuen. Arkitekturan espazio ezberdinek zuten definizioan eta funtzioan zentratu nintzen, beti ere genero-rolei atxikitua zegoena.

Lan horren bitartez eman zenion amaiera Artearen Historiako graduari. Zein da orain zure etorkizunerako helburua?
Nire etorkizuna, hurbila behintzat, atzerrian ikusten dut, lanean edo ikasten baina artearen munduarekin eta bereziki dibulgazioarekin erlazionatutako zerbaitetan. Artearen ezagutza, nire ikuspuntutik, galtzen ari da, publiko gaztearengan batez ere. Museoek eta arte instituzio elitistek asko zailtzen dute artea hurbilekoa eta erakargarria den zerbait bezala ikustea. Arte plataforma eta erakundea atzeratuta daude eta, gainera, urrunekoak eta garestiak dira. Nire helburua horri aurre egitea da eta Artea modu erakargarri eta eguneratu batean transmititzea, gaur egungo objektu eta errealitatearekin erlazionatuz.

“Familia viktoriarraren proiekzio sozial horren baitan, emakumea erakusleiho hutsa zen”

Helburu hori lortzeko lehen pausoa eman duzu Arrigorriagan bertan.
Bai. Egia esan, lagun baten ideia izan zen gure herrian gai honi buruzko hitzaldi bat egiteko aukera izan nezakeela. Hasieran ezinezkoa iruditu zitzaidan, baina elkarrizketak jakin-mina piztu zidan eta udaletxera joan nintzen nire proposamenarekin. Gaia emakumearen rolarekin erlazionatuta zegoela jakin bezain laster Lamiaena Emakumeen Etxera bidali ninduten eta beraiei aukera paregabea iruditu zitzaien. Hasiera batean beldurtu egin nintzen, baina orain prest nago nik batutako informazioa eta artearen inguruan egindako hausnarketak jende aurrean aurkezteko.

Viktoriar aroa urrunekoa egiten zaigu zentzu askotan. Nola definituko zenuke?
Viktoriar garaia Erresuma Batuko aro historiko bat da, Viktoria erreginaren tronuratzearekin hasi zena XIX.mendean. Artearen eta literaturaren arloan ere eragin handia izan zuen. Testuinguru historiko oso korapilatsua zen, Inperio Britaniarra hedapen prozesuan zegoen eta aberastasun handia egon arren, oso modu desorekatu batean banatuta zegoen. Herri xehea oso pobrea zen eta erdi eta goi-mailako burgesia, berriz, bere posizio soziala finkatzear zegoen. Burgesiaren helburua, familiaren estatusa erakutsi eta mantentzeko, aberastasuna erakustea zen. Erakusleiho hori osatzen zuten haien etxeek, emakumeen janzkerak eta genero-rolek mugatutako jarrerak. Besteak beste, Viktoriar garaia hipokrisia handiak ezaugarritzen zuen.

Gizartearen izaera etxebizitzetan islatzen zela azaldu duzu.
Bai. Esan dudan bezala, itxurakeria handiko unea zen eta irudi jakin bat mantentzeko behar hori etxe burgesaren egituraketan bertan ikus daiteke. Gaur egungo etxeetan bezala, espazio pribatuak eta publikoak zeuden etxebizitzaren barnean. Espazio horiek genero-rolen arabera ere banatzen ziren, emakumeen eta gizonen artean, eta gela horietan zegoen dekorazioak eta bertan izan beharreko jarrerak eta elkarrizketak rol zurrun horietara mugatzen ziren. Gizonen ‘billiard room’ deitutako gelaren konfigurazioa oso maskulinoa zen eta gai serio eta intelektualez hitz egiten zuten bertan, emakumeek hori debekatuta zuten bitartean. Ideia hauek gaur egun atzeratuak iruditzen zaizkigu, baina gure etxeen egituraketak ere lekuko testuinguru historikoan eta egunerokoan errotuta dauden genero-roletan du jatorria. Beraz, gure ingurua uste duguna baino hurbilago dago, zentzu batzuetan behintzat, errealitate viktoriarretik.

Zein alderditan ikusten duzu posible paralelismo hori egitea eguneko gizartearen eta viktoriarraren artean?
Lehenik eta behin kontuan eduki behar dugu XIX. mendea oso ezberdina izan zela Erresuma Batuan eta hemen, Euskal Herrian, batez ere aberastasunaren aldetik. Beraz, gure testuinguru historikoak zentzu handi batean baldintzatzen du gaur egungo errealitatea. Hala ere, ez da ezinezkoa viktoriar gizartearen eta egungoaren arteko alderaketa egitea, XIX. mendean ere gizarte horren eragina ikusten baitzen hemen, dekorazio elementuetan, jantzietan etab. Beraz, alderaketa egin daiteke, baina beti ere leku bakoitzeko testuingurua kontuan hartuta.

Zein elementu arkitektonikotan ikus daiteke gure testuinguruaren eragina?
Garai viktoriarreko gelen egituraketak eta apainketak bere barnean bete beharko litzatekeen funtzioa adierazten dute, gaur egun bezala. Esaterako, bulegoak espazio serio eta orokorrean tradizionalki maskulinoak izaten dira, nahiz eta gizonei lotuta ez egon garai viktoriarrean bezala. Viktoria erreginaren garaian egongela bilerak egiteko lekua zen eta baita familiako kokapen soziala erakusteko lekua ere.Garai hartako portzelana txinatarrak eta koadro garestiak familiak oporretan egindako argazkiek eta telebista garesti batek ordezkatzen dituzte gaur egun. Genero-rolek ere oraindik eragina dute gure etxearen konfigurazioan, seme-alabak edukitzeko unean haien sexuak zehazten baitu umearen gelako paretaren kolorea.

Nolabait ere aurretik aipatu duzun hipokrisia horrekin lotuta dago egungo etxea.
Bai, hori da, berdin dio zein den gure egoera; gure etxea eta familia perfektu bezala erakusten ditugu. Itxurakeria hori kontzeptu bezala mantentzen da oraindik. Garai viktoriarrean burgesiaren etxeak zerbitzariek garbitzen zituzten eta orduan zikinkeria etxearen nukleo publikotik at geratzen zen, pobrezia hori existitzen bazen ez zuen inork ikusten. Proiekzio soziala mantentzeko aukera bakarra aberatsa izatearen irudiari eustea zen. Egun ere, begi publikoaren aurrean etxearen ordena eta garbitasuna mantentzea ezinbestekoa da eta emakumeari lotutako lana da kasu askotan.

Emakumea nolabait etxearen eta familia burgesaren apainketarako elementu bihurtzen da.
Bai, bereziki familia viktoriarraren proiekzio sozial horren baitan, emakumea erakusleiho hutsa zen. Haien funtzioa, jaiotzen ziren unetik, etorkizun batean emazte egokia izatea zen eta gizonaren nahiak betetzea. Zama hori erabili behar zituzten jantzietan islatzen zen. Estruktura oso pisutsu eta konplexuak ziren, geruza asko zituzten eta barneko egitura egurrez edo metalez eginda zegoen. Honek, kortsearekin batera, gizarteak desiratzen zuen gerri estuko eta sorbalda eta aldaka zabaleko gorputza sortzen zuen. Estandar hauek bete behar izateak, egun osoan zehar mantendu beharreko egonezina eta osasun arazoak eragiten zituen emakume gazteengan.

Gaur egungo gizartean uste duzu janzteko orduan arauak daudela?
Bai. Esaterako, lan elkarrizketetara joateko aukeratzen dugun arropa modu jakin batekoa da normalean. Gure burua pertsona serio eta elegante gisa aurkeztu nahi dugu eta hori arropa neutroak, patroi zehatzak eta ilunak aukeratuz egiten dugu. Guztiz barneratuta ditugun kontzeptuak direnez ez gara konturatzen, baina estetika maskulino bat hautatzen dugu era inkontziente batean lana gizonaren irudiarekin lotzen dugulako. Ekitaldi edo festa berezietan ere gure arroparik politena edo dotoreena eramatea da ohikoena.

Testuingurura moldatzen dugu gure itxura. Emakumearen kasuan hau askoz agerikoagoa da, gure gorputzen eta jarreraren inguruko neurriak askoz zorrotzagoak eta ugariagoak baitira.

Emakumearen gorputzaren eta irudiaren inguruan neurriak jartzeko ohitura ez da aldatu.
Bai, argi dago gizonen itxuraren eta jarreraren inguruan ez dela hainbeste hitz egiten. Hau viktoriar gizartean orain baino nabariagoa zen. Neurri horiek guztiak ezagutarazten zituzten moda aldizkari gehienak emakumeei bideratuta zeuden. Xehetasun guztiak zehazten zituzten: zenbat geruza eraman behar ziren, ponposoagoak edo xumeagoak, lazoen eta eskotearen forma, kapela eramateko modua etab. Emakumea ezarritako estereotipoen barnean sarraraztea zen helburua, gizonen gustukoa izan eta senarra aurkitu ahal izateko. Gaur egun ere, moda emakumeoi zuzendua dago bereziki, dendetan eta aldizkarietan gugan jartzen dute arreta, gu gara perfektuk izan behar garenak.

Egunerokotasunarekin egindako konexio horiek guztiak ikusita, artea hausnarketa honetan ezinbestekoa dela uste duzu?
Bai, artearen mundua, aurretik esan dudan bezala, oso ezezaguna da, ez da irakasten. Oso materia zabala da, historikoki eta sozialki asko irakatsi digu eta modu anitzetan aberastu du gure ezagutza. Galdutako dokumentu historiko ugariren edukia berreskuratzea lortu dugu artearen bitartez, eta berrinterpretaziorako baliabide paregabea da. Ezinbesteko da dugun tresna hau kontserbatzea eta, batez ere, aintzat hartzea. Ez da beharrezkoa artea atsegin izatea, nik ere artearen historialari gisa nire gustuak ditut. Arte garaikidea, adibidez, ez zait asko gustatzen, baina bere ezaugarriak eta elementu horien jatorria eta izateko arrazoia ulertzeak espresio hori balioestea eragin du. Artearen barruan gustuak izatea zilegi da, baina, hala ere, baloratzen eta errespetatzen ikasi behar da.

Nola lortu zenuen zuk artearen ulermen hori?
Txikia nintzenean eta gurasoekin museoetara nindoanean, ume askori bezala, ez zitzaidan artea gustatzen. Baina batxilergoan nengoela artearen historiako hautazkoa hartu nuenean jakin-min handia sortu zidaten artearen zergatiek, adierazpenen atzeko motibazioek. Nire esaldirik gogokoena hauxe: jakin-nahia izanez gero, gogoa ez da falta. Nire buruari galdetzen nion gauzak nolakoak ziren eta zein zen haien jatorria. Galderak egiteko grina hori da gakoa. Argi eduki behar dena da artearen garrantzia, beste materia batzuetara estrapolatu daitekeen arren, espresio libre bat dela. Ez da kontzeptu instituzionalizatu eta zurrun bat edo espazioan zintzilik dagoen izate ukiezin bat.

Artea ez dago soilik pertsona intelektual eta aspergarrien eskuetan, bizitza berrulertzeko modu bat da. Artea ez da soilik ikusten den gauza bat, bakoitzak sortu dezakeen zerbait baizik.

Zure ustez nola landu daiteke artearekiko lotura?
Txikitan asko esplotatzen dugu sormena eta nagusitu ahala alde batera uzten dugu askotan gure izaera artistiko hori. Arte plastikoez at mundu handi eta zabal bat dago eta lehen pausua zure burua aske uztea da alde horrekin berriro konektatu ahal izateko. Kaletik ibiltzean, zure herrian bada ere, inguruko eraikinak eta artea ikustea ere badugu. Jakin-mina sortzen digunaren inguruan ikertu eta horrela burua esna eta mugimenduan mantentzeko. Ezin dugu ahaztu gure kultura mantentzeko pertsona askok bizia eman dutela. Kultura jakinduria da bai, baina sentimenduak ere badira eta hauek artean daukate adierazpenik argiena. Gure buruari egindako galderei erantzuna ematea da eman dezakedan aholkurik onena.

Hausnarketa luze honen ostean, “Bridgerton”-eko neska bat izatea gustatuko litzaizuke?
Ez, nik ez dut ezta errealdiko ezta garai viktoriarreko emakume bat izan nahi. Telesailaren idealizazio horren atzea errealitate gupidabe eta arrotz bat ezkutatzen da. Burgesen bizitza gutxi batzuena baino ez zen, biztanleriaren gehiengoa herri xeheak osatzen zuen. Mozorro bezala ondo dago, baina seguruenik inori ez litzaioke gustatuko garaiko emakumea izatea. Urtarrilaren 19ko hitzaldian murgilduko gara galdera horretan, baina oso bizitza nekagarria zela uste dut nik, fisikoki eta mentalki exijentea. 

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagako gazteek Logo lehiaketa abiarazi dute kamisetak egiteko

Fondorik gabeko logotipoa PNG edo JPG formatuan bidali beharko dute parte-hartzaileek otsailaren 23a baino lehen

|

Pertsona bat, diseinatzen // Kelly Sikkema, Unsplash

Arrigorriagako gazteek logo lehiaketa ipini dute martxan kamisetak sortzeko.

Bertan parte hartu nahi duten interesdunek ‘Arrigo’ edo ‘Arrigorriaga’ hitza daukan diseinua bidali beharko dute arrigorriagakogazteak@gmail.com helbide elektronikora.

Fondorik gabeko logotipoa PNG edo JPG formatuan bidali beharko dute parte-hartzaileek otsailaren 23a baino lehen: “Lehiaketan parte hartuko dutenak herrikoak izan behar dira eta irabazleak 50 euroko saria eta bere logoa inprimatua duen kamiseta jasoko du”, azaldu dute antolaketa taldetik.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Zainduz udal programa ostegunetan eskainiko dute Arrigorriagan aurten

Iaz 91 herritarrek hartu zuten parte Zainduz programan (75 emakume eta 16 gizonek), 2023an baino zortzi pertsona gehiago

|

Adineko bikote bat // Jack Finnigan, Unsplash

Arrigorriagako Udalak Zainduz programa abiaraziko du beste urte batez herrian. Ekimen honek tailerrak eta prestakuntzak, zaintzaileentzako laguntza psikologikoko taldeak edo aholkularitza-zerbitzuak eskaintzen dizkie menpekotasuna edota ezgaitasunen bat duten familia-inguruneei.

Udaleko datuen arabera, 2024an 91 herritarrek hartu zuten parte (75 emakume eta 16 gizonek), 2023an baino zortzi pertsona gehiago. 2025ari begira, eta berritasunei dagokienez programa ostegunetan eskainiko dute, eta lehendik zeuden zerbitzuak mantenduko dituztela azaldu dute udal ordezkariek.

“Gainera, programa indartzea erabaki du, laguntza psikologikoko banakako saioak ugarituz; gainera, laguntza-taldeen zerbitzua asterokoa izango da”, gehitu dute.

Horrez gain, aurreko urtean bezala, tailerretako bat Abusu auzoan eskainiko dute.

Hiru ardatz

Programak hiru ardatz ditu: mendekotasuna duten pertsonen eta, oro har, herritarren autonomia pertsonala sustatzea; zaintzaileei prestakuntza eta informazioa eskaintzea; eta zaintzaileen ongizate emozionala eta psikologikoa bultzatzea.

Gauzak horrela, Zainduz-ek bost zerbitzu mota eskaintzen ditu: aholkularitza, prestakuntza, laguntza taldea, bnakako saioak eta adinekoentzako tailerrak.

“Behar gehien dituztenei eskaintzen zaizkien udal-baliabideak handitzeko konpromisoari eusten jarraitzen dugu eta horretan dihardugu, zerbitzu publikoak handitzen eta duintzen. Gure ustez, Arrigorriagako herritarren bizitzak erdigunean jartzeko beste neurri bat da. Zaintzaileak zaintzea ere ezinbestekoa delako”, azaldu du Joana Etxeberria Politika Feminista eta Gizarte Ekintza zinegotziak.

Informazioa handitu nahi dutenek 634 633 882 telefono zenbakia ahalbidetu dute Arrigorriagako Udaletik. Aurrez aurre elkartzeko aukera ere badago, Gizarte Zerbitzuetako bulegoan, Urgoiti Pasealekuko 55-1 zenbakian.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Gazte Foroak udal erabakietan parte-hartzeko aukera emango die Arrigorriagako gazteei

Lehenengo bilera urtarrilaren 27an antolatu dute, 17:30ean, Arrigorriagako Gaztegunean

|

Gazteak // Etienne Girardet, Unsplash

Arrigorriagako Udalak martxan jarriko du Gazte Foroa, 16 eta 35 urte bitarteko gazteek udalerabakietan parte-hartzeko ekimena.

“Arrigorriagako Udalak Gazte Foroa abiatuko du, herriko gazteek aukera izan dezaten udal- erabakietan aktiboki parte hartzeko, bai gazteriari eragiten dizkioten gaien inguruan, bai herriari eta gainerako herritarrei eragiten dizkiotenen inguruan”, azaldu dute Udaletik.

Lehenengo bilera urtarrilaren 27an antolatu dute, 17:30ean, Arrigorriagako Gaztegunean. Bertan 16 eta 35 urte bitarteko herritarrek hartu ahalko dute parte.

Helburua 16 eta 35 urte bitarteko gazteentzako parte-hartzerako espazioa sortzea da: proposamenak egin, iritziak trukatu, ekarpenak egin, elkarren artean eztabaidatu…, eta, horrela, elkarrekin gazteentzat eta gure herriarentzat onena dena erabakitzeko”.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Prentsa espezializatuaren Iris Saria jaso du Aitor Albizua arrigorriagarrak aurkeztutako Cifras y Letras programak

Azken 17 urteetan gaualdean La2 katean daturik onenak lortu ditu Aitorrek Cifras y Letras programarekin

|

Aitor Albizua // Ikus-entzunezko Zientzien eta Arteen Akademia

Joan den urtarrilaren 13an Iris Sariak banatu zituen Telebista eta Ikus-entzunezko Zientzien eta Arteen Akademiak. Bertan Aitor Albizua arrigorriagarrak zuzendutako ‘Cifras y Letras’ programak Prentsa Espezializatuaren saria jaso zuen eta GEURIA arrigorriagarrarekin berba egin du.

“Sari hau jasotzea oso berezia izan da bai niretzat, bai talde guztiarentzat”, azaldu du Albizuak. “Kazetarien partetik jasotzeagatik, alde batetik, eta programan urtebete egindako lanarekin kointziditzeagatik, bestetik. Eskertzen da eta oso garrantzitsua da guretzat”.

Sariaz harago, Aitorrek azken urte honetan lantaldearekin egindako lorpena azpimarratu du: “Jendearen egunerokotasunean sartu gara: astelehenetik ostiralera jende askok afal orduan edo ohera joan baino lehen ikusi du gure saioa. Datuen aldetik, azken 17 urteetan ordu tarte horretan eta La2 katean daturik onenak lortu ditugu. Hori era honetako proiektu txiki batekin lortzea (kultura, dibulgazioa…) benetan berezia izan da”.

Cifras y Letraseko lantaldea // Ikus-entzunezko Zientzien eta Arteen Akademia

Izan ere, TVEra itzuli eta ia urtebetera, ‘Cifras y letras’ La2ren arrakasta handienetako bat da. Arrigorriagakoak aurkezten duen lehiaketak % 5,4ko audientzia eta 710.000 ikusle lortu zituen iazko abenduaren erdialdean, Kantar Mediako datuen arabera.

Aitor Albizua: “Azken 17 urteetan ordu tarte horretan eta La2 katean daturik onenak lortu ditugu Cifras y Letras programarekin”

Arrigorriagakoak espero du sari honek programaren norabide hori jarraitzea: “Espero dugu hau hasiera bat izatea. Oso eskertuta eta pozik gaude!”.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagako Gure Magaleanek eski irteera antolatu du Jakara Padurarekin

Izena emateko azken eguna otsailaren 12a izango da eta 42 lagunentzako lekua egongo dela iragarri dute

|

arrigorriaga mendiko eski ikastaroa 2018 padura mendi taldea argazkia alto campoo
Padura Mendi Taldekoak, Alto Campo-n, 2018an // Padura Mendi Taldea

Gure Magalean elkarte arrigorriagarrak urte osoko programa iragarri berri du eta Padura Mendi Taldearekin batera lehen irteera Jakara antolatu dute, bertan eskia egiteko asteburu oso batean.

Otsailaren 21etik 23ra antolatu dute txangoa eta irteera 18:00etan egingo dute osasun zentrotik. Izena emateko azken eguna otsailaren 12a izango da eta 42 lagunentzako lekua egongo dela iragarri dute mendi taldetik. Federatuek 120 euro ordaindu beharko dituzte eta ez federatuek 130 euro.

Ostatua eta mantenua Jakako aterpetxean egingo dute, zapatuan pentsio erdian (gosaria eta afaria) eta domekan gosaria barne. Itzulera otsailaren 23an egingo dute eta 20:30ean helduko dira parte-hartzaileak Arrigorriagako osasun zentrora.

Zapatuko ekintzei dagokienez hainbat aukera daude: Formigaleko pistan eskiatzea edo Portaleten inguruan eskia edo erraketekin zeharkaldia egitea. Domekan, ostera, Astuneko pistan eskia egitea edo inguruko mendietan eskia edo erraketekin ibilaldia egitea.

2025eko egutegia | Gure Magalean

Otsailak 21-23
Asteburuko eski irteera Jakara

Martxoak 23, domeka
Ibilbide zirkularra: Santa Luzia, Goikogane, Mugarriluze, Kamaraka (Araba)

Apirilak 6, domeka
Alen eta Artatxo tontorrak (Bizkaia)

Maiatzak 11, domeka
Arnotegi Bolintxutik (Bizkaia)

Ekainak 22, domeka
Tontorramendi (Ondarroa)

Irailak 21, domeka
Saldropo-Otzarreta (Bizkaia)

Urriak 12, domeka
Garrastatxu (Baranbio, Araba)

Azaroak 16, domeka
Iluntzar (Nabarniz, Bizkaia)

Abenduak 31, asteazkena
Xanpain Eguna (Artanda)

Osorik irakurri